274. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

44/2021 FORU AGINDUA, azaroaren 22koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, Ablitasko alde zaharra lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzen duena.

Ablitasko Udalak eskatu du herriko alde zaharra, indarreko udal plan orokorreko 1.A azpisektorea, lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzeko.

Horretarako, alde zaharra birgaitzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza onetsi du.

Nafarroako Gobernuak ere, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bidez, herri horretako hirigune historikoko bizitegien birgaitzea sustatzeko asmoa du, eta tresna egokitzat jotzen du lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzea.

Hori horrela, eta Erribera aldeko Birgaitze Bulegoaren txostena ikusirik, aldekoa baita, betetzat jotzen dira irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 54. artikuluan eskatzen diren baldintzak, eta, hortaz, bidezko da Ablitasko alde zaharra lehentasunez gaitu beharreko eremu deklaratzea. Foru dekretu horrek Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen ditu.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Ablitasko alde zaharra (udal plan orokorreko 1.A azpisektorea) lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzea, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan ezarritako ondorioetarako.

2. Ablitasko Udalak bere aurrekontuetan zenbateko bat ezarri beharko du birgaitzeko laguntzetarako; zenbateko hori ez da izanen lehentasunez birgaitu beharreko eremuan –biztanleko eta urteko– aplikatzekoa den modulu haztatuaren %1 baino txikiagoa.

3. Foru agindu hau Ablitasko Udalari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Erribera aldeko Birgaitze Bulegoari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; bestetik, aditzera ematen da haren kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko azaroaren 22an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2116549