245. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

132/2021 FORU AGINDUA, urriaren 8koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Foruzaingoaren zerbitzu karta emakumeen kontrako indarkeria kasuetan jarduteko.

Zerbitzu kartak administrazio publikoak hobetu eta modernizatzeko tresna izateko sortu dira.

Gaur egun, Politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legearen 18. artikulutik 21. artikulura bitarte arautzen dira zerbitzu karten sorrera, edukiak eta eginkizunak.

Bestalde, Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 58.4 artikuluak xedatzen du Foruzaingoak bere jarduna ebaluatzeko sistema bat izanen duela, non emakumezko biktimek jasotako arretari buruzko gogobetetasun maila ezagutzeko modu erraz bat sartuko baita. Horren osagarri, emakumeen kontrako indarkeria kasuetan jardun beharra dagoenean Foruzaingoaren arreta hobeki lerrokatu dadin foru lege horrekin, bidezkotzat jotzen da indarkeriaren arloko zerbitzu karta espezifiko bat izatea, Foruzaingoaren erantzuna eraginkorragoa izan dadin.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Emakumeen kontrako indarkeriaren arloan Foruzaingoak duen zerbitzu karta onestea, foru agindu honen eranskinean ageri dena.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok ezagutu dezan.

Iruñean, 2021eko urriaren 8an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

ERANSKINA

Foruzaingoaren zerbitzu karta emakumeen kontrako indarkeria kasuetan jarduteko

1.–Identifikazioa.

Emakumeen kontrako indarkeriaren arloan, Foruzaingoak unitate espezializatu baten bidez eskaintzen ditu bere zerbitzuak, Laguntza Brigadaren bidez, hain zuzen. Brigada horrek Iruñean du egoitza, baina haren estaldura-eremua Nafarroako Foru Komunitate osoa hartzen du, Tutera izan ezik; izan ere, Tuterako foruzain etxea arduratzen da hiri horretako erreferentziako barruti judizialeko emakumeen kontrako indarkeria kasu gehienetan arreta emateaz, haiek baloratzeaz, jarraipena egiteaz eta babesa emateaz. Laguntza Brigadaren jarduketa osatzen da Nafarroako lurraldean banatuak dauden zazpi foruzain etxeetatik balorazio, jarraipen eta babesaren arloan polizia-eremu bakoitzean egiten den lanarekin. Laguntza Brigada, gainera, erreferentziako unitatea da emakumeen kontrako indarkeriaren arloan jarduten duten tokiko, autonomia erkidegoko eta estatuko unitateekin koordinatzeko.

2.–Eginkizunak, misioa, ikuspegia eta balioak.

2.1. Emakumeen kontrako indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta eta babesa emateari begira, hauek dira Forzaingoaren eginkizunak:

1. Berehalako eta kalitatezko arreta espezializatua ematea, salaketa jartzera bideratua.

2. Etengabeko kontaktua izatea tratu txarrak jasateagatik babes programan sartuak dauden emakumeekin, baita zehazten diren beste emakume batzuekin ere, emakume horiei eta haien seme-alabei segurtasuna ematearren.

3. Tratu txarrak jasan dituzten emakumeen balizko arrisku egoerak hautematea eta kontrolatzea.

4. Kontaktuak erraztea eta, hala badagokio, lotura-polizia gisa jardutea emakumearen kontrako edonolako indarkeria-adierazpen baten biktimaren eta emakumeari arreta emateko gainerako zerbitzu espezializatuen artean (zerbitzu juridikoak, judizialak, sozialak eta psikologikoak).

5. Salatutako egintzak sakon ikertzea.

6. Babes eraginkorra ematea arrisku egoeretan. Emakumearen ingurune edo eremu sozial, familiar eta lanekoa kontrolatuak izatea, baita erasotzailea ibili ohi den gainerako eremuak ere, arrisku mailaren arabera horrelako neurriak hartzea gomendatua dagoenean.

7. Aholku ematea segurtasun objektiboko arauen gainean. Kasu jakin batzuetan egin beharreko tramiteei buruzko informazioa ematea (arrisku egoeretan, urruntze neurriak eta komunikatzeko debekuak urratzen direnean, eta abar).

8. Ustezko erasotzailea identifikatzea, lokalizatzea eta, hala badagokio, epaileen esku jartzea.

9. Zenbait tramite egiten laguntzea (salaketa, zitazio judizialera eta epaitegietara joatea, eta abar), arrisku mailaren arabera horrelako neurriak hartzea beharrezkoa denean.

2.2. Emakumeen kontrako indarkeria kasuetan jarduteko, Foruzaingoaren misioa da arreta espezializatua, pertsonala, etengabea eta osoa ematea Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko Foru Legean aurreikusitako edozein indarkeria motaren biktima diren emakumeei eta haien seme-alabei.

2.3. Foruzaingoaren ikuspegia da emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazten laguntzea, gaitz sozial bat den aldetik, laguntza espezializatua emanez eta inplikaturik dauden baliabide guztiekin koordinatuz.

2.4. Emakumeen kontrako indarkeria kasuetan jarduteko, Foruzaingoa balio hauetan oinarritzen da:

–Errespetua eta tolerantzia indarkeriaren biktima diren emakumeek hartzen dituzten erabakien aurrean.

–Emakume bakoitzaren egoerari egokitutako arreta ematea, informazioa, orientazioa eta lagun-egitea eskainiz.

–Emakumeari eta haren seme-alabei babes eraginkorra ematea prozesu osoan.

3.–Zerbitzuak, konpromisoak eta betetzearen adierazleak.

Foruzaingoak agente sare bat dauka Nafarroako Foru Komunitate osoan banatua, emakumeen kontrako indarkeriaren aurka jarduteko zerbitzu osoa eta espezializatua ematen duena.

3.1. Zerbitzuak:

Hauek dira Foruzaingoaren unitateek emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko eskaintzen dituzten zerbitzuak:

–Berehalako erantzuna larrialdi egoeretan, 112 telefonoaren bidez.

–Larrialdiko deiaren geolokalizazioa, My112 aplikazioaren bidez.

–Emakumeentzako eta haien seme-alabentzako arreta, gune fisiko espezifiko eta banakakoetan.

–Bulego guztietarako irisgarritasuna mugikortasun murriztua duten emakumeentzat.

–Eginbide polizialen instrukzioa egitea eta epaitegi eskudunetara bidaltzea, genero-indarkeriaren biktima direnei arreta ematean espezializatuak dauden polizia judizialeko unitateen bidez.

–Egoerari arreta ematea eta jarraipena egitea modu pertsonalizatuan eta espezializatuan.

–Biktimari aholkua eta orientazioa ematea, eta arreta emateko eta errekuperatzeko sareko baliabideetara bideratzea.

–Babes neurriak, ezarrita dagoen ebaluazio sistemaren ondorioz baloratzen den arriskuaren arabera.

–Emakumeek eskatzen duten hizkuntzan artatzea, interprete zerbitzuaren bidez.

–Nolabaiteko desgaitasun psikikoa, entzumenekoa edo ikusmenekoa duten emakumeentzat egokitutako arreta.

–Polizia jarduketetan, Estatuko segurtasun indar eta kidegoekin, autonomia erkidegoetako poliziekin eta Nafarroako udaltzaingoekin koordinatzea, ezarrita dauden sistemen bidez.

–Erasotzaileen kontrola, Herritarren Segurtasunaren Arloko agenteen bidez.

–Biktima harrera eta lagun egiteko baliabideetara, epaitegietara edo osasun zerbitzuetara eramatea, behar izanez gero.

–Prestakuntza ekintzak ikastetxeetan, emakumeen kontrako indarkeriari aurrea hartzeko.

3.2. Konpromisoak.

3.2.1. Salaketa jarri aurretik, aholkularitza juridiko espezializatua eskaintzea Foruzaingoaren bulegoetan.

3.2.2. Kasu guztietan, emakumeak dituen eskubideei eta eskura dauden laguntza-baliabideei buruzko informazio eguneratua emanen zaio, hizkera errazean.

3.2.3. Atzerriko hizkuntza batean mintzatzen diren edo zeinu-hizkuntzako interprete bat behar duten emakume guztiei interprete bat bermatuko zaie, aurrez aurrekoa edo birtuala.

3.2.4. Larrialdiko ostatu-zentrora laguntzea, eskatzen den kasuetan.

3.2.5. Urtero, prestakuntza ekintza bat eginen da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta ematen edo jarraipena egiten lan egiten duten agente guztientzat.

3.2.6. Urtero, ikerketa programak eginen dira indarkeriaren biktima diren emakumeentzako polizia zerbitzua hobetzeko.

3.2.7. Emakumeen kontrako indarkeriaren arloan sentsibilizatzeko asmoz, ikastetxeetatik eta adingabeen zentroetatik eskatzen diren ekintza guztiei erantzutea.

3.3. Adierazleak.

3.3.1. Foruzaingoaren bulegoetan eskainitako aurretiko laguntza juridikoa, ehunekoetan neurtua.

3.3.2. Informazio faltaren ondorioz izandako gorabeheren kopurua.

3.3.3. Atzerriko hizkuntzako interpretea ez izateagatik edo zerbitzua atzeratzeagatik ezagututako gorabeheren kopurua.

3.3.4. Larrialdi zentroetara egindako laguntza-zerbitzuen kopurua.

3.3.5. Genero-indarkeriaren arloan prestakuntza ekintzak jasotzen dituzten unitate espezializatuetako foruzain-agenteen ehunekoa.

3.3.6. Urtero ezarritako hobekuntza-ekintzen kopurua.

3.3.7. Ikastetxeetan, emakumeen kontrako indarkeriaren arloan sentsibilizatzeko prestakuntza programak jasotzen dituzten ikasleen kopurua.

4.–Zerbitzu kartaren kudeaketa.

Zerbitzu karta honen kudeaketa Polizia Judizialaren Dibisioko buruari dagokio.

Polizia Judizialaren Dibisioko buruak izanen du 3. artikuluan hartutako konpromisoak gauzatzeko behar diren neurriak hartzeko ardura, bere jardun esparruan, bai eta kasuan kasuko konpromisoen bilakaeraren jarraipena eta aldizkako kontrola egitekoa ere.

Era berean, lau urtean behin, Emakumeen kontrako indarkeriaren aurka jarduteko Foru Legean ezarritakoaren babesean, Foruzaingoak emakumeen kontrako indarkeriaren arloan emandako zerbitzuen kanpo-ebaluazio bat eginen da.

5.–Arauen zerrenda.

Hauexek dira Foruzaingoak ematen dituen zerbitzu guztiak babesten dituzten xedapen orokorrak, alde batera utzi gabe espezialitate jakin batzuetarako dauden arau xedapenak:

–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa.

–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, genero indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriei buruzkoa.

–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako segurtasun publikoari buruzkoa.

–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako poliziei buruzkoa.

–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitekoa.

–72/2016 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Foruzaingoaren Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duena.

6.–Zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak.

Zerbitzuen erabiltzaileek, Foruzaingoaren unitateekiko harremanei dagokienez, eskubide hauek izanen dituzte:

–Foruzaingoaren jarduketen tramitazio-egoerari buruzko informazio osoa jasotzea.

–Polizia jarduketa guztien inpartzialtasuna, konfidentzialtasuna eta isilpekotasuna zaintzea.

–Txostenak hizkera argian eta ulergarrian jasotzea.

–Iradokizunak egin eta erreklamazioak aurkeztea.

7.–Erreklamatzeko, eskerrak emateko eta iradokizunak egiteko sistema.

Nafarroako Foruzaingoak barne prozedurak ditu erreklamazioak, esker emateak eta iradokizunak aztertu, baloratu, ezarri eta horiei erantzuteko, benetan uste baita herritarrek zerbitzu ematearen inguruan izaten duten edozein ekimen hobekuntzarako aukera bat dela eta, betiere, aztertu egin behar dela.

Horretarako, interesdunek komunikazio telematiko bat bidal dezakete Foruzaingoaren bulego birtualaren bidez, eskura dagoen inprimakia betez. Zuzenbidean onartuta dagoen beste edozein bide ofizial ere erabiltzen ahalko da.

Inprimaki hori Ikerketa Kriminalaren Arloko buruari eta Barne Araubideko Brigadako buruari igorriko zaie, egokitzat jotzen diren azterketak susta ditzaten eta, beharrezkoa balitz, behar den hobekuntza ezar dezaten.

Erantzunak eskaera aurkeztu eta gehienez ere hilabeteko epean jakinaraziko zaizkie interesdunei.

8.–Jendeari arreta emateko helbideak eta ordutegiak.

Foruzaingoaren foruzain etxe nagusia:

Helbidea: Sarrigurengo errepidea, 1-A.

Posta kodea: 31006 Iruña (Nafarroa).

Telefonoa: 948 20 29 20.

Faxa: 848 42 68 62.

9.–Informazioa:

1. Larrialdiak: 112 (SOS Nafarroa).

2. Aginte eta koordinazio zentroa: 948 20 29 20.

3. Laguntza Brigada: 848 42 64 03.

4. Arreta emateko ordutegia: 24 ordu.

5. Helbide elektronikoa: policiaforal@navarra.es.

6. Twitterreko kontua: @policiaforalnav.

7. Vimeoko kontua: vimeo.com/channels/policiaforalnav.

8. Instagrameko kontua: policiaforalnav.

10.–Zerbitzu kartaren ardura duen unitatea.

Ikerketa Kriminalaren Arloa izendatzen da zerbitzu karta honen unitate arduraduna. Beraz, hari dagokio zerbitzu karta honen gainean beharrezkotzat jotzen diren ekintza guztiak sustatu eta koordinatzea, baita haren erreferentea izatea ere.

Ikerketa Kriminalaren Arloa.

Helbidea: Sarrigurengo errepidea, 1-A.

Posta kodea: 31006 Iruña (Nafarroa).

Helbide elektronikoa: policiaforal@navarra.es.

Telefonoa: 948 20 29 20. Faxa: 848 42 68 62.

Iragarkiaren kodea: F2114861