258. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

79/2021 EBAZPENA, urriaren 19koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez honako proiektu honen okupatu aurreko aktak egiten baitira: “Alesbes-Alesbes” 13,2 kV-eko zirkuitu bakuneko aireko linearen saihesbidea, eta “Alesbes-Martzilla” 13,2 kV-eko zirkuitu bakuneko aireko linearena, Alesbesko (Nafarroa) udal-mugartean, SAT-11177.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 1eko 201/2021 Ebazpenaren bidez, bi proiektu hauek onetsi ziren: “Alesbes-Alesbes” 13,2 kV-eko zirkuitu bakuneko aireko linearen saihesbidea, eta “Alesbes-Martzilla” 13,2 kV-eko zirkuitu bakuneko aireko linearena, Alesbesko (Nafarroa) udal-mugartean SAT-11177; horretaz gain, ebazpen berean aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimena eman zen, eta proiektuaren onura publikoa zehazki deklaratu zen.

Onura publikoaren deklarazioak berekin dakar ukitutako ondasunak presaz okupatu beharra. Hori dela eta, bidezkoa da ondasun horien titularrei dei egitea okupatu aurreko aktak egitera ager daitezen.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkit bere 32. artikuluan martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak,

EBAZTEN DUT:

1. Dei egitea proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei eta Alesbesko alkateari, edo hark eskuordetzen duen zinegotziari, okupatu aurreko aktak eta, bidezko bada, behin betiko okupatzekoak egitera ager daitezen, Alesbesko udaletxean, 2021eko abenduaren 15ean.

Aktak egiteko ordena eta ordutegia interesdunei jakinaraziko zaizkie banakako zitazio zedularen bitartez.

2. Ebazpen hau jakinaraztea i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresa onuradunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitateko bi egunkaritan eta Alesbesko Udalaren iragarki-taulan.

Iruñean, 2021eko urriaren 19an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2115106