268. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, igeltsero-ofizialaren lanpostuan (C maila/taldearekin parekatua) aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko, bata prestakuntzarako eta bestea aldi baterako kontratuarekin aritzeko

Alkatetzak azaroaren 2an emandako 2041/2021 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren deialdia eta oinarriak, goian aipatutako lanpostuan aldi baterako aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko.

Deialdia eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta honako oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

I.–Deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriak

1. Izaera: aldi baterako kontratatzeko langileak / prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko langileak.

2. Izena: igeltsero-ofiziala (C maila/taldearekin parekatuta).

3. Kokapena egitura organikoan: Hiri Garapen Jasangarriko Alorra.

4. Bete beharreko eginkizunak edo lanak:

Igeltsero-ofizial bati dagozkion lanak, Udalaren ekipamenduak eta azpiegiturak birmoldatu eta mantentzeko obra txikiak egitean.

Alorreko beste langile batzuei laguntzea, Udalaren azpiegiturak, ekipamenduak eta ondasunak hobetu eta mantentzeko lanetan eta ikuskapen lanetan.

Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez badira, eta udal honi dagokionez, jarraituko zaio Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Akordioan ezarritakoari.

Lanaldiaren araubidea egokituko da zerbitzuaren beharretara, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

II.–Deialdia, zerrenda bat osatzeko, Tuterako Udalaren zerbitzuan aritzeko igeltsero-ofizialaren lanpostuan, aldi baterako kontratuarekin

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da zerrenda bat osatzea, oposizio bidez, aldi baterako kontratazioaren bitartez igeltsero-ofizialaren lanpostuan aritzeko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko kide den beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Tratatuen arabera, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

C) Eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean izatea Batxilergoko titulazioa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea, edo eskuratzeko baldintzetan egotea (hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea).

D) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

E) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu gabea izatea.

F) B1 gidabaimena izatea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.3. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Kopia konpultsatuak aurkeztuko dira horretarako. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak; horrez gain, dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

2.4. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen-prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da bat etorriz Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauekin. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, indarra duen gainerako araudia ere.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak araututakoari (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

III.–Deialdia, izangaien zerrenda bat osatzeko, igeltsero-ofizialaren lanpostuan prestakuntzan aritzeko, Tuterako Udalaren zerbitzuan

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat oposizio bitartez osatzea, igeltsero-ofizialaren lanpostuan aritzeko prestakuntzarako zerbitzu berezietan, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Udal honen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, D edo E mailakoa.

B) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

C) Eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean Batxilergoko titulazioa, izatea Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea, edo eskuratzeko baldintzetan egotea (hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea).

D) B1 gidabaimena izatea.

2.2. Hautatzen diren izangaiek agiri bidez frogatu beharko dute oinarri honen 2.1.c) apartatuan eskatzen den tituluaren betebeharra, horretarako ezartzen zaien unean.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira eta, gainera, dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik, salbu eta behar bezala justifikatzen diren ezinbesteko kasuetan.

2.3. Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, bai eta hautapen-prozesuak irauten duen bitartean eta deialdiko lanpostuan aldi batez aritu bitartean ere.

3.–Hautapen-prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen-prozesua gauzatuko da jarraikiz Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauei. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira.

4.–Prestakuntzarako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

Hautatutako izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dira, jarraikiz osoko bilkurak hartutako erabaki horri, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta aplikatzekoa den gainerako araudiari.

IV.–Bi deialdietarako arauak

1.–Eskabideak.

1.1. Deialdiko hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja, 1 edo Frontón kalea, 1) aurkeztu beharko dira, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), hamabost egun balioduneko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

1.2. Eskabideek bat etorri behar dute egoki diren ereduekin; eredu horiek daude Udalaren web-orrian, “Lan publikoaren eskaintza” atalean, deialdiaren aipamenean: behar den eredua, segun eta zer txanda dagokien izangaiei, aldi baterako kontratazioa edo prestakuntza, zerbitzu berezietako egoeran.

Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

1.3. Behar bezala betetako parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

–Eskatutako titulazioaren fotokopia.

–Indarrean dagoen gidabaimenaren fotokopia.

1.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.

1.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.6. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

2.–Izangaien onarpena.

2.1. Onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartu eta baztertuen zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udaletxeko iragarki-taulan (Plaza Vieja, 1) eta Udalaren www.tudela.es web-orrian. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen dira akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

2.2. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdietan eskatutako baldintzak. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

3.–Kalifikazio epaimahaia. Igeltsero-ofiziala.

3.1. Kalifikazio epaimahaiko kideak hauek izanen dira:

Epaimahaiburua: Zeus Pérez Pérez, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaiburuaren ordezkoa: Erika Navarro Ruiz, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Rufino Arcos Gracia, Tuterako Udaleko igeltsero-ofiziala.

Ordezko epaimahaikidea: Ignacio López Burgaleta, Tuterako Udaleko arkitekto teknikoa.

Epaimahaikidea: Miguel Ángel Hernández Vallés, Tuterako Udaleko lantaldeko arduraduna.

Ordezko epaimahaikidea: José Miguel Ramírez Solchaga, Tuterako Udaleko Herri Lanetako ingeniari teknikoa.

Epaimahaikidea: Juan Carlos Irisarri Samanes, Tuterako Udaleko igeltsero-ofiziala.

Ordezko epaimahaikidea: Juan Pablo Galán García, Tuterako Udaleko arkitektoa.

Epaimahaikidea: Daniel Martínez Moreno, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Ana José Martínez Navarro, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Idazkaria: Belén Serrano Cornago, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezko idazkaria: Ana Rosa Valero Gómez, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

3.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa). Izangaiek, halaber, zilegi dute kalifikazio epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

3.3. Kalifikazio epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, ezarriko ditu probak hasteko eguna, ordua eta tokia. Datu horiek, hain zuzen, argitaratuko dira onartuen behin betiko zerrendarekin batera. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bertan kideen gehiengo osoa izan ezean. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren gorabeherak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba guztietan edo haietakoren batean. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: oposizioa.

4.1. Honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teoriko-praktikoa. Gai zerrendako gaiei buruzko 30 galderari idatziz erantzutea (deialdiaren III. eranskina). Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira.

Lehen ariketa egiteko ordubete izanen da gehienez.

–Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa. Kalifikazio epaimahaiak proposatutako kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira, edo proba praktiko bat egin, deialdiaren xede den lanposturako berariazkoa. Edonola ere, ariketa izanen da lanpostuaren zeregin, eginkizun eta nondik-norakoei buruzkoa, eta hura prestatzeko III. eranskineko gai-zerrenda hartuko da oinarritzat.

Bigarren ariketa egiteko gehieneko denbora 2 ordu izanen dira.

4.2. Oposizioko ariketen balorazioan 80 puntu ematen ahalko dira gehienez ere, honela banatuak:

Lehen ariketa: 30 puntu gehienez.

Bigarren ariketa: 50 puntu gehienez.

4.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.4. Lehen eta bigarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, salbu eta epaimahaiak bigarren ariketarako erabakitzen badu jendaurrean irakur dadila hura egindakoan.

4.5. Lehen ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak kalifikazioen zerrenda eta esleitutako plika zenbakia argitaratuko ditu udaletxeko iragarki-taulan eta webgunean, eta eguna, ordua eta tokia adieraziko ditu, plikak jendaurrean irekitzeko ekitaldia egiteko. Ekitaldiaren ondoren, izangaien zerrenda argitaratuko da, lortutako kalifikazioekin, eta, era berean, oposizioaren hurrengo ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko da, gutxienez 48 ordu lehenago, aurreko apartatuan adierazitakoa salbu, eta plikak lehen adierazi bezala irekiko dira. Zerrenda www.tudela.es webgunean ere kontsultatzen ahalko da, lan eskaintzetan deialdiari buruz ageri den aiputik abiatuta.

4.6. Epaimahaiak erabakitzen ahalko du saio bakarrean egitea lehenbiziko eta bigarren ariketak. Hala izanez gero, bi ariketak batera eginen dira; lehenbizi, test motako zatia zuzenduko da, eta bigarrenik, test motako ariketa hori gainditu duten izangaien kasu praktikoen zatia. Ez da zuzenduko pliketako kasu praktikoen zatia, ez baldin bada test motako zatia gainditu.

4.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.8. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean bertan azaldutakoaren arabera.

4.9. Azken kalifikazio edo balorazioa aterako da oposizioaldiko bi ariketen puntuazioak batuz.

5.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, udaletxeko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian, bereizirik:

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

–Prestakuntzarako izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

5.2. Zerrenda bakoitzean, puntu berdinketarik izanez gero gainditu duten izangaien artean, halakoak ebazteko, jarraituko zaio 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran Udalak hartu zuen erabakian araututako irizpideari (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa); hau da, probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioaren arabera eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoa eginez.

5.3. Ondotik, kalifikazio epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautapen-prozesuko probak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta prestakuntzakoa–, lanean hasteko deia egin dezan, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

6.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2021eko azaroaren 4an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

I. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako eskabide eredua (PDFa).

Prestakuntzarako zerbitzu berezietarako eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Zimenduak eta saneamenduak eraikitzea. Zimenduak hormigoitzea: hormigoi armatua, masan eta ziklopeoa. Bakoitzaren ezaugarriak. Hormigoitzea muturreko tenperaturetan. Hormigoitzea. Sartzeko pateak, horien neurriak eta tarteak. Zanga eta putzuetako zolatak hormigoitzea.

2. gaia.–Fabrikako obra arrunta eraikitzea. Astoak eta oholak.

3. gaia.–Fabrikako eraikuntza, bistako adreiluarekin. Ilaren zertxa, miren banaketa eta trazadura. Juntura berdintzailea. Zertxa. Zehar-saiheska jarritako bistako adreiludun leiho-barrenak, leihoetako baoetan.

4. gaia.–Estalki zeramikoak eraikitzea. Bizkar-limak, limatxokonak, gailurrak eta kontramailak bilbaduran. Bizkar-limak eta limatxokonak adreilu huts bikoitzarekin enpalomatuan. Rasillonak.

5. gaia.–Estalkien estaldurak teilekin. Kare-zementua, osaera eta proportzioa. Bizkar-limak, limatxokonak eta gailurrak. Bakoitzaren estaldura. Zinkezko xafla eta asfaltozko geruzak. Bizkar-limak eta gailurrak. Limatxokonak. Bizkar-limak eta limatxokonak. Piñoiak, txapitulak.

6. gaia.–Trenkadak eraikitzea. Aurremarkoak, egiaztapena eta arreta-neurriak horietako bakoitza jartzerakoan. Aurremarkoak, lehen ilararekin hartuak. 40 x 20 zentimetroko rasillonak. Astoak eta oholak.

7. gaia.–Zarpiatuak eta luzituak, morteroekin eta pastekin. Astoak, oholak eta plataformak airean eta zintzilik, goratzeko aparailuak, erabilera eta zainketa; zuhurtasun-neurriak. Kare-zementua, leundua eta garbitua.

8. gaia.–Emokadura eta luzituak igeltsuarekin. Azeleratzaileak; erabilera eta arreta-neurriak. Ertz-babesak: zokoetako eta izkinetako ertzak, ertz-babesen xedea izkinetan, paratzeko teknikak. Ertz-babesak izkina eta ertz bertikaletan. Astoak eta oholak.

9. gaia.–Eraikuntza lanetako segurtasun eta osasun xedapen gutxienekoak.

10. gaia.–Segurtasuna eta osasuna igeltserotzako lanetan. Norbanakoaren babesak. Babes kolektiboak. Seinaleztapena.

Oharra: Gai guztiak baloratuko dira jarraikiz deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari; nolanahi ere, egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahal ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L2115873