24. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1E/2021 FORU AGINDUA, urtarrilaren 19koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, aldatzen duena urriaren 15eko 56E/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez oinarri arautzaile batzuk arautzen baitira dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei, 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeengatik.

Kultura eta Kiroleko kontseilariak urriaren 15ean emandako 56E/2020 Foru Aginduaren bidez, 2021eko deialdia onetsi zen dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei, hain zuzen, 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeengatik; deialdi horren oinarri arautzaileak ere onetsi ziren.

Kultura eta Kiroleko kontseilariaren azaroaren 20ko 57E/2020 Foru Aginduaren bidez, aipatutako 56E/2020 Foru Aginduaren 4. eta 5. oinarriak aldatu ziren.

Deialdi horren paragrafoetako bat kontuan harturik, aurreikusten zen pandemiak eragindako zenbait gasturi aurre egitea, eta nabarmentzen zen egoerak sortutako ondorioetara azkar egokitzeko garrantzia: “Kontuan hartu da, halaber, gaur egungo pandemia egoera, protokolo berriak betetzera behartzen baitu, eta zenbait gastu aurreikusten dira lehiaketetan parte hartzeko baldintza gisa, kirolarien osasuna zaintzeko. Horrek eragin dezake ligetako bakoitzean jardunaldia atzeratu eta bertan behera utzi behar izatea; horregatik, garrantzitsua izanen da egoeraren bilakaera aztertzea eta hari egokitzea.”

Hausnarketa ildo horri jarraikiz, Nafarroako Kirol Institutuak ligen bilakaeraren jarraipen etengabea egiten du, eta aztertzen ari da birusak ligetan eragindako aldaketa bakoitzak deialdian duen eragina, hala nola atzerapenak, eteteak edo gastu gehigarriak. Zentzu horretan, bidezkoa da ohar hau azpimarratzea:

Lehiaketak atzeratu izanaren ondorioz, liga bakoitzaren egoera, kategoriei eta horietan parte hartzen duten klubei dagokienez, ez da aurreko urteetan bezain zehatz ezagutzerik izan. Horrenbestez, beharbada ez dira egokienak poltsa bakoitzari esleitutako kopuruak eta diruz lagundu beharreko kontzeptuak. Ildo horretan, aldaketa aipagarri bat ikusi dugu deialdian pisu ekonomikorik handienetakoa duen liga baten formatuan: gure deialdiko B1 kategorian sartuta dagoen futboleko 2.B maila. Iaz liga ezin izan zenez bukatu, igoerak izan ziren, baina ez jaitsierak. Hori dela eta, multzoak handiagoak izan dira, eta lurralde banaketak murriztu behar izan dira. Horregatik guztiagatik, talde horien aurrekontuetan pisua galdu dute hasiera batean diruz lagundu beharreko kontzeptu batzuek, hala nola arbitrajeek eta joan-etorriek, gutxiago eta laburragoak izanen baitira. Hala ere, defizit handiak dituzte oraindik, ezinbesteko beste gastu batzuk daudelako dauden kategorian, besteak beste, talde teknikoarentzako eta jokalarientzako ordainketak edo kudeaketa gastuak. Bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu “talde teknikoa” kontzeptua, ezinbesteko gastua baita tamaina horretako taldeetan.

Hori horrela dela egiaztatuta, aztertzen ari gara etorkizunean B1 multzo horretan kontzeptu diruz lagungarri gehiago sartzea, eta deialdi honetarako proposatzen dugu talde teknikoaren gastu horiek ordain daitezela.

Horretarako, proposatzen dugu 1. eranskineko 5. oinarria aldatzea eta paragrafo bat sartzea 2. eranskineko Dirulaguntzaren kalkuluan.

Kontzeptu diruz lagungarria sartzeko proposamen horrek ez dakar, gure iritziz, eskaerak aurkezteko epe berri bat irekitzeko behar adinako aldaketarik. Hala uste dugu ez delako dokumentazio gehigarririk eskatzen, aurkeztutako aurrekontuetan zehaztuta baitago zenbat aurreikusten duten talde guztiek “talde teknikoa” kontzeptuagatik. Besterik gabe, kategoria horretako taldeen espedienteak aztertu behar dira, eta kalkuluan sartu.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen arabera eta erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1.–Foru agindu bat onestea, aldatzeko Kultura eta Kiroleko kontseilariaren urriaren 15eko 56E/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez oinarri arautzaile batzuk arautzen baitira Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei 2021. urtean dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko, 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeengatik. Lerro bat sartzen da 5. oinarriko apartatu batean, eta paragrafo bat, berriz, 2. eranskinean.

2.–5. oinarria (Kontzeptu diruz lagungarriak) aldatzea urriaren 15eko 56E/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean, talde teknikoaren kontzeptua sartuz B1 multzoan (350.000 euroko aurrekontua edo handiagoa duten taldeak):

“B1: 350.000 euroko aurrekontua edo handiagoa duten taldeak.

–Inskripzioak eta lizentziak (A1 multzoan bezala).

–Arbitrajeak (A1 multzoan bezala).

–Instalazioen alokairua edo instalazio berekiak erabiltzearen ondoriozko gastuak (A1 multzoan bezala).

–Jantziak (barne direla jantzietan Nafarroako Gobernuaren logoaren serigrafia egiteko gastuak), bai entrenamendurako bai partida ofizialetarako.

–Joan-etorriak (A1 multzoan bezala).

–Talde teknikoa (A1 multzoan bezala).”

3.–6. puntua eranstea 2. eranskinean, “Dirulaguntzaren kalkulua” apartatuan, B1 multzoari dagokionez, talde teknikoaren kontzeptu berriaren zenbatekoa 35.000 eurokoa izan dadin gehienez:

“2.–B multzoa:

Laguntza kuantifikatzeko, honako kontzeptu hauek hartuko dira kontuan:

B1: 350.000 eurotik gorako aurrekontua duten taldeak.

1.

...

6. Talde teknikoa: kirol entitatearekin lan lotura duten langileak (entrenatzaileak, prestatzaile fisikoa, fisioterapeuta, masajista, osasun arloko langileak...) kontratatzearen ondoriozko gastuak hartuko dira aintzat, 35.000 euroko muga gainditu gabe.

Horren guztiaren batura izanen da kirol modalitate eta talde bakoitzari eman beharreko zenbatekoa, eta dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan 60.000 eurotik gorakoa.”

4.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

5.–Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirol Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Gai Ekonomikoak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 19an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2100818