39. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3E/2021 EBAZPENA, otsailaren 2koa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko udal eta kontzejuei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena, Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe publikoak hobetzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak egin ditzaten. DDBN identifikazioa: 536815.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezarri zen, orokorrean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra, eta prozeduraren kontrol eta gardentasun hobean aurrera egiteko beharrari erantzuten dio, publizitate, lehia eta objektibotasun printzipioen arabera.

Hori baino lehenago, urtarrilaren 25eko 13/1990 Foru Dekretuak berariaz arautu zuen “Eskolaurreko eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikastetxe publikoak eta Udalen Musika Eskolak eta Kontserbatorioak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak gauzatzeko Nafarroako udal eta kontzejuentzako dirulaguntzen kontzesioa”. Foru dekretu horren xedea izan zen laguntzen sistema orekatua eta koordinatua ezartzea eta, beraz, deialdi bakoitzaren esparrua eratzeko administrazioaren irizpideak eta bideak ezartzea.

Beste alde batetik, Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretan, “Hezkuntza baliabideak” izeneko 410. programaren barnean, “Suspertu plana. Obrak udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325100 partida ageri da. Partida hori, dirulaguntzaren prozedura erabiliz, arlo horretako inbertsio proiektuak finantzatzeko da.

2021eko ekitaldian, deialdiaren jomugatzat hartuko dira ikastetxearen funtzionamendurako funtsezkoak diren obrak, hezkuntza jarduera normaltasunez garatzeko presako esku-hartze saihestezina eskatzen dutenak. Orobat, segurtasun eta irisgarritasunaren arloko indarreko araudietara egokitzeko obrei heldu nahi zaie, eta hezkuntzako eremuen ingurumen baldintzak hobetu, edozein birusen bidezko kutsatzeak saihesteko.

Toki entitateek aukera izan dezaten beren titulartasuneko ikastetxe publikoen eraikin eta instalazioak hobetzeko inbertsio proiektuetarako laguntzak eskuratzeko, nahitaezkoa da ebazpen bat ematea, 2021erako aurrekontuan aurreikusi diren dirulaguntzen deialdia onetsi eta laguntzak banatzeko oinarriak ezar daitezen.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 30eko 91/2019 Foru Dekretuaren artikulu bakarraren 4. puntuak ezarritakoarekin bat etorriz, eta Hezkuntza Departamentuko egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 267/2019 Foru Dekretuaren 44. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateei (udalei eta kontzejuei) dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea 2021eko ekitaldian inbertsio proiektuak gauza ditzaten beren titulartasuneko ikastetxe publikoen eraikin eta instalazioak, unibertsitate mailakoak ez direnak, hobetu eta birmoldatzeko. Dirulaguntzak 2021erako aurrekontuko “Suspertu plana. Obrak udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325100 partidaren kargura ordainduko dira, gehienez 2.000.000 euro.

2. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betez, deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen hau igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Obra Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Ebazpen honen kontra administrazio publiko interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 2an.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko udal eta kontzejuei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako (Lehen Hezkuntza-DBH) ikastetxe publikoak hobetu eta birmoldatzeko obra proiektuak gauza ditzaten 2021ean

1. Helburua.

Ebazpen honetan jasotzen diren dirulaguntzen bidez proiektuak finantzatuko dira Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe publikoak hartzen dituzten eraikin eta instalazioak hobetu eta birmoldatzeko.

2. Onuradunak.

Dirulaguntza hauek eraikin horien titularrak diren toki entitateek (udalek edo kontzejuek) eska ditzakete.

3. Xedea.

Ondotik zehazten diren jarduketak dira diruz lagungarriak, 2021eko ekitaldian egiten badira Haur Hezkuntzako 2. zikloko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzakoetan eta Lehen Hezkuntza-DBHkoetan:

a) Eraikinak edo instalazioak hobetu edo birmoldatzeko obrak, presako esku-hartze saihestezina beharrezkoa denean nahitaezko instalazioak izateagatik ikastetxearen eguneroko funtzionamendu egokia bermatzeko, eta zehazki hauek:

–Egituraren segurtasuna.

–Eraikina irazgaiztea.

–Berokuntzaren instalazioa.

–Elektrizitatearen instalazioa.

–Iturgintza eta saneamendu instalazioa.

b) Espazioak eta instalazioak oztopo arkitektonikoak kentzeari buruz indarra duen araudira egokitzeko obrak. Halaber, energiaren aurrezpena eta efizientzia helburu duten jarduketak, bai eta beharrezkoak direnak ere espazioak egokitzeko, ikastetxearen funtzionamendua hobetu dadin.

c) Airearen kalitatea hezkuntzako eremuetan hobetzeko eta birusak prebenitzeko obrak.

Salbuespenez, dirulaguntza jaso dezakete 2020ko ekitaldian egindako obrek, presakoak eta nahitaez egin beharrekoak izan badira eta udalak presako deklarazio formala eta departamentu honi egindako jakinarazpena 2020ko abenduaren 31n baino lehen egin baditu. Eskaera horiek baloratzeko, deialdi honen 8. oinarrian ezarritako irizpideak eta puntuazioak erabiliko dira.

Nahitaezko aurretiazko komunikaziotik salbuetsita daude airearen kalitatea hobetzeko eta birusak prebenitzeko jarduketak.

Deialdi honetan, gehienez 2.000.000 euro berdindu arte eman daitezke dirulaguntzak, banaketa honen arabera: 1.000.000 euro a) eta b) apartatuetako jarduketetarako, eta 1.000.000 euro c) apartatuko jarduketatarako.

Aurrekontuko dirua agortzen ez bada c) epigrafeko eskaerei heltzeko, eskura dagoen zenbatekoa erabiliko da a) eta b) epigrafeetako gainerako eskaerei heltzeko, eta alderantziz.

Esku-hartzearekin zuzenean lotutako elementu edo lanen kostua izanen da soilik diruz lagungarria. Proiektua eta obren zuzendaritza gauzatzeko aholkularitza teknikoaren ordainsariek dirulaguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira. Instalazioen eguneroko mantentze eta konponketa lanei dagozkien ohiko gastuak ez dira deialdi honen xede.

Ez da dirulaguntza honen xede izanen ekipamendua erostea, ezta eraikina eta bertako instalazioak mantentzeko obrak ere.

Balio erantsiaren gaineko zerga gastu diruz lagungarritzat hartuko da deialdi honen ondorioetarako, Udalak ezin badu berreskuratu edo konpentsatu.

4. Dirulaguntzen portzentajea eta gehieneko zenbatekoak.

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 80.000 eurokoa da ikastetxe bakoitzeko.

Dirulaguntzen portzentajeak, ikastetxe motaren edo helburu duten jarduketaren forma zehatzaren arabera, honakoak izanen dira:

1. Obrak Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasleek erabiltzen dituzten egoitza edo instalazioetan: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %65 gehienez.

2. Obrak Lehen Hezkuntza-DBHko ikasleek erabilera eta destino partekatukoak dituzten egoitza edo instalazio komunetan: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %80 gehienez.

3. Obrak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek soilik erabiltzen diren egoitza edo instalazioetan: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %100 gehienez.

4. Obrak Pirinio aldeko udal ikastetxeetako egoitza edo instalazioetan: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %95 gehienez, edo diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %100 gehienez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako soilik erabiltzen diren egoitza edo instalazioetako obren kasuan.

5. Obrak gizarte eta demografia ezaugarri bereziak dituzten herriei erantzuten dieten ikastetxeetako egoitzetan edo instalazioetan (landa eremuetako eskolak eta/edo maila anitzeko ikasgelakoak, Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduaren III 4.i) apartatuan ezarritako eremuen arabera): diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %80 gehienez. Foru agindu horren bidez, agindu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko “Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko ituna” izeneko agiria.

5. Noiz eta non aurkeztu.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaera bat aurkeztuko da jarduketa bereiz bakoitzeko, 7. oinarrian zehazten diren esku-hartze mota desberdinen arabera.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) Tramiteen katalogoko fitxa erabiliz. Tramitazio telematikoa nahitaezkoa da prozeduraren fase guztietan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere.

6. Dokumentazioa.

a) Eskaerak toki entitateen legezko ordezkariek aurkeztuko dituzte; beraz, eskola elkartearen barnean sustatzen den edozein eskaera (ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, gurasoen elkarteak, besteak beste) ordezkari horien bidez bideratu behar da.

b) Dirulaguntzak eskatzeko aurkezten diren eskabideak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari aurkeztuko zaizkio, eta eskabideekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

b.1. Dirulaguntzaren xedeko obren proiektu tekniko eguneratuaren ale bat, memoria baloratuarena edo aurrekontuarena, aurrekontua partidaz partida xehakatua.

Proiektua edo memoria baloratua jada deialdi honen aurretik aurkeztu bada, eta eguneratuta badago, aski izanen da inguruabar hori eskabidean adieraztea, frogagiriarekin batera.

Proiektatu diren obren izaera dela eta, faseka egin daitezkeenean, espresuki adieraziko dira hobespenak edo lehentasunak.

Proiektuak, memoria baloratuak edo aurrekontu independenteak ere aurkeztuko dira eskaera bereizietan, esku-hartze bereiziak badira, 7. oinarriko esku-hartze moten arabera.

b.2. Instalazioa nola dagoen eta dirulaguntzaren xedeko esku-hartzea noraino den presakoa baloratzeko, txosten bat erantsiko da, esku-hartzearen xedeko instalazioen edo eraikinaren oraingo egoerari buruzkoa, egoera eraberrituari buruzkoa eta lortu gogo den helburuari buruzkoa. Behar izanez gero, dokumentazio fotografikoa erantsiko da. Balorazio horretan, kontuan hartuko da erantsitako dokumentazioa.

b.3. Udal erabakia, obren onespenari buruzkoa eta oinarri hauek betetzeari buruzkoa, diruz laguntzeko eskatu den inbertsioaren zenbateko osoa adierazita.

b.4. Idazkariaren ziurtagiria, non agertuko baita udalaren edo kontzejuaren konpromisoa, aurrekontuetan behar adinako zuzkidura ekonomikoa egon dadin dirulaguntzaren xedeko obraren kostua ordaintzeko, eskatzen den dirulaguntzaren adjudikaziodun izanez gero.

b.5. Adierazpena honi buruz (I. eranskineko ereduaren arabera):

–Dirulaguntzaren xedeko lokalak irakaskuntza publikoari lotuko zaizkio obra amortizatzeko bide emanen duen epean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluari jarraikiz.

–Deialdi honen xedea finantzatzeko eskatu edo lortu diren bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

–Toki entitatearen konpromisoa, adierazten duena bere gain hartuko dituela dirulaguntzaren xede diren eskola instalazioen geroko funtzionamendu eta mantentze gastuak.

–Toki entitatearen konpromisoa, adierazten duena bere gain hartuko dituela ikastetxe ukituen berezko erabiltzaileak (irakasle eta ikasleak) behin-behineko lokaletara lekualdatzeko gastuak, obrek dirauten bitartean, baita, beharrezkoa balitz, horien alokairuaren gastuak ere.

b.6. Obrak egin nahi diren eraikin edo lurren jabetza frogatzen duen agiria edo errentamendu kontratua, obra amortizatzeko aukera ematen duen epearekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikulua betez.

b.7. Dirulaguntzaren xede den eraikinaren edo eraikin zatiaren antzinatasuna frogatzen duen agiria.

b.8. Obren xede den ikastetxeko Eskola Kontseiluaren aldeko txostena.

b.9. Kasua bada, Udaleko Idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena Udalak ezin dituela berreskuratu edo konpentsatu eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zerga ordainduak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

b.10. Erakunde eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jo dezakeen beste edozein dokumentazio, baldin eta oinarri arautzaileetan adierazi diren lehentasun edo irizpideekin lotuta badago.

Eskaerak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

7. Jarduketa diruz lagungarriak.

Deialdi honen xedetzat hartuko diren jarduketak:

a) Presako eta nahitaezko esku-hartzea eskatzen duten obrak egitea, ikastetxearen eguneroko funtzionamendu egokia bermatzeko nahitaezko instalazioak izateagatik, zehazki obra hauek:

a.1. Eraikinaren segurtasuna.

a.2. Eraikina irazgaiztea.

a.3. Berokuntzaren instalazioa.

a.4. Elektrizitatearen instalazioa.

a.5. Iturgintza eta saneamendu instalazioa.

b) Espazioak eta instalazioak egokitzeko edo birmoldatzeko obrak egitea, eta zehazki hauek:

b.1. Espazioak eta instalazioak egokitzea oztopo arkitektonikoak kentzearen arloan indarra duen arautegiari, lehenbailehen egin beharrekoa denean eta ikastetxearen titularra den toki entitateak bere gain ezin har dezakeenean, entitatearen egoera ekonomikorako inbertsio handiegia delako edo ohiz kanpoko beste edozein gorabehera gertatu delako, Ebaluazio Batzordeak baloratuko duena.

b.2. Espazioak eta instalazioak egokitzea segurtasunaren arloan indarra duen arautegiari (suteen aurkako babesa eta detekzioa, segurtasuna erabileran eta abar), lehenbailehen egin beharrekoa denean eta ikastetxearen titularra den toki entitateak bere gain ezin har dezakeenean, entitatearen egoera ekonomikorako inbertsio handiegia delako edo ohiz kanpoko beste edozein gorabehera gertatu delako, Ebaluazio Batzordeak baloratuko duena.

b.3. Energia aurrezteko eta eragimena hobetzeko jarduketak, eraikinaren inguratzailean (estalkiak, fatxadak, kanpoko arotzeria) eta instalazioetan (berokuntza eta argiztapena).

b.4. Espazioak egokitzea eta birmoldatzea ikastetxearen funtzionamendua hobetzeko.

c) Birusak prebenitzeko obrak eta hezkuntzako eremuen ingurumen baldintzak hobetzekoak egitea, eta zehazki honako hauek:

c.1) Espazioen aireberritze naturala hobetzeko jarduketak (kanpoko zurajea egokitzea edo aldatzea).

c.2) Aireztatzeko instalazioak, aireberritze kontrolatuarekin, hibridoa edo mekanikoa izan, IDA-2 aire kalitatearen balioak bermatzeko, EITEren arabera.

c.3) Sarbide berriak egitea eraikinean, ikasleak sartu eta ateratzeko baldintzak hobetzeko.

c.4) Espazioen banaketa aldatzea, behar bezala justifikaturik, ikastetxearen funtzionamendua hobetzeko, ingurumen baldintzak optimizatzeko.

c.5) Beste jarduketa batzuk, behar bezala justifikatuak, ikustekoa dutenak birusak prebenitzeko neurriekin eta hezkuntzako eremuen ingurumen baldintzak hobetzeko neurriekin.

Jarduketa bat baino gehiago gauzatuz gero, proiektu, memoria baloratu edo aurrekontu independenteak aurkeztuko dira eskaera bereizietan, aurreko zerrendako esku-hartze moten arabera.

8. Deialdiaren 7. oinarria betetzen duten eskaerak baloratzeko irizpideak.

8.1. Aurreko oinarriko a) eta b) epigrafeetako eskaeren artean lehentasuna ezartzeko, honako irizpide eta puntuazio hauen arabera baloratuko da esku-hartze bakoitza. 40 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

a) Esku-hartzearen urgentzia eta instalazioaren aldez aurreko egoera. Kontuan hartuta dirulaguntzaren xede den obra zenbateraino den beharrezkoa ikastetxearen funtzionamendu egokirako. Esku-hartzeei puntu gehiago emanen zaizkie baldin eta, egin ezean, bereziki ukitzen badituzte ikastetxearen funtzionamendurako funtsezko alderdiak eta segurtasunerako arriskuren bat ekartzen badute. (30 puntu gehienez).

a.1) Eraikinaren segurtasuna: eraikinaren egiturazko segurtasuna bermatzeko behar diren konponketak baloratuko dira, eraikinaren egonkortasuna kolokan jartzeko arriskuaren arabera. Halaber, erabiltzaileen edo hirugarrenen segurtasunerako arriskuak saihesteko behar diren esku-hartzeak baloratuko dira, eraikinaren egitura ukitzen ez badute ere. (30 puntu gehienez).

a.2) Eraikinaren iragazgaiztea: nagusiki eraikinaren estalkitik datozen hezetasun eta iragazketak baloratuko dira, eraikinaren bizigarritasunaren gaineko ukipen mailaren arabera. (29 puntu gehienez).

a.3) Berokuntzaren instalazioa: berogailua konpontzea edo ordeztea baloratuko da eraikinaren bizigarritasuna kolokan dagoenean, mantentze-lanak alde batera utzita. (28 puntu gehienez).

a.4) Espazioak eta instalazioak egokitzea oztopo arkitektonikoak kentzeari buruz indarrean dagoen araudira: proportzionalki baloratuko da erreferentziako araudia noraino ez den betetzen eta noraino den beharrezkoa egokitzapena, betiere behar bezala justifikatuta. (27 puntu gehienez).

a.5) Elektrizitatearen instalazioa: elektrizitatearen instalazioa konpontzea edo ordeztea baloratuko da eraikinaren segurtasunaren arabera, mantentze-lanak alde batera utzita. (26 puntu gehienez).

a.6) Iturgintza eta saneamendu instalazioa: iturgintza eta saneamendu instalazioan egindako konponketak eta ordezpenak baloratuko dira, mantentze-lanak izan ezik, nagusiki osasungarritasun gaiei lotutakoak. (25 puntu gehienez).

a.7) Espazioak eta instalazioak segurtasunaren arloan indarra duen araudira egokitzea (suteen aurkako babesa eta detekzioa, segurtasuna erabileran eta abar): proportzionalki baloratuko da erreferentziako araudia noraino ez den betetzen eta noraino den presakoa egokitzapena. (24 puntu gehienez).

a.8) Energia aurrezpen eta efizientzia jarduketak: energia aurrezpena eta eragimena hobetzeko neurri guztiak baloratuko dira, lotura dutenak eraikinaren inguratzailearekin (estalkiak, fatxadak, kanpoko arotzeria) eta berokuntza eta argiztapen instalazioekin. (22 puntu gehienez).

a.9) Beharrezko jarduketak espazioak egokitzeko eta moldatzeko, ikastetxearen funtzionamendua hobetzearren. (21 puntu gehienez).

b) Zaharberritu beharreko eraikinaren zati den instalazioaren antzinatasuna. Eraikinaren adinaren arabera puntuatuko da. (5 puntu gehienez).

i. 100 urte baino gehiago: 5 puntu.

ii. 3 urtetik 100 urtera: 0tik 5 puntura.

iii. 3 urtetik behera: 0 puntu.

c) Gizarte eta kulturaren aldetik ahul dauden ikasleak eskolatzea. Ikastetxe bat 5 punturekin baloratuko da gutxienez %40koa badu egoera ahulean dauden ikasleen portzentajea, ikastetxean eskolatutako ikasleen guztizkoarekin alderatuz, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak emandako datuen arabera. (5 puntu)

8.2. Lehentasuna ezartzearren hezkuntzako eremuen ingurumen baldintzak hobetzeko eta birusak prebenitzeko neurrien eskaeretan (aurreko oinarriko c) epigrafean sartuta daude), esku-hartze bakoitza baloratuko da ondotik heldu diren irizpide eta puntuazioen arabera. 40 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

a) Esku-hartzearen urgentzia eta instalazioaren aldez aurreko egoera. Kontuan hartuta dirulaguntzaren xede den obra zenbateraino den beharrezkoa. (30 puntu gehienez).

a.1) Kanpoko zurajea aldatzea edo egokitzea. Espazioen aireberritze naturala hobetzeko jarduketak baloratuko dira. (30 puntu gehienez).

a.2) Aireztatzeko instalazioa, aireberritze kontrolatuarekin. Barneko airearen kalitatea hobetzeko proposatu diren neurri guztiak baloratuko dira, Eraikinetako instalazio termikoen gaineko Erregelamenduaren arabera. (29 puntu gehienez).

a.3) Sarbide berriak egitea eraikinean, ikasleak sartu eta ateratzeko baldintzak hobetzeko. (28 puntu gehienez).

a.4) Beharrezko jarduketak, behar bezala justifikatuak, espazioen banaketa aldatzeko, ikastetxearen funtzionamendua hobetu dadin, ingurumen baldintzak optimizatzearren. (27 puntu gehienez).

a.5) Beste jarduketa batzuk, behar bezala justifikatuak, edozein birus prebenitzeko neurriei buruzkoak eta hezkuntzako espazioen ingurumen baldintzak hobetzeko neurriei buruzkoak. (30 puntu gehienez).

b) Ikasleen ratioa taldeko. Proportzionalki puntuatuko da, ikastetxeak 2020-2021 ikasturtean talde bakoitzeko duen ikasleen batez besteko ratioaren arabera. (8 puntu gehienez).

c) Ikastetxeak 2020-2021 ikasturtean duen matrikula osoa. Proportzionalki puntuatuko da, 2020-2021 ikasturtean hezkuntza-etapa guztietan dauden ikasleen baturaren arabera. (2 puntu gehienez).

7. oinarrian ezartzen den bezala, dirulaguntza ezberdinak eska daitezke, esku-hartze moten arabera, eta, kasu horretan, eskaera, proiektu, memoria baloratu edo aurrekontu independenteak aurkeztuko dira.

Esku-hartze bakoitzaren puntuazioa kalkulatzeko, a), b) eta c) azpiapartatuak batuko dira, 8.1 apartatuko jarduketen kasuan, eta a), b) eta c) azpiapartatuak batuko dira, 8.2 apartatuko jarduketen kasuan.

Ikastetxe bakoitzak guztira ezin ditu 80.000 euro baino gehiago eskuratu, dirulaguntza guztiak zenbatuta (8.1 eta 8.2 apartatuak).

Ikastetxe baterako aurkeztutako eskaera guztien dirulaguntzak 80.000 eurotik gorakoak badira, lehendabizi kontuan hartuko dira hezkuntzako espazioen ingurumen baldintzak hobetzeko eta birusen kutsatzea prebenitzeko jarduketak (8.2 apartatua), eta bigarrenik, 8.1 apartatuko jarduketak. Apartatu bakoitzaren barnean, puntuaziorik handiena lortu dutenak lehenetsiko dira, gehieneko zenbatekora iritsi arte.

Lortutako guztirako puntuazioan berdinketarik izanez gero, lehentasuna 2020-2021 ikasturtean matrikula handiena izan duen ikastetxeari emanen zaio.

9. Ebaluazio Batzordea.

Aurkeztuko diren eskaerak aztertu behar dituen batzordeak kide hauek izanen ditu: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lana eginen duena, Obra Ataleko burua eta Hezkuntza Departamentuko Obra Ataleko teknikari bat.

10. Deialdiaren ebazpena.

Deialdia norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da, 8. oinarriko baremoak erabiliz lortutako puntuazioaren arabera, aurrekontuko dirua agortu arte 8. oinarriko bi apartatuetako bakoitzean.

Laguntzak eman eta jakinarazi ondoren, uko egiten bazaie edo frogatutako gastuaren zenbatekoa diruz lagundutako inbertsioa baino txikiagoa bada, soberakina azken onuradunari onetsitako eskaerarako izanen da lehenik, baldin eta laguntza txikiagoa esleitu bazaio behar adinako kreditua egotera legokiokeena baino.

Bigarrenik, lehentasunen hurrenkeran, onetsita egon arren aurrekontuan diru nahikorik ez egoteagatik diruz lagundu ezin izan diren eskarietarako, betiere obrak 2021eko urriaren 1a baino lehen bukatu badira eta dagokien gastua 2021eko urriaren 20a baino lehen justifikatu bada.

Diru erabilgarria agortzen ez bada hezkuntzako eremuetako airearen kalitatea hobetzearekin eta edozein birus prebenitzearekin lotura duten eskaerei heltzeko (8.2 apartatua), zenbateko erabilgarria erabiliko da deialdiko 8. oinarriko 8.1 apartaturako aurkeztutako gainerako eskaerei heltzeko, eta alderantziz.

Dirulaguntzak ematea eta eskaerak ezestea Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak ebatziko du, aurrez Ebaluazio Batzordeak proposaturik. Ebazpen hori eskaerak aurkezteko adierazi den epea bukatu eta hurrengo bi hilabetean emanen du. Emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

11. Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntza hauen ordainketa 2021eko aurrekontuko “Suspertu plana. Obrak udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325100 partidaren kargura eginen da, modu hauetako batean:

1. Ordainketa bakarra obrak bukatzen direnean.

2. Ordainketa partzialak, eskema honen arabera:

–%25, kontratistari ordaindu zaizkion obra ziurtagiriek aurreikusitako aurrekontuaren %25 gainditu dutenean.

–%50, kontratistari ordaindu zaizkion obra ziurtagiriek aurreikusitako aurrekontuaren %75 gainditu dutenean.

–Gainerako %25a, obrak bukatutakoan, justifikatu ondoren.

Ematen diren kopuru horiek jasotzeko nahitaezkoa izanen da obra horiek 2021eko urriaren 1a baino lehen bukatzea, eta frogagiriak 2021eko urriaren 20a baino lehen aurkeztea.

Dirulaguntza ordaintzeko aurkeztu beharreko agiriak:

1. Ordainketa bakarraren ordainketa tramitatzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Egin den esku-hartzearen faktura edo fakturak.

b) Obren ziurtagiriak, zuzendaritza fakultatiboak –halakorik badago– eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatua.

c) Egindako ordainketaren frogagiria.

d) Udaleko idazkariaren ziurtagiria, honako honi buruzkoa:

d.1) Obrak funts berekien bidez finantzatzea (edo bestelako dirulaguntzen edo baliabideen bidez); hor, zenbatekoak eta funtsen jatorria jasoko dira, eta nola aplikatu diren, eta hala badagokio, horien bateragarritasunari eta kostua edo baimendutako gehieneko intentsitatea ez gainditzeari buruzko erabakia. (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 eta 27.4 artikuluak).

d.2) Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak betetzea, obra gauzatzeagatik izandako gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, edo emandako aholkularitza 12.000 eurotik gorakoa bada (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ eta 28.3 artikuluak).

d.3. Obrak bukatzea, edo, hala ez bada, dirulaguntzaren xedeko aurreikusitako zatia bukatzea. Horren ordez, harrera-akta ere aurkezten ahalko da, honako hauek sinatua: zuzendaritza fakultatiboa, halakorik balego, jabea (udala edo kontzejua) eta enpresa adjudikazioduna.

e) Adierazpena honi buruz (II. eranskineko ereduaren arabera):

e.1) Onuradunak azpikontrataziorik egin duen ala ez, deialdiaren 12. oinarriko 1. puntuarekin bat, eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoarekin bat.

e.2) Publizitate betebeharrak betetzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta deialdi honen 12. oinarriko 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

e.3) Gardentasun betebeharra betetzea, 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez; jasoko da Interneteko zer helbidetan argitaratu den emandako dirulaguntzari dagokion dokumentazioa.

2. Ordainketa zatitua tramitatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) %25eko eta %50eko ordainketaren kasuan, zuinketa-akta aurkeztu beharko da, zuzendaritza fakultatiboak, halakorik badago, jabeak (udala edo kontzejua) eta enpresa adjudikaziodunak sinatua, edo, hala ezean, Udalak emandako agiria, obrak hasi direla ziurtatzen duena. Horrez gain, aurreko puntuko a), b), c), d.1), d.2) eta e) apartatuetan adierazitako agiriak ere aurkeztu beharko dira.

b) Gainerako %25 ordaintzeko, a, b), c) eta d.3) apartatuetan adierazitako agiriak.

12. Onuradunek bete beharrekoak:

12.1. Obrak gauzatzea.

Obren finantzaketaren publizitatea eginen da, obretan publizitate kartela jarrita, finantzaketa publikoa dela adierazteko.

Entitate onuradunek dirulaguntzaren xede diren obrak osorik egiteko azpikontratazioa egin dezakete hirugarrenekin. Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

Obrek hasita egon beharko dute 2021eko irailaren 1a baino lehen. Data horren aurretik hasi ez badira, toki entitateek Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari adierazi beharko diote espresuki uko egin dietela kasuan kasuko dirulaguntzei, eta horren arrazoiak eman. Behar bezala justifikatutako berariazko ukoa aurkeztu ezean, jarduketa horrek ezin izanen du dirulaguntzarik jasoko 2022ko ekitaldiko deialdian.

Dirulaguntzaren xedeko inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak toki entitate onuradunak hartuko ditu bere gain.

Obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murrizketaren arabera gutxituko da.

Oinarrietan xedatuta ez dagoen guztirako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio eta, onuradunaren betebeharrei dagokienez, haren 9. artikuluan xedatutakoari.

12.2. Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren entitateek, baldin eta gardentasun betebeharra konplitu behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak konplitu beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

13. Bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek beste administrazio, entitate eta erakunde (publiko edo pribatu) batzuen dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, haiek proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute, BEZa barne.

Deialdi honen kargura jasotako ekarpena, beste erakunde publiko edo pribatuetatik datozen laguntzei gehituta, inbertsioaren kostu osoa baino handiagoa bada, lehenbizikoa murriztuko da, kostu horrekin bat etorri arte.

14. Ikuskatzeko bisita.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikuskapen guztiak egin ditzakete, hala obra horiek egiten ari direnean nola bukatu ondoren. Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateak beharturik daude obretan sartzen uztera eta eskatzen zaizkien obrei buruzko agiriak ematera.

15. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezartzen dena ez betetzea.

Datuen faltsukeria frogatuak, datuak ezkutatzeak edo dirulaguntzaren helburua aldatzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan ezarri diren zehapenak ekar ditzake.

Formazko alderdiak bete ezean, baliteke dirulaguntzaren zati bat itzuli behar izatea. Funtsezko alderdiak bete ezean, berriz, baliteke dirulaguntza osorik itzuli behar izatea, hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatuta dagoenaren arabera.

Nafarroako toki entitateei ordaindutako dirulaguntzak itzuli behar direnean, itzuli beharreko kopurua banaketa kontuan kargatu ahalko da.

I. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, eskaerarekin batera aurkeztekoa (PDFa).

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, dirulaguntza ordaintzeko aurkeztekoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2101689