28. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

VIANA

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin Vianako Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostu bat

Alkatetzaren urtarrilaren 14ko 16/2021 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren deialdi bat eta haren oinarriak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Vianako Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostu bat. Hala, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin Vianako Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostu bat.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Vianako Udalaren zerbitzuko administrari-ofizialen lanpostu bat, funtzionarioen araubidean jarduteko, 1-05 zenbakia duena Vianako Udalaren plantilla organikoan, Udaleko bulegoetan aritzeko.

Era berean, eta 12. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da zerrenda bat eratzea administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko, oposizioko lehenbiziko ariketa gainditu bai baina hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

Aipatutako lanpostua dago 2019ko ekitaldiko lan publikoaren eskaintzan, zeina argitaratu baitzen 2019ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 24koan.

1.2. Izendapenak Vianako Udaleko funtzionario bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aitzina, eta kidetuko da Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean eta, hala behar badu, hartan alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuak izanen ditu C mailako ordainsariak, bat etorrita abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuarekin (horren bidez onesten da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina), 1984ko uztailaren 4ko Ordainsariei buruzko behin-behineko Erregelamenduarekin eta aplikatzekoa den gainerako araudiarekin, eta, orobat, izanen ditu plantilla organikoan aurreikusitako ordainsari osagarriak.

1.4. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia izanen dira Vianako Udalak lanpostu horretarako ezarritakoak; zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko ditu.

1.5. Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan, honako arau hauei jarraituko zaie: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari (horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina); Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduari (onetsi zen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez); eta aplikatu beharreko gainerako arauei.

2. oinarria.–Eginkizunak.

Bete beharreko eginkizunak egokituko zaizkie deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari, eta, besteak beste, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

–Bere unitateak esleiturik dituen espedienteen tramitazioak eskatzen dituen zeregin administratiboak.

–Jendearentzako arreta, esleitutako espedienteen tramitazioaren egoerarekin lotutako kontuetan.

–Elkarlana Udalaren beste sailekin.

–Mahaikide gisa parte hartzea langileak hautatzeko organoetan, kategoria bereko edo beheragoko lanpostuetarako.

–Dirulaguntzen kudeaketa.

–Probidentziak, eginbideak edo ofizioak betetzea errepikatu ohi diren prozeduretan.

–Haren esku uzten diren gainerako zereginak, bere kategoriakoak, betiere, barnean direla goiko mailakoei laguntzea eta betearazteko zereginak.

Halaber, beharrezkoa bada, jarduketak eta kudeaketak eginen ditu Udalaren bulegoetatik kanpo.

3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluarekin.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako izatea Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat, edo eskuratzeko moduan egotea.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea administrari-ofizial baten lanpostuaren eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea bereizia administrazio publikoren baten zerbitzutik.

f) Udal Diruzaintzan 7,20 euro ordaintzea, azterketarako eskubideak izateko.

Izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dituzte baldintzak, eta haiei eutsi beharko diete hautapen prozedurak dirauen bitartean, bai eta lanpostuaz jabetzen direnean ere.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatzen den izangaiak eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik betiere.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira eskabideak, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Vianako Udalaren Erregistro Orokorrean (bulegoen irekiera orduak dira 10:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera, salbu egun baliogabeak) edo, bestela, aurkez daitezke urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako zeinahi modutan (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), kontuan izanik ezen epe hori bukatzen baldin bada egun baliogabean hurrengo egun balioduna izanen dela eskabideak aurkezteko azken eguna.

4.2. Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).

4.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia.

b) Deialdi honen 3. oinarriko c) apartatuan eskatutako tituluen kopia.

c) Lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratzen ahal diren merezimendu guztien kopiak.

d) Azterketarako eskubideak izateko, Udalaren Diruzaintzan 7,20 euro ordaindu izanaren frogagiria.

Zenbateko hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu hauetako batean:

La Caixa: ES30 2100 4105 1922 0004 4759.

Nafarroako Rural Kutxa: ES64 3008 0061 5207 0236 6329.

Ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: Azterketa, adm.-ofiziala.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil nahiz administratiboak.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaituak direla frogatzen duen agiria ere, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, organo eskudunak emandakoa.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Vianako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onetsiko duena izangai onartuen eta, halakorik bada, baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan, web-orrian, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkezturik Vianako Udaleko Erregistro Orokorrean.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioak ebatzirik, Vianako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta udal web-orrian. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da lehen proba non, noiz eta zer ordutan hasiko den.

Baldin onartuen behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.

5.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

5.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Aztertzen denean hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta izan ditzaketen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia: eraketa eta jarduketak.

6.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Yolanda González García, Vianako Udaleko alkatea.

–Mahaiburuaren ordezkoa: Carlos Barragán García, Vianako Udaleko lehen alkateordea.

Lehen mahaikidea: Fernando del Prado Abadía, Vianako Udaleko langileen ordezkaria.

–Lehen mahaikidearen ordezkoa: Vianako Udaleko langileen ordezkari bat (oraindik izendatu gabea).

Bigarren mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatuko du.

–Bigarren mahaikidearen ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatuko du.

Hirugarren mahaikidea: Arturo Hernández Armendariz, Vianako Udaleko administrari-ofiziala.

–Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Margarita Pilar Martínez Martínez, Mendabiako Udaleko administrari-ofiziala.

Mahaikide-idazkaria: M.ª Asunción Gil Barnó, Vianako Udaleko idazkaria, edo hura legez ordezten duena.

–Mahaikide idazkariaren ordezkoa: Joaquín Legarda Araiz, Carcarko Udaleko idazkaria.

6.2. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin badaude indarreko araudian parte ez hartzeko ezartzen diren egoeretako batean. izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea baldin inguruabar horietako bat gertatzen bada.

6.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Betiere, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baino ez dira arituko, eta epaimahaiari haietan baizik ez diote lagunduko.

7. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Oposizio-lehiaketa hasiko da behin iraganik, gutxienez, bi hilabete deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik; lehenik lehiaketaldia izanen da, eta, ondoren, oposizioaldia, oinarri hauen arabera.

8. oinarria.–Lehiaketaldia.

8.1. Lehiaketaldian, epaimahaiak baloratuko ditu lehiatzaileek deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean alegatutako eta frogatutako merezimenduak, merezimenduen baremo honekin bat:

a) Nafarroako toki-erakunde batentzat administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 4 puntu, laneko urte bakoitzeko.

b) Gainerako administrazio publikoetan administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: puntu 1, laneko urte bakoitzeko.

Urteak osoak ez badira, kontuan hartuko da zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.

8.2. Lehiaketaldiaren balorazioa gehienez 20 puntukoa izanen da.

8.3. Merezimenduak baloratzean, kontuan hartuko dira soilik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

8.4. Lanean zer administraziotan aritu diren, administrazio horien ziurtagirien bidez frogatuko dira egindako zerbitzuak, eta agiri horietan datu hauek agertu beharko dira nahitaez:

–Bete den lanpostua eta zer administraziotan aritu den.

–Zerbitzu-ematearen iraupena, hasierako egunetik bukaerako egunera, zehaztuta zenbat egun diren guztira.

8.5. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako puntuazioak, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Behin behineko kalifikazio horien kontra, izangaiek alegazioak egin ditzakete bost egun naturaleko epean, Vianako Udalaren Erregistro Orokorrean, 4.1 oinarrian ezarri bezala.

9. oinarria.–Oposizioaldia.

9.1. Oposizioaldia 2021eko apiriletik aurrera hasiko da.

Alkatetzak ebazpen bidez onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Ebazpena argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Gainerako proben iragarkiak argitara emanen dira soilik Vianako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian eta aurreko probak egin diren tokian.

9.2. Oposizioko ariketak plika itxien sistema erabiliz eginen dira, horretarako aukera ematen badute, eta gehienez 80 puntu lortzen ahalko dira. Honako ariketa hauek izanen ditu:

9.2.1. Lehen ariketa: teorikoa. Test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz; erantzuteko zenbait aukera emanen dira baina horietako bakarra izanen da zuzena. Galderak deialdiko II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira.

Proba honetan, epaimahaiak 40 puntu ematen ahalko ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira 20 puntu gutxienez eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Zuzen erantzundako galdera bakoitzeko puntu 1 emanen da. Erantzun okerrei puntuak kenduko zaizkie; gaizki erantzundako galdera bakoitzeko, kenduko da zuzen emandako erantzun baten balioaren %33,33 (hau da, guztizko puntuazioari 0,3333 puntu kenduko zaio).

9.2.2. Bigarren ariketa: Praktikoa: Zenbait agiri administratibo ofizial prestatu beharko dira, oposiziogileei emanen zaizkien datuekin, lanpostuko zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzkoak; epaimahaiak hautatuko ditu deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendatik.

Ariketa honek, gehienez 40 puntu izanen ditu guztira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Ariketa horiek egiteko ez da inongo hiztegirik erabiltzen ahal, ezta kalkulagailurik edo telefono mugikorrik edo bestelako materialik ere; bolaluma urdin edo beltza baino ez.

Plika itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu kalifikazioen zerrenda eta plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, iragarki-taulan eta Vianako Udalaren egoitza elektronikoaren gardentasun atarian.

Behin behineko kalifikazio horien kontra, izangaiek alegazioak egin ditzakete bost egun naturaleko epean, Vianako Udalaren Erregistro Orokorrean, 4.1 oinarrian ezarri bezala.

9.3. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo nortasuna frogatzeko epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste agiriren bat. Oposiziotik baztertuko dira probara agertzen ez direnak edo nortasuna adierazitako moduan frogatzen ez dutenak.

Minusbaliotasun frogatua dutenentzat (organo eskudunaren ziurtagiri bidez), ariketak egiteko denborak eta baliabideak egokituko dira, baldin eta eskabidean horixe eskatu badute.

9.4. Epaimahaiak, egokitasuna bilatuz eta ariketetan ahalik eta egun gutxien erabiltzearren, erabaki dezake ariketa bat baino gehiago egun berean egitea edo haien ordena aldatzea, eta ariketaren bat egiteko zailtasunagatik, zehazki, informatika ariketaren zailtasunagatik, beharrezkoa bada, egun batean edo gehiagotan egiten ahalko dira, kontuan harturik zenbat diren aurreko probak gainditu dituzten izangaiak eta ariketa egiteko zenbat toki behar den, baita segurtasun-tartea izateko neurriak hartu beharra ere, parte-hartzaileen, epaimahaikideen eta aholkularien artean.

10. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, eta pertsona hautatuak agiriak aurkeztea.

10.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera, Vianako Udalaren iragarki-taulan. Gero, zerrenda hori Vianako Udaleko alkateari igorriko dio, eta, horrekin batera, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamena.

Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta Udaletxeko iragarki-taulan jarriko.

Azken puntuazioa lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura izanen da.

Berdinketarik gertatuz gero, lehen ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioen hurrenkeraren araberakoa, erabiliko da Vianako Udalean maila horretako kontratuak egiteko, zerbitzuen beharren arabera eta deialdiko xedearekin bat, barnean direla bitarteko kontratuak, harik eta lanpostuaren jabetza hartzen den arte.

10.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak Vianako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko ditu deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak; zehazki, honako hauek:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.

c) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik administrari-ofizialaren eginkizunak betetzea eragozten dionik.

d) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

e) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Araubidea begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

f) Vianako Udalak eskatzen dituen gainerako agiriak.

10.3. Behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez baditu aipatutako epean agiri horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, alde batera utzi gabe eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaion erantzukizuna.

10.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 8.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaia izendatuz beteko da hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

11.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

11.1. Hautapen prozesua amaitu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiak 8.2 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, Vianako Udaleko alkate udalburuak Vianako Udaleko funtzionario izendatuko du administrari-ofizialaren lanpostuan jardun dezan.

11.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Vianako Udaleko funtzionario izateko. Kasu horretan, deialdiko 8.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

12. oinarria.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarriarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, hautapen prozesua gainditu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

Lortutako azken puntuazioak erabakiko du zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

12.1. Kontratazio zerrendek bost urte iraunen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

12.2. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Gainditu duten izangaien kontratazioa, oro har, eginen da zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.

Zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Aurreko hori gorabehera, dei horretan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarrian, 3. apartatuan.

Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

Deietarako oro har ezarritakoa gorabehera, baldin deialdi honen ondoriozko aldi baterako kontratu bat dela bide izangai bat lanean ari bada edo aritu bada Vianako Udalean, kontratu hori bukatu eta hurrengo 12 hilabetean Udalean antzeko lanpostu bat bete behar bada, Administrazioak izangai horri berari eskainiko dio kontratua, baldin eta dagokion zerrendan libre badago dei egiten zaionean.

Lan-kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.

B) Uko egitea:

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

1.–Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo umea izateagatik edo adoptatzeagatik lizentzia izatea.

3.–Zaindu beharra izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala zein adoptatua.

4.–Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa.

5.–Izangaia ezkondu berria izatea edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, baldin eta lanpostuari uko egiten badio egoera horiek gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epean.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, uko egitearen lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Baztertzeak:

Deia ekarri duen zerrendatik kanpo geratuko dira izangaiak honako kasu hauetan:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua sinatzen ez badute.

12.3. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuko dira eta hartan kidetuko; beraz, haien kargura izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

13. oinarria.–Errekurtsoak.

13.1. Errekurtso hauek para daitezke deialdi honen aurka, baita oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ere:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, egoki den Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

13.2. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Vianan, 2021eko urtarrilaren 4an.–Alkate udalburua, B. Yolanda González García.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDF).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako tramiteak eta prozedurak.7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena, 15. artikulutik 17. artikulura. 1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua.II. titulua: biztanleria eta errolda.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea: Prozeduran interesdunak direnak; ekiteko gaitasuna; eta interesdunaren kontzeptua, interesdunen ordezkaritza, identifikazioa eta sinadura prozedura administratiboan. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, isiltasun administratiboa, baldintzak eta epeak (zenbatzea). Administrazio egintzak: Beharkizunak. Efikazia, jakinarazpena. Administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio errekurtsoak: Printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.

4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: Udalerria. I. kapitulua: Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: Antolamendua. V. titulua: toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak: I. kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

7.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez garatzen baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan. II. kapitulua: 1. atala: aurrekontua prestatzea eta onestea. III. kapitulua: gastuen aurrekontuko kredituak. 3. atala. Aurrekontuko aldaketak. IV. kapitulua: gastuen aurrekontuaren betearazpena. Arauak eta betearazteko faseak.

8.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra.

9.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura.

10.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, zeinak hizpide baititu Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eta Katastroak.

11.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua: Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

12.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa: III. titulua: Udalaren lizentzia behar duten jarduera sailkatuak. VI. titulua: zehapenen araubidea.

13.–Apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa.

14.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan araubidean kontratatutako langileak.

15.–Administrazio agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak, kontratua. Artxiboko tratamendua eta antolaketa.

16.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Windows 10 sistema eragilea: blokeo-pantaila; mahaigaina eta bere elementuak; “hasi” menua; tresna-barra; jakinarazpenen eremua; mahaigain anitzekin lan egitea; Start Screen; kontrol-panela; sistemaren informazioa aurkitzea; fitxategiak, karpetak eta liburutegiak; erabiltzaile kontuak kudeatzea; Windows 10 pertsonalizatzea.

18..–Word 2010 testu-prozesadorea: lan eremua; eragiketak dokumentuekin; testuarekin lan egitea; formatua; orrialdearen diseinua; taulak; irudiak; estiloak; loturak txertatu; goiburuak eta orri-oinak lantzea; edukien aurkibidea; ilustrazioak lantzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimaketaren konfigurazioa.

19.–Excel 2010 kalkulu-orria: lan eremua; eragiketak liburu eta orriekin; formatuak; eragiketak gelatxoekin eta gelatxo multzoekin; formulak; oinarrizko funtzioak eta aurreratuak; grafikoak; datuekin lan egitea excel-en; plantillak erabili eta sortzea; taula dinamikoak; inprimaketaren konfigurazioa.

20.–Access 2010 datu basea: Oinarrizko elementuak; taulak; kontsultak; inprimakiak; txostenak; kanpoko datuak estekatzea, inportatzea eta esportatzea.

21.–Interneti eta posta elektronikoari buruzko kontzeptu oinarrizkoak.

Iragarkiaren kodea: L2100732