247. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

92/2021 FORU AGINDUA, irailaren 30ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Hezkuntza Departamentuaren Hezkidetza Plana, 2021-2023 aldirako.

Abuztuaren 18ko 72/2021 Foru Dekretuaren bidez hezkidetza arautu zen Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan.

Foru dekretu horrek honako hau ezartzen du 4. artikuluan, Hezkuntza Departamentuaren Hezkidetza Planari buruzkoan:

“1. Hezkidetza ereduak berekin dakar hartzen diren erabakiak, izan curriculumaren eta programazioaren gainekoak, izan ikastetxearen barrenean hainbat eginkizun garatzeko hartzen direnak, koherenteak izatea eta eragitea genero baldintzarik gabeko berdintasunaren garapenean, hezkidetza apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 3. artikuluan definitzen den bezala (17/2019 Foru Legea, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa). Irakasleek hezkidetzarako gaitasuna eskuratu behar dute, hau da, testuinguru desberdin askotan aplikatzeko ezagutza metatu bat izan behar dute. Hezkidetzarako gaitasuna eskuratzeko, ezinbestekoa da gaiaren ezaguera izatea, hausnartzea, eta jakintza horren parte diren trebetasun praktikoak ezaguerarekin lotzea. Beraz, Hezkidetza Planak, prestakuntza prozesuaren bidez, ezaguera ematen du, eta bermatzen du ikasitakoa praktikan jartzea eta eguneroko zereginetan txertatzea.

Irakasleek hezkidetzarako gaitasun profesionala eskuratzea funtsezkoa da ikasleek berdintasunean bizitzen ikasteko gaitasuna izan dezaten. Horrela, bai irakasleak bai ikasleak gaitzeko eskakizuna betetzen da.

2. Emakumezkoak eta gizonezkoak berdintasunez eraikitzeko, eta emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko, hezkuntza sistemaren esparruan, beharrezkoa da proposamen guztiak giltzarri diren ideia antolatzaile batzuen gainean garatzea.

Ideia antolatzaile horiek hezkidetza eredua egituratzen dute, eta zeharkako gako eta erreferente gisa proposatzen dira hezkuntza eremuko erabaki eta jarduera guztietan, hasi Hezkuntza Departamentutik eta ikastetxeetaraino.

3. Hauek dira hezkidetza-eredua eraiki behar duten ideia antolatzaileak:

a) Genero desberdintasunaren aurrean kontzientzia kritikoa izatea: pentsamendu eta gogoeta kritikotik abiatuta genero desberdintasunak identifikatu eta aztertzea, eta konpromisoa hartzea horiei aurre egiteko, horiek eraldatzeko eta berdintasun handiagoko gizarte baterantz aurrera egiteko.

b) Bizitzaren jasangarritasunerako autonomia pertsonala izatea, dimentsio guztietan: zaintza lanen autonomia pertsonala eta enplegura bideratutako lana funtsezko baldintzatzat hartzea berdintasunezko bizitza proiektuetarako.

c) Ahalduntzea, lidergoa eta erabakiak hartzeko gaitasuna: zalantzan jartzea jakintzen eta horiei emandako balioaren hierarkia, ikusaraztea eta integratzea emakumeen jakintza eta gizadiaren garapenari egindako ekarpen sozial eta historikoa, eta aitortzea berdintasunezko helburu komunak lortzeari begira beste pertsona batzuekin batera jarduerak erabakitzeko, koordinatzeko eta bultzatzeko gaitasuna.

d) Hezkuntza afektibo eta sexual positiboa, osasungarria eta aniztasunarekiko errespetuzkoa: eskolako lehen etapetatik sexualitate positiboa, osasungarria eraikitzen laguntzea, aniztasuna errespetatuko duena eta orientazio sexualagatiko eta identitate sexualagatiko eta/edo generoagatiko aurreiritziak saihestuko dituena, tratu onean oinarritutako indarkeriarik gabeko eta berdintasunezko harreman afektiboak sendotzen lagunduz.

e) Hizkuntza: gaitzea ez sexista ez androzentrikoa izanen ez den hizkuntza erabiltzeko, izan ahozkoa, idatzizkoa nahiz ikusizkoa, hizkuntza baita munduaren irudikapena komunikatzeko eta transmititzeko tresna, eta eragina baitu identitate pertsonalen eraikuntza hierarkizatuan.

f) Espektatiba indibidualak: ulertzea orientazio prozesuak, orain arte orientazio akademiko eta profesionaleko prozesu deituak, hezkuntza prozesu osoan zehar gertatzen direla, eta baldintzatu egiten dituztela ikasleek ikasketetan eta bizitzan egindako aukerak; beraz, beharrezkoa da eskolatzearen hasieratik hezkidetza orientazioko prozesuak proposatzea, genero baldintzatzaile horiek mugatzeko, espektatibak zabaltzeko eta erabakiak genero lerratzerik gabe hartzeko.

g) Emakumeen eta nesken aurkako indarkeria guztien prebentzioa: indarkeria erabiltzeko mekanismo ugariak identifikatzea, indarkeriaren aurka egiteko, eta indarkeriarik gabeko metodoak txertatzea gatazkak konpontzeko, bizikidetzarako eta tratu onerako, aniztasunean eta emakumeen eta gizonen eskubide eta aukera berdintasuna errespetatzean oinarrituta.

h) Hezkidetzako kultura: ikastetxea hartzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunezko kultura eraikitzen duen ingurune segurutzat, abiapuntu hartuta curriculumaren programazioari buruz hartzen diren erabakiak, bai eta honako hauen kudeaketari buruzko erabakiak ere: espazioak, komunikazioa, parte-hartzea, eta hura osatzen duten beste elementu batzuk.

4. Hezkuntza kontseilariak foru agindu baten bidez onetsiko du Hezkidetza Plana, bertan zehazten den iraupenarekin. Hezkidetza Plan horrek jaso beharko ditu bai aurreko atalean ezarritako ideia antolatzaileak, bai prestakuntza prozesuaren ezaugarriak.

5. Hezkidetza Plana eta, halakorik bada, plan hori zehazten duten programak, derrigorrez bete beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko hezkuntza sistemako ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek”.

Foru agindu honen bidez onesten den Hezkidetza Plana jendaurrean izan da 2021eko abuztuaren 18tik irailaren 20ra, biak barne.

Era berean, 2021eko irailaren 15ean, Nafarroako Eskola Kontseiluak aldeko irizpena eman zion Hezkidetza Planari.

Azkenik, 2021eko irailaren 23an, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluak aldeko txostena eman zuen 2021-2023 aldirako Hezkidetza Planaren edukiari buruz.

Azaldutako horregatik guztiagatik, eta bete dadin abuztuaren 18ko 72/2021 Foru Dekretuak 4.4 artikuluan xedatutakoa (foru dekretu horren bidez hezkidetza arautu zen Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan),

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Hezkuntza Departamentuaren 2021-2023 aldirako Hezkidetza Plana, zeina eranskin gisa gehitzen baitzaio foru agindu honi.

2. Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko hezkuntza sistemako ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek nahitaez bete beharko dituzte Hezkidetza Plana eta hura zehazten duen SKOLAE programa, halaxe xedatu baitu 4.5 artikuluan abuztuaren 18ko 72/2021 Foru Dekretuak.

3. Hezkidetza Plana 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteetan aplikatuko da.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2021eko irailaren 30ean.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN 2021-2023 ALDIRAKO HEZKIDETZA PLANA

Aurkibidea

1.–Hitzaurrea.

2.–Hezkidetza Planaren ezaugarriak.

3.–Hezkidetza programa: SKOLAE.

4.–Hezkidetza-nortasunaren plana.

5.–Jarraipena eta ebaluazioa.

6.–Koordinazioa eta lankidetza.

7.–Materialak.

8.–Zabalkundea.

1.–Hitzaurrea.

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko hezkuntza sistemarako 2021-2023 aldirako Hezkidetza Planak estrategia bat ezartzen du, bermatzeko erantzun sistematizatua, koherentea eta eraginkorra emanen dela, bat etorriz abuztuaren 18ko 72/2021 Foru Dekretuaren I. kapituluan planteatzen diren xedeekin (foru dekretu horren bidez hezkidetza arautu zen Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan).

Hezkidetza Planak prozesu bat planteatzen du hezkidetza-nortasuna eraikitzeko, garatzeko eta finkatzeko foru dekretuaren xedeko ikastetxe guztietan. Horren bidez bermatu nahi da ikasleak berdintasunez eta modu integralean garatzen direla, bat etorriz hezkuntza sistemaren gain eragina duten legeetan ezarritako eskakizunekin.

Hezkidetza Planak bere egiten ditu jarduketak zuzendu behar dituzten printzipioak, zeinak islaturik baitaude hura osatzen duten elementuetan. Eraldaketa globala eragiteko estrategia gisa, gizonen eta emakumeen berdintasuna zeharkakoa dela bermatzen da, ikuspegi hori sartzen baita Foru Komunitateko funts publikoekin sostengatutako unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen kudeaketa mailetan.

Hezkidetza Planak Estatuko eta Foru Komunitateko arauetan du babesa, eta nazioarteko zein Estatuko akordio batzuetan oinarritzen da. Lehendakaritzako, Gorteekiko Harremanetako eta Berdintasuneko Ministerioaren Genero Indarkeriaren aurkako estatu itunean (2019) eta Garapen Jasangarrirako Agenda 2030 ekimenaren 4. eta 5. helburuetan (ekimen horretara batu zen Gobernua erabaki bidez 2019an), hezkuntza sistemari eskatzen zaio jarduketa zehatzak gauza ditzala, bete daitezen gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekin lotutako helburuak. Aipatutakoez gain, Hezkidetza Planak kontuan ditu estatu, foru komunitate eta udal mailako zenbait ikerketaren datuak eta ondorioak, honako hauenak, esaterako: “Emakumeen kontrako indarkeriaren egoera Espainian nerabezaroan” Berdintasun Ministerioak 2021ean argitara emana; “Berdintasuna zifretan HLHM 2021-Berdintasunaren aldeko ikasgelak” Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioarena; “LGTBI errealitateen diagnostikoa Iruñean” 2020koa, Iruñeko Udalarena, eta “Genero zeharkakotasunari buruzko azterlana NUPen ezarritako graduetan” Nafarroako Unibertsitate Publikoko generoaren arloko ikerketa taldeak egina 2013-2014 ikasturtean.

2.–2021-2023 aldirako Hezkidetza Plana.

–Planak lortu nahi du iraunkorra izan dadin ikastetxeen hezkidetzaren arloko eraldaketa: Ikasleek lor dezaten gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean bizitzeko gaitasun soziala eta herritarra, ezartzen da ezen beharrezkoa eta nahitaezkoa dela irakasleak hezkidetzaren arloko gaitasunak eskura ditzatela lanean aritzeko, funtzio guztiak bete ditzaten berdintasunetik eta berdintasunari begira.

Hezkidetza identitate zeinu gisa planteatzen da, zeharka ageriko dena ikasgelaren nahiz ikastetxearen kudeaketa orokorraren gainean hartzen diren erabaki guztietan. Plana Nafarroako hezkuntza curriculum autonomikoaren parte izanen da, eta ikastetxeek nahitaez sartu eta justifikatu beharko dute, zeinek bere hezkuntza proiektuan, zer neurri garatzen dituzten berdintasuna bultzatzeko eta hartan hezteko hezkuntza etapa guztietan.

–Hezkidetza hartzen da hezkuntzako kalitate eta bikaintasun adierazle gisa, ikastetxea inklusiboa izateko ezinbesteko elementua den aldetik. Aniztasunaren kontzeptua zabaltzen da, barnean delarik berdintasunezkoa ez den eta hierarkizaturik dagoen sozializazioari lotutako aniztasuna. Aniztasunak eta aldeek ez dute eragin behar ez desberdinkeriarik ez diskriminaziorik. Desberdinkeriek lotura dutenez haien artean, Hezkidetza Planak proposatzen du inklusioa ere hezkidetzan oinarritua izan dadin, eta kontuan izan ditzan gizartearen genero-hesiak, mugatzen baitute ikasleen garapen integrala.

–Ikastetxeetan planteatzen diren eraldaketa prozesuak integratu nahi ditu. Zenbait ikastetxek, inklusiboak izateko, aldaketa batzuk proposatzen dituzte hainbat programatan; beste batzuek, berriz, elkarbizitzaren gaineko ikuspuntu bat txertatzen dute heziketa emozionalean eta tratu onean oinarriturik. Batzuen zein besteen proposamenak bat datoz bai hezkidetzan oinarritutako ereduarekin bai hark oinarrian dituen ideia antolatzaileekin. Hezkuntza Departamentuak koordinazioa bultzatu nahi du programen eta ikastetxe bakoitzeko hezkidetza planaren artean, eta elkarren osagarri izan daitezen sustatu nahi du.

–Ezartzen eta garatzen ditu prestakuntzaren epe ertainerako helburu oinarrizkoak eta derrigorrezkoak, irakasleek gaitasun profesionala lor dezaten hezkidetzaren arloan. Prestakuntza prozesuaren helburua da, hainbat fasetan eta aholkuak emanez, ikastetxeak adostu dezala bere hezkidetza-nortasunaren plana, bat etorriz 72/2021 Foru Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoarekin.

Irakasleek taldean lan eginez prestatu eta garatu behar dute hezkidetza-nortasunaren plana, ikastetxeko zuzendaria buru eta lagun dutelarik.

Hezkidetzaren arloko aldaketa finkatu dadin, ikastetxearen koordinazio egiturek parte hartu behar dute prozesuan; haien bizipenetatik ikasi beharra dago, eta irakasle berriei aukera eman behar zaie ikastetxearen hezkidetza-dinamikan sartzeko.

–Prozesuaren eta izandako aldaketen ebaluazioa sartzen du, etenik gabeko jarduketa modura. Ebaluazio prozedurek barne hartzen dituzte, bai prestakuntza prozesuan parte hartzen duten irakasleak, bai prestakuntza eta aholkuak garatzen eta planifikatzen dituzten taldeak, bai ikasleak, jarduketa guztien helburu diren aldetik. Bat etorriz 72/2021 Foru Dekretuan proposatutakoarekin, plana garatuko da hezkidetza bultzatzeko talde bat sortuta eta hezkidetza sareen partaidetzarekin. Horretarako, egitura egonkorrak behar dira ikastetxeetan, zeinek dinamizatu, planifikatu, ebaluatu eta jarraipena eginen baitiote hezkidetza-eraldaketa gauzatzeko prozesuari.

–Egungo inguruabarretan, 2021-2023 aldirako Hezkidetza Planak bat etorri behar du abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoa aplikatzeko egutegiarekin (lege organiko horren bidez aldatu zen 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa –LOMLOE–). Izan ere, hura garatzean beharrezkoa izan baitaiteke aldaketak egitea zenbait jarduketaren planifikazioan, baita ebaluazioan ere. Hezkidetza Planak konpromiso dinamikoa dakar, balorazioak eta hobetzeko proposamenak egin behar baitira.

–Hezkidetza Planak bat egin behar du Hezkuntza Departamentuak etorkizunean izanen duen Berdintasun Planarekin, zeina zehazten hasiko baita 2022-2027 aldirako Berdintasun Plan Estrategikoaren esparruan.Hezkidetzaren arloko helburuak betetzeko, behar-beharrezkoa da irakasleak trebatzea, baina beharrezkoa da, era berean, Hezkuntza Departamentuaren esparruan hartzen diren erabakiek oinarri eta helburu izan dezatela gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna. Horregatik, behar-beharrezkoa da, halaber, Nafarroako Gobernuaren hezkuntza administrazioa osatzen duten pertsonak trebatzea.

3.–Hezkidetza Plana zehaztea: SKOLAE programa.

2021-2023 aldirako Hezkidetza Plana zehazten da bai 72/2021 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 17 ideia antolatzaileetan, bai SKOLAE programaren funtsezko ardatz eta helburuetan, hezkidetzaren arloan hobetzeko bidean ikastetxeei prestakuntza emateko eta lagun egiteko prozesu gisa.

Programa egituratu da kontuan izanik 72/2021 Foru Dekretuaren 4. artikuluan azaldutako ideia antolatzaileak.

3.1. Ikaskuntza helburuak:

SKOLAE hezkidetza-programak irakasleen hezkidetza-gaitasuna hobetzea du helburu, haiek lortu behar baitute ikasleek gara dezatela gizonek eta emakumeek elkarren arteko berdintasunean bizitzeko beharrezkoa den gaitasun soziala.

Ikaskuntza-helburuak betetzeko, SKOLAE hezkidetza-programak zenbait proposamen egiten ditu, planifikatuak eta esplizituak, ikastetxearen testuinguru zabalean: ikastetxearen hezkidetza-kudeaketan eta curriculum-programazioan. Bermatzen du hezkidetza-kultura sortzea, ikastetxearen nortasun-ezaugarri gisa.

Ikaskuntzaren helburuak ideia antolatzaileetatik abiatuta planteatzen dira, horiek egituratzen baitute prestakuntza eta ikaskuntza. Prozesu bakarra da lortzeko irakasleek eta, horrenbestez, ikasleek hezkidetza-gaitasuna izan dezatela.

Ideia antolatzaile guztiek lotura dute elkarren artean eta ikaskuntza-helburuak ezartzen dituzte, edukien ikuspuntua eta planen nahiz proiektuen planifikazioa eta garapena uztartuta.

Ikaskuntza-helburuek kontuan hartzen dituzte curriculum-iturrietatik egiten diren ekarpenak, beste edozein gaitasun lortzean gertatzen den bezala.

Lehenengo lau ikaskuntza-helburuak zehaztean garrantzitsua da kontuan izatea, berezi-bereziki, dimentsio pertsonala, harremanen dimentsioa eta testuinguruarena, bidea ematen baitute ulertzeko nola garatzen diren pertsonak testuinguru soziokultural batean. Eremu pertsonalean, ikasle bakoitzaren identitatea eraikitzeari buruzko edukiak lantzen dira, baita norberaren bizitza-proiektuari buruzko erabakiak eta nork bere burua ezagutzeko prozesuari buruzkoak ere: nork bere gorputza ezagutzea, baita gaitasunak, mugak, desioak, emozioak eta beste ere. Harremanen eremuan, gai hauei buruzko edukiak lantzen dira: gainerakoekin harremanetan izateko moduak, eta edozein interakziotan guztiok ditugun betebeharrak eta eskubideak. Eremu sozialean eduki batzuk lantzen dira, tokian toki eta gizarte zabalean dagoen egoera ezagutzeko aukera ematen dutenak, eta ematen diren ereduei eta erreferenteei buruzkoak.

1.–Genero desberdinkeriaren aurrean kontzientzia kritikoa izatea:

Pentsamendu eta gogoeta kritikotik abiatuta genero desberdinkeriak identifikatu eta aztertzea, eta konpromisoa hartzea horiei aurre egiteko, horiek eraldatzeko eta berdintasun handiagoko gizarte baterantz aurrera egiteko.

–Pertsona-eremua:

Desberdinkeriaren inguruko pentsamolde kritikoa sustatzea ikasleengan, generoari dagokionez, azterketa-gakoak ekarriz desberdinkeriaren zioak identifikatze aldera.

Ikasleek bizi proiektu propioaren garapena mugatzen duten genero mandatuak identifika ditzaten sustatzea.

Nor bere aldaketa pertsonalaren egilea delako eta identitate berdinzale propioa (feminitate eta maskulinitate hegemoniko diskriminatzaileez harago) garatzen ahal duelako kontzientzia hartzea.

–Harremanen eremua:

Jasotako zaintzak emateko egin beharreko lanak identifikatzea, baita pertsona bakoitzak haietan jokatzen ahal duen papera ere.

Harremanetan erantzunkidetasuna sustatzea (elkarrekiko zaintzetan eta autonomian oinarritu behar lukete harremanok).

Ikasleen arteko harremanetan –nesken artekoetan, neska-mutilen artekoetan nahiz mutilen artekoetan– genero-lerratzeak aztertzea, eta indarkeriarik gabeko eredu eta harreman berdinzaleak sustatzea.

–Testuinguruaren eremua:

Eremu guztietan emakumeen presentzia ikusgai jartzea eta emakumeek emandako zaintzen balioa ikusarazi eta aitortzea, zein hainbat alorretan (zientzia, kirola, asmakizunak, literatura...) nabarmendutako emakumeak ezagutaraztea, baita emakume borrokalariak eta berdintasunarekin konprometituak ere.

Feminismoaren eta mugimendu sufragistaren historia, gaur egungo mugimendu feministak eta berdintasun-politiken sustapenean duten eragina ezagutzea. Genero-rol eta -estereotipoak hausten dituzten gizon-emakumeak baloratzea.

Emakumeen kontrako diskriminazio edo indarkeria egoeretan aktibo izateak duen garrantziaz jabetzea.

2.–Autonomia pertsonala, bizitza jasangarria izan dadin dimentsio guztietan:

Zaintza-lanen autonomia pertsonala eta enplegura bideratutako lana funtsezko baldintzatzat hartzea berdintasunezko bizitza proiektuetarako.

–Pertsona-eremua:

Mota guztietako zaintza-lanak baloratzen eta egiten ikastea, bai nork bere burua zaintzekoak, bai gainerako pertsonak zaintzekoak, zaintzaren alderdi soziala ahaztu gabe, ez eta konponbiderako baldintzetako bat alderdi hori dela.

Aitortzea zer garrantzitsua den zaintza-lanak eta enplegua orekatzea bizitza-proiektu berdinzaleago bat garatze aldera.

Ikasleei genero-lerratzerik gabeko orientabide akademiko profesionala ematea hezkuntza-ibilbide guztian zehar.

–Harremanen eremua:

Jasotako zaintza-lanen balioa aitortzea, baita haiek eman dizkiguten pertsonena ere.

Erantzunkidetasunaren kultura bat sustatzea harremanetan, denborak eta lanak modu bidezkoan banatuta.

Ikasleen artean lanak eta rolak banatzea, genero-lerratzerik gabe, lantaldetan ari daitezen.

–Testuinguruaren eremua:

Hausnarketa eginaraztea gaur egungo eredu ekonomikoaz eta pertsona guztien beharrak eta zaintzak asetzearekin duen loturaz.

Erreferenteak ematea ikasleei, jarrera berdinzaleak dituzten emakume eta gizonenak.

Genero-desberdinkeria aztertzea zaintza-lanetan eta lan-eremuan, eta ikasleek generoaren gainean dituzten ezagutzak handitzea (lanaren sexu-banaketa, soldata-arrakala, segregazio horizontala zein bertikala, sexu-jazarpena eta jazarpena sexu-arrazoiengatik...).

3.–Ahalduntzea, aitzindaritza eta erabakiak hartzeko gaitasuna:

Zalantzan jartzea jakintzen eta horiei emandako balioaren hierarkia, ikusaraztea eta integratzea emakumeen jakintza eta gizadiaren garapenari egindako ekarpen sozial eta historikoa, eta aitortzea berdintasunezko helburu komunak lortzeari begira beste pertsona batzuekin batera jarduerak erabakitzeko, koordinatzeko eta bultzatzeko gaitasuna.

–Pertsona-eremua:

Ikasleek beren lidergo-gaitasuna ezagut dezaten sustatzea, erabili ahal izan dezaten.

Nesken autokonfiantza eta ahalduntze pertsonala sustatzea, hainbat lidergo-desafio nork bere gain hartzeko, modu arrakastatsuan gaindituz gero, konfiantza hori indartu eta elika dezaten eta erronka berriei aurre egiteko aukera gehiago izan ditzaten.

Desberdinkeria egoerak ezagutzea eta jakitea boterearen banaketa noiz den desberdinkeriazkoa, eta pertsona bakoitzaren lidergo gaitasuna aktibatzea, horiek ikusarazi, ezbaian jarri eta aldatzeko.

–Harremanen eremua:

Autokontzientzia eta pertsona bakoitzak gainerakoengan duen eragina ulertzeko behar den ezagutza garatzea, errespetua, ulermena eta tolerantzia azalduz elkarlanean.

Autonomiarekin eta hainbat taldetan egokitzeko gaitasunarekin lan egitea, taldearen premien eta lanaren helburuen arabera rol desberdinak hartuz. Norberaren eta besteen lidergoa gauzatu eta onartzea, eta lidergorako molde desberdinak ebaluatzea eta horietatik ikastea.

Lidergoaren erabileran dagoen desberdinkeria aztertzea, eta horretaz askatasunez hitz egitea, bizi izandako eta ikusitako desberdinkeriari eta bidegabekeriei izena jarriz.

–Testuinguruaren eremua:

Zereginera egokituta/sintonizatuta dagoen eta testuinguruarekiko sentikorra den lidergoa onartzea eta praktikatzea.

Partaidetza-ikerketaren trebetasunak garatzea: gaiak eta informazio garrantzitsua identifikatzea, datu-bilketa, analisia, emaitzak jakinaraztea, etab.

Talde-lan orekatua eta inklusiboa praktikan jartzea, abian jarritako ikerketa-proiektu komunitarioak egikaritzean: talde bat osatzeko, erabakiak hartzeko, proiektuak kudeatzeko, erkidegoaren lotura-lanak egiteko, proiektu pilotuak egiteko, emaitzak aurkeztu eta zabaltzeko eta abar, ikasle guztiek egiteko moduan.

4.–Hezkuntza afektibo eta sexual positiboa, osasungarria eta aniztasunarekiko errespetuzkoa:

Eskolako lehen etapetatik sexualitate positiboa, osasungarria eraikitzen laguntzea, aniztasuna errespetatuko duena eta aurreiritziak saihestuko dituena orientazio sexualagatik eta identitate sexualagatik eta/edo generoagatik, tratu onean oinarritutako indarkeriarik gabeko berdintasunezko harreman afektiboak sendotzen lagunduz.

–Pertsona-eremua:

Gorputza ezagutzea eta haren hazkuntzaren kontzientzia hartzea, desberdintasunak onartuz, gorputz-ongizatearen ohiturak hartuz eta gorputza sentsazio-, erlazio-, komunikazio-, gogobetetasun- eta plazer-iturri dela onartuz.

Nork bere sexu-nortasuna aitortzea eta modu positiboan onartzea, genero-elementu diskriminatzailerik gabe eta, gustuei dagokienez, geure burua adierazteko modu desberdinak ulertzen lagunduz, batzuetan zaletasun, lehentasun eta nolakotasun berdinak eta beste batzuetan desberdinak izaten ahal baititugu, baina gure nortasuna galdu gabe.

Sexualitatearen ugalketa-alderdia ezagutzea, hura kudeatzeko tresnak eta trebetasunak jarriz eta ama edo aita izateko erabaki arduratsua ahalbidetuz.

–Harremanen eremua:

Inguruneko pertsona esanguratsuekin lotura afektiboak ezartzea, konfiantza, segurtasuna eta sentimendu zein ideiak adieraztea ezaugarritzat dituztenak.

Errespetuan eta hazkunde pertsonalean oinarritutako bikoteen arteko harremanak ahalbidetzea eta indartzea.

Tresnak eta trebetasunak ematea gure harremanetan tratu txarrak identifikatzeko, gure harremanetan abusuzko portaerei mugak jartzeko eta eraso sexista edo sexual bat dela-eta erantzun egokia emateko.

Norberaren ideiak, sentimenduak, afektuak eta desirak adierazten laguntzen duten gaitasunak garatzea; gainerako pertsonak ulertzea, errespetatzea, onartzea eta arbuiatzea; bizipen afektibo-sexual positiboak, arduratsuak eta osasuntsuak izatea.

–Testuinguruaren eremua:

Berdintasunean, errespetuan eta erantzukizunean oinarritutako funtsezko bizikidetza-irizpideak ezagutzea eta erabiltzea.

Tresnak eta trebetasunak ematea honako hauei buruz azterketa kritikoak egiteko: edertasun-ereduak, ingurune hurbileko pertsonen artean ezartzen diren harremanak, sexua merkaturatzea eta sexu indarkeria.

Identitate maskulino eta femeninoen aniztasun handia, familiako bizikidetza-eredu desberdinak, eta amatasunarekin eta aitatasunarekin zerikusia duten prozesuetako aniztasun handia aitortzea.

5.–Hizkera eta komunikazioa:

–Hausnarketa elementu batzuk eskuratzea, bide emanen dutenak aztertzeko zer lotura dagoen hizkera eta komunikazioaren eta pertsonak berdintasunez garatzearen artean.

–Genero identitateen aniztasunaren arloko hizkera inklusiboa erabiltzeko gaitzea, kontuan hartuz nazioko eta nazioarteko zenbait erakunderen gomendioak.

–Errespetuzko jarrera erakustea gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean aurrera egitea xede duten ekimenekiko, eta arbuiatzea berdintasun hori mugatzen duten jarrerak eta ekimenak gauzatzen dituztenak.

6.–Hezkuntza-orientazioaren arloko prozesuak:

–Hausnarketa elementu batzuk eskuratzea, bide emanen dutenak aztertzeko zer lotura dagoen orientazio prozesuen eta irakatsi eta ikasteko prozesuen artean. Hori egitean, bereiziko dira, alde batetik, etorkizuneko itxaropenak eta proiekzioak eraikitzeko prozesua, zeina gauzatzen baita eskolatzean eta curriculum-programazioan planteatutako ikaskuntzetan zehar, eta, bestetik, une zehatzetan eta derrigorrezko bigarren etapa, batxilergoa edo heziketa ziklo bat bukatu aurretik planifikatzen diren jarduketak.

–Ekimen batzuk garatzea, lagunduko dutenak ikasleek jakin-mina izan eta lanbide etorkizun irekiak onar ditzaten, zeinetan lehendik dauden hesiak gaindituko diren, hesi horiek azaltzen baitute zergatik ez duten neskek eta mutilek parte hartzen bakoitzak unibertsitateko edo Lanbide Heziketako ikasketa jakin batzuetan, direla STEM (Science, Technology, Engineering, and Maths) ekimenen baitako zientziekin lotutakoak, direla arlo humanistikoarekin eta sozialarekin lotutako ikasketak.

–Autonomia pertsonalaren ideia txertatzea orientazio akademikoko eta profesionaleko prozesuetan, enplegura eta bizitzako nahiz zaintzako erantzunkidetasunera begira dagoen proiekzio gisa.

7.–Bizikidetza eta gatazkak konpontzea:

–Ikastetxea osatzen duten elementuetan txertatzen jakitea gatazkak indarkeriarik gabe konpontzeko metodoak, bizikidetzaren arlokoak eta tratu onari buruzkoak, oinarrian izanen dituztenak bai aniztasuna bai eta emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna ere.

–Tratu berdintasunaren printzipioa sartzea, diskriminaziorik eta desberdinkeriarik egon ez dadin jokabide sexistengatik. Ziurtatzea ezen bizikidetzaren arloko gatazka negatiboei heltzeko ikastetxeak duen protokoloak badituela, diagnostiko eta esku-hartze faseetan, genero-estereotipoen jokabideei buruzko gogoeta, eta saihesten dituela horiek naturalizatzen dituzten justifikazioak eta azalpenak.

–Identifikatzea jokabideak berdintasunetik eta ongizate emozionaletik berrikasteko beharra, eta eskaintzea eredu berdinzaleak eta bide ematen dutenak gatazkak modu baketsuan konpontzeko, dialogoaren bidez. Identifikatzea, era berean, beharrezkoa dela rol negatiboak aldatzeko aukerak sortzea.

8.–Emakumeen eta neskatoen kontrako indarkeria modu guztiak prebenitzea:

–Identifikatzea emakumeen eta neskatoen kontra indarkeriaz jarduteko mekanismoak, era askotakoak.

–Eskuratzea indarkeria orori eta genero desberdinkeriatik gauzatutako indarkeriari kontra egiteko baliabideak.

–Ikastea kontuan izan behar dela, espezifikoki izan ere, talde zaurgarriei eman beharreko arreta, hala indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alabei nola desgaitasunik duten ikasleei, pertsona horien kontra zuzenean eta zeharka erabilitako indarkeriak eragindako beharrei erantzuteko.

9.–Aniztasuna:

–Identifikatzen ikastea gizonen eta emakumeen arteko desberdinkeriazko sozializazio prozesuetatik eratorritako beharrak.

–Planifikatzea zer erantzun emanen zaien identifikatutako beharrei, berdintasunezko irizpideetan eta aniztasun guztiak errespetatuko dutenetan oinarrituta (irizpide horiek genero identitateen aniztasuna bilduko dute), eta erantzun hori sartzea ikastetxearen programazio orokorraren barneko Aniztasunari Erantzuteko Planaren barnean.

–Proposatzea, hezkidetzaren arloko helburuak betetzeko asmoz, curriculumean egin daitezkeen aldaketak, ikastetxea osotara eraldatzeko prozesuen kalitate inklusiboaren adierazletzat har daitezkeenak, horiek gauzatzeko beharrezkoak diren baliabideak horniturik.

10.–Hezkidetza-kultura:

–Ulertzea ezen ikastetxea badela sozializatzeko sistema bat, non gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatuko baita, baldin eta planifikatzen badu esku-hartze planifikatu eta sistematiko bat, hezkidetzaren arloko irizpideekin, ikastetxearen beraren kudeaketari buruzko erabaki guztien gainean.

–Prozedura batzuk ezartzea, ikastetxeko irakasleek, ikasleek, familiek eta irakasle ez diren langileek parte har dezaten eta konprometitu daitezen, behar beharrezkoak baitira ikastetxearen hezkidetza-nortasuna garatzeko.

–Jarrera aktiboa izatea, eraldaketa gauzatzeko eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerantz aurrera pausoak emateko, laguntza emanda kultura berdinzalearen eredu eta jokabide berriak erakusten dituzten hainbat ekimeni, ikastetxean bertan nahiz gertuko ingurune sozialean.

3.2. SKOLAE hezkidetza-programako prestakuntza-planaren ezaugarriak:

Irakasleak hezkidetzan gaitzeko prestakuntza-prozesuan ahalegina egin beharra dago, begirada aldatu behar baita eta zenbait ezagutza, azterketarako elementu eta baliabide izan behar baitira irakas-praktika aldatzeko, bai ikasgelan bai ikastetxeko beste eginkizun batzuk betetzean.

Prozesu horrek denbora eta laguntza behar ditu; izan ere, irakasleek banakako gaitasunak trebatzeko egiten duten ikaskuntzak balio izan behar baitu, batetik, ikastetxearen hezkidetza-nortasuna ezarriko duten ikastetxe mailako proposamenak egiteko, eta, bestetik, hezkidetza-nortasunaren plana egiteko, partaidetzarekin.

Prestakuntza prozesuaren baitan, lagundutako prestakuntza teorikoa eta aplikazio praktikoa izanen dira hainbat fasetan, elkarren segidako lau ikasturtez. Prestakuntzak bermatzen du ezen irakasle taldeek partekatu ahal izanen dituztela gogoetak, curriculum-proposamenak eta ikastetxea kudeatzeko proposamenak. Kontuan ditu irakasleen profilak eta hezkuntza-etapak, bai prozesuaren hasieran (mintegi teorikoak eta praktikoak izanen baitira) bai eta sakontze eta finkatze prozesuan ere.

Hezkidetza bultzatzeko taldeak eginkizun espezifikoak ditu ikastetxearen hezkidetza-nortasuna eraikitzeko orduan, halaxe ezarri baitu 6. artikuluan 72/2021 Foru Dekretuak.

Eginkizun horiek betetzeko, talde horretako kideek prestakuntza berezia jaso behar dute hezkidetza programan sartzen diren lehen ikasturtean. Prestakuntza horren ikaskuntza helburuak hauek dira:

–Pertsona horiek gaitzea ikastetxearen hezkidetza-diagnostikoa egin dezaten eta, horren arabera, hezkidetza-nortasunaren plana presta dezaten. Ikastetxearen hezkidetza-diagnostiko bat egiten da eta “Ikastetxearen hezkidetza-nortasunaren plana” prestatuko da, epe ertainera begira.

–Zenbait estrategia ezartzea, ikastetxeari hezkidetza-nortasuna emanen dioten jarduerak aztertzeko, dinamizatzeko eta proposatzeko.

Modalitate erdi presentzialean antolatzen da Hezkuntza Departamentuak ikastetxe guztien eskura jartzen duen prestakuntza, eta gaian adituak diren tutoreek tutoretza lana eginen dute plataforma digitalaren bitartez.

FASEAK

PRESTAKUNTZA PROZESUA

1. Klaustroaren prestakuntza

Hezkidetza-ekintzaren gaineko prestakuntza teorikoa eta praktikoa

Hezkidetzaren gaineko sentsibilizazioa

Gutxieneko komuna partekatzea klaustroan

Hezkidetza bultzatzeko taldearen sareen jarraipena

1. Hezkidetza bultzatzeko taldearen prestakuntza

Hezkidetza bultzatzeko taldea. Hezkidetza-nortasuna.

Diagnostikoa eta hezkidetza-nortasunaren plana

Sareen jarraipena

2. Klaustroaren prestakuntza

Ikastetxeko lantaldeak: finkatzea eta hezkidetza-ingurunea

Gauzatzea, hobekuntzak identifikatzea eta plangintza

Jardunbide egokiak trukatzea

Hezkidetza bultzatzeko taldearen sareen jarraipena

3. Klaustroaren prestakuntza

Hezkidetza zainduz programatzea

Curriculumean eta hezkidetzan sakontzea

Hezkidetza bultzatzeko taldearen sareen jarraipena

4. Klaustroaren prestakuntza

Ikastetxeko lantaldeak: finkatzea eta hezkidetza-ingurunea.

Aldaketa prozesuaren ebaluazioa: irakasleak eta ikasleak. Ikastetxeko hezkuntza plana berrikusteko plangintza, epe ertainekoa

Hezkidetza bultzatzeko taldearen sarearen jarraipena eta ebaluazioa

Hezkuntza Departamentuko unitate eskudunek zenbait ikastaro eskainiko dituzte, aukera emanen dutenak aurrerantzean ere hezkidetzaren arloan aurrera egiten, sakontzen eta hezkidetza-helburuak finkatzen jarraitzeko.

4.–Hezkidetza-nortasunaren plana.

72/2021 Foru Dekretuak 5. artikuluan ezartzen du ezen ikastetxe bakoitzak hezkidetza-nortasunaren bere plana prestatu behar duela, bat etorriz Hezkidetza Planean ezartzen denarekin.

Hezkidetza-nortasunaren Planean jaso behar da zer erabaki hartzen diren ikastetxe batean bete daitezen gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren arloko araudian ezarritako hezkidetza-helburuak.

Hezkidetza-nortasunaren plana ikastetxe osoaren ardura da. Hezkidetza bultzatzeko taldeak prozesuaren garapenarekin lotutako zenbait eginkizun ezarrita dauzka, baina horietan parte hartu eta lagundu behar dute bai ikastetxeek dituzten koordinazio egiturek (hala nola koordinazio pedagogikorako batzordeak, zikloetako edo departamentu didaktikoetako koordinazioek, moduluetakoek edo beste batzuek) bai eskola kontseiluak, baita ikastetxe bakoitzak ikasleak ordezkatzeko ezarri dituen egiturek ere.

Hezkidetza-nortasunaren plana prestatu aurretik ikastetxearen errealitatearen diagnostikoa egin beharra dago, hezkidetzaren ikuspuntutik. Diagnostikoa egiteko prozesu horrek balio du irakasleak, ikasleak eta irakasle ez diren langileak sentsibilizatzeko, eta zehaztu behar da zein den ikastetxe bakoitzaren abiapuntua, hartan oinarriturik planifikatuko baititu ikastetxe bakoitzak hezkidetzaren arloko bere jarduketak hezkidetza-nortasunaren planean.

Ikastetxe bakoitzak bere hezkidetza-nortasunaren plana prestatzen du, bere hezkuntza-proiektuaren esparruan eta hezkidetza bultzatzeko ikastetxeko taldea osatzen duten kideen prestakuntza baliatuta. Ikastetxeko klaustro osoak parte hartzen du plan horretan, hasieratik. Hezkidetza bultzatzeko ikastetxeko taldeak laguntza emanen die, eta Hezkuntza Departamentuko hezkidetzaren arloko talde teknikoak, aldiz, aholkuak.

Hezkidetza-nortasunaren lehen plan hori hiru ikasturterako eginen da, eta urteko programazio orokorrari gehituko zaio. Hezkidetza-nortasunaren planean planifikatzen da, era berean, berorren jarraipena egitea eta hura nola betetzen ari den ebaluatzea.

4.1. Helburuak:

–Aztertzea ikastetxearen errealitatea eta konpromisoa, hezkidetza-ikuspuntu batetik aztertu ere, jarduketa- eta hobekuntza-lerroak ezartzeko.

–Hezkidetza urteko programazio orokorraren baitako planetan zeharka azal dadin lortzea.

–Klaustro osoaren erantzunkidetasuna lortzea, ikastetxearen hezkidetza-eraldaketa bermatzeko, hezkidetza bultzatzeko taldeak planifikatutako eta dinamizatutako prozesu baten ondotik.

–Ikasleak txertatzea ikastetxeko hezkidetza-kultura aztertzeko, dinamizatzeko eta garatzeko prozesuetan.

–Hezkidetza sartzea ikastetxearen hezkuntza-proiektuan, eskola antolakuntzan eta curriculumean eraginez.

4.2. Diagnostikoaren eta hezkidetza-nortasunaren planaren elementuak:

4.2.1. Ikastetxearen eta ingurunearen testuingurua:

Diagnostikoa egitean, kontuan izan behar dira ikastetxearen beraren eta ingurunearen testuinguruko zenbait alderdi:

–Ikastetxeak eskuen artean dituen beste prestakuntza prozesu batzuen deskribapena: prozesu horiek zein diren jakiteak laguntzen du ikastetxea bere osotasunean ulertzen, eta aukera ematen du proposamenak integratzeko, indarrak batzeko jarduketa-planen bitartez.

–Hezkidetza bultzatzeko taldea osatzen duten kideen deskribapena: jakinez gero hezkidetzan zer prestakuntza duten eta zer espezialitate, arlo, fase edo ziklotan aritzen diren lanean, identifikatu ahal izaten da zer eratako lanbide-profilak dauden eta zein den horien ordezkagarritasuna; batak zein besteak laguntzen dute ikastetxearen errealitatea zein den hobeto ezagutzen.

–Ikasleen eta haien familien aniztasuna deskribatzeak aukera ematen du jarduerak ikastetxearen errealitateari hobeto egokitzeko, aitor daitekeelako desberdintasunen balio positiboa eta desberdintasunak konpentsatu daitezkeelako.

–Inguruneko ehun soziala eta instituzionala deskribatuz gero, eta jakinez gero ea badagoen gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren arloan zuzenean edo zeharka lan egiten duen erakunderik edo udalerrietan proiekturik badagoen, aukera izanen da koordinatzeko, parte hartzeko, zerbitzu-ikaskuntzako proiektuak egiteko eta ikastetxea ingurunean ezagutzera emateko.

4.2.2. Itemak:

Ikastetxeak hezkidetza-kultura sortu behar du eta behar dituen tresna partekatuak bereganatuko ditu funtsezko jarduketak ezarri ahal izateko. Ikastetxea ingurune segurua da, zeinetan gizonen eta emakumeen arteko kultura berdinzale hori eraikitzen baita hartan hartzen diren erabakien bitartez, izan curriculum programazioaren ingurukoak, izan ikastetxea osatzen duten beste elementu batzuen kudeaketaren gainekoak.

Ikastetxe bat elkarren artean lotura duten elementu askok osatzen dute, eta elementu horiek modu koherentean kudeatu behar dira. Hezkidetzaren arloan eraldaketa gauzatzeko prozesuan, konplexutasun hori kontuan hartu beharra da. Nolanahi ere, lehentasunezko item batzuk ezartzen dira diagnostikoa eta dagokion hezkidetza-nortasunaren plana antolatzeko. Item horiek funtsezko oinarri bat ezartzen dute, zeinetatik zabal daitekeen hezkidetzaren arloko eragina.

Diagnostikoan lehentasunezko 10 item hauek hartuko dira kontuan, eta, berauen arabera, zenbait jarduera planteatuko dira hezkidetza-nortasunaren planean:

1.–Ikasgela:

Ikasgelako programazioak berrikustea, bermatzeko ideia antolatzaileak jasotzen eta lantzen direla, modu koherentean eta koordinatuan jaso eta landu ere, bai helburuetan eta edukietan planteatzen diren auzietan, bai metodologian, baliabideetan (testu liburuak eta baliabide digitalak horien barnean direlarik), bai ebaluazioan.

2.–Espazio komunak:

Jakitea ea espazio komunetako interakzioetan (jolastokian, korridoreetan, kiroldegian, komunetan, liburutegian, laborategietan, ikasteko espazioetan eta abarretan) berdintasunezko harremanak ezartzen diren edo ez, espazio horiek bizikidetza errazten duten edo ez eta aukera ematen duten edo ez parte hartzeko, protagonismoa hartzeko eta ikasleen arteko berdintasuna sustatzen duten jokabideak, rolak eta eginkizunak garatzeko.

3.–Hizkera idatzia, ikusizkoa eta ahozkoa:

Jakitea ea ikastetxeak erabiltzen dituen dokumentuetan eta komunikazio formatuetan hizkera eta irudi inklusiboak eta ez sexistak erabiltzen diren edo ez, ikusgarritasuna ematen zaien, edo ez, ikastetxean dauden dibertsitate guztiei, eta komunikatzen diren, edo ez, familia eredu berdinzaleak eta maskulinitatearen eta feminitatearen inguruko eredu anitzak.

4.–Planak, jarduketa-programak eta protokoloak:

Aztertzea ea foru aginduan ezarritako hezkidetza-helburu guztiak betetzen diren edo ez urteko programazio orokorrean jasotako alderdietan. Lehenetsiko dira departamentuetako planak, baita zikloetakoak, beste talde batzuetakoak, bizikidetza batzordearenak, koordinazio pedagogikorako batzordearenak, beste programa batzuetako talde sustatzaileenak eta abar. Aztertuko dira, era berean, aniztasunari erantzuteko plana, bizikidetza plana, tutoretza plana eta orientazio akademikoaren plana.

Aztertzea ea genero indarkeriaren kontrako proposamenak zeharkakoak diren edo ez, eta ea protokolo espezifikoak ezagutzen, zabaltzen eta aplikatzen diren edo ez.

5.–Ikasgelako edo ikastetxeko liburutegia:

Aztertzea ikasgelako edo ikastetxeko liburutegian dauden liburuak, ipuinak, ikus-entzunezko materiala eta beste, honako hauek identifikatzeko: egileen ikusgarritasun eta ordezkaritza paritarioa, bizi eredu berdinzaleen dibertsitatea, eta materialen irakurketa kritikoa eta dialogikoa dinamizatzeko proposamenak.

6.–Jantokia eta garbitasuna:

Kuantifikatzea eta identifikatzea zer genero desberdintasun dauden ikastetxearen garbiketa zerbitzua eta jantoki zerbitzua ematen direnean. Aztertzea zein diren horren arrazoiak eta hausnartzea ezar litezkeen neurri zuzentzaileei buruz.

7.–Familiak eta irakasle ez diren langileak:

Identifikatzea zer jarduketa gauzatzen diren familiak jakinaren gainean jartzeko hezkidetzaren arloko eraldaketa-prozesuan, baita prozesua haiekin partekatzeko eta konpromisoa har dezaten ere. Aztertzea, era berean, nola planteatzen diren koordinazioa eta beharrezko ekimenak, ezagut eta ikas ditzaten berdintasunez bizitzeko behar diren gaitasunak.

Identifikatzea zer proposatzen zaien irakasle ez diren langileei ekarpenak egin ditzaten hezkidetza-kulturaren eraikuntzan.

8.–Parte-hartzea:

Aztertzea nola bermatzen den hezkuntza prozesuekin lotura duten pertsonen parte-hartzea, haien rolak edo eginkizunak edozein direlarik ere. Hori egitean, identifikatu behar dira denboren plangintza, komunikazio estiloak, gatazken ebazpena, bidezko parte-hartzea eta lan kooperatiboa.

9.–Efemerideak:

Aztertzea nola laguntzen duen efemerideak ospatzeak hezkidetzaren arloko helburuak betetzen; ea aukera bat diren irakasleek, ikasleek, familiek eta irakasle ez diren langileek gogoetak partekatu eta proposamen bateratuak egin ditzaten; ea lagungarriak diren komunitatean proiektatzeko ikastetxean hezkidetzaren arloan egiten den lana, eta ea laguntzen duen ikastetxeak jakin dezan zer ekimen dauden gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruz komunitatean.

10.–Datuak:

Identifikatzea ea, ikastetxean gauzatzen diren jarduerei edo gertatzen diren egitateei buruz informazioa biltzen denean, datuak sexuaren arabera bereizita dauden: elkarbizitza, emaitza akademikoak, ibiltaritzen aukeraketa, parte-hartzea, tutoretzen garapena, familian lanak kargatzea, absentismoa, familia egiturak, zerbitzu sozialetako pertsonak, ikastetxeari laguntza eman eta harekin elkarlanean aritzen diren beste entitate edo erakunde batzuk.

11.–Jarraipena eta ebaluazioa:

Aztertzea ea ezarrita dauden, edo ez, jarraipena eta ebaluazioa egiteko tresnak, egutegia eta ardurak; nortzuek parte hartzen duten prozesu horretan, eta nola parte hartzen duten ikastetxeko koordinazio-egiturek, eta ezarri den, edo ez, informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa dakarten ebaluazio-adierazlerik.

Analizatzea, bestalde, ea ezarri diren, edo ez, emaitzak eta bizipenak partekatzeko denborak, eta hausnarketarako jarrerak eta motibaziozkoak sustatu diren, edo ez, eraldaketa-prozesu baten eskakizunekiko gogobetetze eta konpromiso maila handiagoa lortzeko.

4.3. Diagnostikoaren dokumentuaren eta hezkidetza-nortasunaren planaren egitura:

–Diagnostikoak honako hauek jasoko ditu lehentasunezko item bakoitzeko:

zer aztertu den, aztarnak non bilatu diren, zer datu lortu diren eta zer ondorioztatu den.

–Hezkidetza-nortasunaren planean honako hauek zehaztu behar dira:

helburuak, ekintzak, baliabideak, arduradunak, denbora plangintza, kronograma eta adierazleak.

Departamentuko hezkidetzaren arloko talde teknikoak prestakuntza eta beharrezko baliabideak eskura jarriko dizkie hezkidetza-programa inplementatzen hasten diren ikastetxeetako hezkidetza bultzatzeko taldeei. Horrez gain, hezkidetza-sareen sistemaren bitartez, zeinetan ikastetxeak ordezkaturik baitaude hezkidetza-koordinatzaileen bidez, talde teknikoak berak bermatuko ditu jarraipena, aholkularitza, prestakuntza, bizipenak elkar trukatzea eta ebaluazioa egitea.

4.4. Faseak:

1. Diagnostikoa prestatzea eta idaztea

Hezkidetza-nortasunaren plana prestatzea, lehen ikasturterako edo lehen faserako ezartzen diren itemak oinarri hartuta.

2. Hezkidetza-nortasunaren plana gauzatzea hurrengo hiru ikasturteetan.

Diagnostikoa berrikustea, itemak txertatzea harik eta lehentasunezkotzat jotzen direnen zerrenda osatu arte, eta hobetu daitezkeen alderdiak planteatzea.

3. Prozesua ixtea:

Hezkidetza-nortasunaren planaren gauzatze maila eta inpaktua ebaluatzea, lorpenak finkatzea eta ikastetxeko hezkuntza plana berrikustea koherentea izan dadin hezkidetza-helburuekin.

Hurrengo ikasturteetarako erronka berriak planteatzea eta ikastetxearen programazio orokorrean sartzea.

4.5. Hezkidetza-nortasunaren planaren ebaluazioa:

Ikastetxe bakoitzeko hezkidetza-nortasunaren planean adierazi behar da, diagnostikoaren eta planifikazioaren arloko azken item gisa, zer prozedura erabiliko diren urteko ebaluazioa egiteko, bai eta horretaz arduratuko diren egiturak, egutegia eta beharrezkoak diren adierazleak ere.

5.–Koordinazioa eta lankidetzak.

5.1. Koordinazioak:

72/2021 Foru Dekretuaren 6. eta 7. artikuluetan ezartzen da zer koordinazio-eginkizunez arduratzen diren hezkidetza bultzatzeko taldea eta horretarako izendatutako koordinatzailea.

Koordinatzailea izendatzean, irizpide hauei begiratuko zaie: pertsonak hezkidetzan duen prestakuntza eta ikastetxean duen egonkortasuna.

Hezkidetza bultzatzeko taldeko kideek eta koordinatzaileak denbora izan beharko dute, zeinek bere ordutegian, bakoitzak bere koordinazio ardurak betetzeko (barne koordinazioa eta hezkidetza sareetako koordinazioa, hurrenez hurren).

5.2. Lankidetzak:

Ahal dela, lankidetzak ezarriko dira Nafarroako Foru Komunitateko, estatuko eta nazioarteko zenbait erakunderekin.

Unibertsitatea nabarmentzen da, hark egiten baitu irakasleen hasierako prestakuntza, Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterraren prestakuntza eta genero-analisian nahiz -ebaluazioan espezializatutako ikerketa taldeak.

Egoki diren lankidetzak ezarriko dira Nafarroako Gobernuaren Berdintasun Planaren eta Hezkuntza Departamentuaren Berdintasun Planaren esparruaren baitan.

Era berean, merezi du modu espezifikoan aipatzea lantzen ari dela Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekiko lankidetza.

6.–Hezkidetza Planaren ebaluazioa.

Prestakuntza prozesuko jarduketak ebaluatu behar dira, eta ebaluatu behar da, era berean, zer neurritaraino bereganatu dituzten irakasleek eta ikasleek hezkidetza-gaitasunak. Zeregin horretan parte hartuko dute irakasleek, tutoreen taldeak eta Hezkuntza Departamentuaren Hezkidetza Plana koordinatzen duen talde teknikoak.

Hezkuntza Departamentuak Hezkidetza Plana ebaluatzeko gida eta prozedura prestatuko ditu.

7.–Materialak.

Hezkidetza Plana garatzen laguntzeko asmoz, Hezkuntza Departamentuak laguntza-materialak jarriko ditu interesdunen eskura, ikastetxean hezkidetzaren arloko eraldaketa gauzatzeko, hala curriculumari buruzkoak nola hura egituratzen duten beste elementu batzuk kudeatzeari buruzkoak.

Hezkuntza Departamentuak Hezkidetza web-orria garatuko eta eguneratuko du.

8.–Zabalkundea.

Hezkuntza Departamentuak hezkidetzaren arloko bere proposamenak zabalduko ditu. Hedatze-jarduketak bultzatuko ditu hezkuntza-komunitatean eta gizartean, oro har.

Iragarkiaren kodea: F2114497