246. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEDEA

Eremu publikoari buruzko ordenantza. Behin betiko onespena

Ledeako Udalak, 2021eko ekainaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ledeako eremu publikoari buruzko ordenantza; erabakia 2021eko 182. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 5ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ledean, 2021eko irailaren 28an.–Alkatea, Ricardo Murillo Delfa.

EREMU PUBLIKOARI BURUZKO ORDENANTZA

ATARIKO TITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Ordenantza honek arautzen du Ledeako mugapeko etorbide, pasealeku, karrika, plaza, herri lur, zubi, parke, lorategi, iturri eta gainerako udal ondasun publikoen erabilera komuna eta pribatiboa.

2. artikulua. Ordenantza hau Ledeako udal mugarte osoan aplikatuko da, eta beharturik egonen dira bertako biztanle guztiak, edozein dela ere haien kalifikazio juridiko-administratiboa.

Ordenantza honen edukia ez jakitea ez da aitzakiatzat hartuko, hura betetzen ez bada.

I. TITULUA

Eremu publikoaren erabilera

I. KAPITULUA

Eremu publikoen kontserbazioa

3. artikulua. Udal Administrazioaren eskumenekoa da eremu publikoetako egiturazko nahiz apaindurazko elementuen kontserbazio egokirako lan eta obrak egitea. Eremu publikoen kontserbazio egoera hobetzeko izanik ere, inork ez du elementu horiek berritzeko edo konpontzeko lanik egiten ahalko, aurretik Udalaren lizentziarik ez badu.

II. KAPITULUA

Arau orokorrak

4. artikulua. Debeku da:

a) Eremu publikoa erabiltzea auto edo motoak konpontzeko, edo metal arotzerian, iturgintzan edo gisakoetan aritzeko, edo ibilgailuak nahiz animaliak garbitzeko.

b) Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.

c) Eremu publikoan edariak kontsumitzea eta edalontziak eta botilak lurrera botatzea.

d) Eremu publikoan tapizak edo bestelako objektuak garbitzea.

e) Eremu publikoaren gainean arropak, tapizak edo bestelako objektuak astintzea.

5. artikulua. Obretako hesiak paratzean, eremu publikoa okupatzen bada, Ledeako Udal Planeko determinazioak bete beharko dira.

III. KAPITULUA

Zaratak

6. artikulua. Eremu publikoan asotsik sortuz gero, ez dira gaindituko herritarren bizikidetzak behar dituen mugak. Eraikin eta jardueretan zaratak eginez gero begiratu beharko diren arauak izanen dira jarduera sailkatuei buruzko udal edo foru araudia eta zaratak eta bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen foru dekretua.

Debekatua dago:

• Eremu publikoan oihu egitea.

• Sobera gora kantatzea edo solas egitea eraikin partikularren barrenean, ezarritako asots mailak gaindituta.

• Patio, etxabe edo galerietan, beren asots eta oihuekin auzoaren atsedenari traba egiten dioten animaliak edukitzea.

• Petardo klase guztiak saltzea establezimendu baimendua ez den toki batean, eta petardoak erabiltzea eta suziriak jaurtitzea Udalaren baimenik gabe.

• Obrak gauez egitea.

IV. KAPITULUA

Ibilgailuak

7. artikulua. Eremu publikoan ibiltzen diren ibilgailuen motor eta ihes tutuek ez dute jarduera sailkatuetan agertzen diren mugak hausteko moduko asotsik ateratzen ahalko, non eta ez diren muga haien ordez beste batzuk baimentzen, orduan muga berriak aplikatzen ahalko baitira.

8. artikulua. Ibilgailuek eremu publikorako ezarritako zirkulazio eta abiadura arauak beteko dituzte.

9. artikulua. Ibilgailuak, mugikortasuna, ebakuazioa eta zirkulazio askea errazteko, ezein kale ez trabatzeko moduan aparkatuko dira.

V. KAPITULUA

Iturri publikoak

10. artikulua. Iturri publikotzat hartuko dira eremu publikoan daudenak edo landa bazterretan izanagatik jende guztiak erabiltzen ahal dituenak. Iturburuen gaineko araua Urari buruzko Legea izanen da.

11. artikulua. Debeku da iturri publikoetan:

a) Arropa, fruta, barazkiak edo beste edozein gauza garbitzea.

b) Jendea bainatzea eta orobat zakurrak nahiz bestelako animaliak bainatzea.

c) Ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

d) Etxeko animaliei giza kontsumorako diren iturrietatik zuzenean edaten uztea.

e) Ibilgailu mota oro garbitzea.

VI. KAPITULUA

Parke eta lorategiak

12. artikulua. Udalaren eskumenekoa da eremu publikoko parkeak eta lorategiak landatu eta mantentzea. Guztiek arbolak errespetatuko dituzte, eta ez dute eginen haiei kalte egiten ahal dien deus. Parke eta lorategietan edozein landareri kalte egiten dionak hura lehengoratzeko gastuak ordaindu beharko ditu.

13. artikulua. Debeku da:

a) Zuhaitzetara igotzea.

b) Hiriguneetan bizi diren basa animaliak (txoriak, katuak, saguzarrak...) gaizki tratatzea edo hiltzea, balio handia dutelako izurrien aurka.

c) Berdeguneetan hondakinak botatzea, paperontziak edo edukiontziak erabili gabe.

d) Lorategietan sua piztea edo piztua edukitzea.

e) Kanpaina-dendak jartzea.

f) Kalez kaleko salmenta egitea udal baimenik izan gabe.

g) Txakurrak aske eramatea.

h) Soropilean edo espaloietan edozein motatako ibilgailuetan ibiltzea (kotxeak, motozikletak, bizikletak eta abar).

i) Bonbillak, farolak edo seinaleztapenak apurtzea.

j) Zaldi-azienda edo beste animalia batzuk sartzea bazkatzera.

14. artikulua. Debeku da pixa egitea eta gorozkiz edozein eremu publiko edo jende guztiak erabiltzekoak diren lekuak zikintzea. Halakorik egiten duena zehatua izanen da, non ez duen frogatzen salbuesten duen eritasunen bat duela.

II. TITULUA

Bide publikoaren garbiketa

I. KAPITULUA

Eremu publikoaren garbitasuna, herritarren erabilera orokor
eta arruntaren ondorioz

15. artikulua. Garbitasunari begira, honako hauek hartzen dira eremu publikotzat: Etorbideak, pasealekuak, kaleak, espaloiak, zeharkaleak, bideak, lorategiak eta berdeguneak, eremu lurtsuak eta zuzenean herritarren erabilera arrunt eta orokorrerako diren erabilera publikoko gainerako ondasunak.

Udalak eginen du eremu publikoko plaza eta kaleen garbiketa.

16. artikulua. Debekaturik dago eremu publikoan nolanahiko hondakin solido, likido eta gaseosoak botatzea eta uztea. Tamaina txikiko hondakin solidoak, hala nola paperak, bilgarriak, txikleak, zigarro punta itzaliak eta gisakoak, horretarako dauden paperontzietan bota beharko dira, eta horiek besterik ez, zeren debeku baita bertan bestelako hondakinak eta zabor poltsak botatzea.

17. artikulua. Ondoko hauei espaloiak garbitzea dagokie, eta hori egin ezean udal administrazioaren aitzinean erantzun beharko dute:

a) Espaloia fatxadarena baldin bada, eraikinaren jabeak, eraikinaren funtzioa edo helburua edozein delarik ere.

b) Negozioaren titularrei, baldin eta beheko solairuan saltokiak edo dendak badaude; kasu horretan, beren aurrealdean hartzen duten espaloi zatia garbitu beharko dute.

c) Titular administratiboak, espaloiak eraikin publikoei dagozkienak badira.

d) Partikularrek eremu publikoa garbitu eta eskobatzearen ondorio diren produktuak ez dira inola ere kalean uzten ahalko.

II. KAPITULUA

Eremu publikoko zikinkeria, obrek eta bestelako jarduerek sortua

18. artikulua. Eremu publikoan zikinkeria sor dezaketen jarduerak egiten badira, non-nahi eginak izanagatik eta batere ukatu gabe kasu bakoitzean behar diren lizentziak edo baimenak, titularrak behartuak daude neurriak hartzera eremu publikoan zikinkeriarik izan ez dadin, eta, era berean, behartuak daude bai eremu publikoa bai bertako egitura elementuak garbitzera, eta gelditu diren hondakinak jasotzera.

19. artikulua. Zikinkeriarik ez sortzeko, obrak egiten ari direnek eremu publikoa babestu beharko dute, elementu egokiak paratuz eraisketen, zabor legarren eta obran sobratutako materialen inguruan, ez daitezen barreia eta heda lanek hartzen duten esparru-esparrutik kanpora.

Bereziki, eremu publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta lotura lanen inguruak beti garbi eta inolako hondakinik gabe eduki beharko dira. Ateratako lurra aurreko lerroaldean zehaztu bezala babestu beharko da.

Obrak eremu publikoan edo aldameneko lekuren batean egiten direnean, hesiak eta babes elementuak nahiz seinaleak ezarri beharko dira. Horietaz gain, hodiak ere bai, eraisketako materialen eta produktuen zamalanetarako, behar diren baldintzak betez, eremu publikoa ez zikintzeko eta jendeari edo gauzei kalterik ez egiteko.

Eraikinak jaso bitartean, eremu publikoa garbitzeko betebeharra, 15. eta 16. artikuluetan ezarritako esparru material osoan, obrako kontratistarena da.

20. artikulua. Debeku da eremu publikoan nahiz bertako edozein elementutan hondakinak zuzenean utzi, hustu edo botatzea. Hondakinak uzteko, Udalak edo kasuan kasuko entitateak homologatutako edukiontziak erabili beharko dira.

Eremu publikoan abandonatutako materialak, hiri hondakin solidoei buruz indarra duen legeriari jarraikiz, udal jabetzakoak dira, eta interesdunak ezin izanen dio deus erreklamatu egindakoa egiteagatik ez Udalari ez egiteko horren ardura hartu duenari, material horiek bertatik kentzeak eragindako galerengatik, eta gainera aplikatzen ahalko zaio egindako zerbitzuari dagokion tasa fiskala edo kasu bakoitzean legozkiokeen zehapenak.

III. KAPITULUA

Eraikin higiezinetako elementuen eta kanpoaldeen garbitasuna
eta mantentze-lana

21. artikulua. Eraikin higiezinen jabeak behartuak daude haien segurtasun, garbitasun eta apaindura publikoko baldintzak zaintzera.

22. artikulua. Finka, etxebizitza eta establezimenduen jabeak behartuta daude garbi edukitzera fatxadak, kaleko zenbakien errotuluak, ageriko mehelinak, higiezinetako sarrerak eta sarbideko eskailerak, eremu publikotik ikusten ahal badira.

Honen aurreko lerroaldeari dagokion guztian, jabeek egin beharko dituzte mantentze, garbitze eta iztukatze lanak, apaindura publikorako beharrezko denean, eta udal agintaritzak, dagokion udal zerbitzuak aurretik txostena egin ondotik, hala agintzen duenean.

Jabeek, orobat, garbi eduki beharko dituzte tximiniak, deposituak, patioak, ur eta gas hodiak, hustubideak, telebisten antenak eta, oro har, eraikinen osagarri diren gainerako instalazioak.

IV. KAPITULUA

Orubeak eta larrainak garbitzea eta mantentzea

23. artikulua. Jabeek zabor eta hondakinik gabe eduki beharko dituzte orube eta larrainak, eta behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren, segurtasunaren eta apaindura publikoaren aldetik.

Aurreko aginduaren barrenean dago belarrak eta sastrakak inausi behar izatea, apaindura publikoan ez ezik, udan suteak izateko arriskua txikitzen ere laguntzen duelako.

Udalak ahalmena du aurreko bi lerroaldeetan aipatutako garbiketa lanak ikuskatu eta subsidiarioki eginak izan daitezela agintzeko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.

24. artikulua. Udal zerbitzuak edo udalerriko garbiketaren enpresa esleipen hartzaileak aurreko artikuluan aipatzen diren lanak subsidiarioki eginen ditu, kasu bakoitza eta dauzkan zirkunstantzia bereziak kontuan hartuta, eta beti eta ordena horretan aurretik jarriz udal jabetzako orubeak eta lurrak.

V. KAPITULUA

Animaliak eremu publikoan edukitzeak garbitasunaren gainean duen eragina

25. artikulua. Jabeak dira beren jabetzapeko animaliek pertsona eta gauzen gainean eragindako kalte edo hondamenen zuzeneko erantzuleak, bai eta eremu publikoa zikinduz egiten duten edozein egintzarenak ere.

Jaberik agertu ezean, zikinkeria sortutakoan animalia zeraman pertsona izanen da erantzule subsidiarioa.

26. artikulua. Ezinbesteko higiene neurria denez, eremu publikoan zakurrak edo bestelako animaliak daramatzaten pertsonak behartuta daude beren animaliei iraizkinak egiten ez uztera eremu publikoko oinezkoen ibiltoki, parterre eta berdeguneetan, ez eta eremu publikoan herritarren pasabide, egonleku eta jostaleku diren gainerako tokietan ere, edo, bestela, gorozkiak bildu eta garbitzera, egin bezain pronto.

Zakurra beti ibiliko da norbaitekin, pertsona arduradunak lotuta eta kontrolaturik daramala.

VI. KAPITULUA

Herritarrak elurteetan egin beharrekoak, eremu publikoa garbi egon dadin

27. artikulua. Elurtea izan eta sortzen den egoera larrialdikotzat jotzen denean, eragindako eremua egoera horretan segituko du, harik eta Alkatetzak espresuki normaltasuna itzuli dela adierazten duen arte.

28. artikulua. Elurteetan, ordenantza honetako 17. artikuluan aipatutako pertsonek eta subsidiarioki higiezinak betetzen dituzten pertsonek edo, haiek izan ezean, higiezinen arduradunek hurrengo bi lerroaldeetan ezarritako prebentzioak beteko dituzte.

Eraikinetako bizilagunek edo haiek eskuordetzen dituztenek beren fatxadak okupatzen duen espaloia elurrez eta izotzez garbitu beharko dute, oinezkoak pasatzeko behar adina leku uzteko.

Udalak, posible bada, gatz urgarriz betetako zaku bat emanen du doan, gatza erabiltzeko jarraibide batzuekin, eskatzen duen etxe bakoitzarentzat, izotz plakarik era ez dadin, eta garbitzen laguntzeko.

Elurra eta izotza espaloian pilatuko dira, oinezkoak gutxien trabatzen dituzten lekuan, galtzadan utzi gabe eta gisa honetara:

a) Aparkaturiko ibilgailuen gainean utzi gabe.

b) Uraren eta ibilgailuen ibilia eragotzi gabe.

c) Estolderiaren eta/edo euri uren saretik hurbilen dagoen kainu zulorako sarbidea estali gabe.

29. artikulua. Eremu publikoan elurra garbitu eta biltzeko lanek dirauten bitartean, ibilgailuen jabe eta gidariek kasu egin beharko diete udal agintariek aparkatzeari buruz ematen dizkieten jarraibideei.

30. artikulua. Inola ere ez da eremu publikora botako terraza, balkoi eta eraikinen bestelako irtenguneetan pilatu den elurra, Alkatetzak kontrako xedapenik eman ezean.

III. TITULUA

Garbitasuna, erabilpen arrunt, berezi eta pribatiboari
eta karrikako manifestazioei dagokienez

I. KAPITULUA

Eremu publikoan kartelak eta pankartak paratzea

31. artikulua. Debeku da kartelak eta eranskailuak bereziki horretarako antolatutako tokietatik aparte paratzea eta itsastea, udal agintaritzak baimendutako kasu zehatzetan salbu. Lehentasuna izanen dute beti herriko informazioek, dela Udalarenek, dela Ledeako elkarteenek.

32. artikulua. Udalak erabakitako tokietan paratzen diren kartel eta eranskailuek herritarrentzat interesgarriak diren ekitaldien edo jardueren berri eman beharko dute.

Ez da kartelik paratzen ahalko hasi aurrez udal agintaritzari jakinarazi gabe, lehen aipatu Ledeako elkarteek paratzen ahal dituztenak izan ezik.

II. KAPITULUA

Pintaketak

33. artikulua. Debeku da eremu publikoan pintaketak egitea, hala haren egiturazko elementuetan, galtzada, espaloi eta hiri altzarietan, nola herriko kanpoaldeko murru eta paretetan.

Aurreko lerroalde horretan xedatuari dagokionez, salbuespen izanen dira orubeetako hesietan edo mehelin libreetan egindako horma pintura artistikoak, baina, horretarako, beharrezkoa izanen da Udalaren eta jabearen baimena izatea.

IV. TITULUA

Zehapenak

34. artikulua. Ordenantza honetako arauak hausten dituztenei 600 eurorainoko isunak ezarriko dizkie Alkatetzak eta, gainera, erantzuleei erreklamatzen ahalko zaie, egoki den maneran, garbiketa eta konponketa gastuen ordainketa eta, hala egokituz gero, salaketa aurkez dezakete agintari judizial eskudunaren aurrean.

Enpresek edo entitateek egindako arau hausteak zehatzen ahalko dira, eta, era berean, haien gain uzten ahal dira kasuan kasuko ordezko betearazpenek sortutako gastuak, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeari eta aplikatzen ahal diren gainerako legeei jarraikiz.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean indarrik gabe geldituko dira harekin bat ez datozen udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan aurreikusitako epea iraganik.

Iragarkiaren kodea: L2114372