25. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERREZU

Ordenantza, Sarbideak eta aparkalekua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Errezuko Kontzejuak, 2020ko uztailaren 4an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Errezuko Kontzejuan sarbideak eta aparkalekua arautzen dituen ordenantza.

Hasiera bateko onespenaren iragarkia argitaratu zen 2020ko 173. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 6an.

Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu; beraz, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz, behin betiko onetsitzat jo da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, behin betiko testuarekin batera.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen, beren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen ez den bitartean eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki-erakundeei egin dituzten egintzak edo harturiko erabakiak deusezta ditzaten eskatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea amaitu ez den artean.

ERREZUKO KONTZEJUAN SARBIDEAK ETA APARKALEKUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Ordenantza hau ezartzen da bisitariek erabiltzen dituzten ondasun publikoak arautzeko beharra dagoelako (bide publikoak, aparkalekuak izateko bereziki prestatutako espazioak, aisialdirako eremuak), kontuan izanik handia dela bisitarien kopurua eta ondasun horien erabilera, eta horrek eragin nabarmena izan dezakeela Ubagua ibaia dagoen ingurunean. Izan ere, ingurune horrek ingurumen balio berezia du eta dituen ezaugarri bereziak babestu, mantendu eta kontserbatu beharra dago.

Halaber, beharrezkoa da bateragarri egitea eta harmonia lortzea bide publiko horien ohiko erabileraren, hau da nekazari, abeltzain edo basogintzan diharduten pertsonek egiten duten erabileraren, eta bisitariek, josteta, aisialdi eta jolas jardueren bila, egiten duten erabileraren artean.

Beraz, ordenantza honen onespenarekin Errezuko Kontzejuan Ubagua ibaiaren ingurunerako sarbidea arautu nahi da, zehazki herrigunerako sarbideak, bai eta eremu horretan aparkatzeko gaituko diren tokiak, bideen erabilera eta aparkatzeagatik ezarriko diren tasak.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da Errezuko Kontzejuan Ubagua ibaiaren ingurunerako sarbidea arautzea, bai eta eremu horretara sartzeko Kontzejuaren jabari publikoko ondasunen erabilera egokia arautzea ere (kale eta bide publikoak, aparkatzeko eremuak etab.).

Halaber, ordenantza honen xedea da espazio hori modu pribatiboan eta/edo berezian okupatu edo erabili ahal izateko kasu zehatzak finkatzea, horiek arautzea eta dagozkion tasak ezartzea.

2. artikulua. Kontzejuaren edo toki-erakunde eskudunaren eskumena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluan xedatuarekin bat, kontzejuen kudeaketa- eta administrazio-organoei dagozkie, besteak beste, eskumen hauek:

–Beren ondarea administratu eta zaintzea, baita haren aprobetxamendua eta erabilera arautu eta antolatzea ere.

–Mugarteko landabideak zaindu, artatu eta begiratzea, baita kontzejuen interesekoak baino ez diren gainerako erabilera eta zerbitzu publikoko ondasunak ere.

–Bideak garbitzea.

Halaber, kontzejuek erabiltzen ahal dituzte udalerriak edo Nafarroako Gobernuak eskuordetzen dizkieten eskumenak.

II. TITULUA

Errezuko Kontzejuko sarbidea, bertan gelditzea eta aparkatzea

I. KAPITULUA

Errezuko Kontzejuko sarbidea

3. artikulua. Sarbidea.

Errezuko Kontzejuak ezarritako aparkalekura sartu ahal izanen da soilik horretarako seinaleztatutako sarbideetatik, eta erabat debekatua dago beste bide batzuetatik sartzea.

4. artikulua. Landabideak ixtea.

Aurreko artikuluan ezarritako debekua betetzen dela bermatzeko, Ubagua ibaiaren ingurunera sartzeko gainontzeko landabideak itxita egonen dira, kasuan kasuko seinalizazioa paratuz.

5. artikulua. Epealdia.

Ordenantza hau indarrean egonen da urte osoan zehar, salbu eta Errezuko Kontzejuak erabakitzen dituen epealdietan; halakoetan, berariaz adieraziko da ezarrita dauden seinaleetan.

II. KAPITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

6. artikulua. Arau orokorrak.

1. Errezuko Kontzejuari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan aparkatzea antolatzea, nahiz eta bide horiek jabetza pribatukoak izan.

2. Gelditzean eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko, ezta arriskurik sortuko ere bidearen gainerako erabiltzaileei; bereziki zainduko da non uzten den eta begiratuko, ez dadin mugitzen hasi gidaria kanpoan delarik.

Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.

Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko moduan, bai eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan ere.

3. Gelditzea da ibilgailua 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea, jendea hartu edo uzteko edo zama-lanak egiteko. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.

4. Herriarteko autobusak espresuki baimendutako geralekuetan baizik ez dira geldituko bidaiariak hartu edo uzteko. Geralekuak behar bezala seinalizatuta egonen dira.

5. Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutu baino gehiagoan ez mugitzea, zirkulazioak hala behartzen duelako ez bada.

6. Gidariek ez dute zilegi izanen ibilgailua geldirik edo aparkaturik uztea motorra pizturik dagoela, ibilgailu barnean gelditzen ez badira.

7. artikulua. Autobusak, kamioiak, autokarabanak, atoiak, edukiontziak eta karabanak.

1. Debeku da gehieneko masa baimendua 5.000 kg baino gehiagokoa duten ibilgailuak aparkatzea Errezuko mugarteko bide guztietan, ez bada zama-lanak egiteko, eta betiere herri sarreran kokatutako aparkalekuan izan ezik.

2. Debeku da autobusak aparkatzea Errezuko mugarteko bide guztietan; ibilgailu mota horiendako aparkalekuan berariaz prestatutako parkingean aparkatu beharko da.

3. Debeku da autokarabanak, atoiak, edukiontziak eta erdi-atoiak aparkatzea, salbu aparkatzeko eremuan autobusak ez diren bestelako ibilgailuendako bakarrik eta berariaz prestatutako gunean.

8. artikulua. Aparkatzea. Ordutegia.

8:00etatik 19:00etara bisitariek nahitaez aparkatuko dituzte beren ibilgailuak aparkatzeko ezarritako eremuan; debeku da beste toki batzuetan aparkatzea, hala nola herrigunean edo landabideetan, eta 0:00etatik aurrera aparkalekua hutsik gelditu beharko da.

Salbuetsita egonen dira betebehar horretatik Errezuko auzotarrak eta, oro har, Kontzejuak emandako egiaztapen-txartela daukatenak.

III. KAPITULUA

Seinaleak

9. artikulua. Seinaleak ezartzea.

Ordenantza honetan araututako alderdiei dagokienez, toki erakunde eskudunak jarriko ditu kasuan kasuko seinaleak eta erabakiko du seinaleak kentzea, aldatzea, ordeztea eta abar.

Seinale horiek aukeratu eta jartzerakoan, toki erakunde eskudunak gai honi buruz aplikatzekoa den araudiaren edukiari jarraituko dio.

Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera bideetan aurkitzen dituzten gainerako erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.

10. artikulua. Aplikazioa.

Errezuko sarreretan jarritako seinaleek, banaka edo karteletan bildurik, sarbidea eta aparkalekua arautuko dituzte berariaz.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

1. ATALA

Arau-hausteak

11. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Ordenantza honen aurkako egiteak eta ez-egiteak arau-hauste administratibotzat joko dira eta bertan jasotakoaren arabera zehatuak izanen dira.

2. Kontzejuaren edo toki-erakundearen eskumenekoak ez diren arau-hausteak administrazio eskudunaren esku jarriko dira.

12. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, baldin trafikoari eta bide segurtasunari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean arau-hauste astunaren edo oso astunaren kalifikazioa ez badu.

Zehazki, arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan araututakoaren arabera aparkatzeko ezarritako leku zehatzetatik kanpo aparkatzea.

Edozein kasutan, arau-hauste astuntzat jotzen da ordenantza honetan Errezuko Kontzejuko sarbideaz jasotako xedapenak ez betetzea (3. artikulua), bat etorriz urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuko 76.c) artikuluan ezarritakoarekin (urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzkoa, 2015eko urriaren 31ko 261. zenbakidun Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua).

2. ATALA

Zehapenak

13. artikulua. Motak.

1. Arau-hauste arinak 100,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; astunak, berriz, 200,00 euroko isunekin.

III. TITULUA

Zehapen prozedura

14. artikulua. Prozedura.

Prozedura izapidetuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

15. artikulua. Berehalako ordainketa.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalean %50 merkeago ordainduko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzen bada, uko eginen zaio alegaziorik aurkezteari eta esanbidezko ebazpenik eman behar izan gabe bukatu daiteke prozedura. Nolanahi ere, gainerako kasuetan dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

16. artikulua. Eskumena.

Eskumena duen toki-erakundeko buruari dagokio ordenantza honetan jasotako arau-hausteak zehatzea, edo, hala izanez gero, horretarako beharrezkoak diren eskumenak eskuordetzan eman zaizkion erakundeari; horrek organo eskudun zehatzaileari antzematen diren arau-hausteen berri emateko ahalmena izanen du. Hori guztia, deusetan ukatu gabe erakunde horretako langileei ematen zaizkien ahalmenak ordenantza honetan jasotakoak antolatzeko eta betetzen direla kontrolatzeko.

IV. TITULUA

Tasak

17. artikulua. Aparkatzea.

Aparkatzeko tasa hau ezarri da eguneko:

• 3,00 euro.

Aparkalekurako zehaztutako prezioek dagokien BEZa barne dute.

18. artikulua. Tasak eguneratzea.

Tasa horiek aldatu ahalko dira Errezuko Kontzejuko Batzarrak erabakita.

Errezun, 2020ko urriaren 7an.–Kontzejuko burua, Alfredo Buldain Goñi.

Iragarkiaren kodea: L2016273