274. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

309/2021 EBAZPENA, azaroaren 15ekoa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, merezimendu lehiaketarako deia egiten duena Irakasleari Laguntzeko Zentroetako (ILZ) aholkulari eta zuzendari lanpostu batzuk zerbitzu eginkizunetan betetzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuak nola bete arautzen duen apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuak (ekainaren 2ko 44/2021 Foru Dekretuaren bidez aldatu zenak) bere 3. artikuluan ezartzen du Hezkuntza Departamentuak merezimendu lehiaketen deialdiak eginen dituela Irakasleari Laguntzeko Zentroetako (ILZ) aholkulari eta zuzendari lanpostuak zerbitzu eginkizunetan betetzeko. Zentroa zein gairi lotuta dagoen, haren gaineko eskumena duen organoak proposaturik eginen dira deialdiak.

Behin Hezkuntza Departamentuko Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak proposamena egin duelarik ikasturte honetan Irakasleari Laguntzeko Zentroetako aholkulari eta zuzendari izateko zenbait lanposturen deialdia egiteko, bidezkoa da lanpostu horiek zerbitzu eginkizunetan betetzeko merezimendu lehiaketaren deialdia egitea.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Merezimendu lehiaketaren deialdia onestea Irakasleari Laguntzeko Zentroetan (ILZ) aholkulari eta zuzendari lanpostuak zerbitzu eginkizunetan betetzeko.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Lanpostuak Betetzeko Atalera eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

MEREZIMENDU LEHIAKETAREN DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Merezimendu lehiaketaren deialdia egiten da Irakasleari Laguntzeko Zentroetako zuzendari eta aholkulari lanpostu hauek zerbitzu eginkizunetan betetzeko, deialdi honetan ezartzen diren zehaztapenei jarraikiz:

LANPOSTU ZK.

ATXIKIPENA

LANPOSTUA

LANPOSTU KOP.

HIZKUNTZA

0031147

Irakasleari Laguntzeko Zentroa-Lizarra

ILZko aholkularia

1

Gaztelaniaz

0033322

Irakasleari Laguntzeko Zentroa-Lekaroz

ILZko zuzendaria

1

Euskara

0031310

Irakasleari Laguntzeko Zentroa-Iruña

ILZko aholkularia

1

Gaztelaniaz

0032489

Irakasleari Laguntzeko Zentroa-Iruña

ILZko aholkularia

1

Euskara

0034419

Irakasleari Laguntzeko Zentroa-Iruña

ILZko aholkularia

1

Euskara

Bigarrena.–Baldintza orokorrak eta lanbide-profila.

1. Deialdi honetan parte hartzen duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:

–Hezkuntza Departamentuaren menpeko irakaslea izatea, funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa, eta 2022ko irailaren 1ean jarduneko zerbitzu egoeran egotea.

–Ebazpen honen I. eranskinean eskatzen diren berariazko baldintzak betetzea.

2. Irakasleari Laguntzeko Zentroetako aholkulari edo zuzendari lanetan arituko diren pertsonen lanbide-profila irakasle profesional batena izanen da, prestakuntza didaktiko sendoa eta egokia izanen du bere espezialitatean, eta ongi ezagutuko du bere lanaren testuingurua. Izangaiek trebetasuna izan behar dute informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) erabiltzeko, tresnak ezagutzeari eta erabiltzeari nahiz teknologia horiek hezkuntzan dituzten aukerei dagokienez. Halaber, gaitasuna izan behar dute lantaldeetan aritzeko, eta antolatu, komunikatu eta dinamizatzeko trebetasuna izan.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek horretarako diseinatutako eskabidea bete beharko dute (Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus web orrian eskuratu daiteke), eta, bete ondoren, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztu, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari zuzendua. Eskabidearekin batera, ebazpen honen III. eranskinean dagoen merezimenduen baremoan aipatzen diren merezimenduen frogagiriak aurkeztu beharko dira.

Parte hartzeko baldintzak betetzen direla ofizioz egiaztatuko du Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak, izangaien espediente pertsonalaren arabera. Euskaraz jakin beharra duten lanpostuak eskatzen dituzten izangaiek EGA tituluaren edo beste titulu baliokide baten jabe direla frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, salbu jadanik beren zerbitzu-orrian jaso bada.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako burutuak dauden eta epe horretan aurkezten diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Betebehar bat frogatzeko aurkeztutako dokumentazioa ez da merezimendu gisa baloratzen ahalko.

2. Izangaiek dokumentazioaren kopia eskaneatuak aurkeztuko dituzte; hala ere, administrazioak edozein unetan eskatzen ahalko ditu parte hartzeko eskabidearekin batera aurkezten den dokumentazioaren jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak.

3. Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak edo beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial berekian idatzitakoak, euskarazkoak eta atzerriko hizkuntzen egiaztagiri edo titulazioak izan ezik. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek, eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko, hamar egun balioduneko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.–Izangaiak onartzea.

1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta gero, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak ebazpena emanen du onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrendak ezagutarazteko. Baztertu direnen kasuan, baztertzeko arrazoia zein izan den adieraziko da. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus web-orrian argitaratuko da.

Aipatu ebazpena argitaratuta, interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren ondorioetarako.

Interesdunek zerrenda horien aurkako erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzenduak, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean.

2. Epe hori bukatu eta gero, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak ebazpen bat emanen du onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrendak jakitera emateko. Baztertu direnen kasuan, baztertzeko arrazoia zein izan den adieraziko da.

Aipatu ebazpena argitaratuta, interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren ondorioetarako.

Seigarrena.–Hautapen sistema.

1. Hautapen sistemak bi zati ditu:

a) Lehen zatian, izangaiak eskuratu nahi duen lanpostuaren eginkizunei lotutako proiektu bat aurkeztu eta defendatu beharko du, ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren zehaztapenekin bat.

Izangai bakoitzak ahoz azalduko dio epaimahaiari bere proiektua. Horretarako 30 minutu edukiko ditu gehienez. Gero, epaimahaiak eginen dizkion galderak erantzun beharko ditu, ahoz, 15 minutuz gehienez.

Proiektuaren aurkezpena eta defentsa baloratzeko, 0tik 10era bitarteko puntuazioa emanen zaio, eta gutxienez 5 puntu lortzen ez dutenak baztertuko dira.

Lortzen den puntuazioa epaimahaiko kideek emandakoen batezbesteko aritmetikoa izanen da, milarenera biribilduta.

Epaimahaia eratu ondoren, jakitera emanen dira, deialdiaren fitxan, lanpostu bakoitzerako balorazio irizpideak.

b) Bigarren zatian, merezimenduak baloratuko dira, ebazpen honen III. eranskinean ezarritako merezimenduen baremoari jarraikiz, eta gehienez 10 puntu emanen dira.

Hautapen prozeduraren lehenbiziko zatia gainditzen duten izangaien merezimenduak bakarrik baloratuko dira.

Epaimahaiari dagokio izangaien merezimenduak baloratzeko ardura.

2. Prozedura hasteko, izangaiak epaimahaiaren aurrean aurkeztuko dira eta proiektuaren kopia bat emanen diote. Aurkezpen ekitaldira joaten ez diren edo proiektuaren kopia ematen ez duten izangaiak hautapen prozeduratik baztertuko dira, eta ez da zilegi izanen beste pertsona batzuk haien ordez agertzea.

Izangaiak aurkezpen ekitaldira eta proiektuak defendatzeko ekitaldira joateko deiak Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak eginen ditu, prozeduran onartzen diren izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpenaren bidez, zeina Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko baita gutxienez 48 ordu lehenago. Ebazpen horretan, epaimahaien aurreko jarduketa zein egunetan, zein ordutan eta non hasiko den adieraziko da. Deialdi bakarra eginen da izangai guztientzat. Hortaz, izangaiek bertan egon beharko dute epaimahaiak jarduketak hasteko ezartzen duen orduan, eta ez-aurkeztutzat joko dira hasierako deia egiten den unean agertzen ez diren izangaiak.

Izangaiek proiektua defendatzeko hurrenkera alfabetikoki ezarriko da, bakoitzaren lehen abizenaren hasierako letraren arabera, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren otsailaren 21eko 66/2020 Ebazpenean ezarritakoari jarraikiz egindako zozketan atera den letratik abiatuta.

3. Izangaien balorazioa bukaturik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu izangai bakoitzak proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako behin-behineko kalifikazioak, eta, hala badagokio, merezimenduen baremoko puntuazioak adierazita.

Berdinketak hausteko, irizpide hauek erabiliko dira bata bestearen atzetik:

–Proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako puntuazio handiena.

–Merezimenduen baremoaren ataletan eta azpiataletan lortutako puntuazio handiena, hartan agertzen den hurrenkerari berari jarraikiz.

Berdinketak jarraitzen badu, oinarri honen 2. atalean aipatzen den letra-zozketaren emaitza hartuko da aintzat.

Kalifikazioen kontra interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzenduak, argitara eman eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean.

Erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko kalifikazioak bidaliko dizkio Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari, proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako puntuazioak, eta, hala badagokio, merezimenduen baremoko puntuazioa adierazita, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko dira. Era berean, prozeduraren espediente osoa igorriko da.

4. Deialdi honen xedeko zerbitzu eginkizunak Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez emanen dira, izangaiak hautatzen diren ordenaren arabera.

Zazpigarrena.–Epaimahaiak.

1. Epaimahai bat eratuko da, jarraian adierazten direnek osatua, deitutako lanpostuetarako izangaiak ebaluatzeko:

–Epaimahaiburua: Idoia Sara Pérez, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Maitane Urabayen Nuñez, Unibertsitateaz Kanpoko Irakasleen Batzordeak izendatua.

–Epaimahaikide-idazkaria: José Azpirotz Zilbeti, Irakasleari Laguntzeko Zentroen eta Berriztapen Proiektuen Bulegoko burua.

2. Beharrezkoa izanez gero, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez, epaimahaia osatzeko ordezkoak izendatuko dira.

Halaber, epaimahaiak aholkulari adituen laguntza ere izaten ahal du, eta lehenagoko paragrafoan deskribatu den modu berean izendatuko dira. Aholkulari horien eginkizuna epaimahaiari laguntzea izanen da, bakarrik izendapenaren xede den gaiari buruzko kontuetan.

3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Era berean, egoera horietako bat gertatzen bada, errekusatuak izan daitezke.

4. Deialdi honetan ezarria ez dagoen guztian, epaimahaiaren eraketari, jarduketari eta funtzionamenduari dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.era bitartekoetan kide anitzeko organoei buruz jasotako araudiari jarraikiko zaio.

5. Epaimahaikideek beren ohiko lan ordutegiaren barruan lan eginen dute.

Zortzigarrena.–Zerbitzu eginkizunen araubidea.

1. Zerbitzu eginkizun hauek, hasiera batean, bi ikasturte oso iraunen dute, 2022ko irailaren 1ean hasita.

Behin lehenbiziko ikasturtea bukaturik eta bigarren ikasturteko martxoaren 1a baino lehen, irakasleentzako laguntza zentroetan aholkulari edo zuzendari lanpostu batean zerbitzu eginkizunetan dauden irakasleek ordura arte egindako lanaren memoria aurkeztu beharko dute. Aholkulari lanpostuan ari direnen kasuan, memoria hori zentroko zuzendariak eta kasuan kasuko gaian eskuduna den zerbitzuak baloratuko dute. Zuzendari lanpostuan ari direnen kasuan, memoria kasuan kasuko gaian eskuduna den zerbitzuak baloratuko du. Memoriaren balorazioa gai edo ezgai izanen da, eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari bidaliko zaio dagokion ikasturteko apirilaren 30a baino lehen.

Memoriak balorazio ona izateak berekin ekarriko du zerbitzu eginkizunak hiru ikasturtez luzatu ahal izatea.

2. Aurreko atalean aipatzen den bost urteko aldia bukaturik, baldin eta baliabide zentro batean edo irakasleei laguntzeko zentro batean lanpostu baten jabetza bigarren aldiz eta jarraian hartzen bada deialdi bidez, bukatu eginen da hautagaiak behin betiko betetzen zuen irakasle lanpostuaren erreserba.

Lanpostuaren erreserba bukatu ondoren, eta betiere irakasleak zerbitzu eginkizunetan segitzen duen bitartean Irakasleari Laguntzeko Zentro batean deialdi bidez erdietsitako lanpostuan, borondatez parte hartzen ahalko du Hezkuntza Departamentuak deitzen dituen lekualdatze-lehiaketetan, eta lekualdatze-lehiaketa horietan lanpostu bat esleitzen bazaio, horrek berekin ekarriko du zerbitzu eginkizunei automatikoki uko egitea lekualdatze-lehiaketan esleitzen zaion destinoaren jabetza hartzen duen egunean berean.

Zerbitzu eginkizunak bukatu ondoren, irakasle horiek nahitaez parte hartu beharko dute deitzen diren lekualdatze-lehiaketetan, eta destinoa lortzeko lehentasunezko eskubidea izanen dute beren azken behin betiko destinoa izan zuten herriko edo eskualdeko ikastetxeetan.

3. Deialdi honen ondorioz esleitzen diren zerbitzu eginkizunak, orobat, arrazoi hauetako batengatik bukatuko dira:

a) Onartutako epea bukatzea.

b) Zentroa kentzea edo aldatzea, eta horrek ezinezkoa egitea eragindako zerbitzu eginkizunetan jarraitzea.

c) Interesdunak berariaz uko egitea.

d) Gerora sortutako arrazoiak, dela lanpostuan aritzeko gaitasun faltagatik edo moldatzeko ezintasunagatik, baldin eta horrek baldin badakar errendimendu eskasa eta, horrenbestez, esleitutako eginkizunak eraginkortasunez ezin betetzea, dela lanpostuaren ezaugarriak aldatzeagatik.

Aipatu arrazoi horiengatik zerbitzu eginkizunak bukatu aurretik, deialdia proposatu duen organoak txosten arrazoitu baten bidez eskatuko dio Irakasleak Hautatzeko eta Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariari hasiera eman diezaiola zerbitzu eginkizunak bukatzeko prozedurari.

Prozedura Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez hasiko da. Ebazpen hori deialdia proposatu duen organoari igorriko zaio, zentroko zuzendaritzak igorritako txostenarekin batera, egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzan, interesdunari eta Irakasleen Batzordeari entzunaldia eman ondoren.

Bidezko jarduketak egin ondoren, deialdia proposatu duen organoak langileen gaitasuna edo lanpostura nola egokitu diren baloratzeko txostena prestatuko du, eta Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuari igorriko dio.

Txostena negatiboa bada, zerbitzu eginkizunei bukaera emanen zaie, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren ebazpen baten bidez.

e) Jarduneko zerbitzua ez den beste egoera administratibo batera pasatzea.

f) Administrazioan beste lanpostu baterako izendatua izatea.

g) Langileari beste zerbitzu eginkizun bat ematea, dela Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barnean, dela beste edozein administrazio publikotan.

h) Zerbitzu eginkizunak ematea arrazoitu zuen beharra desagertzea, zentroan behin betiko destinoa duen irakasle batek lanpostu hori bete duelako.

i) Betebeharrak gerora ez betetzea.

Behar bezala justifikatutako ohiz kanpoko kasuetan izan ezik, zerbitzu eginkizunak aurreikusitako epea baino lehen bukatzen badira b) eta c) letretan adierazitako arrazoiak gertatzeagatik, ikasturtearekin batera bukatu beharko dira.

4. Zerbitzu eginkizunak hasi baino lehen aurreko atalean aurreikusitako arrazoiren bat (a eta d letretakoak izan ezik) gertatzen denean, ez da zerbitzu eginkizunetarako baimenik emanen.

5. Zerbitzu eginkizun hauek ez dira bateragarriak maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuan ezarritako baimenekin (haren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezarri ziren).

Horrenbestez, funtzionarioak horrelako baimenen bat esleiturik badu baina oraindik erabiltzen hasi ez bada, baimenari uko egin beharko dio, baldin eta deialdi honetan ezarritako zerbitzu eginkizunak onartzea nahi badu. Orobat, funtzionarioari zerbitzu eginkizunak onartu bazaizkio edo jadanik zerbitzu eginkizunetan ari bada eta aipatutako baimenen bat eskatzen badu, baimena ukatuko zaio.

6. Deialdi honetako lanposturen bat betetzen ez bada hautagai bakar bat ere ez aukeratzeagatik, zilegi izanen da gaiaren arabera eskumena duen organoak egindako proposamen arrazoituari jarraikiz betetzea zerbitzu eginkizunen araubidean, eta behin baino ez, betiere interesdunak deialdiaren baldintzak betetzen baditu eta iraupena ikasturte batekoa baldin bada.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Ebazpen honen eta berau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin eta jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

Iruñean, 2021eko azaroaren 15ean.–Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria (237/2020 Ebazpena, uztailaren 14koa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana), Javier Lacarra Albizu.

I. ERANSKINA

Berariazko betebeharrak

IKASTETXEA

HERRIA

LANPOSTUA

TITULAZIO BALDINTZAK

Lizarrako ILZ

(31147)

Hezkuntzako Teknologien arloko aholkularia

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa.

Bigarren Hezkuntzako katedradunen edo irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen edo maisu-maistren kidegoetakoa izatea.

Lekarozko ILZ

(33322)

Zuzendaria

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa.

Bigarren Hezkuntzako katedradunen edo irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen edo maisu-maistren kidegoetakoa izatea.

EGA titulua edo baliokideren bat izatea.

Iruñeko ILZ

(31310)

Lanbide Heziketako aholkularia

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa.

Bigarren Hezkuntzako katedradunen edo irakasleen kidegoetakoa izatea Lanbide Heziketa berariazkoaren espezialitateetako batean, edo Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegokoa izatea.

Iruñeko ILZ

(32489)

Esparru sozio-linguistikoko aholkularia

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa.

Bigarren Hezkuntzako katedradunen edo irakasleen kidegoetakoa izatea eta espezialitate hauetako bat izatea: Filosofia, Geografia eta Historia, Grekoa, Latina, Gaztelania eta Literatura, Ingelesa, Frantsesa edo Euskal Hizkuntza eta Literatura.

EGA titulua edo baliokideren bat izatea.

Iruñeko ILZ

(34419)

Haur eta Lehen Hezkuntzako aholkularia

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa.

Maisu-maistren kidegokoa izatea.

EGA titulua edo baliokideren bat izatea.

II. ERANSKINA

Hautapen sistemaren eta lanpostuen zehaztapenak

A) Zuzendari lanposturako:

1. Proiektuaren edukia eta ezaugarriak:

Hautagaiek lortu nahi duten ILZko zuzendaritzarako proiektu bat aurkeztu beharko dute, arlo hauek kontuan hartu beharko dituena: irakasleen prestakuntza eta hezkuntza berrikuntza, ILZko talde pedagogikoaren koordinazioa eta dinamizazioa, baliabideen kudeaketa eta ikastetxeentzako aholkularitza.

Proiektuak honako atal hauek jaso behar ditu gutxienez:

–ILZren egoeraren eta beharren analisia, esku hartu behar den jarduketa-eremu bakoitzean.

–Lortu nahi diren helburuen definizioa.

–Helburuak zenbateraino betetzen diren neurtzeko eta lortu nahi diren helburuak zehazteko erabili behar diren adierazleen deskribapena.

–Ezarritako helburuak lortzeko ekintzen eta estrategien proposamena, eta horiek inplementatzeko epeak.

–Proiektua garatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak.

–Proiektuaren segimendua eta ebaluazioa.

Proiektuak 20 orrialde izanen ditu gehienez (aurkibidea, erreferentziak eta eranskinak barne, halakorik bada), DIN A-4 tamainan, Arial 11 letra eta lerroarte bakuna erabiliz.

2. Eginkizunak eta antolaketa:

Irakasleari Laguntzeko Zentroetako zuzendariek Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen etengabeko prestakuntzaren sarea sortu, egituratu eta antolatzeko arauak ematen dituen ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen dituzte.

Horrez gain, Hezkuntza Departamentuko unitate administratiboek bultzatzen dituzten programekiko koordinazio eta lankidetza aktiboa sustatuko dute.

Beharrezkoa denean, beren ekimenez edo Prestakuntza eta Kalitate Atalak erabakita, Irakasleari Laguntzeko Zentroko zuzendariak aholkulari lanak egiten ahalko ditu zuzentzen duen ILZri dagokion eremuan.

B) Aholkulari lanpostuetarako:

1. Proiektuaren edukia eta ezaugarriak:

Hautagaiek lortu nahi duten lanposturako lan proiektu bat aurkeztu beharko dute, zeinaren xedea izanen baita, kontuan harturik ikastetxeen testuingurua eta irakasleen prestakuntza plana, proposamen bat diseinatu, egin eta ebaluatzea irakaskuntzako lanbide gaitasunak hobetzeko eta horrela hezkuntzaren kalitatean eragiteko.

Proiektuak honako atal hauek jaso behar ditu gutxienez:

–Lortu nahi diren helburuen definizioa.

–Helburuak zenbateraino betetzen diren neurtzeko eta lortu nahi diren helburuak zehazteko erabili behar diren adierazleen deskribapena.

–Irakasleak dinamizatzeko eta haiei sostengu eta aholku emateko behar diren estrategiak eta proposamenak.

–Aukeratzen den erreferentziazko ILZri atxikitako ikastetxeei aholku emateko proposamena.

–IKTak txertatzeko aurreikuspena.

–Proiektuaren segimendua eta ebaluazioa.

Proiektuak 20 orrialde izanen ditu gehienez (aurkibidea, erreferentziak eta eranskinak barne, halakorik bada), DIN A-4 tamainan, Arial 11 letra eta lerroarte bakuna erabiliz.

2. Eginkizunak eta antolaketa:

Irakasleari laguntzeko zentroetako aholkulariek Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen etengabeko prestakuntzaren sarea sortu, egituratu eta antolatzeko arauak ematen dituen ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 17. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen dituzte.

Halaber, aholkulariak ikastetxeko erreferentziako aholkulari lanetan arituko dira, zuzeneko prestakuntza emanen dute eta online tutoreak izanen dira.

Prestakuntza eta Kalitate Atalak bultzatzen dituen programekiko koordinazio eta lankidetza aktiboa sustatuko dute.

Osagarritasun printzipioaren arabera, beharrezkoa izanez gero, aholkulariek edozein etapatan egin beharko dituzte prestakuntza, aholkularitza eta antolamendu lanak. Halaber, printzipio berean oinarrituta, aholkulariek, Irakasleari Laguntzeko Zentro bati atxikita egonik ere, beste edozein zentrotako eremuan garatzen diren prestakuntza jarduerak ematen ahalko dituzte, prestakuntza sareak antolatutako jarduerek hala eskatuta.

Horrez gain, eta prestakuntza beharren arabera, irakasleen prestakuntzari buruzko beste lan eta eginkizun batzuk ere esleitzen ahalko zaizkie aholkulariei, zein lanpostutan sartu ziren kontuan hartu gabe.

III. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

Merezimenduen baremoko puntuazioa, guztira: 10 puntu.

I.–Irakaskuntzako esperientzia (5 puntu gehienez):

Izangaiak karrerako funtzionario gisa duen irakasle esperientzia baloratuko da: 0,48 puntu emanen dira zerbitzu urte bakoitzeko, deialdiaren azkeneko egunean kontatuta. Deialdian parte hartzeko eskatzen diren hiru urteak ez dira inola ere baloratuko.

Hilabete osoko 0,04 puntu emanen dira, eta hondarreko egunak ez dira kontuan hartuko.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria.

II.–Beste merezimendu batzuk (5 puntu gehienez):

2.1. Etengabeko prestakuntza (2 puntu gehienez):

2.1.1. Lortu nahi den lanpostuarekin lotura zuzena duten prestakuntza jarduerak gainditzeagatik: egiaztatutako 10 orduko, 0,05 puntu. Gehienez ere puntu bat.

Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen 10 ordutik beheitikoengatik. Prestakuntza jarduerak kreditutan –eta ez ordutan– adierazten badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du.

Hezkuntzako administrazio publiko batek edo unibertsitate batek jarduerez emandako ziurtagiriaren kopia eskaneatua aurkeztu beharko da, edo, halakorik ezean, kasuko hezkuntza administrazioak jarduera horiek aitortu edo homologatzeko idazki bat, eta agiri horretan berariaz agertuko da jardueraren kreditu kopurua edo zenbat ordu iraun duen.

2.1.2. Lortu nahi den lanpostuarekin lotura zuzena duten prestakuntza eta hobekuntza jarduerak emateagatik: egiaztatutako 5 orduko, 0,1 puntu. Gehienez ere puntu bat.

Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen bost ordutik beheitikoengatik. Prestakuntza jarduerak kreditutan –eta ez ordutan– adierazten badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du.

Hezkuntzako administrazio publiko batek edo unibertsitate batek jarduerez emandako ziurtagiriaren kopia eskaneatua aurkeztu beharko da, edo, halakorik ezean, kasuko hezkuntza administrazioak jarduera horiek aitortu edo homologatzeko idazki bat, eta agiri horretan berariaz agertuko da jardueraren kreditu kopurua edo zenbat ordu iraun duen.

2.2. Ikerketa eta berrikuntza jarduerak, eta beste jarduera batzuk (puntu bat gehienez):

2.2.1. Lortu nahi den lanpostuarekin lotura duten ikerketa eta berrikuntza jardueretan parte hartzeagatik: 0,25 puntu jarduera bakoitzeko.

Ikerketa edo berrikuntza proiektuetan parte hartu izana frogatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, kasuko hezkuntza administrazioak emandakoak.

2.2.2. Lortu nahi den lanpostuarekin lotura duten ikerketa eta berrikuntza jarduerak koordinatzeagatik: 0,50 puntu jarduera bakoitzeko.

Ikerketa edo berrikuntza proiektuak koordinatu izana frogatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, kasuko hezkuntza administrazioak emandakoak.

2.3. Prestakuntza akademikoa (3 puntu gehienez):

2.3.1. Graduondokoak, doktoretza eta aparteko sariak:

–Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomagatik (apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua), master titulu ofizialagatik (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren arabera, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera edo abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren arabera lortua), ikertzeko nahikotasunagatik edo beste edozein titulu baliokiderengatik, baldin eta titulu horiek bere irakasle kidegoan sartzeko baldintza gisa eskatu ez badira: 1 puntu.

–Doktore titulua izateagatik: 1 puntu.

Tituluaren ziurtagiria edo, hala badagokio, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da.

Ikertzeko nahikotasunari edo Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomari dagokionez:

–Unibertsitatearen ziurtagiria, ikertzeko nahikotasuna aitortzen duena, eskuratuta izanez gero urtarrilaren 23ko 185/1985 Errege Dekretuaren arabera.

–Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diploma, eginak izanez gero apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretuaren arabera.

2.3.2. Unibertsitateko beste titulu batzuk:

Unibertsitateko titulazio ofizialak, irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa alegatutakoez apartekoak, honela baloratuko dira:

–Lehen zikloko titulazioak: diplomadun, ingeniari tekniko edo arkitekto tekniko titulu bakoitzeko edo legez horien baliokide den titulu bakoitzeko, eta lizentzia, arkitektura edo ingeniaritza bateko lehen zikloari dagozkion ikasketengatik: 1 puntu.

Azpiatal honetan ez dira behin ere baloratuko izangaiek aurkezten dituzten mota horretako lehenengo tituluak edo ikasketak.

–Bigarren zikloko titulazioak:

lizentzien, ingeniaritzen, arkitekturen edo unibertsitateko gradudun titulu ofizialen bigarren zikloko ikasketengatik edo legez horien baliokide diren tituluengatik: 1 puntu.

Bigarren ziklokoak bakarrik diren tituluak eta ondorio guztietarako unibertsitateko lizentziadun tituluaren baliokidetzat jotzen diren tituluak bigarren ziklo bat bezala baloratuko dira bakarrik.

Norberaren kidegoan sartzeko baldintza diren tituluen kopia eskaneatua aurkeztu behar da, bai eta merezimendu gisa aurkezten dituen titulu guztiena ere, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Gradudun titulua ez da baloratuko baldin eta titulu hori lortu bada ikasketa-arlo bereko unibertsitateko titulu bat (diploma edo lizentzia) daukatenentzat bideratutako egokitzapen ikastaro bat eginez.

Titulazio berean oinarritzen diren espezialitateak ez dira titulu desberdintzat hartuko. Titulu berari dagozkion aipamenak ez dira gradutzat hartuko.

Titulazioak atzerrian lortu badira, titulu horien kopia eskaneatua aurkeztu beharko da, homologazioa egiaztatzen duen agiriarekin batera.

2.3.3. Araubide bereziko irakaskuntzetako eta berariazko lanbide heziketako titulazioak:

–Musikako edo Dantzako titulu profesional bakoitzeko: 0,5 puntu.

–Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulu bakoitzeko: 0,2 puntu.

–Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulu bakoitzeko: 0,2 puntu.

–Goi mailako kirol teknikari titulu bakoitzeko: 0,2 puntu.

Tituluaren ziurtagiria edo, hala badagokio, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da.

2.4. Euskararen, ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutza egiaztatzeko titulazioak (2 puntu gehienez):

Euskara, ingelesa, frantsesa edo alemana jakitea frogatzen duen ziurtagiria, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin bat, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan jaso zen bezala (Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 184/2011 Foru Aginduaren eta Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 10eko 30/2018 Foru Aginduaren bidez aldatua):

–C2 edo baliokidea: 1 puntu.

–C1 edo baliokidea: 0,75 puntu.

–B2 edo baliokidea: 0,50 puntu.

Merezimendu gisa alegatutako ziurtagiriaren kopia eskaneatua aurkeztuko beharko da, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Hizkuntza bakoitzean, maila altueneko ziurtagiria bakarrik hartuko da kontuan.

Ez da beharrezkoa izanen hizkuntza gaitasunen ziurtagiriak gaztelaniara itzultzea.

Iragarkiaren kodea: F2116187