276. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2507/2021 EBAZPENA, 2021eko azaroaren 24koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Sinadura Elektronikoaren eta Ziurtagirien Politika onesten duena”, Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 24an hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsi ziren Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 24an hartutako erabakia argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Sinadura Elektronikoaren eta Ziurtagirien Politika onetsi da.

“GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN SINADURA ELEKTRONIKOARI ETA ZIURTAGIRIARI BURUZKO POLITIKA ONESTEN DUENA.

I.–Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 20 Erabakiaren bidez (NAO, 7. Zk., 2013ko urtarrilaren 11koa) onetsi zen Unibertsitateko egoitza elektronikoaren sorrera eta funtzionamendu arautegia. Arautegiak 4.1 artikuluko h) letran xedatzen duenez “egoitzak aukera emanen du ziurtagiri digitalen eta sinadura-sistemen tipologien zerrendara sartzeko. Zerrenda hori Unibertsitateak erabiliko du identifikatzeko eta autentifikatzeko, bai eta bere eskumenak gauzatzean benetako dokumentu elektronikoak egiteko ere” eta i) letran xedatzen duenez, “egoitzako erabiltzaileek identifikatu eta beren jarduerak autentifikatzeko erabiltzen ahalko dituzten ziurtagiri digitalen eta sinadura-sistemen tipologien zerrendara sartzea”. Halaber, 5. artikuluan ezartzen duenez, “egoitza elektronikoko orrian ageriko lekuan ezarriko da bitarteko elektronikoen bidez tramitatzen ahal diren prozedura administratiboen katalogoa”.

Bestalde, Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez (NAO, 7 zk., 2013ko urtarrilaren 11koa) Unibertsitateko Erregistro Elektronikoaren sorrera eta arautegia onetsi ziren. Arautegiaren 17. artikuluak interesdunen nortasuna egiaztatzeari dagokionez xedatzen duenez, “Unibertsitateak bere Erregistro Elektronikoan bakarrik onartuko du dokumentu elektronikoen identitatea, autentikotasuna eta integritatea bermatzeko egokia den sinadura elektronikoko sistemaren bidez sinatutako idatzi, eskaera eta komunikazioen aurkezpena, eta bateragarria izan behar du Unibertsitateak dituen baliabide teknikoekin”.

Azaldutakoarekin bat etorriz, egoitza elektronikoan daude Unibertsitateak onartutako sistemen zerrenda (ziurtagiri digitalak eta hitzartutako gakoak), erabiltzen dituen ziurtagiri digitalak, bai eta prozedura administratiboen katalogoa ere.

II.–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 9. eta 10. artikuluetako a, b eta c letretan interesdunak identifikatzeko eta sinatzeko onartutako sistemak ezartzen ditu (artikuluen azken aldaketa 2019ko urriaren 31ko 14/2019 Errege Lege-Dekretuaren bidez onetsi zen, edukiak Europar Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 Erregelamendura (EB) egokitzeko, zeinak 1999/93/CE Zuzentaraua indargabetzen baitu eta sinadura elektronikoa eta pertsona fisikoen sinadura elektronikoko ziurtagiria besterik ez baitu onartzen).

Sistema horiei dagokienez Legeak ezartzen du Administrazio Publikoek bermatu beharko dutela erabili ahal izatea prozedura guztietarako, bere tramite guztietan, 9. eta 10. artikuluetako a eta b letretan ezarritako identifikazio eta sinadura sistemetako bat, nahiz modu gehigarrian c) letran ezarritakoren bat erabiltzeko aukera eman.

Bestalde, Legeak 14. artikuluan Administrazio Publikoekin harremanak izateko bitarteko elektronikoak erabili beharra ezartzen die zenbait pertsona eta talderi, eta horrek esan nahi du 11.2 artikuluan ezarritakoaren arabera pertsona eta talde horiek sinadura elektronikoa erabili beharko dutela honetarako:

a) Eskaerak egiteko.

b) Erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko.

c) Errekurtsoak jartzeko.

d) Ekintzetan atzera egiteko.

e) Eskubideei uko egiteko.

III.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 42. artikuluak jardun administratibo automatizaturako sinadura-sistemak arautzen ditu. Halaber, adierazten du dagokion administrazio publikoak zehaztuko duela zein kasutan erabiliko den sinadura elektronikoko sistema hauetako bakoitza:

a) Administrazio publiko, organo, organismo publiko edo zuzenbide publikoko entitatearen zigilu elektronikoa, ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatu batean oinarritua eta sinadura elektronikoari buruzko legeriak ezarritako baldintzak betetzen dituena.

b) Egiaztapen Kode Segurua (EKS), administrazio publikoarekin, organoarekin, organismo publikoarekin edo zuzenbide publikoko entitatearekin lotuta dagoena ezarritako baldintzetan, eta modua ematen duena kasu guztietan dokumentuaren integritatea egiaztatzeko, dagokion egoitza elektronikoan sartuz.

42. artikulu horretan xedatutakoari jarraikiz, Gobernu Kontseiluak 2020ko urriaren 27an hartutako Erabakiaren bidez Jardun Administratibo Automatizatuaren Arautegia onetsi zuen. Arautegi horren 5. artikuluaren 2. apartatuak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren organo-zigiluaren ziurtagiri elektronikoa ezartzen du sinadura-sistema gisa. Gainera, egiaztapen kode elektronikoa izanen ahalko dute dokumentu elektronikoek. Kode horrek modua emanen du dokumentua balio juridiko osoarekin paperean inprimatzeko, gero Unibertsitatearen egoitza elektronikoan egiaztatzeko aukera egonen baita.

Bestalde, 40/2015 Legeak, 38. artikuluan (egoitza elektronikoa), 41. artikuluan (jarduketa administratibo automatizatua) eta 42. artikuluan (sinadura sistemak jarduketa administratibo automatizaturako) ezarritakoa alde batera utzi gabe, 43. artikuluan ezartzen du Administrazio Publiko, organo, organismo publiko edo zuzenbide publikoko entitate baten jarduketa, baliabide elektronikoak erabiltzen dituenean, organoaren edo enplegatu publikoaren sinadura elektronikoaren bidez eginen dela.

Enplegatu publikoen sinadurari dagokionez, 203/2021 Errege Dekretuak bere 22. artikuluan honako hau ezartzen du (Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen sinadura elektronikoko sistemak arautzen ditu):

1. 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, arautegi honetako 18., 19. eta 20. artikuluetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Administrazio Publiko baten, organismo publiko baten edo zuzenbide publikoko entitate baten jarduketa, bitarteko elektronikoak erabiltzen dituenean, organo eskudunaren titularraren edo eskumena gauzatzen den enplegatu publikoaren sinadura elektronikoaren bidez eginen da.

2. Administrazio Publiko bakoitzak zehaztuko ditu bere langileek erabili beharreko sinadura elektronikoko sistemak. Sistemek modu bateratuan identifikatzen ahalko dituzte lanpostuko edo karguko titularra eta zerbitzu ematen duen Administrazioa edo organoa.

3. Enplegatu publikoaren ziurtagiri elektronikoak kualifikatuak izanen dira Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean ezarritakora, eta identitatearen eta sinadura elektronikoaren arloan indarrean diren legeetara egokituko dira.

4. Administrazio bakoitzak zehaztuko ditu berekin lotutako zuzenbide pribatuko entitateetan edo bere mendekoetan zer baliabide dauden onarturik sinadura elektronikorako, haiek ahalmen administratiboak gauzatuz prozedurak tramitatzen dituztenean.

IV.–Segurtasunaren Eskema Nazionalarekin bat etorriz, (3/2010 Errege Dekretua), eta duten informazio motaren arabera eta zein pertsona motari zuzentzen zaion, prozedura administratiboak segurtasuneko zenbait mailatan sailkatzen ahalko dira, eta horren arabera zehazten dira sarbideko aukera ematen duten identifikazio metodoak.

Arestian aipatutako printzipioen arabera, oro har, unibertsitateak nagusitasun bereziko harremana (AZL, Irakasle eta Ikertzaileak eta ikasleak) duen pertsona fisikoak identifikatzeko eskakizun-maila baxua izanen da. Gainerako pertsona fisiko eta juridikoekiko harremanak maila ertainekoak izanen dira jeneralean.

Horrela, Unibertsitateak sinadura elektronikoko hiru sistemen artean erabaki behar du, bermatzen duten identifikazio eta integritate mailaren arabera, eta hori dokumentu elektronikoen segurtasun juridikoaren baliokidea da (zenbat eta segurtasun handiagoa, orduan eta konplexutasun tekniko handiagoa): sinadura elektroniko sinplea edo ohikoa, aurreratua eta kualifikatua.

Bestalde, kontuan hartu behar da Unibertsitateak zen kasutan dituen harremanak Espainiatik kanpoko hirugarrenekin eta are Europako Unibertsitate Eremutik kanpokoak diren hirugarrenekin. Unibertsitatea solaskideekin harreman elektronikoa segurtasunez gauzatzeko aukera ematen duten baliabideak jartzera behartua dago.

V.–2021eko martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen sektore publikoak baliabide elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko arautegia, (2021eko martxoaren 31ko BOEn argitaratua).

Errege Dekretuak, bere bigarren azken xedapenean, aldatu egiten du 2010eko urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretua, Administrazio Elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duena.

Aldaketa horren arabera, 4/2010 Errege Dekretuaren 18. artikuluak, sinadura elektronikoaren eta ziurtagirien politikaren elkarreragingarritasuna arautzen duenak, ezartzen du “Estatuko Administrazio Orokorrak sinadura elektronikoari eta ziurtagiriei buruzko politika bat zehaztuko duela, eta elkarreragingarritasunaren esparru orokor gisa erabiliko dela Administrazio Publikoetako dokumentu administratiboen ziurtagirietan oinarritutako sinadura elektronikoak elkarri onartzeko... Administrazio Publikoek Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura elektronikoari eta ziurtagiriei buruzko politika ezarri, eta sinadura elektronikoari buruzko beste politika batzuk onartzen ahalko dituzte beren eskuduntza esparruaren barnean. Administrazio Publikoek sinadura elektronikorako onesten dituzten politikak bigarren xedapen gehigarrian horretarako ezarritako arau teknikotik eta dauden estandar teknikoetatik abiatuko dira, eta elkarreragingarriak izan behar dute aipatutako estatuko sinadura elektronikoari buruzko esparru politikarekin... Sinadura politika partikular bat proposatzen duen Administrazio Publikoak bermatu eginen du aipatutako sinadura elektronikoari buruzko esparru politikarekiko eta bere inplementazio fitxategiekiko elkarreragingarritasuna, lehen xedapen gehigarrian horretarako ezarritako elkarreragingarritasunaren arau teknikoan ezarritako baldintzen arabera betiere”.

Bestalde, 18. artikuluan aipatzen duen lehenbiziko xedapen gehigarriak ezartzen du Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioak elkarreragingarritasunaren arau teknikoak onetsiko dituela; arau teknikoak 1. apartatuan zerrendatzen ditu, eta xedatzen du “nahitaez bete beharrekoak izanen direla Administrazio Publikoentzat, eta horien artean aipatzen du sinadura elektronikoari eta ziurtagiriei buruzko Politikaren gaineko Arau Teknikoa”.

Indarrean dagoen administrazioaren sinadura elektronikoari, zigilu elektronikoei eta ziurtagiriei buruzko politikaren elkarreragingarritasunaren Arau Teknikoa Administrazio Publikoetako Estatu Idazkaritzaren 2016ko urriaren 27ko Ebazpenaren bidez onetsitakoa da (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2016ko azaroaren 3koa). Bere II.5 atalean 4/2010 Errege Dekretuko 18. artikuluak bezala xedatzen du “erakunde bakoitzak beharrezkoa eta komenigarria ote den bere politika propioa garatzea dagoen esparru politika erabiltzeko aukera kontuan hartuz. Erakunde batean sinadura elektronikoen alderdi teknikoak bakarrik normalizatu nahi badira, sinaduraren eta zigiluaren politikatik desberdina den beste tresna baten aldeko hautua eginen da, barneko jarraibide teknikoak edo aplikazioen jarraibideak egiterakoan.”

Testuinguru honetan Unibertsitatearen sinadura politika bat ezarri behar da, identifikazio eta sinadura sistemak eta administratuekiko elkarreraginerako printzipioak zehaztuko dituena, kontuan hartuz gehienekin nagusitasun harreman berezia duela (ikasleak, Irakasle eta Ikertzailea eta AZL), eta kontuan hartuz, bestalde, sinatzeko ziurtagiriak eta zigilu elektronikoak bere zerbitzuan dauden langileei eta Unibertsitateako pertsona bakarreko gobernu-erakundeei emateko prozedura ere.

Horregatik guztiagatik, Garapen Digitaleko errektoreordeak proposatuta, honako hau da Gobernu Kontseiluak, bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2021eko azaroaren 24an egindako bileran hartu duen

ERABAKIA

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko sinadura elektronikoari eta ziurtagiriari buruzko politika onestea (eranskinean ageri da).

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 144.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz”.

Iruñean, 2021eko azaroaren 24an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO SINADURA ELEKTRONIKOARI ETA ZIURTAGIRIARI BURUZKO POLITIKAREN GAINEKO ERABAKIA

1. artikulua. Xedea.

1.–Sinadurari eta ziurtagiriari buruzko politikaren xedea da Unibertsitatearen identifikazio eta sinadura sistemak eta administratuekiko elkarreraginerako printzipioak ezartzea, kontuan hartuz gehienekin nagusitasun harreman berezia duela (ikasleak, Irakasle eta Ikertzailea eta AZL), eta kontuan hartuz, bestetik, sinatzeko ziurtagiriak eta zigilu elektronikoak bere zerbitzuan dauden langileei eta Unibertsitateako pertsona bakarreko gobernu-erakundeei emateko prozedura.

Ondorio horietarako, Unibertsitateak bat egin du Estatuko Administrazio Orokorraren ziurtagirietan oinarritutako sinadura elektronikoari buruzko esparru politikarekin, politika honetan ezarritako berezitasunak alde batera utzi gabe.

2.–Sinadura politika hau Kontratu Publikoei buruzko 2018ko apirilaren 13ko 2/2018 Legean ezarritako kontratazio prozedurei aplikatuko zaie, foru lege honetan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoaren kontrakoa ez denean, bereziki lizitazio elektronikoetarako Nafarroako Kontratazio Atarian (PLENA) sinatzeko eta identifikatzeko ezarritako baliabide elektronikoei dagokienez.

Halaber, sinadura politika hau Unibertsitatearen jarduketa administratibo automatizatuari aplikatuko zaio horretarako arautegian ezarritakoaren kontrakoa ez denean –Gobernu Kontseiluak onetsi zuen 2020ko urriaren 27ko erabaki baten bidez–, eta bere garapen-xedapenen kontrakoa ez denean.

2. artikulua. Ziurtagiri digital motak eta xedea.

1.–Unibertsitateak, berarekin kontratua indarrean duten ziurtapen zerbitzuen hornitzaileen bidez, ziurtagiri elektronikoak emanen ditu pertsona bakarreko gobernu organo orokorrek erabil ditzaten dagozkien eskumen eta eginkizunen arabera.

2.–Unibertsitateak, hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera, identifikazioko eta sinadura elektronikoko sistema hauen erabilera onartuko du:

a) Unibertsitatearen gako hitzartuak.

b) @firma baliozkotzeko plataforman onartutako ziurtagiri pertsonalak.

c) NAN elektronikoko ziurtagiriak.

d) Cl@ve sistemaren gako hitzartuak.

e) Enplegatu publikoaren ziurtagiriak.

f) Ordezkari izaerako pertsona fisikoaren sinadura-ziurtagiriak.

g) Organoaren zigilu-sinadurak.

h) Konfiantzazko zerbitzu elektronikoak ematen dituztenen konfiantzazko zerrendan dagoen beste edozein ziurtagiri digital, (TSL).

3. artikulua. Unibertsitateko gako hitzartuak.

Unibertsitateak identifikazio sistema bat emanen die unibertsitateko komunitateko kideei “erabiltzaile-izena/pasahitza”ren bidez, enplegatu publikoak zerbitzu ematen hasten diren unetik, baita ikasleei ere beren ikasketak unibertsitatean hasten dituztenetik.

“Erabiltzaile-izena/pasahitza” sistema onartu eta identifikazio eta autentikazio sistema gisa erabiliko da, bai eta elektronikoki sinatzeko ere gako hitzartuaren sistemaren bidez Unibertsitateko barne tramite eta prozedura guztietan, betiere Unibertsitateko komunitateko kide gisa hartzen badute parte, eta Unibertsitateko barne atari eta plataformen bidez tramitatzen diren prozedurak hartuko ditu barnean. Halaber, autentikazio faktore bikoitza erabiltzen ahalko da “erabiltzaile-izena/pasahitza” sistemaren segurtasun maila handiagotzeko.

Halaber, unibertsitateko komunitateko kideek sistema hori erabiltzen ahalko dute, baimentzen ahal diren beste batzuk galarazi gabe, unibertsitateak deitzen dituen eta Unibertsitatetik kanpoko pertsonek parte hartzen duten prozeduretan.

Unibertsitateko komunitateko kide batek bere burua identifikatu eta erabiltzaile-izenarekin eta pasahitzarekin sinatzen duenean, ebidentzia elektronikoak gordeko dira dagokion dokumentuan.

4. artikulua. Ziurtagiri elektroniko pertsonalak.

Unibertsitateak pertsona fisikoen identifikazioko eta sinadura elektronikoko sistema gisa hauek onartuko ditu, unibertsitateko komunitateko kideak izan edo ez izan, haien eskaeretan, erreklamazioetan, errekurtsoetan, erantzukizunpeko adierazpenetan, ekintzetan atzera egiteko eta eskubideei uko egiteko, bai eta beste edozein eskaera eta tramite pertsonaletan: NAN Elektronikoko ziurtagiri elektroniko pertsonalak, FNMTko 2CA motako pertsonalak eta Cl@ve sistema, bai eta konfiantzako zerbitzu elektronikoak ematen dituzten emaile kualifikatuen konfiantzako zerrendan dauden aitortutako ziurtagiriak (TSL).

5. artikulua. Enplegatu publikoaren ziurtagiriak (EPZ).

1.–Unibertsitateak enplegatu publikoaren ziurtagiri bat ematen ahalko du (aurrerantzean EPZ), jardunean den enplegatu bakoitzarentzat, eta, hartan, instituzioarekin duen lotura jasoko da.

2.–Nahitaezkoa izanen da enplegatu publikoaren ziurtagiriak eskatzea eta erabiltzea esparru partikularreko karguetan eta pertsona bakarreko gobernu organoetan aritzen diren langileentzat, karguan edo organoan izendatzen dituztenetik aurrera. Pertsona bakarreko gobernu organoak eta karguak uzteak ez dakar EPZ ezeztatzea, betiere zerbitzu aktiboan jarraitzen badute Unibertsitateko langile gisa.

Halaber, nahitaezkoa izanen da zerbitzu aktiboan dauden langileek EPZ eskatu eta erabiltzea, beren lanpostuko eginkizunak betetzeko beharrezkoa denean.

3.–Aurreko apartatuko kasuak alde batera utzi gabe, idazkari nagusiaren ebazpenaren bidez, pertsona bakarreko gobernu organo orokor edo partikularrek eta karguek eta administrazio unitateetako zuzendariek eta buruek eskatuta, erabakia har liteke da Unibertsitatearen zerbitzuan lan egiten duen beste edozein langilerentzat nahitaezkoa izan dadila enplegatu publikoaren ziurtagiria eskatu eta erabiltzea.

4.–Unibertsitatean zerbitzu aktiboan diharduten enplegatu publikoei emanen zaizkie ziurtagiriak, ez beste inori.

5.–Enplegatu publikoaren ziurtagiriaren bidezko sinadurak titularraren nor den eta haren lanpostua edo kargua zein den egiaztatuko du, eta ondorio guztiak izanen ditu prozeduran.

6.–Enplegatu publikoak berak eskatu behar du ziurtagiria Unibertsitatearen egoitza elektronikoan argitaratuko diren prozedurari eta jarraibide espezifikoei jarraikiz. Ziurtagiria eman baino lehen, titularra zerbitzu aktiboan ari dela egiaztatu behar du Giza Baliabideen Zerbitzuak. Hori egindakoan, ziurtagiria emanen dio.

7.–Giza Baliabideen Zerbitzuari atxikiak dauden eta zeregin horretarako izendatu diren langileek baizik ezin dituzte eman eta erregistratu enplegatu publikoaren ziurtagiriak.

Gainerako unitate eta zerbitzuek lagundu eginen dute ziurtagiriak mantentzeko eta kudeatzeko lanetan, eta, gorabeheraren baten berri jakinez gero, horren berri emanen diote Idazkaritza Nagusiari.

6. artikulua. Ordezkari izaerako pertsona fisikoen sinadura-ziurtagiriak.

1.–Ordezkari izaerako pertsona fisikoen sinadura-ziurtagiriak (OPFZ) pertsona bakarreko gobernu organo orokorrek erabiliko dituzte, dagozkien eskumenen eta ordezkaritzaren arabera, eta horrek bermatuko du ziurtagiri horren bidez formalizatzen diren eta Unibertsitatearen izenean edo haren ordezkari gisa sinatzeko berariazko gaitasuna egiaztatzen duten egintza eta izapide guztiak eraginkorrak izanen direla hirugarrenen aurrean.

2.–OPFZk Idazkaritza Teknikoan eskatzen eta berritzen ahalko dira, pertsona bakarreko gobernu organo orokorren izendapenaren eta agintaldiaren arabera.

3.–Giza Baliabideen Zerbitzuari atxikiak dauden eta zeregin horretarako izendatu diren langileek baizik ez dituzte eman eta erregistratuko OPFZk.

7. artikulua. EPZren eta OPFZren titularren betebeharrak.

1.–EPZren eta OPFZren titularrak izanen dira sinaduraren gako pertsonalak zaintzearen eta erabiltzearen erantzule bakarrak, eta ezin izanen diote hirugarren bati haien erabilera komunikatu, laga edo baimendu.

2.–EPZren eta OPFZren titularrek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Biltegiratutako datuetan detektatutako akats oro idazkari nagusiari jakinaraztea, eta bere datu pertsonaletan edozein aldaketa egonez gero horren berri ematea, dagokion datu-basean zuzendu dezan.

b) Gakoak hirugarrenei ez jakinaraztea.

c) Ziurtagiriak berritzeko eskatzea haien balio-epea amaitu baino lehen.

d) Ziurtagiria behar bezala erabiltzea, gobernu organo edo enplegatu publiko gisara dagozkion eskumen eta ahalmenetan oinarrituta.

e) Beren gain hartzea politika honetatik eta politika hau aplikatuz edo ordeztuz onesten diren xedapen eta administrazio egintzetatik eratorritako betebeharrak.

8. artikulua. EPZ eta OPFZ baliogabetzea.

1.–Idazkaritza Teknikoak baliogabetuko ditu EPZ eta OPFZ, kasu hauetan eta prozedura hauekin bat etorriz:

a) Ofizioz, langileek Unibertsitatean lan egiteari uzten diotenean edo pertsona bakarreko gobernu organo orokor izateari uzten diotenean.

Giza Baliabideen Zerbitzuak idazkari teknikoari jakinaraziko dio zerbitzuak emateari utzi dioten langileen zerrenda, bai eta pertsona bakarreko gobernu organo orokorrak kargugabetzeko emandako ebazpenak ere.

b) Ziurtagiriaren titularrak eskatuta, txartela suntsitu edo galdu badu, gako pertsonala aldatu behar badu, txartela iraungi bazaio edo ziurtagiri digitaleko datuak okerrak direla detektatu badu.

c) Idazkari nagusiaren ebazpen baten bidez, ziurtagiriaren titularrak dagokion ziurtagiria behar bezala erabiltzen ez duenean.

Ebazpen horrek, beharrezkoa den kasuetan, ziurtagiriaren titularrak izaten ahal dituen erantzukizunak zehaztuko ditu.

2.–Baliogabetutako ziurtagiriak ezin izanen dira berriz erabili, eta baliogabetzea ezin izanen da kendu, ezta deuseztatu ere.

3.–Baliogabetutako ziurtagirien titularrek beste ziurtagiri bat eskatzen eta jasotzen ahalko dute, baldin eta baliogabetzeko arrazoia artikulu honen 1. apartatuaren b letran ezarritakoetako bat bada.

Eskaerak politika honen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera eginen dira.

9. artikulua. Organo-zigiluaren ziurtagiriak.

1.–Unibertsitateko Jardun Administratibo Automatizatuaren Arautegian organo-zigiluaren erabilerari buruz ezarritakoa alde batera utzi gabe (Gobernu Kontseiluaren 2020ko urriaren 27ko Erabakiaren bidez onetsi zen arautegi hori), idazkari nagusiaren ebazpenaren bidez organo-zigilua erabili behar duten beste prozedura, izapide eta egintza administratibo batzuk onesten ahalko dira, arautegi horretan ezarritakoez bestelakoak.

2.–Idazkaritza Teknikoak izapidetu eta eguneratuko ditu organo-zigiluak, lagun bakarreko gobernu organoek edo zerbitzuko zuzendaritzek eskatuta.

10. artikulua. Identifikazioa Unibertsitateko prozeduretan.

1.–Unibertsitateak deitutako prozedura batean sartzeko, dela egoitza elektronikoaren bidez, dela erakundearen aplikazio baten bidez, identifikatu beharra dago honako sistema hauetako bat erabilita:

a) @firma baliozkotzeko plataforman onartutako ziurtagiri pertsonalak.

b) NAN elektronikoko ziurtagiriak.

c) Cl@ve sistemaren gako hitzartuak.

d) Enplegatu publikoaren ziurtagiriak.

e) Unibertsitatearen gako hitzartuak.

f) Konfiantzazko zerbitzu elektronikoak ematen dituztenen konfiantzazko zerrendan dagoen beste edozein ziurtagiri digital (TSL).

g) Bestelako identifikazio-agiriak, hala ezartzen duten prozedura espezifikoetan.

2.–Unibertsitateak deitutako prozedura bakoitzean aurreko apartatuan ezarritako identifikazio sistemetako bat onartuko da gutxienez.

3.–1. apartatuan aipatutako identifikazio sistemak alde batera utzi gabe, Espainiakoaz bestelako nazionalitatea duten pertsonek Unibertsitateak deitutako prozeduretan sartzeko aukera izan dezaten, salbuespenez beste identifikazio sistema batzuk ere erabiltzen ahalko dira; identifikazio sistema horiek Unibertsitatearenak berarenak izaten ahalko dira edota harreman elektronikoetan hedapen handia duten identifikazioko beste mekanismo batzuk, hirugarrenen identifikazio zerbitzuen kredentzialak erabiltzen dituztenak.

Idazkari nagusiak baimenduko ditu identifikatzeko baliabide horiek, betiere Garapen Digitalaren arloan eskumenak dituen errektoreordea ados badago, hala badagokio.

11. artikulua. Unibertsitatean aurkezten diren dokumentuen sinadura elektronikoa.

1.–Hauek dira Unibertsitatean aurkezten diren dokumentuak elektronikoki sinatzeko sistema arruntak:

a) Sinadura elektronikoaren ziurtagiri elektroniko kualifikatuak.

b) Enplegatu publikoaren ziurtagiriak.

c) Ordezkari izaerako pertsona fisikoaren sinadura-ziurtagiriak (OPFZ).

d) Iris Sareko SIR sistemako kredentzialak, hala ezartzen duten prozedura espezifikoetan.

2.–Sinadurari buruzko politika honen 3. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Unibertsitatearen barneko izapide eta prozeduretan unibertsitateko komunitateko kideek erabili beharreko sinadura sistema arrunta Unibertsitateko gako hitzartua izaten ahalko da, alde batera utzi gabe 1. apartatuan ezarritako sinadura sistemak erabiltzeko aukera eta artikulu honen hurrengo apartatuan ezarritako mugak.

3.–Nolanahi ere, erantzukizunpeko adierazpenak aurkezteko, errekurtsoak jartzeko, ekintzetan atzera egiteko edo eskubideei uko egiteko artikulu honen 1. apartatuan ezarritako sinadura elektronikoko sistemak erabili beharko dira. Kasu horietan, unibertsitateko komunitateko kideek ezin izanen dute Unibertsitateko gako hitzartua erabili, salbu eta Unibertsitatearen barneko atari eta plataformen bidez izapidetzen diren barneko prozedurei buruzkoak badira.

4.–Espainiakoaz bestelako nazionalitatea duten pertsonek Unibertsitatearen prozeduretan sartzeko aukera izan dezaten, salbuespenez beste sinadura sistema batzuk ere baimentzen ahalko dira atzerriko ikasle edo eskatzaileentzat; ahal dela, sinadura sistema horiek harreman elektronikoetan hedapen handia duten mekanismoak izanen dira, hirugarrenen identifikazio zerbitzuen kredentzialak erabiltzen dituztenak.

Idazkari nagusiak baimenduko ditu sinatzeko bitarteko horiek, betiere Garapen Digitalaren arloan eskumenak dituen errektoreordea ados badago, hala badagokio.

5.–Pertsona juridikoek beren ordezkarien edo ahaldunen bidez izanen dituzte harremanak Unibertsitatearekin, hain zuzen ordezkari edo ahaldun izaera aitortzen dien ziurtagiri pertsonalen bidez.

Unibertsitateak Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen ahalduntzeen erregistroak erabiltzen ahalko ditu, edo bere erregistroa izan.

12. artikulua. Unibertsitatearen sindura elektronikoa.

1.–Jardun Administratibo Automatizatuaren Arautegian organo-zigiluarekin sinatzeari buruz ezarritakoa alde batera utzi gabe (Gobernu Kontseiluaren 2020ko urriaren 27ko Erabakiaren bidez onetsi zen arautegi hori), egintza administratiboak, hala nola ebazpenak, erabakiak eta Unibertsitateak egindako gainerako dokumentu elektronikoak, horretarako eskumena duen lagun bakarreko gobernu organoak sinatu beharko ditu. Sinadura hori ordezkari izaera aitortzen duen pertsona fisikoen sinadura-ziurtagiriarekin egin beharko da (OPFZ), edo enplegatu publikoaren ziurtagiriekin. Era berean, egintza administratiboaren Egiaztapen Kode Segurua (EKS) ere izaten ahalko du, Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren bidez egiaztatu ahal izateko.

2.–Prozedura administratibo baten barnean Unibertsitateko organoek egiten dituzten egintza administratiboak, hirugarrenen aurrean edo beste administrazio publiko batzuen aurrean ondorioak badituzte, bai eta kontratuak, hitzarmenak edo Unibertsitatea ordezkatuz hartzen ahal den beste zeinahi konpromiso ere, eskumena duen eremu orokorreko gobernu organoak sinatu beharko ditu ordezkari izaera aitortzen duen pertsona fisikoen sinadura-ziurtagiriarekin, eta, hala dagokion kasuetan, eskumena duen langileak enplegatu publikoaren ziurtagiriarekin eta/edo organo-zigiluaren bidez.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Aldaketak eta egokitzapenak

1.–Unibertsitatearen sinadura elektronikoari eta ziurtagiriei buruzko politika honako faktore hauen arabera aldatu eta egokituko da: aurrerapen teknologiko eta digitalak, Administrazio Elektronikoaren araudi orokorraren aldaketak, Unibertsitateak onetsitako izapide eta prozedura elektronikoek eskatzen dituzten egokitzapenak, eta Unibertsitateak ziurtapen zerbitzuen hornitzaileekin egiten dituen kontratuak.

Aldaketak eta egokitzapenak idazkari nagusiaren ebazpenaren bidez onetsiko dira, Garapen Digitalaren arloan eskumenak dituen errektoreordeak proposatuta, eta Zerbitzu Informatikoaren eta idazkari nagusiak beharrezkotzat jotzen dituen zerbitzu eta unitateen aldez aurreko txostena beharko da.

2.–Aldaketak eta egokitzapenak onesten dituzten ebazpenetan epe iragankor edo egokitzeko aldi bat ezarriko da, sinadurari buruzko politika honekin loturik.

3.–Aldaketak eta egokitzapenak onesten dituzten ebazpenak Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira sinadurari buruzko politika honen eranskin gisa.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Erakunde-zigilua

Nafarroako Unibertsitate Publikoak erakunde-zigilua erabiltzen ahalko du sinadura elektronikoko sistema gisa soilik dokumentuen edukiaren integritatea bermatzeko.

Erakunde-zigiluak ez ditu inolaz ere sinadurari buruzko politika honetan ezarritako identifikazioko eta sinadurako sistemek balioari eta eraginkortasunari dagokienez dituzten ondorio juridikoak. Zigilu horren bidez sinatzeak une horretan dokumentuaren edukia zein den egiztatzeko baizik ez du balio.

AZKEN XEDAPENA

Indarra hartzea

Politika honek berau onesten duen Gobernu Kontseiluaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2116739