235. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CORELLA

Deialdia, Udaltzaingoko agente lehenaren bi lanpostu kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko

Corellako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2021eko irailaren 16an egin bilkuran, Corellako Udaltzaingoko agente lehenaren bi lanpostu kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zuen.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Corellako Udaltzaingoko agente lehenaren bi lanpostu kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez betetzea. Lanpostuak funtzionario araubidekoak eta C mailakoak dira, eta honako txanda hauetan banaturik daude:

–Lanpostu bat barne igoerako txandan, Corellako Udaltzaingoko kideendako.

–Lanpostu bat igoera txanda irekian, ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako polizia kidego guztietako kideendako.

Barne igoerako txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute igoera txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekiko lehia garbian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Barne igoerako txandan betetzen ez diren lanpostuak betegabe deklaratuko dira, txanda irekian bete gabe gelditu direnak metatuta, horrelakorik baldin bada.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen diren izangaiak Corellako Udaleko funtzionario publiko eta Udaltzaingoko agente lehena izanen dira. Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta bertan alta emanen zaie, eta araubide horren babespean geldituko dira. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den eskubide pasiboen araubidean afiliatuta dauden funtzionarioek hautatzen ahal dute bertan segitzea edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.3. Nafarroako polizia kidegoetako kideen lanpostu-igoerarako prestakuntza-ikastaroak egiten ari diren bitartean zerbitzu berezietako egoeran deklaratuta dauden izangaiek beren jatorrizko lanpostuan aitortuta dauzkaten ordainsari osoak jasoko dituzte Corellako Udaletik, egoera horrek dirauen bitartean.

1.4. Izendatzen diren izangaiek Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 23/2018 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

Kategoriaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1. Barne igoerako txanda.

a) Gutxienez hiru urteko antzinatasuna izatea, lanpostuaz jabetuz geroztik, Corellako Udaltzaingoaren zerbitzuko agente lanpostuan.

b) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien balio bereko beste bat edukitzea.

3.2. Igoera txanda irekia.

a) Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea, jabetza hartzearen egunetik hasita, Nafarroako polizia kidego bateko agente lanpostuan.

b) Udal agenteak: lanpostuaren jabetza hartu zen egunetik gutxienez ere 3 urteko antzinatasuna izatea udal agente lanpostuan, eta egiaztatzea gainditu dutela Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolak emandako Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa, beharrezkoa baita polizia izateko.

c) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

d) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien balio bereko beste bat edukitzea.

Izangaiek parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dituzte betebehar horiek.

4. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak Corellako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, bertara joanda edo egoitza elektronikoaren bitartez, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

Baldin eskabidea aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik.

Eskabideak I. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira. Eredu hori Corellako Udalaren bulegoetan eskura daiteke edo Internet bidez, egoitza elektronikoan edo Aldizkari Ofizialean, argitaratzen denean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

4.3. Barne igoerako txandako izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa, eskabideaz gain:

–Corellako Udaltzaingoko agente lanpostuaren jabetza hartuz geroztik, Udalak ofizioz aurkeztuko du hiru urteko antzinatasuna gutxienez ere baduela frogatzen duen dokumentazioa, baita interesdunaren egoera administratiboari eta egindako eta aitortutako zerbitzuei buruzkoa ere.

–Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen frogagiriak. Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduak administrazio honen esku badaude, esan egin beharko du, eta berariaz adieraziko du zein prozedura zehatzetan dauden.

–3.1.c oinarrian eskatutako titulazio akademikoa.

4.4. Igoera txanda irekiko izangaiek aurkeztu beharreko agiriak, eskabideaz gain (Nafarroako polizia kidegoetako kideak eta udal agenteak):

–Organo eskudunak emandako ziurtagiria, frogatzen duena interesdunak Nafarroako polizia kidego bateko kide gisa gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela, lanpostuaren jabetza hartu zuen egunetik kontatzen hasita. Ziurtagiri berean interesdunaren egoera administratiboa zein den adierazi beharko da.

–Udal agenteek gehituko dute organo eskudunak emandako ziurtagiria, frogatzen duena udal agentearen lanpostuan gutxienez 3 urteko antzinatasuna dutela, jabetza hartu zutenetik hasita. Ziurtagiri berean interesdunaren egoera administratiboa zein den adierazi beharko da.

–Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ziurtagiria, egiaztatzen duena interesdunak gainditu duela polizia izateko beharrezkoa den Oinarrizko Ikastaroa, eskola horrek emandakoa.

Betebehar hau Administrazioak ofizioz egiaztatuko du, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak deialdia egin duen organoaren aurrean egindako ziurtagiriaren bitartez.

Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera izangaiak alegatutako merezimenduen frogagiriak.

–3.2.d oinarrian eskatutako titulazio akademikoa.

Izangaiek dokumentazio originala edo kopia konpultsatua edo behar bezala kautotua aurkeztu beharko dute, indarrean dagoen legeriaren arabera.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, alkateak ebazpena emanen du, kategoriaz igotzeko lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.4. Aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan datu hauek baizik ez dira jasoko: udaltzain-agentearen edo udal agentearen zenbakia, Nafarroako zein polizia kidegotakoa den edo atxikipeneko toki-erakundea zein den, eta zein igoera txandatan aurkezten den.

6. oinarria.–Kategoriaz igotzeko lehiaketa nola eginen den.

Kategoriaz igotzeko lehiaketak hiru fase izanen ditu, lehenbizi lehiaketaldia, gero proba teoriko-praktikoa eta hondarrean trebakuntza ikastaroa, oinarri hauetan adierazten den bezala.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da kategoriaz igotzeko lehiaketa osatzen duten probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak argitara emanen dira, 48 ordu lehenago, iragarki-taulan, web-orrian eta Corellako Udaltzaingoaren lokaletan.

6.1. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak, eta gehienez ere 77,50 puntu emanen dira:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa, polizia lanarekin zerikusirik badute: gehienez ere 25 puntu.

c) Hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa edo alemana: gehienez ere 15 puntu.

d) Sariak: gehienez ere 2,5 puntu.

Aurreko apartatuetan alegatu eta frogaturiko merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera. Merezimendu horiek alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dira lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten den unean. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

Lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak.

Fase hau bukatutakoan, epaimahaiak Corellako Udaleko iragarki-taulan argitaratuko ditu behin-behineko puntuazioak, eta erreklamazioak aurkezteko 5 egun naturaleko epea irekiko du, argitaratzen diren egunetik hasita, izangaiek beren eskubideen arabera komeni zaiena alegatu ahal dezaten.

Epaimahaiak, behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsi eta Corellako Udaleko iragarki-taulan argitaratuko ditu.

6.2. Proba teoriko-praktikoen fasea.

6.2.1. Proba teoriko-praktikoen fasean ariketa hauek eginen dira:

a) Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba teoriko-praktikoa: 150 puntu gehienez.

b) Txosten psikoteknikoa: 70 puntu gehienez.

Proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira. Bazterturik geldituko dira haietako edozeinetara agertzen ez direnak.

6.2.2. 6.2.1. apartatuaren a) letran zehaztutako proba teoriko-praktikoak gehienez ere 150 puntu izanen ditu guztira; test motako azterketa bat egin beharko da, 100 galderakoa, III. eranskineko gai zerrendari buruz, galdera bakoitzak balizko hiru erantzun dituela. Galdera zuzen bakoitzeko 1,5 puntu emanen dira, eta oker bakoitzeko 0,5 puntu kenduko da.

Proba hau baztertzailea izanen da eta, gainditzeko, gutxienez ere 75 puntu lortu beharko dira.

6.2.3. Nafarroako Administrazio Publikoaren Psikologia Aplikatuaren Atalak, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa egin ondoren, gainditzen duen izangai bakoitzari buruzko txosten psikoteknikoa eginen du. Horretan, baloratuko du izangai bakoitza deialdiaren xedeko lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien.

Unitate horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarendako.

Proba hau ez da baztergarria izanen eta 0tik 70 puntura baloratuko da.

6.3. Lehiaketaldiko elementu guztien (proba teoriko-praktikoa eta proba psikoteknikoak) kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak parte-hartzaileek lortutako puntuazioak paratuko ditu Corellako Udalaren iragarki-taulan eta udal webgunean, eta 5 eguneko epea emanen du, interesdunek balioespen horri buruz erreklamazioak eta alegazioak aurkez ditzaten beren eskubideen alde.

Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, epaimahaiak Corellako Udalaren iragarki-taulan eta udal webgunean argitaratuko du izangaien zerrenda, lehiaketaldian guztira lortutako puntuazioak adierazita.

Berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasun onarturik handiena dutenen alde joko da. Horrekin ere berdinketa baldin badirau, lehiatzaile zaharrenaren alde joko da.

7. oinarria.–Igoerarako trebakuntza ikastaroa.

7.1. Zerbitzu berezien egoeraren deklarazioa.

Corellako Udaltzaingoko agente lehena izateko ikastaroa egiteko, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietarako Eskolak emanen baitu, hautaketa-prozedura puntuaziorik handienarekin gainditu duten izangaiek dagokien Nafarroako Administrazio Publikoari eskatuko diote zerbitzu berezietako egoera deklaratzeko, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 50.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

7.2. Izaera baztertzailea.

Trebakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, eta Eskolak berak erabakitzen duena iraunen du.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako prestakuntza-ikastaroa baztertzailea da. Ikastaroa bukatzean, izangaiei “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie, eta azken horiek ezin izanen dira izendatu.

Baztertu eginen dira ikastaroa osatzen duten arlo guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.

7.3. Ikastaroa bukatutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezietako egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.

Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, jatorrizko lanpostuan zuenarekin segituko baitu.

Nafarroako polizia kidegoetako kideen lanpostu-igoerarako prestakuntza-ikastaroak egiten ari diren bitartean, zerbitzu berezietako egoeran deklaratuta dauden izangaiek beren jatorrizko lanpostuan aitortuta dauzkaten ordainsari osoak jasoko dituzte deialdia egiten duen administrazio publikoarengandik, egoera horrek dirauen bitartean.

Izangaiek beren jatorriko administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, aurreko paragrafoan adierazten diren alderdien gainekoa, eta hartan zehaztuko da trebakuntza ikastaroa hasteko dataren aurreko hilean kontzeptu horiengatik jasotakoa.

Zerbitzu berezietako egoera bukatzen denean, aurreko apartatuan aipatutako lansari-erregimena izateari utziko zaio, eta ez du eskubiderik ekarriko, ez eskubide pasiborik sortuko, ezta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.

8. oinarria.–Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

8.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Gorka García Izal, Corellako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Félix Bienzobas Lázaro, Corellako Udaleko alkateordea.

–Lehenengo epaimahaikidea: Constantino Antón Sánchez, Corellako Udaltzaingoko burua.

Ordezkoa: Ignacio Cebollada Kremer, Corellako Udaltzaingoko agente lehena.

–Bigarren epaimahaikidea: David Carabantes Bernal, Nafarroako Gobernuko Segurtasunaren Koordinazio Ataleko burua.

Ordezkoa: Alfredo Ondarra Ramos, Tafallako Udaltzaingoko burua.

–Hirugarren epaimahaikidea: Francisco Javier Sesma Arellano, Corellako Udaleko langileen ordezkari sindikala.

Ordezkoa: Corellako Udaleko langileen sindikatu-ordezkaritzak izendatuko duen ordezkaria.

–Epaimahaikide-idazkaria: Milagrosa López Mendoza, Corellako Udaleko idazkari orokorra.

Ordezkoa: Isidro López Bozal, San Adriango Udaleko idazkari orokorra.

8.2. Epaimahaia eratuko da mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago.

8.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.

8.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

8.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruzko arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

9. oinarria.–Gainditzen dutenen zerrenda.

Prestakuntza-ikastaroa bururatu ondoan, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak alkateari igorriko dizkio izangaiek prestakuntza-ikastaroan lortutako kalifikazioak, izendatu ditzan eta lanpostu hutsak banatu diezazkien.

10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, alkateak Corellako Udaltzaingoko funtzionario eta agente lehena izendatuko ditu kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditu duten izangaiak, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeran, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

10.2. Izendatutako izangaiek karguaren jabetza hartuko dute haien izendapenean erabakitzen den egunean. Behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek igoerarako eskubidea galduko dute.

11. oinarria.–Datuen babesa.

Corellako Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.

–Oinarri juridikoa. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina.

–Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak.

–Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei laga ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

–Eskubideak: jakinarazten dizugu badituzula datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea. Horiek erabiltzeko, jo beharko duzu Erregistro Orokorrera edo egoitza elektronikora. Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

12. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Corellan, 2021eko irailaren 22an.–Alkatea, Gorka García Izal.

I. ERANSKINA

Parte hartzeko eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

–Nafarroako polizia kidego batean, lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu polizia edo agente lanpostuan.

–Nafarroako polizia kidego batean, bitarteko gisa eta deialdiko lanpostuan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,65 puntu.

–Administrazio publiko baten bestelako segurtasun indar eta kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: 1,50 puntu polizia edo agente lanpostuan.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den denborako zerbitzuak, kontatuko dira egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin balitu bezala.

B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 25 puntu gehienez.

–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko, edo haren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu). Gehienez ere: 10 puntu.

Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean berariaz sartzen dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak.

–Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 3 puntu gehienez ere, kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norbanakoak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa den ere.

–Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: bi (2) puntu gehienez ere; kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

–Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: lau (4) puntu gehienez ere.

–Doktore edo lizentziatu gradua, deialdian eskatutako titulazioari buruzkoa: bi (2) puntu gehienez ere.

–Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: lau (4) puntu gehienez ere.

Atal honetan aipatutako merezimenduak soilik baloratuko dira deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero. Agente lehenaren lanpostua eskuratzeko prestakuntza ikastaroak ez dira inondik ere baloratuko.

C) Ingelesez, frantsesez eta alemanez jakiteagatik: 15 puntu gehienez ere.

–Ingelesa, frantsesa eta alemana (hizkuntza horietako bakoitzeko 5 puntu gehienez):

  • A1 maila: 1 puntu.
  • A2 maila: 2 puntu.
  • B1 maila: 3 puntu.
  • B2 maila: 4 puntu.
  • C1 maila: 5 puntu.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotzen dira, horren bidez ezarri baitziren Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Gorengo mailari dagokion puntuazioa emanen da, ez dira inola ere batuko hizkuntza bereko bi mailatako edo gehiagotako puntuak.

D) Sariak: 2,50 puntu gehienez ere.

–Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,25 puntu.

–Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.

–Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.

–Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

2.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

3.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena.

4.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.

5.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena.

6.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresen eta lokalen erregistroak arautzen dituena.

7.–33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dituena eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza irizpideak eta eginkizunak ezartzen dituena.

8.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena.

9.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

10.–Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua,Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

11.–Corellako Udalaren ordenantza, gizalegezko jokaeren sustapenaren eta espazio publikoen babesaren gainekoa (2007ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 27koa).

12.–Udal ordenantza, kuadrilla gelak arautzen dituena (2015eko 12. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 20koa).

13–1. udal ordenantza, jabari publikoko ondasunak babestearen gainekoa (1996ko 57. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 10ekoa).

14.–Udal erregelamendua, herri-lurretako belardien aprobetxamendua arautzen duena (2008ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 18koa).

15.–Etika eta deontologia poliziala:

–Jokabide kodea, legea betearazi behar duten funtzionarioendako (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).

–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.

–Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko estatuei emandako 2001/10 Gomendioa, Poliziaren Etikaren Europako Kodeari buruzkoa. (Ministroen Kontseiluak emana 2001eko irailaren 19an, Ministroen Delegatuen 765. bilkuran).

16.–16/2014 Jarraibidea, Segurtasuneko Estatu Idazkaritzarena, Segurtasun Indar eta Kidegoek diskriminazioaren lege-arauak urratzen dituzten gorroto-delituen eta jokabideen aurrean jarduteko protokoloa onesten duena.

17.–Pcr-03-00-01, Poliziaren jarduketa protokoloa, alkohola edandako gidarien aurrean.

18.–Pcr-03-00-12, Trafikoko jarduketa protokoloa, bide publikoaren okupazioari eta seinaleei dagokienez.

19.–Pcr-03-02-01, Trafikoko istripuen protokoloa.

Iragarkiaren kodea: L2114070