293. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

6/2021 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, abenduaren 15ekoa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu-araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horretan, lege testu horren 32. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroak, balio erantsiaren gaineko zergaren esparruan bere tributu-ahalmena erabiliz, Estatuan unean-unean indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berak aplikatu behar ditu; hala ere, aitorpena eta diru-sarrerak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 53.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, baldin tributu-araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berak Foru Komunitatean aplikatzera Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak eman ditzake tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Aipatu 14/2004 Foru Legearen 53.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatu legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnean, “tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu” izena emanen zaie.

Azaroaren 2ko 24/2021 Errege Lege-dekretuaren bidez Europar Batasuneko gai hauetako zuzentarauen transposizioa egin zen: bonu bermatuak, inbertsio kolektiboko erakundeen mugaz haraindiko banaketa, sektore publikoko datu irekiak eta informazioa berrerabiltzea, egile-eskubideen erabilera eta lineako transmisio jakin batzuei eta irrati eta telebistako programen emanaldiei aplika dakizkiekeen antzeko eskubideena, inportazio eta hornidura jakin batzuetarako aldi baterako salbuespenak, kontsumitzaileak eta energiaren aldetik garbiak diren errepideko garraiorako sustapena. Errege Lege-dekretuak, bosgarren liburuan, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatu du, zerga arloko barne ordenamenduan txertatzeko Kontseiluaren 2021eko uztailaren 13ko 2021/1159 (EB) Zuzentaraua, zeinaren bidez aldatzen baita 2006/112/EE Zuzentaraua, inportazio eta hornidura jakin batzuei aldi baterako salbuespenak ezartzeari dagokionez, COVID-19aren pandemiari erantzuteko.

Kontseiluaren 2021eko uztailaren 13ko 2021/1159 (EB) Zuzentarauaren xedea da handitzea Kontseiluaren 2006ko azaroaren 28ko 2006/112/EE Zuzentarauak, balio erantsiaren zergaren sistema erkideari buruzkoak, honako hauetarako ematen duen salbuespena; ondasunen inportazioak, ondasun-entregak eta zerbitzu-emateak, Europako Erkidegoaren, Energia Atomikoaren Europako Erkidegoaren, Europako Banku Zentralaren edo Europako Inbertsio Bankuaren edo Batasunak sortutako organismoen alde egindakoak, erabilera ofizialerako egindakoak, edo Batzordeak edo Batasunaren Zuzenbidearekin bat sortutako organo edo organismo batek egindako ondasun eta zerbitzu eskurapenak, bere eginkizunak betez COVID-19aren pandemiari erantzuteko xedearekin, baldin eta inportatutako ondasunak eta zerbitzuak ez badira erabiltzen geroago Batzordeak edo salbuespenaren onuraduna den entitateak kostu bidezko entregak egiteko.

Horrela, bermatzen da Europar Batasunak testuinguru honetan abian jarri dituen ekimenen esparruan hartutako neurrirako oztopo ez izatea ondasun eta zerbitzu eskurapen horiek balio erantsiaren zergak, hots, BEZak, kargatuta egotea, Batasuneko instituzio horiek horren kenkaria egiterik eta, beraz, berreskuratzerik ez dutela.

Bestalde, Batasunaren aurrekontua ahalik eta hobekien erabiltzeko pandemiaren ondorioen aurka, ezarritako salbuespenak atzeraeraginez aplikatu beharko dira 2021eko urtarrilaren 1etik hasita eta mugarik gabeko indarraldiarekin, baldin eta eskurapenak COVID-19aren pandemiaren kontrako borrokari lotzen bazaizkio. Atzera eraginezko aplikazio horrek beharko du kasuan kasuko zuzenketa, BEZari buruzko legean jasotako irizpide orokorren araberako, subjektu pasiboek egin eta 2021eko urtarrilaren 1etik aplikazioak indarra hartu arte BEZa sortu duten eragiketei dagokienez.

Horrenbestez, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatu denez, beharrezkoa da Tributu Harmonizazioari buruzko Legegintzako Foru Dekretu hau ematea Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzeko, zerga horri dagokionez, Foru Komunitatean aplika daitezen estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berberak.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko abenduaren hamabostean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.

2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 19.9 artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“9. Espainiak onarturiko nazioarteko organismoentzako edo organismo horietako langile izan eta estatutu diplomatikoa dutenentzako ondasun-entregak eta zerbitzu-emateak, organismo horiek sortzen dituzten nazioarteko hitzarmenetan edo kasuan kasuko egoitza-akordioetan finkaturiko baldintza eta muga aplikagarrien barrenean.

Bereziki, zenbaki honetan sartuko dira honako erakunde hauei egindako ondasun-entregak eta zerbitzu-emateak: Europako Batasunari, Energia Atomikoaren Europako Erkidegoari, Europako Banku Zentralari, Europako Inbertsio Bankuari edo Erkidegoek sortu eta Europako Erkidegoen pribilegioei eta immunitateei buruzko 1965eko apirilaren 8ko Protokoloa aplikatzen zaien organismoei (protokolo horrek, bera aplikatzeko akordioek edo egoitza-akordioek ezartzen dituzten mugen barnean eta ezartzen dituzten baldintzei jarraituz). Betiere, ezin izanen da lehian distortsiorik eragin.

Apartatu honetan sartuko dira, halaber, Batzordearentzat edo Batasunaren Zuzenbidearekin bat ezarritako organo edo organismo batentzat diren ondasun-entregak eta zerbitzu-emateak, batzordeak edo organo edo organismo horrek ondasun edo zerbitzu horiek eskuratzen badituzte Batasunaren zuzenbideak esleitutako eginkizunak betez COVID-19aren pandemiari erantzunez, salbu eta eskuratutako ondasun eta zerbitzuak erabiltzen badira, berehalako batean edo geroago, Batzordeak edo organo edo organismo horrek kostu bidezko entregak egiteko.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, ezartzen dituen ondorioekin.

Iruñean, 2021eko abenduaren 15aan.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2117613