273. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

255/2021 EBAZPENA, azaroaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Nafarroan ugalketarako landare-materiala lortu eta merkaturatzeko hazi-iturrien eta unada hautatuen zerrenda eguneratua, eta iturri horiek Oinarrizko Materialen Espainiako Erregistro eta Katalogoan sartzeko tramitazioa egiten baita.

Martxoaren 7ko 289/2003 Errege Dekretuak (2003ko 58. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, martxoaren 8koan) Kontseiluaren 1999ko abenduaren 22ko 1999/105/EE Zuzentarauaren transposizioa egin zuen. Zuzentarau horrek aurreko zuzentarau europarrak bateratu eta eguneratu zituen, bai eta haien ondoriozko ministro-aginduak ere. Arau horiek guztiak eta ugalketarako baso-materialei buruzko 1356/1998 Errege Dekretua indargabetu ditu errege dekretu berri horrek.

Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak jakinarazi du baimendu behar dela Nafarroan hazi-iturrien eta unada hautatuen eguneratzea, helburu hauekin: deklaratuta daudenen deskribapen akatsak zuzentzea, mantendu beharrekoak ez diren batzuei baja ematea eta ugalketarako baso-materialak ekoiztu eta merkaturatzeko oinarrizko material erabilgarriak handitzea.

Adierazitakoarekin bat, eta honakoek emandako eskudantziak erabiliz: Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatua), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari abelbideak babestu, leheneratu eta kudeatzeko eskumena ematen diona,

EBAZTEN DUT:

1. Baimentzea ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den Nafarroako hazi-iturrien eta unada hautatuen zerrenda, martxoaren 7ko 289/2003 Errege Dekretuan ezarritako xedeen arabera.

2. Nafarroako hazi-iturrien eta unada hautatuen zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

3. Honen bidez eguneratzen diren zerrendak onetsi zituzten aurreko ebazpenak indargabetzea, hau da, honakoak: Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 25eko 264/2006 Ebazpena, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 30eko 2112/2007 Ebazpena, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 2ko 298/2018 Ebazpena.

4. Nafarroako hazi-iturri baimenduak Oinarrizko Materialen Espainiako Katalogoan sartzeko tramitea egitea Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioko Biodibertsitatearen, Basoen eta Desertifikazioaren Zuzendaritza Nagusiko Oinarrizko Materialen Espainiako Erregistroan, Errege Dekretuaren X. eranskinaren arabera egindako arauzko datuak erabiliz, basogintzako erabilerarako ugalketarako material identifikatuak edo hautatuak izatearren.

5. Ebazpen hau igortzea Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioko Biodibertsitatearen, Basoen eta Desertifikazioaren Zuzendaritza Nagusira, eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalera eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzura.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Ebazpen honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko azaroaren 2an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Nafarroako hazi-iturrien eta unada hautatuen zerrenda (XLSa).

Iragarkiaren kodea: F2115992