36. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIRAUKI

Aldaketa, Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Ziraukiko Udalak, 2020ko urriaren 20an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa ordenantza honetan:

–Ordenantza, udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituena.

Hasierako onespenaren iragarkia 264. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 11n. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, 23. artikulurako onetsitako aldaketekin batera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ziraukin, 2021eko otsailaren 1ean.–Alkatea, Julio Laita Zabalza.

ORDENANTZA, UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

LEHENENGO KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29. artikuluetan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. eta 100. artikuluetan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Ziraukiko Udalaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dituzketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen ditu, eta bere eginkizun hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izango dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur nahikoa bederen bai.

5. artikulua. Ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko tramiteak bete badira, eta zerbitzu horrengatik tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

7. artikulua. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie hartan interesa dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

Eskatzaileak bere kontura kontratatzen ahalko ditu hilotza ateratzeko lanak. Hilerriaren arduradunari jakinarazi beharko dio aitzinetik, horrek lanak ikuskatu beharko baititu.

8. artikulua. Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren hondarrak ez dira gorputegira eramaten ahalko.

9. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan atera daitezke:

a) Panteoietan ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bi urte iraganda atera daitezke, erabat hezurturik badaude.

b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere 8 urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

c) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein unetan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik aterako epaileak agindu ezean.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

11. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko, bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar den liburuetan.

12. artikulua. Ordenantza honetan arauturiko zerbitzuak emateko udal tasak ordaindu eta gero, hilerriko lur guztiak erabiliko dira lurpeko lagun bakarreko hilobietarako, hamar urteko epean. Dena den, leku gutxi izateagatik beharrean egonez gero, legeak agintzen duen gutxienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak eta, hileta zerbitzuen kontzesio administratiboa tartean baldin bada, zerbitzuak dagokion kostua izango du.

13. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobietako elementuak jartzeko erabiliko da, ez bestetarako. Ondorioz, bai lurzatia bai jartzen diren hilobi-elementuak araudi honetan ezarritakoaren mende egonen dira. Gurutzeak, hilarriak edo monolitoak kentzen ahalko dira, aldez aurretik hildakoaren hurbileko ahaideei, halakorik bada, jakinarazita, tasak ordaindu ondoko hamabost urte igarotzen direnean, ez bada behintzat eguneratzen tasak berriz ere ordainduz. Jakinarazten ez bada, jarri zirenetik hogei urte pasatzen direnean kentzen ahalko dira.

14. artikulua. Hilerrian jartzen diren gurutzeak, hilarriak edo monolitoak harrizkoak edo marmolezkoak izanen dira, eta 80 zentimetroko garaiera eta 45eko zabalera izanen dute, errauts kutxategiei dagozkienetan izan ezik, horien neurriekin bat etorri beharko baitute. Gainera, paretetan jartzen diren plakak horma-hilobietakoak bezalakoak izanen dira.

15. artikulua. Hilobien kokapena, lur-erauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kontura izango dira.

16. artikulua. Erregelamendu hau baino lehenagoko kontzesioak zeuden horretan eta haien tituluei jarraikiz errespetatuko dira.

Egungo hilobiak, panteoiak edo hilerriko lurraren beste edozein aprobetxamendu, familia batek betiko kontzesio gisa edo salmenta bidez erabili baditu, baina titulu faltagatik ezin denean frogatu, haien gaineko eskubideak galduko dituzte eta okupatutako lurrak berriz ere Udalaren esku geldituko dira.

17. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

Kontserbazio egoera behar bezalakoa ez bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 eguneko epean egin behar diren obrei ekin diezaieten. Hala egiten ez badute, ehorzketak egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.

Epe hori iraganik, Alkatetzak obren ordezko exekuzioa xedatuko du, baita arlo horretako ordenantza fiskalean horren gainean xedatzen dena aplikatzea ere. Hortaz, horren ondoriozko kontua interesdunei pasatuko zaie, eta, ordaintzen ez badute, kontzesioa amaitutzat joko da eta hilobia udalerriari itzuliko zaio.

18. artikulua. Emakidak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Hilobi, panteoi edo lurzati batek 25 urte baino gehiago egiten badu abandonaturik.

c) Hilobia erabili beharko luketenak desagertzeagatik.

BIGARREN KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik

19. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:

1.–Ehorzketak.

2.–Hobitik ateratzeak.

3.–Lekualdatzeak (lurperatzea eta hilobitik ateratzea).

4.–Hilerriko beste lan batzuk.

20. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko edo juridikoak izan edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

21. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

22. artikulua. Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularraren kontura izango dira.

Bi hilotzen edo gehiagoren errautsak kutxategi berean uzten ahalko dira, baina, betiere, horretarako egokia den beste ontzi batean.

Artikulu honetan agertzen diren bi kasuetan, hilobiaren edo kutxategiaren aprobetxamendu denbora azken gorpuzkinak uzten direnetik aurrera hasiko da berriz.

Hilotz baten edo gehiagoren errautsak hilobi batean lurperatzeko lizentziak emango dira, aldez aurretik ordainduta kolunbarioetan ehorzteagatiko tasak. Errautsak ontzi egokietan gorde beharko dira, eta, egin ahal izateko, hilobian lurperatuta dagoen defuntuaren hurbileko senideek (halakorik egotekotan) ados egon beharko dute.

Ehorzketa mota honetan, errautsak kolunbario batean uzteko eskubidea dago 15 urtez, ehorzketa gertatu zenetik.

23. artikulua. Hilerri honetako bertze hilobi batzuetatik gorpuzkiak atera eta berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

24. artikulua. 19. artikuluko 1., 2., 3. eta 4. zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak eman baino lehen ordaindu behar dira, salbu premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

ERANSKINA

1.–Lurrean ehorztea (15 urterako, berritzeko aukerarekin), eta horma-hilobian (20 urterako, berritzeko aukerarekin):

–Ziraukin erroldatuak: 150,00 euro.

–Ziraukin erroldatu gabeak: 300,00 euro.

2.–Kolunbarioetan ehorztea (15 urterako, berritzeko aukerarekin):

–Ziraukin erroldatuak: 70,00 euro.

–Ziraukin erroldatu gabeak: 140,00 euro.

3.–Hobitik ateratzea: 300,00 euro.

4.–Lekualdatzeak: (Hobitik ateratzea eta hobian sartzea): 500,00 euro.

5.–Hilerriko beste lan batzuk: Udaleko langilearen ordua 50,00 euro kostako da.

Iragarkiaren kodea: L2101628