258. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

255E/2021 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Esako presako administrazio-eraikinetako instalazioak ureztatzeko uraren hargunea urtegiaren handitzera egokitzeko proiektuari (Esako udal-mugartea). Sustatzailea Ebroko Konfederazio Hidrografikoa da.

2021eko ekainaren 10ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen-ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektatutako jarduketan, hiru jarduketa desberdin egin gogo dira, zerbitzua emateko Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Confederación auzoan dituen instalazioei (Aragoi ibaiaren eskuinaldean, Esako urtegitik 500 metrora, uretan behera). Hiru jarduketa horietatik, bat saneamendurako da, beste bat ura hartzeko lorategiak ureztatzeko eta hirugarrena bideak, espaloiak, aspertsio bidezko ureztaketa, telefonia eta informazio hidrologikorako sistema automatizatua eta abar egiteko, Confederación auzo horretan.

Aurkeztutako saneamendu jarduketarako, ingurumen-ukipenetarako baimen bat eskatu zen 2021eko apirilean. Horretarako, ekainaren 16ko 152E/2021 Ebazpena eman zen, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariarena.

Barneko urbanizaziorako deskribatutako jarduketak lurzoru urbanizagarrian kokatzen dira, Confederación auzoaren barnean; hortaz, ez dagokio zerbitzu honi ingurumen baloraziorik egitea.

Gauzak horrela, ebazpen honen xedea da, besterik ez, ur-hargunerako proiektatutako jarduketa, Ebroko Konfederazio Hidrografikoren instalazioetako lorategiak ureztatzekoa. Jarduketa hori proiektatzen da Esako presatik ur-hargune zuzen bat eginez, ponpatze-estaziotik abiatuta. Estazio horrek hondoko hustubide berriaren azken tartea lotzen du Bardeako ubideko hargunearekin. Hargune horretarako, motoponpa multzo bat erabiliko da, urez hornituko duena Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren biltontzi zahar bat, Esako 2. poligonoko 556. lurzatian dagoena. Horretarako, PEAD hodi bat lurperatuko da, 110 mm-ko diametrokoa, 1.176 metroko tartean. Hargunetik, presako pistetako bermetatik joanen da, eta gero, lehengo N-240 errepideko eta Confederación auzoko errepideko bermetatik, Confederación auzoko ekialdeko mugaraino. Bukatzeko, auzo horretako ekialdeko eta iparraldeko kanpoko perimetrotik joanen da hodia, Esako 2. poligonoko 554. lurzatiko hegoalderaino; hor, dagoen hodiarekin lotuko da, eta hortik biltontziraino ailegatuko. Urez hornitzeko hodiaren zanga berean, proiektatu da PP-RC hodi hirukoitz korrugatu bat paratzea, 63 mm-ko diametrokoa, zenbait hornidura egiteko etorkizunean (elektrizitatea, komunikazioak).

Trazadura eginen da landare naturalak edo ingurumeneko beste balio batzuk ukitu gabe, andeatutako lurretan barna eta pistetako eta errepideetako bermetan barna joanen baita. Izan ere, Confederación auzoko perimetroaren azken eremuan, hodiak doazen tokitik, andeatutako ingurune bat dago, larre eta sastrakadiekin.

Presako hargunearen ingurua ES2200030 kontserbazio bereziko eremuan dago. Egun obrak daudenez hor Esako presa berria egiteko, azalera guztiz andeatuta dauka eta ez dago landareria natural aipagarririk. Beraz, proiektatutako jarduketak ez du ingurumen ukipen gehigarririk ekarriko. Gauzak horrela, obrak egiteagatik ez da ingurumen ukipen nabarmenik aurreikusten ez kontserbazio bereziko eremu horretan, ez Natura 2000 Sarean.

Espedientean jasota dago Esako Udalaren 2021eko maiatzaren 19ko txosten bat, zenbait baldintza dituena, non adierazten baita aurkeztutako memoria ez dagoela ikus-onetsirik, eta abuztuaren 5eko 1000/2010 Errege Dekretua aipatzen da, Lan profesionalak nahitaez ikus-onesteari buruzkoa. Gainera, udal txostenean adierazi da proiektuan aurreikusten den ur-hargunea ez dela udal saretik eginen, ezpada zuzenean presatik. Horregatik, Zangozako Eskualdeko Mankomunitateari ere eskatu beharko litzaioke txostena. Halaber, Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren 2021eko irailaren 15eko txostena ere badago, zenbait baldintza dituena. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina ebazpen honetan biltzen diren determinazioak ezarrita.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Esako presako administrazio-eraikinetako instalazioak ureztatzeko uraren hargunea urtegiaren handitzera egokitzeko proiektuari (Esako udal-mugartea). Sustatzailea Ebroko Konfederazio Hidrografikoa da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Obrak egitean, zuhaitz eta/edo zuhaixkak kendu behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaio aldez aurretik Basoak Kudeatzeko Atalari, bat etorriz Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoarekin (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen lege hori) eta hura garatzen duen erregelamenduarekin.
  • Beharrezko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratuko dira. Horretarako, obrak hasten direnean, halakorik badago, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte.
  • Bertako larreetako eta zuhaixken espezie autoktonoak ereinen dira Confederación auzoko ekialdeko eta iparraldeko perimetroan ukitzen diren eremu guztietan.
  • Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruzko araudi indardunarekin.

–Hirigintza arlokoak:

  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioko edo azpiegiturako elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk saneamenduko sarera konektatzea edo handik lotura-hodirik ateratzea.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Esako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 25ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2115277