231. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

345/2021 EBAZPENA, abuztuaren 17koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2021-2022 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez goi mailako arte irakaskuntzak arautu ziren, eta urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak irakaskuntza horien antolamendua ezarri zuen. Bestalde, maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen plan berriaren oinarrizko edukia arautu zuen, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat.

Nafarroan, Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 5ean emandako 30/2013 Foru Aginduaren bidez (gero Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 6ko 39/2015 Foru Aginduaren bidez aldatua), diseinuko goi mailako ikasketen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

Arte Ikasketen Atalak 2021-2022 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzen dituzten jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak onestearen aldeko txostena egin du.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2021-2022 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onestea, irakaskuntza horiek Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko. Jarraibideak eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Arte Ikasketen Atalera eta ukitutako ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 17an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

2021-2022 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak

Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

I.–Urteko programazio orokorra

1.–Urteko programazio orokorraren edukia.

Arte eskolek eta Diseinuko Goi Mailako Eskolak, ikasturtearen hasieran, urteko programazio orokorra prestatuko dute; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak modu koordinatuan garatzen direla bermatuko du, eta, orobat, eskolaren eskumenak zuzen betetzen direla eta hezkuntza komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela.

Urteko programazio orokor hori Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezartzen duenari jarraikiz prestatuko da.

Urteko programazio orokorrean honako hauek jasoko dira:

A.–Bi urteko hobekuntza plana.

B.–Diseinuko goi mailako irakaskuntzen ordutegia eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

C.–LOEn araututako diseinuko goi mailako arte irakaskuntzei dagozkien irakaskuntza-jarduerak kasuan kasuko ikasketa planetarako.

D.–Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako irakasleen prestakuntza plana.

E.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

F.–Memoria administratiboa.

G.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

H.–Curriculum proiektua edo hari egiten zaizkion aldaketak.

I.–Kontingentzia Plana.

A.–Bi urteko hobekuntza plana.

2021-2022 ikasturtean zehar, 2020-2022 aldirako bi urteko hobekuntza planaren bigarren urtea gauzatuko da.

Kontuan hartuko dira aurreko ikasturtearen bukaeran zuzendaritzak-koordinazio pedagogikorako batzordeak eta departamentuek egindako Ebaluazio Diagnostikoaren emaitzen azterketatik eta barne emaitzen azterketatik ateratako hobekuntza proposamenak, ikastetxearen bi urteko hobekuntza plana berrikusteko helburuarekin.

B.–Diseinuko goi mailako irakaskuntzen ordutegia eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

Ordutegia zuzendaritza taldeak prestatuko du, eta bide eman beharko du urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko.

Honako hauek bilduko ditu, gutxienez:

a) Ikasleen eskola ordutegia.

b) Eskola izaerakoak izan gabe, ikasleentzat prestatzen diren beste jarduera batzuen ordu banaketa.

c) Urtarrileko, maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan azken probak eta ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, baita kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Ekainaren 15a baino lehen, Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolak aipatu jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

d) Irakasleen ordutegi orokorra.

e) Irakasleen banakako ordutegia.

C.–Irakaskuntza jarduerak.

Klaustroak, departamentu didaktikoen bidez, diseinuko goi mailako irakaskuntzen irakaskuntza-jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza taldeari igorriko dizkio. Programazio didaktikoen adostasun agiriak, zuzendaritzak ikus-onetsiak, urteko programazio orokorrean sartu beharko dira.

Irakaskuntza-jardueren programazioa egiteko, ordutegiak prestatzeko erabilitako irizpideak hartuko dira kontuan, eta, gutxienez, honako hauek bilduko ditu: tutoretza plana, ebaluazioak eta errekuperazio sistemak, eta programazio didaktikoak.

D.–Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako irakasleen prestakuntza plana.

Irakasleentzako prestakuntza instituzionalaren eta indibidualaren barrengo ikastaroak zehaztuko dira, honako alderdi hauei jarraikiz:

a) Prestakuntza instituzionala: prestakuntza instituzionalaren planaren edukia ikastetxeko zuzendaritza taldeak finkatuko du. Bertan, honako hauek zehaztuko dira: prestakuntza ekintzak, helburuak, non eginen den prestakuntza, egutegia, iraupena (ordu kopurua) eta ebaluatzeko adierazleak. Plana ikasturterako prestakuntza beharrak kontuan harturik prestatuko da, epe laburrekoak zein epe ertainera begirakoak, zeinak zehaztuko baitira aztertuz ikastetxeak parte hartzen duen departamentuaren eraldaketa orokorrerako programa, proiektu eta planetan proposatzen diren jarduketa ildoak eta emaitzak.

b) Prestakuntza indibiduala: irakasleek beraiek ezartzen dutena. Ikastetxeko zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio, eta zuzendaritza taldeak gainbegiratuko du zenbateraino bete den, azken memorian.

Ikasturtean zehar prestakuntzaren jarraipena eginen da (bai instituzionalarena, bai indibidualarena), eta azken memorian baloratuko da.

Etengabeko prestakuntza irakasleen eskubide eta betebehar bat da, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken finean, irakasleen lanbidea garatuz Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea baita helburua.

Ildo horretan, ikastetxeek prestakuntza instituzionalaren programa bat ezarriko dute ikastetxeko irakasle guztientzat. Nahitaezko prestakuntza horrek 35 ordu iraunen du.

Zuzendaritza taldeari dagokio finkatzea eta antolatzea programa horren edukia eta ikasturtean zehar nola banatzen den, eta hori guztia ikastetxearen prestakuntza planean jasoko da. Programa prestatzeko orduan, kontuan hartuko dira ikastetxea hobetzeko urteko planaren helburuak eta Hezkuntza Departamentuak prestakuntza arloan ezarritako lehentasunei buruzko jarraibideak. Prestakuntza hori lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du irakasle guztiek egiten dutela.

Prestakuntza instituzionalerako 35 orduez gain, irakasleek, borondatez, banakako prestakuntzarako eskubidea baliatzen jarraitzen ahalko dute.

Ikasketa burutzak koordinatuko du prestakuntza plana.

Nolanahi ere, irakasleek egindako jarduera artistikoak ez dira prestakuntza jardueratzat hartuko.

E.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

Diseinuko goi mailako irakaskuntzetarako programatzen diren jarduera osagarriek eta eskolaz kanpokoek helburu izanen dute irakaskuntzako ekintzak osatu edo garatzea.

F.–Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak prestatuko du, eta bertan, besteak beste, ikastetxea antolatzeko dokumentua sartuko da.

Ikastetxea antolatzeko dokumentua Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeari bidaltzen dizkien inprimakiak erabiliz beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beterik, zerbitzu horretara bidaliko dira, ikasturteko eskola jarduerak hasi eta 20 eguneko epean.

G.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

Jarduketa-planean programazio didaktikoak prestatu eta berrikusiko dira.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak indarrean dagoen araudiari egokitzen zaion egiaztatuko du, ikasturtean zehar horren garapenaren jarraipena eginen du, eta modu egokian betetzeko behar den laguntza eskainiko du.

H.–Curriculum proiektua.

Ikastetxeak ikasketa planari eta programazio didaktikoei jarraikiz emanen ditu diseinuko goi mailako irakaskuntzak. Agiri horietan, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduan araututakoa zehaztuko da (foru agindu horren bidez diseinuko goi mailako irakaskuntzen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko).

Curriculum proiektuak, ikasketa planeko elementuei buruzko erabaki multzo bat den aldetik, ikasleen prestakuntza behar profesionalei erantzun nahi die. Gainera, irakasleen jarduketa guztiak koherenteak direla ziurtatu behar du. Curriculum proiektuak hezkuntza proiektua du abiapuntu.

Curriculum proiektuan honako hauek sartuko dira:

1.–Curriculumaren gaineko koordinazioari buruzko erabaki eta neurriak, ondotik heldu direnak:

a) Diseinuko goi mailako ikasketen gaitasunak ikastetxearen eta ikasleen inguruabarrei egokitzea, helburu horiek benetan lortzeko hartu behar diren neurriak zehaztuta.

b) Metodologiari buruzko erabaki orokorrak.

c) Ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko prozesuari buruzko irizpideak.

d) Erabiliko diren curriculum materialak eta baliabide didaktikoak.

e) Irakasleen irakaskuntza prozesuak eta irakas-praktika, baita curriculum proiektua bera ere, ebaluatzeko eta, kasua bada, berrikusteko irizpideak.

2.–Tutoretza planaren ezarpena.

3.–Curriculum proiektuak irakasgai bakoitzerako programazio didaktikoa ere izanen du. Irakasleek ikasgelan gauzatuko dituzte programazio didaktikoak, gelako programazioen bidez.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak curriculum proiektuaren prestaketa-lana koordinatuko du, honako hauei jarraikiz: ikasketa-plana, hezkuntza-proiektua, klaustroak ezarritako irizpideak eta departamentuek egindako proposamenak. Proiektuaren erredakzioaren ardura ere izanen du. Curriculum proiektua prestatzeko aldian Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak irakasleen parte-hartzea sustatuko du.

Curriculum proiektua irakasleen klaustroak ebaluatu eta onetsiko du, eta jendaurrean jarriko. Irakasleek curriculum proiektuaren garapena eta programazioak ebaluatu beharko dituzte, ikasleen hezkuntza beharrei egokitzen zaizkiela ziurtatzeko.

Programazio didaktikoak curriculum proiektua garatzeko baliabideak dira, eta departamentuei dagokie horiek prestatzea.

Irakasleek beren departamentuetako programazio didaktikoen arabera programatuko dute irakaskuntza jarduera. Irakasleren batek erabakitzen badu gelako programazioan aldaketaren bat egitea bere departamentuko baterako programazioan, aldaketa hori eta behar den justifikazioa departamentuko programazio didaktikoan sartuko dira.

Ikasketa planaren arabera ematen diren irakasgaien programazio didaktikoak irakaskuntza horietarako indarra duen araudira egokituko dira. Bertan honako hauek jasoko dira:

a) Inplikatutako gaitasun orokorrak, zeharkakoak eta berariazkoak.

b) Edukiak eta haien denbora banaketa.

c) Aplikatuko den metodologia didaktikoa.

d) Horretarako zehazten diren parametroen arabera neurtzeko modukoak diren ebaluazio irizpide eta prozedura objektiboak.

e) Kalifikazio irizpideak.

f) Erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak.

g) Departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

Departamentuburuek programazioaren jarraipena eginen dute. Departamentuko bilkuren aktetan jarraipen horren berri jasoko da.

Ikastetxeko zuzendaritzak egiaztatuko du programazioak jarraibide hauetan ezarritakoarekin bat prestatu diren. Hala ez bada, zuzendaritzak kasuan kasuko departamentuari itzuliko dio programazioa, berregin dezan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak programazio didaktikoen gaineko adostasun agiriak berrikusiko ditu, eta egin beharreko aldaketak bilduko dituen txostena igorriko du zentrora edo departamentu bakoitzera.

I.–Kontingentzia Plana.

Arte eskolek eta Diseinuko Goi Mailako Eskolak hezkuntza jarduera antolatzeko eta prebentziorako kontingentzia plana eguneratu beharko dute, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta hezkuntza jarduera ahalik eta egokien garatzen dela bermatzeko.

Plan horrek bete beharko ditu Hezkuntza Departamentuak ikasturte hasieran ezarriko dituen berariazko jarraibideak.

Nolanahi ere, planak atal hauek izanen ditu:

a) Sarrera.

b) Aurreikusitako aukerak.

Eskola jarduera presentzialerako balizko aukerak. Egoera batetik beste batera igaroz gero zer neurri hartzea aurreikusten den; neurriok malgutasunez ezarriko dira, agintaritzek xedatzen dutenaren arabera, era murriztaileagoan edo malguagoan.

c) Sektore blokeagarriak eta bizikidetza talde egonkorrak.

Guneak zonifikatzea (blokeagarriak izan ala ez) eta pertsonen fluxua mugatzea.

d) Segurtasun eta higiene neurriak.

Aireztapena, maskarak erabiltzea, eskuen higienea (ura eta xaboia edo gel hidroalkoholikoa), garbiketa eta desinfekzioa...

e) Antolaketa neurri orokorrak.

Sarrera-irteerak; eraikinaren barrengo joan-etorriak; gelen erabilera; komunen erabilera eta abar.

f) Jarduera eta zerbitzu osagarrien antolaketa arauak.

Jarduera osagarriak.

g) Pertsonen kudeaketa.

ikastetxeko langileak; ikastetxekoak ez diren langileak...

h) Protokoloa COVID-19aren sintomak izanez gero.

i) Irakasle eta ikasle zaurgarriak.

j) Ikastetxeko COVID-19 arduraduna.

Ikastetxeko zuzendaritzak kontingentzia planaren arduradun izanen d(ir)en irakaslea(k) izendatuko d(it)u 2021-2022 ikasturterako. Arduradunari dagokio kontingentzia plana abian jartzea eta plana koordinatzea, baita ikastetxeko zuzendariak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea ere.

Ikastetxeko zuzendaritzak zenbait bilera ezarriko ditu ikasturte hasieran kontingentzia planaren berri emateko. Arreta berezia emanen zaie ikasleei eta, kasua bada, familiei eman beharko zaien informazioari buruzko bilerei.

2.–Urteko programazio orokorra prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

Urteko programazio orokorra zuzendaritza taldeak prestatuko du, klaustroaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta, eta, behin onarturik, ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharko dute.

Ikastetxeko zuzendaritzari dagokio urteko programazio orokorra egoki prestatzeko jarduketa-egutegi bat ezartzea.

Irakasleen klaustroak urteko programazio orokorrari buruzko txostena egin ondoren, zuzendariak onetsi beharko du; betiere, klaustroaren eskumen diren irakaskuntzako alderdiak errespetatuko dira. Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da, urriaren 31 baino lehen. Ale horretan ez dira irakasgaien programazio didaktiko osoak sartuko, baizik eta dagozkien adostasun agiriak bakarrik. Urteko programazio orokorraren beste ale bat ikastetxearen Idazkaritzan geldituko da, irakasleen eta Eskola Kontseiluko kideen eskura.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaiola, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

Ikasturtea bukatutakoan, ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta Eskola Kontseiluak ebaluatuko dute zenbateraino bete den urteko programazio orokorra. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira, eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da uztailaren 10a baino lehen.

II.–Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen jarduna

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzek Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan eta Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan jadanik dauden gobernu organoak eta kide anitzeko organoak partekatuko dituzte.

1.–Goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailea.

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetako irakasleak ikastetxean jadanik dagoen departamentu egituraren barnean sartuko dira. Hala ere, ikasketa horien abiaraztea gainbegiratzeko asmoz, goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailearen figura sortuko da, honako eginkizun hauek izanen dituena:

a) Ikasketa plana osatzen duten irakasgaien programazio didaktikoak prestatzeko lana koordinatu eta gainbegiratzea.

b) Ikasketa plana osatzen duten irakasgaien programazioen alderdi orokorrekin lotuta dauden irizpideak bateratzea, horien arteko koherentzia bermatzeko eta ebaluazioaren oinarrizko ildoak ezartzeko.

c) Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari ikastetxearen hezkuntza proiektuari eta urteko programazio orokorrari buruzko proposamenak aurkeztea.

d) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak antolatzea eta koordinatzea, bidezko organoek finkatzen dituzten gidalerroen arabera.

e) Ikasketa planeko irakasgaien programazio didaktikoaren garapena ebaluatzea, eta ebaluazio horrek aholkatzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea.

f) Ikasturtearen bukaeran memoria bat egitea eta horretan programazio didaktikoaren garapena eta lortu diren emaitzak ebaluatzea.

g) Ebaluazio eta kalifikaziorako irizpide komunak prestatzea.

Goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzaileak bere eskola-ordutegitik astero 2 ordu erabiliko ditu lan horietarako, eta astean zenbatu beharreko multzotik beste 2 ordu.

2.–Mugikortasun Programen arduraduna.

Mugikortasun Programen arduraduna Erasmus + programa (eta ezar daitezkeen beste programa batzuk) garatu eta egoki funtzionatzeko behar diren ekintzak ikastetxean ezarri, abiarazi eta burutzeko aplikatzen diren prozesuen koordinatzaile gisa arituko da, ikasketaburutzak gainbegiraturik. Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek izaten duten parte-hartzea kudeatzea.

b) Eskolako ikasle eta irakasleek aurreikusiak edo eginak dituzten joan-etorriei buruzko informazioaren berri ematea Hezkuntza Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eskolako Mugikortasun Programen arduradunak bere eskola-ordutegitik astero 2 ordu emanen ditu bere karguari dagozkion eginkizunetan, eta, ikastetxeko beharrek horretarako aukera emanez gero, ordu osagarri bat, gehienez. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

3.–Tutoreak.

A.–Tutorea izendatzea.

Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren beharrekin bat, tutoretzak ikasketei buruzko orientabideak emateko dira.

LOEren ikasketa planerako aplikatzekoa den araudian xedatutakoak arautuko du Nafarroako diseinuko goi mailako irakaskuntzetarako tutoreen izendapena.

B.–Tutorearen eginkizunak.

Tutorearen eginkizunak hauek dira:

a) Ikasketaburutzak koordinatuta tutoretzako ekintzen plangintzan eta orientazio akademiko eta profesionaleko jardueretan parte hartzea, eta aldian-aldian beharrezkoak diren bilerak egitea.

b) Ikasketaburuak deiturik, bere ikasleei dagozkien ebaluazio bileretan buru izatea.

c) Ikasleek ikastetxean izan behar duten integrazioa erraztea eta bertako jardueretan parte har dezaten sustatzea.

d) Ikasleen eskariak eta kezkak jakinaraztea gainerako irakasleei eta zuzendaritza taldeari.

e) Ikasleei eta irakasleei informazioa ematea irakaskuntza-jarduerei eta eskola-errendimenduari lotuta dauden gai garrantzitsu guztiei buruz.

f) Ikasleei orientazioa eta aholkuak ematea beren aukerabideei, hezkuntza edo lanbide arloan dituzten hautabideei eta horretarako egokiena den ikasketa bideari buruz.

g) Bere ikasleen ebaluazioaren etengabeko jarraipena egitea.

4.–Zaintza.

Kontuan harturik Nafarroako diseinuko goi mailako irakaskuntzetako ikasleen ezaugarri bereziak, zaintza kontzeptuak esan nahi du ikastetxeak erantzukizuna duela eskola-ordu guztietan irakasleen arretapeko guneak izanen direla bermatzeko, horrela ikasleak, nahi badute, gune horietan beren ikaskuntza prozesuari dagozkion zereginetan aritu ahal izateko. Irakaskuntzarako diren eremuen funtzionamendu egokia ere bermatuko da.

Hortaz, eskola ordutegiaren barrenean, zuzendaritza da ikasleen arduraduna; beraz, uneoro, zaintzako irakasleren bat egon beharko da ikastetxean.

III.–Irakaskuntzen ordu banaketa

1.–Alderdi orokorrak.

Ikasleak irakaskuntza hauetan sartzeko modua, irakasle-ikasle ratioa eta irakaskuntzen iraupena indarra duen araudian ezarri denari egokituko zaizkio.

IV.–Irakasleak

1.–Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunen ezaugarrietara egokitua. Irakasleen jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian jaieguntzat hartzen diren egun berberak izanen dira.

Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indarra duen legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan. Denbora hori eskola-orduetan eta ordu osagarrietan banatuko da. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrik gabekoak, irakaskuntza-jarduerak prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira.

2.–Orduen banaketa.

Ikastetxearentzat zuzenean eman beharreko orduak honela banatuko dira:

A.–Eskola-orduak.

Oro har, ikasleei eskola zuzenean emateko erabiltzen direnak jotzen dira eskola-ordutzat.

Astean egin beharreko eskola-orduen kopurua Departamentuak ezarritako araudi indardunean finkatutakoa izanen da.

Eskola-orduak zenbatzeari begira, honako jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Bost irakasgai edo gehiago ematen dituzten irakasleak.

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetan bost irakasgai baino gehiago ematen dituzten irakasleei ordu bat kenduko zaie beren eskola-ordutegitik. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

b) Murrizketa adinaren arabera:

Hezkuntza Departamentuaren indarreko legerian ordu murrizketaren gainean horretarako ezarrita dauden baldintzak aplikatuko dira.

B.–Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzaren ordutegian jasotako eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak baturik, guztira, hogeita bost ordu izanen dira astean.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera, honako hauek sartuko dira:

a) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

b) Astean ordu bat irakasle taldeko kide bakoitzaren eta goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailearen arteko koordinazio lanetarako.

c) Astean bi ordu ikasketen gaineko tutoretza lanak egiteko.

d) Astean ordu bat irakasleek Eskola Kontseiluan dituzten ordezkarientzat.

e) Zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.

a), b), c), d) eta e) ataletan aipatutako eginkizunen bidez asteko ordutegia betetzen ez duten irakasleei zuzendaritza taldeak honako hauek esleituko dizkie:

a) Lankidetza orduak Diseinuko Urteko Jardunaldiak prestatzen laguntzeko, webgunearen mantentze-lanetarako, Facebook, Twitter, etab.

b) Irakasle taldeek ikastetxeak parte hartzen duen erakunde-proiektuetan eta proiektu solidarioetan lan egiteko orduak.

c) Zaintza orduak.

d) Beste batzuk.

D.–Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez eman behar dituen asteko 30 orduak betetzeko falta diren bost orduak hilero zenbatuko dira, eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:

a) Klaustroko bileretan parte hartzea.

b) Ebaluazio saioetara eta irakasle taldeko bileretara joatea.

c) Planifikazio instituzionalerako tresnak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko lanetan emandako orduak.

d) Beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuetarako.

3.–Ordutegiak prestatu, onetsi eta argitaratzea.

Ordutegiak ikasketaburuak prestatuko ditu, irakasleen klaustroak ezartzen dituen irizpide pedagogikoei eta jarraibide hauetan jasotakoari jarraikiz. Ikasleentzat ordutegi funtzionala izatea bermatuko da, baina lehentasuna, betiere, ikastetxearen beharrek izanen dute.

Ikastetxeko matrikulak egin ondoren, ikasketaburuak irakasgai bakoitzeko ikasleen kopuruaren berri emanen die departamentuei, eta irakas-karga banatuko du.

Plantilla prestatzeko prozesuan sortzen diren beharrei erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahal du, egokia iruditzen bazaio, irakasgai edo espezialitate batzuk horien titular ez diren irakasleek emateko, kontuan hartuz baimendutako espezialitateko irakasgaien edukiak eta haien titular ez den irakaslearenak antzekoak diren.

Zuzendaritzak onetsiko du ikastetxeko ordutegia. Horren gaineko erreklamazio guztiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu, eta, horretarako, 15 eguneko epea izanen du gehienez. Epe hori bukaturik berariazko ebazpenik eman ez bada, erreklamazioa ezetsitzat joko da.

Irakasle bakoitzaren ordutegiak eta lantokia (bai eskola-orduei dagokienez bai tutoretza-orduei, zaintzei, departamentuko bilerei eta abarri dagokienez) jasotzen dituen informazioa iragarki-taulako eta ikasketaburuaren bulegoko toki ikusgarri batean eta sarbide guztietan erakutsi beharko da denbora guztian.

4.–Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orria.

Zuzendaritza taldeak diseinuko goi mailako irakaskuntzetako irakasleak ikastetxean egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan araubideko kontratudunak zein egunetan hasten diren lanean ikastetxean.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera joaten ez denean, ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolean Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko zaio:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Baja luzatzeko agiriak zehaztutako maiztasunarekin aurkeztuko dira, Gizarte Segurantzaren barnean daudenen kasuan; eta Mufaceren barnean daudenetan, hamabostean edo hilean behin aurkeztuko dira, medikuak hala adieraziz gero. Alta agiri medikorik egonez gero, igortzen denetik gehienez ere 24 orduko epean jakinaraziko da.

Hezkuntza Departamentura jatorrizko parteak bidaltzeko, ohiko posta zerbitzua erabili ahal izanen da edo aurrez aurre aurkeztu ahal izanen dira, Nafarroako Gobernuko Erregistro Ofizialetako bulegoetan edo Erregistro Orokor Elektronikoan.

Nominetan ondorioak dituzten ordezkapenen, kotizazioen eta gainerako elementuen epeak betetzeko, komunikaziorako bitarteko onena Erregistro Orokor Elektronikoa da, posible den guztietan, betiere.

Agiriak bidaltzearen gaineko gorabeheren berri emateko, aukera osagarri gisa, mezu elektroniko bat bidaltzeko aukera egonen da, helbide honetara: bajaseducacion@navarra.es.

Era berean, lantokian kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da ahalik eta azkarren, bertan zehaztasunez jakin dezaten langilea zein egunetan faltako den, bajaren garapena edota bukaera, eta, halaber, ordezkapena eskatu ahal izateko. Ikastetxeekin komunikatzeko bitartekoak bertan zehaztuko dira, zuzendaritza talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.

Alta agiriari dagokionez, horren berri emateko epea betetzen ez bada eta hutsegiteen ziurtagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Garrantzitsua da adieraztea, gaixotasunengatiko baja egoerak kontrolatzeaz eta jakinarazteaz gain, erditze lizentzia edo ama ez den gurasoarentzako lizentzia izapidetzeko jakinarazpena gehienez ere hiru eguneko epean egin behar dela, ezarritako prozeduraren arabera.

V.–Ikasleen eskubideak eta eginbeharrak

1.–Alderdi orokorrak.

Ikasleen eskubide eta eginbeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duen abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua betez.

2.–Ikasleak eskoletara joatea.

Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 16an emandako 204/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako bizikidetza arautzen du, eta ikastetxe bakoitzak, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren barnean, bere bizikidetza plana prestatu behar duela ezartzen du.

Ikastetxeko zuzendaritzak hutsegiteak justifikatzeko prozedura finkatuko du, eta beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezarriko ditu hutsegiteak justifikatzeko informazioa biltzeko.

Ikastetxeko Bizikidetza Erregelamenduan zehaztuko da zer den eskoletara behin eta berriz huts egitea eta horrek zer ondorio duen.

3.–Erreklamazioak egiteko prozedura.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik ezagutzea gaitasunak, edukiak eta ebaluazio irizpideak, bai eta balorazio positiboa izateko eskatzen diren gutxienekoak, ikasturtean erabiliko diren kalifikazio irizpideak eta ebaluazio prozedurak ere.

Irakasle titularrak ikasleek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.

Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.

VI.–Ikasleak onartu eta matrikulatzeko araubidea

Ikasleen onarpenari eta matrikulazioari dagokienez, irakaskuntza hauen gaineko araudian ezarritakoari lotuko zaio.

VII.–Beste jarraibide batzuk

1.–Irakasleen erantzukizuna.

Hezkuntza Departamentuak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko du irakasle funtzionarioen kontrako prozedura judizialetatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarrien estaldura; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek beren eginkizunak betetzearen ondorioz letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.

2.–Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.

Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA.

EDUCA koordinatzea: zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei EDUCA kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.

EDUCA arloan ikastetxeetan koordinazio lana eginen duten pertsonen erregistroa izateko asmoz, zuzendariak “EDUCA koordinatzailea” lanpostu osagarria esleitu beharko du aplikazioan.

Ikastetxeen erantzukizuna da langile, ikasle eta familia guztien datu pertsonalak eguneratuak izatea. Gogorarazten da ezen, EDUCA kredentzialak lortzeko, oso garrantzitsua dela fitxan helbide elektroniko pertsonal bat erregistratzea.

Zuzendaritza taldeak bideak jarri beharko ditu ikasturtean zehar lanean hasi eta kudeaketa eginkizunak esleitzen zaizkien pertsonei EDUCAren gaineko ezagutza eta erabilera bermatzeko.

Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu koordinatzaileei, zuzendaritza taldeei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei EDUCA plataformaren berri emateko.

Hezkuntza Departamentuaren webgunean, EDUCAri eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, EDUCA taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionaltasun berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo euskarria eskatzeari begira.

2021ean, EDUCA Ataria argitaratu zen, EDUCA Familiak ordeztera datorren aplikazioa. Aplikazio horren bidez, herritarrak beren datu akademikoetan sar daitezke, eta kudeaketa telematikoak egin ditzakete; aurreinskripzioa, esate baterako.

EDUCAren barrenean, mezularitza sistema bat dago hezkuntza komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, helbide elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutore lanetan eta harreman profesionaletan.

Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta-kontuak EDUCAren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu berriak ireki beharra dagoenean, zuzendariak eskatu beharko du Erabiltzailearen Laguntza Zentroaren bidez. Kontu korporatibo horiek kargu jakin batzuekin lotutako funtzioetarako pentsatuta daude eta ez dira ikasleei eskolak emateko erabili behar. Posta-kontuen alternatiba gisa, gomendatzen da Google-ko taldeak eta unitate partekatuak erabiltzea.

Zuzendariak berrikusiko ditu EDUCAtik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxea menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak, hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea, eta aurki ditzakeen akatsen berri emanen dio EDUCA euskarriari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.

Ikastetxeei gogorarazten zaie komeni dela EDUCAk gaiturik dituen funtzio guztiak erabiltzea; horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: ikasgelako koadernoa, ikasleen jarraipena, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua, akta), zaintzen kudeaketa, informazio garrantzitsua, ikasturte bukaerako txostenak, elkarrizketak, bizikidetzaren kudeaketa.

–Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxe publiko guztiek, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako ikaskuntzak ematen dituztenek, ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute aurrekontua egiteko, onesteko, aldatzeko eta betearazteko. Aurrekontuan jasoko dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentzea eta kontserbazioa bermatzeko diru-sarrerak eta gastuak.

Kobrantzak eta ordainketak horretarako gaitutako kudeaketako kontu korrontearen bidez eginen dira.

Diru-sarrerak kontabilizatu behar dira banku kontuan agertzen diren unean edo agiri bidez diru-sarreraren berri izaten den unean. Erabili beharreko euskarria diru-sarreraren jakinarazpena edo bankuko kontu-laburpena da.

Gastuei lotutako eragiketek haien justifikazioa frogatzen duten bidezko dokumentu euskarria izanen dute beti, nagusiki ikastetxearen izenean egin behar diren fakturak.

3.–Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako langileen jarduerak.

Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egin ahal izateko, ikastetxeko Zuzendaritzaren berariazko baimena beharko da.

4.–Arte eskolez eta Diseinuko Goi Mailako Eskolez kanpoko pertsonak sartzea.

Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako ikasleen artean edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek zuzendaritza taldearen baimena beharko dute. Betiere, baimen hori eman izana idatziz jasoko da ikastetxeko artxiboan.

Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.

5.–Jarraibide hauen berri ematea.

Zuzendaritza taldeak begiratuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.

Iragarkiaren kodea: F2112771