231. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

868E/2021 EBAZPENA, abuztuaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena Murchanteko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bati buruz, abeltzaintza intentsiboko ustiategiak ezartzeko baldintzei dagokienez. Sustatzailea Murchanteko Udala da.

Murchanteko Udalak 2020ko abenduaren 1ean onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2020ko 304. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 31koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Egun dauden abeltzaintza intentsiboko instalazioak mantentzeko eta, aldi berean, osasunaren eta abereen ongizatearen aldetik bete beharreko eskakizun berrietara egokitzeko helburuekin, aldaketaren bidez ezabatu nahi da udal planean jasotako determinazio bat, ezartzen duena abeltzaintza intentsiboko ustiategiek gutxienez 1.000 metroko distantzia gorde behar dutela hiri-lurzorutik edo lurzoru urbanizagarritik. Murchanteko Udalak aldaketa hau tramitatu du, ulertzen baitu determinazio hori araudi sektoriala baino murriztaileagoa dela, eta ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 5. artikulua aplikatuz, zeinak ahalbidetzen baitu distantzia horiek aldatzea, arrazoituta eta justifikatuta baldin badago.

Instalazio mota horretan, instalazioen edukiera, abereen espezieak eta AzLUak kontuan hartuz, bete behar diren gutxieneko distantzien proposamena hirigintza planaren araudian jasota dago.

Aldaketak ez du aldaketarik ekarriko lurzoru urbanizaezinaren kategorietan ez eta lurzoruaren azpikategoria desberdinak arautzen dituen erabilera eta jarduera araubidean ere. Haren aplikazio esparrua da natura aldetik ustiatzeko balioa duen babestu beharreko lurzoru gisa sailkatuta dagoena, Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarrian.

Aurkeztutako proposamenak ongi erantzuten dio Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak 2021eko otsailaren 26an emandako txostenari. Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazioaren prozedura, eta, ingurumenean ukipen nabarmenik ez duela ulertuta, aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Murchanteko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bati buruz, abeltzaintza intentsiboko ustiategiak ezartzeko baldintzei dagokienez, ulertzen baita aldaketak ez duela ondorio nabarmenik sortzen ingurumenean eta ez duela aldatzen Murchanteko lurralde antolamenduaren eredua. Murchanteko Udala da aldaketaren sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Murchanteko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2113055