231. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

116E/2021 FORU AGINDUA, irailaren 15ekoa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Untzuen lurzoru motak eta kategoriak, eta orobat, lerrokadurak aldatzeko espedientea; Francisco Javier Marco Irisarrik sustatu du espedientea.

Untzueko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen helburua da eraikuntza jarduketa gehiago ahalbidetzea 44A eta 44B lurzatietan, zeinak hiri-lurzoru finkatuan eta hiri-lurzoru finkatu gabean baitaude. Horretarako proposatu da Untzueko udalerriko 2. poligonoko 43. lurzatiaren parte baten eta 2. poligonoko 158. lurzatiaren lurzoru-sailkapena aldatzea, eta orobat, UE6 unitateko lerrokadurak aldatzea, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2021eko otsailaren 22ko txosten bateratuari jarraikiz.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 1eko 36E/2021 Ebazpenaren bidez, aldeko ingurumen txosten estrategikoa egin zen Untzueko Udal Planaren aldaketa puntual bati buruz (AR.1-SR.1. eremua berriz mugatzea. UE-6 unitatea berriz mugatzea eta unitateko lerrokadurak aldatzea), ulerturik ez duela ingurumen eragin nabarmenik sortzen. Aldaketaren sustatzaileak Francisco Javier Marco Irisarri, María Nieves Villarroel, Eduardo, Iñaki eta Alberto Pérez de Ciriza dira.

Ebazpen hori 2021eko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 12koan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Untzuen lurzoru motak eta kategoriak, eta orobat, lerrokadurak aldatzeko espedientea; Francisco Javier Marco Irisarrik sustatua.

2. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrola onesteko egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Halaber, onetsitako hirigintzako araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari eta Ingurumen Eraginaren Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Untzueko Udalari igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza-araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dezan eta, hala, onetsitako hirigintza-tresnak indarra har dezan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 15ean.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2113784