230. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 30a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

35/2021 FORU AGINDUA, irailaren 29koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez indarrik gabe uzten baitira COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta hartu eta indarrean diren berariazko neurrien ondoriozko murrizketak.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, intzidentziak beherantz jarraitzen du adin talde guztietan. 7 egunean metatutako intzidentzia tasa 58 kasukoa da 100.000 biztanleko, 5 urte baino gutxiagokoen taldean, eta 50 kasukoa 100.000 biztanleko, 5etik 14 urtera bitartekoen taldean. Beste adin taldeetan, tasak ez dira iristen 25 kasutara 100.000 biztanleko. 14 egunean metatutako intzidentzia tasa orokorra 52,96koa da; 7 egunekoa, berriz, 21,94koa. Positibotasun tasa % 1,2koa da (% 1,6koa PCR probetan eta % 1,1ekoa antigenoen testetan). Transmisioak behera egin du eremu guztietan, eskola eremuan izan ezik. Eremu horretan, txertorik hartu ez duten biztanleak daude. Delta aldaera dago kasuen % 99ren oinarrian, baina haren intzidentzia jaisten ari denez, pentsa daiteke Nafarroan zabaltzeko gaitasuna agortzen ari zaiola. Oraingoz, gainera, ez da hura ordezkatuko duen beste aldaerarik azaldu.

Aste honetan behera egin du COVID-19agatik ospitaleratutakoen kopuruak (8tik 5era). ZIUetan sartutakoenak berdin jarraitzen du (1) eta jaitsi egin da COVID-19agatik hildakoen kopurua (8tik 4ra).

Txertatzeari dagokionez, irailaren 26ra arte txertoaren 970.502 dosi eman dira: 522.732 lagunek (Nafarroako herritarren % 79) dosiren bat hartu dute; 511.670 lagunek (% 78) pauta osoa hartu dute, eta 3.442 pertsonak hirugarren dosia hartu dute (sistema immune ahula duten pertsonak eta zahar egoitzetako adinekoak). 12 urteko eta hortik goragoko Nafarroako herritarren % 90ek dosiren bat jaso du, eta % 88k pauta osoa hartua du. 12 urtetik 19 urtera bitarteko pertsonen % 76k pauta osoa hartu du.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenean adierazten da, era berean, kutsatzeen intzidentziak ere beherantz jarraitzen duela. COVID-19aren aurreko epidemia uhinetan, egoerak hobera egitea lortu zen neurri oso zorrotzak ezarrita. Neurri horien eragina, alabaina, galdu egin zen, eguneroko jarduera berreskuratu zenean. Gaur egungo jaitsiera lortzen ari da herritarrek txertoa hartu dutelako (txertatze horren ondorioak denboran iraunen du), agortzen ari delako COVID-19aren aldaerek gure ingurunean zabaltzeko duten gaitasuna, eta gure komunitatean gehien-gehienek erantzukizunez jokatu dutelako eta ahaleginean aritu direlako etenik gabe. Gerta daiteke COVID-19ak zirkulatzen segitzea, urtaroko uhinetan, arnasbideetako beste birus batzuen moduan. Baliteke, txertoen estaldura handiari esker eta herritarrek beste prebentzio neurri orokor batzuk aplikatzeari esker, birusak pixkanaka-pixkanaka eragin txikiagoa izatea osasunaren gainean.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten horretan ondorioztatzen da ezen behera egin dutela bai kasuen intzidentziak, bai ospitaleratzeek, bai COVID-19agatik hildakoen kopuruak; prebentzioaren aldetik, txertaketa eragin ikaragarria izaten ari da Nafarroan, kasuei, ospitaleratzeei eta heriotzei dagokienez. COVID-19a zirkulazioan den bitartean, txertoaz gain beste prebentzio neurri osagarri batzuk erabili beharko dira: maskara, esaterako.

Kontuan izanik azken asteotan beheranzko joerari heldu diotela, eta horretan segitzen dutela, egoera epidemiologikoak eta hark gure osasun sisteman duen eraginak (Nafarroa arrisku baxuko mailan edo 1 alerta mailan dago) eta, gure Foru Komunitatean egun indarrean den txertatze kanpaina bikainaren ondorioz, txertaketaren estaldura gero eta handiagoa dela (talde zaurgarriena, bereziki) proposa daiteke egokia izan daitekeela indarrik gabe uztea osasun arloko prebentzio neurrien ondoriozko murrizketak, segida emanez “behar-beharrezkoa den gutxieneko” inpaktuaren eta ukipenaren estrategiari, beharrezkoa baita, eta egoki ere bada, Nafarroako herritarrek berreskura dezaten, ahal den neurrian eta ahalik eta lasterren, bizitza soziala, ekonomikoa eta emozionala. Horrenbestez, indarrik gabe uzten dira, funtsean, Osasun Kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduan eta haren aldaketa guztietan onetsitako neurriak, edukiekin, jardueren ordutegiekin eta abarrekin lotutakoak. Salbuetsiko dira Estatuko arauekin bat etorriz derrigor aplikatu beharreko gaiak. Alde horretatik, eta maskararen erabilerari dagokionez, Nafarroan aplikatzen da martxoaren 29ko 2/2021 Legean xedatutakoa, zeinaren bidez prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezarri baitziren COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko (ekainaren 24ko 13/2021 Errege Lege Dekretuak aldatu zuen lege hori). Horrela, bada, maskara erabili beharko da erabilera publikoko edo jendearentzat irekitako espazio itxietan, eta aire zabaleko espazioetan, baldin eta jende pilaketak badaude eta ezin bada utzi gutxienez ere 1,5 metroko tartea pertsonen artean (bizikideak ez direnean). Derrigorrezkoa izanen da maskara erabiltzea bai garraiobide publikoetan bai aire zabaleko ekitaldi jendetsuetan, non ezin den 1,5 metroko distantzia mantendu pertsonen artean, bizikideak ez direnean, berdin bertaratuak zutik edo eserita dauden. Era berean, Nafarroan indarrean izanen dira maskara erabiltzeko salbuespenak, zeinak arautu baitira 2/2021 Lege horren 6.2 artikuluan. Horrela, bada, maskara erabiltzea ez da nahitaezkoa izanen kasu hauetan: arnasbideetan gaixotasunen edo arazoren bat duten pertsonak, baldin eta hura larriagotu badaiteke maskara erabiltzean; desgaitasun edo menpekotasun egoeran diren pertsonak, baldin eta maskara kentzeko autonomiarik ez badute, edo jokabidean halako nahasmendua badute, non ez den bideragarria maskara erabiltzea; zenbait jardueratan, zeinetan horien berezko izaera dela-eta maskara erabiltzea ez den bideragarria; erabilera publikoko toki edo espazio itxietan, baldin eta hor biltzen diren taldeen bizitokiaren parte badira, hala nola adinekoei edo aniztasun funtzionala duten pertsonei harrera egiteko instituzioak eta funtsezko langileak edo antzeko ezaugarriak dituzten beste talde batzuek egoitza kolektibo moduan erabiltzen dituzten gelak, baldin eta talde horien eta hor lanean ari diren langileen % 80k baino gehiagok hartua badu txertoaren pauta osoa (salbuespen hori ez zaie aplikatuko kanpotik datozen bisitariei, ez eta egoitza horietako langileei ere).

Bestalde, kontuan hartuko da zer erabaki hartzen den Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Batzordean, erkidegoekin koordinatutako jardueren gainean eta ezein arlotan: direla hezkuntzaren arlokoak, direla kirol ekitaldi jendetsuen arlokoak (horien artean dira Futbol Liga Profesionaleko eta Saskibaloi Kluben Elkarteko ACB Ligako ekitaldiak) eta beste arlo batzuetakoak ere.

Era berean, martxoaren 29ko 2/2021 Legean xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko departamentuek, administrazio publiko eskudunek eta eragile publiko zein pribatuek beharrezkoak diren antolakuntzako neurriak eta arauak ezarri beharko dituzte, hala dagokionean, jende pilaketak saihesteko eta arrisku handikoak izan daitezkeen egoerak ekiditeko. Era berean, bermatzen saiatuko dira 1,5 metroko segurtasun tartea zaintzen dela, kutsatze nabarmenik ez gertatzeko asmoz eta osasun publikoa babeste aldera.

Bestalde, Osasun Departamentuak berezko eskumenak ditu, oraindik ere, zaintza epidemiologikoaren arloan (kasuak eta kontaktuak identifikatzea eta haien jarraipena egitea) COVID-19aren detekzio goiztiarraren, zaintzaren eta kontrolaren estrategiaren baitan. Alde horretatik, aurrerantzean ere eutsiko zaie kasuen eta kontaktuen aztarnari segitzeko lanei, test eraginkorren bitartez kasuak detektatzeari eta txertaketa estrategiari. Herritarrek, aurrerantzean ere, bete beharko dituzte Estatuko estrategiaren baitako argibideak. Horrela bada, beren burua isolatu beharko dute SARS-CoV-2 birusak kutsaturik badaude, eta, isolatze epean daudela, ezin izanen dute jardueretara joan detekzio proben emaitza izan arte.

Azkenik, foru agindu honetan jaso dira prebentzio neurri orokorretako gomendioak, segurtasun tarteari, eskuen higieneari, aireztatzeari, aire zabaleko jarduerei eta abarrei buruzkoak. Izan ere, kontrastatutako ebidentzia zientifikoak erakutsi du neurri horiek betetzeak eta maskara erabiltzeak eraginkorrak izan direla birusa geldiarazteko.

Neurri horiek arauzko oinarria dute bai martxoaren 29ko 2/2021 Legean, zeinaren bidez prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezarri baitziren COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko (ekainaren 24ko 13/2021 Errege Lege Dekretuak aldatu zuen lege hori), bai COVID-19aren detekzio goiztiarraren, zaintzaren eta kontrolaren estrategian.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehen artikulua.–Indarrik gabe uztea indarrean diren murrizketak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta osasun arloan ezarritako berariazko prebentzio neurrien ondoriozkoak.

Bigarren artikulua.–Zaintza epidemiologikoa.

a) Osasun Departamentuak beteko ditu, aurrerantzean ere, berezko dituen eginkizunak, kasuak eta kontaktuak identifikatzeari eta haien jarraipena egiteari dagozkionak, COVID-19aren detekzio goiztiarraren, zaintzaren eta kontrolaren estrategiaren baitan.

b) Bat etorriz aurreko puntuan ezarritakoarekin, eta osasun publikoaren arloan indarrean diren eskumenen esparruan, aurrerantzean ere honako hauek bete beharko dira nahitaez:

1. SARS-CoV-2 birusak kutsatutako pertsonek isolaturik egon beharko dute, adierazten zaien tokian eta kasu bakoitzean ezarritako epean, eta ezin izanen dute tokiz aldatu ez eta beste pertsona batzuekin harremanetan egon ere; hori guztia bat etorriz osasun agintaritzak ezarritakoarekin, edo COVID-19aren pandemiaren agerraldi epidemikoak geldiarazteko asmoz osasun arloko zerbitzuek edo osasun publikoko zerbitzuek gauzatzen dituzten jarduketa materialekin.

2. COVID-19a izateagatik isolatze epean daudenek ezin izanen dute inolako jardueretara joan. PCR test baten emaitzaren zain daudenek ere ezin izanen dute inolako jarduera sozialetara joan.

Lehen xedapen gehigarria.–Nafarroan aplikatuko dira martxoaren 29ko 2/2021 Legearen xedapenetatik aplikatzekoak diren gainerako beste guztiak, antolakuntzako prebentzio neurriei buruzkoak. Era berean, kontuan hartuko da zer erabaki hartzen den Lurraldearteko Batzordean modu koordinatuan jarduteko kirol ekitaldi jendetsuen arloan (ekitaldi horien artean dira, esaterako, Futbol Liga Profesionaleko eta Saskibaloi Kluben Elkarteko ACB Ligako ekitaldiak). Foru agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, kirol ekitaldi jendetsutzat hartuko dira 1.000 ikusle baino gehiago dituztenak, jende pilaketak eragiten dituztenak, berdin aire zabalean edo barnealdean gauzatu, eta halako antolakuntza dutenak non posible izanen den SARS-CoV-2 birusaren transmisioa kontrolatzeko neurriak aplikatzea.

Bigarren xedapen gehigarria.–Nafarroako Gobernuko departamentuek, administrazio publiko eskudunek eta eragile publikoek zein pribatuek, kasua bada, beharrezko antolakuntza neurriak eta arauak ezarri ahal izanen dituzte, jende pilaketarik egon ez dadin eta arrisku handikoak izan daitezkeen egoerak saihesteko edozein sektoretako jardueretan, hori guztia osasun arloko gomendioen esparruan. Hala dagokionean, beteko dituzte Estatuko arauak eta Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluan hartzen diren erabakiak, autonomia erkidegoekin koordinatutako jarduketei buruzkoak, baldin azken horiek aplikatu behar badituzte, COVID-19aren ondoriozko osasun arloko prebentzio neurriei dagokienez.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Baldin, edozein arrazoi tarteko izanik ere, Nafarroako Foru Komunitatean aldatzen badira egoera epidemiologikoa eta pandemia orokorraren egungo joera, osasun agintaritzak egoki irizten dizkion osasun arloko prebentzio neurri berariazkoak ezarri ahal izanen ditu osasun publikoa babesteko eta COVID-19agatiko kutsatzeak saihesteko asmoz. Horrelakoetan, bete beharko ditu indarrean diren osasun arloko arauetan ezarritako zuhurtasun eta proportzionaltasun printzipioak.

Laugarren xedapen gehigarria.–Osasun Departamentuak gomendio hauek ezartzen ditu COVID-19agatiko kutsatzeak saihesteko:

a) Beharrezkoak ez diren kontaktuak murriztea, ahal den neurrian, eta jende pilaketak prebenitzea.

b) Bizikideak ez diren pertsonekin 1,5 metroko tartea mantentzea, oro har.

c) Maskara behar bezala erabiltzea (sudurra, ahoa eta kokotsa estaltzen dituela).

d) Aurrerantzean ere eskuen higienea zaintzea.

e) Aire zabaleko jarduerak lehenestea.

f) Lokal eta eremuen barnealdeak behar bezala aireztatzea. Horretarako, erabil daitezke “SARS-CoV-2 birusa aerosolen bidez transmititzeko arriskuaren ebaluazioa. Prebentzio neurriak eta gomendioak” izeneko agiri teknikoan ezarritako neurriak. Agiri hori eskuragarri dago Osasun Ministerioaren webgunean. Gomendatzen da airearen kalitatea neurtzeko aukera ematen duten CO2aren neurgailuak jartzea. CO2aren kontzentrazioa ez da inoiz izanen 800 ppm-tik gorakoa. Ahal den neurrian, Osasun Ministerioak indarrean dituen gomendioei jarraituko zaie, hots, SARS-CoV-2a hedatzea eragozteko eraikin eta lokaletako klimatizazio eta aireztapen sistemak ibiltzeko eta mantentzeko emandako gomendioei.

Lehen xedapen iragankorra.–Aurrerantzean ere aplikatuko da martxoaren 29ko 2/2021 Legearen 6. artikuluan maskararen erabilerari buruz xedatutakoa (lege horren bidez, zeina ekainaren 24ko 13/2021 Errege Lege Dekretuak aldatu baitzuen, prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezarri ziren COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko). Horrenbestez, maskara erabili beharko da, nahitaez, esparru itxietan eta aire zabalean, ez baldin bada zaintzen 1,5 metroko tartea pertsonen artean. Hori guztia artikulu horretako 6.2 puntuan ezarritako salbuespenekin.

Bigarren xedapen iragankorra.–Indarrean izanen dira, aurrerantzean ere, honako hauek:

–17/2020 Foru Agindua, apirilaren 24koa, Osasuneko kontseilariak emana, jarraibideak eta neurriak ematen dituena apirilaren 13ko SND/344/2020 Agindua garatzeko, zeinaren bidez salbuespeneko neurriak ezartzen baitira Osasun Sistema Nazionala indartzeko eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari eusteko, eta arduraduna izendatzen duena COVID-19a detektatzeko PCR proba diagnostikoak egiteko zentro baimenduen sarearen koordinazio exekutiborako (Osasuneko kontseilariaren apirilaren 13ko 56/2020 Foru Aginduak aldatu zuen).

–297/2020 Ebazpena, maiatzaren 5ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, Osasuneko kontseilariaren apirilaren 24ko 17/2020 Foru Agindua garatzen duena. Foru agindu horren bidez, jarraibideak eta neurriak ematen dira apirilaren 13ko SND/344/2020 Agindua garatzeko, zeinaren bidez salbuespeneko neurriak ezartzen baitira Osasun Sistema Nazionala indartzeko eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari eusteko, eta arduraduna izendatzen da COVID-19a detektatzeko PCR proba diagnostikoak egiteko zentro baimenduen sarearen koordinazio exekutiborako.

–Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Aginduaren bidez, COVID-19ak eragindako osasun krisialdian maskararen erabilerarekin lotutako hainbat prebentzio neurri ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe eta unibertsitateetan, eta ondorengo aldaketak.

–604/2020 Ebazpena, abuztuaren 11koa, zeinaren bidez prebentzio neurri jakin batzuk hartzen baitira aplika daitezen nekazaritzako langileak aldi baterako kontratatzen direnean Nafarroako nekazaritza kanpainetan, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiari aurre egiteko xedez (Osasuneko zuzendari nagusiaren irailaren 9ko 911/2021 Ebazpenak aldatu zuen).

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta indarra hartuko du 2021eko urriaren 1ean, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko irailaren 29an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2114302