271. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

432E/2021 FORU AGINDUA, azaroaren 17koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, dirulaguntzen deialdi bat onesten duena aparteko laguntzak emateko COVID-19aren ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean dauden langileei. DDBN identifikazioa: 595777.

COVID-19aren ondoriozko osasun-krisia eta hari aurre egiteko deklaratu zen alarma-egoerari lotutako neurriak direla bide, enpresen jarduna eten edo murriztu da, eta horrek berebiziko eragina izan du soldatapeko langile ugariren enpleguan; izan ere, horietako askok pairatu dituzte ondorioak, dela haien kontratuak eten direlako, dela lanaldia murriztu zaielako, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen bidez (ABEEEak).

Lan kontratua eten edo lanaldia murriztu zaielako orain langabeziako prestazioa jasotzen dutenei, enpleguari eutsita ere, nabarmen murriztu zaie aldi horretan erabilgarri duten errenta, eta egoera hori bereziki larria da soldata txikiak dituztenen kasuan.

Egoeraz ohartuta, Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak ulertu du lehentasuna dela egoera zaurgarrienean dauden pertsonak babestea, eta beharrezko jo du langabeziako prestazioan osagarri bat ezartzea soldata txikienak dituzten langileentzat, errentan izan duten murrizketa nolabait arintzeko, eta posible den heinean laguntzeko bizi-maila duina mantentzen, haien premiak asetuta. Horretarako, 2021eko ekainaren 29an adostu zuen ABEEEak osatzea, dirulaguntzen deialdi berri bati onespena emanez.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak, bere eskumenen barnean eta agindutako funtzioak betez, Elkarrizketa Sozialeko Kontseiluak adostutakoari erantzun bat eman nahi dio.

Nafarroako Gobernuak, 2021eko urriaren 20ko bilkuran, baimena eman dio Eskubide Sozialetako kontseilariari dirulaguntzak emateko, aparteko laguntzak eman diezazkien, banakako ebaluazioan, COVID-19aren ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean dauden langileei.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten ahalmenak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak,

AGINTZEN DUT:

1. COVID-19aren ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean dauden langileei aparteko laguntzak emateko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. 800.000 euroko gastua baimentzea, foru agindu honetatik sortutako gastu konpromisoetarako, 2021eko gastuen aurrekontuko “Aparteko laguntzak ABEEEaren eraginpean dauden langileentzat” izeneko 900002 91100 4809 231504 COVID-19 partidaren kargura.

4. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, 2.000.000 euro gehituz, gehienez, dagozkion aurrekontu gehikuntzen bidez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren egoeraren bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzerik, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hasterik ere.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

7. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2021eko azaroaren 17an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

COVID-19aren ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean dauden langileei aparteko laguntzak emateko dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehendabizikoa.– Laguntzen deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da langabeziako prestazioa osatzea aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteengatik kontratua eten edo lanaldia murriztu zaien pertsonei, jomuga hartuta erabilgarri dituzten errentetan izandako murrizketa arintzea.

Bigarrena.–Aurrekontu-baliabideak.

2021eko ekitaldian, helburu horietarako zenbatekoa 800.000 eurokoa izanen da, guztira, “Aparteko laguntzak ABEEEaren eraginpean dauden langileentzat” izeneko 900002 91100 4809 231504 COVID-19 partidaren kargura.

Zenbat eskaerak betetzen dituzten baldintzak ikusita, eta kreditu erabilgarririk baldin badago aurrekontuko partidan, deialdirako diru kopurua handitzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu bidez.

Hirugarrena.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskatzen ahalko dituzte besteren kontura lan egiten duten pertsona fisikoek edo lan sozietateetako zein lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileak izanik besteren konturako langile izaera dutenek, baldin eta 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra, biak barne, ordaindutakoaren araberako langabezia prestazioaren titular izan badira gutxienez 7 egunetan, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten ondorioz kontratua eten edo lanaldia murriztu zaielako; baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Egoitza fiskala Nafarroan edukitzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako, 2020. urteaz geroztik.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 2020ko zergaldian eskuratutako errentak –zerga oinarria osatzen dutenak– eta errenta salbuetsiak batuta, onuraduna ez bada familia-unitate bateko kide, ezin izanen du 25.000 euroko kopurua gainditu, eta familia-unitate bateko kide bada, 45.000 eurokoa, betiere kontuan harturik azken kasu horretan unitateko kide guztiek eskuratutako errentak zenbatuko direla. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudian ezarritakoari jarraikiko zaio zerga-oinarria osatzen duten errentak, errenta salbuetsiak eta familia-unitateak zer diren ezartzerako orduan.

c) Ez eskatzaileak ezta haren familia-unitateko ezein kidek ere ezin du 2020ko ekitaldiari dagokion ondarearen gaineko zergaren subjektu pasiboa izan.

d) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea.

Laugarrena.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da langileari zenbat egunez aplikatu zaion, enplegu-erregulazioari lotuta, lan etena eta/edo lanaldi murrizketa, 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra, bi egun horiek barne.

Horretarako, enplegu-erregulazioan egon diren egunak zenbatuko dira, eta kopuru hauen zati proportzionala egokituko zaie:

  • 200 euro hilean, onuradunaren lan kontratuan ezarritako lan orduak lanaldiaren %50 edo gehiago badira.
  • 150 euro hilean, onuradunaren lan kontratuan ezarritako lan orduak lanaldiaren %50 baino gutxiago badira.

Interesdunak ABEEEaren eraginpeko kontratu bat baino gehiago baditu, enpresa bateko edo batzuetakoak, kontuan hartuko dira lanaldiak osotara dituen lan orduak, horren arabera jakiteko zenbat euro dagozkion hilean (200 edo 150).

2. Formula hauek erabiliko dira zenbatekoak kalkulatzeko:

a) Kasuan kasuko kontratua lanaldi oso baten %50ekoa edo hori baino handiagoa bada:

Zenbatekoa = (ABEEEan emandako egun kopurua [2021-01-01etik 2021-12-31ra] / 30) × 200

b) Kasuan kasuko kontratua lanaldi oso baten %50 baino txikiagoa bada:

Zenbatekoa = (ABEEEan emandako egun kopurua [2021-01-01etik 2021-12-31ra] / 30) × 150

3. Laguntza honen gutxieneko zenbatekoa 60 eurokoa da, arestiko formularen emaitza zenbateko hori edo txikiagoa denerako.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2021eko abenduaren 31n bukatuko.

2. Eskaerak eta dokumentazio erantsia telematika bidez aurkeztea lehenetsiko da, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo Cl@ve eduki beharko da.

3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriek erantzukizunpeko adierazpenen itxura dute, eta laguntzen fitxan eskuratu daitezkeen ereduen araberakoak izan beharko dute; eskaneatuta aurkeztu beharko dira, fitxategi bereizietan eta deialdi honetan erabilitako terminologiaren arabera. Hauek dira agiri horiek:

a) 2020ko ekitaldiko errenta aitorpena, familia-unitateko kideena. Agiria esteka honetan eskuratu daiteke:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Consulta-de-declaraciones

b) Kontratua: enplegu-erregulazioko espedientearen eraginpeko lan kontratua edo kontratuak, zeinengatik laguntza eskatzen baita.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, laguntza eskaerak erantsia duena. Eskaeran zehaztu beharko da hilean zenbat egun eman diren ABEEEan, eta une bakoitzean indarra duen lan-kontratuan adierazitako lanaldiaren %.

d) Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) emandako ebazpena, non adierazten baita ABEEEa dela-eta jasotako langabezia prestazioaren zenbatekoa.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko jatorrizko eskaera, behar bezala betea. Eskaera horretarako bete behar den inprimakia esteka honetan eskuratu daiteke: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 19. artikuluan ezarritako baldintzak, edo eskaera baloratzea ahalbidetzen ez badu, organo kudeatzaileak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. Edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipatutako agiriak, organo kudeatzaileak bide elektronikotik jaso ditzan, salbu eta interesdunak berariaz aukera hori eragozten badu. Kasu horretan, berak aurkeztu behar ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Aipatu organoak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzala eskatzen ahalko dio interesdunari.

6. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

7. Laguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea laguntza ematen duen organoari, ofizioz egiazta dezan hirugarren oinarriko a), c) eta d) letretan eskatzen diren baldintzak betetzen diren. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharrak egiaztatzeko agiriak.

Seigarrena.–Laguntza emateko prozedura eta prozeduraren instrukzioa.

1. Banakako ebaluazioa erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

2. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta instrukzio organo gisa ariko da Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua. Horrexek egiaztatuko du betetzen diren dirulaguntzak eskuratzeko bete behar diren baldintzak, hirugarren oinarriak ezarritakoak, eta ofizioz baloratuko ditu eskaerak, oinarri hauen arabera.

Zazpigarrena.–Balorazioa, dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea eta ebazpena.

1. Instrukzio organoak, hirugarren oinarria kontuan hartuta, banaka-banaka aztertuko ditu eskaerak, haiek aurkezteko hurrenkerari jarraikiz; eta laugarren oinarrian adierazitakoaren arabera zehaztuko du dirulaguntzaren zenbatekoa.

2. Oinarri arautzaile hauetako baldintzak betetzen dituzten eskaerak diruz laguntzea proposatuko da, harik eta aurrekontuaren partida agortu arte; ebazpen arrazoitua eginen da eta eskatzaileei jakinaraziko zaie.

3. Ebazpena edo ebazpenak hiru hilabeteko gehieneko epean eman eta jakinaraziko dira, eskaerak aurkezten diren egunetik hasita, eta argitara emanen dira Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian, www.nafarroa.eus helbidean, Tramiteen Katalogoan laguntzak duen fitxan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako. Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta argitaratu gabe, laguntza-eskaera administrazio isiltasunez ezetsi dela ulertzen ahalko da.

Zortzigarrena.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa ordainketa bakarrean ordainduko zaie onuradunei, laguntza emateko ebazpena ematearekin batera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluarekin bat.

2. Dirulaguntza justifikatutzat joko da hura eskuratzeko baldintzak betetzearekin.

Bederatzigarrena.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Laguntzen eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Organo kudeatzaileari jakinaraztea beste edozein administrazio publikok edo erakunde publikok zein pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntza edo laguntzen berri.

b) Organo kudeatzaileari jakinaraztea dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo zein subjektiboren aldaketa.

c) Organo emailearen egiaztapenak eta kontrolak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietarako eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak betetzen ez badira, ordaindutako dirulaguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Laguntza eman duen organoak berak emanen du hura itzularazteko ebazpena. Aurretik behar den prozedura tramitatuko du, eta bertan, organo kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batera, bidezko diren txostenak eta frogak bilduko dira, bai eta onuradunaren alegazioak ere, halakorik badago. Itzulketaren prozedura amaitzeko ebazpena eman eta jakinarazteko epea hamabi hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epe hori iraganik, dirua itzultzeko prozedura iraungitzat joko da.

Prozedura amaitzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, diru-sarrera non, nola eta noiz egin behar duen adieraziz eta, orobat, ohartaraziko zaio itzulketa ezarritako epean egiten ez badu premiamendu bideari hasiera emanen zaiola.

Hamargarrena.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak ez dira bateragarriak beste edozein administrazio publikok edo entitate publiko zein pribatuk kontzeptu eta xede bererako ematen dituen inolako dirulaguntza edo laguntzekin.

Hamaikagarrena.–Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Datu pertsonalen babesari dagokionez, Eskubide Sozialetako Departamentuaren jarduna beteko da Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoari lotuta.

Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira misio bat betetzeko, interes publikoaren aldekoa, Eskubide Sozialetako Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak laga ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuaren beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaimahai eta erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.

Datuen titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, eta eskubide horiek erabiltzeko Eskubide Sozialetako Departamentura idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute (González Tablas k. 7, 31005, Iruña, edo info.derechossociales@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen fitxan kontsultatzen ahalko da.

Hamabigarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aplikazio egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Hamalaugarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Deskargatu eskaera orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2116473