263. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

251/2021 EBAZPENA, urriaren 29koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi honen testua: deialdia, batetik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan osasun publikoko ikuskatzaile izateko lanpostu bat (sendagilea-farmazialaria) oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautaproben bidez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

Uztailaren 18ko 52/2018 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langileen 2018ko lan publikoaren eskaintza partziala, ekainaren 27ko 3/2017 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari dagokiona.

Ikusirik Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuak proposatu duela osasun publikoko ikuskatzaile izateko lanpostu huts bat (sendagilea-farmazialaria) betetzea oposizio-lehiaketa bidez.

Azaldutakoaren arabera, bidezkoa da onestea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan osasun publikoko ikuskatzaile izateko lanpostu bat (sendagilea-farmazialaria) sarrera prozeduraren bidez eta oposizio-lehiaketa bidez betetzea, bai eta deialdiaren oinarriak ere.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta haren estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 63/2012 Foru Dekretua aldatzen duen urriaren 14ko 242/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, batetik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan osasun publikoko ikuskatzaile izateko lanpostu bat (sendagilea-farmazialaria) oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautaproben bidez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

2. Deialdiaren testua onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri dena.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluetan xedaturikoarekin bat.

Iruñean, 2021eko urriaren 29an.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, M. Ángeles Nuin Villanueva.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, NOZ-Osasunbideari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duena.

–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, NOZ-Osasunbidean sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.

–111/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira NOZ-Osasunbidean osasun arloko A mailako langileen lanpostuetan (A.1 eta A.2 estamentuak) sartzeko eta lanpostu horiek betetzeko prozedurak, eta ezartzen baitira horietan aplikatu beharreko baremoak.

–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako Administrazio Publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Gainerako arau osagarriak.

1.2. Deialdiaren ondoriozko egintzak argitaratuko dira honako hauetako batean edo gehiagotan:

–Nafarroako Aldizkari Ofiziala. Argitalpen hau ofiziala izanen da.

–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (aurrerantzean, NOPLOI) iragarki-taulan (Leire kalea 15, P.K. 31003, Iruña). Argitalpen hau ofiziala izanen da.

–NOPLOIren enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu), “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak”, “Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua” estekan, honako hau hautatuz: “Osasun publikoko ikuskatzailea (sendagilea-farmazilaria). Oposizio-lehiaketa (2018E LPEa)”. Argitalpen hau informatiboa izanen da.

1.3. Deialdi honen xedea da NOPLOIn osasun publikoko ikuskatzaile izateko lanpostu bat (sendagilea-farmazialaria) oposizio-lehiaketa bidez betetzea, hutsik gelditu baitzen NOPLOIko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 2ko 228/2020 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren arabera egindako lekualdatze lehiaketan (deialdia 2020ko 272. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 20koan). Lanpostu hori behar den lan publikoaren eskaintzan sartuta dago, eta destinoa NOPLOIko Ingurumen Osasunaren Atalean du, 9799 lanpostu zenbakiarekin.

Deialdi honen xedea da, halaber, 6. oinarrian aipatzen diren hautaproben bidez izangaien zerrendak osatzea, izangai horiek NOPLOIko osasun publikoko ikuskatzailearen lanpostuan (sendagilea-farmazialaria) aritzeko, dela aldi baterako kontratazioaren bidez, dela aldi baterako barne igoeraren bidez.

1.4. Deialdiko lanpostu hutsak hurrenkera honi segituz banatuko dira, bat etorriz azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako txanda banaketarekin (foru dekretu horren bidez arautu zen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta bertako lanpostuak betetzea), eta kontuan harturik lanpostu bakar bat ere ez dagoela erreserbatua desgaitasuna dutenen erreserba txandakoek bete dezaten. Hala, hurrenkera honetan banatuko dira:

–Lehenbizikoa, hirugarrena, bosgarrena, zazpigarrena eta bederatzigarrena, igoera txandan.

–Bigarrena, laugarrena, seigarrena, zortzigarrena eta hamargarrena, txanda irekian.

Igoera txandatik hasiko da kontatzen lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera, txanda irekikoa izan baitzen aurreko deialdian sartutako azken lanpostua.

Hortaz, honela beteko dira deialdi honetako lanpostuak:

a) Lanpostu bat, igoera txandan.

Igoera txandako lanpostua hutsik geldituz gero, txanda horretako izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekian beteko da.

Halaber, igoera txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Hori horrela, deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiak txanda irekian onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte azkeneko txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak, eta baldin eta kontrakoa adierazten ez badute.

1.5. Deialdiko lanpostua A maila edo taldekoa da, eta honela dago sailkatua estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenean: “Beste fakultatibo sanitario batzuk” estamentua eta “Medikuntza” eta “Farmazia” espezialitateak (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubideari buruzkoa. Eranskina).

1.6. Lanpostuko ordainsariak urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak izanen dira.

1.7. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

Izendatutako izangaiak erabateko dedikazioz lan eginen du, hau da, prestasun osoz, erabateko dedikazioz eta irabazizko beste inongo jardueratan aritu gabe ez arlo publikoan ez pribatuan, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 10.3 artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik.

Horrez gain, guardiak eginen dituzte, lanpostuan bertan daudela edota lanpostura deitua izateko hurbil daudela, zentroko zuzendaritzak edo, hark eskuordeturik, kasuan kasuko burutzak hala agintzen duenean.

1.8. Hala agintzen baitu Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun arloko profesionalek graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan parte hartuko dute, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.

1.9. Osasun publikoko ikuskatzaile izateko lanpostua (sendagilea-farmazialaria) lortzen duena dagokion atxikipen eremura organikoki lotuta geldituko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera.

1.10. Lehiatuz gero euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duen lanpostu elebidun bat lortzeko, eskatutako euskara maila frogatu beharko da, eta, horretarako, aurkeztu beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera behar den mailari dagokion titulua edo ziurtagiria, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).

1.11. Behar diren hautaprobak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoetatik edozeinetan euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra duten lanpostuetan sartzen direnek 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten norberaren administrazio publikoko lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiek:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Medikuntzako edo Farmaziako gradua/lizentzia izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori aitortzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute edo, bestela, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak emandako ziurtagiria aurkeztu.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) B motako gidabaimena edukitzea.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finko izatea, eta ez egotea jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila edo talde berekoa edo beheragokoa izatea, eta beste kategoria batekoa.

c) Administrazio publikoetan gutxienez bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea.

2.1.3. Behar den euskara maila frogatzea, euskaraz jakitea nahitaezkoa duen lanpostu elebidunen bat lortu nahi izanez gero.

2.2. Betiere, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte baldintza horiek, eta hautapen prozesu osoan eutsi behar diete, harik eta izendatu arte.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaera aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

Inskripzio eskaera eta ordainketa telematika bidez eginen da, NOPLOIren enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu/), esteka honetan: “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak”, “NOPLOI”, “Osasun publikoko ikuskatzailea (sendagilea-farmazialaria). Oposizio-lehiaketa (2018E LPEa)”, eta “Inskripzioa” sakatuta.

Eskaera telematikoari erantsi beharko zaizkio, hala badagokio, ordainketa egitetik salbuetsita egotea frogatzen duten agiri eskaneatuak.

Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, eta bertan agertu beharko dira honako hauek: funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, Administrazio Publikoetan aitortua duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da ez dagoela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

Gainerako izangaiek ez dute paperezko agiririk aurkeztu behar, salbu berariaz eta salbuespenez eskatzen bada.

3.2. Azterketa egiteko tasak eta ordaintzetik salbuetsita daudenak.

3.2.1. Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da.

3.2.2. Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.

Salbuespen hori agiri hauetako baten bidez frogatu beharko dute:

–Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako lan-eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da eskatzaile gisa inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, salbu justifikaturiko kasuetan, eta, horrez gainera, ez izatea hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik.

Paragrafo honetan xedatutakoa honela frogatu beharko da:

–Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitarte horretan ez diola uko egin inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Errentarik ez duela adierazteko eredua aurkeztuz eginen da hori (deialdiaren web-orrian dago), edo deialdian parte hartzeko eskabidean horretarako dagoen tokia markatuz.

c) Aldi baterako barne igoerako zerrendetan bakar-bakarrik parte hartzea eskatzen duten izangaiak.

3.3. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskabide telematikoan adierazi beharko dute inguruabar hori, eta horretarako tokian zehaztu zer egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.

3.4. Gainerako betebeharrei dagokienez, azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, deialdi honen 9. oinarrian ezarri den epean eta moduan.

3.5. Deialdi honen 11. oinarrian ezarritako moduan eta epean aurkeztu beharko da osasun publikoko ikuskatzaileen (sendagilea-farmazialaria) aldi baterako kontrataziorako zerrendetan egoteko behar den dokumentazioa.

3.6. Euskaraz jakitearen betebeharra, hala badagokio, egoki den titulu ofizialaren bidez frogatu beharko da, lehiaketaldiaren balorazioa egiteko merezimenduak aurkezten direnean.

4.–Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.

4.1. Izena emateko eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, NOPLOIko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko buruak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, telematika bidez erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragandakoan, eta horien gainean ebazpena eman ondoren, NOPLOIko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko buruak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ebatzitzat joko dira aurkeztutako erreklamazioak.

4.4. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.5. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

4.6. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen onartzea interesdunek betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

–Epaimahaiburua: Sagrario Laborda Santesteban andrea, NOPLOIko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuko burua.

Ordezko epaimahaiburua: M.ª José Pérez Jarauta andrea, NOPLOIko Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko burua.

–Epaimahaikidea: Teresa Ferrer Gimeno andrea, NOPLOIk izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: José M.ª Barricarte Gurrea jauna, NOPLOIk izendatua.

–Epaimahaikidea: Aránzazu Viamonte Ezcurdia andrea, Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Marta Galipienzo Jiménez andrea, Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialak izendatua.

–Epaimahaikide-idazkaria: Miguel Garatea Crelgo jauna, NOPLOIko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko burua.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Emilia Luna Goñi andrea, NOPLOIko Profesionalen Ataleko burua.

NOPLOIko langileen ordezkariek izendaturiko epaimahaikideak adieraziko dira izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera.

Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.3. Epaimahaiak NOPLOIn izanen du egoitza: Leire kalea 15. PK: 31003, Iruña.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioa 2022ko maiatzean hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia zer toki, egun eta ordutan izanen den.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldian proba hauek eginen dira:

a.1.) Proba teoriko-praktikoa, test motakoa; aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, III. eranskineko gai zerrendarekin lotutako gaiei buruz, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Erantzun okerrek penalizazioa izanen dute. Galdera kopurua, erantzun okerren penalizazioa eta probaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko ditu proba hasi baino lehen.

a.2.) Epaimahaiak proposatuko dituen zenbait kasu praktiko idatziz egitea. Izangai guztientzat proba bera izanen da, eta kasuek deialdiaren xedeko lanpostuarekin izanen dute zerikusia. Garatu beharreko kasu praktikoen kopurua, proba egiteko gehieneko denbora eta, hala badagokio, kasu bakoitzari esleituko zaion gehieneko puntuazioa proba egin baino lehen jakinaraziko ditu epaimahaiak.

Bi probak egun berean eginen dira, bata bestearen ondotik.

Bi probak plika sistemaren bidez eginen dira.

6.3.2. Oposizioaldia honela baloratuko da:

a.1) proba 30 puntuz baloratuko da. Bazterturik geldituko dira gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

a.2) proba 30 puntuz baloratuko da, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Proba hau ez zaie baloratuko a.1) proban bazterturik gelditu diren izangaiei.

6.3.3. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena.

Ariketara agertzen ez diren izangaiak oposizioalditik baztertuta geldituko dira.

6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunen bat izanik hala eskatu duten izangaientzat, prozesuan parte hartzeko eskaeran azaltzen dutenaren arabera, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.

6.3.5. Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du NOPLOIko iragarki-taulan azterketa egitera aurkeztu diren izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Zerrenda hori NOPLOIren enplegu publikoaren web-orrian ere ikusten ahalko da.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaiak oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin ekinen dio lehiaketaldiari.

Merezimendu guztiak telematika bidez aurkeztu beharko dituzte oposizioaldia gainditu duten izangaiek, honako web-orrian: www.empleosalud.navarra.es, “Oposizioak”, “Osasun kategoriak” “NOPLOI” estekan, “Osasun publikoko ikuskatzailea (sendagilea-farmazialaria). Oposizio-lehiaketa (2018E LPEa)” aukeratuz, deialdiaren baremoan adierazitako atalei jarraikiz, oposizioaldiaren behin betiko emaitza argitaratu eta hamar egun balioduneko epean.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Izangaiek honako merezimendu hauek ez dituzte aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren esku jarriko, baremazioa egin dezan:

–Nafarroako Gobernuaren esparru osoan egindako zerbitzuak.

–Web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik, osorik baldin badaude.

6.4.2. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoaren arabera (II. eranskina).

Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu eskuratzen ahalko dira.

6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.4.4. Merezimenduen baremoaren 1. atala baloratzean, kontuan hartuko da deialdiko lanpostua sailkaturik dagoela “Beste fakultatibo sanitario batzuk” estamentuan eta “Medikuntza” eta “Farmazia” espezialitateetan, estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenari jarraikiz (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubideari buruzkoa. Eranskina).

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:

–Lantokia.

–Estamentua eta/edo espezialitatea.

–Zerbitzu-ematearen iraupena, noiztik noizera, zehaztuta zenbat egun diren guztira.

Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuen kasuan, emandako zerbitzuen gaineko ziurtagiri horretaz gain, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emandako lan bizitzaren txostena ere aurkeztu beharko da.

6.4.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretik alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Baldin eta merezimenduak alegatzeko aurkezten diren frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, merezimendu horiei emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

6.4.6. Lehiaketaldia bukatzen denean, epaimahaiak jendaurrean jarriko du balorazioaren emaitza NOPLOIko iragarki-taulan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazirik.

Izangaiak deialdiaren web-orriaren bidez ikusten ahalko ditu bai lehiaketaren emaitza, bai bere merezimenduen banakako balorazioa.

7.–Azken puntuazioa.

Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura.

Azken puntuazioetan berdinketarik badago, lehentasuna izanen du oposizioaldian puntuaziorik handiena duen izangaiak. Berdinketak badirau, lehenetsiko da deialdi honen eranskineko baremoaren atal bakoitzean guztirako puntuazio handiena lortzen duen izangaia, baremoko hurrenkerari jarraituz.

Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, NOPLOIko iragarki-taulan, probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioen araberako hurrenkeran. Gero, probak gainditu eta, puntuazio handiena izateagatik, lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari.

8.–Lanpostu hutsak aukeratzea.

8.1. Destinoko lantokia administrazio organo eskudunak esleituko du, izendapen proposamena argitaratu baino lehen, probak gainditu eta deitutako lanpostuak adina izangaik egindako eskaeren arabera, hautaprobetan lorturiko hurrenkerari jarraikiz, baldin lanpostu horietan aritzeko oinarri hauetan eskatzen diren eskakizunak betetzen badituzte.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna izan eta, edozein txandatan, administrazioan sartzeko deialdi bateko lanpostu bat lortu duten pertsonak, lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, gainerako izangaien aurretik egonen dira. Gero, igoera txandakoek hautatuko dute eta, azkenik, lanpostua txanda irekian lortzen dutenek.

Desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak hautatzen hasi aurretik, bere desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena esleituko zaio, horren gaineko txostena aztertu eta gero.

Euskara maila jakin bat frogatzea ezinbestekoa duten lanpostuen kasuan, ezin izanen da horietara sartu ez bada jakite hori frogatzen. Lanpostuak hutsik geldituko dira bai baldintza hori betetzen duen izangairik ez badago, bai, egon arren, lanpostu horiek hautatzen ez badituzte aurreko paragrafoan onartutako eskubidea erabiltzen dutenean.

8.2. Destinoko lantokia hautatzeko prozedura:

–Aukeratu baino lehen, hautatu behar duten izangaien eta zentroen (edo, zein den kasua, lanpostuen) zerrendak argitaratuko dira. Informazio hori jendaurrean jarriko da NOPLOIko iragarki-taulan eta NOPLOIren enplegu publikoaren web-orrian.

–Parte-hartzaileek 10 egun balioduneko epean eginen dituzte eskaerak, oposizio-lehiaketaren azkeneko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, www.empleosalud.navarra.es/eu web-orrira jo beharko dute, “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak”, “NOPLOI”, “Osasun publikoko ikuskatzailea (sendagilea-farmazialaria). Oposizio-lehiaketa (2018E LPEa)” aukeratuz, eta deialdiaren fitxan horretarako adierazten den estekan sartu. Han, lanpostuak zerrendatu beharko dituzte, lehentasun hurrenkeraren arabera.

–Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza.

–Horren emaitzaren informazioa NOPLOIren enplegu publikoaren web-orrian jarriko da ikusgai interesdunentzat.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Administrazio organo eskudunak izendapen proposamena eginen du, lanpostuen hautaketa egin ondoren lanpostua eskuratu duten izangaien aldekoa. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilabetearen barnean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte NOPLOIko Langileriaren Kudeaketarako Unitatean:

9.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finko ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

9.2.2. Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko apartatuko dokumentazioaz gain, eta bertan agertu beharko da funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finko direla, noiztik, Administrazio Publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da prozesuak iraun bitartean ez dela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian egon igoerarako erabili nahi den jatorrizko lanpostuan.

9.2.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile finko diren izangaien kasuan:

a) Eskatzen den tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, 9.2.1.e) apartatuan ezartzen den bezala.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Administrazio organo eskudunak, ebazpen bidez, aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten izangaiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko ditu, osasun publikoko ikuskatzailearen lanpostuan (sendagilea-farmazialaria) jardun dezan.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

10.2. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

10.3. Izendapena dela bide, izendatua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko da, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen ditu.

Hautaprobak gainditu ondoren izendatzen diren izangaiak funtzionario bihurtuko dira, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira, eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzen diren funtzionarioek, baldin lehendik haren montepioetakoren baten eskubide pasiboen araubidean afiliaturik badaude, bi aukera izanen dituzte: sartzen diren administrazioaren montepioan jarraitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.

10.4. Funtzionario gisa lanpostuaz jabetzea geroratu eginen da baldin izangaia amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako aldian badago.

Lanpostuaz jabetzeko epea zenbatzen hasiko da amatasun edo adopzio lizentziari dagokion aldia bukatzen denetik hasita, edo lehenago, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, amarentzat erditu ondoren ezarritako derrigorrezko atsedenaldia errespetatuko da.

Kasu horietan, dagokion administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da lanpostuaz jabetzeko gerorapen epe hori. Aitorpen hori egiteko nahitaezkoa izanen da lanpostuaz jabetzea funtzionario izaerarekin, eta hori gertatzen denetik hasita izanen ditu ondorioak.

10.5. Deitutako lanpostuak betetzen direla bermatzeko, izangairen batek hautapen prozesuaren ondoriozko eskubideei uko egiten badie, lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, lanpostua aukeratzen ez badu ezarritako prozeduran finkatu bezala eta dagokion epean, izendapen proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu (behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik), esleitutako lanpostuaren jabetza hartzen ez badu (ezinbesteko kasuetan izan ezik) edo, izangaiak berak eskatuta, indarreko araudian adierazitako kasuetan borondatezko eszedentzia aitortzen bazaio jabetza hartzen duen egunetik aurrerako ondorioekin, administrazio organo eskudunak baja hori beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan haren atze-atzean dagoen izangaiarekin.

Aurreko apartatuan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.7. Izendapenean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada, deialdia, oposizio-lehiaketaren nondik norakoak edo horren ebazpena aurkaratzeko, izendapena ez da irmoa izanen, eta zain geldituko da, administrazio bidean nahiz administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenak zer dioen, eta haren mende egonen da.

11.–Aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak osatzea.

11.1. NOPLOIko osasun publikoko ikuskatzaileen (sendagilea-farmazialaria) aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo zerrendak indarrean daudenean indarreko foru aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa).

11.2. Deialdi honen emaitzan oinarrituta prestatzen den kontratazio zerrendako izangaiek 2.1.1 oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta aurrerantzean ere haiek betetzen jarraitu beharko dute.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez duten izangai onartuak berehala baztertuko dira kontratazio zerrendatik.

11.3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Kontrataziorako zerrendetan egoteko, bai gainditu duten eta lanposturik ez duten izangaiek, bai oposizioaldia gainditu ez dutenek, deialdiko azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, 2.1.1.c) apartatuan aipatutako titulazioaren agiria aurkeztu beharko dute, salbu aldez aurretik NOPLOIn aurkeztu badute. Agiri hori aurkezten ez dutenak zerrendetatik kanpo geldituko dira, salbu Administrazioak horren berri baldin badu Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Zerbitzuaren bidez.

b) Oposizioaldia gainditzen ez dutenek epe horretan aurkeztu beharko dute, orobat, edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuen ziurtagiria, hain zuzen ere, osasun publikoko ikuskatzailearen lanpostu batean (sendagilea-farmazialaria) deialdi hau argitaratzen den egunera arte emandako zerbitzuei dagokienez, salbu Nafarroako Gobernuaren esparruan emandako zerbitzuak badira.

11.4. Esparruak aukeratzea.

Deialdian izena emateko eskabidean berean adierazi beharko dira iraupen laburreko nahiz luzeko kontratazioetarako zerrendak prestatzeari begira aukeratzen diren esparruak. Nolanahi ere, deialdiko azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, interesdunek hasieran aukeratutako esparruak aldatu, murriztu edo zabaldu ditzakete.

11.5. Kontratu motak.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontrataziorako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

11.6. Izangaiek beren burua baztertzen ahalko dute deialditik eskaintzen den kontratuaren lanaldia heren batekoa edo hortik beherakoa denean.

11.7. Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Agiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.

11.8. Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratu dutenen izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

12.–Zerrendak osatzea aldi baterako barne igoeretarako.

12.1. NOPLOIko osasun publikoko ikuskatzaileen lanpostuetan (sendagilea-farmazialaria) aritzeko aldi baterako barne igoerako zerrendak prestatzeko eta kudeatzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari jarraikiz jokatuko da, horren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea, baita zerrenda horrek indarra hartzean foru dekretu hori garatzen duen indarreko araudiari jarraikiz ere.

12.2. Aldi baterako barne igoerako zerrendan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, eta kontratazioa egin arte mantendu: NOPLOIko langile finkoa izatea, osasun publikoko ikuskatzailearen lanpostuari (sendagilea-farmazialaria) dagokion maila/taldetik edo kategoriatik beheragoko batean sailkatua egotea, eta lanpostu horretan aritzeko 2.1.1 oinarrian eskatzen diren titulazio baldintzak eta gainerakoak betetzea.

Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaldiko hautaprobak gainditu behar dira.

Oposizio-lehiaketaren azken emaitzak argitaratu ondoren, aldi baterako barne igoerako izangaien zerrenda prestatuko da mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, hautaprobetan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Berdinketarik izanez gero, hura hausteko kontuan hartuko da deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko den aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak indarra hartuko du lanpostua eskuratu dutenen izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

13.–Errekurtsoak.

Administrazio bidea amaitzen ez duen deialdi honen kontra, baita deialdiko oinarri eta egintzen kontra ere, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Legearen 126.1. c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra (zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, NOPLOIko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1. atala.–Egindako zerbitzuak.

Honako hauek baloratuko dira:

1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.

1.2. Edozein administrazio publikotan fakultatibo gisa egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

Egindako zerbitzutzat hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraikiko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin direneko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.

Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.

Lortu nahi den espezialitatean egoiliar gisa egindako zerbitzuak prestakuntza espezializatuaren atalean baloratuko dira. Beste espezialitate batean egoiliar gisa egindako zerbitzuak 1.2 atalean baloratuko dira.

Atal honetan, guztira, 17 puntu emanen dira gehienez.

2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak.

Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.

2.4, 2.6 eta 2.8 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira ikerketa-lan beraren gainekoak badira, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.

Akta-liburuetan edo “abstract” direlakoetan egiten diren txostenak, posterrak eta komunikazioak ez dira argitalpentzat hartuko.

2.1. Hirugarren zikloko ikasketak:

a) Ikerkuntzako masterra edo ikertzeko nahikotasuna/Ikasketa aurreratuen diploma: 1 puntu.

b) Doktore gradua: 2,5 puntu.

c) Cum laude: 0,5 puntu gehituko dira.

a) eta b) apartatuetan jasotako puntuazioak bateraezinak dira.

2.2. Prestakuntza espezializatua:

Egonaldia osorik egina izatea deialdiaren xedeko espezialitatean, programa nazionalaren bidez edo graduatu ondokoentzako irakaskuntza programa onartua duen zentro batean: 6 puntu.

2.3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa kreditu bakoitzeko, 0,025 puntu.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Zatikiak hainbanatuko dira.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.

Atal honetan, erakunde antolatzailearen gaineko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek “Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordio”en barrenean antolatuak.

Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.

Osasun zientzietako espezialistek ikasle egoiliar gisa egindako prestakuntzaldiko orduak ez dira atal honetan kontatuko.

Gehienez ere 2,5 puntu emanen dira.

2.4. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:

–Nazioartean: lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.

–Nazio mailan: lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

–Autonomia erkidegoan: lehen hiru sinatzaileak: 0,05 puntu. Hurrengo hirurak: 0,025 puntu.

Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.

Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.5. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:

–Nazioartean: 1 puntu.

–Estatuan: 0,5 puntu.

–Autonomia erkidegoan: 0,25 puntu.

Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.6. ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak, Inpaktu Faktorearen (IF) arabera, Journal Citation Reports-ek jasotakoari jarraikiz:

–IFa 3tik gorakoa bada, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,5 puntu. Hurrengo hirurak: 0,25 puntu.

–IFa 3 bada, edo hortik beherakoa, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,3 puntu. Hurrengo hirurak: 0,15 puntu.

–Inpaktu Faktorerik ez badu, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

Inpaktu Faktorea izangaiak berak frogatu beharko du, eta lanaren argitalpen urtearen gainekoa izanen da.

Gehienez ere 4 puntu emanen dira.

2.7. Irakasle lana:

a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 0,2 puntu 10 orduko.

Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo aditu tituluetako tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.

Frogagiriaren arabera, ikasturte osoa frogatua ez badago, egindako denborari dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Gehienez ere 1 puntu emanen da.

2.8. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.9. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.

Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek jasotzen dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.

3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa.

Euskaraz jakitearen balorazioa azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen da, horren bidez arautu baitzen euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Espainiako Konstituzioa: Printzipio orokorrak eta osasuna eta ingurumena babesteko eskubidea. Estatuaren, autonomia erkidegoen eta toki entitateen osasun arloko eskumenak. Foru Administrazioaren eskumenak. Kontuen Ganbera. Nafarroako Arartekoa. Legeria.

2.–Europar Batasuna. Europako Parlamentua eta Kontseilu Europarra. Eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea. Europako arau-lerruna: tratatuak, erregelamenduak, zuzentarauak, erabakiak eta gomendioak. Politika erkideak.

3.–Osasunari buruzko Lege Orokorra. Osasun Publikoari buruzko Lege Orokorra. Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko Lege Organikoa. Osasunari buruzko Foru Legea. Osasun publikoaren arloko jarduketak. Esku-hartze publikoa pertsonaren eta gizartearen osasunean. Osasun publikoaren arloko neurri bereziak. Alarma-egoera. Zuhurtasun-printzipioa.

4. gaia.–Nafarroako Gobernua: funtzionamendua. Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko Foru Legea. Legegintzarako ekimena eta erregelamendu eta arau ahala. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legea. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea. Nafarroako toki entitateen antolaketa eta eskumenak. Nafarroako Parlamentua.

5.–Administrazio elektronikoa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko Foru Legea. Erregistro elektronikoa. Datu pertsonalak babestea. Datu pertsonalak dituzten fitxategi informatizatuak Foru Komunitatean.

6.–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea. Prozedura administratibo eta errekurtsoak. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea. Administrazioaren ondare erantzukizuna. Gardentasun Legea eta informazio publikorako sarbidea Nafarroan.

7.–Osasun publikoaren arloko arau-hausteak eta zehapenak. Zehapen prozedura espezifikoa Osasun Departamentuan (48/1990 FD). Ikuskapen prozedurak: aktak hartzea, prozeduren proposamena eta instrukzioa arau-hauste eta zehapenetan.

8.–Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesa. Osasunaren eta segurtasunaren babesa. Osasun arloko arau-hausteak eta zehapenak. Laginak hartzeko prozedurak eta analisiak. Araudia.

9.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko langileen estatutua. Foru Komunitateko funtzionarioen eskubideak, betebeharrak eta erantzukizuna. Informazio Sistemen eta Komunikazioen segurtasun arauak. Osasungintzako lanbide-karrera. Araudia.

10.–Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioa. Osasun publikoaren arloko antolaketa eta eskumenak. Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseilua. Osasun Publikoaren Batzordea. Ingurumen Osasuneko Ponentzia. Botiken eta Osasun Produktuen Espainiako Agentzia.

11.–Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua. Eskumenak, egitura eta eginkizunak. Erakunde autonomoak. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua. Estatutuak, egitura eta eginkizunak. Oinarrizko osasun laguntzako egiturak Nafarroako Foru Komunitatean: osasun barrutiak, oinarrizko eskualdeak eta oinarrizko osasun laguntzako taldeak.

12.–Osasunaren Mundu Erakundea (OME). Eritasunen Kontrolerako Europako Zentroa. Osasun Publikoko programak eta jarduerak. Osasunaren kontzeptua. Osasunaren sustapena eta eritasunen prebentzioa. Osasun Publikoaren eta Ingurumenaren arloko estrategia Europar Batasunean. Ingurumen osasuna: oinarrizko kontzeptuak.

13.–Osasunaren eta ingurumenaren arteko lotura. Ingurumenak gizakien osasunari eragiteko faktoreak. Osasunaren gainean ingurumen faktoreek eragiten dituzten ondorio nagusiak. Kausa-ondorioa lotura jatorria ingurumenean duten osasun arazoetan.

14.–Bioestatistika. Parametro estatistikoak. Zentrorako joeraren neurriak eta sakabanatzearenak. Banaketa ohikoenak. Parametroen alderaketa. Koerlazioa eta erregresioa.

15.–Kontzeptuak epidemiologian: Osasuna baldintzatzen dutenak. Zaintza eta esku-hartze epidemiologikoa. Azterketa epidemiologikoak: motak, funtsezko oinarriak, metodologia. Agerraldi epidemikoaren definizioa. Inkesta epidemiologikoak. Ingurumen epidemiologia. Araudia.

16.–Zaintza Epidemiologikoaren Sare Nazionala. (ZESNA). Nahitaez aitortu beharreko gaixotasunak (NABG). Egoera Nafarroan. Zabaltzen ari diren eritasunen zaintzarako protokoloak. Araudia.

17.–Transmititzen ahal diren eritasunen prebentzioa. Kontzeptua eta ezaugarriak. Infekzioaren katea. Eragile biologikoak eta arriskuaren karakterizazioa.

18.–Osasun Publikoko laborategiak. Kalitate baldintzak eta kalitatea ziurtatzea. Ingurumen osasunari aplikatutako analisi teknikak. Teknika analitikoen sentikortasuna eta espezifikotasuna. Ur laginak hartzeko eta gordetzeko teknikak: kontsumorako ura, igerilekuak eta Legionella.

19.–Uraren ziklo integrala. Giza kontsumorako uraren jatorriak. Azaleko urak eta lurpeko urak. Ur baliabideen babesa eta kalitatea. Arroko erakundeen eskumenak.

20.–Uren Legea eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua. Emariaren kontzesioak eta isurketarako baimenak. Tramitazioa eta osasun baldintzak.

21.–Giza kontsumorako uraren kalitaterako osasun irizpideak. OMEren gidak edateko uraren kalitateari buruz. Uraren osasun planak eta osasun zaintzarako programak: egitura eta eduki nagusiak. Osasun kontrolaren zaintzarako Nafarroako plana. Araudia.

22.–Uraren kutsadura. Eragile fisiko, kimiko eta mikrobiologikoak. Jatorria eta osasunerako ondorioak. Kutsaduraren prebentzioa eta neurri zuzentzaileak. Uraren kutsadura adierazten duten parametro nagusiak. Nitratoek sortutako kutsadura eta Nafarroako Foru Komunitateko eremu ahulak. Araudia.

23.–Uraren kontsumoarekin eta erabilerarekin lotutako eritasunak eta agerraldiak. Eragile, sintoma eta transmisio bide nagusiak. Jatorria uretan duten agerraldien azterketa epidemiologikoa. Prebentzioa eta osasun jarduketak.

24.–Giza kontsumorako uraren hornidura. Ura hartu, eraman, tratatu, biltegiratu, garraiatu eta banatzeko instalazioak. Araudia.

25.–Giza kontsumorako uraren tratamendu sistemak. Dekantazioa, flokulazioa eta iragaztea. Desinfekziorako tratamenduak. Osasunerako arriskuak, tratamenduekin lotutakoak. Desinfekzioaren azpiproduktuak. Giza kontsumorako ura edangarri egiteko tratamenduan erabiltzen diren substantziak. Araudia.

26.–Giza kontsumorako uren kalitate kontrola. Kalitate-irizpideak. Ura elikagaien industrian. Laginen maiztasuna. Parametroak eta autokontrolerako analisi motak. Kontsumitzailearen txorroteko kontrola. Horniduren kudeatzaileak: erantzukizunak eta eskumenak. Araudia.

27.–Giza kontsumorako uraren laginen kalifikazioa. Salbuespeneko egoerak. Ez-betetzeen aurreko jarduketak eta arriskuaren ebaluazioa. Araudia.

28.–Giza Kontsumorako Uraren Informazio Sistema Nazionala. Kontsumitzailearentzako informazioa. Kalitate txosten nazionalak eta Europakoak. Araudia.

29.–Hiriko, industriako eta nekazaritzako hondakin urak. Tratamendu eta arazketa sistemak. Arazketa lohien kudeaketa. Osasun arriskuak. Araudia.

30.–Araztutako uren berrerabilera. Osasun ebaluaziorako irizpideak. Araztutako uren berrerabilerarako irizpideak eta baldintzak. Araudia.

31.–Ur mineromedizinalak. Deklarazioa eta ustiaketa. Baldintzak eta kalitate kontrolak. Araudia.

32.–Bainu-eremu naturalak. Osasun arloko alderdiak eta jarduketak kutsadura gertatzean. Osasunerako arriskuak. Zaintza parametroak. Bainurako uren osasun eta ingurumen zaintza. Araudia.

33.–Bainurako uren informazio sistema nazionala. Eremuen osasun sailkapenerako sistema. Kontrol neurriak. Txosten nazionalak eta Europakoak. Egoera eta errolda Nafarroan. Araudia.

34.–Igerilekuak. Pertsonen segurtasun eta osasunerako balizko arriskuak. Prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak. Araudia.

35.–Uraren arazketa igerilekuetan. Berritzea, berzirkulatzea, iragaztea eta desinfektatzea. Erabilitako diseinua, osagaiak eta produktu kimikoak. Osasunean izan ditzakeen ondorioak. Kontrol eta zuzenketa neurriak.

36.–Igerilekuen kontrola eta osasun ikuskapena. Autokontrol protokoloak eta horiek egiteko gida, Osasun Ministerioarena. Nafarroako igerilekuen osasun zaintzarako programa.

37.–Hondakin solidoak: Garraioa eta desagerraraztea. Hiriko, nekazaritzako eta industriako hondakin solidoek eragindako osasun arazoak. Motak, osaketa eta ezaugarriak. Hondakinak kudeatu, tratatu, desagerrarazi eta minimizatzeko sistemak. Ontziak eta ontzien hondakinak. Kudeaketa sistema integratuak. Hondakinen Europako Zerrenda (HEZ). Araudia.

38.–Osasun arloko hondakinak: multzoak, kudeaketa eragiketak eta destinoa. Araudia.

39.–Lurzoruaren osaketa eta kutsaduraren aurreko ahulezia. Arriskuen ebaluazioa. Lurzoru kutsatuen deklarazioa. Lurzoruen kutsadura kentzea eta lehengoratzeko planak. Egoera Nafarroan. Araudia.

40.–Airearen kutsatzaileak. Osasunaren eta ingurumenaren gaineko ondorioak. Airearen balizko kutsatzaileak diren jarduerak baimentzea eta ingurumen osasunarekiko lotura. Jarduera sailkatuak. Araudia.

41.–Ozonoaren arrisku espezifikoak. Klima aldaketarekiko lotura. Kontrol jarduketak. Ukitutako bizilagunentzako neurriak. Kutsatzaileak neurtzea.

42.–Airearen kutsatzaile biotikoak. Alergenoak airean. Polena, onddoak, esporak eta beste batzuk. Osasunaren gaineko ondorioak. Jendaurreko informazioa.

43.–Barnealdeetako kutsadura. Aireztapena eta aireberritzea. Osasun arloko garrantzia. Parametroak neurtzea. Kalitate arauak.

44.–Erradiazio ez-ionizatzaileak. Sailkapena, ezaugarriak eta aplikazioak. Osasun arazoak; eremu elektromagnetikoak. Nazioarteko gomendioak. Telefoniako operadoreen hedapena. Legeria.

45.–Etxebizitza eta osasuna. Arriskuak eta lotutako eritasunak. Osasungarritasun eta bizigarritasun arloko osasun irizpideak. Araudia eta jarduketa gidak.

46.–Desinfekzioaren eta esterilizazioaren kontzeptuak. Osasun publikorako garrantzia. Desinfektatzaile motak eta esterilizazio metodoak. Aukeratzeko irizpideak. Eraginkortasun-kontrola.

47.–Osasun Publikoan garrantzia duten izurrien kontrola: Desinfekzioa, intsektuak eta arratoiak hiltzea helburu sanitarioekin. Eritasun bektoreen kontrola. Kontrol eta zaintza entomologikoko planak. Ingurumen arloko monitorizatzea. Klima aldaketarekiko lotura. Espezie exotiko inbaditzaileak: kontzeptuak. Araudia.

48.–Biozidak. Produktu bioziden motak. Osasunerako eta ingurumenerako arriskuak. Prebentzio neurriak. Tratamenduetan biozidak erabiltzeko gaikuntzarako baldintzak. Arduradun teknikoa eta aplikatzaileak. Produktu bioziden erregistroa. Araudia.

49.–Pestiziden establezimendu eta zerbitzuen erregistroa. Pestiziden establezimenduen osasun baldintzak. Izurriak kontrolatzeko planak. Pestiziden mugimenduen erregistro liburua. Tratamenduetan biozidak erabiltzeko behar diren trebakuntza eta gaitasunak. Araudia.

50.–Toxicologia eta segurtasun kimikoa. Produktu kimikoen zaintza establezimendu eta enpresetan. Produktu kimikoen erabilera eta biltegiratzea. Produktuen garraioa eta zama-lanak. Osasunerako arriskuak. Eskumenak. Araudia.

51.–Produktu kimikoen kontrola. Osasun arriskua. Produktu kimikoen erregistroa, ebaluazioa eta baimena. Substantziak baimentzea. Substantzia mugatuak eta oso kezkagarriak diren substantziak. Europako ikuskapen proiektuak. CLEEN sarea. Administrazioak arrisku kimikoa kudeatzea. Araudia.

52.–Produktu kimikoak. Substantziak eta nahasketak sailkatzea, etiketatzea eta ontziratzea. Baldintza nagusiak. Segurtasun fitxak. Arriskuaren etiketatzea. Merkaturatzeko mugak. Produktu kimikoei buruzko informazio truke azkarrerako sistema. Araudia.

53.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa. Osasun arloko inpaktua ebaluatzea. Inpaktuak zehazteko metodoak. Kutsaduraren kontrol integratua. Ingurumen inpaktuaren adierazpena. Ingurumen-auditoretzak. Araudia.

54.–Osasun zentroak eta establezimenduak. Baldintzak eta zentro motak. Baimena eta erregistroa. Araudia.

55.–Legionelosia. Bakterioaren ekologia. Eritasunaren etiopatogenia, diagnostikoa eta epidemiologia. Jarduketak agerraldietan eta kasu bakanetan edo elkarlotuetan. Jarduteko protokoloak. Legionellak eragindako infekzioei buruzko Europako lantaldea (EWGLI). Araudia.

56.–Arriskuko instalazio motak. Prebentzioa eta kontrola. Hozkuntza-dorreen errolda. Baldintzak eta prozedura. Legionella tratamenduak egiten dituzten enpresen erregistroa. Araudia.

57.–Legionelosiaren kontrolerako programak. Kontrolerako gune kritikoak eta erregistroak. Araudia.

58.–Legionella arriskua duten instalazioetako mantentze-lan higieniko-sanitarioetan aritzen diren langileen prestakuntza. Araudia.

59.–Tatuajea, mikropigmentazioa eta piercing-a. Osasunerako arriskuak eta prebentzio neurriak. Araudia.

60–Hileta-osasuna. Osasun Ministerioaren kontsentsu gida. Araudia.

61.–Lan-osasuna. Lan baldintzak eta osasunerako arriskuetan dituzten ondorioak. Arrisku faktoreak. Prebentzio eta babes neurriak.

62.–Tabakoa Drogamenpekotasunei buruzko Foru Planean. Tabakoaren produktu berriak. Araudia.

63.–Amiantoa. Osasunerako arriskuak. Nola jardun materialak agertzean. Amiantoari buruzko Foru Plana. Araudia eta kalitate arauak.

64.–Kontrol auditoretzak: barnekoak eta kanpokoak. Akreditaziorako Erakunde Nazionala. Auditoretza planak. Laginen eta parametroen akreditazioa. Kalitatea kudeatzeko sistemak. Legeria eta kalitate arauak.

Iragarkiaren kodea: F2115651