270. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 26a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

60/2021 FORU AGINDUA, azaroaren 24koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak ezartzen baitira COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren ondorioz.

Irailaren 29an Osasuneko kontseilariaren 35/2021 Foru Agindua onetsi zen. Haren bidez bertan behera utzi ziren COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta hartu eta indarrean ziren berariazko neurrien ondoriozko murrizketak. Foru agindu horren hirugarren xedapen gehigarrian ezarri zen baldin, edozein arrazoi tarteko izanik ere, Nafarroako Foru Komunitatean aldatzen badira egoera epidemiologikoa eta pandemia orokorraren egungo joera, osasun agintaritzak egoki irizten dizkion osasun arloko prebentzio neurri berariazkoak ezartzen ahalko dituela osasun publikoa babesteko eta COVID-19agatiko kutsatzeak saihesteko asmoz. Horrelakoetan, bete beharko ditu indarrean diren osasun arloko arauetan ezarritako zuhurtasun eta proportzionaltasun printzipioak.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenak dio 14 eguneko 7 eguneko intzidentzia metatua arrisku oso handiko mailara iritsi dela eta joera nabarmen goranzkoa dela, 1,56ko ratioarekin.

Zirkulazio epidemikoaren intentsitatea handitzen ari da, eta hori argi eta garbi islatzen da, batetik, ratioan (14 eguneko eta 7 eguneko intzidentzia metatuaren ratioa 2 baino nabarmen txikiagoa, 1,38koa hain zuzen ere), eta bestetik, COVID-19aren Infekzio Aktiboaren Proba Diagnostikoen (IAPD) positibotasunean, %2,8koa izatetik %7,6koa izatera igaro baita azaroan.

Intzidentzia metatu handiena 5 urtetik 14 urtera bitarteko populazioan ematen da; azken bi asteetan adin tarte horretan gertatu da hazkunderik handiena, eta haren atzetik 35-54 urteko adin tartean. Aste honetan modu esanguratsuan igo da 55 urtetik 74 urtera bitarteko adin tartean ere.

Horrekin batera, azken bi asteotan batez ere familia- eta eskola-esparruan handitu da transmisioa. Esparru ezezaguneko kasuen kopuruak ere nabarmen egin du gora.

Azaroaren 22an argitaratutako datuen arabera, Nafarroa da intzidentzia tasa metatu handiena duen autonomia erkidegoa, bai 14 egunekoa, bai 7 egunekoa, 100.000 biztanleko 373,56 kasurekin eta 100.000 biztanleko 238,66 kasurekin, hurrenez hurren, eta 1,56ko ratioarekin. Horrek adierazten du nabarmena dela goranzko joera.

14 eguneko eta 7 eguneko intzidentzia metatu hori Estatuko batez bestekoa baino 2,82 eta 3 aldiz handiago da; Estatuan 100.000 biztanleko 132,19 eta 79,09 kasu zenbatu dira, eta ratioa 1,67koa da, eta, joera goranzkoa bada ere, Nafarroan baino apalagoa da.

Adin taldeen araberako 14 eguneko berariazko intzidentzia metatuari dagokionez, Nafarroa lehena da adin talde guztietan, 12-19 urtekoen eta 80 urtetik gorako adin taldeetan izan ezik. Horietan bigarren lekuan ageri da, EAE eta Errioxaren atzetik, hurrenez hurren. Bereziki deigarria da 11 urteko eta hortik beherako pertsonetan neurtu den intzidentzia; batez bestekoa baino lau aldiz handiagoa da, eta gauza bera 20-29 urtekoen eta 30-39 urtekoen taldeetan ere, horietan intzidentzia 2,7 eta 3,2 aldiz handiagoa baita, hurrenez hurren.

Estatistikako Institutu Nazionalaren 2020ko biztanleria datuak hartuta, babes txikiena duen adin taldea 30-39 urtekoena da (%78), eta, ondoren, 20-29 urtekoena (%82,7). Une honetan, 70 urtekoak eta adin horretatik gorakoak hirugarren dosia hartzen ari dira, oroitzapenekoa, eta horrekin batera gripearen aurkakoa. Adin talde horretan %68,9k hartu du aipatu dosia.

Gure erkidegoko datu berrienen arabera, Nafarroan COVID-19ren aurkako txertaketaren pauta osoaren batez besteko eraginkortasuna %66koa da infekzio guztiak prebenitzeko (asintomatikoak eta sintomatikoak), %69koa kasu sintomatikoak prebenitzeko eta %91koa COVID-19ren ondoriozko ospitaleratzeak prebenitzeko. Kutsatzeko arriskua murriztu egiten da baieztatutako kasua eta kontaktu estua txertatuta daudenean, nahiz eta prebentzio neurriak lasaitzeak efektu hori indargabetzen ahal duen.

Datu horietatik ondorioztatzen da txertaketa osoak oso eraginkortasun handia duela ospitaleratzea saihesteko, baina bere eragina apalagoa dela transmisioaren prebentzioan, eta beharbada ez dela nahikoa izanen birusaren zirkulazioa kontrolatzeko.

Azkenik, txostenak gomendatzen du, herritarren %100 txertatzen ahalegintzeaz gain, transmisioa saihesteko banakako prebentzio neurriei eustea (batez ere maskararen erabilera egokia, distantzia fisikoa, espazioak ongi aireztatzea eta eskuetako higienea), eta kontaktu estuen kasuan bakartzeari eta berrogeialdiari heltzea, prebentzio neurri indartu gisa.

Egoera honetan, COVID ziurtagiria transmisioa saihesteko hartu beharreko neurriak aplikatzeko beste tresna bat da. Helburua da, betiere prebentzio neurri batzuk alboratu gabe (aireztapena eta maskara behar bezala erabiltzea, esaterako), kutsatzeko arriskua handiagoa den espazioetan (barneko espazioetan, jende asko biltzen denetan, eta jan edo edan daitekeelako une luzez maskararik gabe egon daitekeenetan) kutsatzeko probabilitatea murrizten laguntzea, eta zeharka, txertaketa sustatzea, eta, ondorioz babestutakoen kopurua %100era iristea.

Bilakaera epidemiologikoaren arabera, aurrekoa nahikoa ez bada eta alerta maila handitzen bada, beste neurri murriztaile batzuk hartu beharko dira.

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko kudeatzailearen txostenaren arabera, urriaren 1etik aurrera erkidegoko kasu positiboen gorakadaren proportzio berean gora egiten ari da COVID-19rekin lotutako ospitaleetako larrialdietako arreta eskaera. Ospitaleratzeak ere ugaritzen ari dira, batez ere azken bi asteetan. Joan den astean gorakada nabarmena gertatu zen, ospitaleko agerraldi batek 13 infekzio aktibo eragin baitzituen aurretik beste arrazoi batzuengatik ospitaleratuta zeuden pazienteengan.

Txertatutako pertsonen koadroen larritasuna arinagoa izateak ospitaleratzeen eta alten arteko txandaketa azkarragoa izatea ahalbidetzen du, eta ospitaleetako oheen okupazioa murrizten du.

Seigarren olatu honetan hiru profil nabarmendu dira ospitaleratutako pazienteen artean. Alde batetik, txertatu gabeko pazienteak: lehenbiziko olatuen antzeko koadroak dituzte eta ZIUn amaitzeko arrisku handia dute. Bestetik, COVIDaren klinika ohikoa (COVID pneumoniak) duten paziente txertatuak; aurreko olatuetako pazienteek baino larritasun txikiagoa izan arren arrisku handiagoko kolektiboei eragiten diete, hala nola 65 urtetik gorakoei eta aldez aurreko patologia arriskutsuak dituzten pertsonei (pertsona horiek 3. dosia jasotzen ari dira). Azkenik, txertatuta egon ala ez, ospitalera beste patologia batzuekin joan eta SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzio asintomatikoa hautematen zaien pazienteak; horiek baliabide espezifikoak behar izaten dituzte eta horren ondorioz pazientearen aurretiko patologiaren bilakaera okertzen ahal da.

SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzio aktiboa duten pazienteen heriotza-tasa ere handitzen hasi da ospitaleetan. Urriaren 1az geroztik ZIUko ospitaleratzeen kopurua berdintsua izan da aste batetik bestera, baina altekin alderatuta oreka ezegonkorra da.

Txostenak ondorioztatzen duenez, olatu batean gaude berriz ere, garai bereziki kritikoan gainera; izan ere, arnasbideetako birusak hedatzeko garai aproposa izaten da hau, Arnas birus sintzitiala garaia baino lehen eta gripea bera zirkulazioan hasten direnekoa; horiekin batera arnas eta urdail-hesteetako beste birus batzuk ere hedatu ohi dira, zubi foraleko eta Eguberri asteetako oporraldiak baliatuta. Egun horietan handitu egiten da mugikortasuna eta sozializazioa, eta ospitaleetan eskura dauden langile kopuruan ere eragina izaten du.

Azkenik, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren txostenean honako hau gomendatzen da: txertorik hartu ez duten pertsonak txertatzen jarraitzea eta arrisku taldeentzako dosi gehigarriak indartzea; denborak txertoen babes ahalmenean zer nolako eragina duen kontu handiz ebaluatzea kolektibo guztietan; gaur egun erkidegoan indarrean dauden prebentzio neurriak bete daitezen indartzea, eta erkidegoan birusaren hedapena motelduko duten prebentzio neurri berriak sartzea arnas birusak hedatzeko arriskua handiena den eta osasun sistemaren erantzuteko gaitasuna txikiagoa den asteetan.

Aipatutako txosten teknikoak ikusita, bidezkoa da prebentzio neurri sanitarioak agintzea COVID-19aren kutsatzeak gutxitzeko eta osasun publikoa babesteko. Horretarako, gomendio garrantzitsu batzuk ematen dira jarduera asistentzialean eragina izaten ahal duten kutsatzeei eusten laguntzeko, eta gogorarazten da segurtasun distantzia errespetatu ezin denean maskara nahitaez erabili behar dela barrualdean nahiz kanpoaldean, estatuko araudiari jarraikiz. Ildo horretan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenak dioenez, 2021eko urrian BMJ aldizkarian argitaratu berri den azterlan batean ondorioztatzen da eskuak garbitzea, maskara behar bezala erabiltzea eta distantzia fisikoa mantentzea onuragarria dela COVID-19aren intzidentzia murrizteko.

Bestalde, “COVID ziurtagiria” kutsatzeak saihesteko neurriak aplikatzeko beste tresna bat da ostalaritzako establezimendu jakin batzuetarako eta 1.000 pertsonatik gorako ekitaldietarako, jan-edanak eskaintzen direnean; izan ere, espazio horiek itxiak dira, batzuetan aireztapen eskasa dute eta bertan jende asko biltzen da; gainera, jatean edo edatean maskararen erabilera lasaitu egiten da, zutik egotean, dantzatzean etab. zaila izaten da segurtasun distantzia gordetzea, eta ahotsaren tonua ozenagoa izaten da. Baldintza horiek handitu egiten dute kutsatzeko aukera, askotan frogatu den bezala.

Oinarrizko eskubideen murrizketa dakarren premiazko eta beharrezko neurri hori ezartzeko arau-babesa osasun legeriak ematen du. Zehazki, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak eta Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak. Auzitegi Gorenaren 2021eko irailaren 14ko 1112/2021 epaiak, Administrazioarekiko Auzien Salaren 4. sekzioarenak, Galiziako Autonomia Erkidegoari buruz dioenaren arabera, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 3. artikuluaren edukia laburra bada ere, nahikoa da oinarrizko eskubideen murrizketaren bat dakarten osasun-neurriak arauen aldetik babesteko, nahiz eta murrizketa hori, kasu honetan den bezala, arina izan.

Foru agindu honetan jasotzen den neurriak oinarrizko eskubideei eragiten ahal die, hala nola berdintasunerako eskubideari, intimitaterako eskubideari, datu pertsonalak babesteko eskubideari eta pertsonen zirkulazio askeari. Hala ere, Auzitegi Gorenak emandako epai horrek dio eskatutako dokumentua erakusteak ez duela berdintasunerako eskubidea urratzen, ez baita diskriminaziorik egiten txertatuta daudenen eta txertatuta ez daudenen artean. Izan ere, neurriak modalitate hirukoitza aurreikusten du: txertaketa ziurtagiria, IAPD proba baten emaitzen ziurtagiria edo antigenoen testa edo sendatze ziurtagiria. Aukera horiek guztiak eskuragarriak dira pertsona guztientzat, eta pertsonen osasuna eta bizitza babesteko helburua dute. Intimitaterako eskubideari dagokionez, Auzitegi Gorenak emandako epai horrek adierazten duen bezala, “ezin da eskubide horren nagusitasuna adierazi bizitzarako eta osasun publikorako eskubidearen aurretik; izan ere, txertoa jaso den ala ez jakiteko datua, pandemia egoeran, oinarrizko eta funtsezko tresna da COVID-19ak eragindako infekzioa zabaltzea eragozteko. Datu hori informazio medikoa da, baina pandemiaren egoerak ezartzen dizkion konnotazioek, txertaketaren izaera masiboak eta guztion artean babesteak eta laguntzeak dakarren elkartasunak, kasu honetan intimitatearen nagusitasuna murrizten dute”. Datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubideari dagokionez, Auzitegi Gorenak ez du eskubide-mugaketarik ikusten “establezimendu jakin baten barruan sartzeko ezartzen dena erakuste hutsa denean ere, hau da, dokumentazioa erakustea edo aurkeztea, eskatutako edozein modalitatetakoa”.

Azkenik, zirkulazio askatasunari eragin diezaioke. Hala ere, berdintasunerako eskubidean bezala, eskubide hori ere ez litzateke mugatuta geratuko, hiru modalitate aurreikusten baitira: txertaketa ziurtagiria, proba diagnostikoen emaitzak edo sendatze ziurtagiria; horrela, bide horietako edozeinen bidez, arazorik gabe sartzen ahalko litzateke dokumentazioa eskatzen den lokaletara. Laburbilduz, jokoan dauden oinarrizko eskubideen mugaketa (Espainiako Konstituzioaren 14.,18. eta 15. artikuluak) “leun” gisa kalifikatu da Auzitegi Gorenak 2021eko irailaren 14an emandako epaiaren 8. zuzenbideko oinarrian.

Proposatutako neurria egokitzat eta proportzionatutzat jotzen da gatazkan dauden ondasun juridikoei dagokienez: osasun publikoa versus berdintasuna, intimitatea, datu pertsonalen babesa eta zirkulazio-askatasuna. Horrela justifikatzen da foru agindu honen oinarri diren txosten teknikoetan.

Azkenik, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako administrazioarekiko auzien salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta, betiere, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Herritarrei, oro har, gomendio hauek ematea:

1.–Babesik onena txertatzea da. Egiaztatu da kutsatzen diren txertatutako pertsonek sintoma arinagoak izaten dituztela, eta ospitaleratze eta heriotza kasuak murriztu egiten direla.

2.–Barruko espazioak aireztatzea. Aireztatzeak airea berritzea dakar, hau da, kutsatuta egon daitekeen barruko airea kanpoko airearekin ordeztea. Hori garrantzitsua da barruko espazioetan bilerak egiten direnean elkarrekin bizi ez diren pertsonekin. Ahal den guztietan aireztapen naturala eginen da, pareta kontrajarrietako leihoak edo ateak irekiz. Aireztapena behartua bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu behar da eta airearen birzirkulazioa saihestu. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu aerosolen bidezko SARS-CoV-2aren transmisioa murrizteko gomendioak.

3.–Topaketa sozialak kanpoan egitea. Aire zabaleko jarduerak dira seguruenak. Jarduerak kanpoan egitea ezinezkoa bada, horiek atzeratzen saiatu behar da. Hori ezinezkoa bada eta barruan egiten badira, aireztapena ziurtatu behar da, bai eta maskara behar bezala erabiltzen dela.

4.–Eskuen higienea. Gomendagarria da eskuak maiz garbitzea, urez eta xaboiez edo soluzio hidroalkoholikoak erabiliz.

5.–Jende pilaketak saihestea.

6.–COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak eta egon daitezkeen kasuen kontaktu estuak. COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak (sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna...) dituzten pertsonak bakartu behar dira eta osasun zentroarekin harremanetan jarri. Baieztatutako kasu baten kontaktu estua diren pertsonek osasun zerbitzuaren jarraibideak bete behar dituzte.

6.1. Txertatuta ez badaude, berrogeialdiari eutsi behar diote handik 10 egunera PCR negatiboa jaso arte.

6.2. Txertatuta badaude edo gaixotasuna duela gutxi izan badute (6 hilabete baino gutxiago lehenago), prebentzio neurri indartu hauei eutsi beharko diete handik 7 egunera PCRa negatiboa izan arte:

a) Maskara kirurgikoa erabiltzea beti.

b) Pertsona kalteberekin kontakturik ez izatea.

c) Ekitaldi sozialetara ez joatea.

Kasu guztietan, COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak agertzen direnean, beharrezkoa da norbera bakartzea eta zure osasun zentroarekin harremanetan jartzea.

7.–SARS-CoV-2 hartzeko edo transmititzeko arriskua, maila txikiagoan bada ere, oraindik ere badago, txertaketaren pauta osoa izanda ere. Horregatik, txertatuta egon arren, funtsezkoa da aipatutako prebentzio jarraibideak betetzea zure burua babesteko eta zure ingurukoak eta gainerako herritarrak babesteko .

8.–Gomendatzen da txertaketa ziurtagiria edo proba diagnostikoaren emaitza negatiboa erabiltzea izaera pribatuko ekitaldi sozialetan.

Bigarrena.–Prebentzio neurri sanitarioak hartzea Nafarroako Foru Komunitateko establezimendu eta ekitaldi jakin batzuetan sartzeko:

1.–12 urtekoak eta adin horretatik gorakoak sar daitezen diskoteken lizentzia duten lokal eta establezimenduetan, dantzalekuetan, ikuskizunetarako kafetegietan, lizentzia berezia duten tabernetan, 60 jankidetik gorako edukiera duten jatetxeetan (unibertsitateetako jantokiak eta enpresako jantokiak izan ezik) eta 1000 pertsonatik gorako edukiera izanik barneko guneetan egiten diren kultura arloko ekitaldi jendetsuetan, jan-edanak eskaintzen direnean, aurkeztu behar da osasun zerbitzu publiko batek edo Osasun Departamentuak baimendutako zentro batek emandako ziurtagiri bat, honako baldintza hauetako bat betetzen duena:

1.1. Titularrari eman zaiola COVID-19aren aurkako txertaketaren pauta osoa, baimendutako txertoren batean oinarritua (txertaketa ziurtagiria).

1.2. Titularrak COVID-19arekin lotutako proba diagnostiko negatibo bat duela, azken 72 orduetan egina RT–PCR proben kasuan eta azken 48 orduetan antigenoen testen kasuan (proba diagnostikoaren ziurtagiria). Autotest bidez edo farmazia bulegoetako profesionalek egindako probak ez dira baliozkoak izanen.

1.3. Titularra COVID-19tik sendatu dela azken sei hilabeteetan, agintaritza eskudunak baliozkotu duen proba diagnostiko baten bidez lortutako emaitza positibo baten ondoren (sendatze ziurtagiria).

2.–Horretarako, establezimendu eta lokal horietan sartu nahi duen pertsonak aurreikusitako ziurtagirietako edozein aurkeztu eta erakutsi beharko die, euskarri digitalean edo paperezko euskarrian, establezimenduko edo lokaleko sarrerak kontrolatzen dituzten pertsonei. Pertsona horiek ziurtagiriak egiaztatuko dituzte, bertan jasotako datuak gorde gabe eta aipatutako sarrera-kontroleko helburua ez den beste ezertarako erabili gabe.

3.–Foru agindu honen bigarren ataleko 1.2 eta 1.3 puntuetan jasotako egoerak egiaztatzeko, onartuko da erakustea aurreko 72 orduetan egindako IAPD probaren emaitza negatiboari buruz Osasun Departamentuak bidalitako jakinarazpena edo Osasun Departamentuak baimendutako laborategi pribaturen baten ziurtagiria.

4.–Kartel bat jarri beharko da lokal eta establezimenduen sarreran, ikusteko moduko toki batean, establezimenduan edo lokalean sartzeko foru agindu honen bigarren puntuan aipatzen den ziurtagiria eskatuko dela jakinarazteko.

5.–Taberna berezien lizentzia duten establezimenduetan, ziurtagiria 00:00etatik aurrera eskatuko da, salbu eta 60 jankidetik gorako edukiera duten jatetxe-jarduerak egiten badituzte; kasu horretan, foru agindu honen bigarren puntuan xedatutakoaren arabera eskatzen ahalko da.

6.–Establezimendu horietako aire zabaleko espazioak eta terrazak foru agindu honen bigarren ataleko 1. apartatuan aipatutako lokal eta establezimenduetarako sarrera-kontrolaren betekizun horretatik kanpo daude.

7.–Ziurtagiria eskatzen ahal den establezimendu eta ekitaldietan, nahitaezkoa izanen da maskara etengabe jantzita eramatea. Maskara jateko edo edateko unean bakarrik kentzen ahalko da, eta horrelako uneen artean maskara berriro erabili beharko da.

8.–Bigarren puntu honetan aipatzen den informazioa establezimendu edo ekitaldian sartzeko unean bakarrik eskatzen ahalko da. Datu horiek ez dira gordeko, ezta horiekin fitxategirik sortuko ere.

Hirugarrena.–Maskara erabiltzea nahitaezkoa da erabilera publikoko barneko espazioetan eta aire zabaleko espazioetan, batez ere pertsona asko biltzen diren ekitaldi sozialetan (prozesioak, kabalgatak, etab.), 1,5 metroko distantzia mantentzea ezinezkoa denean.

Laugarrena.–Nafarroako Gobernuko departamentuek, toki entitateek eta operadore publiko eta pribatuek beharrezko antolaketa neurriak hartuko dituzte ekitaldiak eta ekitaldi sozialak egitean, jendetzak eta COVID-19aren ondoriozko kutsatzeak transmititzeko arrisku handiko egoerak saihesteko.

Bosgarrena.–Osasuneko kontseilariaren irailaren 29ko 35/2021 Foru Aginduak, zeinaren bidez bertan behera uzten baitira COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta indarrean diren berariazko neurrien ondoriozko murrizketak, indarrean jarraitzen du, foru agindu honetan ezarritakoaren aurka ez dagoen guztian.

Seigarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta indarrean egonen da azaroaren 27ko 00:00etatik 2022ko urtarrilaren 7ra arte, bi egun horiek barne.

Iruñean, 2021eko azaroaren 24an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2116593