29. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OBANOS

2021eko lan-egutegia

Obanosko alkateak 0016/2021 Ebazpena eman zuen 2021eko urtarrilaren 22an. Hona hemen haren testu osoa:

“Espediente zenbakia: 8/2021.

Ebazpenaren zenbakia eta data orri-bazterrean ageri dira.

Gaia: 2021eko lan egutegia.

Ikusirik Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 18ko 217/2020 Ebazpena, zeinaren bidez ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2021eko jaiegunen egutegi ofiziala.

Ikusirik 819/2020 Ebazpena, azaroaren 24koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez zehazten baitira ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2021eko herriko jaiegunak, Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onestea Obanosko Udalaren zerbitzuko langileek 2021ean izanen duten aste barreneko jaiegunen egutegia, hementxe zehaztu bezala:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Martxoaren 19a: San Jose.

–Apirilaren 1a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 2a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 5a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Abuztuaren 30a: herriko jaieguna.

–Abuztuaren 31; irailaren 1a eta 2a: Obanosko jaiak.

–Urriaren 12a: Espainiako jai nazionala.

–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 7a: Konstituzio egunaren biharamuna.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Bigarrena.–Obanosko Udaleko lanorduen urteko kopurua 1.592 da, abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuaren arabera.

Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da.

%100ekoa ez den lanaldia duten lanpostuetan, plantilla organikoan ezarritako ehunekoaren arabera hainbanatu beharko dira benetako lanorduak eta eguneko lanaldia.

Hirugarrena.–Obanosko Udalaren beharra dela-eta eta herriko jaiak behar bezala egin daitezen, zerbitzu anitzetako enplegatuak ohiko lanaldi osoan edo behar den denboran lan egin beharko du abuztuaren 31n, eta irailaren 1ean eta 2an. Ordu-poltsan sartzeari begira, lan egindako denbora jaieguntzat hartuko da.

Laugarrena.–Langileen asistentzia kontrola presentzien kontrol sistema baten bidez eginen da. Hala egin beharko dute lanaldiaren hasieran eta amaieran, bai eta lanaldiaren barnean irteten eta itzultzen diren bakoitzean ere.

Bosgarrena.–Langileek lanaldiaren barnean gehienez hogeita hamar minutu iraunen duen atsedenaldia izanen dute.

Seigarrena.–Baliogabeak izanen dira, 2021. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak, bai eta ebazpen honen lehenbiziko xedapenean jaiegun deklaratu guztiak ere, salbu eta abuztuaren 31, irailaren 1a eta 2a eta abenduaren 7a, horiek jaiegun izanen baitira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita, ediktuen bidez, Obanosko Udalaren iragarki-taulan ere.

Zortzigarrena.–Udalbatzari ebazpen honen berri ematea, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran”.

Ohartarazten da erabaki honen kontra errekurtso hauetariko bat jartzen ahal dela:

1. Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

2. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik aurrera.

3. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Obanosen, 2021eko urtarrilaren 22an.–Alkatea, Arantxa Hernández Lacalle.

Iragarkiaren kodea: L2101115