241. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

411/2021 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Berezikoetan, hala publikoetan nola pribatu itunduetan, eskolaldi jarraitua eta eskolaldi malgua modu esperimentalean ezartzeko prozedura arautuko duten jarraibideak onesten dituena 2021-2022 ikasturterako (2022ko urtarriletik aurrera) eta 2022-2023 ikasturterako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 120.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ikastetxeek, beren autonomia baliatuta, hainbat alderdi lantzen ahal dituzte: esperimentazioak, lan-planak, antolatzeko moduak, bizikidetza-arauak, eskola-egutegia edo arloen zein irakasgaien eskola-ordutegia zabaltzea; betiere hezkuntza-administrazioek ezartzen dituzten baldintzetan eginen dute, eta aplikatzekoa den araudiak, baita lanari buruzkoak ere, ahalbidetzen duen neurrian. Edonola ere, familiei ez zaie ekarpenik egin beharra ezarriko, ezta hezkuntza-administrazioei eskakizunik eginen ere.

Eskolaldia, oro har, zatitua da, eta goizeko eta arratsaldeko saioak ditu, asteko egun batean izan ezik (egun horretan goizeko saioak daude bakarrik). Ikastetxeek pedagogiaren eta antolakuntzaren aldetik duten autonomia aplikatuz, aukera ematen zaie lanaldi hori berrikusteko, ikastetxe batzuetako hezkuntza sektoreen eskaerei erantzuna emateko.

Eskaera horien jatorrian laneko ordutegien eta baldintzen aldaketak daude, gizartean etengabe gertatzen direnak. Horien ondorioz, gizarte ohitura berriak agertzen dira, eta hauek, kasu batzuetan, desadostasunak sortzen dituzte ezarritako eskolako ordutegiekin.

Eskakizun horiek ikusita, batez ere ikasleen eta haien familien interesei, beharrei eta ezaugarriei erantzuna emateko, eskolaldi zatitua ezartzeaz gainera, 2007tik aurrera, hurrenez hurren, eta urteko luzapenekin, Hezkuntza Departamentuak aukera eman die Haur Hezkuntzako bigarren zikloa eta Lehen Hezkuntza ematen dituzten ikastetxeei eta Hezkuntza Berezia ematen dutenei (publikoak zein pribatu itunduak) beste bi eskolaldi mota ezartzeko modu esperimentalean: eskolaldi jarraitua eta eskolaldi malgua.

Ebazpen honen bidez, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeei aukera eman nahi die eskolaldia aldatzeko, hala eskatzen badute, batez ere ikasleen eta haien familien interesei, beharrei eta ezaugarriei erantzuna emateko.

Ikusirik Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena, jarraibideak onets daitezen prozedura arautzeko modu esperimentalean eskolaldi jarraitua eta eskolaldi malgua ezartzeko Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Berezikoetan, hala publikoetan nola pribatu itunduetan, 2021-2022 ikasturtean (2022ko urtarriletik aurrera) eta 2022-2023 ikasturtean.

Horrenbestez, erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. I., III., IV., V., VI., XI. eta XII. eranskinetan jasota dauden jarraibideak onestea, prozedura arautzen dutenak eskolaldi jarraitua modu esperimentalean ezartzeko Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Berezikoetan, hala publikoetan nola pribatu itunduetan, 2021-2022 ikasturtean (2022ko urtarriletik aurrera) eta 2022-2023 ikasturtean.

2. II., VII., VIII., IX., X. eta XI. eranskinetan jasota dauden jarraibideak onestea, prozedura arautzen dutenak eskolaldi malgua modu esperimentalean ezartzeko Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Berezikoetan, hala publikoetan nola pribatu itunduetan, 2021-2022 ikasturtean (2022ko urtarriletik aurrera) eta 2022-2023 ikasturtean.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta haren eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko irailaren 30ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Eskolaldi jarraitua

1.–Eskolaldi jarraitua.

1. Eskolaldi jarraituan ikasleei eskola jarduerak goizez ematen zaizkie, astelehenetik ostiralera, ikasturte osoan zehar. Gainera, ikasleei arratsaldez arreta emateko nahitaezko proiektu bat dauka (eskolaz kanpoko jarduerak), asteko lau egunetan, salbu eta irailean eta ekainean.

2. Eskolaldi jarraitua antolatzeko, batez ere ikasleen eta haien familien interesak, beharrak eta ezaugarriak hartuko dira kontuan.

2.–Ordutegia.

1. Hala ordutegi orokorrak, zeina eskolaldi honen berezitasuna kontuan hartuta diseinatuko baita, nola eskola-egutegiak Hezkuntza Departamentuak gai horietaz urtero ematen dituen arauetako baldintzak bete beharko dituzte.

2. Jolasaldien eguneko egitura jolasaldi bakar bat izaten ahal da, 30 minutukoa edo 40 minutukoa, edo bi jolasaldi, 40 minutukoak biak baturik.

3. Eskola-saioen kopurua eta iraupena ebazpen honen eraginpeko irakaskuntzen ezarpena arautzen duen indarreko foru aginduan ezarritakoez bestelakoak izaten ahalko dira. Dena dela, ikasturte osoan arlo bakoitzerako erabiliko den guztirako ordu kopuruak bat etorri beharko du, ahalik eta gehien, indarreko araudian ezarritakoa aplikatzetik ateratzen denarekin.

4. Nolanahi ere, curriculumerako saioak eta jolasaldiak, guztira hartuta, gutxienez 1.550 minutukoak izanen dira oro har astean, jolasaldiak 40 minutukoak izanez gero, eta gutxienez 1.500 minutukoak, jolasaldiak 30 minutukoak badira.

5. Eskuarki, goizeko saioen eta arratsaldeko jardueren artean, laurogeita hamar minutuko tartea izanen da gutxienez. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta garraioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuekin batera partekatzen dutenetan, tartea, eskuarki, bi ordu eta erdikoa izanen da.

3.–Eskolaz kanpoko jarduerak.

1. Astean lau egunez, ikastetxeak eskolaz kanpoko jarduerak antolatu beharko ditu arratsaldez, irailean eta ekainean izan ezik. Ikasleentzat borondatezkoak izanen dira.

2. Jarduera horien barnean honako hauek izanen dira, besteak beste: eskola-errefortzua, ikasketa gidatua, biharamunerako etxerako lanak egiteko aukera, hizkuntzekin lotutako jarduerak, teknologia berrien aplikazioa eta kirol jarduerak.

3. Jardueren kopurua, iraupena, ratioak (oro har, erabiliko den ratioa izanen da curriculumeko hezkuntza jardueretan erabiltzen dena) eta finantzabideak proiektuan zehaztu beharko dira, eta, ikastetxearen antolaketa-aukeren barnean, ikasleen interesak eta ezaugarriak aintzat hartuko dituzte.

4. Ikastetxeko zuzendaritzak bermatuko du ikastetxeko irakasleak jardueretan izanen direla, arduradun eta/edo parte-hartzaile gisa.

5. Oro har, barne-jarduerak izanen dira, eta ikastetxean bertan egin beharko dira. Ikastetxetik kanpo egiten direnak –ikastetxetik kanpo egiten diren eskolaz kanpoko jarduerak–, ikastetxearen proiektu barrukoak izaten ahalko dira ikastetxekoen ordutegiaren barruan egiten badira. Ikasleen joan-etorria ikastetxearen ardura izanen da, eta ikasleek ikastetxean egon beharko dute ikastetxean bertan egiten diren eskolaz kanpoko jarduerak amaitzen diren orduan beranduenez.

4.–Irakasleak.

1. Irakasleen ordutegia eta ikasleak ikastetxean egon beharreko ordutegia bereizten ahal dira. Eskolaz kanpoko jardueretan arduradun edo parte-hartzaile gisa ematen dituzten orduak eskola gabeko irakastordu gisa zenbatuko dira.

2. Eskola orduak, guztira, 25 izanen dira, zuzeneko irakaskuntza orduak eta eskola-ordu gisa kontatzen direnak batuta.

5.–Bestelako monitore eta hizlariak.

1. Ikastetxeko irakasleez gain, eskolaz kanpoko jardueretan familiek, elkarteek, instituzioek, udalek eta kultur eta kirol entitateek ere inplikatu eta parte har dezakete.

2. Jardueren monitoreek edo hizlariek bete beharko dute segurtasunari eta erantzukizunari buruz indarrean dagoen araudia, eta betebehar guztiak eguneratuak edukiko dituzte (kontratuak, gizarte segurantza, sexu-izaerako delituen gabezia egiaztatzen duen ziurtagiria...).

6.–Zerbitzu osagarriak. Eskola jantokia eta eskola garraioa.

1. Hezkuntza Departamentuaren ardura da ikastetxeetako zerbitzu osagarriak emateko baliabide ekonomikoak optimizatzea. Horregatik, ikastetxeak jantokia edo eskola garraioa badu, haien jarraitutasuna bermatu beharko da, zerbitzu horiek partekatzen dituzten ikastetxeekin koordinatuz. Zerbitzu osagarrien ordutegia ezin izanen da aldatu haien kalterako ez eta garraioaren adjudikaziodunaren plangintzaren kalterako ere.

2. Eskolaz kanpoko jarduerak egiteko ezartzen diren egunetan, garraioa haiek bukatu ondoren abiatuko da.

3. Ekainean, irailean eta eskolaz kanpoko jarduerarik ez dagoen astegunean, bidaia bakarra egiten dela bermatzeko, beste hezkuntza etapa batzuk ematen dituzten ikastetxeekin eskola garraioa partekatzen duten ikastetxeetan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek, garraioa baliatzen dutenek, diruz lagundutako eskola jantokiaren zerbitzua erabili beharko dute.

7.–Giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak.

1. Ikastetxe publikoetan, eskolaldi jarraitua ezartzeak ez du inoiz ekarriko ez giza baliabideak ez funtzionamendu gastuak handitzea.

2. Ikastetxe pribatu itunduetan, eskolaldi jarraitua ezartzeak ez du inoiz ekarriko Hezkuntza Departamentuak ematen dien finantzazioa aldatzea.

8.–Prozedura.

1. Prozedura hasteko, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuaren oniritzia beharko da, garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrietarako ikastetxeak proposatzen duen ordutegia bideragarria edo bideraezina izateari buruzkoa.

2. Horretarako, ikastetxeko zuzendariak azaroaren 2ra arteko epea izanen du complementarioseducativos@navarra.es eta ordenacion.academica@navarra.es helbideetara mezu elektroniko bat bidaltzeko, non jakinaraziko baitu garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrietarako proposatzen dituen ordutegiak zein diren, eta zer ikastetxerekin partekatzen den garraioa. I. eranskin honen 6.3 puntuan aipatzen den egoera ere adieraziko da, halakorik bada.

3. Oniritzia lortu ondoren, zuzendariak aurrera eginen du eskatzeko prozedurarekin. Lortzen ez bada, ikastetxeak jarduketak artxibatuko ditu.

4. Ezin izanen dira aldi berean aurkeztu eskolaldi jarraitura aldatzeko proiektua eta eskolaldi malgura aldatzekoa.

5. Zuzendaritza taldeak eginen du eskolaldi jarraituaren proiektua, eta, hartan, honako hauek agertuko dira, gutxienez:

a) Denboren antolaketa berriarekin proposatzen diren helburu orokorrak.

b) Ikastetxeko ordutegi orokorra.

c) Ikastetxean irakasten diren hezkuntza mailak.

d) Ikasleen eskola-ordutegia.

e) Eskolaz kanpoko jardueren zerrenda, haien programazioa, iraupena, monitoreen eta hizlarien eginkizunak eta ratioak, ikasleen beharrizanak eta ezaugarriak aintzat hartuz.

f) Eskolaz kanpoko jardueretan arituko diren irakasleen kopurua, ordu kopurua eta jarduerotan arduradun edo parte-hartzaile ari diren esanez.

g) Ikastetxeko jardueretan parte hartzen duten erakundeen, elkarteen, entitateen eta taldeen zerrenda, eta/edo, hala badagokio, ekartzen duten finantzaketa eta haien antolaketaren eta garapenaren arduradunak.

h) Zerbitzu osagarrien planifikazioa. Eskolaldi jarraituak jantokiko zerbitzuaren erabileran izanen duen eragina eta eskola garraioa duten ikastetxeen arteko koordinazio neurriak, ikasleen sarrera eta irteera orduei dagokienez. Alde horretatik, I. eranskin honen 6.3 puntuan aipatzen den egoera jaso beharko du, halakorik bada.

Eranskin honen 6.2 puntuak aintzat hartzen duen ordutegia aitzinatzen ahalko da, betiere garraiorako ibilgailu bera erabiltzen duten ikasle guztien adostasuna lortuz gero, eta aldaketa horrek ukitzen ez badu ez garraioa partekatzen duten gainerako ikastetxeekiko koordinazioa, ez adjudikaziodunaren plangintza, ezta jantokiaren antolaketa ere. Ordutegian aldaketa hori egiteko, beharrezkoa izanen da, XII. eranskinean ezarritakoari jarraikiz, ikastetxeak horren berri ematea Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuari eta Ikasketak Antolatzeko Atalari, 2021eko abenduaren 21a baino lehen, mezu elektroniko bat bidaliz complementarioseducativos@navarra.es eta ordenacion.academica@navarra.es helbideetara, horrek ontzat eman dezan. Hezkuntza Departamentuak oniritzia emandakoan, huraxe izanen da kasuan kasuko ibilgailua abiatzeko ordua 2021-2022 ikasturtean, urtarriletik aurrera, ikastetxean ikasle berriak sartu ala ez. 2022-2023 ikasturterako, ikastetxeak honen berri eman beharko du 2022ko maiatzaren 1etik 25era.

i) Eskolaldi jarraituaren jarraipenerako eta ebaluaziorako plana.

6. Eskolaldi jarraituaren proiektua ezkutuko bozketan onetsi beharko da, eta ikastetxeko irakasle guztien hiru bostenen aldeko botoak beharko dira horretarako, klaustro berezirako deia eginik. Bozketaren akta eginen da, III. eranskineko ereduaren araberakoa. Akta jendaurrean paratuko da ikastetxean.

7. Proiektuak aurreko puntuan ezarritako baldintza betetzen badu, eskola kontseiluan boto-eskubidea duten kide guztien bi herenek onetsi behar dute, bilkura berezian. Horretan ere, ezkutuko bozketa izanen da. Bozketaren akta eginen da, IV. eranskineko ereduaren araberakoa. Akta jendaurrean paratuko da ikastetxean.

8. Eskola kontseiluak proiektuari ematen dion onespena (aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera, betiere) behin-behinekoa izanen da, eta idatziz komunikatuko zaie familiei, garaiz, V. eranskineko ereduaren arabera. Bozketen hasierako eguna baino lehen, behar den denborarekin, bilera bat eginen da, eta, bertan, zuzendaritza taldeak eskolaldia aldatzeko proiektua eta hori egiteko arrazoia azalduko dizkie familiei, bai eta Hezkuntza Departamentuan aurkeztu baino lehen egin beharreko prozedura ere. Horren guztiaren akta eginen da. Halaber, zalantzak argitzeko beharrezkoa den informazio guztia emanen die familiei, ahal den neurrian gaizki-ulertuak edo erreklamazioak saihesteko. Bozketa honako arau hauen arabera eginen da:

a) Zuzendaritza taldeak prestatuko du boto-emaileen errolda, zeina ikastetxean matrikulatutako ikasleen familiek edo legezko ordezkariek osatuko baitute, kanpoan utzita eskolaldia aldatu nahi duen ikastetxean ematen den Oinarrizko Hezkuntzako azken ikasmailakoak. Oinarrizko Hezkuntza osoa ematen duten ikastetxe itunduen kasuan, bazter utziko dira Lehen Hezkuntzako 6. mailatik aurrerako ikasleak.

b) Familia bakoitzak edo, kasua bada, legezko ordezkariek eskubidea dute ordezkatzen duten seme edo alaba bakoitzeko boto bat izateko. Adingabearen zaintza eta jagoletza bi ezkontideek partekatzen duten egoera juridikoetan, biak ados jarri beharko dira boto bakar bat emateko. Zaintza eta jagoletza haietako bakar bati badagokio, horrek izanen du botoa emateko eskubidea.

c) Boto-paperean kontsultarako jarriko den galdera hau da:

Ados al zaude eskolaldia aldatzeko proiektuarekin, eskolaldi jarraitua izan dadin?

BAI

EZ

d) Botoa zuzenekoa, isilpekoa eta eskuordeezina da. Hori horrela, boto-emaileak bere nortasuna egiaztatzeko agiri ofizial bat aurkeztu beharko du. Horrez gainera, XI. eranskina behar bezala beteta aurkeztu beharko du.

e) Familiei dauden mota guztietako bozketetarako egunen berri ematea. Proposamenari dagokionez jarrera desberdinak dituztenen ordezkariek gutxienez hiru eskola-egun izanen dituzte, bozketak hasi aurretik, ikastetxean bilera publikoak egiteko eta horietara deitzeko. Han, beren jarrerak azaltzeko eta defendatzeko aukera izanen dute.

f) Hiru bozketa mota egonen dira.

–Hautetsontziko bozketa presentziala, egun bakar batean.

–Postontziko bozketa presentziala, zenbait egunetan.

–Bozketa telematikoa, zenbait egunetan. (Bozketa hori eta postontzikoa bateraezinak dira).

g) Hautetsontziko bozketa presentziala eginen da zuzendaritzak ezarritako egun batean eta erroldako kideek botoa emateko aukera izanen duten ordutegian.

Ikastetxean bozketa mahai bat eratuko da, honela osatua: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu izanen dena; idazkaria; eta eskola kontseiluko ordezkari bat, gurasoen sektorekoa, borondatez parte hartu nahi duena. Horretarako boluntario bat baino gehiago badaude, edo bat ere ez badago, zozketa bidez hautatuko da ordezkari hori. Gurasoen sektoreak ordezkari bat baino gehiago izan ditzake, bozketaren egunean txandaka aritzeko. Gurasoen sektoreak eskola kontseiluan dituen kideetatik bakar batek ere joaterik ez badu, bozketa mahaian aritzeko ordezkaria zozketaz hautatuko da erroldako gurasoen artean.

h) Hautetsontziko bozketa presentzialaren lehen alternatiba gisa, boto-emaileek postontziko bozketa presentziala erabiltzen ahalko dute. Boto-emaileak, bere nortasuna agiri ofizial baten bidez egiaztatu ondoren zuzendaritza taldeko edozein kideren aurrean, botoa ematen ahalko du zuzendaritza taldeak horretarako jarritako postontzi batean; zuzendaritza taldeak izanen du postontzi horren ardura uneoro. Zuzendariak bozkatzeko egunak eta ordutegia zehaztuko ditu. Zuzendaritzak zehaztutako egunak 2 edo 3 eskola-egun izaten ahalko dira, eta hautetsontziko bozketa egiteko ezarritako egunaren aurrekoak izan beharko dute.

Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, boto-emailearen izena eta abizenak eta ordezkatzen duen haurraren izena eta ikasmaila agertu beharko dira. Gutun-azal horretan XI. eranskina egonen da (eta, hala badagokio, haurraren eskolatzearekin loturiko erabakiak hartzea soilik nori dagokion adierazten duen eta indarrean dagoen dokumentazioaren fotokopia), baita beste gutun-azal itxi bat ere, boto-papera barruan duena. Botoak dituen postontzia mahaian aurkeztuko da, hautetsontziko bozketa presentziala amaitu eta gero. Hortik aurrera jasotzen diren botoak ez dira zenbatuko. Halaber, hautestontziko bozketa presentziala erabiliz botoa eman dutenek postontzian ere botorik eman badute, postontziko boto horiek ere ez dira zenbatuko. Puntu honetan xedatutakoari jarraikiz ematen ez diren botoak baliogabeak izanen dira.

i) Halaber, hautestontziko bozketa presentzialaren bigarren alternatiba gisa, postontziko bozketa presentzialaren aukerarekin bateraezina, Hezkuntza Departamentuak, Educaren bidez, botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du. Beraz, ikastetxea gaituta badago eta boto telematikoa erabiltzea erabakitzen badu, ezin izanen da postontziko bozketa presentziala erabili. Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak jakinaraziko dizkie hautatutako ikastetxeei.

j) Botoen zenbaketa honela eginen da:

–Alderatuko dira, banan-banan, botoa postontzi bidez eman duten boto-emaileak eta hautetsontzian presentzialki bozkatu dutenak.

–Botoa hautetsontzian ere eman duten boto-emaileen postontziko gutun-azalak (oraindik itxita daudenak) bereizi eta indarrik gabe utziko dira.

–Postontziko gainerako botoak, hau da, boto presentziala hautetsontzian eman ez dutenenak, hautetsontziko bozketa presentzialean erabili den hautetsontzira sartuko dira, kanpoko gutun-azalak eduki behar duen dokumentazio guztia duela baieztatu eta gero.

–Botoen zenbaketa eginen da, kontuan hartuta bai hautetsontziko botoak, baita telematikoki emandakoak ere, halakorik bada.

k) Mahaikideek botoak zenbatu ondoren, emaitzen akta eginen da, VI. eranskinarekin bat, eta ikastetxean paratuko da jendaurrean.

l) Behin betiko onespena lortzeko, beharrezkoa izanen da eskolaldia aldatzearen alde agertzea errolda guztiko hiru bosten gutxienez (ikastetxe publikoak: ikasle guztiak, ikastetxean ematen den Oinarrizko Hezkuntzako azken mailakoak izan ezik; ikastetxe pribatu itunduak: ikasle guztiak, Lehen Hezkuntzako 6. mailatik aurrerako ikasleak izan ezik).

9.–Onespena.

1. Ikastetxeko zuzendariak, bete beharrekoak bete direla egiaztaturik, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendutako eskabide baten bidez, eskolaldia aldatzeko eskatuko du, beranduenez 2021eko abenduaren 13an. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Eskolaldia aldatzeko proiektua.

–Irakasleen klaustroaren bilkura bereziko akta, eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz hartutako erabakiaren emaitza adieraziko duena. (III. eranskina)

–Eskola kontseiluaren bilkura bereziko akta, eskolaldia aldatzeko proiektua behin-behinekoz onesten duena (IV. eranskina).

–Eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz ikasleen familiek edo legezko ordezkariek egindako bozketaren emaitzaren akta (VI. eranskina).

2. Dokumentazio hori Ikasketak Antolatzeko Atalaren ordenacion.academica@navarra.es helbidera bidaliko da. Era berean, helbide horretara bertara bidaliko dira aurreko puntuan aipatzen diren aktak, bozketetan behar diren portzentajeak bete ez badira ere.

3. Hezkuntzako zuzendari nagusiak, ikastetxeak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ebazpen bat emanen du eskolaldiaren aldaketa baiesteko edo ezesteko.

4. Baimendutako ikastetxeek ikastetxeko ordutegi orokor berria igorriko dute “Educa” kudeaketa programaz baliatuz, eta ordutegiak 2022ko urtarrilaren 8tik aurrera izanen ditu ondorioak.

10.–Jarraipena eta ebaluazioa.

1. Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren bidez, eskolaldi jarraitua ongi aplikatzen dela zainduko du.

2. Halaber, ikastetxeko eskola kontseiluak eskolaldi jarraituaren barne ebaluazioa eginen du, berak ezarritako parametroei jarraikiz.

3. Eskolaldia aldatzeko baimena jasotzen duten ikastetxeetako zuzendaritza taldeek, bukaerako memorian, eskolaldi berriaren funtzionamenduari buruzko analisia sartuko dute, aurkeztutako proiektuaren jarraipen eta ebaluazio plana kontuan hartuz.

II. ERANSKINA

Eskolaldi malgua

1.–Eskolaldi malgua.

1. Eskolaldi malguaren modalitatean ikasleentzako eskolak, urritik maiatzera bitarte, goiz eta arratsaldez ematen dira astean hiru egunetan, eta goizez gainerako bi egunetan (horietako bat asteazkena izanen da nahitaez). Irailean eta ekainean ikasleentzako eskola jarduerak goizez emanen dira.

2. Eskolaldi malgua antolatzeko, kontuan hartuko dira, batez ere, ikasleen eta beren familien interesak, beharrak eta ezaugarriak.

2.–Ordutegia.

1. Irailean eta ekainean, ikasleentzat eskolaldia astean 20 ordukoa izanen da, gutxienez, 4 ordukoa egunean, jolasaldiak barne.

2. Ikasturteko gainerako hilabeteetan, hots urritik maiatzera, ikasleentzat eskolaldia gutxienez 26 ordukoa izanen da astean, jolasaldiak barne.

3. Oro har, egunero, goiz erdian 30 minutuko jolasaldia izanen da.

4. Hala ordutegi orokorrak, zeina eskolaldi honen berezitasuna kontuan hartuta diseinatuko baita, nola eskola-egutegiak Hezkuntza Departamentuak gai horietaz urtero ematen dituen arauetako baldintzak bete beharko dituzte.

5. Eskola-saioen kopurua eta iraupena ebazpen honen eraginpeko irakaskuntzen ezarpena arautzen duen indarreko foru aginduan ezarritakoez bestelakoak izaten ahalko dira. Dena dela, ikasturte osoan arlo bakoitzerako erabiliko den guztirako ordu kopuruak bat etorri beharko du, ahalik eta gehien, indarreko araudian ezarritakoa aplikatzetik ateratzen denarekin.

6. Eskuarki, goizeko eta arratsaldeko saioen artean, laurogeita hamar minutuko tartea izanen da gutxienez. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta garraioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuekin batera partekatzen dutenetan, tartea, eskuarki, bi ordu eta erdikoa izanen da.

3.–Irakasleak.

1. Irakasleen ordutegia eta ikasleek ikastetxean egon beharreko ordutegia bereizten ahal dira.

2. Eskola orduak, guztira, 25 izanen dira, zuzeneko irakaskuntza orduak eta eskola ordu gisa kontatzen direnak batuta.

4.–Zerbitzu osagarriak. Eskola jantokia eta eskola garraioa.

1. Hezkuntza Departamentuaren ardura da ikastetxeetako zerbitzu osagarriak emateko baliabide ekonomikoak optimizatzea. Horregatik, ikastetxeak jantokia edo eskola garraioa badu, haien jarraitutasuna bermatu beharko da, zerbitzu horiek partekatzen dituzten ikastetxeekin koordinatuz. Zerbitzu osagarrien ordutegia ezin izanen da aldatu haien kalterako ez eta garraioaren adjudikaziodunaren plangintzaren kalterako ere.

2. Ekainean, irailean eta arratsaldeko eskola saiorik gabeko bi astegunetan, bidaia bakarra egiten dela bermatzeko, beste hezkuntza etapa batzuk ematen dituzten ikastetxeekin eskola garraioa partekatzen duten ikastetxeetan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek, garraioa baliatzen dutenek, diruz lagundutako eskola jantokiaren zerbitzua erabili beharko dute.

5.–Giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak.

1. Ikastetxe publikoetan, eskolaldi malgua ezartzeak ez du inoiz ekarriko ez giza baliabideak ez funtzionamendu gastuak handitzea.

2. Ikastetxe pribatu itunduetan, eskolaldi malgua ezartzeak ez du inoiz ekarriko Hezkuntza Departamentuak ematen dien finantzazioa aldatzea.

6.–Prozedura.

1. Prozedura hasteko, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuaren oniritzia beharko da, garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrietarako ikastetxeak proposatzen duen ordutegia bideragarria edo bideraezina izateari buruzkoa.

2. Horretarako, ikastetxeko zuzendariak azaroaren 2ra arteko epea izanen du complementarioseducativos@navarra.es eta ordenacion.academica@navarra.es helbideetara mezu elektroniko bat bidaltzeko, non jakinaraziko baitu garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrietarako proposatzen dituen ordutegiak zein diren, eta zer ikastetxerekin partekatzen den garraioa. II. eranskin honen 4.2 puntuan aipatzen den egoera adieraziko da, halakorik bada. Komunikazio hori nahitaezkoa izanen da horrelako zerbitzurik ez duten ikastetxeen kasuan ere, eta hala dela adieraziko dute.

3. Oniritzia lortu ondoren, zuzendariak aurrera eginen du eskatzeko prozedurarekin. Lortzen ez bada, ikastetxeak jarduketak artxibatuko ditu.

4. Ezin izanen dira aldi berean aurkeztu eskolaldi malgura aldatzeko proiektua eta eskolaldi jarraitura aldatzekoa.

5. Zuzendaritza taldeak eginen du eskolaldi malguaren proiektua, eta, hartan, honako hauek agertuko dira, gutxienez:

a) Denboren antolaketa berriarekin proposatzen diren helburu orokorrak.

b) Ikastetxeko ordutegi orokorra.

c) Ikastetxean irakasten diren hezkuntza mailak.

d) Ikasleen eskola-ordutegia.

e) Zerbitzu osagarrien planifikazioa. Eskolaldi malguak jantokiko zerbitzuaren erabileran izanen duen eragina eta eskola garraioa duten ikastetxeen arteko koordinazio neurriak, ikasleen sarrera eta irteera orduei dagokienez. Alde horretatik, II. eranskin honen 4.2 puntuan aipatzen den egoera jaso beharko du, halakorik bada.

f) Eskolaldi malguaren jarraipenerako eta ebaluaziorako plana.

6. Eskolaldi malguaren proiektua ezkutuko bozketan onetsi beharko da, eta ikastetxeko irakasle guztien hiru bostenen aldeko botoak beharko dira horretarako, klaustro berezirako deia eginik. Bozketaren akta eginen da, VII. eranskineko ereduaren araberakoa. Akta jendaurrean paratuko da ikastetxean.

7. Proiektuak aurreko puntuan ezarritako baldintza betetzen badu, eskola kontseiluan boto-eskubidea duten kide guztien bi herenek onetsi behar dute, bilkura berezian. Horretan ere, ezkutuko bozketa izanen da. Bozketaren akta eginen da, VIII. eranskineko ereduaren araberakoa. Akta jendaurrean paratuko da ikastetxean.

8. Eskola kontseiluak proiektuari ematen dion onespena (aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera, betiere) behin-behinekoa izanen da, eta idatziz komunikatuko zaie familiei, garaiz, IX. eranskineko ereduaren arabera. Bozketen hasierako eguna baino lehen, behar den denborarekin, bilera bat eginen da, eta, bertan, zuzendaritza taldeak eskolaldia aldatzeko proiektua eta hori egiteko arrazoia azalduko dizkie familiei, bai eta Hezkuntza Departamentuan aurkeztu baino lehen egin beharreko prozedura ere. Horren guztiaren akta eginen da. Halaber, zalantzak argitzeko beharrezkoa den informazio guztia emanen die familiei, ahal den neurrian gaizki-ulertuak edo erreklamazioak saihesteko. Bozketa honako arau hauen arabera eginen da:

a) Zuzendaritza taldeak prestatuko du boto-emaileen errolda, zeina ikastetxean matrikulatutako ikasleen familiek edo legezko ordezkariek osatuko baitute, kanpoan utzita eskolaldia aldatu nahi duen ikastetxean ematen den Oinarrizko Hezkuntzako azken ikasmailakoak. Oinarrizko Hezkuntza ematen duten ikastetxe itunduen kasuan, bazter utziko dira Lehen Hezkuntzako 6. mailatik aurrerako ikasleak.

b) Familia bakoitzak edo, kasua bada, legezko ordezkariek eskubidea dute ordezkatzen duten seme edo alaba bakoitzeko boto bat izateko. Adingabearen zaintza eta jagoletza bi ezkontideek partekatzen duten egoera juridikoetan, biek ados jarri beharko dute boto bakar bat emateko. Zaintza eta jagoletza haietako bakar bati badagokio, horrek izanen du botoa emateko eskubidea.

c) Boto-paperean kontsultarako jarriko den galdera hau da:

Ados al zaude eskolaldia aldatzeko proiektuarekin, eskolaldi malgua izan dadin?

BAI

EZ

d) Botoa zuzenekoa, isilpekoa eta eskuordeezina da. Hori horrela, boto-emaileak bere nortasuna egiaztatzeko agiri ofizial bat aurkeztu beharko du. Horrez gainera, XI. eranskina behar bezala beteta aurkeztu beharko du.

e) Familiei dauden mota guztietako bozketetarako egunen berri ematea. Proposamenari dagokionez jarrera desberdinak dituztenen ordezkariek gutxienez hiru eskola-egun izanen dituzte, bozketak hasi aurretik, ikastetxean bilera publikoak egiteko eta horietara deitzeko. Han, beren jarrerak azalduko eta defendatuko dituzte.

f) Hiru bozketa mota egonen dira.

–Hautetsontziko bozketa presentziala, egun bakar batean.

–Postontziko bozketa presentziala, zenbait egunetan.

–Bozketa telematikoa, zenbait egunetan. (Bozketa hori eta postontzikoa bateraezinak dira).

g) Hautetsontziko bozketa presentziala eginen da zuzendaritzak ezarritako egun batean eta erroldako kideek botoa emateko aukera izanen duten ordutegian.

Ikastetxean bozketa mahai bat eratuko da, honela osatua: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu izanen dena; idazkaria; eta eskola kontseiluko ordezkari bat, gurasoen sektorekoa, borondatez parte hartu nahi duena. Horretarako boluntario bat baino gehiago badaude, edo bat ere ez badago, zozketa bidez hautatuko da ordezkari hori. Gurasoen sektoreak ordezkari bat baino gehiago izan ditzake, bozketaren egunean txandaka aritzeko. Gurasoen sektoreak eskola kontseiluan dituen kideetatik bakar batek ere joaterik ez badu, bozketa mahaian aritzeko ordezkaria zozketaz hautatuko da erroldako gurasoen artean.

h) Hautetsontziko bozketa presentzialaren lehen alternatiba gisa, boto-emaileek postontziko bozketa presentziala erabiltzen ahalko dute. Boto-emaileak, bere nortasuna agiri ofizial baten bidez egiaztatu ondoren zuzendaritza taldeko edozein kideren aurrean, botoa ematen ahalko du zuzendaritza taldeak horretarako jarritako postontzi batean; zuzendaritza taldeak izanen du postontzi horren ardura uneoro. Zuzendariak bozkatzeko egunak eta ordutegia zehaztuko ditu. Zuzendaritzak zehaztutako egunak 2 edo 3 eskola-egun izaten ahalko dira, eta hautetsontziko bozketa egiteko ezarritako egunaren aurrekoak izan beharko dute.

Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, boto-emailearen izena eta abizenak eta ordezkatzen duen haurraren izena eta ikasmaila agertu beharko dira. Gutun-azal horretan XI. eranskina egonen da (eta, hala badagokio, haurraren eskolatzearekin loturiko erabakiak hartzea nori dagokion adierazten duen eta indarrean dagoen dokumentazioaren fotokopia), baita beste gutun-azal itxi bat ere, non boto-papera sartu baita. Botoak dituen postontzia mahaian aurkeztuko da, hautetsontziko bozketa presentziala amaitu eta gero. Hortik aurrera jasotzen diren botoak ez dira zenbatuko. Halaber, hautestontziko bozketa presentziala erabiliz botoa eman dutenek postontzian ere botorik eman badute, postontziko boto horiek ere ez dira zenbatuko. Puntu honetan xedatutakoari jarraikiz ematen ez diren botoak baliogabeak izanen dira.

i) Halaber, hautestontziko bozketa presentzialaren bigarren alternatiba gisa, postontziko bozketa presentzialaren aukerarekin bateraezina, Hezkuntza Departamentuak, Educaren bidez, botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du. Beraz, ikastetxea gaituta badago eta boto telematikoa erabiltzea erabakitzen badu, ezin izanen da postontziko bozketa presentziala erabili. Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak jakinaraziko dizkie hautatutako ikastetxeei.

j) Botoen zenbaketa honela eginen da:

–Alderatuko dira, banan-banan, botoa postontzi bidez eman duten boto-emaileak eta hautetsontzian presentzialki bozkatu dutenak.

–Botoa hautestontzian ere eman duten boto-emaileen postontziko gutun-azalak (oraindik itxita daudenak) bereizi eta indarrik gabe utziko dira.

–Postontziko gainerako botoak, hau da, boto presentziala hautestontzian eman ez dutenenak, hautestontziko bozketa presentzialean erabili den hautestontzira sartuko dira, kanpoko gutun-azalak eduki behar duen dokumentazio guztia duela baieztatu eta gero.

–Botoen zenbaketa eginen da, kontuan hartuta bai hautetsontziko botoak, baita telematikoki emandakoak ere, halakorik bada.

k) Mahaikideek botoak zenbatu ondoren, emaitzen akta eginen da, X. eranskinarekin bat, eta ikastetxean paratuko da jendaurrean.

l) Behin betiko onespena lortzeko, beharrezkoa izanen da eskolaldia aldatzearen alde agertzea errolda guztiko hiru bosten gutxienez (ikastetxe publikoak: ikasle guztiak, ikastetxean ematen den Oinarrizko Hezkuntzako azken mailakoak izan ezik; ikastetxe pribatu itunduak: ikasle guztiak, Lehen Hezkuntzako 6. mailatik aurrerako ikasleak izan ezik).

7.–Onespena.

1. Ikastetxeko zuzendariak, bete beharrekoak bete direla egiaztaturik, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendutako eskabide baten bidez, eskolaldia aldatzeko eskatuko du, beranduenez 2021eko abenduaren 13an. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Eskolaldia aldatzeko proiektua.

–Irakasleen klaustroaren bilkurako akta, eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz hartutako erabakiaren emaitza adieraziko duena (VII. eranskina).

–Eskola kontseiluaren bilkura bereziko akta, eskolaldia aldatzeko proiektua behin-behinekoz onesten duena (VIII. eranskina).

–Eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz ikasleen familiek edo legezko ordezkariek egindako bozketaren emaitzaren akta (X. eranskina).

2. Dokumentazio hori Ikasketak Antolatzeko Atalaren ordenacion.academica@navarra.es helbidera bidaliko da. Era berean, helbide horretara bertara bidaliko dira aurreko puntuan aipatzen diren aktak, bozketetan behar diren portzentajeak bete ez badira ere.

3. Hezkuntzako zuzendari nagusiak, ikastetxeak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ebazpen bat emanen du eskolaldiaren aldaketa baiesteko edo ezesteko.

4. Baimendutako ikastetxeek ikastetxeko ordutegi orokor berria igorriko dute “Educa” kudeaketa programaz baliatuz, eta ordutegiak 2022ko urtarrilaren 8tik aurrera izanen ditu ondorioak.

8.–Jarraipena eta ebaluazioa.

1. Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren bidez, eskolaldi malgua ongi aplikatzen dela zainduko du.

2. Halaber, ikastetxeko eskola kontseiluak eskolaldi malguaren barne ebaluazioa eginen du, berak ezarritako parametroei jarraikiz.

3. Eskolaldia aldatzeko baimena jasotzen duten ikastetxeetako zuzendaritza taldeek, bukaerako memorian, eskolaldi berriaren funtzionamenduari buruzko analisia sartuko dute, aurkeztutako proiektuaren jarraipen eta ebaluazio plana kontuan hartuz.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Deskargatu III. eranskinetik XII.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2114428