289. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

292E/2021 EBAZPENA, abenduaren 10ekoa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, “Ikertzaileak kontratatzeko laguntzak. MRR Investigo Programa” izeneko deialdi aurreratua onesten duena. DDBN identifikazioa: 599608.

AURREKARIAK

Osasunaren Mundu Erakundeak COVID-19ak eragindako nazioarteko pandemia deklaratu ondoren, Europako Kontseiluak, 2020ko uztailaren 21ean, garrantzi handiko neurri-sorta bat adostu zuen.

Neurri horiek bateratzen dituzte, batetik 2021-2027rako indartutako urte anitzeko finantza-esparrua eta, bestetik, Suspertzerako Europako Tresna bat abian jartzea (“Next Generation EU”). Tresna horren elementu nagusia Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritakoa. Europako Suspertze Funtsaren finantza baliabideak gauzatzeko bitartekoa Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana izanen da, Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onetsia eta Europako Batzordearen aldeko ebaluazioa jaso zuena 2021eko ekainaren 16an. Plan hori osatzen duten proiektuen helburua da egiturazko erreformak egitea arau aldaketak eta inbertsioak baliatuz, horrela posible izan dadin ekoizpen eredua aldatzea, ekonomia suspertzeko eta egitura erresilienteago batera eraldatzeko, gure ereduak jakin dezan aurre egiten etorkizunean izan ditzakegun beste krisi edo desafio batzuei.

Europako Kontseiluak Espainiako 2020ko Erreformen Programa Nazionalari buruz eman duen gomendioan jasotzen da enpleguari babesa eman beharra dagoela. Bereziki, Europako azterketak aipatu du lehenago ere gazteen langabezia, belaunaldien arteko oreka kolokan jar dezakeelako, eta kolektibo zaurgarrienen bazterketa soziolaboralaren arriskua. Langile gazteena da hurrenez hurreneko krisi ekonomikoek gehien kaltetzen dituen kolektiboetako bat. Espainiako lan merkatuan, gainera, aurre egin behar diote kontratazioaren behin-behinekotasunari eta aldez aurreko lan esperientziaren betebeharrari, lan merkatuan sartu nahi badute.

Proposatutako erreforma eta inbertsioen barruan dago “Gazteen enplegua” izeneko 1. inbertsioa eta, haren barruan, berriz, “Investigo Programa” izeneko jarduketa.

INVESTIGO PROGRAMA

Investigo Programaren helburua da Nafarroako I+G+b Sistemak 16 urtez gorako eta 30 urtez beherako gazteak kontratatzea (ikertzaileak, teknologoak, teknikariak eta I+G+b arloko beste profil profesional batzuk), arlo hauetan aritzeko:

–Osasuna.

–Trantsizio Ekologikoa /Ekonomia berdea:

  • Energia berriztagarriak.
  • Efizientzia energetikoa.
  • Uren eta hondakinen tratamenduak.
  • Elikadura osasungarria eta jasangarria.
  • Mugikortasun jasangarria.

–Trantsizio digitala.

  • Zerbitzuen digitalizazioa.
  • Datuen ingeniaritza.

–Turismo jasangarria.

–Ikus-entzunezkoen industria.

Ekimen honek laguntzen du lortzen Kontseiluak Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onartuz emandako Betearazpen Erabakian, lehen aipatutakoan, eranskinean jasotzen den 342. helburua: 2025a baino lehen 18.300 lagunek izatea 1. inbertsioko programak bukatuta, eta 21.900 pertsonaren parte-hartzea.

INVESTIGO PROGRAMAREN 2022KO DEIALDIA

Ebazpen honek arautu eta ezartzen ditu “Investigo Programaren” dirulaguntzak emateko oinarriak; programa hori sartuta dago “Gazteen Enplegua” izeneko 1. inbertsioan, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan Nazionalaren 23. osagaian, “Politika publiko berriak, lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusiborako” izenekoan.

Abuztuaren 19ko TES/897/2021 Aginduaren bidez (2021eko 202. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 24koa), Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoarekin finantzatutako kredituen lurralde banaketa egin zen 2021eko ekitaldi ekonomikorako; kreditu horien xedeetako bat da “Investigo Programa” gauzatzea, besteak beste.

Azaroaren 17ko TES/1267/2021 Aginduak (2021eko 277. Estatuko Aldizkari Ofiziala, azaroaren 19koa) ezarri zituen “Investigo Programa” finantzatzeko dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak. Agindu horretan arautzen da, beraz, “Investigo Programa”, eta programa hori finantzatzeko dirulaguntza publikoak emateko oinarriak ezartzen ditu, bai Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak ematen dituenean bai autonomia erkidegoek ematen dituztenean, zein bere kudeaketa esparruan ari dela.

Aplikatzekoak dira Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betetzeko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuaren xedapen aplikagarriak edo agindu hori ordezten duenarenak. Era berean, ebazpen honetan araututako dirulaguntzak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean finkatutako helburuak betetzearen, gauzatzearen eta lortzearen mende daude, eta osotara aplikatuko zaizkie EBren Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismorako ezartzen diren kudeaketa- eta kontrol-tresnak, bai eta, batetik, Europar Batasunaren araudia ere, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa, jarraipen eta kontrolerako ezartzen dena, eta, bestetik, Europar Batasunaren araudiak informazio, publizitate eta egiaztapenaren arloan eta gainerakoetan ezartzen dituen agindu espezifikoak ere, horiek aplikatzea nahitaez bete beharrekoa izanen baita.

Azkenik, adierazi behar da aplikatzekoa dela apirilaren 14ko 4/2021 Foru Lege-dekretua (2021eko 93. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 23koa), Suspertzerako Europako Tresnatik datozen funtsen bidez finantzatzen ahal diren jarduketak kudeatzeko eta betetzeko premiazko neurriak onesten dituena.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “Ikertzaileak kontratatzeko laguntzak. MRR Investigo Programa” izeneko deialdi aurreratua onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

(eurotan)

G20001-G2100-4819-467312 [PEP: E-21/000417-01]: MRR Langileak kontratatzeko laguntzak: INVESTIGO

2022

2.085.787

Deialdi hau aurreratuta izapidetzen da, eta gauzatuko da baldin eta 2022ko aurrekontuetan kreditu nahikoa eta egokia badago.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2021eko abenduaren 10ean.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Laguntza hauen helburua da ikerketa- eta berrikuntza-lanak egiteko enplegua eskatzen duten gazteak kontratatzeko dirulaguntzak ematea.

Laguntzen helburua da ikertzaile gazte horiek laneratzea, ikerkuntzako eta teknologiako langile gisa I+G+b jardueretan parte hartuz eta Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek garatutako jarduera horietan lagunduz. Horrez gain, SINAIko eragile horien ikerketa eta berrikuntza arloko gaitasunak indartzen laguntzen du.

2. oinarria.–Erakunde onuradunak.

1. Erakunde onuradun izaten ahalko dira Nafarroako I+G+b Sistema (SINAI) gauzatzen duten eragileak, baldin eta halakotzat egiaztatuta badaude Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduak araututako Eragileen Erregistroan, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako beren ikerketa-zentroan diruz laguntzen den kontratazioaren xede den pertsonak parte hartzen duen jarduerak betetzea.

b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak frogatzen dutenak erakunde eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Erakunde eskatzaileak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

3. Laguntzen eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

3. oinarria.–Jarduera diruz lagungarriak.

1. Diruz lagunduko da enplegu-eskatzaile gazte bat kontratatzea, erakunde onuradunaren I+G+b jardueretan parte har dezan, I+G+b arloko ikertzaile, teknologo, teknikari gisa edo bestelako lanbide-profilekin.

2. Deialdi osoari dagokionez, diruz lagunduko da parte hartzen duten erakunde guztien artean gehienez ere zazpi pertsona kontratatzea I+G+b jardueretan laguntzeko, betiere administrazio-laguntzako lanak alde batera utzita.

3. Kontratatutakoak jarduera hauetan parte hartzen ahalko du:

a) Erakunde eskatzailearen I+G proiektuak.

b) Berrikuntza jarduerak, honako arlo hauetako batean: prozesu edo produktuak; merkatua (konponbide teknologiko bateko produktuak beste merkatu batzuetara zabaltzea, etab.); berrikuntza sozialeko metodologiak aplikatzea; ekodiseinua; erakundean 4.0 industria konponbideak txertatzea.

c) I+G+b jardueretan laguntzeko lanak: proiektuen kudeaketa; jabetza industrialaren babesa; merkatu edo konkurrentzia azterketak; ziurtapenak (adibidez, EE marka lortzea).

4. I+G+b jarduerak eremu hauetan garatuko dira:

–Osasuna.

–Trantsizio Ekologikoa /Ekonomia berdea:

  • Energia berriztagarriak.
  • Efizientzia energetikoa.
  • Uren eta hondakinen tratamenduak.
  • Elikadura osasungarria eta jasangarria.
  • Mugikortasun jasangarria.

–Trantsizio digitala:

  • Zerbitzuen digitalizazioa.
  • Datuen ingeniaritza.

–Turismo jasangarria.

–Ikus-entzunezkoen industriak.

4. oinarria.–Dirulaguntzaren ezaugarriak.

1. Diruz lagunduko da 7. oinarrian adierazitako baldintzak betetzen dituen pertsona 12 hilabetez kontratatzea.

2. 12 hilabeteko bigarren aldi baterako dirulaguntza ematen ahalko da, baldin eta aurrekontu-kreditu erabilgarria badago, bigarren aldi horretan kontratazioaren jarraipena justifikatzen bada eta 6. oinarriko baldintzak betetzen badira.

3. Laguntza eskatu aurretik eginen da kontratazioa. Eskaerarekin batera kontratua aurkeztea ezinbesteko baldintza izanen da dirulaguntza eman eta ordaintzeko.

4. Erakunde onuradun bakoitzaren bost kontraturi emanen zaie dirulaguntza gehienez ere. Hala ere, 2022ko irailaren 1ean aurrekontu-kreditua agortu ez bada, erakunde onuradun bakoitzeko bost kontratazioko gehieneko muga hori gainditzen ahalko da.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoa.

1. Kontrataziorako emanen diren dirulaguntzak Investigo Programaren ikerketa- eta berrikuntza-ekimenak garatzeko eta gauzatzeko kontratatzen diren gazteen lan- eta soldata-kostuak finantzatzeko erabiliko dira, kontzeptu guztiengatiko Gizarte Segurantzako kotizazio-gastuak barne.

2. Dirulaguntzak moduluen araubidearen bidez eman eta justifikatuko dira, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 76. artikulutik 79. artikulura bitartean ezarritakoarekin bat etorriz.

3. Lan- eta soldata-kostuak konpentsatzeko laguntza-moduluak, Gizarte Segurantzako kontzeptu guztiengatiko kotizazio-gastuak barne, honako hauek izango dira:

a) A modulua: Modulua 22.405,94 eurokoa izanen da kontratatutako pertsona eta kontratazio-urte bakoitzeko (1.867,16 euro hileko), kontratuak Gizarte Segurantzako kotizazio-talde hauetakoak direnean: 9. kotizazio-taldetik 5.era, biak barne.

b) B modulua: Modulua 33.108,92 eurokoa izanen da kontratatutako pertsona eta kontratazio-urte bakoitzeko (2.759,07 euro hileko), kontratuak Gizarte Segurantzako kotizazio-talde hauetakoak direnean: 4. kotizazio-taldetik lehenera, biak barne.

Aurrekoari jarraikiz, eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da kontratatua Gizarte Segurantzako zein kotizazio taldetan inskribatu den, talde horri dagokion moduluaren balioa.

6. oinarria.–Kontratu diruz lagungarriek bete beharrekoak.

1. Kontratuak formalizatuko dira ekimen bakoitzaren ezaugarri zehatzetara hobekien egokitzen den kontratazio modalitatean, indarreko legeriarekin bat etorriz. Berariaz bazterturik daude prestakuntza eta ikaskuntza kontratuak eta praktiketakoak.

2. Kontratuak lanaldi osokoak izanen dira, eta gutxienez 12 hilabetekoak.

3. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntzaren onuraduna den erakundeak eta kontratatzen den pertsonak sinatuko dute.

b) Idatziz formalizatuko dira, eta hauxe adieraziko da berariaz:

I. Kontratatutako pertsonaren titulazioa.

II. Hasierako eguna eta bukaerako eguna (salbu eta kontratua mugagabea bada). Ez dira onartuko “proiektuen datak”, “obraren bukaera” eta horrelako aipamenak.

III. Beteko den lanpostua.

c) Urteko soldata gordina, eurotan adierazia; ez dira onartuko “hitzarmenaren arabera” eta horrelako aipamenak.

d) Deialdi honen bidezko dirulaguntzaren aipamena: Investigo Programa.

e) Kontratatutako pertsonak Nafarroan dauden lantokietan lan egingo du, eta bere titulazio akademikoaren araberako lanpostua beteko du.

f) Kontratatua sartuta egonen da, Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu-kodeari dagokionez, erakunde onuradunak Nafarroan duen lantoki batean.

g) Gizarte Segurantzako kotizazio-taldeak lehena edo bigarrena izanen dira unibertsitate-titulazioetarako, eta lehenetik 9.era bitartekoak (bi horiek barne) goi mailako lanbide-heziketarako, erdi mailako lanbide-heziketarako edo 3., 2. edo 1. mailako profesionaltasun-ziurtagirietarako.

h) Ordainsariak kasuan kasuko lan hitzarmenean ezarritakoan oinarrituko dira, eta urteko soldata gordina izanen da gutxienez:

I. 27.000 eurokoa, 1., 2., 3. edo 4. kotizazio-taldeetan inskribatuz gero.

II. 17.000 eurokoa, 5., 6., 7., 8. edo 9. kotizazio-taldeetan inskribatuz gero.

i) Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko da.

j) Kontratuak “Contrat@” aplikazioaren bidez jakinarazi beharko dira, eta honako hau adierazi beharko da bertan: “Investigo Programa. Suspertze eta erresilientzia mekanismoa”, tramitatutako enplegu eskaintzaren erregistro zenbakia ere jarrita.

k) Kontratuak deialdi hau argitaratu ondoren hasiko dira.

l) Kontratatutako gazteak enpresako gainerako langileen eskubide berberak izanen ditu, Langileen Estatutuan, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan eta itundutako banakako kontratuan ezarritakoaren arabera.

7. oinarria.–Kontratatuen betebeharrak.

Kontratatuek baldintza hauek bete beharko dituzte kontratazioaren unean:

1. 16 urte edo gehiago izatea eta 30 urte baino gutxiago.

2. Dagokion enplegu zerbitzu publikoan langabe gisa inskribatuta egotea kontratua hasi aurreko egunean.

3. Gazte Bermearen Erregistro Nazionalean inskribatuta egotea.

4. Honako titulu hauetako bat izatea:

a) Unibertsitateko tituluak: doktoretza, lizentzia, ingeniaritza, arkitektura, masterra, gradua, diploma, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa.

b) Goi mailako lanbide heziketa edo 3. mailako profesionaltasun ziurtagiria.

c) Erdi mailako lanbide heziketa edo 2. mailako profesionaltasun ziurtagiria.

d) 1. mailako profesionaltasun ziurtagiria

c) eta d) letretako tituluak onartuko dira soilik laguntza postuetarako langileak kontratatzeko.

5. Kontratua formalizatu aurre-aurreko 6 hilabeteko epean erakunde onuradunarekin kontratu harremanik ez izatea, ez eta harekin lotutako edo elkartutako enpresekin ere (651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean agertzen diren definizioen arabera).

8. oinarria.–Kontratatu beharreko pertsonen hautaketa.

Kontratatu beharreko pertsonak hautatzeko prozedura hau beteko da:

1. Erakunde eskatzaileek enplegu-eskaintza bat eginen dute, “Investigo Programa” izenarekin identifikatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan (aurrerantzean, NL-NEZ). Eskatzen den profil akademikoa, prestakuntzakoa eta lanekoa adierazi beharko dute.

2. NL-NEZek hasierako hautaketa bat eginen du, zehaztutako profila betetzen duten eta enplegu eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonen artean.

3. NL-NEZen inskribaturik ez dauden pertsonak kontratatzea onartuko da baldin eta pertsona hori agertzen bada NL-NEZek egindako hasierako hautaketan. Horretarako, erakunde eskatzaileak aurrez hautaturiko pertsonaren datuak jakinarazi beharko dizkio NL-NEZi, egiaztatzearren betetzen dituela lan eskaintzaren betebeharrak, enplegu zerbitzu publiko batean inskribatua egoteari dagokionez eta haren profil akademikoari, prestakuntzakoari eta lanekoari dagokionez.

4. Erakunde eskatzaileek, betiere NL-NEZek hasiera batean egindako hautaketatik abiatuta, hautatuko dute horien artetik nor kontratatu, lanpostura nola egokitzen den neurtzeko egokiak iruditzen zaizkion probak egin ondoren, hala badagokio. Ez da onartuko aipatutako hasierako hautaketa horretatik ez datozen pertsonak kontratatzea.

5. Erakunde eskatzaileek ekimen bakoitzaren inguruabar zehatzetara hobekien egokitzen den kontratazio-modalitatea erabiliz kontratatuko dituzte hautatutako pertsonak, indarrean dagoen lan arloko, lan-arriskuen prebentzioko eta Gizarte Segurantzako legeriekin bat etorriz.

9. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta deialdirako dagoen kreditu erabilgarria agortzen denean bukatuko. Hori guztia laguntzen fitxan jakinaraziko da.

2. Eskaera bakoitza aurkezteko gehieneko epea hilabetekoa izanen da, kontratua hasten den egunetik zenbatzen hasita, edo, 12 hilabeteko bigarren aldia eskatzen bada, gehieneko epea hilabetekoa izanen da, kontratuaren 12. hilabetea amaitzen denetik zenbatzen hasita.

3. Eskabide bakoitzak kontratazio bakar bati eginen dio erreferentzia.

4. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta erakunde eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

5. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa izan beharko duena:

a) Eskabide telematikoa, 2., 7.5 eta 17. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Garatu beharreko I+G+b jardueren eta bete beharreko lanpostuaren deskripzio-memoria, behar besteko informazioa emanez laguntza kudeatzen duen organoak, Energiaren arloko I+G+b Atalak, egiazta dezan kontratatutako pertsonak parte hartuko duen jarduerak 3. oinarrian aipatutakoen artean daudela. Deskripzio-memorian atal bat sartuko da, kontratazioaren xede den proiektuaren genero inpaktuari buruz.

c) Sinaturiko kontratuaren kopia.

d) Nafar-Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuan egindako lan eskaintza edo eskaintzaren identifikazioa.

e) Kontratatutako pertsona Gazte Bermearen Erregistro Nazionalean inskribaturik dagoela justifikatzen duen agiria.

f) Erakunde pribatuen kasuan, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, eskura dagoen ereduaren araberakoa.

g) Eskaeraren datan erakundeak inplementaturik dauzkan neurriak, lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egiten laguntzeko eta genero berdintasunerako.

Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak artxibo bereizitan aurkeztu beharko dira, bakoitza behar bezala identifikatua bere izenarekin.

6. Eskaerak ez baditu betetzen oinarri honetan aipatu baldintzak, organo kudeatzaileak erakunde interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. Ezin izanen da zuzendu “I+G+b jardueren deskripzio-memoria” edo sinatutako kontratua ez aurkeztea. Kasu horietan eskaera ezetsi eginen da.

8. 12 hilabeteko bigarren laguntza aldirako eskaera, 4.2 oinarrian aipatzen dena, diruz lagundutako kontratua bukatu eta hurrengo hilabetean aurkeztuko da. Eskabidearekin batera honako hauek soilik aurkeztu beharko dira: kontratua, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena eta 12 hilabeteko bigarren aldian bete beharreko jardueren deskripzio-memoria bat.

10. oinarria.–Dirulaguntzak emateko araubidea.

1. Dirulaguntza hau banakako ebaluazioko araubidearen bidez emanen da. Espedienteak eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Behin ebaluazioa eginda, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatutako jarduketei emanen zaizkie laguntzak.

11. oinarria.–Dirulaguntza eman eta ordaintzea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, adieraziko du onuradunak dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Erakunde onuradunaren izen soziala eta IFZ.

b) Laguntzaren zenbatekoa.

c) Kontratatu beharreko pertsonaren lanbide kategoria, taldea edo maila, eta beteko duen jarduera.

d) Diruz lagundutako kontratuaren iraupena.

e) Investigo Programaren finantzaketa identifikatzea, EBren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren barruan.

f) Eskaera ezesten bada, horretarako arrazoiak.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Berrikuntzako zuzendari nagusia da. Eskabidea aurkezteko epea bukatzen denetik bi hilabeteko epean emanen da ebazpena, eta erakunde onuradunei jakinaraziko zaie, modu telematikoan, gaitutako helbide elektronikoan (aurrerantzean GHE).

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Laguntza ematearekin batera ordainduko da; hortaz, laguntza emateko ebazpena ordaintzeko ebazpena ere izanen da. Proposamen horretan, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela adieraziko da.

12. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketaren jarraipena, kontrola eta ebaluazioa.

1. Kontratazioaren 12. hilabetea bukatu eta bi hilabeteko epean, erakunde onuradunak memoria bat aurkeztuko dio organo kudeatzaileari, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita. Memorian sartuko dira kontratatutako pertsonak egindako jarduketak.

2. Laguntza ematen duen organoari eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Programen Jarraipenerako Atalari dagokie egoki iruditzen zaizkien kontrolak eta egiaztapenak egitea aldian behin, horien bidez egiaztatzeko diruz lagundutako jarduera eta ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen direla. Bi unitate horiek egiaztatuko dute deialdi honen bidez finantzaketarekin kontratatu den pertsona kontratatuta eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran izan dela eskatutako gutxieneko denboran.

3. Dokumentazioa aztertu ondoren, likidazio- eta itxiera-ebazpena emanen da, eta bertan adieraziko da laguntza ematea eragin zuten baldintzak bete direla eta, hala badagokio, gehiegi eta justifikatu gabe ordaindutakoa itzuli egin dela.

13. oinarria.–Hasierako baldintzak aldatzea.

1. Diruz lagundutako kontratazioa oinarri hauetan eta laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu beharko da. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabar zehatzak gertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari aldaketa egin aurretik, eta organoak eskaera onartu edo ezesten ahalko du.

2. Honako aldaketa hauek baimentzen ahalko dira:

a) Kontratatutako langilea ordeztea, 14. oinarrian adierazitakoaren arabera.

b) Justifikazioa aurkezteko epea; epe hori ezin izanen da inoiz lau hilabetetik gorakoa izan, kontratuaren 12. hilabetea betetzen den egunetik aurrera.

c) Aurreikusitako jarduerak gauzatzea, I+G+b jarduerak baldin badira, edo I+G+b laguntzeko lanak, mota horretako kontratu bat diruz lagundu bada.

d) Erakunde onuradunek laguntza gauzatzeko epea eteteko eta luzatzeko eskatzen ahalko dute, honako arrazoi hauengatik:

I. Aldi baterako ezintasun egoera batengatik, gutxienez 2 hilabetez jarraian.

II. Amatasun edo aitatasun baimena.

III. Haurdunaldiko arriskuagatik.

IV. Bederatzi hilabetetik beherako adingabe baten edoskitzealdi naturalean dagoen arriskuagatik.

V. Adopzioagatik edo harreragatik, prozesuak iraun bitartean.

Laguntzak eteteko eta luzatzeko eskaerak kontratatutako pertsona lanera itzuli eta gehienez ere 10 eguneko epean eginen dira, eta eskabidearekin batera aurkeztuko da, hala badagokio, kontratuaren gehigarria edo luzapena justifikatzen duen agiria, aldi hori osatzen duena. Kontratuaren etenaldia bat badator diruz lagundutako kontratazio-aldietako baten bukaerarekin, erakunde onuradunak egoera jakinarazi beharko du diruz lagundutako aldi hori bukatu baino lehen.

Aurreko atalean aipatzen diren etenaldi eta luzapenak organo emaileak baimendu beharko ditu. Organo horrek egokitzat jotzen dituen txostenak eskatu ahal izanen ditu eta emakidaren baldintzak aldatzen ahalko ditu, ebazpen berri baten bidez.

Oro har, laguntzaren iraupena etenaldiaren iraupen bera duen aldi batez luzatuko da. Hala ere, etenaldiak legez lanaldi partzialean har daitezkeen kasuetan, laguntzaren iraupena luzatu eginen da, etenaldiaren iraupena adinako aldi baterako (lanaldi osoetan kalkulatuta).

Laguntza eten eta luzatzeko baimen horrek ez du inola ere 4 hilabete baino gehiagoko iraupena izanen eta ez du ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.

14. oinarria.–Kontratua azkentzea eta kontratatutako pertsonak ordeztea.

1. Azkentzea.

Kontratua azkentzen bada, erakunde onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari eta horren frogagiriak aurkeztu beharko ditu laguntzen fitxaren bidez, kontratua azkendu eta hamabost eguneko epean gehienez.

2. Langileak ordeztea.

a) Erakunde onuradunek kontratatu duten pertsona ordezten ahalko dute kontratua arrazoi hauetako batengatik azkentzen denean: probaldia ez gainditzea, lanpostua borondatez uztea, heriotza edo baliaezintasuna.

b) Aurreko atalean aurreikusi ez diren kasuetan, kontratua azkendu edo eteten denetik hasita, erakunde onuradunek hamabost egun naturaleko epea izanen dute jakinarazteko zehazki zer egoerak ekarri duen kontratuaren azkentzea. Laguntzak kudeatzen dituen organoak erabakiko du kontratatutako pertsona ordezteko baimena ematen duen ala ez.

c) Ordezpena egitea bidezkoa denean, kontratazio berria oinarrietan ezarritako prozedurarekin bat eginen da. Kontratuak, orobat, 6. eta 7. oinarrietan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, hasteko egunari eta kontratuaren iraupenari dagokiena izan ezik.

d) 9.5 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

e) Inola ere ez da handituko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

f) Ordezpen kontratua aurreko kontratua azkentzen den egunetik bi hilabeteko epearen barruan hasiko da. Epe hori gehienekoa da, eta ez da inola ere luzatuko.

g) Diruz laguntzen den kontratu bakoitzeko bi ordezpen onartuko dira gehienez.

h) Egiten diren kontratu guztien iraupenen baturak deialdi honen bidez diruz laguntzen den denbora-tartea beteko du gutxienez.

3. Kontratua azkentzen bada bidezkoa izan gabe edo ordezteko baimena eman gabe:

a) Kontratua lehen seihilekoan azkentzen bada, laguntza osoa itzultzeko eskatuko da.

b) Dirulaguntzaren zati proportzionala itzultzeko eskatuko da, baldin eta kontratua azkentzen bada haren iraupenaren bigarren seihilekoa osatu gabe, edo bidegabe aitortutako edo deklaratutako kaleratzearen ondorioz lana uzten bada.

15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Laguntzen onuradun diren erakundeek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Kontratatu beharreko pertsona 8. oinarrian ezarritako prozeduraren arabera hautatzea.

b) Diruz lagundutako kontratazioa frogatzea 12. oinarrian adierazten den moduan.

c) Kontratuaren etetea, azkentzea eta, hala denean, ordezpena egiaztatzea, 13. eta 14. oinarrietan adierazitako moduan eta epeetan.

d) Kontratatzen den pertsonak parte hartzen duen I+G+b jardueretan eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

e) Jasotako dirulaguntza diruz lagundutako jardueraren finantzaketari aplikatzean iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak saihesteko neurriak aplikatzea.

f) I+G+b Zerbitzuak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharreko egiaztapen-jarduketen mende jartzea, bai eta, hala badagokio, Estatuko Administrazio Orokorraren Kontu-hartzailetza Nagusiari dagozkion finantza-kontrolen eta Kontuen Auzitegiaren legerian aurreikusitakoen mende ere, eta Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak, Iruzurraren kontrako Europako Bulegoak, Europako Auditoretza Bulegoak eta, bidezkoa denean, Europako Fiskaltzak ere egin ditzaketenen mende.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak, halaber, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako ezartzen diren jarraipen, kontrol eta ebaluazioaren mende egonen dira, bai eta barne araudiak eta Europar Batasuneko araudiak ezarritako informazio eta publizitate, kontrol, egiaztapen, jarraipen, ebaluazio betebehar espezifikoen eta gainerako betebeharren mende ere, baldin eta Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen badira eta horien aplikazioa nahitaez bete beharrekoa bada, «kalte nabarmenik ez egiteko printzipioa» barne («do no significant harm-DNSH» printzipioa).

g) Finantzaketari dagozkion egiaztagiriak eta gainerako agiriak gorde beharko dituzte, formatu elektronikoan, eragiketa egin eta 5 urtez, edo hiru urtez, dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik beherakoa bada, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Onuradunak dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat

Gerta litezkeen ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Jarraipen eta kontrolerako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza itzuli beharko da.

b) Helburu edo jarduera zehatzak partzialki betetzen ez badira, jarduera horiek ez betetzearekiko proportzionala den itzulketa egin beharko da.

Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kausaren bat gertatzen bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ez dadila deklaratu laguntza itzuli beharra.

16. oinarria.–Onuradunen betebeharrak publizitatearen arloan.

1. Deialdi honen xede den “Investigo Programa” osatzen duten diruz lagundutako jarduerak behar bezala identifikatuta egon beharko dira, barne araudiak eta Europar Batasunekoak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezarritako informazioaren, komunikazioaren eta publizitatearen arloko betebeharrekin bat etorriz. Dirulaguntza hauen onuradun diren erakundeek finantzaketa horren jatorria aipatu beharko dute beren publizitatean, eta ikusgarritasuna ematea zainduko dute, barne dela, hala dagokionean, Europar Batasunaren ikurra erabiltzea eta finantzaketaren deklarazio egoki bat, «Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU» adierazten duena. Ikusgarritasun hori agertuko da bereziki ekintzak eta haien emaitzak sustatzen direnean, informazio koherentea, eraginkorra eta proportzionatua emanez, askotariko hartzaileei zuzendua, hedabideak eta jendea, oro har, barne.

2. Inbertsio-proiektuen gastuaren betearazpen-espedienteetan erabilitako dokumentazioan, ekintza eta jarduera horiek gauzatzen diren zentro eta tokien kanpoko seinaleetan eta ekintza eta jarduera horiek egitea sustatzen duten komunikazio ekintza eta jardueretan elementu hauek agertu beharko dira, kasuan kasuko autonomia erkidegoaren identifikazio-elementuak jasotzen diren baldintza beretan:

F2117341_0.pdf

3. Betiere, diruz lagundutako jardueren inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haien zabalkundea egiteko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.

17. oinarria.–Ingurumenari kalte nabarmenik ez egiteko konpromisoa.

1. Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek bermatu beharko dute, proiektuen diseinu eta exekuzio fase guztietan eta banaka jarduketa bakoitzerako, osotara betetzen dela “kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” (do no significant harm, DNSH printzipioa), bai eta klima arloko etiketatzea eta etiketatze digitala ere, honakoetan aurreikusitakoarekin bat: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onesteari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakia (Council Implementing Decision-CID), 2021eko uztailaren 13koa, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua eta hura garatzeko araudia.

2. Eskaerekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, zeinaren bidez adieraziko baita “kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioari” egokitzea (do no significant harm printzipioa, DNSH), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6. apartatuan ezarritakoari jarraikiz; adierazpena laguntzen eskaeran dagoen inprimakiarekin bat etorriko da.

3. “Kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” (do no significant harm printzipioa, DNSH) jasotzen duten erantzukizunpeko adierazpenek nahitaez bete behar dute Europako Batzordearen Komunikazioa (2021/C 58/01), hau da, “Kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” aplikatzeari buruzko gida teknikoa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren arabera.

4. Nolanahi ere, erakunde onuradunek aurreikusiko dituzte, alde batetik, “kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” (do no significant harm printzipioa, DNSH) betetzen dela egiaztatzeko tresnak, eta, bestetik, printzipio hori ezartzen dela bermatzeko neurri zuzentzaileak, eta horren berri jasota utziko dute dirulaguntzaren justifikazio-memorian.

18. oinarria.–Laguntzen araubide juridikoa.

1. Deialdi honen xede diren laguntzak “Ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako estatuko laguntzei buruzko esparrua” izenekoaren menpe daude (2014ko ekainaren 27ko EBAOn argitaratu zen).

2. Zehazki, deialdi honen esparruan egindako jarduerak jarduera ez-ekonomiko gisa definitzen dira aipatu esparruan.

3. Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, erakunde horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa, hau da, ez da estatu-laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.

19. oinarria.–Bateragarritasun araubidea.

1. Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin. Nolanahi ere, argi eta garbi identifikatu beharko da gastuen trazabilitatea. Hala ere, dirulaguntza hauek bateraezinak dira inbertsio-proiektu berberak gauzatzeko Europar Batasunaren beste funts batzuk jasotzearekin, eta ezin izanen dute finantzaketa bikoitza izan. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Suspertze eta Erresilientzia Bitartekoak finantzatutako inbertsio-proiektuek Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jaso dezakete, baldin eta laguntza horrek ez badu estaltzen programa honen dirulaguntzak artikulu honetan zehaztutakoaren arabera finantzatzen duenaren kostu bera.

2. Erakunde onuradunek aditzera eman beharko diote Energiaren arloko I+G+b Atalari diruz lagundutako kontratuari lotutako beste laguntza batzuk lortu dituztela, horiek jaso orduko, eta, betiere, 12. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.

20. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauekin: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, erakunde onuraduna eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen fitxan ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

21. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2117341