26. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

459E/2020 EBAZPENA, abenduaren 18koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita unibertsitarioentzako hiru prestakuntza bekatarako deialdia, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuan aritzeko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusian. DDBN identifikazioa: 540996.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra. Beka emateko prozedurari hasiera eman aurretik organo eskudunak deialdiaren oinarri arautzaileak onartu beharko ditu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak proposatu du unibertsitarioentzako hiru prestakuntza beka emateko deialdia onestea, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuan aritzeko; bekadunen prestakuntza akademikoa ezagutza espezializatuekin eta esperientzia praktikoarekin osatzea dute xede beka hauek, administrazio publikoen nahiz enpresa pribatuen eskaerei aurre egiteko gaitasuna eskura dezaten.

Horrenbestez, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Unibertsitarioentzako hiru prestakuntza bekatarako deialdia onestea, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuan aritzeko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusian.

2. 30.160 euroko gastua baimentzea, 2020rako gastuen aurrekontuko “830001 83100 4800 432100 Transferentzia arruntak praktiketako ikasleentzat” izeneko partidaren baliokide gisa 2021eko gastuen aurrekontuan sortzen denaren kargura. Gastu hori egiteko, betiere, 2021ean kreditu aski eta egokia egon beharko du.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzura, Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzura, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzura, eta Turismoko eta Merkataritzako Kontabilitatearen Kudeaketarako Bulegora.

5. Adieraztea ebazpen honen eta bere oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko abenduaren 18an.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia. Maitena Ezkutari Artieda.

I. ERANSKINA

Hiru prestakuntza bekatarako deialdia arautzen duten oinarriak. Bekak izanen dira Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuan aritzeko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusian

1. Xedea.

Unibertsitarioentzako hiru prestakuntza beka norgehiagokako araubidean emateko oinarriak ezartzea du xede deialdi honek. Bekadunak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusian arituko dira, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuan:

–Bi beka, turismoko gradua duten unibertsitarioentzat.

–Beka bat, soziologiako edo soziologia aplikatuko gradua duten unibertsitarioentzat.

Beken helburua da bekadunen prestakuntza bultzatzea, zuzenagotik ezagut ditzaten arlo akademiko horri loturik Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusian burutzen diren eginkizunak.

2. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen gastu konpromisoei aurre egiteko kreditua 112.320 eurokoa da; horietatik 30.160 euro baimentzen dira 2021erako, baldin eta 2021eko aurrekontuan kreditu aski eta egokia badago, eta aurreikusten da luzapena onartuz gero 37.440 euro egonen direla gastu honetarako bai 2022an bai 2023an, eta 7.280 euro 2024an, ekitaldi horietako bakoitzean kreditu aski eta egokia baldin badago.

3. Bekaren iraupena.

Prestakuntza beken iraupena, hasiera batean, 11 hilabetekoa izanen da 2021ean, soziologiako edo soziologia aplikatuko gradua duten unibertsitarioentzako bekaren kasuan, eta turismoko gradua dutenentzako bi beketako batean, eta 7 hilabetekoa turismoko gradua dutenentzako bigarren bekaren kasuan.

2021erako iraupenean kontuan hartu da aurreikusten den hasiera eguna 2021eko otsailaren 1a izanen dela hiru beketako bitan, eta 2021eko ekainaren 1a beste bekaren kasuan. Bukaera eguna 2021eko abenduaren 31 izanen da hiru beketan. Nolanahi ere, beka emateko ebazpenean zehaztuko da hasierako eguna zein den, ebazpen hori arestian aipatutako egunetik aurrera onesten bada.

Era berean, aurreikusita dago bekak luzatzen ahalko dituela Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak, gehienez ere hiru urtez hasierako iraunaldia eta luzapenak gehituta; hortaz, 2022an eta 2023an urte osorako luzatzen ahalko dira hiru bekak, eta 2024an, berriz, hiru urteko iraunaldia osatu arte falta diren hilabeteetarako, hau da, urtarrila soziologiako bekarako eta turismo beketako baterako, eta urtarriletik maiatzera turismoko beste bekarako. Hori guztia, partidan kreditu aski eta egokia bada.

4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Prestakuntza bekan aurreikusirik dago gehienez ere 1.040 euroko aurrekontua hilabetean, kopuru horretan sartuta dagoela Gizarte Segurantzaren kotizazioari dagokion gastua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kargura.

Bekadunak 980 euroko zenbateko gordina jasoko du hilean. Indarreko araudiaren arabera nahitaezkoa denean, zenbateko horretatik kenduko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako atxikipena eta bekadunaren kotizazioari dagokiona.

Beka jaso duenari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.

5. Eskatzaileak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisikoak izan daitezke bekaren onuradun:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Nafarroan erroldatua egotea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) 1. oinarrian aipatu diren unibertsitate tituluetako bat izatea, Espainiako agintariek luzatua edo homologatua.

f) Eskatutako titulua prestakuntza bekaren deialdi hau egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

6. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epeak.

Interesdunek 20 eguneko epean aurkezten ahalko dituzte eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan aurkez daitezke. Dokumentazio hori euskarri informatikoan aurkeztu beharko da.

Eskaera egiteko, behar bezala beteko da deialdi honetako II. eranskineko inprimaki normalizatua; aipatu tramiteen katalogoan dagokion fitxatik ere deskargatzen ahalko da. Eskaera horri dokumentu hauek gehitu beharko zaizkio:

–Eskatzailearen gaineko dokumentazioa:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo eskatzailearen nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere.

Eskabide-orriak honako hau izanen du erantsita: aipatutako erantzukizunpeko adierazpena eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari emandako baimena, Ogasunean eta Gizarte Segurantzan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren egiaztatzeko.

–Eskaeraren xedearen gaineko dokumentazioa:

a) Lortu gogo den bekari buruzko titulu akademikoaren fotokopia.

b) Ikasketen ziurtagiria, ikasturte bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin; orobat, espedientearen batez besteko nota, 0tik 10erako eskalan.

c) Eskatzailearen curriculum vitaea, non aipatu merezimendu guztiak zehaztuko diren; merezimenduak frogagirien bidez egiaztatuko dira, bereziki hauek:

–Bekarekin zerikusia duten unibertsitateko beste titulu akademiko batzuk.

–Bekarekin zerikusi zuzena duten prestakuntza ikastaroak, Estatuko zein atzerriko unibertsitateetan edo administrazio eta erakunde publikoetan eginak.

–Eskatutako titulazioarekin lotura zuzena duten proiektuetan parte hartzea (bekak, praktikak, etab.).

–Hizkuntzak jakitea.

Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

7. Merezimenduak baloratzeko irizpideak.

Beka hau norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta banatuko dira dirulaguntzak baremoko ordenaren arabera, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren.

Eskaerak baloratzeko, honako irizpide hauen arabera kalifikatuko dira merezimenduak, 25 puntu arte, gehienez ere:

a) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria. 10 puntu gehienez. Espedientearen batez besteko nota baloratuko da, 0tik 10era bitarteko eskalan.

b) Beka emateko eskakizun ez diren beste unibertsitate titulu batzuk, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. 4 puntu gehienez.

  • Doktoregoa: 2 puntu.
  • Masterra: 1 puntu.
  • Beste gradu batzuk: 1 puntu.

c) Bekaren xede diren arloekin lotura zuzena duten prestakuntza ikastaroak: gehienez ere 4 puntu.

Kontuan hartuko dira 20 orduko edo gehiagoko prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, interesdunak jasotakoak zein emandakoak, honela: 0,20 puntu kreditu bakoitzeko edo prestakuntzako 10 orduko.

Ez dira kontuan hartuko 20 ordutik beherako ikastaroak.

Interesdunak jasotako ikastaroek titulu ofizialak izan beharko dute edo, bestela, ofizialki aitortutako prestakuntza zentroetan jasoak, eta behin besterik ez dira baloratuko, nahiz eta interesdunak ikastaroaren edizio bat baino gehiago jaso edo eman izan.

d) Bekaren xede diren arloekin edo titulazioekin lotutako proiektuetan parte hartzea (beste beka batzuk, curriculumaz kanpoko praktikak eta abar): 0,10 puntu hilabete bakoitzeko, 2 puntura arte gehienez.

Horretarako, hilabete osoak zenbatuko dira, eta ez dira kontuan hartuko hortik beherako aldiak.

Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko.

e) Hizkuntzak jakitea. 5 puntu gehienez. Hizkuntza bakoitzeko maila handieneko ziurtagiria bakarrik baloratuko da, eta 5etik gorako puntuazioa ez da kontuan hartuko.

–Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiria edo C1 titulua, edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: 1,2 puntu (Euskara), puntu bat (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).

–B2 tituluak edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: puntu bat (Euskara), 0,8 puntu (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).

–B1 tituluak edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: 0,5 puntu (Euskara), 0,4 puntu (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).

Ez da meriturik baloratuko ez bada agiri bidez frogatzen, eta merituak kontuan hartuak izan daitezen, eskaerak aurkezteko epea amaitu aurrekoak izan behar dute.

Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa espedienteko a) atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Hala ere, berdinketak jarraituz gero, beste ikasketa titulu batzuetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.

8. Ebaluazio Batzordea.

Ebaluazio Batzordea izanen da eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko eta alegatzen diren merezimenduak baloratzeko ardura izanen duen kide anitzeko organoa, bai eta ebazpen proposamena prestatzeko ardura izanen duena ere, non adieraziko baita izangai bakoitzari guztira emandako puntuazioa.

Kide hauek osatuko dute Ebaluazio Batzordea:

–Epaimahaiburua: Alberto Ecay Pagoto, Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendaria.

–Ordezko epaimahaiburua: Garbiñe Basterra Olóriz, Behatokiaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Manuel Bermejo Garde, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: Felipe Valcarcel. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuko APT juridikoa.

–Idazkaria: Julia Urtasun Galdeano, Behatokiaren eta Berrikuntzaren Ataleko soziologoa.

–Batzordeko kide ordezkoa: Amaia García López de Arana, Merkataritza eta Artisautza Antolatzeko eta Laguntza Ekonomikoen Ataleko APT ekonomikoa.

9. Bekaren tramitazioa eta hura emateko ebazpena.

Eskaerak hartutakoan, Ebaluazio Batzordeak espedientea aztertu eta ebaluatuko du. Eskaerak ez baditu betetzen finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

Eskaera osoa eta behar bezalakoa dela ikusitakoan, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera barematuko da espedientea, eta Balorazio Batzordeak lehentasun ordena zehaztuko du ateratzen den baremoaren arabera.

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko, eta ez da zuzenduko eskaerarekin batera barematzeko aurkezten ez den merezimenduen dokumentazioa.

Ebaluazio Batzordeak ebazpen proposamena igorriko du, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak bekaren deialdia ebatz dezan. Ebazpenak, gutxienez ere, beka eskuratzen duten eskatzaileen zerrenda jasoko du eta, zein den kasua, espresuki adieraziko du zein eskaera ezesten diren, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera jakinaraziko da.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Eskatutako beka eman edo ukatzen duen ebazpenaren aurka, eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

10. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, deialdi honen emaitzak argitaratuko dira Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzaren fitxan.

11. Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.

Onuradunek apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren artikuluetako betebehar eta eskubideak izanen dituzte eta, bereziki, 19. artikuluan adierazitako betebeharrak; foru dekretu horretan araubide orokorra ezartzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko.

Orobat, beka ematen duen ebazpenaren proposamena egiten den unean, onuradunak behartuta daude zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatera.

12. Jardueren hasiera eta ukoak.

Onuradunek hamar egun naturaleko epean, gehienez ere, hasi beharko dituzte beren jarduerak, beka ematen dien ebazpenean adierazten den egunetik hasita. Horrela egiten ez badu, ulertuko da onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

Turismoko edota turismoarekin lotutako unibertsitateko ikasketak dituzten unibertsitarioentzako beken kasuan, kontuan hartuta aurreikusi diren hasiera egunak desberdinak direla haietako bakoitzean, lehentasun ordenaren araberakoa izanen da bekak hautatzeko ordena ere.

Edozein arrazoi dela eta, emandako bekari uko eginez gero, idatzita eman beharko zaio horren berri Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago, gutxienez ere.

Uko eginez gero, zilegi izanen da beka hori Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea.

13. Tutoretzak eta jarduerak.

Beka duen pertsonak adina titulu edo gehiago dituen tutore batek, dagokion administrazio unitateak izendatutakoak, gidatu eta gainbegiratuko ditu bekadunak egiten dituen jarduerak.

Bekadunak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan eginen ditu bere jarduerak. Halaber, bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen ditu.

Beka bakoitzaren arabera, prestakuntza bekak honako alderdi hauek jaso ditzake:

a) Turismoko graduarekin lotutako tituluak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiko Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Ataleko teknikarien laguntzarekin:

–Turismoaren sektoreko enpresei informazioa eta aholku ematea jarduera bat (ostatuak, jatetxeak, turismoko bitartekaritza eta turismo aktiboa eta kulturala) Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko egin beharreko tramiteei eta bete beharreko baldintzei buruz.

–Turismoaren sektoreko enpresek turismoko establezimenduak edota jarduerak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko aurkezten dituzten erantzukizunpeko adierazpenak (alta, baja, datuen aldaketa) behar bezala bete direla egiaztatzea.

–Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalean Nafarroako Turismo Erregistroaren kudeaketarekin loturik sortzen diren txostenak eta mota guztietako agiriak (erregistroa eta ikuskapena) prestatzea, idaztea eta igortzea.

–Turismoko jarduera bat betetzeko araudian ezarritako bermeak edo erantzukizun zibileko aseguruak betetzearen gaineko kontrol eta jarraipen lanetan laguntzea.

–Turismo jarduerari lotutako erreklamazioak eta salaketak tramitatzen laguntzea.

–Turismoaren arloko intrusismoa eta lehia desleiala kontrolatzen laguntzea.

–Antolaketarekin, datu bilketarekin eta txostenak eta aurkezpenak prestatzearekin lotutako lanak, betiere Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalaren eskumenei dagokienez.

–Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalaren artxiboa antolatzeko lanak.

–Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusian betetzen den beste edozein lan.

b) Soziologiako graduarekin lotutako tituluak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiko Behatokiaren eta Berrikuntzaren Ataleko teknikarien laguntzarekin:

–Behatokian informazio iturri berriak erabili eta automatizatzeko lanetan laguntzea. Behatokiaren datamart-a garatzeko laguntza.

–Zuzendaritza nagusiaren jarduketa planetan jasotako adierazleak zehazten eta horien informazioa gehitzen laguntzea. Informazioaren bilketarako, gainerako unitateekin koordinatzeko lanak.

–Aldizkako txostenak prestatzea, prestakuntzarako programak eta turismo eta merkataritza kalitaterako programak ebaluatzeko.

–Aldizkako txostenak eta turismoaren arloko koiuntura txostena prestatzea. Informazioaren analisia egiten eta hura zabaltzeko prestaketan laguntzea.

–Behatokiaren gobernantza eredua abian jartzen laguntzea. Bileren deialdia eta prestaketa, bai eta dokumentazioa, komunikazioak eta abar ere.

–Turismoaren eta kontsumoaren arloan estatuko eta nazioarteko jardunbide onak detektatzeko lanak betetzea. Behatokiaren radarra.

–Behatokiaren web orria eguneratzea eta informazioa gehitzea.

–Eskaerari buruzko azterketak egiteko informazioa bildu eta aztertzeko lanetan laguntzea: bisitariak eta turistak.

–Big datako datu basea aztertzeko eta horiek neurtzeko sistemak garatzeko lanetan laguntzea, koordinaturik Administrazioaren beste unitate eskudun batzuekin.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

14. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekadunak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren instalazioetan jardunen du, astean gehienez ere 30 ordu sartuz eta 2,5 egun natural atseden hartuz, bekak dirauen hilabete bakoitzean.

Bekadunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

15. Bateraezintasuna.

Prestakuntza beka bateraezina da administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoak edo nazioartekoak izan, emandako beste prestakuntza beka batzuekin.

16. Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, araubide orokorra ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

17. Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2015989