259. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza aldatzea behin betiko onestea

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2021eko ekainaren 30ean egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa, Hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantzaren 2., 6., 7., 13., 16., 23., 25., 33., 38., 49. artikuluetan, IV. izenburuko epigrafean, 52. artikuluan eta IV. eranskinean, eta bai 39 bis eta 51 bis artikuluen testu berria gehitzea ere.

Onespen-akordioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean kaleratu zen, 163. zenbakikoan, 2021eko uztailaren 14an, eta, Batzar Nagusiak 2021eko urriaren 21ean egin zuen saioan hartutako akordioaren bidez, alegazioak ebatzi ziren eta behin betiko onetsi zen ordenantza horren aldaketa. Testu argitara emateko agindu da, egokiak diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 25ean.–Lehendakaria, David Campión Ventura.

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEKO HONDAKINEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA ALDAKETA

2. artikulua. Tokiko eskumenak.

Mankomunitateak eskumena du haren esparruan sortzen eta uzten diren etxeko hondakinak biltzeko, garraiatzeko eta tratatzeko, ordenantza honetan ezartzen den moduan eta hondakinei buruzko legerian eta toki araubidearen legerian ezarritakoari jarraituz.

Mankomunitateak du zaintza eta ikuskapenerako ahalmena eta zehapenak jartzekoa, bere eskumenen esparruan.

Mankomunitateak hau egin dezake:

Hondakinak kudeatzeko eta/edo hondakinen prebentziorako bere programa onestea, bere eskumenen esparruan eta esparru plan nazionalarekin eta hondakinak kudeatzeko autonomia planekin koordinaturik. Hala behar denean, hondakinen prebentziorako plana sartu ahal izango da hondakinak kudeatzeko planean.

Merkataritzako hondakin ez arriskutsuak biltzea, ordenantza honetan ezarritako moduan.

Etxeko hondakin industrialak biltzea, ordenantza honetan ezarritako moduan.

6. artikulua. Araubidea.

Ordenantza honen araubidea Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko22/2011 Legearen eta Hondakinei eta Haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen xedapenei lotuko zaie eta hondakinen kudeaketaren gainean aplikagarriak diren gainerako xedapenei.

7. artikulua. Definizioak.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarrita dagoenaren arabera (3.artikulua), ordenantza honetan xedatutakoaren eraginetarako, definizio hauek hartu beharko dira aintzat:

Hondakina: edozein gai edo gauza, jabeak bota egiten badu edo botatzeko asmoa edo betebeharra badu.

Etxeko hondakinak: etxeko jardueren ondorioz etxeetan sortutako hondakinak. Horien gisakoak, zerbitzuek eta industriek sortuak ere, hartuko dira etxeko hondakintzat.

Hauek ere kategoria honetan sartzen dira: aparatu elektriko eta elektronikoetatik etxean sortzen direnak, arropa, pilak, metagailuak, altzariak eta etxeko gauzak, baita etxeetan egiten diren obra txikietako eraikuntza edo konponketatik heldu diren hondakinak eta obra hondakinak ere.

Hauek ere etxeko hondakintzat hartuko dira: eremu publikoak, berdeguneak, josteta eremuak eta hondartzak garbitzetik heldu direnak, etxeko animalia hilak eta ibilgailu abandonatuak.

Merkataritzako hondakinak: handizkako nahiz txikizkako merkataritzak berezko duen jardueratik sortuak, baita jatetxe eta ostatuetako zerbitzuetatik, bulego eta merkatuetatik eta zerbitzu sektoreko gainerakoetatik heldu direnak ere.

Udal hondakinak: udalaren eskumenekoak izango dira etxeko hondakinak eta merkataritzako hondakin ez arriskutsuak.

Industriako hondakinak: industria jarduerak sortzen dituen fabrikazio, eraldakuntza, erabilera, kontsumo, garbiketa edo mantentze prozesuen ondoriozko hondakinak, kanpo utzirik atmosferarako isuriak, Atmosfera Babesteari eta Airearen kalitateari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legeak arautzen baititu.

Hondakin arriskutsuak: Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen III. Eranskineko zerrendan agertzen diren ezaugarri arriskutsuetarik bat edo gehiago dituzten hondakinak, baita Gobernuak onesten dituenak ere Europako araudian edo Espainiak parte hartzen duen nazio arteko hitzarmenetan ezarritakoari jarraikiz, eta orobat hondakin horiek eduki dituzten ontziak.

Obra txikiko eraikuntzaren eta eraispenaren hondakinak eta etxeko konponketetakoak: etxe partikular, saltegi edo bulego batean edo zerbitzuen sektoreko higiezin batean egiten diren eraikuntza edo eraispen obrak dira, teknika errazekoak eta eraikuntza eta ekonomia aldetik garrantzi gutxikoak. Haien ondorioz ez dira aldatzen bolumena, erabilera, denek erabiltzeko instalazioak edo etxebizitza eta lokalen kopurua, eta ez dute behar tituludun profesionalek sinatutako proiekturik.

Olio erabiliak: olio guztiak, hala mineralak nola sintetikoak, industrialak edo labainketakoak, jatorrian aurreikusitako erabilerarako jadanik balio ez dutenak, hala nola errekuntzako motorretako olio erabiliak eta abiadura-kaxetako olioak, olio labaintzaileak, turbinetarako olioak eta olio hidraulikoak.

Landare olio erabiliak: etxeetan janariak frijitzeko erabiltzen diren landare olioen hondakinak edo taberna, jatetxe, hotel eta beste jatetxe zerbitzu batzuetakoak, bai eta kontserben olioak ere. Hemen ez dira sartzen beste janari koipe batzuk.

Biohondakinak: biodegradatzen ahal diren hondakinak, lorategi eta parkeetakoak, eta elikadurako eta sukaldeko hondakinak, etxe, jatetxe, taldeentzako sukaldaritza zerbitzu eta txikizkako salmentan aritzen diren establezimenduetatik heldu direnak, baita elikagaiak prozesatzeko plantetatik heldu diren eta horiekin pareka daitezkeen hondakinak ere.

Prebentzioa: gai, material edo produktu bat asmatu eta diseinatzeko, ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko faseetan hauetarako hartzen diren neurriak:

1. Hondakin kopurua, baita produktuak berriz ere erabilirik edo produktuen bizi erabilgarria luzaturik ere.

2. Sortutako hondakinek ingurumenari eta giza osasunari egiten dizkieten kalteak, barne dela aurreztea materialak edo energia erabiltzean.

3. Gai kaltegarrien edukia, material eta produktuetan.

Hondakinen sortzailea: pertsona fisiko edo juridiko oro, haren jarduerak hondakinak sorrarazten baditu (hondakinen hasierako sortzailea) edo hondakin horien izaeran edo osaeran aldaketa eragiten duten jarduketak egiten baditu, hala nola aldez aurreko tratamendua, nahasketak edo bestelakoak. Mugetako instalazioetan kontrol eta ikuskaritza zerbitzuek kentzen dituzten salgaien kasuan, salgaiaren ordezkaria hartuko da hondakinen sortzailetzat, edo bestela haren inportatzailea edo esportatzailea.

Hondakinen edukitzailea: hondakinak dauzkana, hondakinen sortzailea izan edo beste pertsona fisiko edo juridiko bat.

Negoziatzailea: hondakinak erosten eta ondoren saltzen bere kontura aritzen den pertsona fisiko edo juridiko oro, baita hondakinak fisikoki hartzen ez dituzten negoziatzaileak ere.

Agentea: hondakinen balorizazioa edo ezabaketa hirugarrenen eskariz antolatzen duen pertsona fisiko edo juridiko oro, baita hondakinak fisikoki hartzen ez dituzten agenteak ere.

Hondakinen kudeaketa: hondakinen bilketa, garraioa eta tratamendua, eta lan horiek zaintzea, eta zabortegiak itxi eta geroko mantentze lana egitea, negoziatzaile edo agente gisa egiten diren jarduketak barne.

Hondakinen kudeatzailea: pertsona edo entitatea, publikoa nahiz pribatua, baimen bidez edo komunikazio bidez erregistratua, hondakinen kudeaketa osatzen duten jarduketetariko edozein egiten duena, haien sortzailea izan edo ez.

Bilketa: hondakinak jasotzea, barne dela hasierako sailkapena eta biltegiratzea, horiek tratamendurako instalazio batera garraiatzeko.

Gaikako bilketa: hondakinen emari bat gaika jasotzen da, haien mota edo izaeraren arabera, tratamendu berariazkoa errazteko.

Berrerabilpena: edozein lan, haren bidez produktuak edo produktuen osagaiak, hondakinez direnak, berriz ere erabiltzen badira, zertarako asmatu ziren eta horrexetarako.

Tratamendua: balorizazio edo ezabaketa jarduketak, barne dela balorizazioaren edo ezabaketaren aurreko prestakuntza.

Balorizazioa: edozein jarduketa, haren emaitza nagusia bada hondakinak xede baliagarria izatea, bestela eginkizun partikular bat betetzeko erabiliko liratekeen materialak ordezkaturik, edo hondakina prestatzea, eginkizun hori instalazioan nahiz, oro har, ekonomian betetzeko. 22/2011 Legearen II. eranskinean jasotzen da balorizazio lanen zerrenda ez zehatza.

Berrerabilpenerako prestakuntza: egiaztapena, garbiketa edo konponketa dakarren balorizazio lana, haren bidez hondakin bilakatu diren produktuak edo produktuen osagaiak prestatzen badira berriz ere erabili ahal daitezen beste inolako eraldaketarik gabe.

Birziklatzea: balorizazio lana, haren bidez hondakinen materialak berriz ere produktu, material edo gai bilakatzen badira, hala jatorrizko xederako nola beste edozein xedetarako. Haren barnean sartzen da material organikoaren eraldaketa, baina ez balorizazio energetikoa, ezta erregaitako edo betelanetarako erabiliko den material bilakatzea ere.

Ezabaketa: edozein jarduketa, balorizazioa ez bada, baita lan horren bigarren mailako ondorioa denean gaien edo energiaren aprobetxamendua. Legearen I. eranskinean jasotzen da balorizazio lanen zerrenda ez zehatza.

Konposta: medeagarri organikoa, bereizita biltzen diren hondakin biodegradagarrien tratamendu biologiko aerobioaren eta termofiloaren bidez lortzen dena. Ez da konposta izango hondakin nahasien tratamendu mekaniko biologikoko plantetan lortzen den material organikoa, horri material bioegonkortua esango baitzaio.

Edukiontziak eta buzoiak gailu elektronikoaren bidez irekitzeko sistema: edukiontziak eta buzoiak gailuak erabilita (txartelak edo kidekoak) ireki eta ixteko aukera ematen duten elementu mekanikoen, elektronikoen eta komunikaziokoen multzoa, eragiketa horren datuak lortuz, eta datu horien kudeaketa.

Zero zabor ekitaldia: sortutako hondakinak minimizatzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzea bermatzeko bidea emateko moduan diseinatu, antolatu eta garatutako ekitaldia da.

13. artikulua. Biltzekoak.

Hondakin mota hauek izango dira biltzekoak:

a) Etxeko kontsumoko hondakinak eta elikapenekoak, herritarrek beren etxeetan sorturikoak.

b) Herritarrek espaloietan egindako ekorketan sortutakoak.

c) Zuhaitz inausketako eta landare mantenimenduko arbasta, zatikatua ematen dena.

d) Merkataritza lokaletan sortutako estalkiak, ontziak, enbalajeak eta beste hondakinak.

e) Zerbitzu, industria eta merkataritza jardueretan sortutako hondakingaiak, etxebizitzetako zaborren gisa berekoak direnak.

f) Taberna, jantoki eta, oro har, sutan prestaturiko gai jangarriak ematen diren beste saltokietan, edota edonolako gaiak jan-edaten diren lokaletan sortzen direnak. Halaber, supermerkatu, autozerbitzu eta horrelako saltokietan sortzen direnak ere.

g) Egoitza, hotel, ikastetxe, beste lokal publiko edo herritarrek sarrera duten lokaletan sortzen diren kontsumoko hondakinak oro har.

h) Udal azoketako jardunean sortutako hondakinak.

i) Etxebizitzetan egindako obra txikietan sortutako hondakinak eta etxeko konponketetakoak.

j) Etxebizitza eta saltokietan sortutako errautsak.

k) Etxeko tamaina handikoak, hala nola arropa, oinetakoak eta horiek bezalako edozein gai.

l) Etxeko animalia hilak.

m) Etxeko hondakin arriskutsuak, herritarrek beren etxebizitzetan sortutakoak.

n) Ordenantzahonen 31. artikuluan ezarritako I. eta II. taldeetako klinika hondakinak.

o) Beren izaera edo osaeragatik etxeko hondakintzat jo daitekeen zeinahi beste hondakin oro.

16. artikulua. Edukiontziak eta buzoiak gailu baten bidez irekitzea

Ordenantza honetako 15. artikuluan jasotako helburuak lortzeko, edukiontziak eta buzoiak gailu baten bidez irekitzeko sistemak kokatuko dira progresiboki. Sistema horiek ahalbidetuko dute edukiontzi eta/edo buzoi bakoitzaren irekitze datuak bildu eta erregistratzea, erabilera-maila ezagutzeko xedearekin, helburu normatiboak lortzeko, eta bai zerbitzua eta bere emaitzak sustatzeko jarduerak egiteko ere.

Irekitzeko gailuen erabilera eta eskuragarritasuna ordenantza honetako IV. eranskinean jasotakoari egokituko zaio.

23. artikulua. Bilketa eredua.

Hondakinen Plan Nazionalean eta 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Planean ezarritakoaren arabera, etxeko eta merkataritzako hondakinen bilketako ereduak, Iruñerriko Mankomunitatearen esparruan era orokorrean ezarrita dagoenak, erabiltzaileak behartzen ditu beren hondakinak bost zati edo frakziotan aurkeztera:

–Gainerakoen frakzioa.

–Gai organikoak.

–Ontziak.

–Papera-kartoia.

–Beira.

33. artikulua. Iruñeko Alde Zaharreko saltokietan atez ate biltzea.

Iruñeko Alde Zaharrean zaborrak biltzeko sistema pneumatikoa ezarrita dagoenez, inguru horretan saltokietako hondakinak biltzeko baldintza bereziak ezarri behar dira.

Iruñeko Alde Zaharreko saltoki guztiek erabili beharko dute Mankomunitateak ezarrita daukan atez ateko bilketa bereziaren zerbitzua gai organikoak, beira eta papera-kartoia botatzeko.

Gai organikoak aurkezteko baldintzak hauek izango dira: bilketa horretarako Mankomunitateak emandako kuboetara botako dira beti. Poltsatan sartuta egongo dira, kuboak lokalaren sarreratik hurbil eta berehala eramanak izateko prestatuta egongo dira, Mankomunitateak kasu bakoitzean adierazitako egunean eta orduan. Saltokiaren ardura izango da dagokion kuboa garbitzea.

Beira aurkezteko baldintzak hauek izango dira: bilketa horretarako Mankomunitateak emandako kuboetara botako da beti. Garbia egongo da, poltsa, estalki, tapoi edo horrelakorik gabe. Kuboak lokalaren sarreratik hurbil eta berehala eramanak izateko prestatuta egongo dira, Mankomunitateak kasu bakoitzean adierazitako egunean eta orduan. Saltokiaren ardura izango da dagokion kuboa garbitzea.

Papera-kartoia aurkezteko baldintzak hauek izango dira: papera-kartoia saltokiko atearen ondoan utziko da. Garbia egongo da, beste hondakin batzuk gabe (plastikoa, zura...), behar bezala tolestuta eta lotuta egongo da, berehala bildu ahal izateko eran prestatuta, Mankomunitateak kasu bakoitzean adierazitako egunean eta orduan.

38. artikulua. Garbiguneetan biltzea.

Garbigune bat zenbait hondakin hartzeko, biltzeko eta sailkatzeko tokia da, eta bereziki beste bilketetan hartzen ez diren etxeko hondakin arriskutsuak eramateko tokia.

Mankomunitateak garbigune finkoak eta mugikorrak eta landa-arloko garbiguneak ditu.

Garbigune finkoa: gutxienez 160 metro koadroko azalera duen instalazio bat da, bertara erraz iristeko tokian kokatutakoa.

Garbigune mugikorra: Mankomunitatearen esparruaren barnean auzoak edo herriak atenditzen dituen ibilgailua da, egun eta ordu jakinetan. Garbiguneak emango duen bilketa zerbitzua aurretik ezarritako ordutegi baten araberakoa izango da, eta egokiak diren bitartekoen bidez emango zaie horren berri erabiltzaile guztiei.

Landa-arloko garbigunea: instalazio finko txikia, aurrez aurreko arretarik gabea. Etxeko hondakin arriskutsuak bota ahal izateko ahoak ditu, eta herri txiki batean kokatuta dago.

Etxeko hondakin arriskutsuak garbiguneetara eraman behar dira, eta, horrenbestez, debekatuta dago beste edozein motatako edukiontzietara botatzea.

Garbiguneak erabiltzetik kanpo daude enpresak edo industriak, mota horretako hondakinak baimendutako kudeatzaile baten bidez kudeatu behar baitituzte.

III. eranskinean dago garbiguneetara eraman daitezkeen hondakinen zerrenda eta kantitateak.

39 bis artikulua. Ekitaldietan hondakinak kudeatzea.

Hiri-hondakinak kudeatzeko zerbitzua emateagatiko tributu-izaera ez duten ondare-prestazio publikoak arautzen dituen ordenantzan xedatutakoak arautzen ditu ekitaldietarako Mankomunitateak uzten dituen edukiontziak eta kuboak kokatu, kendu eta deskargatzeko zerbitzuak.

Ekitaldi publikoetan, administrazio publikoek babestu, antolatu edo diruz lagundutakoetan, edari ontziratuak saldu eta banatzearen alternatibak ezarri beharko dira, eta kasu orotan bermatu beharko da iturriko ura eskuratu ahal izatea, edalontzi berrerabilgarrien bidez, edo ura botila berrerabilgarrietan.

Ekitaldiak egitean, hondakinak era jasangarrian kudeatzeko sistema bat sustatuko du Mankomunitateak, hondakinak minimizatu, berrerabili eta gaika biltzea bultzatuko duena, “Zero zabor ekitaldiak” izeneko programaren bidez.

IV. TITULUA

Zehapen-erregimena

51 bis artikulua. Subjektu erantzuleak.

Titulu honetan sailkatutako arau-haustetzat hartu ahal izateko egintzak gauzatu dituztelako zehatu ahal izango dira pertsona fisikoak eta juridikoak, eta, orobat, lege batek jarduteko gaitasuna aitortzen dienean, ukitutako taldeak, batasunak eta nortasun juridikorik gabeko erakundeak eta ondasun independenteak edo autonomoak, haien erantzuleak direnak, doloa edo errua dela-eta.

52. artikulua. Arau-hausteak. Ondoko jarduera eta egoera hauek arau-hausteak izango dira:

1) bilketari dagozkionak.

A. Arau-hauste arinak:

a) Hondakinak hartzea, behin dagokien eran utzi eta gero.

b) Hondakinak gaika bereizi gabe uztea edo hondakin mota bakoitzaren edukiontzia edo gunea eta bilketa sistema ez den batean edo ordenantza honetan xedatutakoa bete gabe.

c) Mankomunitateak ordenantza honen bidez ezarritako baldintzak, tokiak eta ordutegiak bete gabe uztea hondakinak.

d) Hondakinak tolestu edo ataldu gabe uztea, kasuen arabera, bolumena murrizteko eta poltsen eta edukiontzien edukiera ahalik eta gehiena aprobetxatzeko.

e) Edukiontziak mugitu edo tokiz aldatzea, Mankomunitatearen baimena izan gabe.

f) Arau-hauste larri edo oso larri bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik larri edo oso larritzat jotzea merezi ez duenean.

B. Arau-hauste larriak:

a) Edozein udal hondakin mota kontrolik gabe abandonatu edo botatzea, betiere pertsonen osasuna arrisku larrian jarri ez bada edo ingurumenean kalte edo hondamen larria eragin ez bada.

b) Hondakinak estolderia sarera botatzea, arrisku larrian jarri gabe pertsonen osasuna edo kalte larria eragin gabe ingurumenerako.

c) Hondakinen aurretratamendurako etxeko instalazioak egitea (trinkotzea, esate baterako), Mankomunitatearen baimena izan gabe, arrisku larrian jarri gabe pertsonen osasuna edo kalte larria eragin gabe ingurumenerako.

d) Mankomunitatearen zaintza, ikuskapen eta kontrol jarduera oztopatzea, bai eta laguntza emateko betebeharrak, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta Hondakinei eta Haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarriak, ez betetzea ere.

e) Edukiontzietan grafitiak egitea edo horiek margotzea, edozein motatako kartelak edo itsaskinak jartzea edo publizitatea egiteko erabiltzea. Erantzule zuzena edo subsidiarioa izango da egilea edo iragarlea.

f) Udal hondakin ez arriskutsuak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean, Hondakinei eta Haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean, hondakinen kudeaketan aplikagarriak diren gainerako xedapenetan eta ordenantza honetan agertzen ez diren pertsona fisiko edo juridikoei eman, saldu edo lagatzea, eta hondakin horiek arau hauetan ezarritakoak ez diren baldintzetan onartzea.

g) Arau-hauste oso larri bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik oso larritzat jotzea merezi ez duenean.

C. Arau-hauste oso larriak:

a) Edukiontziak eta/edo haietako zeinahi elementu hondatzea.

b) Bilketa pneumatikoko instalazioetako konportak eta/edo ontziak hondatzea.

c) Zamatze, huste eta garraiatze lanak eragoztea eta bai edukiontziak garbitzea ere, eta, oro har, zerbitzua emateak dakartzan beste jarduerak era batean edo bestean eragoztea.

d) Hondakinak estolderia sarera botatzea, baldin eta arrisku larrian jarri bada pertsonen osasuna edo kalte larria eragin bada ingurumenerako.

e) Hondakinen aurretratamendurako etxeko instalazioak egitea (trinkotzea, esate baterako), Mankomunitatearen baimena izan gabe, baldin eta arrisku larrian jarri bada pertsonen osasuna edo kalte larria eragin bada ingurumenerako.

f) Bilketa pneumatikoko edukiontzietara edo ontzietara hondakin arriskutsuak botatzea edo bilketaren helburu direnekin nahastea.

g) Bilketa pneumatikoko edukiontzietara edo ontzietara bildu ezin diren klinika hondakinak botatzea edo onargarriak direnekin nahastea.

h) Animalia hilen gorpuak edozein tokitan uztea eta jabetza publikoko lursailetan haiek erraustea.

i) Edozein motatako udal hondakinak abandonatzea edo kontrolik gabe botatzea, baldin eta arrisku larrian jarri bada pertsonen osasuna edo kalte larria eragin bada ingurumenerako.

2) Tratamenduari dagozkionak.

A. Arau-hauste arinak:

a) Ordenantza honetan hitzartutako baldintzak bete gabe garraiatzea hondakinak.

b) Arau-hauste larri edo oso larri bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik larri edo oso larritzat jotzea merezi ez duenean.

c) Tratamendua eragozten edo zailtzen duten hondakinak nahastea.

B. Arau-hauste larriak:

a) Instalazioek behar bezala funtzionatzea eragozten duten egintzak edo huts-egiteak.

b) Informazio, ikuskatze edo lagin-hartze lanak oztopatzea, bai sorburuan bai eta instalazioetan ere.

c) Administrazio baimenik ez duten hondakinak ematea.

d) Dokumentuak emateko betebeharra ez betetzea, aplikagarria den araudiak edo baimenean dauden xedapenek exijitutako datuak ezkutatzea edo faltsutzea, eta dokumentu horiek zaintzeko eta gordetzeko betebeharra ez betetzea.

C. Arau-hauste oso larriak:

a) Hondakin toxikoak edo arriskutsuak ematea, hutsik edo beste hondakin batzuekin nahasita.

b) Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta Hondakinei eta Haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean edo ondorengo horren garapenetan ezarritakoaren aurka jokatzea, arrisku larria edo pertsonen osasunerako kaltea eragin bada, ingurumenerako kaltea edo andeatze larria eragin bada edo jarduera eremu babestuetan egin bada.

Aurretik aipatu direnez gain, ordenantza honetan, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean edo ondorengo horren garapenetan ezarritakoaren aurkako edozein egintza edo huts-egite.

IV. ERANSKINA

Edukiontziak eta buzoiak irekitzeko gailuak erabiltzeko
eta eskuratzeko arauak

Behin kokatu denean irekitze-sistema dagokion tokian, ordenantza honetako 16. artikuluan jasota dagoenaren arabera, erabiltzaileei gutxienez bi txartel edo gailu baliokide emango zaizkie posta-helbide bakoitzeko, eta, hartara, gailuaren erabilera eman zeneko posta-helbideari lotuta egongo da.

Galtzearen, lapurtzearen, hondatzearen, berritzearen eta/edo helbidea aldatzearen ondorioz irekitzeko gailu gehiago emateko, aurretik eskaera egin beharko da.

Ezaugarri hauetako irekitze-sistema duen zeinahi edukiontzi eta/edo buzoi irekitzeko balioko dute gailuek. Mankomunitateko lehendakariak onartutako edozein aldaketa edo murrizketa abian jarri baino lehen jakinarazi beharko da, behar den denborarekin.

Sistema ezarrita duen frakzioetako bakoitza asteko zein egunetan ireki daitekeen ezarriko du Mankomunitateak. Asteko irekitze-egunen zerrenda hori ezarri eta aldatzea, Mankomunitateko lehendakariak onartua, abian jarri baino lehen jakinarazi beharko da, behar den denborarekin.

Aginduta dituen zerbitzuek behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren aldaketak egiteko ahalmena du Mankomunitateak.

Berariazko inguruabarrak daudenean, justifikatzen dutenak “gainerakoen frakzioaren” edukiontzian eta/edo buzoian bota beharreko hondakin gehiago sortzea, hala nola pixoihalak eta antzekoak, gailu batzuk emanen dira horiek egunero zabaltzeko. Hala emandako gailuak jaulki eta handik bost urtera iraungiko dira.

Eraikin batean atezaintza-zerbitzua, garbiketakoa edo baliokidea badago, eraikineko hondakinak botatzeaz arduratzen dena, Mankomunitateak zerbitzu horien arduradunari gailu bat emango dio, eraikinean sortzen diren hondakinak botatzeko edukiontzia eta/edo buzoia ireki ahal izateko.

Irekitzeko gailuen funtzionaltasunak beste batzuekin integratu ahal izango dira, barne hartuta Iruñerriko Mankomunitateak ematen dituen zerbitzu publikoetan erabiltzen direnak, besteak beste, eskualdeko hiri garraioan erabiltzen direnekin, aurretik eskaera eginda.

Iragarkiaren kodea: L2115301