39. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

48E/2021 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimentzen baita deialdi honen gastua: “Dirulaguntzak langabeak Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan sartzeko bazkide gisa”.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko,horien oinarri arautzaileak 2021. urtea baino lehen onetsi badira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik bidezkoa da langabeak Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gisa sartuz enplegua sustatzeko dirulaguntzen gastua baimentzea 2021. urterako.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 3ko 507E/2019 Ebazpenaren bidez, dirulaguntza-deialdi bat onetsi zen Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gehiago sartuz enplegua sustatzeko.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 650.000 euroko gastua baimentzea deialdi honetarako: Dirulaguntzak Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gehiago sartuz enplegua sustatzeko. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 3ko 507E/2019 Ebazpenaren bidez arautu ziren dirulaguntza horiek (547555 zenbakia dute Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean), eta 2021eko gastu aurrekontuko partida honen kargura ordainduko dira: “Suspertu Plana. Ekonomia sozialeko enpresentzako laguntzak bazkideak egiteko” izeneko 950001 96100 4709 241200 partida.

2. 2020ko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2021eko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.

3. 65.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, eraginkortasuna izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea eskaerak aurkezteko, ez berriz hastea ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 5ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2102056