39. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

17/2021 FORU AGINDUA, otsailaren 5ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregistro-liburuak eramateko modua arautzen duena.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamendua maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onetsi zuen. Erregelamendu horren 61. artikuluak arautzen du zeintzuk diren jarduera enpresarialak edo profesionalak betetzen dituzten zergaren subjektu pasiboen betebehar formalak, kontabilitatekoak eta erregistrokoak. Hartara, artikulu horren 8. apartatuan, baimena ematen dio tributu arloko eskumena duen departamentu horren titularrari ezar dezan nola eraman behar dituzten subjektu pasiboek erregistro-liburuak, beren etekina zehazteko aplikatzen duten zenbatespenaren araubidearen arabera.

Agindu horiek Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren maiatzaren 25eko 176/2004 Foru Aginduak ematen zituen; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregistro-liburuak eraman eta eginbidetzeko modua ezartzen da foru agindu horretan. Haren edukia eguneratu eta berrikusteko asmotan, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak abuztuaren 20ko 3/2019 Foru Agindua onetsi zuen, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregistro-liburuak eraman eta eginbidetzeko modua arautu, eta maiatzaren 25eko 176/2004 Foru Agindua indargabetzen duena.

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aldatzeko abenduaren 29ko 21/2020 Foru Legearen bidez, aldatu egin da, beste arau batzuen artean, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina, eta kendu egin da jarduera enpresarialen eta profesionalen etekin garbiaren zenbatespen objektiboaren araubidea; haren ordez, zuzeneko zenbatespen araubide berezi bat ezarri da, eta, beraz, orain zuzeneko zenbatespen araubidea da –normala, erraztua eta berezia– pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren etekin garbia zenbatesteko araubide bakarra.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 36.B.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, jarduera enpresarialak bete eta haien etekina zuzeneko zenbatespeneko modalitate berezi honetan zehazten duten subjektu pasiboek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 61.3 artikuluaren a) eta b) letretan ezarritako erregistro-liburuak eraman beharko dituzte (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori), salbu eta kontabilitatea eramaten badute merkataritza-kodean aurreikusitakoaren arabera.

Modalitate bereziari dagozkion zehaztasunak jasotzeko eta erregistro-liburuak eginbidetzeko betebeharra kentzeko, gaur egun zaharkitua eta erabilera praktikorik gabekoa baita, uste da komeni dela abuztuaren 20ko 3/2019 Foru Aginduaren edukia berrikustea, foru agindua bera indargabetzea eta foru agindu berri bat onestea, pertsona fisikoen gaineko errentaren gaineko zergaren erregistro-liburuak eramateko modua baizik arautuko ez duena.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 61.8. artikuluan (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendua) zehaztutako gaikuntzaz baliatuz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Jarduera enpresarialen erregistro-liburuak, haien etekina zuzeneko zenbatespeneko metodoaren modalitate erraztuan eta berezian zehazten dutenen kasuetarako.

1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 61.4 artikuluan xedatutakoaren arabera (maiatzaren 24ko 174/1999 Errege Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori), etekina zuzeneko zenbatespeneko metodoaren modalitate erraztuan zehazten duten jarduera enpresarialak egiten dituzten subjektu pasiboak beharturik daude honako erregistro-liburu hauek eraman eta gordetzera:

a) Salmenten eta sarreren erregistro liburua.

b) Erosketen eta gastuen erregistro-liburua.

c) Inbertsio-ondasunen erregistro-liburua.

2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Testu Bateginaren 36.B.6 artikuluan xedatutakoaren arabera (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintza Foru Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori), jarduera enpresarialak bete eta haien etekina zuzeneko zenbatespeneko metodoaren modalitate berezian zehazten duten subjektu pasiboak beharturik daude 1. apartatuko a) eta b) letretako erregistro-liburuak eraman eta gordetzera.

3. Zergaren aplikazio-esparruan kokatutako zenbait establezimenduren titularrek establezimendu bakoitzean eraman ditzakete aurreko apartatuan ezarritako erregistro-liburuak (liburu horietan bereizita idatziko dituzte establezimendu horietan egindako eragiketak), baldin eta establezimendu horietako laburpen-idazpenak helbide fiskalean izan beharreko erregistro-liburu orokorretara eramaten badira.

2. artikulua. Salmenten eta sarreren erregistro liburua.

1. Salmenten eta sarreren erregistro-liburuan idatziko dira, behar bezala bereizita, jardueratik eratorritako sarrera guztiak, eta hartan agertuko dira:

a) Egindako fakturaren zenbakia eta, hala behar denean, seriea, zeinetan agertuko baita sarrera. Faktura egiteko beharkizunik ez denean, sarrerak hurrenez hurren zenbakituko dira, eta salmenten eta sarreren erregistro-liburuan kasu bakoitzari dagokion zenbakia idatziko da.

b) Faktura noiz egin den eta eragiketak noiz egin diren, bi datak bat ez datozenean.

c) Hartzailearen izen-deiturak edo sozietatearen izena edo izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

d) Kontzeptua. Ondorio horietarako gutxienik adieraziko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken ereduan ageri diren sarrera osoen banakatzea; eredu hori erregistro-liburu honetan idatzitako sarrerei dagozkien ekitaldiaren hasieran onetsitakoa izanen da.

e) Eragiketaren zenbatekoa edo, eragiketa balio erantsiaren gaineko zergaren mende badago, eragiketen zerga-oinarria, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 26. eta 27. artikuluen arabera zehaztutakoa, eta, hala behar denean, aplikatutako zerga-tasa eta tributu-kuota. Era berean, faktura bera hurrenez hurreneko zenbait idazpenetan idaztea ere zilegi izanen da, zerga-tasa desberdinak ordaindu behar dituzten eragiketak dituenean.

f) Eragiketa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipenari edo konturako sarrerari lotuta badago, bereizita zehaztuko dira eragiketari aplikatutako atxikipen-tasa eta hartzaileak atxikitako zenbatekoa.

2. Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 7.1 artikuluan xedatutakoaren arabera (apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori) hartzailea identifikatzea nahitaezkoa izan gabe egindako fakturak direnean eta fakturaren sortzapena hilabete naturalaren beraren barnean gertatzen bada, artikulu honetan aipatzen diren fakturen banakako idatzoharra egin beharrean eguneko laburpen-idazpen bat egin daiteke, eta hartan honako hauek ezarri:

a) Fakturen hasierako eta bukaerako zenbakiak.

b) Fakturak noiz egin diren.

c) Egindako fakturen laburpen-idazpenari dagokion erreferentzia, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 7.1 artikuluan xedatutakoaren arabera (23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

d) Eragiketa balio erantsiaren gaineko zergari lotuta badago, zerga-tasa bakoitzari dagokion zerga-oinarri osoa, zerga-tasak, fakturen kuota osoa, hurrenez hurren zenbakituak eta egun berean egindakoak. Eragiketa ez badago balio erantsiaren gaineko zergari lotuta, eragiketaren zenbatekoa adieraziko da.

3. Era berean, bereizita idatzi beharko dira zuzenketa-fakturak (23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsitako fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 15. artikuluan aipatutakoak), adieraziz egindako fakturaren zenbakia, egin den eguna, eragiketak egin diren eguna (bi egun horiek desberdinak badira), bezeroaren identifikazioa, zerga-oinarria, zerga-tasa eta kuota.

3. artikulua. Erosketen eta gastuen erregistro-liburua.

1. Erosketen eta gastuen erregistro-liburuan idatziko dira, behar bezala bereizita, jardueratik eratorritako gastu guztiak, eta hartan agertuko dira:

a) Jasotako fakturaren zenbakia eta, hala behar denean, seriea, zeinetan agertuko baita gastua. Fakturan gastua adierazteko betebeharrik ez denean, gastuak hurrenez hurren zenbakituko dira, eta erosketen eta gastuen erregistro-liburuan kasu bakoitzari dagokion jasotze-eguna idatziko da.

b) Faktura edo bestelako egiaztagiria noiz egin den eta eragiketak noiz egin diren, bi datak bat ez datozenean.

c) Faktura ematera behartutakoaren izen-deiturak edo sozietatearen izena edo izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

d) Kontzeptua. Ondorio horietarako gutxienik adieraziko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken ereduan ageri diren gastuen –zerga aldetik kengarriak direnen– banakatzea; eredu hori erregistro-liburu honetan idatzitako gastuei dagokien ekitaldiaren hasieran onetsitakoa izanen da.

e) Eragiketa balio erantsiaren gaineko zergari lotuta badago, eragiketen zerga-oinarria, 19/1992 Foru Legearen 26. eta 27. artikuluen arabera zehaztutakoa, eta, hala behar denean, aplikatutako zerga-tasa eta tributu-kuota. Era berean, faktura bera hurrenez hurreneko zenbait idazpenetan idaztea ere zilegi izanen da, zerga-tasa desberdinak ordaindu behar dituzten eragiketak dituenean.

f) Gastutzat hartzen den zenbatekoa, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako.

g) Eragiketa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipenari edo konturako sarrerari lotuta badago, bereizita zehaztuko dira eragiketari aplikatutako atxikipen-tasa eta faktura egin duenari atxikitako zenbatekoa.

2. Era berean, bereizita idatzi beharko dira zuzenketa-fakturak (23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsitako fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 15. artikuluan aipatutakoak), adieraziz egindako fakturaren zenbakia, egin den eguna, eragiketak egin diren eguna (bi egun horiek desberdinak badira) hornitzailearen identifikazioa, zerga-oinarria, zerga-tasa eta kuota.

3. Egun berean jasotako faktura guztien laburpen-idazpen orokorra egin daiteke; hartan hartzaileak fakturei esleitutako lehen eta azken zenbakiak agertuko dira, hornitzaile bakar batengandik heldu badira, zerga-tasa bakoitzari dagokion zerga-oinarri osoaren batura eta zerga-kuota osoa, baldin eta eragiketa guztien zenbateko osoa, balio erantsiaren gaineko zerga sartu gabe, 6.000 eurotik gorakoa ez bada, eta faktura bakoitzean dokumentatutako eragiketen zenbatekoa, balio erantsiaren gaineko zerga sartu gabe, 500 eurotik gorakoa ez bada.

4. artikulua. Inbertsio-ondasunen erregistro-liburua.

1. Inbertsio-ondasunen erregistro-liburuan erregistratuko dira, banaka behar bezala jarriz, jarduera enpresarial edo profesional bati atxikitako ondare-elementuak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 37. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Subjektu pasiboek erregistro-liburu horretan adierazi beharko dituzte idatzitako ondasun finkatu bakoitzari dagozkion fakturak edo aduanako agiriak zehatz-mehatz identifikatzeko behar diren datuak.

3. Era berean, banakako ondasun bakoitzeko honako hauek idatziko dira:

a) Fakturaren zenbakia edo, inportazioa bada, aduanako dokumentuaren zenbakia edo, haiek izen ezean, jasotze-zenbakia.

b) Ondare-elementua zein egunetan dagoen funtzionatzeko moduan.

c) Ondasunaren deskribapena, adieraziz behar bezala identifikatzea ahalbidetuko duten datu guztiak.

d) Hornitzailearen izen-deiturak edo sozietatearen izena edo izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

e) Ondare-ondasunaren erosketa-balioa eta balio amortizagarria.

f) Amortizazio-metodo aplikagarria.

g) Zergaldi bakoitzari aplikatutako amortizazio-ehunekoa eta hortik ateratako amortizazio-kuota.

h) Amortizazio metatua.

Era berean, ondasunari edo eskubideari baja noiz eman zaion adieraziko da, baita noiz eta zergatik gertatu den ere. Ondasuna eskualdatu bada, eragiketa identifikatzeko beharrezkoak diren datuak adierazi beharko dira.

5. artikulua. Erregistro-liburuak, jarduera enpresariala zuzeneko zenbatespeneko araubidean ez dagoen eta merkataritza-izaerarik ez duen kasuetarako.

Merkataritza-kodearen arabera merkataritzakoak ez diren jarduera enpresarialak betetzen dituzten subjektu pasiboak beharturik egonen dira erregistro-liburu hauek eraman eta gordetzera:

1. Etekina zehazten denean zuzeneko zenbatespenaren metodoaren modalitate normal eta erraztuan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 61.3 artikuluan xedatutakoaren arabera (174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsia):

a) Salmenten eta sarreren erregistro liburua.

b) Erosketen eta gastuen erregistro-liburua.

c) Inbertsio-ondasunen erregistro-liburua.

2. Etekina zehazten denean zuzeneko zenbatespen metodoaren modalitate bereziaren arabera, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 36.B.6 artikuluan xedatutakoaren arabera:

a) Salmenten eta sarreren erregistro liburua.

b) Erosketen eta gastuen erregistro-liburua.

3. Liburu horiek eramanen dira, 2., 3. eta 4. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

6. artikulua. Jarduera profesionalen erregistro-liburuak.

1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 61.5 artikuluan xedatutakoaren arabera (174/1999 Foru Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori), jarduera profesionalak betetzen dituzten subjektu pasiboak beharturik daude honako erregistro-liburu hauek eraman eta gordetzera:

a) Sarreren erregistro-liburua.

b) Gastuen erregistro-liburua.

c) Inbertsio-ondasunen erregistro-liburua.

d) Funts-horniduren eta ordejarrien erregistro-liburua.

2. Artikulu honetan ezarritako sarreren, gastuen eta inbertsio-ondasunen erregistro-liburuak, hurrenez hurren, 2., 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoaren arabera eramanen dira.

3. Funts-horniduren eta ordejarrien erregistro-liburuan honako hauek idatziko dira, bakoitza behar bezala bereizita:

a) Idatzoharraren zenbakia.

b) Mugimenduaren izaera: funts-hornidura edo ordejarria.

c) Funts-hornidurak edo ordejarriak noiz gertatu eta ordaindu diren.

d) Horien zenbatekoak.

e) Horniduraren ordaintzailearen edo ordejarriaren jasotzailearen izen-deiturak, sozietatearen izena edo izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

f) Fakturaren zenbakia, zeinetan adieraziko baita eragiketa. Faktura egiteko betebeharrik ez bada, funts-hornidurak eta ordejarriak hurrenez hurren zenbakituko dira eta bakoitzari dagokion zenbakia liburu honetan idatziko da.

7. artikulua. Errentak eratxikitzeko araubidea duten entitateen erregistro-liburuak.

1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 61.7 artikuluan xedatutakoaren arabera (174/1999 Foru Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori), jarduera ekonomikoak bete eta errentak eratxikitzeko araubidea duten entitateek egindako jarduerari dagozkion nahitaezko liburu bakar batzuk eramanen dituzte, haien bazkideei, ondorengoei, erkideei eta partaideei egin behar zaizkien etekinen eratxikipena galarazi gabe.

2. Aipatutako entitate horien erregistro-liburuak eramanen dira 1. artikulutik 6.era bitartekoetan ezarritakoaren arabera eta, orobat, kontuan izanen da jarduerarako entitateak aukeratu duen etekin garbia zehazteko araubidea edo, hala behar denean, aplikagarri zaiona, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duen araudian xedatutakoak ondorioak izan ditzan.

8. artikulua. Formazko betebeharrak.

1. Edozein izanik ere erabilitako prozedura, foru agindu honetan aipatutako erregistro-liburu guztiak argi eta zehatz eramanen dira, daten hurrenkeran, espazio zuririk eta interpolaziorik, zirrimarrarik edo marratzerik gabe eta, beti, datuak hiruhileko eta urte naturaletan emanen dira.

2. Erregistroko idatzoharretan balioak eurotan paratuko dira. Faktura edo bestelako egiaztagiria eman bada euroa ez den beste kontu- edo dibisa-unitate batean, behar den bihurketa egin beharko da erregistro-liburuetan adierazteko.

3. Liburuak baliabide elektroniko edo informatikoak erabiliz eramaten badira, liburuen euskarri diren programak, fitxategiak eta artxibategi informatikoak eta erabilitako kodifikazio-sistemak gorde beharko dira. Horrek guztiak datuak interpretatzeko aukera eman beharko du betebeharra sistema informatikoak erabiliz betetzen denean. Datu horiek formatu irakurgarri batera bihurtzeko aukera erraztu beharko da, datu horien irakurketa edo interpretazioa ezinezkoa bada enkriptatuta edo kodetuta daudelako.

Liburuak ez badira formatu elektronikoan eramaten, edozein prozedura egokiren bidez egiten ahalko dira idazpenak edo idatzoharrak, orri bereizietan, gero hurrenez hurren zenbakitu eta koadernatu beharko direnak aurreko apartatuan aipatutako liburuak egiteko.

4. Jarduera bat baino gehiago egiten dituzten subjektu pasiboek eta entitateek jarduera bakoitzeko liburu independenteak eraman beharko dituzte, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 37. artikuluan xedatutakoaren arabera (174/1999 Foru Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori). Erregistro-liburuak formatu elektronikoan eramaten ez badira, zein jarduerari dagozkion agertu beharko du lehen orrialdean.

9. artikulua. Erregistroko idatzoharrak egiteko epea.

1. Erregistroan idatzoharrak izanen dituzten eragiketak behar bezala idatzita egonen dira behar diren erregistro-liburuetan, ordainketa zatikatuen aitorpen eta sarrera egiteko ezarrita dagoen epea bukatu baino lehenago. Ordainketa zatikatu horiek 174/1999 Foru Dekretuak onetsi zuen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 91. artikulutik 94. artikulura bitarteko artikuluetan ageri dira.

2. Hori hala izanik ere, subjektu pasiboek fakturarik gabe egindako eragiketak zazpi eguneko epean idatzi beharko dira, eragiketak egiten diren edo dokumentuak ematen diren unetik hasita, baldin eta epe hori aurreko apartatuan ezarritakoa baino txikiagoa bada.

3. Jasotako fakturak behar den erregistro-liburuan idatzi beharko dira, zein hurrenkeratan jasotzen diren, hartan, eta beti haren kenkaria egin nahi den zergaldiaren barnean.

10. artikulua. Erregistroko idatzoharrak zuzentzea.

Enpresaburuek edo profesionalek aurreko artikuluetan aipatutako erregistroko idatzoharrak gauzatzean akats edo hutsegiteren bat egin badute, haren berri izan eta berehala zuzendu beharko dituzte. Zuzenketa hori idatzohar batez edo multzo batez baliatuz egin beharko da. Oharrek balio behar dute, behar den ordainketa zatikatuaren likidazioko hiruhileko bakoitzeko, zehazteko zein diren zergaldiko sarrera eta gastu osoak, behin zuzenketa hori egin ondoren.

11. artikulua. Beste liburu batzuekiko bateragarritasuna.

Foru agindu honetan araututako erregistro-liburuak balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako ere erabil daitezke, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte (86/1993 Foru Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori).

12. artikulua. Erregistro-liburuetan idatzitako eragiketen fakturak eta bestelako egiaztagiriak gorde eta Administrazioaren esku uzteko betebeharra.

174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 61.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, zerga honen subjektu pasiboak beharturik daude edozein motatako eragiketen, gastuen eta sarreren egiaztagiri, faktura eta gainerako dokumentuak gordetzera preskripzio-eperik handienean eta, orobat, tributu-administrazioaren organo eskudunei erakustera, hartarako eskaera egiten zaienean. Eragiketa, gastu eta sarrera horiek foru agindu honetan ezarritako erregistro-liburuetan agertutakoak dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzen duenean, indargabeturik geldituko da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak abuztuaren 20an emandako 3/2019 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregistro-liburuak eraman eta eginbidetzeko modua arautzen da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2021eko eta ondorengo ekitaldietako erregistroko idatzoharrei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2021eko otsailaren 5ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2101931