256. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

90/2021 FORU DEKRETUA, urriaren 20koa, hein batean aldatzen duena urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa.

ZIOEN AZALPENA

Urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zen.

Ingurumeneko zuzendari nagusiak eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak proposatu dute egitura hori hein batean aldatzea, zehazki, honela: Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren atalen eginkizunak aldatzea, Europako Proiektuen eta Tokiko Jasangarritasunaren Atala sortzea, Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikitako bi atalen eginkizunak aldatzea, eta beken arloko eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera eskualdatzea.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2021eko urriaren 20an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Hein batean aldatzen da urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena. Hona aldaketak:

Bat.–43. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“43. artikulua. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu, ingurumena zaindu eta babesteari dagokionez. Berariaz, hauxe dagokio:

a) Klima aldaketaren aurkako estrategia eta horretara egokitzeko ekimenak zehaztea.

b) Ekonomia zirkularra sustatzea.

c) Gai hauen gaineko planifikazioa: hondakinak, ur baliabideak, airearen kalitatea eta kutsaduraren prebentzioa.

d) Gai hauen gaineko planifikazioa eta kudeaketa: baso ondarea, abelbideak, naturagune babestuak eta Natura 2000 Sarea, habitatak eta basa flora eta fauna.

e) Azpiegitura berdea eta konektibitate eta lehengoratze ekologikoak zehaztea, planifikatzea eta kudeatzea.

f) Ingurumenaren arloko ebaluazioa, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak, eta, hondakinak sortu eta kudeatzeko arloan, baimentze, zaintze, ikuskatze eta zehatze lanak egitea.

g) Paisaia integratzea planen, programen eta proiektuen ingurumen ebaluazioan.

h) Natura baliabideen (ura, airea, lurzorua) eta biodibertsitatearen kalitatea ebaluatzea.

i) Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldea eta 2019-2022 aldirako duen Plan Zuzentzailearen aplikazioa.

j) I+G+b sustatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eremu guztietan, alde batera utzi gabe foru dekretu honek departamentuko beste unitate batzuei esleitutako eskumenak, ez eta prestakuntza eta hezkuntza jarduerak ere ingurumenarekin eta natura-baliabideen aprobetxamendu jasangarriarekin zerikusi duten gaiei buruz.

k) Gai hauen gaineko koordinazioa: ingurumen hezkuntza, ingurumen osasuna, biosegurtasuna eta Foru Komunitateak ingurumenaren arloko politikan parte hartzeak dakartzan beste guztiak.

l) Ingurumen txostenak egiteko eskaerei erantzutea.

m) Beste administrazio batzuekin lankidetzan aritzea ingurumenaren arloko gaietan.

n) Koordinazioa ingurumen ekimenekin (klimaren aldeko itunak) eta jasangarritasun estrategiekin (Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda), hainbat esparrutan eta lurralde-mailatan.

ñ) Indarrean dauden xedapenek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ematen dizkioten gainerako eginkizunak, zuzendaritza nagusi honen esparruan.”

Bi.–45. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“45. artikulua. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu honako arlo hauetan: ekonomia zirkularra planifikatzea eta sustatzea kutsaduraren, lur kutsatuen eta hondakinen planifikazioaren, kontrolaren eta prebentzioaren bidez; eta ingurumenean eragina duten jarduerak baimentzea, ikuskatzea eta kontrolatzea. Horiez gain, klima aldaketaren aurkako estrategiarekin loturiko jarduketak, aldaketa arintzekoak eta horretara egokitzekoak barne. Uraren, atmosferaren eta lurraren ingurumen kalitatearekin loturikoak, planifikazio, jarraipen, kontrol eta, hala badagokio, oneratze jarduketa egokien bidez. Europako proiektuen jarraipena eta kontrola egitea, baita proiektu berriak zehaztea eta prestatzea ere, zuzendaritza nagusiaren lan esparruan, eta I+G+b sustatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eremu guztietan, alde batera utzi gabe foru dekretu honek departamentuko beste unitate batzuei esleitutako eskumenak. Zerbitzuaren eskumenekoak diren gaietan, kasuko administrazio unitate guztiak koordinatzea, eta jarraibide teknikoak ezartzea eskumen horiek inplementatzeko eta horien jarraipena egiteko. Baita bere jarduera esparruaren barruan agintzen zaion beste edozein eginkizun ere.”

Hiru.–46. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“46. artikulua. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren egitura.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak honako atal hauek ditu bere egituran:

a) Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala.

b) Ingurumena Ikuskatzeko Atala.

c) Klima Aldaketaren Atala.

d) Hondakinen Atala.

e) Europako Proiektuen eta Tokiko Jasangarritasunaren Atala”.

Lau.–47. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“47. artikulua. Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren eskumenen esparru materiala.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu ingurumena zaintzeko prebentzioaren arloan, eta, zehazki, honako hauek:

a) Ingurumenaren arloko baimen integratua eta jarduera sailkatuen lizentzia emateko espedienteei buruzko txostenak egitea eta espediente horiek kontrolatzea eta tramitatzea, Ingurumen Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, horren barnean delarik Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legeak ezarritako neurri eta berme finantzarioak eskatzea.

b) Jarduera sailkatuen kasuan, toki entitateei aholkularitza teknikoa ematea ingurumena babesteari buruzko araudiaren gainean.

c) Ingurumen txostenak egitea ingurumen ebaluazio estrategikoko plan eta programen administrazio prozeduretan, baita ingurumen inpaktuaren ebaluazioari buruzko txostenak ere, horiek guztiak kutsadura murriztearen arloan.

d) Jarraibideak, irizpideak eta arau proposamenak ematea, aipaturiko 17/2020 Foru Legean eta aplikatu beharreko bestelako arauetan jasotzen diren jarduerei buruz.

e) Jabari publiko hidraulikora egiten diren isurketen gaineko ingurumen txostenak egitea, Uren Legean eta dagokion foru araudian xedatutakoari jarraikiz.

f) Zaratari buruzko mapa estrategikoak eta zarataren aurkako ekintza planak egitea Iruñerriko hiri-multzoaren esparruan, Inguruneko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua aplikatuz.

g) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Bost.–48. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“48. artikulua. Ingurumena Ikuskatzeko Atalaren eskumenen esparru materiala.

Ingurumena Ikuskatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu ingurumen eragina duten jarduerak kontrolatu eta ikuskatzearen arloan, eta, zehazki, honako hauek:

a) Industria jarduerei dagozkien ingurumen ikuskapenerako planak eta programak prestatzea eta gauzatzea.

b) Industria jarduerak kontrolatu eta ikuskatzea, honako hauei dagokienez: atmosferarako emisioak, isurketa likidoak, hondakinak sortzea eta kudeatzea eta zarata eta bibrazioak sortzea.

c) Ingurumen ikuskapeneko lanetarako egiaztapena duten kontrol organoak kontrolatu eta zaintzea.

d) Ingurumen ikuskapenaren arloan eskumenak dituzten agintariekin koordinatzea.

e) Igorpen eta Jatorri Kutsagarrien Nafarroako Erregistroa (PRTR) kudeatzea eta mantentzea, Estatuko Administrazioarekin koordinatua.

f) Ingurumen arloko kudeaketa eta auditoriarako Europar Batasuneko sistemaren (EMAS) erregistroa mantentzea.

g) Europar Batasuneko etiketa ekologikoa erabiltzeko baimentzen duen erakunde eskuduna izatea Nafarroan, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 25eko 66/2010 (EE) Erregelamenduak eta aplikatu beharreko gainerako arauek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak betetzea.

h) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Sei.–49. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“49. artikulua. Klima Aldaketaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Klima Aldaketaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu airearen eta uraren kalitatearen arloan eta klima aldaketa arintzearen eta horretara egokitzearen arloan, eta, zehazki, honako hauek:

a) Atmosferaren kalitatea ebaluatzea eta kontrolatzea, atmosferara egiten diren emisioen inbentarioak egitea eta airearen kalitateari buruzko planak eta atmosferaren kutsatzaileen emisioak murrizteko programak erredaktatzea.

b) Estrategia, ekintza plan, lan programa eta proiektuetako proposamenak sustatu eta egitea, klima aldaketa arintzearen eta horretara egokitzearen arloan.

c) Berotegi-efektuko gas isurketen salerosketan dauden instalazioak kontrolatzea eta horien jarraipena egitea.

d) Urari buruzko 2030 Esparru Estrategia Integratua bultzatzea.

e) Hiri erabilerarako uraren ziklo osoari buruzko Plan Zuzentzailearen jarraipena egitea, ingurumenari dagokionez.

f) Uraren plangintza eta kudeaketarako azterlanak eta ikerketak bildu eta egitea, Plan Zuzentzailearen esparruan sartzen ez direnak.

g) Jabari publiko hidraulikoko ur kontzesioen gaineko ingurumen txostenak egitea, Uren Legean xedatutakoari jarraikiz.

h) Piezometriari, hidrometriari eta uraren eta bainuen kalitateari buruzko kontrol sareak prestatu, ezarri eta mantentzea. Biodibertsitatearen Zerbitzuarekin koordinatuko da Natura 2000 Sareko eta Nafarroako eremu babestuen sareko uraren kalitatearen jarraipenarekin zerikusia duten gaietarako.

i) Datu hidrologiko eta hidrogeologikoen bankua mantendu eta ustiatzea, eta informazioa ematea.

j) Uraren arloko aholku eta laguntza ematea hala eskatzen duten udalerri, erakunde eta entitateei.

k) Uholde-arriskuarekin zerikusia duten txostenak egitea eta horren gaineko espedienteak tramitatzea, arloaren gaineko ezagutza espezializatua beharrezkoa denean.

l) Uholdeen aurkako prebentzio eta babes neurriei buruzko azterlanak eta ikerketak bildu eta egitea.

m) Uholde-arriskuaren gaineko aholku eta laguntza ematea hala eskatzen duten udalerri, erakunde eta entitateei.

n) Uholde-arriskuari aurrea hartzeko edo arintzeko obrak diseinatu eta egitea.

ñ) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Zazpi.–50. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“50. artikulua. Hondakinen Atalaren eskumenen esparru materiala.

Hondakinen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu hondakinen sorreraren eta kudeaketaren arloan, lurzoru kutsatuen arloan eta ekonomia zirkularraren sustapenaren arloan, eta, zehazki, honako hauek:

a) Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoan integratzea, eta, orobat, bulegoaren koordinazio, lankidetza eta jarraipen lanak egitea.

b) Nafarroako Hondakinen Planaren jarraipena egitea.

c) Nafarroako Hondakinen Funtsa kudeatzea.

d) Hondakinen sortzailearen erantzukizun zabalduko sistemak baimentzeari dagokionez, txostenak egitea, kontrolatzea eta espedienteak tramitatzea eta haien jarraipena egitea, baita haietako bakoitzarekin sinatzen diren hitzarmenei dagokienez ere.

e) Hondakinen sortzaileei eta kudeatzaileei baimena emateko espedienteen gaineko txostenak egitea eta espediente horiek tramitatzea.

f) Hondakin arriskutsuen sorrera ahalik eta gehien murrizteko planak eta ontzien hondakinen prebentziorako planak onets daitezela proposatzea.

g) Hondakinak garraiatzeko espedienteen gaineko txostenak egitea eta espediente horiek kontrolatu eta tramitatzea.

h) Nafarroako Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroa kontrolatu eta mantentzea, eta haren ingurumen jarraipena egitea.

i) Lurzoruak kutsatzen ahal dituzten jardueren kontrola eta jarraipena.

j) Kutsaturiko lurren deklarazioa eta lur horiek lehengoratzeko proiektuen onespena proposatzea.

k) Nafarroan Ekonomia Zirkularra garatzeko Agenda prestatzea, berrikustea eta haren jarraipena egitea.

l) Nafarroan ekonomia zirkularra sustatzeko dibulgazio eta sentsibilizazio lana egitea.

m) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Zortzi.–50. bis artikulua gehitzen da. Hona testua:

“50. bis artikulua. Europako Proiektuen eta Tokiko Jasangarritasunaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Europako Proiektuen eta Tokiko Jasangarritasunaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu Europako finantzaketa duten proiektuetan parte hartzearen arloan eta ingurumen jasangarritasuna bultzatzeko ekimenetan toki entitateekin lankidetzan aritzearen arloan, eta, zehazki, honako hauek:

a) Intereseko gaietan lehentasunezko lerroak identifikatzea, eta departamentuko arloetarako proiektu aukerak.

b) Proposamenak definitu eta prestatzea eta proiektuak dinamizatzea departamentuaren arlo estrategikoetan baliabideak bereganatzeko.

c) Baliabide publikoak kudeatzea departamentuak sustatzen dituen proiektuak finantzatzeko.

d) Departamentua eta hari atxikitako entitate publikoak partaide dituzten Europako proiektuen jarraipena eta kontrola egitea.

e) Beste departamentu batzuekin eta zentro teknologikoekin eta enpresekin harremanak izatea Europako proiektuetako partaidetza sustatzeko.

f) Departamentuaren intereseko eta jardun eremu bereko arloetan Espainian eta nazioartean dauden sareetan parte hartzea eta haien jarraipena egitea.

g) Nekazaritza eta ingurumen arloetan I+G+b sustatzea, deusetan galarazi gabe foru dekretu honek departamentuko beste unitate batzuei esleitzen dizkien eskumenak.

h) Europako seihilekoen jarraipena egitea, departamentuaren intereseko gaietan ministerioei laguntzeko eratzen diren autonomia erkidegoen batzordeetan parte hartuz.

i) Ingurumen arloko diagnostikoak, auditoretzak eta neurriak aplikatzen laguntzea, tokian-tokian jasangarritasuna hobetzeko.

j) Laguntza ematea Agenda 21 Tokiko Jasangarritasunerako Ekintza Planak prestatu eta garatzeko.

k) Toki entitateen eremuan aldaketa klimatikora egokitzeko laguntza ematea.

l) Jasangarritasun neurriak proposatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren instalazio, ekipamendu eta ekintzetarako, halako neurrien erreferente rola indartzeko gizartearen aurrean.

m) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Bederatzi.–53. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“53. artikulua. Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalaren eskumenen esparru materiala.

Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu basa espezieak, habitatak eta naturaguneak kudeatu, zaindu eta babestearen arloan, eta, zehazki, honako hauek:

a) Nafarroako Naturaguneen Sarea kudeatzea, eta, bereziki, Natura 2000 Sarea.

b) Naturagune deklaratzeko proposamenak eta naturaguneak aldatzeko proposamenak egitea, baita haiek planifikatzeko tresnak prestatu eta berrikustea ere, Natura 2000 Sareko lekuak barne.

c) Nafarroako Gobernuko edo beste administrazio batzuetako administrazio unitateek aipatu planak betetzen dituztela begiratzea, neurriak aplikatzeko eta arauak eta jarraibideak betetzeko arduradunak direnean, bakoitzaren eskumenen arabera.

d) Foru Administrazioak kudeatu beharreko naturagune babestuak administratzea, alde batera utzi gabe kudeaketa horretan beste administrazio unitate batzuek parte hartzea, bakoitzaren eskumenen arabera. Nafarroako Baso Ondareko lurretan dauden naturagune babestuen kasuan, behar den prozedura ezarriko da Basoen eta Ehizaren Zerbitzuarekin batera, egoki kudeatzeko.

e) Naturaguneen kudeaketan aginduko duten zainketa irizpideak ezartzea, eta bermatzea guneen kudeatzaileek ere aipatu irizpideak hartzen dituztela aintzat.

f) Azpiegitura berdea garatzea, konektibitate ekologikoa hobetuz.

g) Basa flora eta faunako espezieen populazioei eta habitat naturalei buruzko azterlanak, zentsuak eta, oro har, jarraipena egitea, eta dagozkien datu-baseak –kartografikoak zein alfanumerikoak– sortu, mantendu eta ustiatzea.

h) Espezie mehatxatuak eta kontserbazio egoera txarrean dauden habitat naturalak babestu eta berreskuratzeko behar diren planak egitea, eta ezartzen diren neurriak betetzen direla bermatzea.

i) Espezie exotikoen prebentzio eta kontrolerako planak egitea, eta ezartzen diren neurriak betetzen direla bermatzea. Herritarrak sentsibilizatzea espezie horiek sortzen dituzten arazoen gainean, jardunbide egokiei buruzko eskuliburuak prestatuz. Berariazko araudi baten proposamena egitea.

j) Nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzak –habitatak eta basa espezieak babestekoak– diseinatzea, horien kudeaketaren ardura duten unitateekin batera.

k) Habitatak berreskuratzeko, lehengoratzeko edo mantentzeko neurriak garatzea, baita espezie babestuekiko bizikidetzan lagundu dezaketen jarduketak ere.

l) Naturaguneetako erabilerei eta jarduerei buruzko informazioa ematea, nahitaezkoa dena naturagune babestuetan, eta aukerakoa Natura 2000 Sareko lekuetan.

m) Naturaguneetan erabileren mugaketaren ondorioz bidezkoak diren kalte-ordainak tramitatzea, baita, Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalarekin koordinatua, basa espezieek sortutako kalteengatikoak ere.

n) Basa fauna eta florako espezieei eragiten ahal dieten jardueretan, nahitaezko txostenak eta baimenak ematea eta jarduera horien jarraipena egitea, eta Nafarroan basa animaliak harrapatzeko baliabide eta metodoak kontrolatzea.

ñ) Foru Administrazioak dituen basa fauna berreskuratzeko zentroak kudeatzea.

o) Parke zoologikoetan dagoen basa fauna babesteari buruzko eskumenak erabiltzea. Martxoaren 1eko 108/2004 Foru Dekretuan ezarri ziren aipatu eskumenak.

p) Ex-situ dagoen material genetikoa kontrolatzea, germoplasmaren bankuak barne.

q) Txostenak egitea Estatuko Administrazio Orokorrarentzat, eta parte hartzea naturaguneen, habitaten eta basa espezieen arloan dauden batzorde eta lantalde teknikoetan.

r) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Hamar.–54. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“54. artikulua. Ibai Ingurunearen Atalaren eskumenen esparru materiala.

Ibai Ingurunearen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu ibaietan egiten diren jarduketen arloan, eta, zehazki, honako hauek:

a) Ibaialdeak kudeatzeari buruzko azterlanak.

b) Ibaialdeak berreskuratzeko, lehengoratzeko edo mantentzeko jarduketak, bereziki Natura 2000 Sareko lekuei dagozkienak.

c) Ibaialdeetan jarduketak egiteko deialdiak eta laguntza emateak kudeatzea.

d) Ibaien lehengoratzearen arloko aholku eta laguntza ematea hala eskatzen duten udalerri, erakunde eta entitateei.

e) Obrak egiteko eta ibaialdeak lehengoratzeko eta mantentzeko lanetan, konfederazio hidrografikoek eskatzen dituzten espedienteen gaineko txostenak egitea.

f) Erretenak, isurbideak, idoiak eta horrelakoak garbitzeari buruzko txostenak tramitatzea, jatorri naturalekoak edo artifizialak izan.

g) Arrantzaren plangintza osoa Nafarroan.

h) Arrantza fauna sedentarioaren eta migratzailearen populazioen kudeaketa eta plangintza jasangarria.

i) Ibaialdeetako espezie babestuak berreskuratzeko planetan biltzen diren neurriak betearaztea.

j) Ibaialdeetan espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatu eta desagerrarazteko neurriak aplikatzea.

k) Arrantza antolatzeko planak egin eta aplikatzea.

l) Arrantza kudeatzeko aholkularitza teknikoa.

m) Arrantza debekatzeko urteko xedapenen proposamenak prestatzea.

n) Arrantza lizentziak eta arlo horretako administrazio baimenak kudeatzea.

ñ) Foru Administrazioaren titulartasunpeko arrain-haztegiak kontrolatzea eta haien jarraipena egitea, baita arrantza espezien birpopulatzeak ere.

o) Arrantzako Aholku Batzordearen idazkaritza lanak egitea.

p) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Hamaika.–55. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“55. artikulua. Ingurumen Eraginaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Ingurumen Eraginaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu ingurumen ebaluazioaren arloan, eta, zehazki, honako hauek:

a) Indarreko legedian jasotako plan eta programen gaineko ingurumen ebaluazio estrategiko arrunt eta sinplifikatuen prozedurak tramitatzea eta haiei buruzko txostenak egitea.

b) Proiektuen gaineko ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunt eta sinplifikatuko espedienteak tramitatzea eta haiei buruzko txostenak egitea, ingurumenaren arloan indarrean dagoen legeriaren arabera.

c) Txostenak egitea, administrazio publiko ukitu gisa, ingurumen ebaluazio estrategikoko eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioko prozeduretan, ingurumen organoa Estatua edo autonomia erkidego mugakide bat denean.

d) Ingurumen ukipenen ebaluazio espedienteak tramitatzea eta haien gaineko txostenak egitea, Ingurumen Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

e) Ingurumen inpaktuari aurrea hartzeko eta zuzentzeko inbertsioetarako dirulaguntzen eta laguntzen espedienteak tramitatzea.

f) Txostenak egitea espedienteen ingurumen tramitazioari buruzko kontsultetarako (partikularrak, udalak, Parlamentua, Arartekoa, Ministerioa eta abar).

g) Ingurumen ebaluazioa behar duen jarduera mota bakoitza ezartzeko jarraibideak prestatzea, indarreko legediarekin bat.

h) Aholku ematea eta ebaztea udal, profesional eta partikularrek honako hauei buruz egiten dituzten kontsulten gainean: batetik, ingurumen azterketa estrategikoen edo ingurumen inpaktuaren gaineko azterketen irispideari buruz, eta, bestetik, ingurumen ebaluazioaren arloan indarra duen legediaren menpe dauden plan eta proiektuen tramitazioan eskatzen diren ingurumen baldintzei buruz.

i) Arlo honetan indarra duen legediaren arabera ingurumen ebaluazioa behar duten plan, programa eta proiektuen jarraipena egitea, legediak ingurumen organoari esleitzen dion bezala. Neurri zuzentzaileen eraginkortasunaren jarraipena egitea. Ingurumen organoari laguntzea hari dagozkion jarraipen lanetan.

j) Ingurumen organoarekin lankidetzan aritzea ingurumen jarraipenerako batzordeetan, proiektu handien kasuan edo Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren proiektu estrategikoen kasuan.

k) Hitzarmenak prestatu, proposatu eta koordinatzea ingurune naturalean ondorioak dituzten jarduerak zuzentzeko.

l) Arlo honetan indarra duen legediaren arabera nolabaiteko ingurumen ebaluazioa behar duten plan, programa eta proiektuen ingurumen ebaluazioko prozeduretan aintzat hartu beharreko ingurumen faktoreen artean paisaia sartzea.

m) Arlo honetan indarra duen legediaren menpe dauden ingurumen ebaluazioko prozeduretan, konektagarritasun ekologikoa eta azpiegitura berdearen garapena sartzea.

n) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Hamabi.–56. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“56. artikulua. Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.

Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu honako arlo hauetan: ehiza kudeatzea; mendiak babestu eta hobetzea; baso plangintza; zura eta baso biomasa garraiatzea eta horren erabilera sustatzea; laguntza teknikoa ematea suteak itzaltzeko arduradunei, hala eskatzen zaionean; baso sektorea babestea; ingurumen hezkuntza eta ezagueraren arloko lankidetza harremanak; eta kasuko administrazio unitate guztiak koordinatzea zerbitzuaren eskumeneko gaietan, jarraibide eta zuzentarau teknikoak ezarriz eskumen horiek inplementatzeko eta horien jarraipena egiteko. Halaber, bere jardueraren esparruan agintzen zaizkion gainerako eskudantziak erabiliko ditu.”

Hamahiru.–63. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“63. artikulua. Ingurumena Zaintzeko Atalaren esparru materiala.

Ingurumena Zaintzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu, eta, bereziki, eginkizun hauek:

a) Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeko langileen berariazko araubidea erregulatzen duen urtarrilaren 30eko 7/2019 Foru Dekretuak zaintzaren, ikuskapenaren, ikerketaren eta kudeaketaren arloetan Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari esleitutako eginkizunak kudeatzea.

b) Barrutietako koordinazio unitateak antolatzea, egutegiak prestatuz.

c) Informazioa bideratzea barrutien eta zerbitzuko zuzendaritzaren artean.

d) Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeko langileen eskaerak aztertzea.

e) Honako arlo hauei buruzko proposamenak jasotzea eta Zerbitzuko zuzendaritzari aurkeztea: jarduketa-protokoloak, arropa erostea, ibilgailuak eta materiala, lan arlo jakin batzuetarako lantalde espezializatuak, beste unitate batzuekiko harremanak eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldearentzat interes orokorrekoa den beste edozein kontu.

f) Zerbitzuko zuzendaritzari proposamenak egitea lantalde espezializatuei buruz eta prestakuntza planari buruz, zerbitzuko zuzendaritzak azter eta balora ditzan.

g) Lan arriskuen prebentzio planen jarraipena eta gauzatzearen kontrola.

h) Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeko instalazioen mantentze-lana: Miluzeko finka eta eskualdeetako bulegoak.

i) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

Ingurumena Zaintzeko Ataleko burutza esklusibotasuneko araubidean beteko da, burutza horretarako prestasun osoa eta erabateko dedikazio osoa behar baitira.”

Hamalau.–65. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“65. artikulua. Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak beteko ditu idazkaritza tekniko nagusiei dagozkien eskumen juridikoei dagokienez, baita indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk edo Idazkaritza Tekniko Nagusiko titularrak bere jardueraren eremuan agintzen dizkionak ere.

Zehazki, eginkizun izan ditzakeen guztien artean, honako hauek beteko ditu:

a) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloko administrazio errekurtsoei buruzko txostenak eta ebazpen-proposamenak egitea.

b) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloan espedienteak prestatzea eta berrikustea, organo jurisdikzionalei igortzeko.

c) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintzari buruzko legeria aplikaturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ondarearen gaineko erantzukizunaz eskatzen ahal zaizkion erreklamazioak tramitatzea eta horien gaineko ebazpenak proposatzea.

d) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloko xedapen orokorrak aztertzea eta prestatzea.

e) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloko araudia biltzea, Foru Komunitatekoa, Estatukoa eta Europar Batasunekoa.

f) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloan zehapen espedienteak instruitzea eta horien jarraipena egitea, eta fiskaltzarekin nahiz zigor jurisdikzioarekin koordinazioa izatea.

g) Landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloko txosten juridikoak egitea, baita Idazkaritza Tekniko Nagusiko titularrak eskatzen dizkion guztiak ere.

h) Nafarroako Landa Garapeneko Programa gauzatzeko laguntza juridikoa ematea, landa garapen, nekazaritza eta abeltzaintza arloari dagokionez, eta horren barnean dago landa garapeneko programa gauzatzerakoan tramitatzen diren espedienteek eskatzen ahal duten txosten juridikoa egitea. Halaber, laguntza juridikoa ematea Erakunde Ordaintzailearen zuzendaritzari.

i) Koordinatu eta gainbegiratzea departamentuko unitateen jarduna lege proiektuak prestatzeko garaian.

j) Behar diren irizpideak eta jarraibideak ezartzea departamentuko unitate guztietan zeharkako araudia aplikatzeko gai hauetan: kontratazioa, dirulaguntzak, gardentasuna, langileria, antolaketa egitura, eta antzeko izaera duten gainerako guztiak.

k) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Hamabost.–66. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“66. artikulua. Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak beteko ditu idazkaritza tekniko nagusiei dagozkien eskumen juridikoei dagokienez, baita indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk edo Idazkaritza Tekniko Nagusiko titularrak bere jardueraren eremuan agintzen dizkionak ere.

a) Ingurumen arloko administrazio errekurtsoei buruzko txostenak eta ebazpen-proposamenak egitea.

b) Ingurumenaren arloan espedienteak prestatzea eta berrikustea, organo jurisdikzionalei igortzeko.

c) Ingurumenari buruzko legeriak aplikaturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ondarearen gaineko erantzukizunaz eskatzen ahal zaizkion erreklamazioak tramitatzea eta horien gaineko ebazpenak proposatzea.

d) Ingurumenaren arloko xedapen orokorrak aztertzea eta prestatzea.

e) Ingurumenaren arloko araudia biltzea, Foru Komunitatekoa, Estatukoa eta Europar Batasunekoa.

f) Ingurumen arloko legezkotasuna babesteko ekintzetan laguntzea eta horiek bultzatzea.

g) Ingurumen arloan zehapen espedienteak instruitzea eta horien jarraipena egitea, eta zigor jurisdikzioarekin koordinazioa izatea.

h) Laguntza juridikoa ematea, ingurumen arloko arau-hausteen kariaz aurkezten diren salaketa, erreklamazio eta kexei buruz zerbitzuek egiten dituzten proposamenetan.

i) Txosten juridikoak egitea.

j) Koordinatu eta gainbegiratzea departamentuko unitateen jarduna lege proiektuak prestatzeko garaian.

k) Behar diren irizpideak eta jarraibideak ezartzea departamentuko unitate guztietan zeharkako araudia aplikatzeko gai hauetan: kontratazioa, dirulaguntzak, gardentasuna, langileria, antolaketa egitura, eta antzeko izaera duten gainerako guztiak.

l) Nafarroako Ingurumen Kontseiluko idazkaritza lana egitea.

m) Nafarroako Landa Garapeneko Programa gauzatzeko laguntza juridikoa ematea, ingurumen arloari dagokionez, eta horren barnean dago landa garapeneko programa gauzatzerakoan tramitatzen diren espedienteek eskatzen ahal duten txosten juridikoa egitea. Halaber, laguntza juridikoa ematea Erakunde Ordaintzailearen zuzendaritzari.

n) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”

Hamasei.–Bigarren xedapen gehigarria aldatzen da. Hona testu berria:

“Bigarren xedapen gehigarria.–Eskumenen deskontzentrazioa Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusian.

Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, indarrean dagoen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren titularrari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: dirulaguntzak, kontratazioa, mandatuak, ondare-erantzukizuna eta zehapen espedienteen gainekoa, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.

Beken arloko eskumen administratiboen titulartasunaren eta erabileraren eskualdaketaren barruan dago aurrekontu-kredituak kudeatzea Nafarroako Aurrekontu Orokorren 700 programan (Landa garapeneko eta ingurumeneko zuzendaritza eta zerbitzu orokorrak) dauden gastu-esleipenetarako.”

Hamazazpi.–Hirugarren xedapen gehigarria aldatzen da. Hona testu berria:

“Hirugarren xedapen gehigarria.–Eskumenen deskontzentrazioa Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusian.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, indarrean dagoen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren titularrari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: dirulaguntzak, kontratazioa, mandatuak, ondare-erantzukizuna eta zehapen espedienteen gainekoa, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.

Beken arloko eskumen administratiboen titulartasunaren eta erabileraren eskualdaketaren barruan dago aurrekontu-kredituak kudeatzea Nafarroako Aurrekontu Orokorren 700 programan (Landa garapeneko eta ingurumeneko zuzendaritza eta zerbitzu orokorrak) dauden gastu-esleipenetarako”.

Hemezortzi.–Laugarren xedapen gehigarria aldatzen da. Hona testu berria:

“Laugarren xedapen gehigarria.–Eskumenen deskontzentrazioa Ingurumen Zuzendaritza Nagusian.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, indarra duen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren titularrari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: dirulaguntzak, kontratazioa, ondare-erantzukizuna eta zehapen espedienteen gainekoa, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.

Beken arloko eskumen administratiboen titulartasunaren eta erabileraren eskualdaketaren barruan dago aurrekontu-kredituak kudeatzea Nafarroako Aurrekontu Orokorren 700 programan (Landa garapeneko eta ingurumeneko zuzendaritza eta zerbitzu orokorrak) dauden gastu-esleipenetarako.

Era berean, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko titularraren esku uzten dira indarra duen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari esleitzen dizkion beste eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta haien erabilera, hain zuzen ere arlo hauetan: ingurumena babesteko esku hartzea, ehiza eta arrantza, eta basoen kudeaketa”.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Unitateak bere horretan uztea.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atal mailatik beherako unitate organikoek berdin jarraituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz, egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte izan dituzten eginkizunekin bat.

Bigarren xedapen gehigarria.–Europako Proiektuen eta Tokiko Jasangarritasunaren Ataleko burutzari betebehar hauek esleitu zaizkio:

–Maila: A edo B.

–Hizkuntza: Ingelesa, B2.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren titularrari gaikuntza ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko urriaren 20an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2115099