256. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

60E/2021 FORU AGINDUA, irailaren 23koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, kirol errendimenduko programak gauzatzeko 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31 bitarte. DDBN identifikazioa: 585175.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.b) artikuluan, Foru Komunitateko administrazio publikoak premiatzen ditu Nafarroako goi mailako kirola bultzatzera, eta, 22.1 artikuluan, berariaz ezartzen da ezen Foru Komunitateko Administrazioak bultzatu eta sustatuko duela Nafarroako goi mailako kirola, hala behar denean Estatuko administrazioa lagun duela.

Foru lege horretan goi mailako kirolari buruz ezarritako aurreikuspenak otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuaren bidez garatu ziren, eta Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda arautu ziren. Aipatutako foru dekretuaren arabera, nazioko nahiz nazioarteko lehiaketa ofizialetan ahalik eta emaitza hoberenak lortzera bideratutako kirol praktika jotzen da Nafarroako errendimenduko kiroltzat, interesgarria baita Nafarroako Foru Komunitatearentzat oinarrizko kirola sustatzen duelako eta ordezkaritza lana egiten duelako.

Aipatutako arau juridikoek Nafarroako errendimenduko kirola bultzatzen dute interes publikoko bi arrazoirengatik:

1. Errendimenduko kirola funtsezko faktorea da Foru Komunitatearen kirolaren arloko garapenerako, eredu delako oinarriko kirolarientzat, baita kirolaren praktikan jarraitzeko eta harekin lotzeko gonbidapena ere, Nafarroako errendimenduko kirolari izatea helburu. Bestalde, errendimenduko kirolak hainbat balio positibo proiektatzen ditu oinarriko kirolarientzat: nork bere burua gainditzea, dedikazioa, helburuak lortzeko sakrifizioa, talde-lana sustatzea, besteak beste.

2. Errendimenduko kirola Nafarroako Foru Komunitatearen ordezkaria eta sustatzailea da nazioko eta nazioarteko eremuetan, komunitatearen sentimen kolektiboa irudikatzen duelako eta bere nortasun ikurrak agerian jartzeko aukera ematen duelako. Ordezkaritza hori erakusteko bideak dira, alde batetik, Nafarroako selekzioek Espainiako edozein kategoriatako lehiaketetan parte hartzea, eta bestetik, gure Komunitateko kirolariek horrelako lehiaketetan parte hartzea.

Esparru horretan, Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legeak, 33. artikuluan, ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kirol jarduerak sustatuko dituela laguntzen eta dirulaguntzen araubide baten bitartez.

Bestalde, Nafarroako Kirol Institutuaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak, ekainaren 2ko 45/2021 Foru Dekretuaren bidez aldatuak, Kirolaren Zuzendariordetzari esleitzen dio kirol jarduera laguntzak eta dirulaguntzak emanez sustatzeko eginkizuna; eta Kirolaren Zuzendariordetzaren mendeko Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Atalari, berriz, Nafarroako kirol federazioekin eta zerikusia duten intereseko beste entitate batzuekin kirola bultzatu, lagundu eta kudeatzea, eta, bereziki, errendimenduko programak.

Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legeak kasuan kasuko kirol modalitatea sustatzeko eginkizuna esleitzen die federazioei, hala lehiaketako kirolaren esparruan nola denontzako kirola sustatzeko arloan, eta, orobat, kasuko kirol modalitatearen araudi teknikoa ezartzeko eginkizuna ere bai. Kirol modalitate horretako selekzioen gaineko berariazko eginkizunak ere esleitzen dizkie, eta, horrenbestez, ahalmena dute selekzioak zein kirolarik osatuko dituzten erabakitzeko eta selekzioek zein kirol jarduera edo lehiaketatan parte hartuko duten erabakitzeko.

Kirol federazioak kirol errendimenduko zenbait programa aurrera eramaten ari dira kirolean goi maila lortzeko asmoz eta Nafarroak Estatuan ordezkaritza izateko asmoz Nafarroako selekzioen bidez. Kontuan hartu beharra dago programa horiek garatzeak berekin dakarrela lehiaketa ofizialetan (prestakuntzakoak zein ofizialak) parte hartzea, bai teknifikazio-programetan, bai selekzioetakoetan, kategoria guztietan: behe-mailakoetan (kimuak, haurrak, kadeteak eta gazteak) nahiz absolutuetan. Horregatik, kirol programa horiek finantzatzeko eta kirol federazioen programazio lana errazteko asmoz, dirulaguntzen deialdi bat sustatu da Nafarroako kirol federazioen kirol errendimenduko programei laguntzeko.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta oinarri arautzaileak, legezkoak.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako kirol federazioei 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitartean kirol errendimenduko programak garatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen I. eranskinean jasota daudenak, bai eta II. eranskina (Eskaera), III. eranskina (Aurrekontua), IV. eranskina (Justifikazio-kontua), VI. eranskina (Kirolarien zerrenda), VII. eranskina (Teknikarien zerrenda), VIII. eranskina (Kluben eta federazioaren arteko akordioa), IX. eranskina (Gardentasun-betebeharra) eta X. eranskina (Azpikontratazio-inprimakia) ere.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskabideak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5120-4819-336110: Nafarroako errendimenduko kirola: kirol teknifikazioa eta Nafarroako selekzioak

2022

690.000,00

4. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Gainerako eranskinak nafarroa.eus webgunean eskuratzen ahalko dira.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendurik; horretarako, hilabeteko epea izanen da, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Iruñean, 2021eko irailaren 23an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

1.1. Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko prozedura ezartzea, haien bidez 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31 bitarte kirol errendimenduko programak gara ditzaten. Dirulaguntza horiek norgehiagokako araubidea erabiliz banatuko dira.

Kirol errendimenduko programa hauek izanen dira dirulaguntzen xede:

a) Teknifikazio programak: teknifikazio programatzat jotzen dira planteamendu tekniko eta zientifiko modernoak sistematikoki ezartzen dituztenak eta, gainera, kirol errendimendua hobetzera eta kirolari, teknikari eta epaileen emaitza kualitatibo eta kuantitatiboak lortzera bideratutako jarduketak sartzen dituztenak, baldin eta kirol prestakuntza orokorraren barrenean aurreikusten badute entrenamendu eta kontzentrazioak egitea eta estatuko eta/edo nazioarteko lehiaketa jakin batzuetan parte hartzea, alde batera utzita txapelketa nazionala edo kasuan kasuko kopa irabazteko aukera ematen duten lehiaketa ofizialak, autonomia erkidegoetakoak, sektoreko faseak eta antzekoak.

b) Selekzioetako programak: selekzioetako programatzat hartzen dira kirolarien eta teknikarien prestakuntza teknikorako eta kirol prestakuntzarako egiten diren aldi baterako programak, helburu dutenak kirol modalitate bateko Nafarroako selekzioak kirol emaitzarik hoberena lortzea Espainiako txapelketetan parte hartzen duenean Nafarroako Foru Komunitatea ordezkatuz. Programa horien helburu nagusia kideen lan taktiko eta kolaboratiboa da. Hori dela eta, kide baten baino gehiagoren baterako esku-hartze koordinatua duten talde-kirolei baino ez zaizkie zuzentzen.

c) Kirol hobekuntzako programak: hobekuntzako programatzat jotzen dira banakako kirol errendimendua hobetzera bideratutako jarduketak hartzen dituztenak eta kirol maila eta aurrerapen egiaztatua duten kirolarientzat direnak, nahiz eta kirolari horiek ez bete teknifikazio irizpideak, edo, horiek beteta ere, haien federazioak ez badu teknifikazio programarik, ez duelako horrelakorik aurreikusten edo ez duelako betetzen gutxieneko kirolari kopuruaren edo adinaren baldintza. Programa horiek banakako kiroletara bideratuko dira. Ahal dela, bai programa horietatik bai teknifikazio programetatik aterako dira modalitate horietako lurralde selekzioetan Nafarroa ordezkatzen duten kirolariak.

Federazio batek taldeko espezialitate bat eta banakako beste bat baditu, argi eta garbi bereiziak (igeriketa-waterpoloa, irristaketa-hockeya, etab.), Nafarroako Kirolaren Institutuak batera onartzen ahalko ditu teknifikazio programa edo hobekuntzakoa eta selekzioetakoa.

1.2. Deialdi honetan diruz lagun daitezkeen jarduerak:

a) Hobekuntzako eta selekzioetako programetan, diruz laguntzen ahalko dira Espainiako penintsulako lurraldean egiten diren jarduerak eta Iruñetik 800 km-tik beherako erradioan egiten diren mugaz gaindiko jarduerak.

b) Aurrekoaz gain, teknifikazio programan eta hobekuntza programa bateko goi mailako eta errendimendu handiko kirolarientzat, diruz laguntzen ahalko dira Espainiako lurralde osoan egiten diren jarduerak, bai eta Europar Batasuneko herrialdeetan, Andorran eta Marokon egiten direnak ere.

c) Dirulaguntzak ez dira erabiliko NKIren beste deialdi berariazko batzuen xede izan daitezkeen jardueretarako.

2. Helburua.

Dirulaguntza hauen bidez helburu sozial hauek lortu nahi dira:

a) Nafarroako kirol federazioek garatzen duten Nafarroako kirol errendimendua sustatzea.

b) Entrenamendu prozesua etengabe planifikatzeko, kontrolatzeko, analizatzeko, ebaluatzeko eta aplikatzeko modua hobetzea, entrenamendu prozesuari kalitate hobea emanen dioten ezagutza eta baliabide tekniko eta zientifikoak sartuz.

c) Nafarroako kirol federazioek arlo horretan garatzen dituzten programetan gutxieneko kalitate estandar bat lortzea.

d) Prozesu horietan parte hartzen duen kirolari bakoitzaren kirol errendimendua igotzea eta haiek estatu mailan edo nazioartean dituzten emaitzak hobetzea, prestakuntza eta formakuntza tekniko eta espezializaturako programen bitartez.

e) Programez arduratzen diren entrenatzaileen prestakuntza eta maila teknikoa hobetzea.

f) Espezialitateen artean kirol egokitua osatzen duten Nafarroako federazioei laguntzea, kirol-jarduera inklusiboa sustatuz.

3. Onuradunak eta betebeharrak.

3.1. Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribaturik dauden Nafarroako kirol federazioek parte har dezakete deialdi honetan, apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, horren bidez arautu baitziren Nafarroako kirol entitateak eta Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroa (gaur egun Nafarroako Kirolaren Erregistroa esaten zaio).

3.2. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

–Halaber, federazioak ez dira izaten ahalko deialdi honen xedeko dirulaguntzen onuradun baldin eta, laguntza eskatzen dutenean, administrazio-zehapen irmo bat edo kondena-epai irmo bat betetzen ari badira sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan-praktikak egiteagatik edo onartzeagatik. Era berean, federazioak ez dira deialdi honen xedeko dirulaguntzen onuradun izaten ahalko baldin eta, laguntza eskatzen dutenean, arrazoi horiengatik ezarritako zehapen bat edo kondena epai irmo bat bete zain badaude.

3.3. Kirol errendimenduko programak (teknifikazioa, selekzioak eta hobekuntza).

A) Teknifikazioa. Kirol teknifikazioko programek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen ondorioetarako, kirol teknifikazioko programatzat hartzen dira baldintza hauek betetzen dituztenak: irizpide tekniko objektiboen arabera (emaitza ofizialak, sailkapeneko posizioak, selekzioan parte hartzeko deien kopurua) modalitatean onenak diren kirolariek horretan parte hartzea; programa gauzatzen den bitartean ordutegi zehatzetan eginen diren berariazko entrenamenduen atalean finkatutako gutxieneko entrenamendu saio kopurua egitea; gutxienez instalazio nagusi bat izatea; eta programan aurreikusitako helburuak lortzeko behar diren entrenamendu, kontzentrazio eta jardueren programazioaz arduratzen den teknikari edo entrenatzaile batek zuzentzea programa.

A.1. Kirolariak hautatzeko modua:

Programan parte hartuko duten kirolariak hautatzea kasuan kasuko Nafarroako kirol federazioaren erantzukizuna izanen da, irizpide hauei jarraikiz:

1.–Programan parte hartzeko hautatzen diren kirolariek kirol lizentzia ofiziala indarrean eduki beharko dute.

2.–15 urtekoak edo hortik gorakoak izanen dira, salbu eta, kirolaren ezaugarri bereziengatik, Nafarroako Kirolaren Institutuak Kirolaren Zuzendariordetzaren bidez onartzen dituen kirol modalitateetan, kasuan kasuko kirol federazioak eskaera arrazoitua eginda. Teknifikazio Zentroan aritzen diren 16 urtetik beherako kirolariak ezin dira goi errendimenduko kirolari gisa sailkatu.

3.–Nafarroan erroldaturik egotea (NKIk edo FMIFek gainbegiratutako eta onetsitako egituratze proiektu bateko erreferentziazko talde bateko kideak izan ezik), Nafarroako klub bateko kidea izatea eta talde baimendunaren barnean gauzatzea teknifikazio jarduera. Nafarroan erroldaturik ez dauden pertsonak ez dira goi errendimenduko kirolaritzat hartuko.

4.–Kirol maila.

Programan sartzeko kirol-irizpideak betetzen dituzten kirolarien % 50ek parte hartu beharko dute gutxienez. Horrela, onenak programan parte hartuko dutela bermatu nahi da, kluben akordioa gorabehera. Hori betetzen ez bada, Zuzendariordetzak erabaki dezake programa ez onartzea, arrazoiak emanez betiere.

4.1. Banakako kirolak:

–Olinpiar modalitate eta probetan:

Sektoreko faseetan edo antzekoetan Espainiako kategoria absolutuko txapelketetan parte hartzeko eskatzen den gutxieneko marka lortu izanik, gero txapelketa horietan hamabi lehenbiziko postuen artean eta azpiko kategorian lau lehenbizikoen artean gelditzen diren kirolariak. Txapelketetan parte hartzeko gutxieneko markarik eskatzen ez bada, sailkatzeko gutxieneko baldintza kategoria absolutuko lehen zortzi postuen artean eta beheragoko kategorietako lehen hiruren artean egotea da. Emaitza horiek baliozkoak izateko, proban gutxienez hamar kirolarik parte hartu beharko dute, gutxienez ere zortzi autonomia erkidego ordezkatuta.

Parte-hartzaileei eta ordezkaritzari buruzko gutxieneko kopuruetara iritsi ezean, kategoria absolutuan, bost lehenbiziko postuen artean sailkatu beharko da kirolaria, eta azpiko kategorietan, hiru lehenbizikoen artean, hots, domina jasotzen dutenen artean.

–Olinpiarrak ez diren modalitate eta probetan:

Gutxienez hamar kidek eta zortzi autonomia-erkidegotako gutxieneko ordezkaritzak parte hartzen badute, frogatu beharko dute kategoria absolutuko eta domina-kategoriako lehen bost postuen artean daudela, eta kategoria baxuagoko lehenengo hiruren artean.

Parte-hartzeari eta ordezkaritzari buruzko gutxieneko kopuruetara iritsi ezean, Europako edo munduko txapelketan hamar lehenbizikoen artean sailkatu beharko da kirolaria.

16 urtetik beherako kirolariek, halakorik bada, 16 urtetik gorako kategorietako emaitzak frogatu beharko dituzte.

Federazioek emaitza horiek frogatu beharko dituzte.

Aurreko puntuetan ezarri den moduan, emaitza batzuk lortu behar dira teknifikazio zentro batean sartzeko. 2021ean, Covid-19aren pandemia dela eta, ezin izan dira egin emaitza horiek lortzeko bidea ematen duten lehiaketetako asko. Beraz, ezartzen da kirolari bat zentro horietako batean sartzen ahalko dela baldin eta emaitza horiek lortu baditu 2018ko irailaren 1etik eskaera aurkezteko egunera arteko epean.

Programa bat ezartzeko, gutxienez lau kirolari beharko dira, eta gehienez hamabost, eratzen den espezialitate edo modalitate bakoitzeko. Salbuespen gisa, NKIk Kirolaren Zuzendariordetzaren bidez baimena ematen ahalko du ezarritako parte-hartzaile kopuru horretara iristen ez den teknifikazio programa bat egiteko, kirolarien mailaren arabera.

Programa onetsitakoan, beharren arabera osatzen ahalko da hori, dagokion federazioak modu arrazoituan eskatuta, gaitasun handiko kirolari laguntzaileekin, gainerako kirolarientzat entrenamendu baldintza hobeak bermatuko dituztelakoan. Kirolari talde horrek ez du, inola ere, arrazoi horrengatik errendimenduko kirolarien kualifikaziorik izanen, eta ez dira 3.3.A puntuan jasotako betekizunen mende egonen, eta Nafarroako Kirol Institutuko Kirolaren Zuzendariordetzaren oniritzia beharko dute onesteko.

Diruz lagundutako Nafarroako federazioen eta programaren hobekuntzan eragina duten beste federazio autonomiko batzuen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenak jasotzen ahalko dira, betiere NKIren oniritziarekin.

4.2. Taldeko kirolak: federazioek talde-kiroletako teknifikazio programa bat aurkez dezakete baldin selekzioen programarik ez badaukate proposatutako teknifikazio programaren xede den adinen kategorian edo goi mailako kirola egituratzeko proiektuen barnean badaude. Taldeko kirol modalitateetan, Nafarroako eta/edo Espainiako selekzioen azpiko kategorietan nabarmendu direnek parte hartzen ahalko dute teknifikazio programetan.

Hautaketa kasuan kasuko federazioari dagokio, irizpide tekniko oinarrituak erabiliz, zeinak berariaz jaso beharko baitira aurkeztutako programaren dokumentazioan.

TEKNIFIKAZIO BALDINTZAK

OLINPIARRAK DIREN MODALITATE ETA PROBAK (*)

OLINPIARRAK EZ DIREN MODALITATE ETA PROBAK

Kategoria

Absolutua

Azpikoa

Absolutua

Azpikoa

Banakako kirola

Gutxienez 10 parte-hartzaile eta 8 autonomia erkidego

Gutxieneko marka eskatuz gero, 12 lehenbiziko postuen artean.

Gutxieneko marka eskatu ezean, 8 lehenbizikoen artean.

Gutxieneko marka eskatuz gero, 4 lehenbiziko postuen artean.

Gutxieneko marka eskatu ezean, 3 lehenbizikoen artean.

5 lehenbiziko postuen artean

3 lehenbiziko postuen artean

10 parte-hartzaile eta 8 autonomia erkidego baino gutxiago

5 lehenbiziko postuen artean

3 lehenbiziko postuen artean

10 lehenbiziko postuen artean Europako edo munduko txapelketan

Talde-kirola

Selekziorik ez izatea. Azpiko selekzioetan nabarmentzea

(*) 2022ko neguko eta 2024ko udako Joko Olinpikoen programa ofizialean sartutako olinpiar modalitate eta probak.

Olinpiar probatzat hartuko dira, orobat, parte-hartzaileen adina dela eta, distantziari dagokionez edo behar diren elementu teknikoei dagokienez egokitzen direnak. Adibidez: triatloia, bela...

Desgaitasuna dutenek bakarrik parte hartzeko diren modalitate, espezialitate eta probetan (kirol egokitua), aipatutako irizpideen antzekoak direnei jarraituko zaie, paralinpikoak eta ez-paralinpikoak bereizita.

Eskatzen diren baldintzak gutxienekoak dira. Hala ere, federazio bakoitzak hautaketa-irizpide murriztaileagoak aplikatzen ahalko ditu, funtzionamendua eta jarraipena hobea izateko beharrezkotzat joz gero.

A.2. Iraupena eta ordutegia:

Programak gutxienez hogeita hamabi aste iraunen du, eta, saio tekniko-taktikoak eta prestaketa fisikokoak kontuan hartuta, astean bi saio eginen dira gutxienez, egun ezberdinetan banatuak. Kontzentrazioaldi intentsiboak ere izan daitezke, eta komeni da horiek lehiaketarik ez dagoenean edo opor garaian egitea.

A.3. Asistentzia:

Parte-hartzaile bakoitzak deitutako saioen % 75era joan beharko du gutxienez. Baldintza hori bete ezean, programatik kanporatuko da.

A.4. Zuzendari teknikoa edota entrenatzaile arduraduna:

Jarduera Fisikoaren Zientzietako gradudun titulua edo antzekoa daukana, gutxienez, baita modalitateko espezialitatea ere, edo goi mailako teknikari titulua edo III. mailakoa federazio iragankorretan. Besterik ezean, federazio titulu propioak onartuko dira, maila gorenekoak betiere, edo teknifikazio programetako kirolariekin gutxienez bost urteko esperientzia frogatzea. Federazioan ez badago maila horretako teknikarien artean aski edo kualifikazio hori existitzen ez bada, federazio horrek bermatuko du ahalik eta titulazio altuena izatea.

Teknifikazio programa bakoitzak programaz arduratzen den entrenatzaile bat izan beharko du. Modalitate edo espezialitate bat baino gehiago biltzen dituzten federazioetan, arloko edo espezialitateko arduraduna ere egoten ahalko da, bidezko justifikazio teknikoa duena, betiere NKIk baliozkotua.

Osagarri gisa, beste eremu batzuetako teknikariak (psikologoa, prestatzaile fisikoa eta abar) egoten ahalko dira, komenigarritzat jotzen direnak, organo kudeatzaileak horretarako oniritzia emanez gero.

A.5. Modalitateak/Espezialitateak:

Nafarroako Kirol Jokoetako berberak hartuko dira kontuan.

A.6. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren laguntza:

Beharrezkoa izanen da kirolariek azterketa mediko bat eta ekokardiograma bat egitea Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan. Nork bere borondatez test fisikoak eta entrenamendu koadernoaren jarraipena egiten ahalko ditu. Testak egiteak eta koadernoaren bidez entrenamenduaren jarraipena egiteak lehentasuna ematen diete zerrendetan errehabilitazioari, fisioterapiari, dietetikari eta nutrizioari, neke kronikoari, entrenamenduko aholkularitzari eta abarri, egiten ez dutenen aldean.

B) Selekzioak: Selekzioetako programek bete beharreko baldintzak.

Modalitate kolektiboetan eta taldekako modalitateetan selekzioetako programatzat joko dira, bakar-bakarrik, programak justifikatzen duenean taktika kolektiboko lan bat egiten dela parte-hartzaileak bateratzeko asmoz.

B.1. Kirolariak hautatzeko modua:

Programan parte hartzeko hautatutako kirolariek kirol-lizentzia ofiziala izan beharko dute eta indarrean egon beharko du.

12 urteko edo hortik gorako kategorietako kirolariak izan, Nafarroako selekzioetako kide gisa parte hartzen dutenak Espainiako txapelketetan edo autonomia erkidegoen arteko edo nazioarteko txapelketetan bertako kirol modalitate batean (herri kirolak eta pilota).

B.2. Jardueren programazioa:

Garatu beharreko jardueren programazioa parte hartuko den Espainiako txapelketen datak kontuan hartuta egin beharko da, horixe baita lehentasunezko helburua. Programazioa helburu horretatik haratago zabaltzen ahalko da, eta, halaber, aldi intentsiboak egin daitezke lehiaketarik gabeko garaietan edo oporraldietan.

B.3. Asistentzia:

Parte-hartzaile bakoitzak deitutako saioen % 75era joan beharko du gutxienez. Baldintza hori bete ezean, programatik kanporatuko da.

B.4. Zuzendari teknikoa edota entrenatzaile arduraduna:

Jarduera Fisikoaren Zientzietako gradudun titulua edo antzekoa daukana, gutxienez, baita modalitateko espezialitatea ere, edo goi mailako teknikari titulua edo III. mailakoa federazio iragankorretan. Besterik ezean, federazio titulu propioak onartuko dira, maila gorenekoak betiere, edo teknifikazio programetako kirolariekin gutxienez bost urteko esperientzia frogatzea. Federazioan ez badago maila horretako teknikari aski edo kualifikazio hori existitzen ez bada, federazio horrek bermatuko du pertsona horiek ahalik eta titulazio altuena izatea. Talde tekniko bat izanen da, selekzio bakoitzeko entrenatzaile arduradun batek eta teknikari laguntzaile batek osatua, zuzendari teknikoaz gainera.

B.5. Modalitateak/Espezialitateak:

Nafarroako Kirol Jokoetako berberak hartuko dira kontuan.

B.6. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren laguntza:

16 eta 18 urte bitarteko kirolariek (bi adin horiek barne) osasun azterketa egin beharko dute Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan, azken hiru urteotan horrelakorik egin ez badute. Federazioa arduratuko da erakunde horri azterketa mediko horiek egiteko hitzordua eskatzeaz eta kudeatzeaz. Baliabide nahikoa badago, eta betiere Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren agendaren arabera, beste zerbitzu batzuk jasotzen ahalko dituzte, adibidez, test fisikoak egitea, lesioei buruzko kontsultak, dieta, entrenamendurako aholkularitza eta zentro horrek eman ditzakeen beste batzuk.

C) Hobekuntza.

C.1. Kirolariak hautatzeko modua:

Programan parte hartzeko aukeratzen diren pertsonek indarrean dagoen kirol-lizentzia ofiziala izan beharko dute, eta 12 eta 30 urte bitarteko kirolariak izan beharko dute, ezaugarri bereziak dituztelako eta dagokion kirol federazioak, Kirolaren Zuzendariordetzaren bitartez, modu arrazoituan eskatuta, beste adin batzuetako kirolariak sartzea kontuan har dezaketen kirol-modalitateetan izan ezik.

Olinpiar modalitate eta probetan, parte hartzen ahalko dute Nafarroako txapelketetan lau lehenbiziko postuen artean sailkatzen diren kirolariek eta/edo Estatuko txapelketetan edo ranking nazionalean hogei lehenbizikoen artean sailkatzen direnek. Dena den, federazio bakoitzak hautaketa-irizpide murriztaileagoak ezar ditzake.

Olinpiarrak ez diren modalitate eta probetan, Espainiako kategoria absolutuko txapelketan, non gutxienez hamar kirolarik parte hartu beharko baitute –gutxienez zortzi autonomia erkidego ordezkatuta–, zortzi lehenbiziko postuen artean dagoela frogatu beharko du kirolariak. Parte-hartzaileei eta ordezkaritzari buruz eskatutako gutxieneko kopuruetara iritsi ezean, eskatuko da kirolaria bost lehenbiziko postuen artean sailkatzea. Azpiko kategorietan, bost lehenbizikoen artean dagoela frogatu beharko du kirolariak.

Kirola sustatzeko eskola kanpainak dituzten federazioek ere aurkezten ahalko dute hobekuntzako programa bat.

Oro har, hobekuntzako programak federazio bakoitzeko gutxienez lau eta gehienez hogeita hamar kirolari izanen ditu. Salbuespen gisa, eta dagokion federazioak arrazoituta, hainbat espezialitatek dituztenek ezarritako gehieneko kirolari kopurua gainditzen duten programak aurkezten ahalko dituzte. Horretarako, Nafarroako Kirol Institutuko Kirolaren Zuzendariordetzaren oniritzia beharko dute.

Programa onetsitakoan, beharren arabera osatzen ahalko da hori, kirolari laguntzaileekin, gainerako kirolarientzat entrenamendu baldintza hobeak bermatuko dituztelakoan. Talde horretako kirolariak ez dira inoiz ere joko errendimenduko kirolaritzat, arrazoi horrengatik.

Diruz lagundutako Nafarroako federazioen eta programaren hobekuntzan eragina duten beste federazio autonomiko batzuen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenak jasotzen ahalko dira, betiere NKIren oniritziarekin.

Aurreko puntuetan ezarri den moduan, baldintza batzuk lortu behar dira hobekuntza programa batean sartzeko. 2021ean, COVID-19aren pandemia dela eta, ezin izan dira egin baldintza horiek betetzeko bidea ematen duten lehiaketetako asko. Beraz, ezartzen da emaitza horiek lortu behar direla 2018ko irailaren 1etik eskaera aurkezteko egunera arteko epean.

HOBEKUNTZAREN BALDINTZAK

OLINPIARRAK DIREN MODALITATE ETA PROBAK (*)

OLINPIARRAK EZ DIREN MODALITATE ETA PROBAK

Kategoria

Absolutua

Azpikoa

Absolutua

Azpikoa

Banakako kirola

Espainiako txapelketako edo ranking nazionaleko lehenbiziko 20ak.

Nafarroako txapelketako lehenbiziko 4 postuak.

8 lehenbiziko postuak Espainiako txapelketan, non gutxienez 10 kirolarik parte hartzen baitute, gutxienez 8 autonomia erkidego ordezkatuta.

Bestela, 5 lehenbiziko postuak.

5 lehenbiziko postuak

(*) 2022ko neguko eta 2024ko udako Joko Olinpikoen programa ofizialean sartutako olinpiar modalitate eta probak.

Olinpiar probatzat hartuko dira, orobat, parte-hartzaile bakoitzaren adina dela eta, distantziari dagokionez edo behar diren elementu teknikoei dagokienez egokitzen direnak. Adibidez: triatloia, bela...

Kirol egokituaren berezitasuna dela-eta, federazio horretako kirolariei ez zaie parte-hartzaile kopuruari buruzko irizpiderik eskatuko, ezta adinari lotutakorik ere.

C.2. Iraupena eta ordutegia:

Gutxienez hogei saio planteatzen dira, entrenamenduak eta jarduera osagarriak kontuan hartuta; saio horiek estentsiboak eta/edo trinkoak izan daitezke. Egun berean, bi saio eginez gero, bat goizean eta bestea arratsaldean, bi saio kontatuko dira.

C.3. Asistentzia:

Parte-hartzaile bakoitzak deitutako saioen % 75era joan beharko du gutxienez. Baldintza hori bete ezean, programatik kanporatuko da.

C.4. Zuzendari teknikoa eta/edo entrenatzailea(k):

Jarduera Fisikoaren Zientzietako gradudun titulua edo antzekoa daukana, gutxienez, baita modalitateko espezialitatea ere, edo, bestela, gutxienez II. mailako titulua edo antzekoa, edo gutxienez hiru urteko esperientzia antzeko kargu batean. Federazioan ez badago maila horretako teknikari aski edo kualifikazio hori existitzen ez bada, hauek ahalik eta titulazio altuena izatea bermatuko da.

C.5. Modalitateak/Espezialitateak:

Nafarroako Kirol Jokoetako modalitateak/espezialitateak hartuko dira kontuan, salbu eta, espezialitateak ezaugarri bereziak izateagatik, federazio batek arrazoizko eskaera egiten badu eta NKIk oniritzia ematen badio.

C.6. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren laguntza.

Baliabide nahikoa badago, eta betiere Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren agendaren arabera, beste zerbitzu batzuk jasotzen ahalko dituzte, adibidez, test fisikoak egitea, lesioei buruzko kontsultak, dieta, entrenamendurako aholkularitza eta zentro horrek eman ditzakeen beste batzuk.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean. Bestela, edozein kirol errendimendu programari baja ematen ahalko zaio, batzorde teknikoak hala erabakiz gero.

Nahiz eta NKIren ustez federazio batek aurkeztutako programak teknifikazio programatzat eta/edo selekzioetako programatzat jotzeko behar diren baldintzak ez bete, hobekuntzako programatzat jotzen ahalko da, horretarako behar diren baldintzak betetzen baditu eta kasuko federazioak bere adostasuna agertzen badu.

4. Kirolariaren eskubideak eta betebeharrak.

a) Errendimenduko programetan parte hartzen duten kirolariek ez dute inolako kopururik ordainduko programan parte hartzeagatik, ez eta programan sartutako jardueretara joateagatik ere.

b) Errendimenduko programa batean parte hartzeak aukera ematen du errendimenduko kirolari izaera hartzeko, maiatzaren 29ko 329/2015 Foru Aginduan araututa dagoen bezala (2015eko 141. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 22koa).

c) Errendimenduko programa batean parte hartzen dutenek, gutxienez, entrenamendu saioen % 75era joan beharko dute.

d) Errendimenduko programa bateko kideek mediku-azterketa bat egin behar dute edo azken hiru urteetan egin behar izan dute.

e) Hala badagokio, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak agindutako jarraibideak, probak, kontrolak eta tratamenduak egin beharko dituzte.

f) Talde teknikoaren gomendioak bete beharko dituzte.

g) Programa aprobetxatu beharko dute.

5. Aurrekontu kreditua.

Deialdi honetarako baimendutako gastua, guztira, 690.000,00 eurokoa da, eta aurrekontuko partida honen kargura joanen da: A50002-A5120-4819-336110, “Nafarroako errendimenduko kirola: Nafarroako selekzioak eta kirol-teknifikazioa” izenekoa, Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorretakoa; edo horretarako prestatutako antzeko partidaren kargura.

6. Gastu diruz lagungarrien kontzeptua.

Ondoren azaltzen diren ataletako gastuak baizik ez dira izanen % 100 diruz lagungarriak, betiere diruz lagundutako jardueraren izaerarekin zuzeneko lotura baldin badute zalantzarik gabe eta diruz lagunduko diren jarduerak egiten diren aldiari baldin badagozkio.

6.1. Teknikariak.

a) Programetako teknikariei dagozkien gastuak dira.

Hauek dira teknikariak:

–Zuzendari teknikoa.

Zuzendari teknikoa aldi berean aritzen bada federazioaren eginkizun teknikoetan eta federazioaren berariazko programei loturiko bestelako eginkizunetan, eskabidean ongi zehaztuko da eginkizun horietako bakoitzari aplikatzen zaion portzentajea, atal honetan dagokion gastu diruz lagungarria banatzeko. Hori egiaztatzeko, federazio eskatzaileak Nafarroako Kirolaren Institutuaren beste deialdi batzuetan aurkeztutako dokumentazioa aztertuko da.

–Teknikaria.

Pertsona batek teknikarien bi kategoria horietako bategatik bakarrik aurkezten ahalko ditu gastu diruz lagungarriak.

b) Errendimenduko programetarako, atal honetako kontzeptu diruz lagungarrietarako diru muga bat ezarri da federazio bakoitzeko:

–15.000,00 euro zuzendari teknikoarentzat, bertako kirol modalitateetakoak izan ezik.

–10.000,00 euro langile bakoitzeko, gainerako teknikarientzat.

c) Kontratazio berrietarako, Nafarroan kirol arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen aplikazio-eremuan sartutako titulazioen baldintzak bete beharko dira.

Kontratazio horiek egiteko federazio-estatutuetan ezarritako prozedurak ere bete beharko dira. Prozedura horren arabera kontratatzen diren langileek ez dute inolako kontratuzko lan harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin, izan ere, deialdi honen arabera diruz lagungarriak diren langileak baizik ez dira izanen.

6.2. Jarduera osagarriak.

–Diruz lagunduko diren kontzeptuak:

a) Teknikari espezifikoei dagozkien gastuak, jarduera zehatzetan parte hartzeagatik.

b) Joan-etorrietako gastuak txapelketetara, kontzentrazioetara, clinic gisakoetara, prestakuntza ikastaroetara eta programan zehaztutako antzeko beste jarduera batzuetara joateko. Kontzeptu honen barrenean, honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:

I.–Auto partikularrak erabiliz gero, kilometro bakoitzeko 0,20 euro kalkulatzetik ateratzen den zenbatekoa, lau parte-hartzailerentzat (edo dagokion zatikiarentzat).

II.–Garraio publikoa erabiliz gero, fakturaren bidez justifikatzen den zenbatekoa.

III.–Autobus zerbitzua kontratatuz gero, fakturaren bidez justifikatzen den zenbatekoa.

Kirolariak beren bizilekutik ohiko entrenamendu zentrora joateko bidaiak ez dira inola ere diruz lagunduko.

c) Ostatu eta mantenu gastuak txapelketetara, kontzentrazioetara, clinic gisakoetara, prestakuntza ikastaroetara eta programan zehaztutako antzeko beste jarduera batzuetara joateko. Erabilitako establezimenduek fakturatutako gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

d) Txapelketetako, clinic-etako, prestakuntza ikastaroetako eta programan zehaztutako antzeko beste jarduera batzuetako inskripzio gastuak.

e) Banketxeetako gastuak: banketxeen komisioak (transferentzietakoak, mantentze-lanetakoak, erreziboak kobratzekoak, etab.) eta finantzaketa-interesekoak (maileguak, kreditu kontuak, etab.). Gastu horiek diruz lagungarriak izanen dira baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira. Banketxeetako kontuetako interes zordunak salbuetsita daude (kontu korronteetako zorpekoak).

6.3. Antolamenduaren eta materialen gastuak.

a) Errendimendu programan jasotakoaren arabera, errendimendu programak gauzatzeko berariazkoa den kirol material suntsikorra eta ez-inbentariagarria erosteko gastuak. Suntsikortzat jotzen da erabiliaren erabiliaz hondatzen den, urtebeteko gehieneko iraupena duen eta inbentariagarria ez den materiala. Zalantzazko kasuetan, NKIk aholkularitza eman eta erabakia hartuko du. Material inbentariagarri gisa har daitekeena erostea ez da inola ere diruz lagunduko.

b) Instalazioak erabiltzeagatiko gastuak. NKIk errendimendu programen eskura jartzen ditu dohainik bere instalazioak, NKIren Gobernu Kontseiluaren 2017ko abenduaren 10eko Erabakian jaso bezala (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa). Instalazio horietan selekzioren batentzako tokirik ez badago, kluben eta bestelako entitateen doako lankidetza bilatu beharko da. Instalazioak alokatzeko gastuak ezinbesteko eta ohiz kanpoko kasuetan baizik ez dira onartuko. Alokairu gastu horiek onartuak izateko, instalazioen falta eta horien beharra kasuz kasu baloratuko du organo kudeatzaileak.

c) NKIk baimentzen dituen programak gauzatzeko behar diren bestelako gastuak. Arropa-garbiketako eta arbitrajeetako gastuak ez dira aintzat hartuko.

7. Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

7.1. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

7.2. Eskaera Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera, eskabideak ez dira aurkeztutzat hartuko egokitzen ez badira laguntzen fitxan dagoen eredura eta ez badira telematikoki aurkezten, aipatutako fitxa erabiliz. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskabide horiek ez dira zuzentzen ahalko.

7.3. Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.4. Eskaera telematikoa honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):

a) Deialdian parte hartzeko eskabide-orria. http://www.deporte.navarra.es webgunean eskura dagoen dokumentua erabili behar da (II. eranskina).

b) 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitarteko aldi osorako dagokion errendimenduko programaren proiektua, honako atal hauek izanen dituena:

b.1. Programaren helburu orokorrak.

b.2. Programaren helburu espezifikoak.

b.3. Programako kirol teknikarien taldea. Teknikarien taldea osatzen duten kideen izenak eta bi abizenak eta bakoitzaren kirol titulazioa adierazi beharko dira (VII. eranskina). Tituluen kopia erantsi beharko da, edo Federazioaren ziurtagiria, lehendakariak sinatua, non antzeko karguetan dituen esperientzia urteak adieraziko baitira, eta duela gutxi ateratako argazki bat, NANerako neurrikoa.

Programako teknikari arduradunak kirol errendimenduko taldeko kirolari bakoitzaren klubeko entrenatzaileekin koordinatu beharko dira entrenamenduen, proba fisikoen eta abarren gaineko informazioa elkarrekin trukatzeko.

Teknifikazio programako arduradun tekniko bakoitzak programatzen diren jardueretan izaten den bertaratzearen gaineko datuak jaso beharko ditu (entrenamenduak, kontzentrazioak, lehiaketak eta, hala badagokio, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko arduradunekin egin beharreko proba fisiko eta medikoak), baita taldeko kideen egoera fisikoaren bilakaerari eta kirol emaitzei buruzkoak ere.

b.4. Federazioaren kasuan kasuko organoak onartuta, programan parte hartzen duten pertsonak hautatzeko irizpideak.

b.5. Programan parte hartuko duten pertsonen zerrenda. Kirolari bakoitzaren izena, abizenak, jaiotze data, kluba eta kirol merezimenduak adieraziko dira, zehaztuta ea goi mailakoa den edo beste errendimendu maila batekoa. Teknifikazio programetan parte hartzen duten pertsonek duela gutxi ateratako argazki bat erantsi beharko dute, NANerako neurrikoa. (VI. eranskina).

Teknifikazioko, selekzioetako eta hobekuntzako programetan, kirolarien zerrenda malgua izanen da, aldi horretan zehar kirolari gehiago sartzen ahalko baitira, betiere eskatzen diren baldintzak betetzen badira eta Nafarroako Kirolaren Institutuari jakinarazten bazaio.

Selekzioen kasuan, gainera, Espainiako txapelketara joaten diren kirolarien zerrenda igorri beharko da txapelketa hasi aurreko astean.

b.6. Irizpide objektiboak erabiliz programetan sartzeko moduko kirolariak dauzkaten kluben eta kirol federazioaren arteko akordioa, kirol errendimenduko programa abian jarri eta gauzatzeko eta kirolariek bertan parte hartzeko. Errendimenduko programaren batean parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten kirolariak dauzkaten klub guztiek jaso beharko dute programan parte hartzeko gonbidapena, federazioak luzatua. (VIII. eranskina).

b.7. Programazioa eta metodologia. Aurreikusita dauden entrenamendu saioen egutegia erantsiko da, eta egiten diren aldaketak jakinarazi beharko dira.

b.8. Jardueren programa, egutegi baten araberakoa. Jarduera guztiak adierazi beharko dira (entrenamenduak, kontzentrazioak, prestaketarako lehiaketak, kontrol fisikoak, proba medikoak, ahal dela datak eta ordutegiak zehaztuta, clinic-ak, prestakuntza ikastaroak, etab.). Jardueraren xedea, tokia, egunak eta parte-hartzaileak zehaztuko dira. Teknifikazio taldeko kirolari bakoitzak gutxienez bi proba fisiko multzo egin beharko du denboraldi bakoitzean.

b.9. Instalazioak. Erabiliko diren instalazioak zehaztuko dira.

b.10. Kirol material suntsigarria edo inbentariaezina, kirol errendimenduko programarako berariazkoa dena. Zehaztu beharko da zer material den eta zein den aurreikusi den erosketa kostua. Gomendatzen da organo kudeatzailearekin aurretik hitz egitea.

b.11. Segimendurako eta ebaluaziorako prozedura. Une oro, entrenamenduaren kontrola eta erregistroa bermatuko da, eta horrek berekin ekarriko du kirolari bakoitzaren banakako bilakaeraren erregistro objektibo bat egitea, teknifikazioko kirolarien kasuan.

c) Teknifikazioko, selekzioetako eta/edo hobekuntzako programari dagozkion gastu diruz lagungarrien aurrekontua, behar bezala antolatua eta aurreko oinarriko atal bakoitzerako ezarri diren hiru taldeetan xehakatua: Teknikariak, jarduera osagarriak, eta antolamenduaren eta materialen gastuak. Beharrezkoa denean, programaren diru-sarrerak aipatuko dira (III. eranskina).

d) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, frogatuz egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Kirolaren Institutuaren egiaztapen hori zuzenean egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan.

e) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, frogatuz eskatzaileak egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Kirolaren Institutuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian.

f) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ezen ez dela urratzen, onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inolako debekurik. Horretarako, II. eranskin gisa erantsitako eredua erabiliko da.

g) Erantzukizunpeko adierazpena, non eskatzaileak agertzen duen ez duela zehapen edo kondena-epairik bete behar sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik. Horretarako, II. eranskin gisa erantsitako eredua erabiliko da.

h) Hala badagokio, Nafarroako kirol federazioko lehendakariak eta idazkariak sinatutako aitorpena, zehazten duena federazioak zein dirulaguntza jaso asmo dituen beste entitate batzuetatik dirulaguntza hauen xedeko programetarako.

i) Erantzukizunpeko adierazpena, non adierazten baita teknikariek eta kirolariek betetzen dituztela programan sartzeko eskatzen diren baldintzak, eta konpromisoa hartzen dutela eskatutako saioen gutxieneko kopurua egiteko.

8. Antolamendua eta instrukzioa.

8.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolamendu eta instrukziorako organo arduraduna, Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Atalaren bitartez.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

8.2. Organo horrek aurkezten den dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela eskatzen ahalko die federazio eskatzaileei.

8.3. Federazio eskatzailearen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoetan ezarri dena.

8.4. Instrukzio organoak dirulaguntzak emateko proposamena igorriko dio NKIko zuzendari kudeatzaileari.

9. Dirulaguntza emateko prozedura eta dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzea.

9.1. Dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidea erabiliko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

9.2. Kalkulurako prozedura:

a) Lehenik, kirol federazioek aurkeztutako proiektu bakoitza baloratuko da, kontuan izanik, bakar-bakarrik, deialdi honen arabera diruz lagungarriak diren kontzeptuak.

b) Teknifikazioko eta/edo selekzioetako programengatik federazioek jasotzen duten dirulaguntza honako taula honen arabera finkatuko da, kontuan hartuta bi programak izanez gero bien batura kontabilizatuko dela:

0 eurotik 10.000 euro bitarte

% 100

10.001 eurotik 15.000 euro bitarte

% 99

15.001 eurotik 20.000 euro bitarte

% 98

20.001 eurotik 25.000 euro bitarte

% 96

25.001 eurotik 30.000 euro bitarte

% 94

30.001 eurotik 35.000 euro bitarte

% 92

35.001 eurotik 40.000 euro bitarte

% 90

40.001 eurotik 45.000 euro bitarte

% 88

45.001 eurotik 50.000 euro bitarte

% 86

50.001 eurotik 55.000 euro bitarte

% 83

55.000 euro baino gehiago

% 80

c) Hobekuntzako programen kasuan, dirulaguntza taula honen arabera finkatuko da, eta bateraezina izanen da hautaketa-programekin, argi eta garbi bereiz daitezkeen banakako edo taldeko modalitateak dituzten federazioen kasuan izan ezik:

0 eurotik 10.000 euro bitarte

% 90

10.001 eurotik 15.000 euro bitarte

% 85

15.001 eurotik 20.000 euro bitarte

% 80

20.001 euro baino gehiago

% 78

d) Hobekuntzako programa bakoitzeko diruz lagunduko den gehieneko muga, bakarrik edo beste programa batzuekin aurkeztuta ere, bi programa hauetatik txikiena izanen da:

–25.000,00 euroko muga.

–Federazioentzako deialdi arruntean (2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31 bitarteko epean) federazio horri eman zaion zenbatekoaren % 70eko muga.

e) Gehieneko muga bat izanen da federazio bereko errendimenduko programa guztien dirulaguntzetarako (teknifikazioa, selekzioak eta hobekuntza). Muga hori zenbateko hauetatik txikiena izanen da:

–60.000,00 euroko muga.

–Federazioentzako deialdi arruntean (2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31 bitarteko epean) federazio horri eman zaion zenbatekoaren % 70eko muga.

Gerta daiteke puntu honetako mugetako bat aplikatu behar zaion federazioak errendimendu programa bat baino gehiago aurkeztea. Horrelakoetan, hobekuntza programari aplikatuko zaio muga; eta era horretako programarik ez baldin badu, modu proportzionalean aplikatuko zaie aurkeztutako programei.

f) Aurreko kalkuluaren emaitza handiagoa bada deialdirako dagoen partida baino, aurkeztutako eskaera guztien artean hainbanaketa eginen da.

g) Egituran integratutako kirol egokituko espezialitateak dituzten federazioen kasuan, lehen aipatutako 9.2.d) eta 9.2.e) puntuetan jasotako mugak 2.500,00 euroko gehieneko zenbatekoan gainditzen ahalko dira.

10. Eskaera berregitea.

10.1. Aurkeztutako eskaerak aztertuta, Kirolaren Zuzendariordetzak federazio guztiei jakinaraziko die laguntzak emateko prestatu duen proposamena, eta hamar egun balioduneko epea emanen die alegazioak aurkezteko edo eskaera berriz egiteko, hurrengo atalean xedatutakoari jarraikiz.

10.2. Dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoak % 5etik gorako hainbanaketa egiten badu, federazioek eskaera berregiten ahalko dute, 9. oinarriko 9.2.f) atalean aurreikusten den gisan. Helburua da gastu-konpromisoak eta eskabidean agertzen diren jarduera berberetarako eman daitekeen dirulaguntzaren baldintzak doitzea, diruz lagundu daitekeen kontzeptu bakoitzaren barruan. Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeraren atal bakoitzerako ezarritako balorazio irizpideak ere. Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Bere horretan mantenduko dira kirol federazioaren baliabide propioekin finantzatuko diren kopuruak, baita jardueraren berariazko baliabideekin finantzatuko direnak ere (babesak, etab.), hasierako eskaeran adierazi zirenak.

b) Eskaera berregin ondoren banatzen diren azkeneko dirulaguntzak finkatzean, eranskin honen 6. oinarrian ezarritako kontzeptu diruz lagungarriak errespetatu beharko dira.

c) Ez da onartuko hasierako aurrekontuaren % 80tik beherako zenbatekoa ezartzen duen berregiterik.

10.3. Instrukzio organoak eskaera berregina onetsi ondoren, dokumentazio guztia organo eskudunari igorriko zaio, laguntzen gaineko behin betiko ebazpena eman dezan.

11. Jarduera berrietarako eskaera.

11.1. Laguntzak banatzeko ebazpena eman ondoren, federazioek, instantzia bidez, jarduera berri baterako dirulaguntza eska dezakete (aurreikusitako jarduera baten funtsa aldatzea jarduera berritzat hartuko da), betiere jarduera 6. oinarriko ataletako batean sartuta badago. Hasiera batean aurreikusitako jarduera bat ordezteko eskaerak ere onartuko dira. Horri dagokionez, federazioak dirulaguntzen eskaera aurkeztu ondoren egiten direnak baizik ez dira hartuko jarduera berritzat.

Jarduera berri bakoitzerako txosten bat aurkeztu beharko da, adieraziz xedea, non egin den, eguna, parte-hartzaile kopurua, aurrekontua eta programaren gainerako zatiekin duen lotura.

Jarduera berritzat hartuko dira lehiaketetara, kontzentrazioetara, clinic-etara, prestakuntza ikastaroetara eta programan zehazten diren antzeko beste jarduera batzuetara joatearekin zerikusia dutenak.

11.2. Eskaera horiek eskatutako jarduera berria egin baino lehenago aurkeztu beharko dira. Eskaera kasuan kasuko jarduera egin baino lehen aurkeztu behar horren salbuespen gisa, zilegi izanen da eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik laguntzak ematearen gaineko ebazpena jakinarazi bitarte egiten diren jarduera berrietarako eskaerak ere aurkeztea, baina, betiere, eskaera aurkezten baldin bada jarduera egin aurretik.

11.3. Instrukzio organoak, Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetzak, behar den ofizioaren bitartez, eskaera onartzea edo ez onartzea erabakiko du, eta onartzeko edo atzera botatzeko arrazoiak emanen ditu.

12. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

12.1. NKIko zuzendari kudeatzaileari dagokio aurkezten diren dirulaguntza-eskaerak ebaztea, batzorde teknikoak instrukzio organoari bidaliko dion proposamena ikusirik.

12.2. Laguntzen banaketaren gaineko ebazpena eman eta interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe horretan ebazpen espresik eman eta jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira.

12.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Era berean, dirulaguntza jaso duten eskatzaileen zerrenda eta onetsitako kirol errendimenduko programak agertuko dira, eta espresuki adieraziko da, arrazoiak emanda, gainerako eskaerei uko egin zaiela, halakorik bada.

12.4. Errendimendu programa baterako dirulaguntza emateak berekin ekarriko du Nafarroako Kirolaren Institutuak dagokion kirol errendimenduko programa ere onestea.

12.5. Dirulaguntzak ematea, betiere, Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorretan deialdi honetarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

12.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.

13. Dirulaguntzaren ordainketa.

13.1. Dirulaguntzaren ordainketa, oro har, diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatu ondoren eginen da, behin hari dagozkion frogagiriak (ordainagiriak barne) 15. oinarrian xedatutakoari jarraikiz aurkeztu ondoren.

13.2. Konturako hiru ordainketa egiten ahalko dira, programak gauzatzeagatik, epe hauetan:

1. 2021eko irailaren 1etik abenduaren 31ra bitarte.

2. 2022ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitarte.

3. 2022ko apirilaren 1etik ekainaren 30era bitarte.

Egiten diren konturako ordainketak ezin dira inola ere izan onartutako dirulaguntzaren % 80tik gorakoak.

Konturako ordainketa horiek ordaindu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira ordainketa bakoitzerako:

a) Federazio onuradunak berariaz eskatu beharko du.

b) Konturako ordainketek justifikatzeko dauden langile gastuen eta gastu arrunten zerrenda bati erantzun beharko diote, eta gastu horiek diruz lagundutako jardueran jada gauzatutako zatiari buruzkoak izanen dira. Dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztuko da federazio interesdunek zer dokumentazio aurkeztu beharko duten konturako ordainketa horiek eskatzeko.

c) Ordaindu beharreko zenbatekoa dirulaguntzaren xede den jarduera bakoitzerako kalkulatuko da, eta jarduera bakoitzari emandako dirulaguntzari jarduera horretan justifikatutako gastuen ehunekoa aplikatzearen emaitza izanen da, eskabidean aurkeztutako eta NKIk onartutako aurrekontu justifikagarriari dagokionez.

Dirulaguntza (edo aurreikusitako konturako ordainketa) ordaindu ahal izateko, aldez aurretik 19. oinarrian (Gardentasun-betebeharrak) aipatzen den informazioa NKIri bidali beharko zaio. Informazio hori igorri ezean, ezin izanen da ordainketa hori onartu”.

Nolanahi ere, konturako ordainketa egin ala ez, erakunde onuradunak 15. oinarrian ezarritako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, bertan ezarritako moduan eta epeetan. Aurkeztutako frogagiriak ikusita –behin organo kudeatzaileak aztertu ondoren eta dirulaguntza emateko oinarri hartu ziren xedeak betetzen direla egiaztatu ondoren–, espedientea bukatzeko ebazpen bakarra emanen da, non dagozkion diru kopuruak likidatuko baitira, eta aurkeztutako justifikazioaren arabera ordaindu edo itzuli behar den diru kopurua ezarriko baita.

14. Jardueren arteko doikuntzak.

14.1. Dirulaguntzaren helburuak oso-osorik betetzen baldin badira, zilegi izanen da aurrekontuan aldaketak egitea deialdi honetan jasotzen diren gastu diruz lagungarrien artean (langile teknikoak, jarduera osagarriak, eta antolamenduaren eta materialen gastuak), programa berekoak badira betiere. Horrenbestez, jardueraren batean justifikatutako gastuak aurreikusitakoak baino txikiagoak izan badira, ataletako batzuetan erabili gabe geratzen den kreditu hori erabiltzen ahalko da aurrekontuan sartutako beste atalen baterako, betiere justifikatutako gastuak aurreikusitakoak baino handiagoak badira, bai eta diruz lagundutako jardueren izaera bereko edo antzeko izaerako beste jarduera berri batzuetan ere (11. oinarrian ezarritako prozeduraren arabera eskatu eta baimendu baldin badira). Erabili gabeko kreditu hori “Langile teknikoak” atalerako erabiltzen ahalko da, bakar-bakarrik, baldin eta organo kudeatzaileak justifikatu eta aurretiaz baimentzen badu programarako behar gehiago sortu direla.

14.2. Aurreko puntuan azaldutako aurrekontu-aldaketak organo kudeatzaileak eginen ditu, ofizioz.

14.3. Dirulaguntzak ematen dituen organoak, espedientea ixten denean, aurkezten den azken justifikazioaren arabera ebatziko du behar dena.

15. Epea eta frogagiriak.

15.1. Frogagiriak aurkezteko epea 2022ko irailaren 30ean amaituko da.

Justifikazio-kontu baten bidez eginen da justifikazioa, eta dagokion federazioko lehendakariak sinatu beharko du kontu hori.

15.2. Dirulaguntza hauen onuradun diren kirol federazio guztiek frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntzen eskaeraren modu berean:

a) Egindako kirol programaren memoria, honako hauek adierazita: programaren ebaluazioa, helburuak zenbateraino bete diren, partaide kopurua eta egindako saio eta jarduerak. Era berean, programan sartutako kirolariek eta selekzioek lortutako emaitzak baloratuko dira, kirolari bakoitzaren segimendua eta hobetu beharreko alderdiak azalduta.

b) Dirulaguntzaren xede izan eta bete diren jardueren justifikazio-kontua IV. eranskinean agertzen den ereduaren arabera prestatuko da, eta bertan jarduera bakoitzaren gastu eta diru-sarreren zerrenda sailkatu bat agertuko da, honako hauek adierazita: agiri zenbakia, jarduera, jaulkipen data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketaren data. Inprimaki-eredu hori aldatu eta beste aurkezpen formal bat egin daiteke, goian adierazitako informazio guztia baldin badu. Azkeneko justifikazio-kontu hori bakarra izanen da dirulaguntzaren xedeko jarduera guztietarako, eta kirol federazioek urtean zehar aurkeztutako tarteko justifikazio-kontu guztiak hartuko ditu bere baitan. Justifikazio-kontu horretan sartuko da federazioko lehendakariak izenpetutako erantzukizunpeko adierazpen bat, zeinean adieraziko baita justifikazio-kontuan sartu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatu dituzten diru-sarrera edo/eta dirulaguntza guztiak, zenbatekoak izan diren eta nork eman dituen ere esanez.

c) Jatorrizko fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko, hornitzaile baten baino gehiagoren fakturak biltzen edo laburbiltzen dituzten fakturak aurkeztuz gero hirugarren batek luzatuak, bildutako faktura horiek ere aurkeztu beharko dira.

Kasu horretan, bai fakturak bai ordainagiriak federazioen bulegoetan gorde beharko dira NKIk haiek berrikusteko bidaliko dituen kontu-auditoreen eskura. Beraz, ez da beharrezkoa izanen horiek NKIn aurkeztea.

d) Hornitzailearen hautaketari buruzko inprimakia (baldin ekipamendu ondasunak hornitzeko edo zerbitzuak egiteko lanen zenbatekoa 12.000,00 eurotik gorakoa bada), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluari jarraikiz.

e) Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko inprimakia: inprimaki hau aurkeztu beharko da, diruz lagundutako federazioak jarduerak azpikontratatzeari dagokionez duen egoera egiaztatuz, X. eranskineko inprimaki-ereduaren arabera. Diruz lagundutako jardueren exekuzio osoa edo partziala hirugarrenekin azpikontratatu den adierazi beharko da; azpikontratazio hori egin bada, azpikontratatutako jarduerak zein diren adierazi beharko da inprimaki honetan, azpikontratistak eta fakturatutako zenbatekoak adierazita, baita egindako gastuak ere, xehakatuak. Halaber, inprimaki honetan federazioaren lehendakariaren erantzukizunpeko adierazpen bat sartuko da, adieraziko duena bete dela azaroaren 9ko 11/2005 Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluaren 4. eta 7. apartatuek ezartzen dutena.

15.3. NKIk justifikazio-kontu horien gaineko berrikuspen txostenak eginen ditu, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatua dagoen jarduneko kontu-auditore baten bidez. Txosten horiek honako hauek betez eginen dira:

a) Txosten horien kontratazioa NKIk eginen du.

b) Txostena maiatzaren 17ko EHA/1413/2007 Aginduan ezarritakoarekin bat eginen da, NKIk egiten duen lizitazioari jarraikiz. Agindu horren bidez, kontu-auditoreek dirulaguntzen justifikazio-kontuak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa araua onetsi zen.

15.4. Alternatiba moduan, Nafarroako Gobernuaren beraren langileek egiten ahalko dute justifikazio-kontu horien berrikuspena.

16. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

16.1. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

16.2. Deialdi honen prozedura egiten diren komunikazioak eta errekerimenduak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

17. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten federazioek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematen den xedeetarako erabiltzea, frogagiriak ezarritako epean aurkeztea eta NKIk egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.

b) Diruz laguntzen diren programak onetsi diren bezala gauzatzea, ezertan galarazi gabe 11. eta 14. oinarri arautzaileetan ezarritakoa.

c) Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren arabera.

d) Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dela adieraztea jardueren gaineko edonolako publizitatean, NKIk adierazten duen irudi korporatiboa jarriz.

e) Euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatzea komunikazio guztietan: paperak, inskripzio-orriak, kartelak, zabalkunderako bitartekoak, megafonia eta publizitateko logotipoak.

f) Erraztasunak ematea NKIri diruz lagundutako programen gainean dagozkion kontrol lanak egin ditzan, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen ote den egiaztatzeko.

g) Erraztasunak ematea NKIk kontratatutako kontu-auditoreek berrikuspen-txostenak egin ditzaten.

h) Egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak eduki eta mantendu beharko dira, behar bezala auditatuak, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

j) Jarduera osagarriak antolatzen direnean, federazioek Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana bete beharko dute, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere. Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere hondakinak bereiziko direla bermatzeko, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), ikuskizuna non egiten den, hango hondakinak kudeatzeaz arduratzen den entitatearen kudeaketa-arauekin bat.

2020tik aurrera ezin izanen da plastikozko poltsarik erabili, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, eta betiere betetzen baldin badituzte 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak. Poltsa horiek ezin izanen dira doan eman edo banatu. Halaber, ez da plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik erabiliko, betiere erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio eremuan sartzen ez badira (salbuespena izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, prozesu organiko edo mekanikoen bidez birziklatu ezin badira.

k) Datu pertsonalen babesari buruzko araudia betetzea, hala horrelako datuak jasotzen direnean nola Nafarroako Kirolaren Institutuari jakinarazten zaizkionean. Federazioek NKIri datu pertsonalak jakinarazten dizkiotenean, deialdi hau kudeatu eta izapidetzeko helburuarekin eginen da, bakar-bakarrik, baita, NKIk errendimenduko programak onesteari begira, deialdian ezarrita dauden betebeharren jarraipena egiteko, gainbegiratzeko eta kontrolatzeko ere. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat:

18. Bateragarritasuna.

18.1. Deialdi honetako dirulaguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek xede berean erabiltzeko ematen dituztenekin batzen ahalko dira.

18.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Nolanahi ere, dirulaguntza hauen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin baturik, gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

18.3. Aurreko atalean ezarritako komunikazio betebeharra betetzen ez bada, eta onuradunek informazioa faltsutzen badute, jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko dira, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den arte sortutako berandutze-interesak ere. Dirulaguntza itzuli beharraz gain, zehapenak ezar daitezke aipatu arrazoi horregatik, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ezarritako zehapen araubidearekin.

19. Gardentasun betebeharrak.

Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra izanen dute (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dago), baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten erakunde eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzendua eta erakundearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hau adieraziz:

Aitorpen eredua (IX. eranskina) eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.

20. Azpikontratazioa.

Federazio onuradunek zilegi dute diruz lagundutako jarduerak % 100ean azpikontratatzea. Nolanahi ere, kontzeptu honetatik kanpo geldituko da diruz laguntzen den jarduera onuradunak berak egiteko beharrezkoak diren gastuen kontratazioa.

Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako gainerako aurreikuspenak ere bete beharko dira. Zehazki, hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egiteko kontratua idatziz sinatu beharko da.

21. Hornitzaileak kontratatzea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedaturikoarekin bat, ekipamendu ondasunak eskuratzen direnean edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzuak ematen dituztenean, gastu diruz lagungarrien zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, federazio onuradunak frogatu beharko du organo emailearen aurrean efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela hornitzailea.

Kasu horietan, federazio onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak gorde egin beharko ditu kontsulta-tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

22. Ez-betetzeak.

22.1. Deialdi honetako oinarri arautzaileetan ezarritakoa betetzen ez bada –bereziki onuradunen betebeharrei buruzko atalean eta hirugarren oinarrian ezarrita dagoena eta onesten den programaren nondik norakoak betetzeari dagokiona–, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea aldatzen bada NKIren baimenik gabe, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, dagozkion berandutze-interesekin batera. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako dirulaguntza-eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

22.2. Dirulaguntzen ordainketa partzialak egin badira eta onuradunek epez kanpo aurkezten badituzte egiaztagiriak, bidezkoa izanen da ordaintzeko falta den dirulaguntza osorik edo partez galtzea, deusetan galarazi gabe jasotako zenbatekoak itzuli beharra, dagozkion berandutze-interesekin batera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat.

22.3. Nolanahi ere, onuradunek bere betebeharrak ia osorik bete badituzte eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten badute, eman beharreko dirulaguntza edo, hala bada, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

23. Errekurtsoak.

23.1. Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

23.2. Orobat, NKIko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

24. Legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2114234