253. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

24E/2021 EBAZPENA, irailaren 22koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak egiten dituzten gazteentzako laguntzen deialdia onesten duena, banakako ebaluazio prozeduraren bidez. Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak dira ikastaro horiek. DDBN identifikazioa: 589161.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak 6.1 artikuluan xedatzen du Nafarroako Gazteriaren Institutuari dagokiola “gazteen eskubideak babestea, garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean askatasunez, berdintasunez eta eraginkortasunez parte hartuz”, eta “gazteriaren arloko hezkuntza ez-formala, hau da, pertsonaren garapena faboratzen duten jarduera ez-arautuen multzoa”, gazteen prestakuntza premiak erraztearen aldeko apustu argia eginez.

Bestalde, azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak, zeinaren bidez sortzen baita Nafarroako Gazteriaren Institutua eta onesten baitira haren estatutuak, 3.2.b) artikuluan, beste eginkizun batzuen artean, “laguntza eta dirulaguntzetarako programak zuzendu eta kudeatzea” esleitzen dio.

Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola (NGJE) sortzea onetsi zuen ekainaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuak. Arau horren 3. artikuluaren arabera, bere zereginak dira, besteak beste, NGJEk eta onarpen ofiziala duten aisialdiko eskolek sustatutako ikastaroen tituluak, diplomak eta ziurtagiriak ematea, ezartzen den aurretiazko tramitazioari jarraituz. Orobat, NGJEn zeregina da ezartzea gazteriaren arloko jardueren eremuko tituluen ikastaroetako programak eta aisialdiko eskolei onarpen ofiziala ematea eta kentzea.

Monitore edo zuzendarientzako ikastaroak eginda gazteen parte-hartzea eta elkarte sareak mantendu eta garatzea sustatzen dira, gazteen boluntariotza laguntzen da, baita lan merkatuan sartzea ere. Gainera, gazte eta haur dinamizazioa bultzatzen da, komunitate mailan, herri eta auzoetan, bai gaztetxeetan bai aisialdiko espazioetan.

Horregatik, eta arlo horretan gazteriaren arloko jarduketak erraztu eta sustatzeko eta NGIk ezarritako eginkizunak eta helburuak betetzeko, egokia da aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroetara doazen partaideei dirulaguntzak emateko deialdia izapidetzea, ikastaro horiek NGIk ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak direnean.

Nafarroako Gobernuaren 2021eko maiatzaren 19ko Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari deialdi hori onets zezan, laguntzok banakako ebaluazio prozeduraren bidez emateko.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak egiten dituzten gazteentzako dirulaguntzen deialdia onestea. Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak dira ikastaro horiek, eta 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era bitartean amaitu beharko dute, 1. eranskinean jasotako oinarrien arabera.

Deialdi honetako dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko baldintza izanen da aurrekontu-kontsignazioa egotea.

2. Deialdi honetako 25.000,00 (hogeita bost mila) euroko gastua 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Gazteentzako prestakuntzarako laguntzak” izeneko 090002 09110 4809 232102 partidaren kargura aplikatuko da.

2022ko ekitaldian aurrekontu partida horretan dirurik baldin badago, deialdi honetan aurreikusitako gastua handitzen ahalko da 10.000,00 eurotan gehienez.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela xedatzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalera eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2021eko irailaren 22an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Nafarroako gazteen hezkuntza ez-formala sustatzeko dirulaguntzen araubidea ezartzea du xede deialdi honek, aisialdiko, astialdiko eta boluntariotzako jarduerak ahalik eta baldintzarik hoberenetan egin ahal ditzaten eta prestakuntza hori jasotzeko aukera berdinak izan ditzaten.

Monitore edo zuzendarientzako ikastaroak eginda gazteen parte-hartzea eta elkarte sareak mantendu eta garatzea sustatzen da, gazteen boluntariotza laguntzen da, baita lan merkatuan sartzea ere. Gainera, gazte eta haur dinamizazioa bultzatzen da, komunitate mailan, herri eta auzoetan, bai gazteriaren etxeetan bai aisialdiko espazioetan.

Dirulaguntza hauen bidez, gizarte onura horri lagundu nahi zaio, eta haien xedea da zati batean estaltzea Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek aisialdiko monitore edo zuzendarientzako antolaturiko eta emaniko ikastaroetarako matrikula eskubideek dakartzaten gastuak.

Deialdiaren baldintzak beterik, irakastaldia 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era bitarte bukatu duten ikastaroetarako laguntzak eskatzen ahalko dira.

Irakastalditzat hartuko da otsailaren 20ko 34/2004 Foru Aginduaren 5. artikuluan (1.a eta 2.a apartatuak) definitutako aldi teoriko-praktikoa. Aipatu foru aginduaren bidez ofizialki onarturiko aisialdiko eskolek aisialdiko zuzendari eta monitore izateko ematen dituzten ikastaroen arauak ezarri ziren.

2.–Zenbatekoak.

Deialdi honetako 25.000,00 (hogeita bost mila) euroko gastua 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Gazteentzako prestakuntzarako laguntzak” izeneko 090002 09110 4809 232102 partidaren kargura aplikatuko da.

2022ko ekitaldian aurrekontu partida horretan dirurik baldin badago, deialdi honetan aurreikusitako gastua handitzen ahalko da 10.000,00 eurotan gehienez.

3.–Onuradunak.

3.1. Deialdi honetako dirulaguntzak eskatzen ahalko dituzte onarpen ofiziala duten aisialdiko eskolek antolatutako eta emandako monitore edo zuzendarientzako ikastaroak egiten dituztenek, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarra izatea edo Nafarroan bizitzea ikastarorako matrikulatzen denean.

b) Laguntza ematean 31 urte beteak ez izatea.

c) 1. oinarrian adierazitako prestakuntza ekintzetan matrikulatua egotea eta matrikula ordainduta izatea.

d) Nafarroako Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ere, kitatuak izatea.

3.2. Aisialdiko monitore edo zuzendari ikastaro batean lehen aldiz parte hartzen denean soilik emanen da dirulaguntza eta ez hurrengo parte-hartzeetan, edozein dela ere arrazoia: ikastaroa ez gainditzea, hura aldi baterako bertan behera uztea, eritasunagatik ez egitea, eta antzeko egoerak, gaixotasun larria izan ezik.

4.–Aurkezteko epea eta tokia.

4.1. Eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako tokietan (16. artikulua), baita telematikoki ere, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoaren bidez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Telematikoki aurkezteko, ziurtagiri digitalaren bidez identifikatu beharko da.

4.2. Aisialdiko monitore edo zuzendari ikastaroetan izena ematen dutenek aurkeztu behar dituzte laguntza eskaerak.

4.3. Eskaerak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera eta, nolanahi ere, 2022ko urriaren 31 baino lehen aurkezten ahalko dira.

5.–Dokumentazioa.

5.1. Eskaerekin batera dokumentazio hau aurkeztuko da, eskabideari erantsita:

a) Norberaren inprimakia laguntza eskatzeko, behar bezala beteta. Ebazpenaren 2. eranskineko eredua erabili behar da.

b) Ikastaroan inskribatu eta matrikulatzeko agiria, ikasleak sinatua, kostu ekonomikoa eta ikaslea zer egunetan inskribatu den adierazita. Ordainagiria ere erantsi beharko da.

c) Ikastaroan parte hartzen duen pertsonaren NANaren fotokopia.

d) Nafarroan erroldatuta egotearen gaineko egiaztagiria.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (lehenago aurkeztu ez dutenentzat soilik), ikastaroan parte hartzen dutenena, laguntzarik emanez gero diru-sarrera egiteko.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

g) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan.

h) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela egiaztatzen duena. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Gazteriaren Institutuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

5.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdi honetan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, parte-hartzaileei eskatuko zaie dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzaten 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaie, hala egin ezean, eskaerari uko egin diotela ulertuko dela, ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

Laguntzak ordaintzeko egitate erabakigarria da ikastaroa irakastaldiko bloke eta modulu/arlo guztietan egin eta gainditzea. Horregatik, aurkeztu beharreko frogagiriak honako hauek dira:

–Aisialdiko eskola antolatzailearen ziurtagiria, ikastaroa irakastaldiko bloke eta modulu/arlo guztietan gainditu izana frogatzen duena, zein egun eta tokitan egin den adierazita.

Dokumentazio hori eskaerarekin batera aurkez daiteke (eta orduan, laguntza ematen duen ebazpenak hura ordaintzea ere onesten ahalko du) edo, bestela, laguntza emateko ebazpenaren ondotik. Edonola ere, 2022ko urriaren 31 izanen da hura aurkezteko azken eguna.

6.–Instrukzioa, balorazioa eta zenbatekoa.

6.1. Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atala izanen da dirulaguntza kudeatzeko unitatea. Eskaerak izapidetuko ditu eta laguntzak emateko proposamena igorriko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Orobat, edozein unetan egiten ahalko ditu jarraipen eta kontrolerako ikustaldiak, prestakuntza ekintzak behar bezala egiten direla eta dirulaguntza bere xede eta helbururako zuzen aplikatzen dela egiaztatzeko.

6.2. Lehen adierazitakoaren arabera, aisialdiko monitoreentzako ikastaroa egiten duenari emanen zaion laguntza ikasleak matrikulatzeko ordaindutako kostuaren %50erainokoa izanen da; gehienez ere 175 euro laguntza bakoitzeko.

6.3. Lehen adierazitakoaren arabera, aisialdiko zuzendarientzako ikastaroa egiten duenari emanen zaion laguntza ikasleak matrikulatzeko ordaindutako kostuaren %90erainokoa izanen da; gehienez ere 360 euro laguntza bakoitzeko.

7.–Ebazpena.

7.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu eskaerak, aurkezpenaren dataren araberako ordenan.

7.2. Ebazpenak eman eta interesdunei jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Hala badagokio, laguntzen zenbatekoa eta xedeak adieraziko dira. Epe horretan ebazpenak jakinarazi ez badira, eskaerak ezetsitzat jo beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Laguntza ematen duen ebazpenean eskabide bat baino gehiago biltzen badira, ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezesten direnak.

7.3. Betiere, laguntzen zenbatekoa Nafarroako Gobernuko 2022rako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

7.4. Laguntzak ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura emateak ez du inolako eskubiderik sortzen ondorengo ekitaldi ekonomikoetan ere laguntzak hartzeko.

8.–Bateragarritasuna.

8.1. Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatuek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin. Beste laguntzarik jasoz gero, interesdunak entitate laguntza-emailearen ziurtagiria aurkeztu beharko du. Bertan adieraziko da jaso den zenbatekoa.

8.2. Deialdi honetan araututako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo xede bereko bestelako laguntzekin metaturik, ez du behin ere gaindituko ikastaroa egiteko onuradunak matrikula edo inskripzio gisa ordaindutakoa.

9.–Onuradunen betebeharrak.

9.1. Laguntzak jasotzen dituztenek haien helburuetarako beharko dituzte erabili.

9.2. Aurreko apartatuetan xedatutakoaz gain, deialdi honetako laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza emateko eta ordaintzeko baldintza eta beharkizunak betetzen dituztela frogatzea.

b) Informazioa ematea eta NGIk eskatutako egiaztapenak egitea.

c) Laguntzaren xedea den ikastaroa finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak jasoz gero, horren berri ematea NGIri.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

10.–Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Emandako dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

Dena dela, deialdi honen azken helburua aisialdiko monitorearen edo zuzendariaren titulua ateratzea da. Beraz, laguntza itzuli beharko da baldin ikastaroa ez bada gainditzen eta dagokion titulua ez bada lortzen eta, horrez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutako arrazoiengatik. Kasu horretan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den arte sortutako berandutze-interesa eskatzea.

11.–Ez-betetzeak.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu, eta jasotako dirua itzuli beharko da.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

12.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

13.–Errekurtsoak.

13.1. Deialdi honen eta oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

14.–Aplikatu beharreko legeria.

Ebazpen honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Aurkeztu beharreko agiriak:

Deskargatu 2. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2114870