293. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

109/2021 FORU DEKRETUA, abenduaren 15ekoa, 2021eko lan publikoaren eskaintza partziala onesten duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako, 2021. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako egonkortzearen arabera. Lan eskaintza hori ekainaren 27ko 3/2017 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari dagokio.

2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legearen 19. artikuluko Bat apartatuko 6. zenbakian ezartzen denez, administrazio publikoetako zenbait eremu eta sektorek aldi baterako enplegua egonkortzeko tasa gehigarri bat izaten ahalko dute, non sartuko baitira, aurrekontu-zuzkidura izanik eta 2016ko abenduaren 31n neurtuta, gutxienez aurreko hiru urtean aldi baterako kontratuekin eta etenik gabe okupatuak egon diren lanpostuen % 90, gehienez ere.

2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legearen hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen denez, administrazio publikoetako aldi baterako enplegua egonkortzeko tasa gehigarrian honako lanpostu hauek sartuko dira, betiere 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legearen 19. artikuluko Bat apartatuko 6. zenbakian ezartzen diren baldintzetan: aurrekontu-zuzkidura izanik eta 2016ko abenduaren 31n neurtuta, gutxienez aurreko hiru urtean aldi baterako kontratuekin eta etenik gabe okupatuak egon diren lanpostuen % 100, gehienez ere.

Azterturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremuko plantillako datuak, eta bat etorriz 3/2017 Legearen 19. artikuluko Bat apartatuko 6. zenbakian ezarritako egonkortze-tasaren arauekin eta 11/2020 Legean ezarritako tasa gehigarriarekin, ondorioztatzen da ezen, guztira, Administrazio Erroaren eremuko 30 lanpostu sartu behar direla lan publikoaren eskaintzan, goian aipatu 3/2017 Legean ezarritako egonkortze-tasari dagozkion sektoreetakoak.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak, negoziazioa egin ondoren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahaian, Nafarroako Gobernuari proposatu dio 2021eko lan publikoaren eskaintza partzial bat onets dezan, 3/2017 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari dagokiona. Eskaintza horretan 30 lanpostu sartu dira guztira Administrazio Erroaren eremurako.

30 lanpostu horiek hutsik ageri dira plantilla organikoan, eta aurrekontuetan bada horiek betetzeko adinako zuzkidura.

Azkenik, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean ezarritakoa betetzeko, lan publikoaren eskaintza partzial honetako lanpostuetatik 3 gordeko dira % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-txandetarako, eta, Eskubide Sozialetako Departamentuko organo eskudunek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan desgaitasuna duten pertsonen sarrera sustatzeko Batzorde Mistoak horren gaineko txostena egin ondoren, erreserba hori zer lanpostutan aplikatuko den zehazten da.

Era berean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritakoa betetzeko asmoz, lan eskaintza partzial honetan lanpostu bat gordeko da genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeentzako erreserba-txandarako, eta zehazten da zein lanpostutan aplikatuko den erreserba hori.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko abenduaren hamabostean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lan publikoaren eskaintza partziala onestea.

1.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen enplegu publikoaren eskaintza partzial bat onesten da 2021. urterako, non Administrazio Erroaren eremuko 30 lanpostu sartzen baitira, 2021. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako egonkortzearen arabera. Lan eskaintza hori ekainaren 27ko 3/2017 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari dagokio.

1.2. Hauek dira lanpostuen xehetasunak:

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusia:

–Industria ingeniari teknikoak: lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, B mailakoa, plantilla organikoan 8611 zenbakia duena.

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEPARTAMENTUA

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia:

–Psikologoak: bi lanpostu huts, funtzionarioen araubidekoak, A mailakoak, plantilla organikoan 3298 eta 7533 zenbakiak dituztenak.

–Administrazio publikoko teknikariak (arlo ekonomikoa): lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, A mailakoa, plantilla organikoan 7538 zenbakia duena.

–Mantentze-lanetako laguntzaileak: lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, D mailakoa, plantilla organikoan 7723 zenbakia duena.

–Zerbitzu orokorretako langileak: bi lanpostu huts, funtzionarioen araubidekoak, D mailakoak, plantilla organikoan 3037 eta 3090 zenbakiak dituztenak.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua:

–Industria ingeniari teknikoak: lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, B mailakoa, plantilla organikoan 8610 zenbakia duena.

OSASUN DEPARTAMENTUA

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua

–Erdi mailako unibertsitate tituludunak (laneko arriskuen prebentzioa): lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, B mailakoa, plantilla organikoan 1667 zenbakia duena.

–Administrariak: bi lanpostu huts, funtzionarioen araubidekoak, C mailakoak, plantilla organikoan 792 eta 5857 zenbakiak dituztenak.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua

Zerbitzu zentralak:

–Administrariak: lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, C mailakoa, plantilla organikoan 70031 zenbakia duena.

–Sistema informatikoetako teknikari-ofizialak: lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, C mailakoa, plantilla organikoan 66603 zenbakia duena.

Oinarrizko Osasun Laguntza:

–Administrariak: sei lanpostu huts, funtzionarioen araubidekoak, C mailakoak, plantilla organikoan 61012, 61228, 66606, 70023, 70024 eta 70107 zenbakiak dituztenak.

–Administrariak: bi lanpostu huts, lan araubidekoak eta lanaldi partzialekoak, B mailakoak, plantilla organikoan 72358 eta 72359 zenbakiak dituztenak.

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa:

–Administrariak: lau lanpostu huts, funtzionarioen araubidekoak, C mailakoak, plantilla organikoan 61805, 62787, 64376 eta 65888 zenbakiak dituztenak.

Lizarrako Osasun Barrutia:

–Administrariak: lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, C mailakoa, plantilla organikoan 63388 zenbakia duena.

LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEPARTAMENTUA

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia:

–Albaitariak: bi lanpostu huts, funtzionarioen araubidekoak, A mailakoak, plantilla organikoan 2263 eta 3707 zenbakiak dituztenak.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusia:

–Basogintzako ingeniari teknikoak: bi lanpostu huts, funtzionarioen araubidekoak, B mailakoak, plantilla organikoan 2420 eta 7732 zenbakiak dituztenak.

2. artikulua. Erreserbako txandak, desgaitasuna dutenentzat.

Bat. Lan publikoaren eskaintza partzial honetan, 3 lanpostu gordeko dira % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna dutenentzako erreserba-txandetarako.

Bi. Erreserba hori honako lanpostu hauetan aplikatuko da:

–Administrariak: 3 lanpostu.

3. artikulua. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txanda.

Bat. Lan publikoaren eskaintza partzial honetan, lanpostu bat gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandarako.

Bi. Erreserba hori lanpostu honetan aplikatuko da:

–Administrariak: lanpostu bat.

4. artikulua. Espainiako nazionalitatea izatea beharrezkoa duten lanpostuak.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio ebazpen bidez zehaztu dezan, kasuan kasuko sarrerako hautapen probak egiteko deialdiak onetsi aurretik, zein lanpostuk duten atxikia ahal publikoak betetzea edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen interesak zaintzeko erantzukizuna, lanpostu horietan sartzeko Espainiako nazionalitatea izatea eskatuko baita.

5. artikulua. Lanpostuen betebeharrak.

Foru dekretu honen bidez onesten den lan publikoaren eskaintzan sartzen diren lanpostuak eskainiko dira kasuan kasuko sarrerako deialdia onesten den egunean plantilla organikoan agertzen diren betebeharrekin.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko gaikuntza.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko abenduaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2117614