274. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

91/2021 FORU DEKRETUA, azaroaren 17koa, zeinaren bidez aldatzen baita urriaren 30eko 261/2019 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta haren estatutuak onesten dituena.

ZIOEN AZALPENA

Urriaren 30eko 261/2019 Foru Dekretuaren bitartez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta haren estatutuak onetsi ziren.

Estatutu horien 5. artikuluak ezartzen du zein izanen den Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren gobernu Kontseiluaren osaera, eta 3. puntuko h) letraren arabera, kontseiluko kide izanen dira, batzordekide gisa, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario eta lan-kontratudunen mahai orokorretan diharduten sindikatuen bi ordezkari.

Agindu horren idazketa ez da zehatza erakunde sindikalek Gobernu Kontseiluko kideak izendatzeko eremu bakoitzean behar duten ordezkaritza-maila zehazteari dagokionez; hori horrela, beharrezkoa da ordezkaritzaren norainokoa zehaztea eta alderdi hori finkatzea.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko azaroaren hamazazpian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta haren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 261/2019 Foru Dekretuaren 5.3 artikuluaren h) letra:

“h) Bi ordezkari sindikal, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta estatutupeko langileen negoziazio mahai orokorrean ordezkaritza handiena duten eta, aldi berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura diharduten lan-kontratudunen eremuan hautatutako ordezkariak dituzten erakunde sindikalak ordezkatuz”.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Foru dekretua garatu eta aplikatzea.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari behar diren xedapenak eman ditzan foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko azaroaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2116354