294. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

20/2021 FORU LEGEA, abenduaren 29koa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO TOKI OGASUNEI BURUZKO MARTXOAREN 10EKO 2/1995 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

19/2017 Foru Legeak aldatu zuen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Konstituzio Auzitegiaren 2017ko ekainaren 5eko 72/2017 Epaia betearazteko (2017ko uztailaren 15eko EAOn argitaratu zen).

Aipatutako epaiak 686-2017 zenbakiko konstituzio-kontrakotasuneko arazoa baietsi zuen, eta, beraz, deklaratu zuen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 175.2, 175.3 eta 178.4 artikuluak, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergari buruzkoak, Konstituzioaren kontrakoak eta baliogabeak direla, betiere, ahalmen ekonomikoa adierazten ez duten egoerak zergapetzen dituzten aldetik.

Hori dela eta, aipatutako 2/1995 Foru Legea aldatu zen, hiri-lurren balio-gehikuntzarik gertatzen ez denean eragiketak zergapetzetik kanpo uzteko. Aldaketak Konstituzio Auzitegiaren irizpideak aplikatu zituen, hau da: batetik, auzitegiak zioen guztiz egokia dela balio-gehikuntzak zergapetzeko helburua duen politika legegile bat aukeratzea, balizko ahalmen ekonomikoak zenbatesteko sistema objektibo batean oinarritzen dena, eta ez egiazko ahalmen ekonomikoaren araberakoan; bestetik, Auzitegiaren iritziz, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga hori, orduan legeetan jasota zegoen moduan, Konstituzioaren araberakoa da eragiketan lurren balio-gehikuntza gertatzen denean.

Hala ere, Konstituzio Auzitegiak 2021eko urriaren 26an emandako Epaiak, 4433-2020 konstituzio-kontrakotasuneko arazoa ebazten duenak, deklaratu du Konstituzioaren kontrakoak eta baliogabeak direla Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bategineko 107.1 (bigarren paragrafoa), 107.2.a) eta 107.4 artikuluak (testu bategina martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), eta adierazten du bere 5. oinarri juridikoan zerga-oinarria zenbatesteko egungo sistema objektiboa eta nahitaezkoa mantentzeak urratzen duela zergapetzeko irizpide gisa ahalmen ekonomikoa erabiltzearen printzipioa (Espainiako Konstituzioaren 31.1 art.), higiezinen merkatuaren eta krisi ekonomikoaren errealitatearekin zerikusirik ez duelako eta, beraz, ez duelako kontuan hartzen zergak kargatzen duen eta zergadunak frogatzen duen ahalmen ekonomikoa.

Horrez gain, epaiak dio zerga-oinarria zenbatesteko metodo hau Konstituzioaren arabera zilegi izan dadin, zergaren aplikazioa erraztean edo praktikotasun administratiboan oinarritutako arrazoiengatik, (i) ez luke zerga-oinarria zenbatesteko metodo bakarra izan beharko eta legez aukera eman beharko litzateke balio-gehikuntzaren zuzeneko zenbatespenak egiteko, edo (ii) kargatu beharko lituzke batez besteko edo presuntziozko (balizko) gehikuntzak, hau da, hala aurreikusi edo pentsatzekoa denez, edozein hiri-lurretan denboraren poderioz gertatzen direnak (SSTC 26/2017. FJ 3; 3712017, FJ 3; 59/2017, FJ 3; 72/2017, FJ 3 eta 1 26/2019, FJ 3).

Aurrekoarekin bat, eta epaiak aipatzen ez badu ere Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea, uste da komeni dela babes-arau bat sartzea lege horretan, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren tributazioa ez dadin izan inola ere ahalmen ekonomikoaren printzipioaren kontrakoa, eta, subjektu pasiboak hala eskatzen badu, aukera egon dadin tributu-karga egokitzeko benetan lortutako balio-gehikuntzara.

Horrela, zergaren oinarria zenbatesteko sistema objektiboa hautazko sistema bat bihurtzen da, zeina aplikatuko baita soilik subjektu pasiboak arestian azaldutako eskubideaz baliatzen ez denean.

Foru legeak artikulu bakar bat eta azken xedapen bat ditu.

Proiektu hau egitean aintzat hartu dira arauketa onaren printzipioak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan ezarriak.

Foru legea, hori prestatzeko prozedura eta gainerako arauetan dituen ondorioak Nafarroako Parlamentuaren Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus webgunean argitaratzeak zaintzen du gardentasun eta irisgarritasun printzipioak errespetatuak izatea.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 20.2 artikuluan eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren testu bateginaren 152. eta 153. artikuluetan ezarritakoarekin bat, foru lege proiektu hau onesteko gehiengo osoa beharko da.

Segurtasun juridikoaren izenean, lege aldaketa hau lehenbailehen egitea beharrezkotzat jotzen denez, foru lege hau presako prozeduraren bidez eta irakurketa bakarrean tramitatzeko asmoa dago, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 110. eta 158.1 artikuluetan, hurrenez hurren, xedatuari jarraikiz.

Artikulu bakarra. 2021eko urriaren 26tik aurrera gertatzen diren zerga-egitateetan ondorioak izateko, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen manu hauek testu hau izanen dute:

Bat.–172.4. artikulua, hirugarren paragrafoa.

“Balio-gehikuntzarik ez dela izan frogatzeko, lurraren eskualdaketaren eta eskurapenaren balio errealak izanen dira, hurrenez hurren, ondasun higiezinaren eskualdaketan eta eskurapenean ordaindutakoak, eragiketa horiek dokumentatzen dituzten tituluetan ageri direnak (eragiketa horiek kargatzen dituzten gastuak edo tributuak kontuan hartu gabe ondorio horietarako), edo, bestela, udalak edo higiezinaren eskualdaketa kargatzen duen zerga kudeatzeaz arduratzen den Zerga Administrazioak egiaztatutakoak, haiek baino handiagoak badira”.

Bi.–175.2 artikulua, paragrafo bat gehitzea amaieran.

“Aurreko paragrafoan aipatzen den eguneratzearen ondorioz, udalak onetsitako koefizienteren bat legezko gehieneko koefiziente berria baino handiagoa bada, berria aplikatuko da zuzenean, udalak gehiegizkoa zuzentzeko onesten dituen koefiziente berriek indarra hartu arte”.

Hiru.–175.6 artikulua.

“6. Nahitaezko desjabetzeen kasuan, 2. apartatuan aurreikusitakoari jarraikiz sortzealdiari dagokion koefizientea aplikatuko da prezio-justuaren barruan lurraren balioari dagokion zatiaren gainean, salbu eta 3. apartatuan zehaztutako balioa txikiagoa bada, kasu horretan lehentasuna horrek izanen baitu prezio-justuaren aurretik”.

Lau.–175. artikulua, 7. apartatua gehitzea.

“7. Subjektu pasiboak eskatuta, egiaztatzen bada 172.4 artikuluan xedatutakoaren arabera zenbatetsitako balio-gehikuntzaren zenbatekoa txikiagoa dela aurreko apartatuetan xedatutakoaren arabera zenbatetsitako zerga-oinarriaren zenbatekoa baino, balio-gehikuntza horren zenbatekoa hartuko da zerga-oinarritzat”.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako ondorioekin.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2021eko abenduaren 29an.–Lehen lehendakariordea, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren ordez, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2118367