246. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3820E/2021 EBAZPENA, irailaren 14koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita, 2021. urtean, Nafarroako haurren hortz-osasunari buruzko ikerketa komisionatu bat egiteko proiektu baten deialdia. DDBN identifikazioa: 586442.

Osasun Departamentuak bere gain hartua du Nafarroan osasun zientzien arloko ikerketa sustatzeko ardura, zenbait legek ezarritakoarekin bat (Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legea, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legea eta Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legea), eta, orobat, bete dadin Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen hamargarren tituluan, “Osasunaren irakaskuntza eta ikerketa” izenekoan, aurreikusitakoa.

Ebazpen honen helburua da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ikerketa sustatzeko asmoz, Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 22ko 87/2014 Foru Aginduaren bidez onetsitako programan aurreikusitako ekimenetako bat sustatzea, hain zuzen ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek gidatutako ikerketa komisionatuko proiektuen deialdiari dagokiona.

Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa (PADI delakoa) 1991. urtean ezarri zen Nafarroan, otsailaren 7ko 58/1991 Foru Dekretuaren bidez, eta abenduaren 28ko 249/2011 Foru Dekretuaren bidez arautu zen. Programak 6 urtetik 15 urte bitarteko haurren hortzetako oinarrizko arreta doakoa bermatzen du, barne direlarik aldizkako azterketak, zigilatzaileak, enpasteak, hortzak berregitea, erauzketak, garbiketak eta abar.

Aho-hortzetako arreta beharrak eta aho-osasunaren maila ebaluatzea funtsezkoa da hortzen osasunaz arduratzen diren zerbitzuen plangintza eta kudeaketarako. Nafarroan, orain arte, gai honen gaineko lau inkesta epidemiologiko egin dira, 1987., 1997., 2002. eta 2007. urteetan, non adierazle hauek ebaluatu baitira: txantxarra, gaixotasun periodontala, maloklusioak, hortzen fluorosia, higiene-ohiturak eta aho-hortzen osasunari buruzko jakite maila.

Osasun sistemak, PADI programaren bidez, ezinbesteko lan estrategikoa egiten du haurren hortz-osasuna hobetzeko. Horregatik, funtsezkotzat jotzen da programaren emaitzak berriz ebaluatzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2021. urtean, Nafarroako haurren hortz-osasunari buruzko ikerketa komisionatu bat egiteko proiektu baten deialdiaren oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Osasun zientzietako ikerketa proiektuak” izeneko 512002 51350 7819 465102 partida.

2021

22.000,00

3. Ebazpen hau igortzea Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari, Ogasunak duen kontu-hartzaileari eta Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko irailaren 14an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Deialdi honen helburua da ikerketa komisionatuko proiektu bat sustatzea, 2021. urtean, Nafarroako haurren hortz-osasunari buruz.

2. Proiektuen betebehar teknikoak.

Finantzaketa jaso ahal izateko, proposatzen diren proiektuek honako arlo hauek izan beharko dituzte helburu: Nafarroako haurren aho-hortzen osasunaren egoera ezagutzea; higiene maila; zenbatetan joaten diren dentistarengana eta txantxarraren prebalentzia, cod, cos, CAOD, CAOS eta SiC indizeen arabera; errestaurazio indizea; hortzen tratamendurako arauzko beharrak; eta osasun periodontalaren egoera Europar Batasuneko Indize Periodontalaren arabera (aldatua), 15 urtetan neurtua. Azken txostenean egungo egoera aztertuko da, eta indize horien joeren analisia ere bilduko da, PADI programa Nafarroan 1991. urtean abian jarri zenetik aurrera.

3. Ikerketa taldeak bete beharrekoak.

Oinarri hauetan xedatutakoaren araberako ikerketa proiektuak gauzatu nahi dituzten ikerketa taldeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ikertzaile nagusi bakarra egotea, proiektuaren exekuzio zientifiko-teknikoaz arduratuko dena.

b) Ikertzaile nagusiak funtzionario gisako, estatutupeko edo kontratu bidezko lotura izan behar du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin, laguntza eskatzen denetik emateko ebazpena onesten den arte.

c) Prestakuntza espezializatua hartzen ari diren profesionalak ez dira proiektuko ikertzaile nagusi izaten ahal, baina bai, ordea, ikerketa taldeko kide.

d) Ikertzaile nagusiak ezin du proiektu bat baino gehiago aurkeztu deialdi honetara, eta ezin arituko da, aldi berean, ikertzaile laguntzaile gisa, Osasun Departamentuak finantzatuta abian dagoen beste ezein proiektutan.

e) Ikertzaile taldeko gainerako kideek ezin izanen dute parte hartu deialdi honetan aurkeztutako proiektu batean baino gehiagotan, ezta aldi berean aritu ere, ikertzaile laguntzaile gisa, Osasun Departamentuak finantzatuta abian dagoen beste ezein proiektutan.

4. Ikerketa proiektuen gehieneko iraupena.

Ikerketa proiektuek 12 hilabete iraunen dute, gehienez ere, dirulaguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita.

5. Eskaerak.

5.1. Ikerketa taldeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera:

1. agiria. Ikertzaile nagusiak eta ikerketa taldeko kide guztiek sinatutako eskabidea. Horrekin batera, proiektuko ikertzaileen zentro bakoitzeko zuzendaritzaren adierazpena aurkeztuko da, non adieraziko baita zuzendaritzak onartzen duela proiektua bat datorrela unitateak ezarritako ikerketa-ildoekin, proiektua eta eskatutako ordu guztiak baimentzen direla eta, hala, ordu horiek ikertzailearen lanaldiaren barrenean konputatuko direla.

2. agiria. Ikerketa-proiektuaren memoria, eta haren atalen artean adierazi behar dira emaitzak aplikatzearen ondorioz aurreikusten den eragina eta aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu xehakatua.

3. agiria. Ikertzaile nagusiaren curriculum vitaea, eta gainerako taldekideena, bertan nabarmenduta zein diren proiekturako interes handieneko alderdiak.

4. agiria. Nafarroako Foru Komunitateko Ikerketa Klinikorako Batzorde Etikoak egindako txostena. Proiektuarekin batera, Batzordeak eskaera jaso izanaren agiria besterik ez da aurkeztu beharko; aldeko txostena, betiere, proiektuari finantzaketa emateko ebazpena onetsi aurretik aurkeztu beharko da.

5. agiria. Helburu bererako beste finantzaketarik edo laguntzarik eskatu ez izanaren adierazpena, edo, hala bada, proiektu bererako zenbat diru eskatu edo jaso den eta zein erakundek eman duen adierazteko agiria.

5.2. Agiri horiek egiteko txantiloi normalizatuak Nafarroako Gobernuko webguneko zerbitzuen katalogoan daude eskura (www.nafarroa.eus).

6. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

6.1. Eskaerak 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Baliabide elektronikoen bitartez aurkeztutako eskaerak bakarrik onartuko dira, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/

7. Prozeduraren instrukzioa eta Ebaluazio Batzorde Teknikoa.

7.1. Prozeduraren instrukzioa egiteko eskumena Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari dagokio, eta hark egiaztatuko du ea deialdian parte hartzeko behar diren baldintzak betetzen diren.

7.2. Eskaerak ez badu frogatzen aipatutako baldintzak betetzen direla, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta ohartaraziko zaio zuzendu ezean bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, ebazpena eman ondotik.

7.3. Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta, ondorioz, onartzen diren eskaerak Ebaluazio Batzorde Tekniko batek ebaluatuko ditu, deialdi honetan finkatutako irizpideei jarraikiz, haiek onartzeko proposamena egiteko asmoz. Ebaluazio Batzorde Teknikoak behar diren aholkularitza teknikoak eska ditzake egiaztatzeko zer neurritan egokitzen zaizkion proposamenak deialdiari.

Batzorde Teknikoak kide hauek izanen ditu:

Idoia Gaminde Inda andrea. Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

M.ª José Lasanta Sáez andrea. Osasun Departamentuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko burua.

Javier Baquedano Arriazu jauna, Osasun Departamentuko Prestakuntza Ataleko burua.

Carmen Beorlegui Arteta andrea, Osasun Departamentuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalekoa, idazkari gisa arituko dena.

7.4. Instrukzio organoak, Ebaluazio Batzorde Teknikoaren ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamen arrazoitua prestatu eta Osasuneko zuzendari nagusiari igorriko dio.

8. Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazioko arau orokorrak.

Dirulaguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera.

9. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

9.1. Ebaluazio Batzorde Teknikoak irizpide hauek aplikatuz baloratuko ditu eskaerak:

a) Proiektuaren kalitate teknikoa eta metodologikoa. Gehienez ere 50 puntu eskuratzen ahalko dira. Atal honetan honako hauek baloratuko dira:

–Proposamenaren formulazioa, argitasuna, bidezkotasuna eta zehaztasuna (0 puntutik 10 puntura).

–Taldeak gaiari buruz duen ezagutza eta aurkeztutako bibliografiaren garrantzia (0 puntutik 10 puntura).

–Egokitasun metodologikoa: baloratuko da ea ikerketaren diseinua (diseinua, azterketaren xedeko subjektuak, aldagaiak, datuen analisia eta ikerlanaren mugak) ikerketaren galderari erantzuteko gauza den (0 puntutik 20 puntura).

–Proposamenen originaltasuna eta berrikuntza (0 puntutik 10 puntura).

b) Proiektuaren bideragarritasuna. Gehienez ere 35 puntu, honela banatuta:

b.1. Proiektuko gaietan eta jardueretan ikerketa taldeak duen esperientzia (gehienez ere 20 puntu). Atal honetan gaitasun zientifikoa eta teknikoa baloratuko da, eta ikertzaile nagusiak zein ikerketa taldeko gainerako kideek ikergaiaren arloan duten esperientzia. Merezimendu hauek baloratuko dira:

–Aldizkari espezializatuetan azken 7 urteetan argitaratutako artikulu zientifikoak: Journal Citation Report® delakoan indexatuta egonez gero, eta lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada, puntu bat; gainerako egileak, 0,5 puntu. JCRn inpaktu-faktorerik izan gabe, lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada, 0,2 puntu. Gainerako egileak, 0,1 puntu. Gehienez ere 5 puntu eskuratzen ahalko dira.

–Ikerketa proiektuetan izandako parte-hartzea, norgehiagokako deialdietan.

Ikertzaile nagusi gisa: Europa mailako esparrua: 1,5; Espainiako esparrua, 1; eta eskualdeko esparrua, 0,6. Ikertzaile gisa edo ikertzaile laguntzaile gisa: Europa mailako esparrua: 0,4; Espainiako esparrua, 0,2; eta eskualdeko esparrua, 0,1. Gehienez ere 5 puntu eskuratzen ahalko dira.

–Ikerketaren arloan duten esperientzia: 10 puntu. Taldeak proiektuaren xedeko arlo kliniko berean lan egiten badu: 10 puntu. Bestela, 0 puntu.

b.2. Proposatutako proiektuaren aurrekontua eta lan plana. (Gehienez ere 15 puntu).

–Lan plana, zereginen banaketa eta kronograma; eskura dauden eta aurreikusten diren bitartekoen egokitasuna, eta proiektua kudeatzeko gaitasuna. 0 puntutik 10 puntura bitarte puntuatuko da.

–Eskatutako aurrekontua nola egokitzen den proiektuaren helburuetara. 0 puntutik 5 puntura bitarte puntuatuko da.

c) Zentro askotan erabili ahal izatea, eta kooperatiboa eta diziplina anitzekoa izatea. Gehienez ere 15 puntu eskuratzen ahalko dira.

c.1. Lankidetza badago beste zentro, ikerketa talde, unibertsitate edo erakunde publiko-pribatu batzuekin: 8 puntu. Lankidetzarik ez badago: 0 puntu.

c.2. Proiektua diziplina anitzekoa bada: 7 puntu. Diziplina anitzekoa ez bada: 0 puntu.

9.2. Finantzaketa lortzeko, proiektuek gutxienez 30 puntu lortu behar dituzte a) atalean (proiektuaren kalitate zientifiko-teknikoa eta metodologikoa), eta gutxienez 10 puntu b) atalean (proiektuaren bideragarritasuna).

10. Zenbatekoa zehaztea.

Eskatutako zenbateko osoa emanen da, gehienez ere 22.000 euro, puntuazio hoberena lortzen duen proiektuari.

11. Gastu finantzagarriak.

11.1. Onartzen den finantzaketa ondoren aipatzen diren gastuak estaltzeko erabiliko da, baldin eta proiektuaren exekuzioarekin zuzeneko lotura badute eta eskaerarekin batera aurkeztutako memorian jaso baldin badira:

a) Langile teknikoak kontratatzeko gastuak. Proiektua gauzatzeko, parte hartzen duten erakundeekin funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisako loturarik ez duten langile teknikoak kontratatzen ahalko dira, proiektua gauzatzeko aurreikusitako denbora osoan edo zati batean aritzeko. Kontzeptu horren barrenean gehienez ere 18.920,00 euro finantzatuko dira, Gizarte Segurantzako kuotak barne.

b) Proiektua gauzatzeko beste gastu batzuk, honakoak barne:

–Proiektua gauzatzeko ezinbestekoa den material inbentariagarria, eskura ez dagoena edo oso-osorik (edo gutxienez % 80an) proiekturako behar dena. Berariaz salbuesten dira altzariak eta instalazioak, baita ekipo informatikoen erosketa ere.

–Material suntsikorra.

–Zerbitzu profesionalak, ordukako kalkulua adierazita, edo egindako lan unitateka (inkestak, aholkularitzak, etab.).

–Bestelako gastu osagarriak, diren bezalakoak izateagatik aurreko ataletan sar ez daitezkeenak. Biltzar eta bilera zientifikoetara joateko gastuak ez dira finantzatuko.

c) Zeharkako kostuak: proiektuari ematen zaion zenbatekoaren barruan % 15 sartuko da proiektuaren kudeaketarekin lotutako gastuetarako.

11.2. Ikerketa taldeko kideek, osasun prestakuntza espezializatua egiten ari diren profesionalak barne, ezin izanen dute inolako ordainsaririk jaso proiektuaren kargura.

11.3. Aurkezten diren gastuak, betiere, proiektuaren helburuak lortzeko beharrezkoak izanen dira, eta behar bezala justifikatu beharko dira.

12. Ematea.

12.1. Osasuneko zuzendari nagusiak, instrukzio organoak proposatuta, eskaerak onetsi edo ezesteko ebazpen arrazoitua emanen du hilabeteko epean gehienez, honako hauek adierazita: zenbatekoa, onartutako gastu-kontzeptuak eta proiektua hasi eta bukatzeko egunak.

Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

12.2. Ebazpena eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Gobernuaren web orriko zerbitzuen katalogoan egonen da ikusgai (www.navarra.es).

13. Proiektuaren kudeaketa eta ordaintzeko prozedura.

13.1. Proiektuaren kudeaketa ikertzaile nagusiaren ardura da. Nolanahi ere, Miguel Servet fundazioa proiektuaren entitate kudeatzaile gisa arituko da. Horretarako, lankidetza hitzarmen bat sinatuko du ikertzaile nagusiarekin.

13.2. Ikertzaile nagusiaren izenean ordainduko da proiektuari esleitutako zenbatekoa, entitate kudeatzailearen kontabilitateko kontuaren bidez, proiektua identifikatuta. Hori helburu, laguntza emateko ebazpenean proiektuari 2021. urtean esleitutako zenbatekoak ordaintzeko aginduko da, bat etorriz Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 29.c) artikuluarekin.

13.3. Proiektuari egozten ahal zaizkion gastuak proiektua bukatutakoan erregularizatuko dira, azken memoria aurkeztuta, eta, behar den fiskalizazioa eginda, espedientea itxi eginen da.

14. Proiektua gauzatzea.

14.1. Proiektua bertan ezartzen diren aurreikuspenen arabera gauzatuko da, eta oso-osorik gauzatu beharko da, eskatzen denari jarraikiz.

14.2. Proiektuak gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera edo aldaketa idatziz baimendu beharko du aurretik Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak.

Proiektua gauzatzean, beharrezkotzat jotzen bada gastu mota bakoitzari esleitutako zenbateko partzialetan aldaketak egitea, proiektuari emandako zenbateko osoa gainditu gabe, proiektuaren ikertzaile nagusiak eskatu beharko dio, idatziz eta behar bezala arrazoituz, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari.

14.3. Proiektuak ikerketaren etikari buruz dauden adierazpen, protokolo eta hitzarmen nazional zein nazioartekoetan ezarritako funtsezko printzipioak errespetatu beharko ditu, baita ikerkuntza, garapen eta berrikuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari buruzko legedi nazional eta autonomikoetan ezarritako baldintzak ere.

14.4. Frogatzen bada deialdian ezarritako betebeharrak osorik edo partez ez direla bete, Osasuneko zuzendari nagusiak, ikusirik Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak egindako txosten arrazoitua, eta ikertzaile nagusiari entzunda, entitate kudeatzaileari proiektuaren finantzaketa bertan behera uzteko agintzen dion ebazpena ematen ahalko du, deusetan galarazi gabe izan daitezkeen erantzukizunak.

15. Bateragarritasuna.

Oinarri hauen arabera lortzen den finantzaketa bateragarria da xede bererako lortzen diren bestelako dirulaguntzekin, betiere finantzaketak, guztira, proiektuaren kostu osoa gainditzen ez badu. Hala gertatuz gero, oinarri hauen kargura proiektuak jaso beharreko finantzaketa gutxitu eginen da, dagokion gehieneko kopururaino.

Ikerketa proiektu bererako beste edozein laguntza jasoz gero, horren berri eman beharko zaio Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, jakin bezain laster, eta, betiere, proiektua bukatu aurretik.

16. Proiektuaren amaiera eta justifikazioa.

16.1. Proiektuak onartzeko ebazpenean proiektua bukatzeko agertzen den egunetik hasita hiru hilabeteko epean, ikertzaile nagusiak honako hauek jasoko dituen azken memoria aurkeztuko du Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuan:

a) Memoria teknikoa, ikerketa lanaren emaitzak jasotzen dituena, ikerketaren inpaktua barnean duela: inpaktu bibliometrikoa; jardun klinikoaren gaineko inpaktua edo osasun arloko politiken gainekoa; eta osasunaren gaineko inpaktua edo eskaintzen den osasun zerbitzuaren gainekoa, patenteen sorreraren gainekoa, produktuen merkaturatzearen gainekoa edo spin-off konpainien sorreraren gainekoa. Zehazki, adierazi beharko da PADI programak Nafarroako haurren aho-hortzen osasunaren egoeraren diagnostikoan izan duen eragina, eta PADI programa abian jarri zenetik izan diren joeren analisia egin beharko da.

b) Memoria ekonomikoa, zeinetan justifikatuko baitira izandako gastuak emandako finantzaketari dagokionez. Bertan, zehazki adieraziko dira proiektua finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, dirulaguntza edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere, eta proiektuaren kostu osoa.

Hori justifikatzeko, deialdi honen kargura egindako fakturen eta gastuen zerrenda zenbakitua aurkeztuko da, bakoitzaren data, zenbakia, hornitzailea eta zenbatekoa adierazita, eta, horrekin batera, gastuen frogagiriak (fakturak edo froga-balioa duten beste agiri batzuk). Zerrenda hori ikertzaile nagusiak eta kudeaketa entitateko zuzendariak sinatu beharko dute.

16.2. Proiektua gauzatzeari begira beharrezkoa bada, ikertzaile nagusiak Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari eskatzen ahalko dio epea luza dezala proiektua gauzatzeko edo azken memoria aurkezteko, behar bezala arrazoituta, gauzatzeko epea bukatu aurretik, edo memoria aurkezteko epea bukatu aurretik, kasuan kasukoa.

16.3. Proiektua bukatuta, Osasun Departamentuak bere beharren arabera erabiltzen ahalko du finantzatutako material inbentariagarria.

17. Gainerako konpromisoak.

17.1. Finantzaketa onartzeak deialdi honetan ezarritako baldintzak onartzea dakarkio ikerketa taldeari.

17.2. Ikerketa proiektuaren emaitzen gaineko argitalpen zientifiko, ahozko komunikazio eta, oro har, zabalkunde lan guztietan, Nafarroako Gobernuak eta EGEFek finantzatu dutela adierazi beharko da. Produkzio horien berri Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari emanen zaio, proiektuaren espediente zenbakia eta sortzen diren argitalpenak zehaztuta, kontuan izan gabe azken memoria noiz igorri zen.

17.3. Ikerketaren emaitzaren jabe intelektuala proiektua gauzatzen duen taldea izanen da. Patente bat edo erabilera industriala dakarten emaitzen gaineko eskubideak Nafarroako Gobernuari dagozkio, ikerketa proiektuaren finantzaketan izan duen partaidetzaren ehunekoaren arabera.

17.4. Oinarri hauetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak erabat edo hein batean bete ezik, proiektua bertan behera utziko da eta kobratutako dirua itzuli beharko da, berandutze-interes eta guzti, deusetan galarazi gabe izan litezkeen erantzukizunak.

Iragarkiaren kodea: F2114593