25. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

308E/2020 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez deklaratzen baita azkendutzat ematen dela Ingurumeneko, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren apirilaren 26ko 209/2007 Foru Aginduaren bidez emandako ingurumen baimen integratua, erabiltzerik ez duten pneumatikoen hondakinak balorizatu eta birziklatzeko instalazio baterako, Indugarbi NFU’S SLk sustatua, Murillo El Frutoko udal-mugartean. Baimena azkendutzat ematen da EEHen tratamendu prozesuei, araztegiko lohiekin biokalak egiteari eta plastikoak txikitu eta grantza bihurtzeari dagokienez.

Ekainaren 24ko 7/2004 Foru Legearen bidez Murillo el Frutoko Udalaren 159.224 metro koadroko herri-lurraren onura publikoa deklaratu eta haren desafektazioa onetsi zen, gero Indugarbi SL enpresari saltzearren, hondakinak balorizatzeko industria multzoa jartzeko. Foru lege horren lehenengo xedapen gehigarrian ezartzen da ezen legearen edukiak eraginkortasuna izan dezan, ingurumen baimen integratua lortu behar dela eta udalez gaindiko proiektu sektoriala onetsi.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak apirilaren 26ko 209/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 287E/2014 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11.1 artikuluak ezartzen duenez, bi urte iragaten badira ingurumen baimen integratua eman zenetik proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte iragaten badira hura bukatu gabe eta jarduera abian jarri gabe, ulertuko da baimena iraungi dela eta ondoriorik gabekoa dela.

2019ko otsailaren 7an, instalazioa bisitatu zuten Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko teknikariek, eta egiaztatu zuten baimenean sartutako jardueretako batzuk ez direla eraiki eta ez dagoela aurreikusirik eraikitzea, zehazki hauek: EEH hondakinak tratatzeko prozesuetakoak, araztegiko lohiekin biokalak egitekoak eta plastikoak txikitu eta grantza bihurtzekoak. Eraikita eta jardunean dagoen instalazio bakarra erabiltzerik ez duten pneumatikoak balorizatzekoa da, zeina handitu egin baita nabearen barruan, mikronizatu kriogenikorako lerro batekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Deklaratzea azkendutzat ematen dela Ingurumeneko, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren apirilaren 26ko 209/2007 Foru Aginduaren bidez emandako ingurumen baimen integratua, erabiltzerik ez duten pneumatikoen hondakinak balorizatu eta birziklatzeko instalazio baterako, Indugarbi NFU’S SLk sustatua, Murillo El Frutoko udal-mugartean. Baimena azkendutzat ematen da EEHen tratamendu prozesuei, araztegiko lohiekin biokalak egiteari eta plastikoak txikitu eta grantza bihurtzeari dagokienez.

Bigarrena.–Ingurumen baimen integratua eguneratzea erabiltzerik ez duten pneumatikoen hondakinak balorizatu eta birziklatzeko instalazio baterako. Titularra Indugarbi NFU’S SL da eta instalazioa Murillo El Frutoko udal-mugartean dago. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta lehenago tramitatutako espediente administratiboen gainerako agiri teknikoetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan ezartzen diren baldintzak.

Hirugarrena.–Eraginik gabe uztea azkendutzat emandako prozesatze-lerroetarako ingurumen baimen integratuan sartu ziren baimen eta inskripzioak.

Laugarrena.–Zentroak Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan hondakin arriskutsuen ekoizle/ekoizle txiki gisa (15P01179016052007) duen inskripzioa kentzea.

Bosgarrena.–Hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile izateko baimenaren indarraldia mantentzea eta inskribatzea Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan, 15G04179016052007 erregistroa zenbakiarekin. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikulua aplikatuz (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena). Sozietatearen helbidea dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoak III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitate batek ustiatu beharko du instalazioa, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Seigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Indugarbi NFU’S SLri eta Murillo el Frutoko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 22an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2015998