29. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

7E/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 12koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 16ko 3124E/2020 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez onetsi ziren, 2021erako, prestakuntza eta enplegu programa integratuak (PEPI) eta berariazko programak egiteko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 16ko 3124E/2020 Ebazpenaren bidez onetsi ziren, 2021erako, prestakuntza eta enplegu programa integratuak (PEPI) eta berariazko programak egiteko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak.

Oker eta hutsune batzuk atzeman dira 3., 5.5, 7.3, 7.4, 7.5 eta 16.7 oinarrietan. Beraz, oinarri arautzaile horietan aldaketak egin behar dira.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Honako oinarri arautzaile hauek aldatzea hemen azaltzen den eran:

–3. oinarrian (“Dirulaguntzaren xede den prestakuntza”) honako oinarri hau gehitzea:

“3.7. Ez dira irakasleen fitxategian inskribatu beharko lagun egiteko eta laneratzeko tutoreak”.

5.5 oinarriaren a), b) eta c) letren hurrenkera aldatzea; honela geratzen da:

“5.5. Parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten eskaeren kopuruak gainditzen duenean ezarritako ikaspostu kopurua, entitate onuradunak hautaketa eginen du, honako irizpide eta lehentasun-ordenaren arabera:

a) Langabeek lehentasuna izanen dute landunen aldean.

b) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko orientazio zerbitzuek, orientazio zerbitzuak ematen dituzten entitate laguntzaileek edo Gizarte Zerbitzuek bidalitako pertsonak.

c) Errenta Bermatua edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen dutenak.”

Aldatu gabe geratzen dira 5.5 oinarriko gainerako irizpideak eta paragrafoak.

–7.3, 7.4 eta 7.5 oinarriak aldatzea; honela geratzen dira:

“7.3. Profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratuta ez dauden programa integratuekin, ibilbideekin edo prestakuntza ekintzekin lotutako praktika profesionalak, lanekoak ez direnak, programa integratua, ibilbidea edo prestakuntza ekintzarekin batera egiten ahalko dira, baldin eta prestakuntza teknikoa hasi bada, edo, hura amaitu ondoren, beraren % 75a bederen balorazio positiboarekin gainditu bada. Azken kasu horretan, ez dira 6 hilabetetik gora iraganen programa integratuaren bukaeraren eta praktiken hasieraren artean.

Praktiken iraupenari dagokionez, prestakuntza teknikoaren ehuneko 20tik ehuneko 100era bitartekoak izanen dira, eta ezin dira 40 ordutik beherakoak izan.

Erakunde onuradunak erraztu beharko du prestakuntza praktikoko modulu horiek egitea. Prestakuntza ekintzaren likidazioan 500 euroko zigorra aplikatuko da prestakuntza praktikoko modulua egiteko aukera eman ez zaion pertsona bakoitzeko.

7.4. Profesionaltasunaren ziurtagiriak lortzea helburu duten programa integratuei lotutako praktika profesionalak izanen dira programa integratua egin bitartean nahiz hori egin ondoren. Programa eta praktikak batera egin ahal izateko, praktikak hasi behar dira profesionaltasun ziurtagirirako azken prestakuntza modulua egin bitartean edo moduluen guztizko iraupenaren ehuneko 75 baino gehiago egindakoan, eta, betiere, ebaluazio positiboarekin gainditua izan behar da praktikak hasten diren egunera arte ziurtagirirako ebaluatutako prestakuntza guztia. Ekintza amaitutakoan praktikak egiten hasi ahalko dira soilik kasuan kasuko profesionaltasun ziurtagirirako prestakuntza modulu guztiak gaindituak dituzten pertsonak; gainera, ez dira 4 hilabete baino gehiago iragan behar programa integratua amaitzen denetik praktikak hasten diren arte. Epe hori luzatzen ahalko da behar bezala justifikatutako arrazoiengatik eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren baimena izanda.

Erakunde onuradunak erraztu beharko du prestakuntza praktikoko modulu horiek egitea. Prestakuntza ekintzaren likidazioan 500 euroko zigorra aplikatuko da prestakuntza praktikoko modulua egiteko aukera eman ez zaion pertsona bakoitzeko.

Kasuan kasuko profesionaltasun ziurtagirian aurreikusitako prestakuntza modulu guztiak gainditzen ez dituztenen kasuan, praktikak 7.3 oinarrian ezarritakoak arautuko ditu.

Profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza ekintzak, lantokietako prestakuntza praktikoko modulua barne, ziurtagiri horiek arautzen dituen legediari jarraikiz eginen dira.

7.5. Ikasleren batek egin nahi baditu profesionaltasun ziurtagiria lortzeko nahitaezko praktikak ez diren beste batzuk, haiek baimentzen ahalko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, eta 7.3 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio. Kasu horretan, zentroak interesdunari komunikatu beharko dio praktikek ez dituztela betetzen profesionaltasun ziurtagiriko praktiken moduluaren baldintzak, eta, hortaz, ez dutela hura egitetik salbuesten. Interesdunak adostasuna adierazi beharko du.”

–16.7 oinarrian, honako paragrafo hauek aldatzea; honela geratzen dira:

“16.7. Amaierako dirulaguntza zehaztearen ondorioetarako, aintzat hartuko dira honako alderdi hauek:

–Programa integratuetako prestakuntza tekniko eta osagarrian eta berariazko programetan aplikatuko da modulu ekonomikoa prestakuntza bukatzen duen partaide bakoitzeko.

Programa integratuetako prestakuntza teknikoan eta berariazko programetan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza horretako orduen ehuneko 75era edo gehiagotara joan bada. Programa integratuetako prestakuntza osagarrian, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintza bakoitzaren iraupenaren ehuneko 75ean, gutxienez ere, parte hartu baldin badu. Langabeen kasuan, prestakuntza bukatutzat joko zaie lana aurkitu eta prestakuntza bertan behera utzi behar dutenei, bai eta gaixotasun edo istripu egiaztatu baten ondorioz ikastaroa uzten dutenei ere, baldin eta prestakuntzaren ehuneko 25 egin badute, gutxienez ere. Ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasatu langabeak prestakuntza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

Prestakuntza orduen ehuneko 25 eman ondoren parte-hartzaileren batek ekintza uzten badu, prestakuntza ekintzen ondoriozko desbideratzeak onartuko dira, gehienez ere ekintza hasi duten parte-hartzaileen ehuneko 30.

–Programa integratuetako lagun egite eta laneratze jarduketetan, 4.2.a) oinarrian zehaztutako zenbatekoak aplikatuko dira parte-hartzaile bakoitzeko.

Justifikazioaren ondorioetarako, langabeen kasuan, programa integratua bukatutzat joko zaie lana aurkitu eta prestakuntza bertan behera utzi behar duten pertsonei, bai eta gaixotasun edo istripu egiaztatu baten ondorioz ikastaroa uzten dutenei ere, baldin eta prestakuntzaren ehuneko 25 egin badute, gutxienez ere.”

Aldatu gabe geratzen dira 16.7 oinarriko gainerako paragrafoak.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 12an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2100441