246. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATETZ

Ordenantza, Udalaren aretoen eta lokalen (Kultur Eskola) erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Atezko Udalak, 2021eko abuztuaren 13an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udalaren aretoen eta lokalen (Kultur Eskola) erabilera arautzen duen udal ordenantza.

Iragarkia 2021eko 198. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 24an, eta jendaurreko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsitzat jotzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Eritzegoitin, 2021eko urriaren 5ean.–Alkatea, Paula Ibero Baraibar.

UDALAREN ARETOEN ETA LOKALEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Arau honen xedea da arautzea eta Atezko herritarren eskura jartzea espazio bat, bertan kultura, kirol eta gizarte arloetako jarduerak egiteko eta bestelako erabileretarako.

Alabaina, lokal horien erregulaziorik ezak antolamendu mailako arazoren bat sor dezake; hortaz, beharrezko ikusten da Udalaren areto eta lokalen erabilera arautzen duen erregelamendu bat egitea eta onestea.

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Atezko Udalaren areto eta lokalen erabilera arautzea, udalerriko pertsona fisikoek, entitateek edo elkarteek jarduera zehatzetarako lokal bat behar dutenean, erabili ahal dezaten, jarraian xedatzen diren arauei jarraikiz.

2. artikulua. Lagatzen diren espazioei buruz kontuan hartu beharrekoak.

1. Atezko Udalak erabakiko du Udalaren areto eta lokalen erabilera lagatzea behin-behinean eta doan.

Udalaren lokalak, zeinen erabilera erregelamendu honen bidez arautu nahi den, “Eskola” izenaz ezagutzen den eraikinaren beheko solairuan eta lehen solairuan daude, Eritzegoitin (3. poligonoko 13. lurzatia).

–1. aretoa, 1. solairua: aretorik handiena, kultura, hezkuntza, kirol arloetako jardueretarako, baita Kontzejuaren bileretarako ere.

–2. aretoa, 1. solairua: areto txikiagoa, hainbeste leku behar ez duten jardueretarako.

–3. aretoa, beheko solairua: erabilera anitzeko aretoa, kultura eta kirol arloetako jardueretarako, baita jarduera gastronomikoetarako ere.

2. Udalak alda dezake areto eta lokal erabilgarrien zerrenda hau Udalaren aukerek eta interesek halaxe eskatzen dutenean.

3. artikulua. Eskaerak eta onuradunak.

1. Pertsona fisikoek, entitateek edo elkarteek Atezko Udalari eskatuko diote dagokion udal areto edo lokalaren erabilera lagatzeko, eskaera-eredu formalizatu baten bidez.

2. Udalaren lokalak lagatzeko nahitaezkoa izanen da eskaera arrazoitu bat aurkeztea. Bertan agertuko da pertsonaren zer jarduerak dakarren lokalak erabiltzea eta zein den jarduera horren helburua.

3. Erabilera eskuratzeko ezinbestekoa izanen da lokal horiek erabiltzeko egunak eta orduak zehaztea.

4. Eskaera egun bat lehenago, gutxienez, egin beharko da, erabiltzen hasi aurretik.

5. Beheko solairuko aretoa erabiltzeko Eritzegoitiko auzotarrek izanen dute lehentasuna herriko festak ospatzen dituztenean.

4. artikulua. Ebazteko organoa.

Atezko Udalak, barne ekitaldi batean, jarduketa proposamena aztertuko du, hura kalifikatuko eta erabakiko errefusatzea edo onartzea.

Presaren kariaz eskaerak aurkezteko epeak eta baldintzak betetzea ezinezkoa bada, gutxienez ere Alkatetzarekin harremanetan jarri beharko da, eta haren oniritzia jaso.

5. artikulua. Prozedura.

1. Aretoa erabiltzeko eskaera egin duena arduratuko da giltzak utzi eta jasotzeaz, eta ekitaldi bakoitzaren aurretik eta ondotik egoera gainbegiratzeaz. Nolanahi ere, arduradun horrek ez ditu baimenduko eskatzen diren jarduketak, baimenak ematea Atezko Udalaren ardura izanen baita.

2. Eskaera ezarritako epean eta eran aurkeztu ondoren, hogeita lau orduko epean espresuki ebatziko da.

3. Erabileraren iraupena ezarriko da Udalaren lokalak erabiltzeko baimen-erabakian, eta espresuki eta zehaztasunez adieraziko dira lagatzen diren espazioak eta erabiltzeko orduak.

4. Bi eskaerek data eta ordutegietan bat egiten badute, lehenago aurkeztu dena nagusituko da. Hala ere, eta salbuespenez, hala eskatzen bada, Atezko Udalak erabaki dezake zer eskaerak duen lehentasuna aldi bererako proposatu direnen artean.

6. artikulua. Erabilerak eta ordutegia.

1. Lagatzen diren tokiak bere eginkizun edo jardueretarako erabil ditzake eskatzaileak, erabilera baimenerako eskaeran ezarrita dituen helburuei jarraituz. Lagapen erabakian edo baimenean gai hori zehatzago arautu daiteke, hala behar duten puntuetan.

2. Atezko Udalak baimendu beharko ditu aurreko paragrafoan aipatutakoez bestelako erabilera guztiak.

7. artikulua. Onartzen ez diren jarduerak.

1. Lagatako lokalaren edo aretoaren barnean, lagapen-hartzailearen autonomia ukatu gabe, ezin izanen da pertsonen berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik egin. Horregatik, debeku dira indarkeriazko ekintzak, nahiz pertsonen duintasunaren kontrakoak, nahiz arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu joera eta gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta gizabanakoei bereizkeria egitea.

2. Debeku da lagatako lokalak edo aretoak erabilera-baimenean ageri ez diren jardueretarako erabiltzea, bereziki jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuetarako.

3. Debeku da erretzea areto nahiz lokaletako edozeinetan.

4. Auzotarrei eragozpenak edo nahasmenduak eragiten dizkien beste edozein jarduera.

8. artikulua. Honako hauek izanen dira lagapen-hartzailearen betebeharrak:

a) Lokalak erabiltzeko araubidean edo baimen erabakietan ezarritako erabilera ordutegiak errespetatzea.

b) Lagatako tokia onuradunaren xedeetarako erabili behar da, bai eta Udalak baimentzen dituen helburuetarako ere.

c) Erabiltzeko lagatzen zaizkien tokiak egoera onean edukiko dituzte osasungarritasunaren eta higienearen aldetik.

d) Lokaleko giltzak zaintzea eta zentroa ixtea, erabiltzen azken entitatea bada, salbu eta lagapen erabakian besterik xedatzen denean. Gainera, lagatako tokiak behar bezala erabil daitezen begiratuko dute, erabiltzaileak zainduz eta kontrolatuz.

e) Esleitu zaion espazioaren erabilera ez die hirugarrenei lagako, ez osorik ez zati batean.

f) Ebazpenean espresuki baimendutakoa ez den beste areto edo lokal bat erabiltzea.

g) Gertatzen diren anomalia, gorabehera edo arazoen berri emanen diote Atezko Udalari, eta larria bada, berehala jakinaraziko dizkio.

h) Une oro Udalari jarraipen eta ikuskapen ahalmena erabiltzen uztea, begiratu ahal izateko ea betetzen diren erregelamendu hau eta erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakia. Leku guztietara sartzen uztea eta eskatzen dituen informazioa eta agiriak ematea.

9. artikulua.

Baldintza-orri honetako betebeharretako edozein ez betetzea izanen da baimena hutsaltzeko arrazoi, aparte utzirik lagapen-hartzaileari eska lekizkiokeen erantzukizunak.

10. artikulua.

Baldintza-orri honen ondoriozko lagapen prozedurak izaera administratiboa du; beraz, horien ondoriozko gorabehera guztien ebazpena, baita bertako xedapenen interpretazioa ere, Atezko Udalaren eskutan egonen dira lehen-lehenik, nahiz eta haren ebazpenen kontra jotzen ahalko den, hautara, Nafarroako toki-erakundeetarako ezarririk dauden bideak erabiliz.

Zehapen araubidea

11. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustetzat hartuko dira Udalaren lokalen erabileraren onuradunek erregelamendu honetan ezarritako arauen aurka egiten dituzten jarduketa guztiak, honako kalifikazio hauekin bat:

a) Arau-hauste arinak izanen dira erregelamendu honetan astuntzat edo oso astuntzat hartzen ez direnak.

b) Arau-hauste astuna:

–Kalteak edo hondamenak eragitea lokalean edo ondoko aretoetan.

–Erregelamendu honetan ezarri bezala, irabazi asmoko jarduketak egiteko debekua ez betetzea.

–Arau-hauste arinak berriz egitea, gutxienez hiru aldiz.

c) Arau-hauste oso astuna:

–Pertsonen askatasunari edo haren osotasun fisiko edo moralari erasotzen diotenak.

–Arau-hauste astunak berriz egitea, gutxienez bi aldiz.

12. artikulua. Zehapenak:

Aurreko artikuluan tipifikatutako arau-hausteak egiten dituztenei, behar den espedientea ireki ondoren, honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:

a) Arau-hauste arina:

Bostehun euro (500,00) arteko isuna eta lokala erabiltzeko debekua, hiru hilabete artekoa.

b) Arau-hauste astuna:

Bostehun euro eta zentimo bat (500,01) eta mila eta bostehun eurora (1.500,00) bitarteko isuna, eta lokala erabiltzeko debekua, hiru hilabete eta egun batetik sei hilabete artekoa.

c) Arau-hauste oso astuna:

Mila eta bostehun euro eta zentimo bat (1.500,01) eta hiru mila euro (3.000,00) arteko isuna, eta lokala erabiltzeko debekua, sei hilabete eta egun batetik urtebete artekoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamendu honen aplikazioan edo hartan arautuak ez dauden alderdiei buruz sor daitezkeen zalantzak osoko bilkurak ebatziko ditu, bidezko jotzen diren txosten teknikoak eta juridikoak ikusi ondoren. Erabaki horiek administrazio bidea agortuko dute, eta haien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, jurisdikzio hori arautzen duen legean ezarritakoari jarraikiz, galarazi gabe aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETARIKO LEHENA

Ahalmena ematen zaio alkateari erregelamendu hau ezartzeko eta garatzeko beharrezkoak diren arauak eman ditzan.

Iragarkiaren kodea: L2114573