23. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1014/2020 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen 2019ko deialdiaren oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 471898.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 30eko 2/2019 Ebazpenaren bidez onetsi zen industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen 2019ko deialdia (2019ko 183. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 17koa).

Deialdi horren laguntzak eman eta ukatzeko ebazpena eman gabe dago eta deialdiaren beraren 10.2 oinarrian horretarako ezarritako epea bukatu da; hortaz, 2021eko maiatzaren 31raino luzatu behar dira diruz lagundutako proiektuak egin eta justifikatzeko aurreikusitako epeak, bai eta proiektuen aldaketen berri ematekoak ere. Hasiera batean aurreikusi ziren epeak 2021eko martxoaren 31ra eta 2020ko abenduaren 31ra artekoak ziren, hurrenez hurren.

Horren ondorioz, aldatu behar dira, halaber, deialdiaren 3.3 oinarria (inbertsio proiektuak gauzatzeko epea), 4.3 oinarria (gastu diruz lagungarriak egiteko epea), 11.2 oinarriko d) eta f) letrak (proiektuen aldaketen berri emateko epea) eta 12.1 oinarria (inbertsioa justifikatzeko epea).

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen 2019ko deialdiaren oinarri arautzaileak aldatzea; hau da testu berria:

a) 3. oinarria, “Inbertsio proiektuak: helburua, gauzatzeko aldia eta gutxieneko aurrekontua”, 3. atala:

“3. Proiektuak gauzatu behar dira laguntza eskatu den egunetik laguntza emateko ebazpenean ezarriko den proiektua bukatzeko egunera bitarte, eta inoiz ez 2021eko maiatzaren 31 baino geroago.”

b) 4. oinarria, “Gastu diruz lagungarriak”, 3. atala:

“3. Gastu diruz lagungarriak gauzatu behar dira laguntza eskatu den egunetik laguntza emateko ebazpenean ezarriko den proiektua bukatzeko egunera bitarte, eta inoiz ez 2021eko maiatzaren 31 baino geroago.”

c) 11. oinarria, “Inbertsio proiektua aldatzea”, 2. ataleko d) eta f) letrak:

“d) Aurreikusitako inbertsioren bat ez gauzatzea, horren berri ematen bada 2021eko maiatzaren 31 baino lehen. Aldaketak ez dira inolaz ere onartuko laguntza emateko ebazpenean jasotako inbertsio diruz lagungarrien murrizketa, %50 baino gehiagokoa, ekartzen badute.”

“f) Inbertsio aktibo berriak eskuratzea. Aktibo berria hau da: beste funtzio bat egiten duena, teknologia aldaketa dakarrena edo hasierako eskabidean aipatzen ziren funtsezko ezaugarri tekniko ez beste batzuk dituena. Aldaketek baldintza hauek bete behar dituzte:

–Onartuko da ez-gauzatze baten ondorioa bada, eta ez egindako inbertsio batek kostu txikiagoa izatearen ondorioa.

–Ez du inoiz ere gaindituko onartu den inbertsio proiektuaren ondare masa bakoitzaren balioa (eraikinak, makineria eta instalazioak eta beste inbertsio batzuk).

–Aldaketaren berri 2021eko maiatzaren 31 baino lehen eman beharko da. 2020ko uztailaren 1etik aurrera egindako inbertsio berriak onartzen ahalko dira.”

d) 12. oinarria, “Inbertsioa justifikatzeko epea eta modua”, 1. atala:

“1. Onuradunek egindako inbertsioa justifikatu beharko dute laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik 2021eko maiatzaren 31ra arte, egun hori barne.”

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko abenduaren 31n.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2100669