39. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ERRIBERRI

Deialdia, udaltzain-agente izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

Erriberriko Udalak, 2020ko ekainaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen onestea udaltzain-agente lanpostua betetzeko deialdia eta haren oinarriak, jarraian zehazten den gisara.

Erriberrin, 2021eko otsailaren 4an.–Alkatea, Maite Garbayo Valencia.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea Erriberriko Udalean aritzeko udaltzain-agentearen lanpostu bat, plantilla organikoan 3 zenbakiarekin identifikatua dagoena.

1.2. Deialdiaren xede diren lanpostuen kopurua hautapen prozesuan handitu ahalko da, lanpostuak hutsik geldituz gero, betiere izangaia deialdi honetan aurreikusitako oinarrizko prestakuntza-ikastaroan sartu baino lehen. Lanpostu kopurua handitzen bada aplikatzekoa izanen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

1.3. Izendatuko den izangaiak udaltzain-agenteari dagozkion funtzioak beteko ditu, Nafarroako Polizien martxoaren 23ko 23/2018 Foru Legean ezarriak baitaude, baita Udalak lege markoaren baitan agintzen dizkion funtzioak ere, eta C mailan sartuko da.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Hautapen-prozesua arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea eta haren ondoko aldaketak; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintzak hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusia izatea eta erretiroko adina ez gainditzea.

c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua, edo baliokideren bat izatea.

Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Deialdiaren xede den lanpostua betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdi honen IV. eranskinean jasotako bazterbide medikorik ez izatea.

e) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) B eta A2 motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen adierazpenaren bidez adieraziko da.

h) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

Baldintza horiek denak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean eta lanpostuaz jabetu arte, f) oinarrikoa izan ezik, oinarrizko prestakuntza-ikastarorako (deialdiaren 7.4 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko baita, eta 3.b) oinarrian adierazitakoa izan ezik, aski izanen baita eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen betetzea.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Erriberriko Udalaren erregistro orokorrean (Carlos III el Noble plaza, 20) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Baldin eskaera aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik.

Eskabideak deialdiaren I. eranskinean dagoen ereduari lotu beharko zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabidearen eredua Erriberriko Udalaren Erregistro Orokorrean eskura daiteke.

Eskabidearen eredua (ez dokumentazio erantsia) behar bezala beteta aurkeztu beharko da, eta betiere bi ale.

4.2. Izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu behar dituzten gainerako agiriak:

Bat.–Osasun ziurtagiri ofiziala, III. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatzen duena.

Bi.–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, egiaztatzen duena ez dagoela erregistro horretan izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

Hiru.–Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia.

Lau.–Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 10 euro ordaindu izanaren ziurtagiria. Tasa hori ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa hori eskudirutan ordaintzen ahal da, eskabidea bulegoan bertan aurkezten denean, edo ES 10 3008 0035 10 0701573222 kontuan dirua sartuz edo transferentzia eginez, eta kasu horretan datu hauek jarri behar dira nahitaez ordainagirian:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NAN/IFZ.

–Kontzeptua: Erriberriko udaltzain-agentearen oposizioa, 2020.

4.3. Baldin eta 4.1 eta 4.2 apartatuetan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzendu ahalko dira, noiznahi.

5.–Onartuen behin-behineko zerrendak, erreklamazioak eta behin betiko zerrendak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratzeko aginduko du.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpenean hautaprobak hasiko diren hilabetea eta urtea adierazi beharko dira gutxienez, betiere kontuan harturik deialdiaren argitalpenaren eta hautaproben hasieraren artean bi hilabete iragan behar direla gutxienez.

Era berean, izangai onartu eta baztertuen zerrendak, bai behin-behinekoa bai behin betikoa, interesdunen eskura egonen dira Erriberriko Udalaren ediktuen taulan.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera.

Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiko burua: Maite Garbayo Valencia, Erriberriko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: Jorge Bacaicoa Beruete, Erriberriko Udaleko lehen alkateordea.

–Epaimahaikidea: Alfredo Ondarra Ramos, Tafallako Udaltzaingoko burua.

–Ordezkoa: Javier María Pérez, Tafallako Udaltzaingoko kaboa.

–Epaimahaikidea: David Carabantes Bernal, Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko Segurtasunaren Koordinazio Ataleko burua.

–Ordezkoa: Lyher Fernández Liberal, Erriberriko udaltzain-agentea.

–Epaimahaikidea: Ángel Gorri Jiménez, Erriberriko Udaleko Langileen Batzordeak izendaturiko ordezkaria.

–Ordezkoa: Aurelio García Echegoyen, Erriberriko Udaleko Langileen Batzordeak izendaturiko ordezkaria.

–Epaimahaikide-idazkaria: Udalbatzakoa, Jesús Marco del Rincón, edo hura legez ordezkatzen duena.

–Ordezkoa: Eva Mainz Petroch, Artaxoako Udaleko idazkaria.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.

Halaber, izangaiek mahaikideak errekusa ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du. Aholkulari horiek dagozkien espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioa.

Oposizioaren lehen fasean proba baztertzaileak eginen dira: ezagutzei eta egoera fisikoari buruzkoak, eta proba psikoteknikoa eta medikoa; bigarren fasean, berriz, oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditu beharko da.

7.2. Oposizioaldiko probak.

Oposizioaldiko proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute. Oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa eginda, epaimahaiak kalifikazioak jarriko ditu jendaurrean eta bost eguneko epea emanen du izangaiek erreklamazioak aurkez ditzaten. Behin horiek ebatzita, behin betiko zerrendak emanen ditu argitara.

Oposizioaldiko probak honako hauek izanen dira:

Lehenbizikoa.–Proba teorikoa: test motako ariketa bat egin beharko da, II. eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoa (100 puntu gehienez). Bazterturik geldituko dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Bigarrena.–Gaitasun fisikoaren proba: III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko eta egiten den markaren arabera puntuatzeko. Epaimahaiak ezartzen duen hurrenkeran eginen dira proba horretako ariketak.

Epaimahaiak eskatuz gero, izangaiak behartuak daude dopinaren kontrako kontrola egitera, proba fisikoak egin bitartean edo beste egun batean. Kontrola ariketaren batean lortutako sailkapenari jarraikiz egin daiteke, edo ausaz aukeratzen direnei bakarrik. Horretarako deialdia idatziz eginen da, Kirolean Osasuna Babesteko Espainiako Agentziaren neurrien arabera ezarrita dagoen dopinaren kontrol ofizialetarako inprimakia erabiliz. Jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak behar den organo espezializatuak eginen ditu. Izangaiak kontrol hori egiteari uko eginez gero edo trabak jarriz gero, edo adierazten zaion tokian eta orduan agertzen ez bada behar bezala justifikatu gabe, hautapen-prozesutik baztertu eginen da berehalakoan. Baztertzeko arrazoia izanen da, orobat, dopin kontrola legeak aurreikusi bezala egiteko trabak jartzea, kasurik ez egitea, bidegabeki luzatzea eta ezkutatzea, baita, egitez edo ez-egitez, kontrola egitea eragozten, nahasten, galarazten edo saihesten duten gainerako jokabideak ere, eta, betiere, izangaiak nahita ekiditen duenean, egitez edo ez-egitez, bildu beharreko laginak biltzea.

Horren ondorioetarako, debekatuta egonen dira Kiroletako Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2018ko abenduaren 21eko Ebazpenaren eranskinean jasoriko substantziak, gai farmakologikoak, dopin-metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2018ko 315. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 31n).

Hirugarrena.–Proba psikoteknikoa: proba psikoteknikoak eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginen ditu eta haien balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat (50 puntu gehienez); bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Arestian aipatu hautapenaldietako proba bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Udalaren ediktuen taulan izangaien zerrenda, dagokien kalifikazioarekin batera, gainditu dutenak eta baztertuak izan direnak adieraziz.

Laugarrena.–Proba medikoak: oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek beren gaitasun psikofisikoak egiaztatzeko beharrezko diren proba medikoak eginen dituzte, deialdi honen 3. oinarriaren d) letran ezarritako moduan.

Proba medikoetan, izangaiei “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez duen izangaia bazterturik geldituko da.

7.3. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.

7.3.1. Epaimahaiak emaitzak baloratu ondotik, oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behineko onartutako izangaien zerrenda onetsiko du, betiere lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Erriberriko Udaleko ediktuen taulan jendaurrean jarri eta handik hamar egun naturalean, izangaiak frogatu beharko du deialdiaren 3. oinarriko f) eta g) baldintzak betetzen dituela. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko du Erriberriko Udalaren erregistro orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia konpultsatua.

–Deialdian eskatutako gidabaimenen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bategatik kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Zin egin edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

–Armak eramateko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena, legeak hala baimenduz gero eta Udalak hala eskatuz gero.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Nomina zer bankutan edo aurrezki kutxatan jaso nahi den, hango libretaren fotokopia konpultsatua.

Agiri horiek aipatu epean aurkezten ez dituzten izangaiak hautapen-prozesutik kanpo geratuko dira.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta proba medikoen emaitzak, hautapen-prozesuan sortutako bajak ezarriko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu, baldin eta proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Hori egindakoan, oinarrizko prestakuntza-ikastarora onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da Udalaren ediktuen taulan eta web-orrian.

7.3.2. Prestakuntza-ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta honako hauei jarraikiz eginen da: Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduak eta aplikagarriak diren gainerako xedapenak.

Azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroen edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori interesdunak eskatuko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago emanak direnean, edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

Izangaiek, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta badaude, horrexetan segituko baitute.

Nafarroako polizia izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duen izangaia Erriberriko Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko da Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu eta aitzinetik Nafarroako administrazio publiko bateko funtzionarioa bada.

Praktiketako funtzionario izateak ez dakar berekin eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du oposizioan jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak emanen dio baja horren berri Udalari.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin betiko onartuak izan baino lehen egindako mediku-azterketaz gain, ikastaroa bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1.d) atalean aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada badela baztertzeko arrazoirik, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen-prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duen izangaiak, eta hautapen-prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaio, praktiketako funtzionarioa izaten segituko du lanpostuaz jabetu arte.

7.4. Lanpostu kopurua handitzea.

Erriberriko Udalak deialdiaren xedeko lanpostuen kopurua handitzen ahalko du, deialdia onetsi ondoren plantilla organikoko aldaketen ondorioz sortzen diren premiengatik eta aurrekontuan diru aski bada, hurrengo oinarrian aurreikusitako oinarrizko ikastaroa egin aurretik.

Lanpostu kopurua handitzen bada aplikatzekoa izanen da abuztuaren 20ko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15-3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

Lanpostuen kopurua handitzen bada, kopurua handitzen duen ebazpena Erriberriko Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Halaber, ukitutako izangaiei jakinaraziko zaie.

8.–Proben eta prestakuntza-ikastaroaren balorazioa.

8.1. Lehenengo probak 100 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Probak test motako ariketa bat izanen du II. eranskineko gaiei buruz; bertan, hiru erantzun eskainiko dira, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Ongi erantzundako galdera bakoitzak puntu bateko puntuazioa izanen du. Gaizki erantzundako galdera bakoitzak 0,50eko balorazio negatiboa izanen du. Bazterturik geldituko dira lehen ariketa honetan 50 puntura iristen ez diren izangaiak.

8.2. Gaitasun fisikoaren probetako ariketetan, emaitzaren arabera, “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira izangaiak.

8.3. Proba psikoteknikoa 0tik 50 puntura bitarte kalifikatuko da. Bazterturik geldituko da ariketa honetan 25 puntu lortzen ez dituen izangaia.

8.4. Proba medikoetan izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

8.5. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira oposiziotik. Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarendako.

8.6. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiak “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira.

9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Udaleko organo eskudunak oposizioa gainditzen duen izangaia Udaleko funtzionario izendatuko du.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Lanpostuaz jabetzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Udaltzain lanpostu batez jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaiari Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aurretik, babes araubide horretan segitzea edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea aukeratzen ahalko du.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz beronen oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Lehen probarako gai-zerrenda

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa. Atariko I., III., IV. eta VI. tituluak.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: udalerria. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua, I. kapitulua: udalerriak. III. titulua, I. kapitulua, II. atala: udalen funtzionamendua.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea: II. titulua, III. titulua eta V. titulua, II. kapitulua: administrazio-errekurtsoak.

4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa.

5.–Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

6.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena.

7.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua: hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. Laugarren xedapen iragankorraren eragina. IV. kapitulua. Administrazio karrera. VI. kapitulua. Egoera administratiboak.

8.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa. Atariko titulua: zigor-bermeak eta Zigor-legearen aplikazioa. I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak.

9.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

10.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena. II. liburua: I. titulua: Salaketa. III. titulua: polizia judiziala. VI. titulua, II. kapitulua: atxiloketa. IV. kapitulua: defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea. II. kapitulua: liburu eta paperak miatzea. III. kapitulua: idatzizko posta eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.

11.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, “Habeas Corpus” prozedura arautzen duena.

12.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

13.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziari buruzkoa.

14.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, herritarren segurtasuna babesteari buruzkoa.

15.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina. 1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazio Erregelamendu Orokorra, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna.

16.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena.

17.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.

18.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, arautzen duena Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra.

19.–Ordenantza, Erriberriko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena.

20.–Erriberriko Udalaren ordenantza, Bideen erabilera eta mantentze-lanak arautzen dituena.

21.–Erriberriko Udalaren ordenantza, Elkarteak, pipoteak, bestetarako gelak eta beste batzuk arautzen dituena.

22.–Animaliak edukitzea arautzen duen Erriberriko Udalaren osasun ordenantzaren aldaketa.

23.–Erriberriko Udalaren ordenantza, Bizikidetza eta espazio publikoen babesa arautzen dituena.

24.–Ordenantza, Erriberriko udalerrian merkataritza ez egonkorra arautzen duena.

25.–Udal ordenantza, Erriberriko Udalaren herri-lurretako baratzeen adjudikazioa, erabilera eta aprobetxamendua arautzen dituena.

26.–Erriberriko Udalaren ordenantza, Autokarabanak gelditzea eta aparkatzea arautzen duena.

27.–Ordenantza, Udalaren bazkalekuetako larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzen dituena.

28.–Jokabide kodea, legea betearazi behar duten funtzionarioentzat (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).

29.–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.

30.–10. Gomendioa (2001), Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko Estatuei emandakoa, Poliziaren Etikari buruzko Europako Kodeari buruzkoa. (Ministroen Kontseiluak emana 2001eko irailaren 19an, Ministroen Delegatuen 765. bilkuran).

31.–Erriberriko geografia, historia eta kale-izendegia, hiri-ingurunea eta landa-lurreko toponimoak eta alderdiak.

32.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

III. ERANSKINA

Proba fisikoari dagozkion ariketak

1.–Banku press-a, edo pisua jasotzeko proba, 40 kg gizonentzat eta 22 kg emakumeentzat.

Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 40 edo 22 kiloko pisua goratu behar du, 60 segundoan, ahal duen aldi guztietan. Bi eskuekin goratuko du pisua, barra hartuta sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari esku-ahurraz helduta eta behatzak itxita). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira, eta barrak bularra ukituko du.

Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrelaxe mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Honelakoetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

  • Gizonezkoak, 25 jasoaldi baino gutxiago, ez gai.
  • Emakumezkoak, 25 jasoaldi baino gutxiago, ez gai.

2.–Uretako trebetasun probak (50 metro estilo librean).

Azalpena: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 50 metroko igeri-ontzi batean.

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 50 segundo gizonentzat eta 52 segundo emakumeentzat.

Ezin izanen da erabili urpeko betaurrekorik, ez eta urpean ibiltzeko beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak.

Saio bakarra eginen da.

Epaile kronometratzaileak “ya” esatean hasiko da ibilbidea.

Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi izanen da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak edo ertza euskarritzat edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

  • Gizonezkoak, 50’’ baino gehiago, ez gai.
  • Emakumezkoak, 52’’ baino gehiago, ez gai.

3.–Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

L2102131_0.pdf

Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bestera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzari bigarren aukera emanen zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada.

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideak (A + B) egiteko ematen duten denbora batuko da, kontuan hartuta ibilbideak bukatzen direla izangaia irteera marratik berriz pasatzen denean, eta gai edo ez gai kalifikatuko dira (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).

  • Gizonezkoak, 25.8’’ baino gehiago, ez gai.
  • Emakumezkoak, 27.8’’ baino gehiago, ez gai.

4.–Erresistentzia-proba (Cooperren testa).

Abiatzeko jarrera: zutik, irteera-marraren atzean.

Gauzatzeko modua: lasterka, 12 minutuan ahalik eta tarterik luzeena egin beharko da.

  • Gizonezkoak, 2.500 metro baino gutxiago (hamar aldiz zirkuitua), ez gai; 2.500 metro edo gehiago (hamar aldiz zirkuitua), gai.
  • Emakumezkoak, 2.250 metro baino gutxiago (bederatzi aldiz zirkuitua), ez gai; 2.250 metro edo gehiago (bederatzi aldiz zirkuitua), gai.

IV. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikus-eremuaren ezein meridianotan.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzuteko sistema.

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizketa.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, udaltzain lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4.–Hezur eta muskulu-sistema.

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, ondorio funtzionalen arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretaren herniak; ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Uzki-esfinterreko inkontinentzia.

6.–Zirkulazio-aparatua.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazioaren sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, edo estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).

–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalen arabera.

–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte eta lan bizitzan eragina dutenak.

10.–Sexu- eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-inkontinentzia.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinetako bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitusa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena ikusirik, albiente/udaltzain-agente lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mielougalkorrak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en gaixotasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15.–Azalpen orokorrak.

–Ebaluazio mahaiak baloratuko ditu baztertzeko moduko patologiak, eragin funtzionalaren arabera eta albiente/udaltzain-agente lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eragin funtzionala duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, ebaluazio mahaiaren iritziz, albiente/udaltzain-agente lanetan aritzea eragozten baldin badute.

Iragarkiaren kodea: L2102131