33. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 11 - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 6/2021 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, zeinaren bidez luzatzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren urtarrilaren 13ko 2/2021 Foru Dekretuan onetsitako neurriak. Foru dekretu horren bidez, neurriak hartu ziren SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarmaegoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldia-razteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari esku-dunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez emandako eskumen horiek erabiliz onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa. Horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Zehazki, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatu zen gauez Nafarroako Foru Komunitatean, 23:00etatik 06:00etara bitartean; mugatu egin zen Nafarroako Foru Komunitatera sartzea eta bertatik irtetea, salbu foru dekretu horretan aipatutako eta behar bezala justifikatutako joan-etorrien kasuan; eta mugatu egin ziren pertsonen arteko bilerak: sei lagun, gehienez ere, eremu publiko eta pribatuan, eta bizikidetza-unitatea eremu pribatuan, foru dekretuan jasotzen ziren salbuespenekin. Pertsonen joan-etorriei gaueko ordutegian ezarritako mugen indarraldiari dagokionez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan deklaratutako alarma-egoerak zeukan berbera ezarri zen, eta gainerako neurrien kasuan, berriz, 2020ko azaroaren 4ra arteko indarraldia, egun hori barne. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 4ko 26/2020 Foru Dekretuaren bidez luzatu zen foru dekretu hori, 2020ko azaroaren 18ra arte luzatu ere, eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 16ko 28/2020 Foru Dekretuaren bidez, berriz, 2020ko abenduaren 18ra arte.

Alarma-egoera 2021eko maiatzaren 9ko 00:00etara arte luzatu da. Luzapena xedapen hauetan bildutako baldintzen menpe dago: urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratu zuena SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko, eta, kasua bada, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretu horren azken xedapenetako lehenbizikoak emandako gaikuntza erabiliz ematen diren dekretuak, ezertan galarazi gabe hurrengo apartatuetan ezartzen dena.

Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak 2020ko abenduaren 2an hartutako Erabakiaren bidez hartu ziren Eguberrietan COVID-19ari aurre egiteko osasun publikoko neurriak. Erabaki horren bidez, zenbait neurri malgutu ziren: autonomia erkidegoetan eta hiri autonomoetan sartzeko eta bertatik irteteko mugak, familiakoekin eta hurbileko pertsonekin elkartzeko bilkurak, gaueko mugikortasunaren muga eta Eguberrietako ekitaldiak.

Abenduaren 14an, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 29/2020 Foru Dekretuaren bidez (gero abenduaren 28ko 31/2020 Foru Dekretuaren bidez aldatua), neurriak ezarri ziren Eguberrietarako. 29/2020 Foru Dekretuan ezarritako neurrien ondorioak 2021eko urtarrilaren 14ra arte luzatu ziren, egun hori barne.

Bukatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren urtarrilaren 13ko 2/2021 Foru Dekretuaren bidez, neurriak hartu ziren SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Neurriok gero aldatu ziren, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren urtarrilaren 20ko 3/2021 Foru Dekretuaren bidez. Neurri horien indarrak 2021eko otsailaren 15era arte iraunen du, egun hori barne.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenean eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren txostenean justifikatzen da, arrazoi epidemiologikoak eta laguntzakoak tarteko direla, osasun arloan hartutako prebentzio neurri apartekoak luzatzea Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz.

Zehatz esanda, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, egonkorra izan da 2020ko azaroaren 30etik abenduaren 27ra arte metatutako intzidentzia, 95 kasu ingurukoa izan baita 100.000 biztanleko. Hala ere, joera hori urteko azken astean hautsi zen, aste horretan kasuak %34 emendatu zirelako, eta metatutako intzidentzia 123 kasu 100.000 biztanleko izatera iritsi zen. Aste horretatik aurrera, 7 egunetara metatutako intzidentziak goranzko joera eduki du, datu hauekin: 169, 218 eta 249 kasu 100.000 biztanleko urtarrilaren 4tik 10era, 11tik 17ra eta 18tik 25era arteko asteetan, hurrenez hurren, goranzko malda pixka bat leunagoa izan den arren. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren urtarrilaren 20ko 3/2021 Foru Dekretua onetsi ondoren, zeinean ezartzen baita bizikideen artekoak izan daitezkeela soilik eremu pribatuko bilkurak, eta Osasuneko kontseilariaren urtarrilaren 20ko 2/2021 Foru Agindua onetsi ondoren, zeinean debekatzen baita ostatuen barnean kontsumitzea, eten egin zen goranzko joera, eta urtarrilaren 25etik 31ra arteko astean, 100.000 biztanleko intzidentzia 233 kasukoa izatera pasatu zen. Jaitsiera horrek aurrera jarraitu du aste honetan, tasa 181koa baita 100.000 biztanleko.

Nolanahi ere, arrisku maila oso handia da 14 eta 7 egunetan metatutako intzidentzian islatutako gaixotasunaren transmisio adierazle epidemiologikoetarako, populazio orokorrentzat nahiz 64 urtetik gorakoentzat, joera beheranzkoa bada ere. Halaber, arrisku maila oso handia da ospitaleen okupazio mailarako, dela akutuen oheetan, dela COVID-19ko pazienteek okupatzen dituzten ZIU oheetan (ZIUn 30 ohe baino gehiago daude COVID-19ko pazienteek okupatuak), joera egonkorragoa bada ere.

Aste honetan, intentsitatearen eta larritasunaren maila ertainean dago SARS-CoV-2aren zirkulazio epidemikoa, eta transmisioa moteldu da. Horren isla, ospitaleratzeen kopurua txikiagoa da, eta heriotzena ere bai. Beste behin egiaztatu da neurri murriztaileek ondorioak dituztela intzidentziaren adierazleen gainean, hartu eta 2 edo 3 astera, eta okupazio asistentzialaren gainean, 2 aste geroago.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenean, komenigarritzat jotzen da neurri horiei eustea, intzidentzia eta ospitaleen okupazioa gutxika murrizteko eta arrisku maila txikiagoetara pasatzeko, transmisioaren murrizketa sendotuz.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren txostenaren arabera, 160tik 155era bitarte egonkortu da ohe arruntetan nahiz etxean ospitaleratuak dauden pertsonen kopurua; hori handiagoa da Eguberriak baino lehen ospitaleratuta zeuden 100 pertsona baino, eta uztailaren bigarren hamabostaldian zeuden 21 pertsona baino.

ZIUetan daudenen kopurua 36ra igo da, baina azken hiru egunean 33ra jaitsi da. ZIUetako okupazio maila oso handia da, eta eskatzen du beste 27 ohe edukitzea, komunitatean normalean daudenen gainetik. Beraz, azken bi asteotako eboluzioa ona bada ere kutsatu berriei, larrialdietan hartutako kasuei eta ospitaleratzeei dagokienez, kasu asko daude oraindik, batez ere ZIUetan.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da, aurreko hilabeteetan ikasitakoa oinarri hartuta, aurrea hartzea erabakiak hartzeko orduan, eraginik izan ez dadin laguntza sisteman COVID-19ko pazienteak eta COVID-19az kanpokoak artatzeko gaitasunean, eta, hortaz, bidezkoa da indarreko neurriak luzatzea 2021eko otsailaren 25era arte, egun hori barne, zeuden-zeudenean, barne dagoela 2021eko urtarrilaren 20an hartutakoa. Egoera epidemiologikoaren arabera, berriz luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira, kutsatzeen murrizketa finkatzeko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren urtarrilaren 13ko 2/2021 Foru Dekretuan hartutako neurriak luzatzea; foru dekretu horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

2. artikulua. Neurrien eraginkortasuna eta iraupena.

Luzapenaren xedeko neurriak 2021eko otsailaren 25era bitarte egonen dira indarrean, egun hori barne, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

3. artikulua. Foru dekretu honek 2021eko otsailaren 16an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 9an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2102153