238. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

398/2021 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena 2021-2022 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 584738.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. artikuluak administrazio publikoen esku uzten du prebentzio- eta konpentsazio-jarduketa ziurtatzea, gizarte-, hezkuntza- eta kultura-zaurgarritasun egoeran dauden haur guztiak eskolatzeko baldintza egokienak bermatuz, haien hezkuntza- eta gizarte-garapenik handiena sustatzeko, eta, hartara, hezkuntza inklusiboa izateko aukera izan dezaten, gainerakoen baldintza beretan. Konpentsazio politikek hezkuntza sistemaren ekintza sendotuko dute, hala saihesteko faktore sozialek, ekonomikoek, kulturalek, geografikoek, etnikoek edo bestelakoek eragindako desparekotasunak.

Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduak 36. artikuluan ezartzen du ezen, berdintasuna bermatzeko eta desorekak konpentsatzeko, deialdiak eta laguntzak izanen direla urtero, bai jantokirako, bai eskola materialerako, bai prestakuntza jardueretarako eta jarduera osagarrietarako.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatu du 2021-2022 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onestea.

Erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak.

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei laguntzak emateko deialdi publikoaren oinarriak onestea, 2021-2022 ikasturterako. Oinarri horiek I. eranskinean jaso dira.

2. Deialdi honen xede diren baliabide ekonomikoen dirulaguntzarako, 400.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastu-aurrekontuan honako honen baliokide izanen den partidaren kargura: 420004-42770-4811-322402 partida, “Ikastetxe itunduei laguntzak ematea immigraziorako eta gutxiengo kulturaletarako” izenekoa. Horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Ekonomia eta Ogasuna Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Inklusio Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

Iruñean, 2021eko irailaren 21ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

2021-2022 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei laguntzak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da laguntzak esleitzea egoera sozioekonomiko ahulean dauden Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleentzat, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan eskolaturik badaude eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean.

2.–Deialdiaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

2.1. Deialdi honen xedeko dirulaguntzaren zenbateko osoa 400.000 eurokoa da, 2022ko gastu-aurrekontuan honako honen baliokide izanen den partidaren kargura: 420004-42770-4811-322402 partida, “Ikastetxe itunduei laguntzak ematea immigraziorako eta gutxiengo kulturaletarako” izenekoa. Horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea.

Ematen diren baliabide ekonomikoak egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleak eskolatzean sortzen diren oztopoak gainditzeko erabiliko dira.

2.2. 2021-2022 ikasturtean diruz laguntzen ahalko dira ikastetxeek 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era gauzatuko dituzten gastuak, honako hauekin loturik badaude:

a) Langileen ekipamendua eta eskolako materiala.

b) Eskolako ateraldiak eta beste jarduera osagarri batzuk.

c) Eskolako jantokiaren zerbitzua.

Baliabide ekonomiko horien azken hartzailea ikaslea bera izanen da, eta ikastetxea gastua egiteaz arduratuko da, ikasleen beharren arabera.

2.3. Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira ikastetxe bakoitzean baldintzak betetzen dituzten ikasleen kopurua eta dirulaguntzaren gehieneko zenbateko osoa.

3.–Dokumentazioa.

Curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduek eta entitateek, deialdi honen 1. oinarrian adierazitako ezaugarriak dituzten ikasleak eskolatuak dituztenek, eskabide orokor bat aurkeztu beharko dute, honako agiri hauek atxikirik:

a) II. eranskina, behar bezala betea.

b) III. eranskina. Dagozkion gizarte zerbitzuen txostena, dirulaguntzaren xede diren ikasleen egoera sozioekonomiko ahula egiaztatzen duena. Ikasleak egoera sozioekonomiko ahulekotzat joko dira baldin eta beren familiek laguntzaren bat jaso badute 2020ko urtarrilaren 1etik deialdi hau argitaratu arte.

Hezkuntza Departamentuak emanen dituen egoera sozioekonomiko ahuleko ikasleentzako laguntzen eskaerak ikastetxeen bitartez baizik ez dira eginen. Horiek dirulaguntzaren xede diren ikasleen premia ekonomikoari buruzko txostenak eskatuko dizkiete kasuan kasuko udaleko gizarte zerbitzuei; aldez aurretik, ikasleen legezko ordezkarien baimena izan beharko dute datuak lagatzeko, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat.

4.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak, hirugarren oinarrian adierazten den dokumentazioarekin batera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 20 egun baliodunetan aurkeztu behar da, jasotzailea Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua dela adierazita, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan azaltzen den bezala.

5.–Laguntzak emateko prozedura eta ebazpena.

5.1. Instrukzioa egiteko organo arduraduna Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua izanen da.

5.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta horiek aztertu ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, dirulaguntzak behin-behinekoz ematea onetsiko du ebazpen bidez, eta hartan hamar egun balioduneko epea ezarriko da egoki jotzen diren alegazioak edo erreklamazioak aurkezteko, edo eskatutako dokumentazioa zuzentzeko. Dirulaguntzak behin-behinekoz emateko ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da jakinarazpen ondorioetarako.

Instrukzio organoak erreklamazioak eta/edo zuzenketak ebatzi ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da dirulaguntzak behin betiko ematea.

Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, jakinarazpen ondorioetarako, eta ikastetxeei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie, informazioaren ondorioetarako.

6.–Gastuen justifikazioa.

Emandako laguntza justifikatzeko, ikastetxeek 2022ko uztailaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era arte egindako gastuen fakturak eta dagozkion ordainagiriak, bai eta IV. eta V. eranskinak ere.

Halere, emandako zenbatekoaren kopuru osoa 2022ko otsailaren 1a baino lehen justifikatzen ahal duten ikastetxeek aurreko paragrafoan aipatutako dokumentazioa igortzen ahalko dute ordainketa tramitatu ahal izateko.

Ikastetxeek Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari igorri beharko diote justifikazio eranskin hori Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean zehaztutako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautu zen).

7.–Laguntzen ordainketa.

Dirulaguntza Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ordainduko da, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, 2022ko iraila baino lehen gauzatuko den ordainketa bakar batean; aldez aurretik, 2022ko uztailaren 31 baino lehen, egindako gastuen fakturak eta ziurtagiriak entregatuko dira.

Justifikazioa 2022ko otsailaren 1a baino lehen egiten den kasuetan, ordainketa bakarra 2022ko martxotik aurrera gauzatuko da.

Ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira, jakinarazpen ondorioetarako, eta ikastetxeei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaizkie, informazioaren ondorioetarako.

8.–Ikastetxeen betebeharrak.

Curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduek eta entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Deialdiaren oinarri hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

2. Organo kudeatzaileak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

3. Ikasle onuradunaren familiari laguntzaren jatorria eta xedea jakinaraztea.

9.–Baldintzak ez betetzea.

Oinarri hauetan ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako kausak gertatzen badira, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko da, 35. artikulu horretan ezarritakoaren arabera. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

10.–Administrazio-errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, bai eta haren oinarrien eta aplikazio egintzen aurka ere, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdia argitara eman eta biharamunetik hasita.

11.–Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. eranskina.–Egoera sozioekonomiko ahulean izanda, laguntza ekonomikoa behar duten ikasleak.

III. eranskina.–Kasuan kasuko gizarte zerbitzuen txostena, ikasle eskatzaileen familiek duten egoera sozioekonomiko ahula egiaztatzen duena.

IV. eranskina.–Gastuen justifikazioa. 2021-2022 ikasturtea.

V. eranskina.–Ikasle bakoitzeko gastuen justifikazio osoa. 2021-2022 ikasturtea.

Deskargatu eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2114057