251. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

85E/2021 EBAZPENA, urriaren 19koa, Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera ematen diona “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren tramitazioari. Aldaketak DD-14 ekipamendu-lurzatiaren erabilerari eta ondoan dagoen oinezkoentzako pasabidea kentzeari eragiten dio, eta sustatzailea Hezkuntza Departamentua da.

2029ko abuztuaren 12an (864555 erregistro zenbakia) erreferentziako espedientea tramitatzeko eskaera aurkeztu da.

Aldaketak bi helburu ditu:

–ECP-1A eta DD-14 lurzatien artean dagoen oinezkoentzako pasabidea kentzea.

–DD-14 ekipamendu-lurzatiari hezkuntza-ekipamendurako erabilera ematea/zehaztea.

Bi proposamen horiek justifikatuak daude ECP-1A lurzatian dagoen Sarriguren Bigarren Hezkuntzako Institutua handitu ahal izateko, DD-14 ekipamendu-lurzatian, eta institutuari lotutako instalazioek jarraitutasuna izateko, eraikin berriak eta patioak konektatuak egon daitezen, gune integratu bat osatuz.

Espedientean Babes Zibileko Zerbitzuaren, Iruñerriko Mankomunitateko Azpiegituren Zerbitzuaren eta Azpiegitura Digitalen Telekomunikazioetako Estatu Idazkaritzaren aldeko txostenak jaso dira. Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari ere txostena eskatu zaio.

Bestalde, Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalak 2021eko irailaren 10ean egindako txostenean hauxe adierazi du: “Aldaketaren ezaugarriak ikusirik, ondorioztatzen da proposamena ez dagoela sartua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2012 Legearen 6. artikuluan jasotako kasuetan.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2021eko urriaren 6ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera ematea “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren tramitazioari. Aldaketak DD-14 ekipamendu-lurzatiaren erabilerari eta ondoan dagoen oinezkoentzako pasabidea kentzeari eragiten dio, eta sustatzailea Hezkuntza Departamentua da.

2. Espedientea ebatzi baino lehen, sustatzaileak honako auzi hauei erantzun beharko die:

a. DD-14 ekipamendu-lurzatirako proposatutako fitxa sartzeak berekin ekarriko du lurzatiari tratamendu berezitua ematea, UPSko gainerako ekipamendu-lurzatietakoa ez bezalakoa. Lurzati horrek hezkuntzako erabilera izanen du, bakar-bakarrik, eta gainerako ekipamendu-lurzatiak, baita institutuak gaur egun hartzen duena (ECP-1 lurzatia) ere, beste ekipamendu mota batzuetarako erabiltzen ahalko dira. Proposamen hau agirian justifikatu beharko da. Era berean, berariaz adierazi beharko dira proposatutako fitxarekin DD-14 lurzatian sartzen eta/edo aldatzen diren determinazioak, orain indarrean dagoen araudiarekin alderatuta.

b. Aldaketaren agirian sartutako proposamenaren bideragarritasun ekonomikoari buruzko ondorioa zuzendu beharra dago. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen bosgarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, DD-14 ekipamendu-lurzatian eraikitzeagatik ezin da ordainarazi ez obra lizentzia tramitatzeagatiko tasa, ez eta instalazioen, eraikuntzen eta obren gaineko zerga ere.

3. Espedientea jendaurrean jartzea eta entzunaldia ematea ukitutako udalari. Bi tramite horiek batera eginen dira eta hilabete iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, 31005 Iruña), eta epe horretan idatziz nahi adina alegazio aurkezten ahal dira.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren webguneko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

Bi tramite horietarako epea kontatzen hasiko da erabaki hau argitaratu eta biharamunean.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta jakinaraztea Ingurumen Eraginaren Atalari, Iruñerriko Mankomunitateari, Babes Zibileko Zerbitzuari, Azpiegitura Digitalen Telekomunikazioetako Estatu Idazkaritzari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari eta Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 19an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2115116