258. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, udal-instalazioetako funtzionamenduko
24 ofizial-lanpostu barne-igoera murriztuan, oposizio-lehiaketa bidez, betetzeko

Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak deialdia onetsi zuen 2021eko urriaren 5ean ondoko oinarriekin bat, zeinetan III. eranskineko A atala urriaren 22an aldatu eta onetsi baita, honen arabera:

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udalaren udal-instalazioetako funtzionamenduko 24 ofizial-lanpostu, barne-igoera murriztuan, oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Barne-igoera hau Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoarekin bat deitu da.

1.3. Hautapen probak gainditu eta deialdi honen ondorioz lanpostua betetzeko izendatuak diren pertsonak udal-instalazioetako funtzionamenduko ofizial izanen dira, C mailakoak, lanpostuaren jabetza hartu edo lanean hasten diren egunetik aitzina, betiere automatikoki amortizatuko delarik lehenago betetzen zuten lanpostua eta, hortaz, Plantilla Organikoaren lanpostu kopurua handitu gabe. Izangai horiek eskoletako zerbitzuari esleituko zaizkio, baina haien lanpostua ez da ikastetxe jakin eta bakar baterako zehaztuta egonen, eta hainbat ikastetxeren koordinazioa esleitzen ahalko zaie zerbitzuaren beharren arabera, eta horretarako eskatzen diren mugimenduak eginen dira alorren artean.

1.4. Prozesua amaitu ondoren, C mailako “Udal-instalazioetako funtzionamenduko ofizial” lanposturako izendatzen diren pertsonek lanpostu horren funtzioak beteko dituzte, zeinak oinarri hauen IV. eranskinean zehazten baitira, eta ikastetxeei esleitutako txanda ezberdinak eginen dituzte, goizez eta arratsaldez, ikastetxe bakoitzari esleitutako gainerako langileekin txandakatuz.

1.5. Prozesuaren lehen proba gainditu duten izangaiei aldi baterako deitzen ahalko zaie, eta Prestakuntza eta Hobekuntzari buruzko apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan aurreikusten den araubide juridikoa aplikatuko zaie, etorkizuneko beharrak asetzeko. Sortuko den zerrendaren ordena zehaztuko da, lehenik eta behin, gainditutako proben kopuruaren arabera, eta, bigarrenik, lortutako puntuazioaren arabera.

1.6. Mailaz igotzeko prozedura honetan parte hartzeak ez du ezein kasutan ere berekin ekarriko langileek lehenago zeukaten araubide juridikoa, dela funtzionarioena dela lan-kontratudunena, aldaraztea, eta, halaber, eskubide pasiboen araubidearekin jarraituko dute.

1.7. D ereduko 9 ikastetxeei esleitutako Udal-instalazioetako funtzionamenduko ofizial-lanpostuek euskararen ezagutza eskatzen dute (B2 jakintza-maila).

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko betekizunak:

a) Iruñeko Udaleko langile finkoak izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, Udal-instalazioen funtzionamenduko laguntzaile-lanpostuan.

b) D maila edo taldekoa izatea.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Baldintza horiek betetzeaz gain, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauetako bat, bata edo bestea, bete beharko dute:

1. Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua edo horien baliokidea den titulu bat edukitzea, eta Administrazio Publikoetan 5 urteko antzinatasun aitortua dutela egiaztatzea.

2. Administrazio Publikoetan 8 urteko antzinatasun aitortua dutela egiaztatzea.

2.1.2. Euskararen B2 maila betekizun gisa duen lanpostu honetara sartu nahi izanez gero, maila hori egiaztatzen duen titulu edo egiaztagirietako bat eduki beharko da, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailekin bat, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari-kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 ebazpenean jasota daudenak (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulazioa.

2.2. Aipatu baldintzak eskabideak aurkezteko mugaegunean bete beharko dituzte izangaiek, eta haien jabe izan hautatze-prozesua egin bitartean eta izendapenaren unera arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Iruñeko Udaleko edozein Erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabiliz, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta bulegoan, Interneten (www.pamplona.es webgunean), eta deialdia argitaratzen duen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

3.2. Eskabidearekin batera, desgaitasun bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria –organo eskudun batek emana– aurkeztu beharko dute. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte –beharrezkotzat joz gero–, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten, eta eskatutako egokitzapenak.

3.3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia (aurkia eta ifrentzua).

b) Deialdiaren 2.1.1.d.1. oinarrian adierazitako tituluaren fotokopia, hala badagokio.

c) Euskararen B2 maila betekizun gisa duten lanpostuetarako izangaiek hori dutela egiaztatzen duen titulu edo egiaztagiria aurkeztu beharko dute, deialdi honen 2.1.2 atalarekin bat.

d) Lehiaketa-fasean baloratzeko alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak, alegatutako merezimendu bakoitzean eskumena duten agintari publikoek edo erakunde pribatuetako arduradunek emanak.

3.4. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Giza Baliabideetako zuzendariak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, erreklamazioak aurkezteko edo, hala badagokio, izan daitezkeen akatsak zuzentzeko.

4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

5. oinarria.–Oposizio-aldiaren garapena.

5.1. Oposizioaren gehieneko puntuazioa 70 puntu izanen da, eta 2022ko otsailean hasiko da.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioaren parte den lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua. Gainerako probetarako hurrengo iragarkiak argitara emanen dira Udalaren www.pamplona.es webgunean, gutxienez 48 orduko aurretiazko epearekin.

5.2. Probak. Hautapen-prozesua oinarri hauetan zehaztutako eran gauzatuko da:

5.2.1. Lehen proba. Izangaiek proba teorikoan test erako galderak dituen galdetegi bat erantzun beharko dute idatziz, Epaimahaiak aurrez adierazitako gehieneko denboran. Galderak Deialdi honen II. eranskineko gaitegian agertzen diren gaiei buruzkoak izanen dira. Hiru aukera egonen dira galdera bakoitzari erantzuteko, eta horietako bat baino ez da baliozkoa izanen.

Proba honek gehienez ere 20 puntuko kalifikazioa izanen du. Proba egin aurretik zehaztuko dira hori baloratzeko irizpideak eta nola zigortu akatsak aukera anitzeko erantzunak dituzten galderetan. Proba gaindituko dute ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 (10 puntu), gutxienez, lortzen duten izangaiek.

5.2.2. Bigarren proba. Izangaiek ariketa teoriko-praktiko bat edo gehiago eginen dute, bete beharreko lanpostuan egin beharreko egitekoei loturik, Epaimahaiak zehaztuta. Ariketa horien ebazpena kasuak idatziz garatzeari (eskuz eta/edo ordenagailuz), ohiko mantentze-lanak egiteari (igeltserotza, pintura, iturgintza, elektrizitatea, etab.) eta/edo proba informatikoei buruzkoa izan daiteke.

Epaimahaiak zehaztuko du proba honetako ariketak egun bakarrean edo desberdinetan eginen diren, baita horien iraupena ere, ezarritako edukien eta egoki jotako gainerako zehaztapenen arabera.

Proba honetan gehienez ere 40 puntuko balorazioa emanen da. Probaren balorazio-irizpideak hura hasi aurretik zehaztuko dira. Proba gaindituko dute guztira ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 (20 puntu) gutxienez lortzen duten izangaiek.

5.2.3. Hirugarren proba. Txosten psikoteknikoa. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, dagozkion probak egin ondoren, izangai bakoitzaren inguruko txosten psikotekniko bat eginen du, eta bertan izangai bakoitzaren egokitze-maila baloratuko du deialdiak xede duen lanpostuaren izaera eta ezaugarrietarako. Zerbitzu horrek izangai bakoitzari txosten psikoteknikoan ematen dion puntuazioa loteslea izanen da lehiaketaren epaimahai kalifikatzailearentzat.

Txosten psikoteknikoan gehienez ere 10 puntu emanen dira, eta ez da baztertzailea izanen.

5.3. Proba bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, AIZ edo pasaportea aldean dutela azalduko dira haietara. Agertzen ez diren edo nortasuna egiaztatzen ez duten izangaiak baztertuta geldituko dira.

5.4. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

5.5. Proba bakoitza amaitu ondoren, Epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak (izangaien izena, abizenak, NANa eta puntuazioa adierazita), eta 5 egun naturaleko epea emanen du interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten balorazioei buruz.

6. oinarria.–Lehiaketa-aldiaren garapena.

Oposizio-aldiari dagozkion probak egin aurretik, lehiaketa-aldia eginen da, eta gehieneko puntuazioa 30 puntukoa izanen da.

Bertan, epaimahai kalifikatzaileak izangaiek egiaztagirien bidez alegatu eta frogatutako merezimenduak baloratuko ditu, III. eranskinean zehazten den puntuazio-baremoarekin bat.

Epaimahaiak agiri bidezko argibideak eskatzen ahalko dizkie merezimenduen ziurtagiriak eman dituzten erakunde publiko edo pribatuei, beharrezkotzat jotzen badu. Izangai bakoitzak lehiaketa-aldian lortutako puntuazioa oposizio-aldian lortutako puntuazioari gehituko zaio, eta, horrela, izangai bakoitzaren azken puntuazioa lortuko da.

7. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

7.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Lorenzo Cañamares Aldareguia, Iruñeko Udaleko eskoletako zerbitzuburua.

Epaimahaiburu ordezkoa: Rafael Baque Calvo, Iruñeko Udaleko Eraikinak Mantentzeko Zerbitzuko ofizial ikuskatzailea.

Epaimahaikidea: José Ángel Gil Inaga, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko Eraikinak Mantentzeko Zerbitzuko industria ingeniari teknikoa.

Epaimahaikide ordezkoa: Ángel Imizcoz Villar, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko Eraikinak Mantentzeko Zerbitzuko industria ingeniari teknikoa.

Epaimahaikidea: Ezekiel Martin Muxika, Iruñeko Udaleko Lantegi Eskolako monitorea.

Epaimahaikide ordezkoa: Carlos Clemente Martos, Iruñeko Udaleko Lantegi Eskolako monitorea.

Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide-idazkaria: Benita Soteras Ramírez, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako idazkari teknikoa.

Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Pilar Lanuza Aguerri, Iruñeko Udaleko Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Alorreko idazkari teknikoa.

7.2. Epaimahaia Epaimahaiburuak deituta eratu beharko da, probak hasi baino lehenago.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Epaimahaiaren eraketak balio izateko, Epaimahaiburuak eta Epaimahaikide-idazkariak, edo haien ordezkoek, bertan egon beharko dute.

7.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

7.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aipatu aholkulariak zein bere espezialitate teknikoetan bakarrik ariko dira, eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8. oinarria.–Gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

Prozesua amaitu ondoren, Epaimahaiak Giza Baliabideetako zuzendariari helaraziko dio oposizio-lehiaketan puntuatutako ordenaren arabera onartutako lehenengo 24 izangaien aldeko izendapen-proposamena.

Azken emaitzan berdinketarik egonez gero, bigarren ariketan puntuazio gehien lortu duenaren alde ebatziko da, eta oraindik ere berdinketa egonez gero, zozketa eginen da Zerbitzu Orokorretako Alorrean –Giza Baliabideetan–, berdinduta dauden izangaiei deituko zaielarik zozketan egon daitezen.

9. oinarria.–Lanpostuen hautaketa.

Izendatzen diren pertsonak eskoletako zerbitzuari esleituko zaizkio. Horrek mugimenduak ekar ditzake, horietako batzuk alorren artean, eta honako irizpide hauen arabera eginen dira:

–Dagozkien hautaprobak gainditzen dituzten izangaiei, gehienez ere 24, lanpostuak hautatzeko ekitaldira deituko zaie. Eskuratutako puntuazioak ezarriko du hautaketaren lehentasun-ordena.

–Lanpostuen hautaketak beste zerbitzu batzuetan lanpostu hutsak geratzea ekar dezake, eta horiek eskoletako zerbitzuko langileen artean bete beharko dira.

–Mugitu behar diren pertsonen zerrenda bat sortuko da, irizpide hauekin bat:

1. Langile boluntarioak.

2. Bitarteko langileak, betetzen duten lanpostuan sartzean duten antzinatasun-ordenaren arabera (antzinatasun txikiena duen pertsona sartuko da zerrendan). Berdinketarik egonez gero, pertsonei deitzeko erabili zen kontratazio-zerrendako ordena hartuko da erreferentziatzat (deien zerrendan egoera okerrenean dagoena mugituko da).

–Funtzionario bat ikastetxez aldatu behar bada, dagoen ikastetxean funtzionario berri bat (C mailakoa) sartzearen ondorioz, horrek lehentasuna izanen du zein ikastetxetara doan aukeratzeko. Hautaketa honekin bat eginen da:

  • Betetzen duen lanpostuan sartzean duen antzinatasun-ordena (antzinatasun handiena duenak lehentasuna izanen du lanpostua hautatzeko). Berdinketarik egonez gero, oposizioan lortutako puntuazio-ordena hartuko da erreferentziatzat (oposizioan puntuazio handiena duenak izanen du lehentasuna).

–Ikastetxeetako funtzionarioek lanpostua aukeratu eta gero, lanpostu hutsen zerrenda bat sortuko da, eta lanpostuak aukeratzeko mugitu behar duten pertsonen zerrenda ordenatuko da, honela:

  • Bitarteko langileak, betetzen duten lanpostuan sartzean duten antzinatasun-ordenaren arabera (antzinatasun handiena duenak lehentasuna izanen du lanpostua hautatzeko). Berdinketarik egonez gero, pertsonei deitzeko erabili zen kontratazio-zerrendako ordena hartuko da erreferentziatzat (hautatzeko lehentasuna izanen du deien zerrendan egoera hoberenean dagoenak).

D ereduko 9 ikastetxeei esleitutako Udal-instalazioetako funtzionamenduko ofizial-lanpostuek euskararen ezagutza eskatzen dute (B2 jakintza-maila). Iruñeko Udalean hainbat profil daude:

1. Beharrezko euskara-maila ez dutenak.

2. Eskatutako euskara-maila dutenak, Udalean sartu aurretik edo ondoren ikasia, eta gaztelerazko hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu bat betetzen dutenak.

3. Udaletxera euskara-eskakizuna zuten lanpostuetara sartu zirenak. Hauen artean 2 egoera eman daitezke, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 33. artikuluaren arabera (dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina):

3.1. Oposizioko zerrendan zuten postuagatik, euskarazko lanpostu bat aukeratu zutenak, gaztelaniazko lanpostu bat aukeratu ahal izan zutenean.

3.2. Oposizioko zerrendan zuten postuagatik, euskarazko plaza bat aukeratu zutenak, gaztelaniazko plaza bat eskuratzeko aukerarik izan gabe.

Hori horrela, gaztelaniazko lanpostuak eskuratzen ahalko dituzte 1., 2. eta 3.1. taldeen barruan dauden pertsonek. Aldi berean, euskarazko lanpostuak eskuratzen ahalko dituzte 2, 3.1 eta 3.2. taldeen barruan dauden pertsonek. Horrela, euskarazko lanpostu hutsak ez dira beteko deialdia gainditu eta hizkuntza horren ezagutzarik ez duten pertsonekin, eta gaztelaniazko lanpostu hutsak ez dira beteko 3.2 taldean daudenekin.

10. oinarria.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Giza Baliabideen zuzendariak Udal-instalazioetako funtzionamenduko ofizial (C maila) izendatuko ditu aurreko atalean aipatu proposamenean jasotako izangaiak, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

10.2. Izangai izendatuek hamar egun naturaleko epea izanen dute karguaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten zaienetik aitzina kontatuta. Izangairen batek ez badu lanpostuaren jabetza hartzen aipatu epean, Udal-instalazioetako funtzionamenduko ofizial-lanpostua (C maila) hartzeko eskubide guztiak galduko ditu, behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazpena egiteko.

Iruñean, 2021eko urriaren 22an.–Giza Baliabideetako zuzendaria, M.ª Aránzazu Arias Leiro.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gaitegia

1. Kontzeptu orokorrak igeltserotzari buruz. Eraikuntza-materialak. Lanabesak: erabilera eta mantentzea. Igeltserotzako obra nagusiak. Igeltserotzako konponketa-obra nagusiak.

2. Iturgintza: kontzeptu orokorrak. Lanabesak eta tresnak. Matxurak eta konponketak. Eraikinetako ur-instalazioak, ur-horniduren HS4 Kode Teknikoaren arabera.

3. Oinarrizko kontzeptuak elektrizitateari buruz. Instalazio elektrikoak. Energia elektrikoaren garraioa. Aginte- eta babes-gailuak. Lur-konexioa. Eroaleak eta isolatzaileak. Kanalizazioak. Elektrizitate-lanetan erabiltzen diren lanabesak eta tresnak. Matxura-motak eta haien konponketa-lanak. Argiteriako instalazioak. Lotura-instalazioak. Barneko instalazioak.

4. Zurgintza: kontzeptu orokorrak. Zurgintzako oinarrizko lanabesak eta tresnak. Oinarrizko zurgintza-teknikak. Zur-motak. Mantentze- eta konpontze-lanik ohikoenak.

5. Sarrailagintza: alderdi orokorrak. Sarrailagintzako oinarrizko lanak. Lanabesak eta tresnak. Konpontze- eta mantentze-lanak.

6. Kontzeptu orokorrak berokuntza eta klimatizazioari buruz. Ekoizpen- eta banaketa-sistemak. Mantentze-lanak eta matxurak.

7. Kontzeptu orokorrak eraikinetako eta lokaletako pinturari buruz. Lanabesak pinturak aplikatu eta kentzeko: garbiketa- eta kontserbazio-lanak. Akats eta konponketa ohikoenak.

8. Kontzeptu orokorrak eraikinetako isolatze-lanari buruz. Beroa transmititzeko moduak. Ezagutzak isolatzaile termikoei buruz.

9. Kontzeptu orokorrak eraikinetako isolamendu akustikoari buruz. Soinua transmititzeko moduak. Ezagutzak soinu-isolatzaileei buruz. Material xurgatzaileak eta isolatzaileak.

10. Hornidura- eta saneamendu-sistemak. Kontzeptu orokorrak. Instalazioetako elementuak.

11. Estalkiak. Kontzeptu orokorrak. Estalkien funtzioak. Estalkien sailkapena. Erabilera-kargak.

12. Suteen Aurka Babesteko Instalazioak, suteetatik babesteko segurtasunari buruzko oinarrizko dokumentuaren arabera (SS). Egonkortasuna eta erresistentzia suaren aurrean. Ebakuazio bideak. Konpartimentazioa. Babes pasiboko elementuak. Babes aktiboko elementuak.

13. Legionellaren kontrola. Oinarrizko kontzeptuak. Transmisio-bideak. Desinfekzio-sistemak.

14. Gas-hornidura eraikinetan. Oinarrizko kontzeptuak. Segurtasun-sistemak.

15. Aireztapen-sistemak: oinarrizko kontzeptuak.

16. Irizpide orokorrak Irisgarritasunari buruz.

17. Saretak eta hustubideak. Orokortasunak. Sareta- eta hustubide-motak. Garbiketarako eskuzko metodoak. Garbiketarako metodo mekanikoak.

18. Norbera Babesteko Ekipamenduak (NBE). Norbera babesteko ekipamenduak eta babes-ekipamendu kolektiboak ikastetxeekin loturiko ohiko lanetan.

19. Iruñeko Udalaren Ordenantza Gizalegezko jokaerei eta espazio publikoen babesari buruz.

20. Iruñeko Udalaren Kirol Instalazioak Erabiltzeko Erregelamendua. Atariko Titulua eta I. eta III. tituluak.

21. Herritarrek beren udal administrazioaren –Iruñeko Udala– aurrean dituzten eskubide eta betebeharren gutuna.

22. Kanpoko eraso baten aurrean Iruñeko Udalaren jarduteko prozedura.

23. Iruñeko Udalaren laneko jazarpen moralaren (mobbing) eta etsaitasunezko jokabideen aurkako jarduera-protokoloa.

24. Iruñeko Udalaren prebentzio- eta jarduketa-protokoloa sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurka lan esparruan.

25. Informatika-kontzeptuak: Word testuen tratamendua, Excel kalkulu orriak eta posta elektronikoa.

Oharra: Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein egunetan argitaratu eta egun horretan indarra duen testuaren arabera eskatuko dira gaiak.

III. ERANSKINA

Lehiaketa-aldian balora daitezkeen merezimenduen baremoa: gehieneko puntuazioa, 30 puntu

A) Administrazio publikoetan aitortutako antzinatasun-urte bakoitzeko, 0,60 puntu, 15 puntu gehienez. Atal honen balorazioa arau hauekin bat eginen da:

a) Urtebetetik beherako denbora-zatikiak (hilabete osoak) proportzionalki zenbatuko dira.

b) Justifikazio-dokumentuak: administrazioak ofizioz lortuko du informazio hori.

B) Lan-esperientzia esparru pribatuan, erdi-mailako koordinazioko lanpostuetan (arduradunak, langilezainak, ikuskatzaileak, etab.). Atal honen gehieneko balorazioa 5 puntukoa izanen da, atal hauetan banatuta:

1. Enpresa pribatuan erdi-mailako koordinazioko lanpostuetan egindako kontratu-urte bakoitzeko, 1 puntu (5 puntu gehienez).

a) Urtebetetik beherako denbora-zatikiak (hilabete osoak) proportzionalki zenbatuko dira.

b) Justifikazio-dokumentuak: lan-bizitzaren eta lan-kontratuaren ziurtagiria edo enpresa-ziurtagiria, betetako lanpostua eta betetako eginkizunak adierazita.

C) Prestakuntza-, birziklatze- edo hobekuntza-ikastaroak, lan-taldeen koordinazio-lanekin eta eraikinen funtzionamendurako beharrezkoak diren elementuak (elektrizitatea, arotzeria, iturgintza, berokuntza, igeltserotza, etab.) kontserbatu, mantendu, konpondu eta/edo muntatzeko zereginekin zerikusia dutenak, lan-prestakuntzako erakunde publikoek emanak (Nafar Lansarek, INEMek, etab.) edo, erakunde horiek eman gabe, administrazio publikoaren agindupean eginak. Atal honen gehieneko balorazioa 10 puntukoa izanen da, honela banatuta:

1. Prestakuntzako 10 orduko, 1 puntu (gehienez 10 puntu).

a) Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

b) Ez dira baloratuko ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriak.

c) Atal honetan ez dira baloratuko titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, ez unibertsitatekoak ezta unibertsitatez bestekoak ere.

IV. ERANSKINA

Lanpostuaren eginkizunak

1. Erreferentziazko ikastetxean lan egiten duten kontratek ematen dituzten zerbitzuen kalitatea kontrolatzea, esleitutako zereginak betetzen direla gainbegiratuz eta ikusitako edozein gorabeheraren berri emanez.

2. Ikastetxean egindako lanen jarraipena eta kontrola egitea eta gainbegiratzea.

3. Kontratetarako, ikastetxean jarduerak egiten dituzten enpresetarako, ikastetxeetako zuzendaritzetarako eta ikastetxeetako bulegoetako lehentasunezko solaskide gisa jardutea, gertatzen diren gorabeherak jasoz, udal-erantzukizunekin lotuta, eta behar diren eskaerak jasoz.

4. Lantokietako behar espezifikoei buruzko txostenak egitea. Txosten horietan, dauden langileek bete ditzaketen beharrak zehaztuko dira, bai eta langile espezializatuek egin beharrekoak ere.

5. Egin beharreko ekintzen eta egindakoen jarraipena egitea, eta zerbitzuaren buruari jakinaraztea.

6. Aurreko ekitaldian eraikinean egindako kontserbazio-, mantentze- eta hobekuntza-jarduerei buruzko urteko txostena egitea, hurrengo ekitaldirako hautemandako beharrak eta proposatutako helburuen lorpen-maila adierazita.

7. Udal-eraikinak irekitzeaz, ixteaz eta zaintzeaz arduratzea, beharrezkoa denean.

8. Material-horniduraz arduratzea, bai eta eskaeren egokitasuna gainbegiratzeaz ere. Konponketetarako eta instalazio berrietarako behar diren materialen erosketa proposatzea, zerbitzuaren buruarekin lankidetzan arituz eta erosketa horietarako egoki iritzitako gestioak eginez ikastetxetik kanpo.

9. Energia Agentziarekin batera jarduera-protokolo bat egiten laguntzea, eta protokolo horiek bere jarduerako ikastetxean aplikatzeaz arduratzea.

10. Eraikinaren eta instalazioen kontrol-, mantentze- eta kontserbazio-lanak egitea, ezarritako laneko zehaztapen tekniko eta programatuen arabera, betiere horiek egiteko titulazio edo ziurtagiri espezifikorik behar ez bada edo, behar izanez gero, ofizialak ez badu:

–Prebentziozko mantentze-lanak:

  • Zaintza-, kontrol- eta mantentze-lan prebentiboak egitea, matxurei aurrea hartzeko, eta, teknikaren edo ekipamenduaren konplexutasunagatik, ikastetxeetako langileek beren gain hartu ezin dituztenak deribatzea.

–Arotzeria/Igeltserotzaren mantentze-lanak:

  • Barruko eta kanpoko eraikuntza-lanak, mantentze-lanak eta igeltserotza-lanak egitea: obra txikiak, konponketak, hiri-altzariak instalatzea, etab.
  • Hainbat instalaziotan mantentze-lanak egitea: altzariak, bankuak, ateak, paperontziak, leihoak, tiraderak, pertsianak, sarrailak, fluoreszenteak, etab.
  • Beharrezko seinaleztapena mantentzea eta jartzea hezkuntza-instalazioaren barruan.
  • Galtzada-harriak, kutxatilak, zuloak eta abar konpontzeko mantentze-lanak egitea.
  • Jaietarako, ikuskizunetarako eta ikastetxeko beste jarduera batzuetarako agertokiak muntatzen, desmuntatzen eta prestatzen laguntzea.

–Instalazio elektrikoen mantentze-lanak:

  • Argiak pizten direla kontrolatzea, bai eta horien funtzionamendu egokiaren jarraipena egitea ere.
  • Instalazioetan, koadroetan, lineetan eta argiterian mota guztietako matxurak prebenitzeko mantentze-lanak egitea eta horiek berrikustea.
  • Matxura elektrikoak konpontzea.
  • Denbora-kontrolak programatzea.
  • Fluoreszenteak, lanparak, zebadoreak, balastroak, entxufeak eta abar ordeztea.
  • Ekitaldi publikoak egiteko behar den azpiegitura elektrikoa prestatzea (koadro elektrikoak, konexioak, etab.).

–Pinturaren mantentze-lanak:

  • Bide-seinaleak, hiri-altzariak, babes-hesiak, etab.
  • Eraikinetako pintura mantentzea.
  • Instalazioetan egindako pintadak garbitzea, betiere esleitutako kontratak estaltzen ez badu.

–Iturgintzaren mantentze-lanak:

  • Eraikinetako sareen (konketak, zisternak, txorrotak, sifoiak, etab.) mantentze-lanak eta iturgintzako lanak egitea.
  • Galdarak eta berokuntza mantentzea, lanpostuak eskatzen dituen trebetasun eta gaitasunekin bat etorriz egin daitezkeen eginkizunetan.

11. Esleitutako baliabide materialen eta ekonomikoen erabilera egokia kontrolatzea, eta esleitutako ekoizpen-baliabideen kudeaketaz arduratzea.

12. Zerbitzuburuari eta ikastetxeko zuzendariari lanen garapenari buruz eskatzen dioten informazio oro ematea. Pertsona hori arduratuko da Ikastetxeetako Bulegoari helarazteaz ikastetxeko langileen oporren, bajen, absentzien, lizentzia-eskaeren eta baimenen plana, bai eta laneko parteak, hileko gaueko orduen zerrenda, matxurak, garbiketa eta abar bidaltzeaz eta horien jarraipena egiteaz ere, izapidetzeko.

13. Egin beharreko lanen inguruko edozein irregulartasunen berri ematea nagusi hurrenari.

14. Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko udal-langileen eta azpikontratatutako enpresen araudia betetzea eta betearaztea, Prebentzio Zerbitzuaren jarraibideei jarraituz.

15. Deskribatutakoez gain, udal-instalazioetako funtzionamendu-laguntzaileei esleitutako eginkizun guztiak eta, lanpostuak eskatzen dituen gaitasun eta trebezia profesionalekin bat etorriz, ezarritako helburuak lortzeko agintzen zaizkion bestelako lanak egitea.

Iragarkiaren kodea: L2115326