264. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

OIBAR

Deialdia, izangaien zerrenda bat osatzeko, Eguneko Arreta Emateko Landa Zentroan gerokultore-zaintzailearen lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratazioaren bidez

Udalak, 2021eko urriaren 5eko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zituen deialdi bat eta haren oinarriak, izangaien zerrenda bat osatzeko, Eguneko Arreta Emateko Landa Zentroan gerokultore-zaintzailaren lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratazioaren bidez.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

Deialdi honen helburua da gerokultore-zaintzailaren lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzea, Oibarko Eguneko Arreta Emateko Landa Zentroan (aurrerantzean EALZ) sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko.

1.1. Lanpostuak Administrazioko D mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu, bai eta Udalaren plantilla organikoaren aldaketetan onesten diren osagarriak ere.

1.2. Lanpostuaren eginkizunak honako hauek dira, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

a) Diziplinarteko lantaldeari laguntza ematea, erabiltzaile berriak jaso eta harrera egiterakoan.

b) Erabiltzaileak haien etxebizitzetan jaso eta zentrora ekartzea eta alderantziz, zentroak emandako ibilgailuan.

c) Zuzeneko arreta jarraitua ematea erabiltzaileari, bai eta hura zaintzea ere.

d) Otorduak prestatu eta egitea, bat etorriz ezarri diren elikadura dieta eta menuekin, bai eta erosketa inbentarioak ere.

e) Erabiltzaileari elikagaiak eskuratu eta ematea, ahoratzeko erraztasunak emanez hala behar badute, eta gainerako kasuetan jaten laguntzea.

f) Zentroko tresna, arropa eta instalazioak garbitzea.

g) Erabiltzaileei agindutako sendagaiak ematen laguntzea.

h) Erabiltzailearen higienea eta garbitasuna zaintzea, bai eta behar fisiologikoak egiten laguntzea ere.

i) Erabiltzaileari laguntzea gaitasun fisiko eta motorrak mantendu eta hobetzeko jarduerak egiten, bai eta programatutako jarduerak egiten ere, erabiltzaileak aktiboki parte har dezan.

j) Diziplinarteko lantaldeak eguneroko jarduerak gauzatzeko programatutako esku-hartzeak egitea.

k) Laguntzea prebentzio jarduerak, okupazionalak eta asialdikoak planifikatzen, antolatzen eta gauzatzen.

l) Erabiltzaileen komunikazioa laguntzea eta estimulatzea, eguneroko jarduna eta gizarte-harremanak bultzatuz.

m) Diziplinarteko lantaldearekin lankidetzan aritzea, erabiltzaileen senideak zentroko bizitzan integratzeko.

n) Teknikariei laguntzea.

o) Eguneko lana antolatzeko prestatzen diren programak behar den eraginkortasunaz eta eragimenaz burutzea.

p) Erabiltzailearen osasunari buruzko gorabeheren berri ematea.

q) Zentroko zuzendaritzak manatzen dizkion gainerako eginkizun guztiak, funtzionamendua hobetzeko eta zerbitzuaren beharren arabera.

1.2. Hautapen probak 6. oinarrian ezarritakoak dira.

1.3. Deialdi honetako hautaprobak puntuaziorik handienarekin gainditzen dituen pertsona kontratatuko da EALZan lan egiteko. Probak gainditzen dituzten gainerako izangaiak erreserban geldituko dira, puntuazio ordenari jarraituz.

1.4. Delako zerrendak deuseztatu eta bertan behera utziko ditu xede bererako aitzinetik izan litezkeen beste guztiak.

1.5. Lan-ordutegia administrazio dei-egileak ezarriko du, betiere zerbitzuaren beharretara egokituta, eta aldatu ahalko du. Printzipioz 9:10etik 16:30era izanen da, astelehenetik ostiralera.

1.6. Lan hau egiteko, kontratatuek irispidea izanen dute erabiltzaileen datu pertsonal batzuetara, osasunari buruzko datuak barne. Une oro konfidentzialtasuna gordeko du datu pertsonalei eta egindako lanetan jaso ahal izan duen informazio orori buruz. Daukan informazioa erabili ahalko du soilik lanpostuko beharkizun eta beharretarako, eta ezin izanen du erabili lanekoaz besteko helburuetarako, ez eta hirugarrenei jakinarazi ere. Konfidentzialtasunaren betebeharra mugagabea da. Langileak errespetatu beharko du ezartzen dena Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoan eta hura garatzeko araudian.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea edukitzea, edo Europar Batasuneko edozein estatutakoa; bestela, ahaidetasun harremana izatea, maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legean adierazi bezala. Halaber, langileen zirkulazio librea jasorik Europar Erkidegoak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio eremuko pertsonak izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

d) B motako gidabaimena.

e) Elikagai-manipulatzailearen txartela.

f) Profesionaltasun ziurtagiria, mendekotasuna dutenei laguntza soziosanitarioa emateko gizarte erakundeetan edo etxean; Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria (lanbide heziketako erdi mailako zikloa) edo baliokideak: Klinikako teknikari laguntzailea, Psikiatriako teknikari laguntzailea, Erizaintzako teknikari laguntzailea. Mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko teknikaria (LHko erdi mailako zikloa), salbuespeneko gaikuntzako ziurtagiria, behin-behineko gaikuntzako ziurtagiria.

g) Eginkizun publikoetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa edukitzea, eta administrazio publiko baten zerbitzutik berezia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek, aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.2. Oinarri honen 2.1 apartatuan eskatzen diren titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira.

2.3. Oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean mantendu ere.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Oibarko Udalean aurkeztu beharko dira, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat erabiliz (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

Eskabidea aurkezten bada 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako bideetariko edozein erabiliz, eskatutako dokumentazioa aurkeztu izanaren frogagiria igorri beharko zaio Udalari, posta elektroniko bidez, honako helbide honetara: info@aibar-oibar.org eta bertan inguruabar horren berri emanen da, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

Eskabideak I. eranskinean argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera izangaiek aurkeztu beharko dute Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nortasuna frogatzen duen agiriarena, bai eta titulazioarena eta bigarren oinarrian eskatzen diren gainerako baldintzena ere.

3.2. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliotasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenen eskaera egiten ahalko dute eskabidean bertan, horien beharrik izanez gero. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria.–Izangaien onarpena.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko.

Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Ondoren, dei eginen zaie onartutako izangaiei, oinarrietan adierazitako hautaprobak egin ditzaten.

6. oinarria.–Probak.

6.1. Lehiaketaldia:

Gehienez ere 10 puntu emanen dira.

Ondotik heldu den baremoaren arabera baloratuko ditu epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak:

Lan esperientzia: erizaintzako laguntzaile edo zaintzaile gisa emandako zerbitzuak baloratuko dira, egoitza geriatriko, osasun-zentro edo antzeko zentro publiko edo pribatu batean, arreta soziosanitarioan:

Lanaldi osoan lan egindako urte bakoitzeko: 1,2 puntu. Lanaldi osoan emandako zerbitzuei aplikatuko zaizkie puntuazio hauek eta proportzionalki baloratuko dira lanaldi partzialean egiaztatutako merezimenduak.

Aldi berean egin badira apartatu bat baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzuak, puntu gehien ematen dituena besterik ez da kontuan hartuko aldi horretan.

Urteak osoak ez badira, kontuan hartuko da zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.

Egindako zerbitzuak frogatu ahal izateko, izangaiek aurkeztu beharko dituzte lanean aritu diren erakunde/zentroek emandako ziurtagiriak. Horietan jasoko da: lanpostua eta lanean aritu diren administrazio edo zentroa; lan egindako denbora, hasierako eta bukaerako datak eta egun kopurua adierazita, zerbitzuak lanaldi osoan edo partzialean egin diren, lanaldiaren ehunekoa adierazita, hala badagokio.

6.2. Oposizioaldia:

hautapen prozesuan proba teoriko bat, proba praktiko bat eta proba psikotekniko bat egin beharko dira. Lehenengo biak egun berean eginen dira eta orduan jakinaraziko zaie proba psikoteknikoa noiz eginen den.

6.2.1. Proba teorikoa.

Proba honetan aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, gehienez ere ordubetez, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Galderak deialdiko II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira. Erantzun okerrak zehatuko dira, alegia, oker bakoitzeko 0,10 puntu kenduko dira.

Proba horretan gehienez ere 40 puntu emanen dira.

6.2.2. Proba praktikoa.

Epaimahaiak proposaturiko kasu praktiko bat argitu beharko da, betiere lanarekin ikusteko duena.

Proba horretan gehienez ere 30 puntu emanen dira.

Proba bat ere ez da baztertzailea izanen. Lehenengo fasea gainditzeko, 35 puntu lortu beharko dira, eta puntuazio hori bi proben batezbestekotik atera ahal izanen da.

6.2.3. Hirugarren proba.

Ariketa psikotekniko batzuk egin beharko dira, neurtzeko izangaiak noraino egokitzen zaizkien lanpostuaren ezaugarri profesiografikoaren eskakizunei.

Proba hauek egiten lagunduko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek, eta haien balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

Proba horretan gehienez ere 20 puntu emanen dira.

Bazterturik geldituko da ariketa honetan 10 puntura ailegatzen ez den izangaia.

Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo pasaportea eraman beharko dute. Baztertuta geldituko dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

7. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

7.2. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Aritz Burguete Blasco, Oibarko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Carlos Arbeloa, Oibarko Udaleko Gizarte Ongizateko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Izaskun Martínez Zabaleta, Oibarko Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Beatriz Olagüe Turrillas, Oibarko Udaleko Gizarte Ongizateko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Beatriz Lacabe Barrachina, LARES zahar-etxeen eta adinekoei arreta emateko zerbitzuen elkarteko gizarte-langilea.

Ordezkoa: LARES elkarteko beste kide bat, horretarako izendatua.

–Epaimahaikidea: Edurne Sesma Aguas, Oibarko Udaleko gizarte-langilea.

Ordezkoa: Ana Garro Macaya, Zangozako Eskualdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

–Idazkaria: Elena Gurbindo Tellechea, Oibarko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Raquel García Areso, Ledeako Udaleko idazkaria.

7.3. Kalifikazio epaimahaiko kide batek eginen du idazkari lana. Behar diren aktak eginen ditu, eta epaimahaikide guztiek sinatuko dute horietako bakoitza.

7.4. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da hura osatzen duten kideen gehiengo osoa bertan izatea.

7.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak eta, berdinketa suertatuz gero, mahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

7.6. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta organo dei egileari hala adierazi, baldin eta suertatzen badira Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako jasota dauden arrazoiak. Halaber, izangaiek mahaikideak errekusa ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

8. oinarria.–Emaitzak.

8.1. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik lehenbiziko zatian (proba teorikoa) zein den puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, bigarren proban puntu gehien lortu duenaren alde ebatziko da. Ezarritako irizpide horiekin ere berdinketak jarraitzen badu, hirugarren proban puntu gehien lortu duenaren alde ebatziko da. Hala ere berdinketak jarraitzen badu, zozketa bakarra eginen da, eta kalifikazio epaimahaiak eginen du.

Zozketaren emaitzak Oibarko Udalaren iragarki-taulan argitaratuko dira.

8.2. Behin proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortu duten puntuazioaren ordenaren arabera.

8.3. Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera jarria, Alkatetzari bidaliko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, behin betiko onesteko.

8.4. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuta.

8.5. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek, aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

8.6. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela.

9. oinarria.–Kontratatzeko dei egitea.

9.1. Hautapen prozesuan puntu gehien lortu duenari deituko zaio EALZan lanean hasteko.

9.2. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete).

9.3. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangaiarekin telefonoz harremanetan jartzeko bi saiakera eginen dira. Erantzunik jasotzen ez bada, zerrendan hurrengo dagoenari deituko zaio.

9.4. Izangaiak lan-eskaintzari uko egiten badio, frogatu beharko du arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela. Bestela, zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Arrazoi justifikatu gisa onartuko dira:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

e) Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio araubidekoa edo lan araubidekoa.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta modu fede-emailean justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.

Baldin kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa ez bada aurkezten epe barrenean, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Zerrendako azken tokira pasako dira honelakoren bat egiten duten izangaiak:

–Eskainitako lanpostuari uko egiten diotenak, inolako justifikaziorik gabe.

–Sinatutako kontratuari uko egiten diotenak.

–Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, dagokion kontratua sinatzen ez dutenak.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo hura aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak emanak ez badira, hautara, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiak ematen dituen egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke deialdia egin duen udal organoari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik, hilabeteko epean.

Oibarren, 2021eko azaroaren 11n.–Alkatea, Aritz Burguete Blasco.

I. ERANSKINA

Eskabidea, hautapen prozesuan parte hartzeko (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2116000