251. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

17/2021 FORU LEGEA, urriaren 21ekoa, zeinaren bitartez aldatzen baita 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZEINAREN BITARTEZ ALDATZEN BAITA 2/2018 FORU LEGEA, APIRILAREN 13KOA, KONTRATU PUBLIKOEI BURUZKOA.

HITZAURREA

Ia hiru urte eman direnean Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea aplikatzen, horren edukian aldaketa eta zuzenketa batzuk egin beharra nabari da, neurri handiagoan betetze aldera Kontratuei buruzko Foru Legeak berak 2. artikuluan jasotzen dituen eraginkortasun eta efizientzia, proportzionaltasun, gardentasun eta osotasun printzipioak.

Horrela, beharrezko irizten zaio testu osoan zuzenketa teknikoak egiteari, izapidetze elektronikoa nagusitu den ingurune batean balio-ekarpenik egiten ez duten izapideak bertan behera utziz prozeduren izapidetzea azkartzeko; gaur egun interpretazioa egitera behartzen duten zertzeladak argitzeko; aurreikuspen bikoiztuak ezabatzeko; edo espediente guztiei aplikatzekoak diren betebeharrak eta horien salbuespenak egokiro eta proportzionalki ezartzeko.

Azkartze-neurriak sozietate publikoetarako ere ezartzen dira, hala nola bertan behera uztea entitatearen arduradun den Administrazioaren txostena, kontratua sortaka zatitzen ez den kasuetan.

Halaber sinpletzen da lehia ezinezkoa den prozeduren izapidetzea, laburtu egiten da jakinarazpen elektronikoaren kasuan kontratuen eraginkortasuna eteteko epea, bertan behera uzten da eskaintzen irekitzearen eguna Atarian argitaratzeko betebeharra, eta, gardentasuna hobetzea xede, kontratu baten adjudikazioaren iragarkia argitaratzeko epea murrizten da.

Gaur egun interpretazioa behar duten aferak argitzeari dagokionez, besteak beste ezartzen da kontratazio-mahaiak osatzen dituzten pertsonen arteko eginkizun-banaketa, kide guztien elkartze fisiko edo telematikorik ez dagoenean; lizitazio- eta adjudikazio-zenbatekoak kalkulatzeko modua zehazten da prezio unitariotan egiten diren kontratuetan; arautu egiten da pleguetan edo adjudikazio-hartzailearen eskaintzan jasotakoez beste estipulazio gehigarriak kontratuan jasotzeko modua, lehia-printzipioa urratzen ez denean; kontratatzeko baldintzak frogatu beharreko unea eta modua argitzeko aldaketa batzuk jasotzen dira; eta beste kontratu batzuetako kaudimenak aprobetxatzeko modua arautzen da.

Horrez gain, transposizio-oker bat zuzentzen da, zerbitzu-emakidei aplikatzekoa den Europako atalaseari dagokiona; transposizio zehatzagoa egiten da Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen aplikazioa baztertzen deneko kasu batzuei buruz; eta ospitale-erabilerako medikamentuen eskuratzea halako moduz arautzen da non baldintza orokorren ezarpenerako sistema bat finkatzen baita, beherapenak ezartzeko nahiz ez ezartzeko aukera emanik Administrazioak Osasun Sistema Nazionalaren kargurako finantzaketarako ezarritako prezioan, irekita daudenak hornitzaile-multzo bati, eta modua egonda beste eragile ekonomiko batzuek bat egiteko geroago, aintzat harturik Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2016ko ekainaren 2ko epai batean ezarritako doktrina (Dr. Falk Pharma GmbH-k DAK-Gesundheit-en aurka, C-410/14 afera, 41 eta 42. puntuak).

Testuinguru horretan, eta efizientziaren eta kudeaketa sanitario egokiaren arteko erlaziorik onena zaintzearren, medikamentu-eskurapeneko sistema bat arautzen da, halakoa dena non lizitazio publikoa egin beharrik ez dagoen, jadanik badagoenean administrazio-prozedura bitartez zehazturiko prezio bat, administrazioaren eta farmazia-hornitzailearen artean negoziatua, eta are, kasu batzuetan, arrisku partekatuko akordioak edo gastu-mugarakoak, atxiki egiten direnak eta, beraz, eskuratzearen baldintzak arautzen dituztenak, eta hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren erosketei aplikatuko zaie.

Artikulu bakarra.–Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea aldatzea.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeari aldaketa hauek egiten zaizkio:

Bat. Zioen azalpenari paragrafo berri bat gehitzen zaio. Testu hau izanen du:

“Hogeita batgarren xedapen gehigarrian ospitale-erabilerako medikamentuen eskuratzea arautzen da eta baldintza orokorren ezarpenerako sistema bat finkatzen da, beherapenak ezartzeko nahiz ez ezartzeko aukera emanik Administrazioak Osasun Sistema Nazionalaren kargurako finantzaketarako ezarritako prezioan, irekita daudenak hornitzaile-multzo bati, eta modua egonda beste eragile ekonomiko batzuek bat egiteko geroago, aintzat harturik Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2016ko ekainaren 2ko epai batean ezarritako doktrina (Dr. Falk Pharma GmbH-k DAK-Gesundheit-en aurka, C-410/14 afera, 41 eta 42. puntuak).

Testuinguru horretan, eta efizientziaren eta kudeaketa sanitario egokiaren arteko erlaziorik onena zaintzearren, medikamentu-eskurapeneko sistema bat arautzen da, halakoa dena non lizitazio publikoa egin beharrik ez dagoen, jadanik badagoenean administrazio-prozedura bitartez zehazturiko prezio bat, administrazioaren eta farmazia-hornitzailearen artean negoziatua, eta are, kasu batzuetan, arrisku partekatuko akordioak edo gastu-mugarakoak, atxiki egiten direnak eta, beraz, eskuratzearen baldintzak arautzen dituztenak, eta hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren erosketei aplikatuko zaie.”

Bi. Hiru letra berri gehitzen zaizkio 7. artikuluaren 1. apartatuari. Hona testua:

“l) Honako zerbitzu juridiko hauek:

Lehena.–Abokatu bat bezeroaren legezko ordezkari aritzea, Kontseiluaren 77/249/EEE Zuzentarauko 1. artikuluko zentzuarekin, Estatu kide batean edo hirugarren herrialde batean edo nazioarteko adiskidetze- nahiz arbitraje-erakunde batean eginiko arbitraje edo adiskidetze batean, edo Estatu kide bateko nahiz hirugarren herrialde bateko jurisdikzio-organoetako prozedura judizial batean edo agintari publikoekikoan, edo nazioarteko jurisdikzio-organo edo erakundeetan.

Bigarrena.–Aholkularitza juridikoa ematea, aurreko apartatuan aipaturiko prozedura baterako prestalan bezala edo aholkagai den arazoa prozedura horien xede izanen dela adierazten duen zantzu zehatza eta probabilitate handia dagoenean, baldin eta aholkularitza-lana 77/249/EEE Zuzentarauko 1. artikuluaren zentzuan eskaintzen badu abokatu batek.

Hirugarrena.–Dokumentu-ziurtatze eta autentifikaziorako zerbitzuak, notario batek eman beharrekoak.

m) Medikamentu-erosketa publikoko akordioak, foru lege honen hogeita batgarren xedapen gehigarriari jarraikiz.

n) 4.1 artikuluko b), c), d) edo e) letretan zerrendaturiko entitateetakoren batek sinaturiko kontratuak, kontratu-sinatze horien helburua izan denean eragile ekonomiko edo kontratista izaerarekin parte hartu dueneko kontratu publiko baten kariaz bere gain hartu dituen betebeharrei erantzutea”.

Hiru.–14. artikuluaren izenburua aldatzen da. Testu hau izanen du: 14. artikulua. “Jardute-gaitasuna frogatzea.”

Lau. 14. artikuluko 1. eta 2. apartatuak aldatzen dira, eta testu hau izanen dute aurrerantzean:

“1. Adjudikazio-hartzaile izateko proposatua suertatuko den pertsonak bere jardute-gaitasuna eta ordezkaritza frogatu beharko ditu foru lege honek ezarritakoari jarraikiz.

2. Berariazko legediak hala ezartzen duen kasuetan, zilegi izanen da lizitatzaileari eskatzea froga dezala inskribatuta dagoela lanbide- edo merkataritza-erregistro batean, edo kontratuko prestazio den jardueran aritzeko gaikuntza ematen dion beste edozein zertzelada, pertsona ezarrita dagoen Estatuko araudiari jarraikiz.”

Bost. 16. artikuluaren izenburua aldatzen da. Testu hau izanen du: 16. artikulua. “Kaudimen ekonomikoa eta finantzarioa”.

Sei. 16.1. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Adjudikazio-hartzaile izateko proposatua izanen den pertsona behartuta egonen da kontratua exekutatzeko kaudimen ekonomiko eta finantzarioa duela frogatzera. Kaudimen ekonomiko eta finantzariotzat ulertuko da enpresaren egoera ekonomiko eta finantzario egokia, halakoa non izaera horietako ezein gorabeherak ez duen arriskuan jarriko kontratuaren behar bezalako exekuzioa. Kaudimen ekonomiko eta finantzarioaren maila kontratu bakoitzerako zehaztuko da, eta kaudimen horren ezinbestekotasuna kontratuaren lizitazioak duen zenbatekoaren araberakoa eta proportzionala izanen da”.

Zazpi. 16.2.c) artikuluaren bigarren paragrafoa aldatzen da. Testu hau izanen du:

“c) Negozio-bolumen orokorrari buruzko adierazpena, eta, hala behar denean, kontratuaren xedearen antzekoa den jarduera-arloko negozio-bolumenari buruzkoa, eskueran dauden azken hiru ekitaldietakoa gehienez ere, lizitatu behar duenaren eratze-egunaren edo jardueren hasiera-egunaren arabera, betiere negozio-bolumen horren erreferentziak eskura dauden heinean.

Urteko gutxieneko negozio bolumen exigitua ez da handiagoa izanen kontratuaren balio zenbatetsia halako bat eta erdi baino, salbu eta behar bezala justifikatutako kasuetan, hala nola obren, zerbitzuen edo horniduren izaerarekin lotutako arrisku bereziekin zerikusia dutenetan. Kasu horretan, 138.3. artikuluak aipatzen duen premiei buruzko txostenean adieraziko dira betekizun hori ezartzeko arrazoi nagusiak.”

Zortzi. 16.3. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“3. Kontratuei buruzko iragarkietan, pleguetan edo prozedura negoziatuetako gonbidapenetan, kaudimena frogatzeko zein bide erabiliko diren adieraziko da, aurreko apartatuan aipatutakoen artetik”.

Bederatzi. 17. artikuluaren izenburua aldatzen da. Testu hau izanen du: 17. artikulua. “Kaudimen tekniko edo profesionala”.

Hamar. 17.1. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Adjudikazio-hartzaile izateko proposatua izanen den pertsona behartuta egonen da kontratua exekutatzeko kaudimen tekniko edo profesionala duela frogatzera. Kaudimen tekniko edo profesionaltzat jotzen da kontratua behar bezala exekutatzeko behar den gaikuntza tekniko edo profesionala, dela aurretik antzeko kontratuetan aritzearen esperientzia izatearen ondoriozkoa, dela behar adina langile eta bitarteko tekniko edukitzearen ondoriozkoa. Kaudimen tekniko edo profesionalaren maila kontratu bakoitzean zehaztuko da, eta kontrataturiko prestazioaren ezaugarrien araberakoa eta proportzionala izanen da”.

Hamaika. 17.3. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“3. Kontratuei buruzko iragarkietan, pleguetan edo prozedura negoziatuetako gonbidapenetan, kaudimena frogatzeko zein bide erabiliko diren adieraziko da, aurreko apartatuan aipatutakoen artetik”.

Hamabi. 18. artikuluko hirugarren paragrafoa kentzen da.

Hamahiru. 18. bis artikulu berria gehitzen da. Testu hau izanen du:

“18. bis artikulua. Kontratatzeko gaitasuna frogatzeko dokumentazioaren berrerabilera.

Gaitasunak, ordezkaritza, kaudimena eta enpresa- edo lanbide-gaikuntza frogatzen dituen dokumentazioa, kontratazio-organoak jada eskueran daukana lizitatzaileak aurkeztu zuelako adjudikazio-hartzaile suertatu zen lehenagoko prozedura batean, berrerabili ahal izanen da, baldin eta frogaturiko inguruabarrak ez badira aldatu eta lehenagoko prozeduraren adjudikaziotik hiru urte ez badira igaro.

Dokumentazioaren berrerabiltzea kontratazio-organo bakoitzaren esparruaren barrenean aplikatu ahalko da. Horretarako eskaera eginen du lizitatzaileak, eskaintza edo parte-hartze eskaera aurkezten duen unean, adieraziz zein den adjudikazio-hartzaile suertatu zeneko lehenagoko prozedura, zeinetako dokumentazioa erabili nahi duen, eta halaber azalduz indarrean dirautela frogaturiko baldintzek.

Berrerabili beharreko dokumentazioa aztertu ondoren, okerrekotzat edo ez-askitzat jotzen bada, eskatuko zaio zuzendu dezan, foru lege honen 51.2 artikuluak ezarritakoari jarraikiz.”

Hamalau. 21. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“21. artikulua. Kalitatea bermatzeko ziurtagiriak.

1. Exigitzen denean erakunde independenteek jaulkitako ziurtagiriak aurkez daitezela, interesdunak kalitatearen ziurtapenerako arau jakin batzuk betetzen dituela frogatzekoak, erreferentzia egin beharko diete unean-unean indarrean dauden ziurtapenari buruzko europar arauetan oinarrituriko kalitate-ziurtapeneko sistemei.

2. Betiere onartuko dira Europar Batasuneko kide diren beste estatu batzuetan ezarritako erakunde baimenduek jaulkitako ziurtagiri baliokideak. Halaber, kalitatea ziurtatzeko neurri baliokideei buruzko beste froga batzuk onartuko zaizkie lizitatzaile izanen diren pertsonei, ziurtagiri horiek eskuratu ezin badituzte edo ezarritako epean halakorik lortzeko inolako aukerarik ez badute.”

Hamabost. 24.4.a) artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“a) Kontratazio-organoak faltsutasunaren berri izan zuen egunetik, lizitatzaileak aitortzeagatik edo agintari eskudun batek behin betikoz horrela deklaratu izateagatik, edo kasuko informazioa Lizitatzaileen Borondatezko Erregistroari jakinarazi beharko zitzaion egunetik, 22.1 artikuluko i) letraren kasuan”.

Hamasei. 39.2. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“2. Prestazio bat edo batzuk, elkarrekin zerikusia dutenak, banatuta erabili edo aprobetxatzeko modukoak badira, edo xedearen izaerak hala eskatzen badu, zilegi izanen da halako bakoitzaren banakako kontratazioa aurreikustea, prozedura beraren barrenean sortak antolatuz, betiere bakoitzak unitate funtzional bakarra osatzen badu”.

Hamazazpi. 39.3. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“3. Kontratu baten xedea ezin izanen da zatikatu haren zenbatekoa murrizteko eta, halatan, publizitate baldintzak edo jarraitu beharreko adjudikazio prozedura saihesteko”.

Hemezortzi. 41.2. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“2. Sortakako banaketa egiten denean, sorta edo prestazio bereizi bakoitzaren adjudikazioari aplikatu behar zaizkion prozedura- eta publizitate-arauak multzoaren balio metatuaren arabera zehaztuko dira, salbu eta 7. artikuluan aurreikusitako salbuespenen bat gertatzen denean”.

Hemeretzi. 41.4.b) artikuluko azken paragrafoa kentzen da.

Hogei. 43.3. artikuluari paragrafo berri bat eransten zaio. Testu hau izanen du:

“Guztizko zenbatekoa lizitazio-unean zehaztasunez finkatuta egon gabe prezio unitariotan egiten diren kontratuetan, lizitazioaren zenbatekoa emaitza gisa lortuko da gehieneko unitate-prezioa biderkatuz kontratuaren hasierako aldirako kalkulaturiko unitate-kopuruarekin, bazter utzirik aldaketak, aukerak eta luzapenak. Kasu honetan, adjudikazio-zenbatekotzat joko da emaitza gisa lorturikoa, eskainitako unitate-prezioa biderkatuz aurreikusitako kontsumo-unitateen kopuruarekin, kopuru hori kalkulaturik kontratuaren balio zenbatetsia kalkulatzearren, bazter utzirik kontratuaren balizko luzapenak eta aldaketa edo aukerak”.

Hogeita bat. 44.1. artikuluari letra berri bat gehitzen zaio. Testu hau izanen du:

“ñ) Adjudikazio-hartzaileak kontratuaren xede diren prestazioei dagozkien jarduerek, lanbideek eta profesioek dituzten printzipioak, arauak eta kanon etikoak beteko ditu, une oro inpartzialtasunez, fede onez eta bere profesio edo gremioaren kode deontologikoaren arabera jardunez. Kontratu-prozeduraren edozein fasetan ezaguturiko informazio konfidentziala ez du erabiliko edonolako abantaila edo onura bat zuzenean nahiz zeharka lortzeko, ez bere interes propioan ez eta hirugarren pertsonenean. Bereziki zainduko du pleguetan exekuzio-baldintza berezi gisa sartuak izan diren gizarte- edo ingurumen-klausulak behar bezala betetzen direla, eta kontratua beteko du konprometiturik bere lana lagungarri izatea interes orokorrari erantzuteko, eta kontratu-aldaketa eragitea ekidinez, aldaketa hori legez aurreikusitako kasuetan baizik ezin baita egin”.

Hogeita bi. 44.2. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“2. Zilegi izanen da kontratuan estipulazio gehigarriak jasotzea, pleguetan edo adjudikazio-hartzailearen eskaintzan bildutakoez gain, baldin eta bi alderdiak ados egon eta estipulazio horiek ez badute adjudikazio-hartzailearentzako eskubide gehigarririk ezartzen, ez eta kontratuaren baldintzak halako moduan aldatzen ere non, gainerako interesdunek ezagutuak izanez gero, haiek eginiko eskaintzaren edo haiek prozeduran izandako interesaren aldaketa eragin ahalko baitzuten. Baldintza horiek ez badira betetzen, erabat deuseztzat eta jarri gabekotzat joko da klausula, kontratistarentzako inolako konpentsazio-eskubiderik gabe”.

Hogeita hiru. 45. artikuluaren 4. apartatua kentzen da.

Hogeita lau. 49.3. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“3. Lizitazioan interesa dutenek Kontratazio Atariaren bidez lortuko dute pleguei buruzko informazio gehigarria eta gainerako dokumentazio osagarria, eskatu eta hiru eguneko epean, salbu eta lizitazioa arautzen duten pleguetan beste epe bat ezartzen bada. Eskaintzak aurkezteko epearen azken 3 egunen barruan eginiko informazio-eskaera batek ez du behartuko epe hori luzatzera”.

Hogeita bost. 50. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“50. artikulua. Kontratazio Mahaiaren esku-hartzea.

1. Kontratazio Mahaia kide anitzeko organo independentea da, eta haren kideak kontratazio-organoaren mendeko langile izanen dira. Horietako batek zuzenbidean lizentziatua edo graduatua izan beharko du eta idazkaritza-zereginak beteko ditu; halaber egonen dira kasuko arloan eskudun diren langile teknikoak, eta kontrol ekonomikoaren eginkizuna esleituta daukaten langileak. Salbuespen gisa, eta espedientean justifikatu ondoren, administraziotik kanpoko pertsonak mahaikide tekniko izendatzen ahalko dira, kontratuko jardueraren sektorean esperientzia dutenak.

Halaber, teknikari horiek aholkulari izendatzen ahalko dira, eta hizpidearekin baina botorik gabe esku hartzen ahalko dute.

2. Mahaiko kideen hautaketa Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratu beharko da. Hautaketa iraunkorra izan daiteke edo berariazkoa, kontratu bat edo gehiago adjudikatzeko. Kontratazio Mahaia osatzen duten pertsonei administrazio-prozedurari buruzko legedian ezarritako abstentzio- edo errekusazio-kausak aplikatuko zaizkie, eta prozedura bakoitzean espresuki adierazi beharko dute ez dagoela interes finantzario, ekonomiko edo pertsonalekin loturiko kausarik, haien inpartzialtasuna eta independentzia kontratazio-prozeduran kolokan jartzen duenik.

3. Kontratazio Mahaiak bere funtzioak bete ahalko ditu dagozkion eginkizunak mahaikideen artean banatuz, haien espezializazio teknikoaren eta ezagutzen arabera, halako moduz non eginkizunak betetzeko ez baita beharrezkoa izanen Mahaia osatzen duten pertsona guztien edo batzuen elkarretaratze fisiko edo telematikoa. Mahaiburuaren funtzioa izanen da mahaikide bati edo batzuei eginkizunak esleitzea, horiei guztiei jakinarazirik erabaki hori.

4. Mahaikide batek edo batzuek banaka eginiko jarduketa guztiak mahaikide-multzo guztiaren irizpenari aurkeztuko zaizkio, eta haiek onespena eman beharko diete, batera nahiz bata bestearen ondoren. Kontratazio Mahaia osatzen duten pertsonei bermatu egiten zaie beren iritzia emateko eskubidea, gehiengoarenaren aurkakoa denean, eta aurkako iritzi hori modu arrazoituan aktan jasoa izatekoa, eta, halaber, Mahaiburuari eskatzekoa bilera presentzial nahiz telematikorako deialdia egin dezan, non kide anitzeko organoei dagozkien parte-hartze erregelak aplikatuko baitira, kasuan kasuko aferak tratatzeko.

5. Kontratu publikoak adjudikatzeko Kontratazio Mahai bat osatu beharko da 60.000 euro baino gehiagoko balio zenbatetsia dutenean, zerbitzu eta hornidura kontratuen kasuan, eta 200.000 euro baino gehiagokoa dutenean, obra kontratuen kasuan.

Emakida kontratuak adjudikatzeko, beti nahitaezkoa izanen da Kontratazio Mahai bat eratzea.

Balio zenbatetsia, BEZik gabe, 10.000.000 euro baino gehiagokoa duten kontratuetan, Kontratazio Mahaian egonen da, aurrekoez gainera, Nafarroako Kontratazio Publikorako Batzordeak hautatutako ordezkari bat, kontratazio organoak eskatuta.”

Hogeita sei. 51. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“51. artikulua. Kontratazio Mahaiaren eginkizunak.

1. Kontratazio Mahaiaren funtzioak edo, kasua bada, kontratuaren unitate kudeatzailearenak, honakoak dira:

a) Nortasunaren eta, halakorik denean, ordezkaritzaren egiaztagiriak kalifikatzea, bai eta kontratatu ezin izateko arrazoiei dagozkien agiriak ere.

b) Kaudimen ekonomiko eta finantzarioa nahiz gaitasun tekniko edo profesionala balioestea.

c) Hautagaitza aurkeztu duten parte-hartzaileak onartu eta, kasua bada, aukeratzea, horrela aurreikusten den prozeduretan, eta eskaintza aurkezteko gonbidapena egitea.

d) Eskaintza teknikoaren balorazioa.

e) Eskaintzak irekitzea eta aurkezturiko informazioari dagokionez gertatzen diren gorabehera guztiak ebaztea.

f) Eskaintzaren bat baxuegia ote den baloratzea, eta hori onartzea edo baztertzea, foru lege honetan ezarritako prozedura izapidetu ondoren.

g) Adjudikazio proposamena jasoko duenari eskatzea pleguaren arabera beharrezkoa den dokumentazioa aurkez dezala.

h) Kontratua adjudikatzeko proposamena egitea kontratazio organoari.

i) Proposamenak kalifikatu eta baloratzeko behar diren eginkizun guztiak, bai eta adjudikaziorako proposamena egiteko behar direnak eta legeetan ematen zaizkion gainerakoak ere.

2. Kontratazio Mahaiak edo, kasua bada, unitate kudeatzaileak akats zuzengarriak atzematen baditu nortasuna, gaitasuna edo kaudimena frogatzeko dokumentazioan, edo ilunak eskaintzaren edukian, berdintasun- eta gardentasun-printzipioei eragin gabe argitzeko modukoak direnak, horiek zuzentzeko 5 eguneko gutxieneko epea emanen dio ukitutako pertsonari, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, ez dela onartuko.

3. Kontratazio Mahaiak edo, kasua bada, unitate kudeatzaileak, zilegi izanen dute, beren proposamena egin aurretik, beharrezkotzat jotzen dituzten txosten guztiak eskatzea, kontratuaren xedearekin zerikusia dutenak.”

Hogeita zazpi. 53.1. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Proposamenek, zeinetan sartuta egonen baitira bai eskaintza teknikoa, egonez gero, bai eskaintza ekonomikoa, bat etorri beharko dute lizitazioa arautzen duten pleguekin, eta proposamen-aurkezteak esan nahi du haiek inolako salbuespenik edo erreserbarik gabe onartzen direla”.

Hogeita zortzi. 53.2. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“2. Proposamenak isilekoak izanen dira ireki arte, horrek ezertan galarazi gabe enkante elektroniko batean, negoziazio batean edo lehia-elkarrizketa batean parte hartzen dutenei eman behar zaien informazioa”.

Hogeita bederatzi. 55.1. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Proposamenei erantzukizunpeko adierazpen bat erantsi beharko zaie, lizitatzaileak sinatua. Adierazpen horren edukia ez da isilekoa izanen, eta balio-iritziak aplikatuz balioetsiriko dokumentazioari erantsiko zaio, halakorik egonez gero, edo formula-aplikazioaren bitartez balioestekoa den eskaintza osatzen duen dokumentazioari baldin eta adjudikazio-irizpide guztiak mota horretakoak badira. Adierazpenean lizitatzaileari buruz zehaztu beharko da:

a) Gaitasun juridikoari eta jarduteko gaitasunari dagozkien baldintzak betetzen dituela eta, hala bada, sinatzaileak behar den ordezkari izaera baduela.

b) Kaudimen ekonomiko, finantzario eta tekniko edo profesionalaren arloko baldintzak betetzen dituela.

c) Kontratatzeko debeku egoeran ez dagoela. Adierazpen horretan halaber esanen da indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen betetzea egunean duela.

d) Kontratuaren xede diren prestazioak exekutatzeko gainerako lege baldintzak betetzen dituela, bai eta kontratazio pleguetan ezarritakoak ere.

e) Espainiako edozein ordenatako epaitegi eta auzitegien jurisdikzioaren mende jartzen dela gorabehera guztietarako, legokiokeen jurisdikzio-foruari uko eginik, atzerriko enpresen kasuan.

f) Beste entitate batzuen idatzizko konpromisoa daukala bitartekoak atxikitzeaz edo baliabideak erabiltzeaz, hala denean.”

Hogeita hamar. 55. artikuluari apartatu berri bat gehitzen zaio, testu honekin:

“9. Salbuespenez, eta justifikazio-txostenean zehaztuta egon beharko diren arrazoiengatik, zilegi izanen da interesdun guztiei eskatzea artikulu honen 1. apartatuan jasotako zertzeladetatik edozein froga dezatela, eskaintzak balioesteari ekin baino lehenagoko urrats gisa, edo lizitatzaileetako edozeini, prozeduran zehar. Kasu horretan, erabakia hartzea Kontratazio Mahaiari dagokio edo, kasua bada, unitate kudeatzaileari, eta arrazoiak idatziz adierazi beharko dira”.

Hogeita hamaika. 59.2. artikuluaren e) letra aldatzen da. Testu hau izanen du:

“e) Adjudikazio-hartzaile izateko proposatua izanen den pertsonak kontrataziorako baldintzak egiazki betetzen dituela frogatzeko aurkeztu beharko duen dokumentazioa”.

Hogeita hamabi. 70.3. artikuluari bi letra berri gehitzen zaizkio. Testu hau izanen dute:

“d) Prezioan atxikipena eginez, pleguak hori espresuki ezartzen badu. Kasu horretan, pleguak adieraziko du ea atxikipena osoki aplikatuko den lehen eta ondorengo ordainketetan, beharrezkoa den kopururaino iritsi arte, edo faktura guztietan aldizkako atxikipena proportzionalki eginez.

e) Aurrekoen konbinazio baten bidez, pleguak ezartzen dituen baldintzetan.”

Hogeita hamahiru. 75. artikuluari 4. apartatua gehitzen zaio, testu honekin:

“4. Espedientearen izaeragatik beragatik edo, salbuespenez, espedientearen inguruabarrengatik, lehia posible ez den kasuetan, ezintasun horren arrazoiak justifikazio-txostenean adieraziko dira, zeinak agertuko baititu erantzun nahi zaien premien izaera eta hedadura, horiek asetzeari nola doitzen zaien xedea, eta adjudikazio-hartzailea kontratatzeko hautaturiko prozeduraren justifikazio xehakatua.

Kasu horietan, eskaintza jasotzeko ez da beharrezkoa izanen kontratazio-mahaiaren parte-hartzea, ez eta Nafarroako Lizitazio Elektronikoaren Plataforma erabiltzea ere. Espedientean jaso beharrekoak dira kontratua exekutatzeko baldintzak eta adjudikazio-hartzaileak idatziz adierazitako onarpena. Zilegi izanen da egintza bakarrean espedientea eta gastua onetsi eta kontratua adjudikatzea.”

Hogeita hamalau. 81. artikuluari 3. apartatu berri bat gehitzen zaio, testu honekin:

“3. Horniduren eta segidako zerbitzu-emateen kasuan, prozedura honen erabilera posible izanen da, bakarrik, baldin balio zenbatetsia, hurrengo 48 hilabeteetarako aurreikusitako gastua aintzat harturik, ez bada handiagoa artikulu honen lehen puntuan adierazitako kantitatea baino”.

Hogeita hamabost. 88.2.d) artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“d) Adjudikatu gabe utzitako kontratuak eta deuseztaturiko lizitazio eta adjudikazioak, emaitza horietara eraman duten arrazoiak adierazita”.

Hogeita hamasei. 89.1. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu beharko da, Europar Batasunak ezarritako prozedura eta eredu ofizialei jarraituz, kontratu bat, esparru-akordio bat edo erosketa-sistema dinamiko bat egiteko, baldin eta haren balio zenbatetsiak ondoko gutxienekoak adinakoak edo horiek baino gehiagokoak badira:

a) 214.000 euro hornidura- eta zerbitzu-kontratuetan, salbu eta apartatu honen c) letrakoetan.

b) 5.350.000 euro obra-kontratuetan, herri-lanen emakidakoetan eta zerbitzu-emakidakoetan.

c) 750.000 euro foru lege honetako 37. artikuluan aipatzen diren gizarte zerbitzuen kontratuetan.”

Hogeita hamazazpi. 95.2. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“2. Kontratu publikoek adjudikatuak izateko beharrezkoa duten prozedura ez baldin bada zenbateko txikiko kontratuen araubide berezikoa edo beren izaeragatik lizitatzaile bakar bat egon daitekeeneko foru lege honen 75.1. artikuluko kasuetakoa, horien lizitazioa Nafarroako Lizitazio Elektronikoaren Plataformaren bidez eginen da”.

Hogeita hemezortzi. 95.3. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“3. Nafarroako Lizitazio Elektronikoaren Plataforman aurkeztuko da abian diren lizitazioei dagokien dokumentazio guztia, dokumentazioa ireki arteko konfidentzialtasun-bermearekin; horrez gain, kontratuaren unitate kudeatzailearekin edo, kasua bada, Kontratazio Mahaiarekin kontaktatuko da, prozedura barnean eskatutako eskaintza-zuzenketak egin edo eskaintzari buruzko argibideak emate aldera, eta eskaintzak irekiko dira, prozedurak horretara behartzen duenean. Kontratazio publikoko ondorio guztietarako, foru lege honen aplikaziopean dauden entitate guztien egoitza elektroniko eta erregistro laguntzaile bezala tankeratuko da”.

Hogeita hemeretzi. 96. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“96. artikulua. Parte-hartzaileen onarpena.

Eskaintzak aurkezteko epea amaituta, proposamenak irekiko dira, eta egiaztatuko da ea aurkeztu ote den prozeduran lizitatu dutenek parte-hartze baldintzak betetzearen adierazpena, pleguan ezarritakoari jarraikiz.

Baldin eta, salbuespen gisa, eskatu bada aurretiaz froga daitezela kontratatzeko baldintzak, edo nortasuna, gaitasuna, kaudimen ekonomiko eta finantzario eta tekniko edo profesionala frogatzeko dokumentazioan zerbait falta bada edo zalantzarik sortzen badu, ukitutako pertsonari eskatuko zaio aurkeztu dituen ziurtagiri eta agiriak osatu edo zuzentzeko. Horretarako, bost eguneko epea emanen zaio gutxienez.

Baldin eta, zuzenketa-epea iraganik, eskatutako informazioa osatu ez bada, lizitatzailea prozeduratik kanpo utziko da, eta agiri bidez jasoko da horren berri. Kanporatze horrek arrazoitua beharko du izan eta, interesdunari jakinarazten bazaio, gutxienez jasoko ditu hautagaitza edo eskaintza bat errefusatu izanaren arrazoiak, eta bidezko diren aurkaratze-bitartekoak eta -epeak.”

Berrogei. 97. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“97. artikulua. Eskaintzak irekitzea eta baloratzea.

Lizitatzaileak hautatzeko izapidea duten prozeduretan, izapide hori beste edozein jarduketa baino lehenago eginen da, pleguetan ezarritako irizpideei jarraikiz. Horretarako, hautatze-faserako dokumentazioa proposamenetik bereizita aurkeztu beharko da. Hurrenkera hori Nafarroako Lizitazio Elektronikoaren Plataforman frogatuta geratu beharko da.

Eskaintza teknikoa osoki nahiz partzialki balio-iritziak aplikaturik balioetsia izatekoa denean, bereiz aurkeztuko dira irizpide horietarakoa den eskaintza-dokumentazioa eta formulen bitartez zenbatestekoak diren irizpideetarakoa.

Balio-iritzien aplikazioari loturiko irizpideen ebaluazioa barne ekitaldi batean eginen da; bertan, teknikoki desegokiak diren eskaintzak edo kontratuaren behar bezalako exekuzioa modu egokian bermatzen ez dutenak bazter uzten ahalko dira. Horren guztiaren berri agiri bidez jaso beharko da.

Nolanahi ere, formula bidez zenbatestekoak diren irizpideetarako dokumentazioa irekiko da balio-iritzien aplikazioari loturiko irizpideetarako dokumentazioa ireki eta balioetsi ondoren.

Hurrenkera hori Nafarroako Lizitazio Elektronikoaren Plataforman frogatuta geratu beharko da.

Baldin eta Kontratazio Mahaiaren iritziz edo, kasua bada, unitate kudeatzailearen iritziz, aurkeztutako eskaintzaren bat iluna edo zehaztugabea bada, argibide osagarriak eskatu ahal izanen ditu, betiere lizitatzaileen arteko tratu berdintasunaren printzipioa errespetatuz. Lizitatzaileek ezin izanen dute aurkeztutako eskaintza aldatu. Erantzuteko epea gutxienez bost egunekoa eta gehienez hamar egunekoa izanen da.”

Berrogeita bat. 98.1. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Pleguan ezarriko dira eskaintza bat, lizitazio prezioaren edo aurkeztutako gainerako eskaintzen erreferentzia hartuta, baxuegitzat hartzeko baldintzak, prestazioaren xedea eta merkatuko baldintzak kontuan hartuta.

Aurkezturiko eskaintza baxuegi batek pentsarazten duenean ez dela erregularki beteko, eskaintza errefusatu baino lehen horren berri emanen zaio kasuko pertsonari, egoki deritzon justifikazioa aurkez dezan bost eguneko epean.

Lizitatzaileari zuzendutako informazio-eskaera argiro adierazi beharko da, halako moduan non eskaintzaren bideragarritasuna guztiz eta behar bezala justifikatzeko moduan egonen baita, eskaintzaren baxuegitasuna zein parametrotan oinarriturik definitu den zehazturik.”

Berrogeita bi. 98.3. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“3. Kontratazio-mahaiak edo, kasua bada, unitate kudeatzaileak lizitatzaileak emandako informazioa ebaluatuko du, eta eskaintza atzera botatzen ahalko du soilik aurkeztutako agiriek ez badute modu egokian justifikatzen proposatutako prezioa edo kostuak.

Prozeduran beharrezkoa izanen da aholkularitza teknikoa eskatzea, justifikazioan jasotako zertzeladak balioesteko egokitzat jotzen den jakintza daukaten pertsonena.”

Berrogeita hiru. 98.4. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“4. Edonola ere, eskaintzak baztertuko dira egiaztatzen bada baxuegiak direla azpikontratazioari buruzko araudia urratzen dutelako edota ez dituztelako betetzen ingurumen, gizarte edo lan arloetan aplikatzekoak diren betebeharrak, nazionalak edo nazioartekoak, indarreko hitzarmen kolektibo sektorialen ez-betetzea barne, foru lege honetan ezarritakoari jarraikiz”.

Berrogeita lau. 100.1. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Kontratazio organoak hilabeteko gehieneko epean adjudikatuko du kontratua eskaintza ekonomikoa irekitzeko ekitalditik hasita, non ez den beste epe bat ezarri agirietan.

Epe horietan adjudikazioa ematen ez bada, lizitazioan parte hartzeko onartutako enpresek beren proposamenak bertan behera uzten ahalko dituzte inolako zigorrik jaso gabe.

Baldin lizitatzaile diren enpresek eskaintza ekonomikoak irekitzen direnetik hilabete bat igaro baino lehen erretiratu egiten badute beren eskaintza, lizitazio-zenbatekoaren % 2ko zigorra jarriko zaie, behin-behineko bermearen kargura kobratuko dena, halakorik badago, edo berariazko ordainketa-gutuna jaulkiz.”

Berrogeita bost. 101.2. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“2. Adjudikazioaren eraginkortasuna arau hauei jarraikiz geldituko da etenda:

a) Hamar egun naturaleko epean zehar, adjudikazioaren jakinarazpenaren igorpen-egunetik kontatzen hasita, baldin eta igorpen hori bitarteko elektronikoen bidez egiten bada.

b) Hamabost egun naturaleko epean zehar, adjudikazioaren jakinarazpenaren igorpen-egunetik kontatzen hasita, baldin eta igorpen hori bitarteko ez-elektronikoen bidez egiten bada.

Horretarako, adjudikazio-jakinarazpenaren igorpena zer egunetan eta zer bidetatik egin zen azaltzen duen froga bat egon beharko da.

Prozeduran interesdun diren pertsona guztiek esanbidezko adierazpen bat egiten badute, non Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiari erreklamazioa aurkezteari uko egiten diotela baieztatzen duten, etenaldia garaiz aurretik amaituko da, eta prozedurak aurrera jarraitu ahalko du.

Halaber, eskaintza bakarra aurkeztu den lizitazio-deialdidun prozeduretan, ez da apartatu honek aipaturiko etenaldia aplikatuko, eta zilegi izanen da prozeduraren izapidetzeak aurrera segitzea.”

Berrogeita sei. 101.3. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“3. Adjudikazio-egintza eten eginen da kontratazio publikoaren arloko erreklamazio bat aurkezte hutsagatik, harik eta erreklamazio hori ebatzi arte edo ebazteko legezko epea igaro den arte”.

Berrogeita zazpi. 101.6. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“6. Kontratuak agiri administratiboan formalizatuko dira bost egun naturaleko epean, adjudikazio-etenaldia amaitzen denetik zenbatuta, salbu eta pleguak epe luzeagoa aipatzen badu. Agiri administratiboan formalizatutako kontratuak edozein erregistro publikotan sarrera izateko bezainbesteko titulu izanen dira”.

Berrogeita zortzi. 102.1. artikuluaren 1. paragrafoa aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Kontratu-adjudikazioak, salbu eta zenbateko txikiko kontratuak adjudikatzeko araubide bereziaren bidez egiten direnak, Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratuko dira, bost eguneko epean, kontratu-adjudikazioaren eraginkortasunaren etenaldia amaitzen denetik hasita bost eguneko epean. Lizitazio-iragarkirik argitaratu ez deneko kontratu-adjudikaziorako iragarkietan horretarako justifikazioa ematen duen azalpen labur bat erantsiko da, egitatezko inguruabarrak eta zuzenbide-oinarriak aipatzen dituena”.

Berrogeita bederatzi. 102.4. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“4. Kontratazio-organoek idatzizko txosten bat prestatuko dute obra-, hornidura- edo zerbitzu- kontratu edo esparru-akordio bakoitzari buruz, bai eta erosketa-sistema dinamiko bat ezartzen duten bakoitzean ere.

Foru lege honen 88. artikuluan aipaturiko iragarkiak argitaratzea, ezarritako epeetan eta formalitateekin, nahikoa izanen da apartatu honen lehen paragrafoak aipatzen duen txostena prestatzeko betebeharra betetzat jotzeko, baldin eta gutxienez ere honako informazio hau biltzen badute:

a) Adjudikazio-boterearen izena eta helbidea, eta kontratuaren, esparru-akordioaren edo erosketa-sistema dinamikoaren xedea eta prezioa.

b) Kasua bada, hautaketa kualitatiboaren edo eskaintzen eta soluzioen kopuruaren murriztapenaren emaitzak, foru lege honek prozedura murrizturako, negoziaziodun lizitazioarenerako, lehia-elkarrizketarenerako eta berrikuntzarako elkartzearenerako ezartzen duenari jarraikiz. Zehazki:

1.–Hautaturiko hautagaien edo lizitatzaileen izenak eta haien hautaketa justifikatzen duten arrazoiak.

2.–Bazter utzitako hautagaien edo lizitatzaileen izenak eta haien bazterketa justifikatzen duten arrazoiak.

c) Baxuegitzat jotako eskaintzak baztertu izanaren arrazoiak.

d) Adjudikazio-hartzailearen izena eta haren eskaintza onartu izanaren arrazoiak; bai eta, ezaguna baldin bada, adjudikazio-hartzaileak hirugarrenekin azpikontratatzeko asmoa duen kontratu-partea edo esparru-akordioaren partea; eta, baldin badaude eta une horretan ezagunak baldin badira, kontratista nagusiaren azpikontratisten izenak.

e) Negoziaziodun-lizitazioko prozeduretarako eta lehia-elkarrizketako prozeduretarako, zer inguruabarrek justifikatzen duten prozedura horiek erabiltzea.

f) Aurretiazko argitarapenik gabeko prozedura negoziatuei dagokienez, zer inguruabarrek justifikatzen duten prozedura hori erabiltzea.

g) Kasua bada, adjudikazio-botereak zer arrazoirengatik erabaki duen kontratu edo esparru-akordio bat ez adjudikatzea edo egitea, edo uko egin dion erosketa-sistema dinamiko bat ezartzeari.

h) Kasua bada, zer arrazoirengatik erabili diren elektronikoez bestelako komunikabideak eskaintzen aurkezpen elektronikorako.

i) Kasua bada, detektaturiko interes-gatazkak eta horiei dagokienez harturiko neurriak.

j) Kasua bada, enpresek kontratuko dokumentuak prestatze aldera aurretiaz izandako parte-hartzean zer neurri hartu diren.”

Berrogeita hamar. 108. bis artikulu berria sartzen da. Testu hau izanen du:

“108. bis artikulua. Kontratu-betetzeari buruzko ebaluazio-txostena.

Kontratua amaitzen denean, unitate kudeatzaileak txosten bat eginen du ofizioz, kontratuaren betetze egokiari buruzkoa, eta txosten hori Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko du. Kontratista nagusiarentzat jaulkitzen diren betetze egokiari buruzko txostenek aipatuko dituzte kontratuaren betetzealdian zehar egondako lagatze- eta azpikontratatze-portzentajeak, eta gero batean izanen diren lizitazioetan kaudimena frogatzeko balioko dute, kontratazio-organoari berariazko ziurtagiria eskatzeko beharrik gabe frogatu ere.

Txosten hori ez argitaratzeak aditzera emanen du kontratazio-organoa goganbehartsu dela kontratu-betetze egokiari buruz.

Betebehar hori ez da egonen munta txikiko gastuetarako prozedura bereziaren bidez adjudikaturiko kontratuetan.”

Berrogeita hamaika. 116.1.b) artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“b) Kontratistak kaudimen ekonomiko eta finantzario, tekniko edo profesionalik ez izatea”.

Berrogeita hamabi. 116.2.b) artikulua kentzen da.

Berrogeita hamahiru. 125.1. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Kontratu publiko baten lizitazioan eta adjudikazioan interesa dutenek Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiari eskatu ahal izanen diote, aurreko artikuluan ezarritako epeetan, alegatutako arau-haustea zuzentzeko edo ukitutako interesei kalte gehiago ez eragiteko kautelazko neurriak har daitezela, prozeduraren edo prozedura horretan hartutako edozein erabakiren etetea barne direla, baldin eta aipaturiko kasuetan ez bada gertatzen egintza aurkaratuaren etete automatikoa, foru lege honen 124.4 artikuluak aurreikusia”.

Berrogeita hamalau. 125.3. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“3. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak kontratuaren administrazio espedientea edo dokumentazioa eskatuko dio ukitutako entitateari. Kontratazio organoak bi egun balioduneko epea izanen du hori aurkeztu eta egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko. Epe hori iraganik, eskatutako dokumentazioa aurkeztu zein ez, Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak ebazpen arrazoitua emanen du bost egun balioduneko epean. Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, non ez den egintzaren bat edo lizitazio prozedura eteteko eskatzen; halakoetan, epearen barrenean ebazpenik jakinarazten ez bada, etenduraren eskaera onartu egin dela ulertuko da.

Apartatu honetan xedatutakoak ez du eragotziko izapidetze-egintzen, adjudikazio-egintzaren, esparru-akordio baten edo ente instrumental bati egindako enkarguaren etete automatikoa, egintza horien aurka kontratazio publikoaren arloko erreklamazio berezi bat aurkezten denean.”

Berrogeita hamabost. 126.1. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Erreklamazioa telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Kontratazioaren Atarian, Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiari zuzendua, erregelamenduz zehazten diren baldintzak betez, foru lege honetan ezarritako epeetan.

Interesdunak kontratazio-espedientea erreklamazioa aurkeztu aurretik nahi badu aztertu, horretarako eskaera egin beharko dio kontratazio-organoari, zeina behartuta egonen baita erakustera, ezertan eragotzi gabe foru lege honen 54.1 artikuluan aurreikusitako konfidentzialtasun-mugak.

Espedienterako irispidea izateko eskaera erreklamazio berezia aurkezteko epearen barrenean egin beharko da, eta kontratazio-organoa behartuta egonen da irispide hori ematera eskaera jaso ondoko hiru egun balioduneko epean.

Lehenago xedatua kontratazio-organoak ez badu betetzen, interesdunak ez dira salbuetsita geratuko erreklamazio berezia foru lege honek ezarritako epean aurkezteko daukaten betebeharretik. Dena den, erreklamaziogileak zilegi izanen du bere erreklamazioan ez-betetze hori alegatzea. Auzitegiak zilegi izanen du, ikusirik erreklamaziogileak eta kontratazio-organoak alegaturikoa eta aintzat harturik kasuko inguruabarrak, erreklamaziogileari hiru egun balioduneko irispidea ematea kontratazio-organoak eskueran ipinitako kontratazio-espedienterako, erreklamazioa osatzeko alegazioak aurkeztu aurretik. Kasu horretan, kontratazio-organoak halaber zilegi izanen du bi egun balioduneko epean alegazio berriak aurkeztea.”

Berrogeita hamasei. 138. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“138. artikulua. Izapidetze arrunteko kontratazio espedientea.

1. Edozein kontratu egin aurretik, munta txikikoen kasuan izan ezik, kontratazio-espediente bat izapidetu beharko da, osatuta egonen dena, foru lege honetan aurreikusitako salbuespenak salbuespen, 3. apartatuan aipatzen diren dokumentuekin. Espediente horretan justifikatuko da kontratuaren xede diren prestazioak zergatik diren beharrezkoak edo komenigarriak helburu publikoak betetzeko.

2. Kontratuak prestatuko dira beren xedearen arabera eskudun den unitatearen kontrolaren eta erantzukizunaren pean. Unitate horri, foru lege honen ondorioetarako, kontratua kudeatzen duen unitatea deituko zaio.

3. Kontratazio espedientea kontratuaren unitate kudeatzaileak egindako txosten arrazoitu baten bidez hasiko da, zeinean azalduko baitira ase nahi diren beharren izaera eta neurria, xedearen egokitasuna beharrak asetzeko, kontratuaren xede diren prestazioen ezaugarriak eta balio zenbatetsia, prezioa merkatuarekin bat datorren, kontrataziorako prozeduraren hautaketa eta, kasua bada, kaudimen irizpideak, adjudikazio irizpideak, eta kontratuaren xedearekin duten lotura, bai eta ondasun edo zerbitzuen hartzaile diren pertsonen beharrizan zehatzak eta haien inguruabarrak ere, eta beharrezkotzat jotzen diren beste guztiak. Kontratazio-espedienteak honakoak ere jasoko ditu, beharrari buruzko txostenaz gain:

a) Kontratazioaren plegu arau-emaileak.

b) Kreditu-erreserbaren dokumentua, prozedura erraztuan eta lizitazio deialdirik gabeko prozedura negoziatuan.

c) Txosten juridikoa.

d) Kontu-hartzailearen fiskalizazioa.

4. Kontratua prestatzeko fasea buruturik, salbu eta prozedura erraztuan eta lizitazio-deialdirik gabeko prozedura negoziatuan, kontratazio organoak ebazpen arrazoitua emanen du espedientea onesteko eta adjudikazio prozedurari hasiera ematea xedatzeko. Ebazpen horretan gasturako baimena ere jasoko da.

5. Jatorri desberdinetako ekarpenekin finantzatuko diren kontratuei dagokienez, espedientean egiaztatu beharko dira horien guztien eskuragarritasuna eta horien ordainketaren ordena.”

Berrogeita hamazazpi. 139.2. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“2. Kontratu bakar gisa adjudikatzen ahalko dira urte anitzeko izaerakoak diren diru-laguntzen menpeko finantzaketa duten kontratuak, prozedura irekiaren nahiz murriztuaren bidez eta aurreikusirik kontratua diru-laguntzen erritmoaren arabera bete dadila”.

Berrogeita hemezortzi. 141.2. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“2. Kontratu-hartzaileak organo kontratatzailearen aurrean justifikatu beharko du, hala eskatzen zaion edozein unetan, aplikatzekoa den hitzarmen kolektibo sektorialak ezartzen dituen lan baldintzak betetzen direla, edo beharrezkotzat jotzen den beste edozein zertzelada, nortasunari, gaitasunari, kaudimenari edo kontratua betetzeko moduari buruzkoa”.

Berrogeita hemeretzi. 152.2. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“2. Prezioa ordaintzeko araubidea pleguetan ezarriko da. Era berean, eta ezertan ukatu gabe kasua bada aplikatzea urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 44. artikuluan ezarritakoa (LBK 2015, 1654), pleguan beti aurreikusi beharko da kontratistaren betebeharra dela subrogazioak ukitutako langileei ordaindu gabe utzitako soldaten erantzule izatea, bai eta sortutako Gizarte Segurantzarako kotizazioena ere, are kontratua suntsitu eta kontratista berriak langileak subrogatzen dituenean; betebehar hori ez da inola ere kontratista berriarena izanen. Kasu horretan, behin soldata horiek ordaindu gabe daudela frogatuta egon ondoren, Administrazioak kontratistari zor zaizkion kopuruak atxikiko ditu, soldata horien ordainketa bermatzeko, eta ez du behin betiko bermea itzuliko harik eta soldata horien ordainketa frogatzen den arte”.

Hirurogei. 158.2. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“2. Edozein modutan, kontratua bete dela egiaztatzeko, Administrazioak harrera- edo adostasun-egintza formal eta positibo bat eginen du, kontratuaren xedea burutzen edo entrega egiten denetik kontatzen hasita hamabost eguneko epean gehienez ere. Hornidura-kontratuetan nahikoa izanen da garraio-agiria sinatzea. Zerbitzu-emate iraunkorreko kontratuetan nahikoa izanen da unitate kudeatzaileak oniritzia ematea fakturan edo behar bestekotzat jotzen den beste dokumentu batean, prestazioa behar bezala bete dela ulertzeko. Obra kontratuetan eta herri-lanen emakidarako kontratuetan, pleguak epe hori luzatzen ahalko du obrak amaitu eta hogeita hamar egun geroago arte”.

Hirurogeita bat. 161. bis artikulu berria gehitzen da. Testu hau izanen du:

“161. bis artikulua. Kontratu-suntsiarazpeneko prozeduren metaketa eta kontratatzeko debekuen ezarpena.

1. Zilegi izanen da kontratistari egoztekoa zaion arrazoiaren ondoriozko kontratu-suntsiarazpeneko prozeduraren izapidetzeari metatzea kontratatzeko debeku bat ezartzeko prozedurari dagozkion izapideak, debeku hori deduzi daitekeenean kontratistak kontratu-suntsiarazpenaren errua izatetik.

2. Kasu horretan, prozedura hasteari buruzko ebazpenak ohartaraziko du kontratatzeko debekurako arrazoi bat egotearen usteaz, kontratua azkenean suntsiarazirik gertatzearen kasuari lotuta. Zertzelada hori aipatuta utziko da egin beharrekoak diren kontratistari entzuteko izapideetan, kontratistak modua izan dezan horretaz mintzatzeko. Era berean, prozeduran esku hartu behar duten organoei egin beharrekoak diren txosten-eskaeretan ere utziko da aipatuta.

3. Kontratu-suntsiarazpeneko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak halaber zehaztuko du, kasua bada, kontratatzeko debekuaren norainokoa eta iraupena. Baldin eta kontratu-suntsiarazpeneko prozedura aldi berean gauzatzen bada xede bera duen adjudikazio-prozedura berri baten lizitazioarekin, bigarren horren adjudikazioa baldintzatuta egonen da lehena aurretiaz ebazteari, eta adjudikazio berria aurretiazko suntsiarazpen-prozeduran deklaraturiko kontratatzeko debekuaren efektuen eragin-eremuan egonen da.”

Hirurogeita bi. 229.1. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Proiektuan aurreikusitako obra egiteko aurrekontuan kostu errealaren % 20 baino gehiagoko aldea gertatzen bada, proiektuaren egileari leporatzen ahal zaizkion huts edo omisioen ondorioz, kalte-ordain sistema bat ezartzen ahalko da pleguan, alegia, proiektua egiteko kontratuaren prezioa jaistea aldearen portzentajearen arabera, gehienez ere prezioaren ehuneko 30era murriztuz”.

Hirurogeita hiru. Hamargarren xedapen gehigarria aldatzen da. Hona testu berria:

“Hamargarren xedapen gehigarria.–Irakaskuntza-, dibulgazio- eta arte-jarduerekin zerikusia duten kontratuetarako araubide berezia.

Kontratuaren xedea pertsona fisikoei adjudikaturiko irakaskuntza- edo prestakuntza-jardueraren bat denean, gauzatua Administrazioaren zerbitzuko langileentzako prestakuntza- nahiz hobekuntza-ikastaroetan edo enplegurako prestakuntzako zentro publikoetan emandako prestakuntza-ekintzetan, bai eta mintegi, solasaldi, mahai-inguru edo hitzaldietan, kolaborazioetan, zientzi artikuluetan edo idatzizko materialen prestaketan, eta espezialitate artistikoaren arabera adjudikatzekoak diren kontratuetan, hala nola zuzendaritza artistikoak, komisariotzak eta antzeko jarduerak, izapide hauek baizik ez dira egin beharko, aplikatzekoa den aurrekontu arloko legeriarekin bat: organo eskudunak eginiko hautaketa edo izendapena, eta kasuan kasuko fakturaren aurkezpena.”

Hirurogeita lau. Hamabosgarren xedapen gehigarria indargabetzen da.

Hirurogeita bost. Xedapen gehigarri bat, hogeita batgarrena, gehitzen da. Testu hau izanen du:

“Hogeita batgarren xedapen gehigarria.–Medikamentu-erosketa publikoari aplikatzekoa zaion araubidea.

1. Osasun Sistema Nazionalerako finkaturiko laborategi-salneurriak dituzten medikamentuak, jadanik erakunde publiko batekiko negoziazioa eta prezio-finkatze administratiboa egon izanez gero, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zuzenean erosten ahalko ditu, lizitazio beharrik gabe.

2. Patente-babesa daukaten medikamentuak, Medikamentuen Prezioetarako Ministerioarteko Batzordeak prezio publikoa zehaztu ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zuzenean erosten ahalko ditu, gehieneko erreferentziatzat harturik Osasun Ministerioak finkaturiko prezioa.

3. Medikamentu generikoen, bioantzekoen eta medikamentu originalen erosketetan, farmazia-zerbitzuek zilegi izanen dute medikamentu horietako edozein aukeratzea, kudeaketa efizienteari dagozkion irizpideak aintzat harturik, medikamentu-erosketarako eskudun den organoak aurretiaz ezarri dituen nahitaezko baldintzak onartzen dituzten hornitzaileek eskainitakoen artetik. Hornitzaile batekin edo batzuekin medikamentu-erosketa publikorako akordio bat sinatzeak ez du eragotziko gero beste akordio batzuk sina daitezela ezarritako baldintzak onartzen dituzten hornitzaile berriekin.

4. Aurreko puntuan adierazitakoa gorabehera, komenigarriagotzat jo ezkero aipaturiko hornitzaile edo medikamentuetatik bakarrarekin lan egitea, zilegi izanen da haietako bakarra hautatzea medikamentu-eskarien xede izateko, hartara prozedura bat eginez, zeinean ezarriko baitira hautaketarako aintzat hartuko diren hauta-irizpide kualitatiboak, bai eta haien haztapena ere. Parte-hartzea eman beharko zaie balizko hornitzaile guztiei, eta hamar eguneko gutxieneko epea ezarriko da, Interneteko argitalpenetik edo gonbidapen-bidalketatik aurrera zenbatzekoa, beren eskaintzak aurkez ditzaten. Unitate arduradunak prozeduraren emaitza jakinarazi eta Interneten argitaratuko du, arrazoiak agertuta. Hornitzailea edo medikamentua bakarra duten medikamentu-erosketa publikorako akordio horien epea ez da urtebete baino gehiagokoa izanen, salbu eta urteko zenbatekoa ez denean 100.000 euro baino gehiagokoa, ezen kasu horretan urtebete gehiago luzatzen ahalko da, alderdiak aurretiaz elkarrekin ados jarrita.

5. Medikamentu-erosketa publikorako edozein motatako akordioak izaeraz pribatu izanen dira, baina haiek izapidetzean honako hauek bete beharko dira:

a) Beharrizanaren eta kreditua egotearen justifikazioa.

b) Hornitzaileek bete beharreko baldintzen zehaztapena, esanbidez ezarrita zein izanen den ordainketa-sistema eta zein izanen diren epeei, produktuaren kalitateari eta/edo horniduraren kantitateari dagozkien urraketengatiko kontratu-zigorrak.

c) Enpresari zuzenduriko eskaera formala. Eskaera hori onartzeak esan nahi du akordioaren termino guztiak betetzeko konpromisoa hartzen dela.

6. Medikamentu-erosketa publikorako akordioak segidako traktukoak direnean, zilegi izanen dute xedapenak txertatzea haien aldaketari eta berariazko suntsiarazpen-arrazoiei buruz.”

Hirurogeita sei. Xedapen gehigarri bat, hogeita bigarrena, gehitzen da. Testu hau izanen du:

“Hogeita bigarren xedapen gehigarria.–Administrazio publikoei aplikatzekoak zaizkien arauak, foru lege honetan arauturiko prozedurak direla-eta.

1. Foru lege honetan arauturiko prozedurek, lehenik eta behin, foru legean bertan eta haren garapen-arauetan jasotako aginduak izanen dituzte araubide; eta, ordezko modura, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta haren arau osagarriek jasotzen dituztenak.

2. Betiere, interesdun den pertsona batek eskaturik hasitako prozeduretan, haietarako ez baldin bada berariaz besterik ezartzen, eta xedetzat edo gaitzat badute kopuru-erreklamazioa, administrazio-prerrogatiben egikaritzea edo administrazio-kontratu baten exekuzioarekin, betetzearekin nahiz azkentzearekin zerikusia duen beste edozein afera, interesdun den pertsonak zilegi izanen du, prozeduraren ebazpenerako ezarritako epea ebazpen hori jakinarazi gabe igaro denean, bere eskaera administrazio-isiltasunez ezetsitzat jotzea, ezertan eragotzi gabe ebazteko betebeharrak bere horretan irautea”.

Azken xedapen bakarra.–Foru legeak indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2021eko urriaren 21ean.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2115219