25. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

200E/2020 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Antzinen mendi-bizikletako ibilbideak seinaleztatzeko proiektua egiteko. Sustatzailea Antzingo Udala da.

2020ko urtarrilaren 8an Biodibertsitatearen Zerbitzuak aurrean aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko P) epigrafean dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena emateaz edo ukatzeaz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren arabera BTT-enduroko lau ibilbide balizatuko eta sustatuko dira. Ibilbideak balizatzeko IMBA (International Mountain Bicycling Association) estandarra aplikatuko da. Proposatzen diren ibilbideak bide eta zidorretatik doaz eta Antzin hasten eta amaitzen dira. 1., 2. eta 3. ibilbideak Antzinen eta Lokiz Mendian barna doaz; lehenengoa 17,8 Km-koa da, bigarrena 11,3 Km-koa eta hirugarrena 16,2 Km-koa. Laugarren ibilbidea 17,1 Km-koa da eta Antzin, Piedramillera eta Mendaza zeharkatzen ditu. Proposatutako BTT-enduroko lau ibilbideok Lizarraldeko mendi-bizikletako espazioaren sarearekin eta Vasco-Navarro trenbideko bide berdearekin lotzen dira Antzinen.

Ibilbideetako 62,4 Km-etatik gehienak Lokiz Mendiko eta Bi Haizpeko mendilerroko baso-lurretan daude, onura publikoko mendietan; ia erdiak “Lokiz Mendia” kontserbazio bereziko eremuan (KBE) daude. 4. ibilbidea 2. natur monumentutik (Hiru hankako artea) gertu dagoen bide batean ezarri da, Mendazako Kontzejuaren lurretan. Berez, proposatzen den jarduketak (seinaleak jartzea, batez ere) ez du edukiko eragin handirik ingurumenean.

Ez da proposatzen esku hartzea ez bideetako zoladuran, ez landaretzan. Honako hau baino ez da aurreikusten: bi urtez behin gutxienez gehiegi hazten diren landareak kentzea, erortzen diren harriak baztertzea eta antzekoak.

Proiektuak honako herri hauek ukitzen ditu: Antzin, Murieta, Mendaza, Piedramillera eta Santiago Lokizko Batzarra.

Espedientean Antzingo Udalak hirigintza-bateragarritasunaz egindako aldeko txostena dago. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak jakinarazi du jarduketa jarduera baimendutzat hartzen dela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110. artikuluaren arabera eta beraz ez duela behar lurzoru urbanizaezineko jarduerarako baimenik.

Gainera, honako txosten hauek daude: Basoak Kudeatzeko Atalak aldeko txostena egin du, baldintzak ezarrita, proiektua gauzatzeari buruz eta “mendiak aisialdirako erabiltzea” jarduerari buruz, 59/1992 Foru Dekretuaren 96. artikuluarekin bat etorriz; Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak aldeko txostena egin du, baldintzak ezarrita, Nafarroako abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearekin bat etorriz; Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, baldintzak ezarrita, bere eskumenez baliatuz.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. ingurumen ukipenetarako baimena ematea Antzinen mendi-bizikletako ibilbideak seinaleztatzeko proiektua egiteko (Antzin, Piedramillera eta Mendazako udal-mugarteetan). Proiektua Antzingo Udalak sustatu du.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatu beharra ezartzen du:

–Antzingo Udalaren, Murietako Udalaren, Mendazako Udalaren, Piedramillerako Udalaren eta Lokiz Mendiko Batzarraren baimena beharko da.

–Sustatzaileak aldian-aldian tarte kalteberenak aztertu beharko ditu: higadura-arrisku handiena duten tarteak, animaliek edo abereek kalte jasan dezaketen tarteak, eta abar. Ibilbideak gainbegiratzeko sistema edo protokoloa ezarri beharko da, gertatzen diren ukipenak ebaluatzeko eta ibilbideak garbi edukitzeko hondakinak berariaz finkatutako tokietan utziz. Horri esker tarte jakinetan narriadura saihesteko esku hartu behar denez erabaki ahal izanen da. Ibilbideak gainbegiratzeko sistema Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalera bidali beharko da, ontzat eman dezan. Gainera, langile arduradunak, zaintza-lanen maiztasuna eta kontrolpean edukiko diren tarte kalteberenak zehaztu beharko dira, besteak beste. Zaintza-planaren emaitzak bi urtez behin bidali beharko dira Zerbitzura.

–Nolanahi ere, baldin eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusia ohartzen bada kalteak gertatu direla, espezie kalteberak daudela edo higadura-arazoak daudela, besteak beste, proiektuaren sustatzaileari eskatu ahal izanen dio ezar ditzala neurri zuzentzaileak, hala nola ibilbidearen trazadura aldatzea erruz higatutako aldeetan, arazoak dauden tarteak mugatzea/ixtea, jarduketa zuzentzaileak eta eragina murrizteko jarduketak egitea, eta abar.

–Erabiltzaileentzako informazioan (webgunea, harreragunea, eta abar) aipatu beharko da ibilbideen tarte gehienak naturaguneetan daudela eta begirunea zor zaiela. Hori guztia lortuko bada, ibilbideetan jende gehiegi ibiltzea eragotzi behar da, zaratak eta zalapartak murriztu behar dira eta bizikletazaleei jakinarazi behar zaie kontuz ibili behar direla urteko sasoi batzuetan, espezie batzuen ugalketa-aldietan (martxotik ekainera bitartean, oro har), eta tarte jakin batzuetan (zuhaitz helduak, harkaitzak, abereak dabiltzan tokiak, hezeguneak eta abar).

–Balizak paratzean kontuz ibili behar da ibilbidea ez igarotzeko honako hauetatik gertu: zuhaitz zahar handiak, monumentu megalitikoak, ur-masak, istilak eta hezeguneak. Horregatik, oro har, ibilbideak halako tokietatik 5 metrora ezarri behar dira.

–Pentsatzekoa da ibilbideok nolabaiteko eragina edukiko dutela mendiaren ohiko erabileretan, baina ezin da zehatz-mehatz jakin non gertatuko den, ez noiz. Erabiltzaileei jakinarazi beharko zaie bidezidor hauen erabilera bateragarria izan behar dela ohiko erabilerekin eta beste jarduera batzuekin. Horrenbestez, ibilbideek eragina eduki dezakete abeltzaintzan, zur-aprobetxamenduetan, ehizan eta beste jarduera batzuetan. Hona zehatzago:

  • Baso- aprobetxamenduak edo lanak: Baliteke ibilbideak pasatzen diren toki batzuetan baso-aprobetxamenduak egitea. Horregatik, ezbeharri gerta ez dadin, lanen berri eman beharko zaie bizikletazaleei eta bidezko neurriak ezarri beharko dira. Beraz, bidezidorren inguruan baso-ustiapenean ari badira, horren berri eman beharko zaie bizikletazaleei, lanak egiten ari den enpresak bere seinaleak paratzea gorabehera, kontuz ibil daitezen eta inolako ukipenik izan ez dadin bizikletazaleen eta langileen artean.
  • Abeltzaintzako aprobetxamenduak. Ibilbideek abereak aztoratzen ahal dituzte. BTT ibilbideetan txakurrak nola ibili behar diren arautu behar da, eragozpenak sortzen ahal baitizkiete beste bizikletazale batzuei eta inguruko abereei. Jakinarazi beharko da, eta agindu, abere-zonetan txakurrak lotuta eduki behar direla beti. Ibilbideetan itxitura bat igaro behar izanez gero, ezkutaleku moduko pasabidea egin beharko da edo bestela gainbidea, behar bezala (zurezko elementu horizontalak); ez da paratu behar “ireki eta itxi” beharreko atakarik, bizikletazaleek irekitzen eta ixten ibili beharrik ez edukitzeko, halakoetan oso litekeena baita ataka zabalik gelditzea.
  • Ehiza-aprobetxamenduak. Uxaldiak, orkatz-ehizako zelatak, uso-pasa, oilagor-ehiza... urtean zehar ehiztariak era askotako modalitateetan aritzen dira mendi hauetan. Ehiza-esparruen titularrek argi utzi behar diete ehiza-aprobetxamenduen esleipendunei nondik doazen bizikleta-ibilbideak, bizikletazaleak arriskua ez jartzeko. Modalitate batzuetan (uxaldiak) seinaleak paratu behar dira nahitaez. Orobat, sustatzaileak ehiza-arriskuen berri eman behar lieke bizikletazaleei, eta jakinarazi urteko aldi jakin batzuetan ehizan egiten dela.
  • Erabilera publikoa: harremanak bidezidorren beste erabiltzaile batzuekin.

–Bizikleta-bideak oso ondo seinaleztatu behar dira lurrean, hau da, egun dauden bide-zidorretan. Debekatuta dago bidezidor alternatiboak sortzea. Debekatuta dago markak jartzea zuhaitzetan.

–Gomendatzen da segurtasuna aztertzea, jarduerok arrisku zenbait baitakarte, ibilbideak igarotzen diren alde batzuk helezinak eta estaldura txarrekoak izaki.

–Ibilbideak egokitzeko beste jarduketaren bat egin behar izanez gero, baso-masetako tarteetan egin beharreko mantentze-lanez gainera, Basoak Kudeatzeko Atalaren aldeko txostena lotu beharko da. Lan horiek egiten diren saila ezin da izan bi metro baino zabalagoa; beraz, belar-sastrakak kentzeko lanak eremu horren barruan baizik ez dira egin behar. Zurezko landareak inausteko mozketa garbiko tresnak erabiliko dira. Zuhaitz-landareak inausteko mozketa garbiko tresnak erabili beharko dira; gainera, ez da ukitu behar abarra enborrean sartzen den mototsa, ez da utzi behar muinoirik eta ezin da urradurarik egin. Enborraren beheko hereneko abarrak baizik ezin izanen dira inausi, eta adaburua orekatuta utzi beharko da. Inausketaren hondarrak atera egin behar dira; ezin dira utzi landaretza naturala dagoen tokian.

–Zidorren zoladura profilatuz mantentzen ahal da, baina ezin da ezarri zidorrean bertan ez dagoen materialik.

–MN-2 natura-monumentuari dagokionez, nahiz eta bertan jarduketarik egiteko asmorik ez eduki, honako arautegi hau aplikatu behar da: 87/2009 Foru Dekretua, abenduaren 1ekoa, Nafarroako zenbait zuhaitz berezi natur monumentu deklaratu eta horien babes araubidea ezartzen duena.

–49 Bis iraganbidea (P-49Bis) abelbideak jasan lezakeen eragina dela eta:

  • Abelbide-tarte horietan lehentasuna edukiko dute beti abereek eta abelbideen gainerako erabiltzaile guztiek.
  • Obretan edo mantentze-lanetan ezin da aldatu bidearen zoladura, ez eta abelbideetan dauden lursailaren sarbideen zoladura ere. Abelbideen trazadura bihurria eta jatorrizko zoladurak (batez ere galtzadenak) zaindu beharreko balioak dira.
  • Abelbideetan edo haien zortasun-eremuetan panelik, kartelik edo seinalerik paratuz gero, Nafarroako Abelbideen Irudi Korporatiboaren Erabilerarako Eskuliburuan (2008ko azaroa) ezartzen dena bete beharko da, kontuan eduki beharko dira bizikleta-ibilbideak seinaleztatzeari buruzko arauak eta horretarako finkatutako erreferentziazko koloreak, eta IMBA motako piktogramak erabili beharko dira. Eskuliburua webgune honetan eskuratzen ahal da: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Patrimonio+natural/Vias+pecuarias.htm.
  • Horrelakoetan, abelbideetan seinaleak eta panelak paratu ondoren haien kokapen-koordenatuak (ETRS89 UTM ZONE 30N) emanen dira Excel fitxategi batean; zedarri bakoitza nolakoa den zehaztu behar da eta behar diren oharrak eransten ahal dira. Gainera, abelbideen unitateari abelbideetan paratutako panel informatiboen kopia emanen zaie PDF formatuan. Panel informatiboetan abelbidearen historia lokalaren berri emanen da.
  • Jarduketa mantentzeko lanak azpiegitura dagoen udal sustatzailearen kontura izanen dira edo, bestela, horretan parte hartzen duen partzuergoaren kontura. Mantentze-lanak honako hauek izanen dira: instalazio berrien erabilpenak edo haiek ez erabiltzeak sortzen dituen zaborrak kentzea; belar-sastrakak eskuz erauztea (abelbideetan ezin da erabili herbizidarik ez intsektizidarik); azpiegituren funtzionaltasuna amaituz gero, hondarrak deuseztatzea eta ezabatzea eta ingurumena egokitzea.

–Balizak eta seinaleak paratzeko lanetan sortzen diren soberakinak edo hondakinak indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz kudeatu beharko dira.

–Sustatzaileak narriatzen diren balizak, seinaleak eta panelak kendu beharko ditu eta haien ordezkoak paratu beharko ditu.

–Seinaleak jartzeko eta ibilbidea atontzeko lanak egin baino 72 ordu lehenago abisu emanen zaio Lizarrerriko Ingurumena Zaintzeko Taldeari 680 06 26 39 edo 948 55 60 31 telefonora hots eginik edo gmaestellanorte@navarra.es helbidera mezua bidalita. Taldeak lanak gainbegiratuko ditu, nolako eragina edukiko duten aztertzeko: ukitutako tokiak eta iraupena.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epealdian.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Basoak Kudeatzeko Atalari, Antzingo Udalari, Murietako Udalari, Mendazako Udalari, Piedramillerako Udalari, Santiago Lokizko Batzarrari, Lizarrerriko Ingurumena Zaintzeko Taldeari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 30ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2016380